Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
The Clash Rock taldekoei elkarrizketa.
The Clash: Iraultzaren Rock-A
Susmo txarren konpasetan zetozkigun Bartzelonatik, Madrilen eta Lisboan jo ondoren, The Clash taldekoak.
Guztion belarritan zeuden oraindik Bruce Spregsteen-ek Bartzelonan izandako arrakastaren hotsak eta The Clash-ekoek jasandako porrotaren oihartzunak. Ez genekien Donostian zer gerta litekeen bainan "kritikoek", oso gaizki jo zutela zioten, ez omen zuten lortu disketako sonoritatea.
Honako honi Clashekoek, ez dutela kritikoentzat jotzen batekin erantzungo lioteke. Halaz ere, jendea asko haserretu zitzaien.
Kontu hauei sarrerak balio zituen 600-700 pztak eta egiten zuen eguraldia (euria eta hotza) erantsiz gero ez genuke esperoko belodromoaren betetzea, jendeartean The Clash hain ezaguna ez balitz eta egiten duten musika hain herrikoia (bai, herrikoia) ez balitz.
1977. urtean iraultza handia gertatu zen rokanrolaren barnean: Punk-a sortu zen. Garai hartan Pink Floyd, Yes, Genesis eta abarrek rokanrola menderatzen ari ziren. Super-taldeak, Sinfonikeria, tresna garestiak, sasoiko zama nagusiak ziren. Guzti hura deuseztearren zenbait talde berri, zarpotsu eta trakets agertu zen.
Tresna (jogailu, instrumentu) merke batzuren bidez aide berri eta freskoak ekarri zizkioten rokanrolari, han zegoen The Clash eta haien artean kokatu behar ditugu; nahiz eta gero (azken diskan, Sandinistan) «reggae» eta «dub» deritzen musika motatara hurbildu. Halaz eta guztiz, beti egin izan dutena polizia, soldaduzka, estatua eta arrazismoaren aurka jardutea izan da.
Krisisaren soinua. Iraultzaren rock-a.
Pear Harbour eta The Explosions–bere taldea–ireki zuten kontzertua. Praka gorri eta ñir-ñir zurizko tipa hura agertu zenean lehen rokanrolaren doinutan bihurrituz bere gorputza bortizki dantzatzen eta kantatzen jende guztia zutitu zen (aurrean behintzat) dantzan hasteko. Giroa piztu zen. Oso ondo. Deputamadre.
Hamaikatalaurdenak, martxosa horren ondoren mugimendua, zerbezak, kanuto gehiago, ezagunak, e.a.
Orduerdi barru listo zegoen guztia, gurekin: «The Clash» !!
Kontzertua Marinaledan gosegrebaz hildako nekazariari eta gosegrebalari guztiei eskeini zieten.
Txistuz «Agurra» jo zuen batek, betaurreko beltzdun batek.
Jendea lehen baino estutuago eta martxosoago.
Argi ekipo sinplea eta ondo erabilia.
Diapositibak zeinetan agertzen bait ziren pistolak jendea apuntatuz, poliziak, hormak, e.a.
Jendea dantzan, jendea kantan, jendea, jendea.
«Kalean ejerzitoa duzue zai» zioten, jendea oihuka ari zelarik eta geldigabeko dantzan.
Ez zuten ia atsedenik ematen kanten artean, gelditu gabe jo eta kean aritu ziren ordu eta erdian.
Guztiak gustora, guk behintzat liluraturik bukatu genuen (nekaturik ere bai), zorabiaturik joan ginen kamerinoetarantz, kontzertuaren oihartzunak gogoan genituela (eta oraindik ditugu). Gure ustetan Donostian ikusiriko kontzerturik ederrenetakoa genuen (keba, tio, hoberena, onena.:)
Pasilotan itxadon ostean kamerinoan sartu ginen matoi, bizkarzain handien artean. Han zeuden zerbeza, kokakola lata, frutazumo, txanpain e.a. artean. Nahi genuena hartzera gonbidatu gintuzten. Leher eginda zeudela nabarmenki ikusi genuen lehenbizi. Hozki hasieran, alaiago eta builosoago geroago honela joan zen elkarrizketa.
ARGIA.–Zer moduz kontzertua?
THE CLASH.–Ez dakigu ezer sainuaren kalitateaz, baina ez gaude oso pozik jo dugunarekin, %50rekin bakarrik. Giroa oso beterik zeguen energiaz baina gu ez gara gauza izan energia hori kontrolatzeko eta horregatik ez gaude konforme gure saioarekin.
ARGIA.–Zer geratzen da zuen lehen etapatik, zer geratzen da punketik?
THE CLASH.– Punk-a oraindik bizi da.
ARGIA.–Zergatik ari zarete aldatzen, orduan?
THE CLASH.– Aldatzen ez baduzu zureak egin du, eta horregatik... aurrerantzean jarraitzeko aldatu behar.
ARGIA.–Orduan, zer pentsatzen duzue Dead Kennedys-ez eta Plasmatics-ez eta oraindik punk egiten jarraitzen duten taldeetaz?
THE CLASH.– Asquerrosso!! Zabarra.
ARGIA.–Nora doa zuen musika Sandinistaren ostean?
THE CLASH.– Badago esaera zahar bat: «Musikaren ereduak aldatzen direnean, hiriko paretak behera doaz». Hor dago kakoa.
ARGIA.–Zergatik ipintzen duzue hainbeste gauza espainolez zuen abestietan, zergatik zaudete hain interesatuak hego-ameriketaz eta espainiaz?
THE CLASH.– Sei urte nituenean gazteleraz egiten zen eskola batetan ikasi nuen. Eta oso ondo hitzegiten nuen baina orain dena ahaztu zait eta gainera sinpatia diegu hego-ameriketar herriei.
ARGIA.–Troskistak al zarete?
THE CLASH.–Ez gara troskistak, ez gara ezer. Interesatzen zaizkigunak indibidual eskubideak dira, edezein lekutan, Espainian, Ingalaterran... ez du ezertarako balio troskista izateak horrek libertate gutxiago suposatzen badizu. Ez litzaidake gustatuko Errusian bizitzea, ez lago askatasunik, Amerikan bezala. Eta ez du ezertarako balio dagoela esatea, ez dagoenean. Ez dago ezberdintasunik Errusia eta Amerikaren artean, biek hiltzen dute jendea, biek zigortzen, torturatzen, e.a. Ez dakit zuek OTANen sarturik zaudeten, Ingalaterra bai eta ez dugu Amerika eta Errusiaren artean zanpatuak izan nahi.
ARGIA.–Hala ere, zuen abestietan gehiago kritikatzen duzue Amerika, Errusia baino...
THE CLASH.– Bai, egia da, baina galde egin iezaiezu Afganistango matxinoei ea zer pentsatzen duten Errusiaz.
ARGIA.–Ez al duzue pentsatzen zuen hasierako punk-zaleen artean ez dela ondo erori gaur egun egiten ari zareten musika?
THE CLASH.– Berdin zaigu. Duela hiru urte Alemanian izan ginenean jende guztiak galdetzen zion bere burnari ea zer arraio egiten ari ote ginen eta aurten itzuli garenean sasipunk-zale guztiek Oh, ohohohoh!!! egiten zuten. Horiek paja hutsa dira.
ARGIA.–Hemen jo baino lehen bazenekiten zerbait hemengo egoeraz?
THE CLASH.– Noski! Hemengo berriek egunero agertzen dira Ingalaterrako egunkarietan, irratian, telebistan... Bai, bai, ezaguna zaigu.
ARGIA.–Eta ingeles aldizkarietan irakurri dugunaz, hots, taldean tirabirak izan dituzuela egia al da?
THE CLASH.– Zein taldek ez du problemarik? Hori hasteko. Badakizuenez gure izena «Clash» (txokea) da, beraz Clash-a izan behar dugu. Gu ez gara Nick Lowe edo Joe Jackson bezalakoak, gu lau gara, talde bat gara eta lauron artean iritzi ezberdinak sortzen ditugu, hamar hilabete igaro ditugu eztabaidatzen baina oraindik hemen gaude.
ARGIA.–Zer pentsatzen duzue Rollingen azken diskaz?
(Denetako komentarioak entzuten dira, batek oso txarra dela dio eta besteak, berriz, putamadrekoa)
Nolakoa da zuen egoera CBS multinazionalaren barnean?
THE CLASH.– CBS putaetxe bat da eta gu putek gaituzue.
ARGIA.- Zer pentsatzen duzue ETAz?
THE CLASH.– ETAk nahi duena bere herriaren buruaren jabetza da, Euskal Herria euskaldunentzat, IRAk irlandan bezala. Herri batek hainbat indar ipintzen badu borrokan, horrek azpian zerbait dagoela adierazten du, ez dakit gehiago zuen egoerari buruz baina IparIrlandari dagokionari buruz... Bobby Sands hiltzear dago, badakizue, eta hori da gerta daitekeen gauzarik okerrena.
ARGIA.–Zer pentsatzen duzue Margaret Tatcher-ez?
THE CLASH.– Txoro alu bat besterik ez da. Margaret Tatcherekin dena hankaz gora doa, langabezia zeruratzen, errepresioa hedatzen... badakizue? Ingalaterran beltza bazara edo beltza ez izanik gaztea eta gauez kaletik bazoaz eta polizia bat agertzen bazaizu eta magnetofoi edo edezer gauza badaramazu gainean, non ohostu duzun galdetuko dizu, beltza bazara egurtuko zaitu eta bestela ere zuk magnetofoia lapurtu duzula firmatu arte. Hori Ingalaterrako polizia. Ingalaterra herri arrazista da.
ARGIA.–Zein talde gustatzen zaizkizue gaur egun?
THE CLASH.– PIL, oso onak dira eta gero ere badago beste bat ere, STRAY CATS.
ARGIA.–Eta Bruce Sringsteen?
THE CLASH.– Ona baino habeagoa, oso ona, oso ona... Hori da Rock and roll, the real thing.
ARGIA.–Police?
THE CLASH.– Police, Polizia bera da. Jendeak ez dezala pentsa nahi dute, ez dezala inguruko kaka eta giro beltza ikus, ez dezala langabezia edo errepresioaren aurrean erantzunik eman eta une batetan jendea pozik edukitzea bilatzen dute. Putaseme batzuk dira. Ez dugu haietaz ezer jakin nahi.
ARGIA.–Spanish bombs delako kantan Federico García Lorca aipatzen duzue; irakurri al duzue?
THE CLASH.– Bai, irakurri dut, baina berriro irakurtzeko asmoa dut, baina gaztelaniaz hurrengoan zeren eta ez zaizkit itzulpenak gustatzen. Itzulpenek ez dute inoiz balio, puetaren gainetik beti ipintzen bait da itzultzaile bat, akademikeria unibertsal irakaslekeria guztiak isurtzen dizkiolarik poemari. Rimbaud irakurri nuenean bost bertsiotan irakurri nuen, denak ezberdinak ziren, zeharo ezberdinak eta hiztegia erabiliz konturatzen zara guztiak ezegikoiak direla eta horregatik nahiago dut bere hizkuntzan irakurtzea.
Jendea kamerinoan sar zedin utzi zuten, eta une batetan jendez gainezkatu zen. Aze beroa. Autografoak, Ingeles batzuk beren pelikula komentatzen, argazkiak, e.a.
Azkenean Groutxo Marx-i buruzko galdera bat egitean altxa ziren biak Groutxo imitatuz, bata mahai gainetik bizkarra makurturik eta zigarroa balitz, besteak gure magnetofonoaren mikrofonoa hartu hortzen artean eta «clash» hantxe bertan hautsi zuen.
Eta ez zen gurea magnetofonoa...
XABIER MONTOIA. IÑAKI URIA
27-29
GaiezKulturaMusikaMusika modeKontzertuak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakTHE CLASH
EgileezURIA3Kultura
EgileezMONTOIA1Kultura