Pantzo Hirigaray, Irulegi Irratiko uhinak zabalduz
Ez da erosotasunean aritua. Agian horregatik, irratigintza baldintza zailetan egin behar izan duelako, du hain izaera sendoa. Arrazoiak arrazoi, egindakoetara mugatzen bagara, gauza bat dago argi, Pantzo Hirigarayk Irulegi Irratiko entzuleen artean indar handia lortu duela.
ARGIAk irrati esatari honek egin duen eta egiten ari den ahalegina saritu du urtarrilaren 25ean, aipatzen ari garen beste hainbat lorpenen artean, irrati bidez euskarari nolabaiteko ofizialtasuna ematea lortu duelako.
1957. urtean jaio zen baigorriar hau eta 1984az geroztik Irulegi Irratian dihardu esatari, antzezle eta gidoigile lanetan. Antzerki munduan aritua, atal horretan duen ezagutzaz ere baliatzen da bere entzuleak erakartzeko. Horrela, astero irrati antzerkia egiten dute Irulegi Irratian, Antton eta Maria pertsonaiekin. Pantzok idatzi du gidoia eta berak eta beste lagun batek jartzen dute entzuleentzat hain hurbilekoak diren pertsonaia horien ahotsa. Gertutasun horrek eta Pantzoren umoreak atontzen dute astero saioa, lehen aipaturiko arrakasta lortuz. Satira eta umorearen maisu izate horrek egiten du Pantzoren gainontzeko saioak ere jendearentzat hain gustuko izatea. Horren adibide garbia da esaterako, Gezur Flax, asteko aktualitatearen laburpen satirikoa.