Gauzak Garbiago Aurkitu Ditut


2021eko uztailaren 23an
Txillardegiri elkarrizketa.
Gauzak Garbiago Aurkitu Ditut
Txillardegi Berriz Euskal Herrian
Beti ikasten, Kaliforniara joan zitzaigun Txillardegi urtebeterako, ikastera. USA ra. Dena haundia, mitoa, mundu berria, gure benetazko nagusia,...
Kronika ederrik bidali digu haruntza joun zenetik. Eta hala ere gauza gehiago konta diezaigun nahi dugu. Urrezko agertzen zaigun munstro hark benetan buztinezko hankak dituela geure buruari sinest arazi ezin diogulako-edo.
Gazte aurkitu dugu Txillardegi, beti bezala. Lan egiteko amorratzen, beti bezala.
ARGIA.- Hitz gutxitan azaldu nahi izanez gero, zer esango zenuke Estatu Batuetan aurkitu duzun giroaz?
TXILLARDEGI.- Estatu Batuez iritzi orokor bat emateko, denbora luzeago pasa behar litzateke han, jende mota gehiago gurutzatu, ingelesa hobeki menderatu, eskualde gehiagotan barrena ibili. Ez dakit nola esan. Estatu Batuetan 220 miloi biztanle bizi dira, eta Los Angeles-tik New York-era 5.500 km. daude: 25 aldiz Bilbo-Donostia; joan-da-etorria, jakina... Nik Los Angeles ezagutu dut: zazpi miloi t'erdi biztanle, 130 km. Iuze eta 80 km. zabal... Ez dakit konturatzen zareten. Beharbada hiri txikiagoetan giroa hobea da, gizatarragoa nolazpait esateko. Los Angeles. dena dela, munstro bat da. Edozertarako kilometro piloa egin behar, eta kotxez egin behar (edo autobusez, autobus dagoenean! ). Ikaragarria da, benetan. Metrorik ez dago, eta trenik ere ez (Hegoalderantz ez bada). Kalera atera: eta, nahiz eguraldia oso maiz bikaina izan, halako garaje-pufara nabaitzen da normalean. Ez da itxura bakarrik: "unhealthful" maila (= osasunaren aurkakoa) askotan iristen da udan.
ARGIA.- Bai. Horrelako zerbait kondatu zenuen juan den urtean, bai. Baina zu Hizkuntzalaritza, linguistika alegia, ikastera joan zinen, ez da? Eta ikastearen aldetik, zer diozu?
TXILLARDEGI.- Hango Unibertsitatean ikasi egiten da, eta erruz eta gogoz ikasi. Honetaz ez dago dudarik. Asteburuak ere ikasten pasatzea, guztiz normala da ni egon naizen U.C.L.A.-n: baina normala bide da Unibertsitate guztietan. Eta denek ikasten dute, ez banaka batzuek bakarrik. Ikasleak langile porrokatuak dira: eta ez ikastea, ezinezkoa da. Eta ia-ia atsedenaldirik gabe lan egiten da. Guztiz gogor. Irakasleek, era berean. ikasi eta ikertu egiten dute: nork bere sailean, egiazki azkeneko ikerketen mailan egoten saiatzen dira. Liburutegiak gaitzak dira (4 miloi liburu UCLA-ko Liburutegi Nagusian), eta liburuak benetan daude ikasleen eskuetan: bai bertan irakurtzeko, bai etxera eramateko.
ARGIA.- Jendeak, beraz, ikasi besterik ez du egiten.
TXILLARDEGI.- Hor nonbait! Ameriketako gizartea teknokratikoa da erabat. Eta garaitzeko bide bakarra, teknokrazia horretan leku bat bilatzea duzu. Garaitzea, bestalde, dolarretan neurtzen da. Dirurik irabazten ez duena... ba, tontoa den seinale! Balio duenak, amerikarren ustez, garáitzen baitu teknokrazi-sistemako sail honetan edo hartan. Ingelesez guztiz ondo ez dakiena, eta dirurik irabazten ez duena (diru dexente, alegia), tontoa den seinale. Estatu Batuetan garaitu egin behar da; garaitzea posible baita, omen, tontoa ez izatekotan (edo-ta alferra, jakina).
ARGIA.- Mito galanta...
TXILLARDEGI.- Noski! Baina amerikatarrek hori sinesten dute, eta USA-ko demokrazia bezalakorik ez dagoela munduan ere bai. Askatasunari dagokionez, zer esanik ez: askatasuna han dago. Komunismoan, berriz, ez dago askatasunik. Eta sozialismoa... mozorrutako komunismoa besterik ez da. Mitterrand "kripto" bat besterik ez da. Eta Fraintzia gainbehera doa azkar: ekonomia gaizki, eta askatasuna okerrago. Reagan ondo ikusia da. Baina ekonomiaren egoera txarra da; eta honek galduko du. Ez inolaz ere Reaganen eskuindarkeria amorratuak.
ARGIA.- Hala ere, orain dela gutxi manifestazio gaitz bat izan da New York-en iskilu nuklearren kontra.
TXILLARDEGI.- Bai, egia da. Indar nuklearraren kontrako joera, azkartuz doa Estatu Batuetan. Diablo Canyon gelditua da. Baina San Onofre ere bai (Kalifornian beti). Eta gero eta beldur handiagoa dago han nuklearri buruz. Baina hauxe da kontzientzi sail bakarra. Bakarra ez: El Salvador, "another Vietnam" han esaten denez, kezka iturria da: gazteek ez dute, Saigon-en bezala, alferrik hil nahi. Ikuspegi hau tristea da, jakina; baina ez dute gerrarik nahi. Eta El Salvador, Guatemala Nicaragua, gerra-iturri iruditzen zaizkie.
ARGIA.- Baina ez al dute ikusten herri horien zapalketa osoa?
TXILLARDEGI.- Ez dut uste. Propagandak esaten duenez (eta han propagandarik merkeena da nagusi prentsan eta telebistan) Amerika-Erdian "komunismoa", ari da nagusitzen: Errusia eta Kuba. Castro-ri tenedorea baizik ez zaio falta deabrua bera izateko. "Vade retro"! Sandinistak Errusiaren eta Kubaren aintzindaritza baizik ez dira. Nicaraguan, gainera, jakina denez, "askatasunik ez dago" Eta, bapatean, "Comandante Cero'' da askatasun horren eredua...
ARGIA.- Eta chicanoak zer?
TXILLARDEGI.- Oso nekez uler daiteke hemendik txikanoen arazoa. Jakina, hizkuntzaren aldetik antza badu txikanoen arazoak gurearekin. Baina txikanoek ez dute (oro har, jakina) txikano izan nahi. Izkutatu egiten dute beren txikanotasuna. Hemen orain dela mende bat ikusten zena gertatzen zaie: españolez mintzatzea irain bat iruditzen zaie: "A qué vienen esas confianzas?" Txikanoak eta gainerako "latino"ak, bestalde, egoera berdintsuan daude, eta bertako pariak dira, indioak eta beltzak bezala. Ez legez, ez beti. Kontuz. Los Angeles-ko alkatea beltza da, esate baterako. Baina diglosia, are arrazakeria ere, oso nabarmen daude Los Angeles-en.
ARGIA.- Auzo berezitan bizi dira, beraz?
TXILLARDEGI.- Legez ez, jakina. Baina "East Los Angeles" eskualdean gehiengoa dira hispanofonoak. Hark Mexiko ematen du. Baina UCLA-ren inguruetan, Beverly Hilss-en edo Santa Monica-n ez da horrelakorik gertatzen. Pratikan, beraz, auzo bereziak daude. Guztiz. Autobusetan, esaten baterako, española da nagusi. Baina UCLA-n egunero argitaratzen den "Bruins", egunkarian, sekula ez dut artikulu bakar bat ikusi españolez... Nahiz Los Angeles-ko erditsua hispanofonoa izan. "La Opinión" egunkaria, horretara, txiroen eta gizarajoen egunkaria da. Jende dotoreak "Los Angeles Times" irakurtzen du...
ARGIA.- Hizkuntza da klase-ezaugarria, beraz...
TXILLARDEGI.- Han ingelesez "oraindik ez dakiena"... ba, esan dizudan bezala, berak jakingo du zergatik den. Baina tonto seinale garbia da... Txikanoak, beraz, ingelesez ez dakitenean, tontoak, alferrak, lapurrak, eta abar. Ziur. Ingelesez ongi ez dakienak, jai dauka. Baina osoki jai. Ez Euskal Herrian bezala... "arinaiztarrak", "por razones operativas", eta abar. Ez. Hizkuntza ez dakiena, kito. Asimilatzeko eta ingelestzeko joera, beraz, guztiz azkarra da: latinoek, txikanoek, eta hispanofonoek, integratu egin nahi dute. Ez dute aipatu ere nahi beren txikanotasuna. Desnaziotartu egin nahi dute, ahalik eta azkarrenik. Eta, normalean, gurasoek ez diete española irakasten seme-alabei. Zertarako "lacra" hori? "Lacra" bakarrik ez: español-doinuak berak, kalte baizik ez baitu ekartzen. Hispano-tasuna? Ahaztu. Besterik ez.
ARGIA.- Eta euskaldanak han?
TXILLARDEGI.- Gauza bera. Etortzerakoan, eta jadanik hirugarren aldiz, Boise-etik pasa nintzen. (Los Angeles-ko Chino-ra ez naiz azaldu; iristean Euskal Etxera bidali nuen agur-eskutitzak erantzunik ez baitzuen merezi izan...). "Hango euskaldunak?" Helburu bakar but: ez dezatela gure seme-alabek ezagu, guk ingelesarekin ezagutu dugun infernua. Etxean ingelesez, eta kito. Euskara zertarako? Txikanoek gaztelania ahaztutzen badute, zertarako nahi ote lukete euskaldun jatorrizko amerikatarrek euskara kaiku hau? Zertarako? Zertarako hemen bertan folklorekeriatik irten ezinik hiltzen ari delarik? Hango "amerikanuek" euskalduntasana ahaztu. Horra helburua. Integratu, integratu, eta integratu. Bestetasunaren ifernuari laga, eta "besteak bezalakoa" izan. Ez dut uste berezkuntza asko egin daitekeenik Amerika osoan (Hego Amerika barne, baina beste modu batera). Ez dago "Segunda Euzkadi"rik. Ezetz!
ARGIA.- Eta hemen nola aurkitu duzu gauza?
TXILLARDEGI.- Hobeto ez nuke esango. Baina garbiago bai. Lan urte garratz honetan, mozorroak erori dira, eta nor zer den eta nora doan garbi ikusi da. 1975-an ez zen ikusten. Nik konfiantza osoa dut: abertzale ez diren indarrak, behera joango dira; nahiz euskal siglak eraman. Abertzaleek aurrera egingo dute. Zazpi urtez ikusi eta ikasi dugunak, here fruitua ekarriko du. Eta fruitua hau baizik ezin izan: abertzaletasuna eta berjabetasun-nahia, gora. Bestelako "rollo"ekin etorriko direnak bestetan bezala, eta azkarkiago agian, putzura. "Gora Euskadi Askatuta" oihuak, geroz eta etorkizun handiagoa du. Nik ez dut dudarik egiten. Eta Calvo Sotelok ere ez.
Gure arteko "rollo"arenek ez dute oraindik sinesten... Burugogorrak dira gizarajoak. Herriak erakutsiko die bidea ostikoka... Besteei buruz, berriz, zer esango? Gure arazoa egurra emanez eta LOAPA-k onarreraziz zapaldu nahi guituztenez... erantzun bakar bat bururatzen zait: Gora Euskadi Askatuta! Baina bihotzez pratikaz, eta hizkuntzak ez bestek eman dezakeen oinarri sendoaz.
5-7

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakTXILLARDEGI
PertsonaiazTXILLARDEGI

Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude