Komunetik doazen gure gorotzak baliatzeko premiaz
Ez utzi tabuak –kaka, pixa, zikina…– itsutu zaitzan: jendeok simaurra ere bagara eta gure gorotzetan doa lurrari kendu diogunetik asko. Kris De Deckerrek gizadiak daukan iraunkortasun arazo handi baten sintesi oso materialista eskaintzen du, industrializazioaz geroztik oker diseinatutako komun eta estolderia sisteman barrena nola alferrik galtzen ditugun milaka urtez ondo birziklatzen genituen gai organikoak, horiek lurrari itzuli eta berriro elikagai bihurtzeko ordez kutsagai manejagaitz bihurtuz. Kris De Decker ingeniari holandarrak Low-Tech Magazine eta No-Tech Magazine kudeatzen ditu, gaur ohikoak diren teknologia sofistikatuzko soluzioen lekuan teknologia apalezko soluzioak aurkeztuz, askotan arkeologia industrialetik erreskatatuz eta zenbaitetan gaurkotuz teknologia sinple oso eraginkorrak.
Recycling animal and human dung is the key to sustainable farming (Gizakien eta abereen gorotzak birziklatzea, nekazaritza jasangarrirako baldintza) artikuluan erakusten du nola giza simaurra bildu, garraiatu, konpostatu eta nekazaritzan erabili den ez bakarrik baserritarren eremuetan baizik eta baita hiri handietan ere XX. mendea arte, Txinan, Japonian, Indian... eta baita Europa aberatsean ere, Holandan bertan, Flandrian, Frantzian... Historiagileek egindako azterketak De Deckerrek laburbildu ditu ingeniari baten begietatik, lurraldearen planifikatzeaz arduratzen direnei aurrerabide bikaina eskainiz.
De Deckerrek gaiaren ikuspegi nolabait geopolitiko eta makro bat ematen badu, ARGIAko irakurleari interesa dakioke gaia ikuspuntu mikroago batetik. Soluzio urbanistiko handien zain egon gabe asko dira dagoenekoz giza simaurrak beren aldetik birziklatzen dituzten herritar, familia eta elkarteak. Horien aipamena gehitu diogu ARGIAtik De Klercken artikulu mamitsuari.