Aita Lartzabal: Erresistentziarekin Beti


2021eko uztailaren 23an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aita Lartzabal: Erresistentziarekin Beti
Gerrilleroen Patriarka Zokoakoa
Argia dauka burua oraindik Pierre Lartzabalek, hirurogeitamar urtetik gora eta bi tronbosis-operazio gainean eramanik ere. Gorputzak erantzun diezaiokeen baino azkarrago dabilkio burua. Ahoraino heltzen ez zaizkion izenak ahaztu zaizkiola konturatzeko bezain argi. Solasean pittin bat desbideratzen denean «galdu zait haria, non gindoazen, a bai...» eta berriro itzultzeko bezain argi.
«A, mutilak, ttottolotzen hasia nauk» eta farre lasai bat darion Aita Lartzabal hau ez zen badaezbadako bitxoa izango, bururatzen zaio beti. Eta magnetofonoa ipintzen diozu aintzinean, Santa Kruz apezaren gerrilleroek liluratu ondoren erresistentzia guztietako partaide izan den apez zaharrari. Argalaren ganaino. Gaurdaino. Denak ez dizkizula esanen, ez dizkiola sekula inori esanen, ongi dakizula... berak aitortuko bait dizu. Erresistentzian deportez edo denbora-pasa ibilia ez dela ongi dakizula.
ARGIA.–Oraindik ere zure antzerki lanak ematen dira publikoan, «Xirrixti-Mirrixti» egiten ari ziren oraintsu.
AITA LARTZABAL.– Baditut eginak ehun ta hogei bat antzerki lan. Denak non diren-eta zerrenda osoa emana diot Daniel Landarti. Hainbeste motatakoak eginak bait ditut, antzerki betikoa, Zuberoko pastoralen tankerakoak ere bai, haur ttikientzat, kanpoan ematekoak, etxe barnerakoak,.... Mintzaldiak ere eman nituen, Donostian eta Parisen eta, euskal teatroaz. Horiek ere bilduak.
A.–Antzerki lanean, hala ere, oso gazterik hasi omen zinen.
A.L.–Lehena hemeretzi urte nituelarik egin nuen. Eta geroztik beti jarraitu dut; Hazparneko gaztedia osoa pasa da ene eskuetatik, luzaz izan bait nintzen; Urruñan gauza bera. Beti izan naiz teatroari atxikia. Batzuk azaldu dira kalera. Besteak, jendeak gogorik badu, joango dira agertzen.
A.–Hazparnen egon zinela apaiz diozu. Zu, dena den, ez zinen mutikotan joan apaiz.
A.L. - 39an egin nintzen apez. Baina urte horretan gerra hasi zen, eta Parisen «infirmier» diploma aterea nuenez, soldadu infirmier bezala eraman ninduten. Hala egin nuen gerra. Bama alemanek preso hartu ninduten eta Alemaniara eraman. Handik Txekoslobakiara eta gero Poloniara. Han ordea gaisotu egin nintzen, eta ni bisitatzera etorri ziren "Gurutze Gorri"koak, Suizatik. Hain gaizki ikusi nindutelarik, ez nintzela sendatuko esan zieten alemanei, eta hobe zutela ni berriro etxera bidaltzea.
Biziki ongi tratatu ninduten Suizan Leman lakuaren ondoren, eta sendatu egin nintzen. Baina herrira itzuliz hainbeste esan nuen alemanen kontra Erresistentzia frantsesean sartu nintzen. Eta harmada berri bat muntatu behar bait zen, lehengoa fini bait zen, komandante jarri ninduten. Eta bizpairu eskualdetan armada antolatzeko agindua hartu nuen.
Baina ez dut fitsik jakin nahi Frantziako harmadarekin zeren sobera kalte egin bait die Administrazioneak uskaldunei. Eta hortakotz nere testamentuan emana dut debekatzen dudala frantses bandera batekin eramatea, euskal ikurriña batekin eramateko; besterik ez. Eta aintzinetik protesta egiten dudala besterik eramaten badute.
A.–Preso eraman zintuzten beraz gerla mundialean. Zer egiten zuen prisoner batek konzentrazio kanpoetan?
A.L.–Lan bortxatuetara sartu ninduten, «travaux forcés». Beti, dena den, begiratzen ninduten begi gaiztoz; alemana bai bait nekien polliki, zerbaiten beldur ziren. Hortakotz ez ditut begiko zikina baino gehiago maite alemanak.
A.–Gerra denboran latzak ezagutuko zenituen bada, galantak ikusiko ziren.
L.A.–Gerra bat gerra da beti, bixtan da, hala zen eta hala da. Edozer ikusten ahal duzu.
Libratu ondoren, ordea, Hazparnen nintzen. Eta bagenuen talde bat muntatua gerlaren egiteko. Ixtorio franko izan ditut, irrigarriak ere bai. Guk, apezak eta medikuak, gauaz ibiltzeko baimena genuen. Hola banuen aukera gizonak hartu eta beste aldera pasatzeko; handik Marrok-erat joaten ziren. Hala pasa zen De Gaulle-ren anaiaren emaztea ere, bere haurrekin.
Horretan gertakari farregarri bat ere badut. Sotanaz ibiltzen ginen orduan eta, holako oihal soinu bat egiten bait zuen, gau batez soldadu aleman batzuk uste izan zuten neskatxa bat nintzela eta hasi zitzaizkidan alemanez «neskatxa polita« eta holakoak esanaz, titiak ikutuz, ttikiak dira baina... ja, ja,... eta beren bilkura lekura eramanik hasi nintzen oihuka, alemanaz, ea nitaz trufatu nahi zuten hala, .... barkamena eskatu zidaten, bai.
A.–Ez zekiten askerik zertan zenbiltzaten bitarte horretan. Zuek erresistentzian ari bait zineten.
A.L.–Hemen atakatu genituen alemanak. Nire taldeak, partikularzki, Larrun atakatu eta hartu genuen. Larrun gainean eraikia zuten radar bat, eta guk atakatu genuen gure eskopeta eta abarrez. Larrun turreko radarra soldadu espainolez betea zegoen, eta uste zuten gu bandidoak ginela, kriminel batzuk. Militarki hartu genuen, bedeinkatu eta frantses jabetasuna hartu, nahiz eta alemanek partitu aurretik bazter guztiak zartatuak zituzten.
A.–Errestistenizian komandante izandako bati, beraz, begirunea gordeko zioten gero ere.
A.L.–Hazparnen apez nintzelarik ere, gendarmeek-eta errespeto handia zidaten. Oraino berrikitan izandu naiz Baionako presondegian eta harritu nintzen nolako errespetoz agurtu ninduten hango gendarmeek. bon, ez gara beti hela izan, e?
A.–Askotan entzun izan dute zuren ahotik errefuxiatnek, etsiturik zeudela edo zail zela edo entzun diezunean, esaten zure garaian ere zail izan zela. Baina zuek irabazi bazenuten oraingoek ere irabaziko dutela.
A.L.–Begira, ezagutu dut frantses erresistentzia eta baita euskaldunena ere, oraingoa, eta pixka bat konparatzen ahal ditut. Baina nik esan behar banu, euskaldun gudariak maila goragokoa ematen du lehengo frantsesak baino. Hauek gogorrak dira, eta konfiantza osoa badaukazu. Gehiago egin dute hauek.
A.–Gerra bukatu zen eta Hazparnen geratu zen apez. Ez betirako, noski.
A.L.–Egun batez pentsatu zuten eliza bat behar zela hemen egin eta apezpikuak deitu ninduen esateko sosik ez zuela baina ea eliza bat eraikitzen ahal nuen. Hona igorri ninduten, beraz, eta hemen altxatu dut eliza; etxe hau ere hala eraikia da. Eta dirurik ez bait nuen, medikuek lan bat eman zidaten: enfermero lana hartu nuen, eta hasi nintzen jendea tratatzen, indizioak egiten eta. Bai gizon eta bai emakumeei.
Horren inguruan gertatu zitzaidan beste hau ere. Heldua zen kaputxin bat gerran ezagutu nuena, eta apez nahiko adinean egina,: Anarkista izana zen eta esan zidan ez zuela predikatu nahi, baina eginen zuela lantokian; arrain kontserbategian egiten zuen sermoia. Egun batez egin zuen predikua, Bazkoz bait zen, behar egin aitortza. Eta emazte batek esan zion: "a, gaixoa, uste al duzu gure senar eta haurren ixtorioak kontatzera joango garela apez bati; Zer konprenitten du apez horrek?" Kaputxinoak erantzun zion, to-ka mintzatzen ari: «hago ixilik, nahi dunana esanen dun beste apezentzat, baina Zokoakoaz ez holakorik esan, Zokoako apezak hemengo emakume guztien ipurdiak ikusi dizkin eta!»
A.–Lantegian sermoiak ematen zituen kaputxina aipatu diguzu baina zu ere antzeko ofizioan lan egina zara, Hazparnen, langilekin eta.
A.L.–Langile-sindikateko omonier edo kapellau izendatu ninduten. Bilkurak egiten genituen, sindikalismoaz-eta. Hona etorri ondoren Berako apaizak-eta deitu ninduten, Frantziako sindikalismoa eta esplika niezaien. Ibardinen egiten genituen bilkurak, bentan. Egun batean ohartu ziren goardizibilak eta etxerakoan denak arrestatu zituen. Katixima ikastera zetozela deklaratu zuten apaizek eta protesta egin apezpikuaren aurrean. Baina honek debekatu egin zien Nafarroako apaiz guztiei bentarat jitea; muga pasatzeko pasaporteaz gain apezpikuaren paper bat behar zuten.
A.–Langileak diren lekuan nagusiak ere izan ohi dira, ordea. Zu berriz sindikatuetan. Zer moduz konpontzen zinen?
A.L.–Nagusiekin arrunt haserratu nintzen eta gure arteko lokarria moztu zen. Zeren eta lehen aldikotz greba bat egin zuten langileek.
Ez bait zen usadiorik horretarako. Eta manifestazione bat egin zuten, kalean... eta ni haiei txalo egiten... erotu ziren nagusiak orduan. Gero elkarrekin hitz egin zuten neri sosik gehiago ez emateko, ez laguntzik ez fitsik ez emateko. Baina langile anitzek lagundu ninduten.
Nagusien artean ere zerri batzuk bai bait ziren, esan zioten bikario jeneralari handik behar ninduela igorri. Hortako izendatu ninduten honat.
A.–Zokoara 19S0ean heldu zinela esan diguzu lehen. Handik urte gutxitara ezagutuko zenituen lehenengo errefuxiatuak.
A.L.–Lehenengoak 1960an agertu ziren. Ez zen «Anai-Artea»-rik artean eta etxean hartzen nituen. Edu Arregi, eta Etxabe geroago eta.... Julen Madariaga ere orduan etorria zen. Zenbat ixtorio urte haietatik! Horietako hasieretan zen, bat pasea zen, beste aldera, besteren batekin, propaganda partitu beharzutela-eta. Baina goardizibil pare bat atera bidera eta elkarren artean keinua pasa ta jo batak bat eta besteak bestea muturrean eta korrika ihes egin zuten. Bi mutiletako bat azaldu zen bezala bestea falta, eta espainolak tiroka arituak bait ziren, hil ote zuten beldur ginen. Pasatu nintzen Berara lagun batekin, hango apaizari galdegin eta hil zutela bat, baina ez gure laguna, artzain zebilen mutil gaiso bat baizik. Handik ordu batzuen buruan agertu zitzaigun gure etxean, lagun batzuk utzitako jesuita-sotana eder bat jantzirik.
A.–Harrez geroztik zenbat gora behera Hegoaldetik ihes egindakoen inguruan, ezta? Beti tartean ikusi bait zaitugu.
A.L.–Hor ezagutu dudan guztia idatzia dut eta bildua. Agian egunen batean argitaratuko dira, gazteek ez dakit izanen duzuen astia horien irakurtzeko. Denak ez dira esaten ahal baina....
A.–ETA baino lehenagoko iheslariak ere ezagutuko zenituen ordea.
A.L.–Karlisten denborako jendea ere ezagutu dut hemen. Santa Kruz apezaren soldaduak ziren zenbait. Horiekin uste dut sartu zitzaidala neri apez izateko bokazioa. Beti esplikatzen zidan batek Santa Kruz nolakoa zen, eta bere bizia eta beti begiak zerratzen zituen eta bukatzen zituen bere historioak esanaz: «Santa, Santa Kruz, hura zuken egiazko apaiza! ». Ez dira hain hixtorio zaharrak. Gure herriko apeza oroitzen zen nola heldu ziren Otsondoko lepotik barna azken karlistak honat.
A.–PNVkoak ere ezagutuko zenituen.
A.L.–Gutxixeago baina bai. Nahi izan genuen Monzan eta biok, «Anai Artea» egin genuentan; denok bat egitea. Esan genien, bilkura bat egin zuten beren artean eta ezetza eman zuten, ez zutela ezer nahi gurekin. Orduan egin genuen guk gure taldea.
A.–Telesforo Monzon ere aspaldiko laguna zenuen.
A.L.–Hazparnen bikario nintzela ezagutu nuen, aspaldi beraz. Han ibiltzen zen Heletan antzerkia muntatzen, eta askotan ene etxera joaten zen. Han bizi bait zen «Zerbitzari» apeza ere, eta oso maitea zuen. Gero hona heldu nintzelarik, igandero izaten zen hemen mezatan. Egunoro ere bai gure etxean. Eliztiarra zen Monzon.
A.–Errefuxiatuak agertuz geroztik, ordea, urteak aurrera eta poliziarekin ere gauzak okertzen hasi ziren.
A.L.–Bai, bi aldetako poliziak hasi ziren elgarri salakuntzak pasatzen, informazioen ematen. Baina hori gauza berria da, lazaz bakoitza bere aldetik ibili ziren. Luzaz ongi etortzen nintzen bai espainolekin eta bai frantsesekin. Baina gero gauzak okertu ziren ta denekin gaizki gero.
A.–Euskaltzaindian ere sartu zinen bastalde.
A.L. - 64an sartu nintzen Euskaltzaindian eta beti jarraitu nuen haren martxa. Baina 1970az geroztik ez dut muga pasatzen ahal, eta ez naiz joaten. Beti segitzen dut ordea bere martxa, agiriak ere xuxen-xuxen igortzen dizkidate. Eta datorren igandean izanen da "Zerbitzari"ren oroimena. Bilkura bat eginen du Euskaltzaindiak eta hor ez naiz ni mintzatuko (Zerbitzariren ordezko ni naiz), Roger Idiart mintzatuko da, bera ere Azkaindarra bait da, Zuberoko hizkeraz.
A.–Hegoaldetik begiratuta errefuxiatuak Iparraldera etortzeak hemengo giroa bizituela iruditzen zaigu. Berdin ikusten al duzu hemendik?
A.L.–Elkartu egin dira asko hango eta hemengo gazteak, hemengoak hura hobeki ezagatu dute eta hangoek hemengoa. Zerbait on etorri da hortik. Bakarrik PNVk ez duela bat izan nahi, beti aparte izan da. Min haundia egiten zion horrek Monzoni.
A.–Aurrera egiten ikusi al duzu euskara Iparraldean?
A.L.– Begira, lehengoak habeki mintzo ziren euskaraz: Oraingo gazteak arinago hitz egiten dute. Baina euskalduntasuna sendoago senditzen dute. Oraingo euskalduna politizatuagoa da.
A.–Ezagatu dituzun gizonen artetik zein bereziko zenuke?
A.L.– Hirurogeitamar urtetan hainbeste gizon ezagutu batek! Monzon beti adiskide haundia izan dut eta markatu egin ninduen, edo nik hura, baina elkarrekin pasatzen genuen hainbeste aldi...
A.–Peixoto zare seme bat bezala izan duzula entzun izan dugu.
A.L.–Hori bai. Hil nahi izan zuten egunean ere hementxe bertan nintzen.
Eta oroitzen naiz nola etorri zitzaizkidan abisua ematera: "Peixoto hil dute". Erabat nahasi zitzaidan burua orduan. Gaizkitu nintzen eta hospitalera eraman ninduten. Geroztik, Bordeleko hospitalean bi operazione egin dizkidate. Ez zen hila ordea. Eta ni ere larri ibili nintzen, baina bizi naiz beti.
A, Peixoto, adiskide min bat da.
Argala ere... gizon garbia, fina, badakizu?, harekin ez zen solas doblerik. Gero... sakona, gauzak besteek baino hurrunago ikusten zituen eta bereizten hark. Egiazki lider bat zen hura.
A.–Peixotoren tirokatzea aipatu duzu baina zure bila ere etorri izan dira espainolak.
A.L.–Ni hiltzera ere izan dira bizpahiru aldiz espainolak, bai. Azken aldiz heldu zirenekoa irrigarria da. Abisatu zidaten hemendik norbait bazebilela eta neskame eta adiskide den emakume horri abisatu nion kasu emateko. Eta gizon marroki beltzaran bat sartu zen etxean. Ni hementxe eserita nengoen, foteil (siloi) honetan eta esan zidan ea zer nuen, eta gaiso nintzela, eta berak behartuko ninduela, mediku ikasia zela. Oihu egin nion neskameari eta gizona hasi zen esaten ez ninduela hilko. Neskameak esan zion «hobe duzu, hori hilgo bazenu ez zinateke-eta hemendik bizirik aterako, ni ere armatua bait naiz».
Beste behin ere gizon talde bat heldua zen ate joka eta esan idazten nirekin mintzatu nahi zutela, presatuak zirela eta uzteko barnerat sartzen. Baina garai hartan (Behil kontsularen ixtorioen-eta garaiak ziren) frantses poliziak abisatua ninduen kasu emateko, nire hiltzaileak ondotik nituela. Orduan gizon haiek kanpoan bait nituen esan nien "sartuko zarete baina bat-banazka". Lehenengoa sartu zelarik besteak orduan beldurtu ziren eta denak otoan sartu eta alde egin zuten.
A.–Gora beberai guzti horiek, beraz, zare memorietan irakurri ahal izan ditugu.
A.L.–Denak, ez, bixtan da, denak ez bait dira esan behar. Baina nik ikusi ditudanak, ene sermoiak, Hazparneko gorabeherak, Zokoakoak, Azkainekoak, antzerkiak,... dena dago paperetan eta ongi bilduta. Hori izanen da nire testamentua. Beste hau erantsirik: ene begiak, balio badiote, Peixotori uzten dizkiodala.
I. ZUBIONDO. XALBARDIN
4-7

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakLARTZABAL1
GaiezGizarteaErlijioaEliza katolApaizak
GaiezGizarteaHistoriaBesteak
PertsonaiazLARTZABAL1
EgileezUBIONDO1Gizartea
EgileezOSTOLAZA1Gizartea

Azkenak
2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


Eguneraketa berriak daude