Familia bat, aurrera egiten jarraitzeko

  • Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari utziko ziotela ezin zutelako arreta egokia eman eta tentsioa zegoelako jantokiaren kalean. Barne hausnarketaren ostean, apirilaren 7tik, afariak eskaintzen dituzte berriz. Maria Argain gizarte langileak, Juana Urra gizarte langile ohiak eta boluntarioak, Wilfredo Hurtado eta Toribio Colchado erabiltzaileak mahai baten bueltan eseri, eta neurrien inguruko xehetasun gehiago eman dituzte.

Paris 365 jantokiaren sarrera, Iruñeko San Lorenzo kalean.Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Goizaldean bare da Iruñeko San Lorenzo karrika, eta ate gorri bat ireki eta itxi dabil. "Elkartasun jantokia", dio atearen gaineko errotuluak. Alboan, "Paris 365 elkartea" dioen beste errotulu bat. Sarreran dagoen txokoan gazte batzuk daude. Ordenagailuan dabiltza batzuk, besteak, sakelako telefonoa kargatzen edota mintzatzen. Sukaldean, lapikoak, irabiagailua eta beste entzuten dira. Barrurago, jangelan, ez da zaratarik aditzen. Huts-hutsik dago, eta aulkiak mahai gainean jarrita daude. Mahai horietako baten inguruan eseri dira Argain, Urra, Hurtado eta Colchado, eta solastatzen hasi dira.

Paris 365 elkarteak hamasei urte daramatza bazterkeria egoera larrian dauden pertsonei laguntzeko eta arazoaz kontzientziatzeko lanean. Horretarako, zenbait proiektu dituzte esku artean. Tartean, Paris 365 jangela solidarioa. Euro baten truke, egunero, hirurogei pertsonentzako otorduak –gosaria, bazkaria eta afaria– prestatzen dituzte boluntarioen artean. Urtarrilaren amaieran, erabaki zuten aurrez aurreko afarien ordez, tuperrak banatzea. Argainek azaldu du gauza asko pilatu zirela, eta hori dela eta, erabiltzaileak nahiko luketen bezala artatzeko zailtasunez gain, jende asko kanpoan geratzen zela: “Alde batetik, ikusten genuen ez genuela baliabiderik etortzen zen jende guztia artatzeko”.

Ezkerretik eskuinera, Wilfredo Hurtado eta Toribio Colchado erabiltzaileak, María Argain gizarte langilea, Juana Urra gizarte langile ohia eta boluntarioa, eta Iraitz Garcia, praktiketako ikaslea. (Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)

Bestetik, jantokira doazen pertsonen %70 gutxi gorabehera kale egoeran dago, eta horrek kalean tentsio handiagoa egotea eragiten duela dio: “Kalean egoteak, errekurtso faltak eta babesgabetasun egoerak eragiten du kalean tentsioa eta haien arteko liskarrak egotea”, dio Argainek. Jangela barruan ez dute horrelakorik sumatu, baina San Lorenzo eta Deskalzos kaleetan bai. Horrez gain, bizilagunen kexak ere jaso izan dituzte. Gainera, Poliziaren presentzia handitu egin da bereziki kale horietan: “Nire iritzi pertsonala da, baina Poliziaren presentzia handiago izatea ez da ona. Gainera, erabiltzaileentzat ere disuasorioa da”.

Ez zekitenez ongi zer egin, erabaki zuten aurrez aurreko afariak eskaini ordez, erabiltzaileei tuperrak ematea eta bazkalorduan banatzea. Behin erabakia hartuta, erabiltzaileekin eta bizilagunekin mintzatu, eta Nafarroako Parlamentuan izan dira. “Orokorrean erabiltzaileek neurriak onartu dituzte eta kolaboratu dute”, esan du Urrak. Gainera, aldaketaren subjektu aktibo bihurtu direla dio Argainek: “Azkenean ardurak hartu behar izan dituzte. Tuperrak ekarri behar dituzte, garbitu… eta asko kalean bizi dira, horrek suposatzen duen guztiarekin. Garrantzitsua da aldaketa honetan erabiltzaileak pila bat inplikatu eta oso parte aktibo izan direla”.

“Iruñean bazterketa egoera larrian dauden pertsona asko daude, eta geroz eta pertsona gehiago heltzen dira Iruñera sarerik eta baliabiderik gabe”

Maria Argain

Hurtadok nabarmendu du prebentzio neurriak hartzeko beharrezkoa eta egokia izan dela gelditzea: “Uste dut lehenengo barruko ordena zaindu behar dela, ostean, kanpokoa ordenatzeko. Niretzat Paris familia bat da, horregatik bere prestigioa zaindu eta babestu behar dugu”. Gaineratu du jangelara sartu aurretik gizarte langiletik pasa, elkarrizketa bat egin eta dokumentu bat sinatu behar izan dutela. Horren bidez, espazioa, materiala eta jendea errespetatzeko eta zaintzeko konpromisoa hartu dute: “Miresgarria iruditzen zait. Barrukoa ez badugu zaintzen, kanpoan ez da islatuko”.

Bi hilabete hauetan egoera ez da asko aldatu, baina tentsioa lasaitu da eta baliagarria izan da Nafarroako Gobernuarekin hitz egin, eta arazoa mahaigaineratzeko. Argain, Josean Villanueva Gizakia Herritar fundazioko lehendakaria, Myriam Gómez-García koordinatzailea eta kudeatzailea, eta Mikel Urabaien komunikazio arduraduna Nafarroako Parlamentuan izan dira Gizarte Eskubideen Batzordeak eskatuta. “Ez genuen soilik afarien itxieraz hitz egin, salaketa moduko bat egin nahi genuen administrazioan eta parlamentuan neurriak hartzeko. Azkenean, Iruñean bazterketa egoera larrian dauden pertsona asko daude, eta geroz eta pertsona gehiago heltzen dira sarerik eta baliabiderik gabe”, azaldu du Argainek. Espainiako Estatuan pobreziaren egoera aztertzen duen AROPE txostenaren arabera, gabezia material eta sozial larria duten biztanleria %7,7tik %9ra igo da Nafarroan. 2015etik izandako daturik altuena da.


Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Gainera, ikusi dute erabiltzaileen prozesuak luzatzen eta kronifikatzen ari direla. “Lehen, hiru edo lau hilabete inguru egoten ziren, eta ondoren, jantokiaren beharrik ez zutenez erabiltzeari uzten zioten. Orain, gutxienez zazpi edo zortzi hilabete egoten dira. Horrek interbentzioa zailtzen du”, esan du Argainek. Jantokira sartzeko zerrenda itxi bat dago, eta gehienez hirurogei plaza eskaini ditzakete. Horrek esan nahi du lehen, urtebetean, plaza bakoitzeko hiru edo lau pertsonari arreta emateko ahalmena zutela, eta egun, bakarrera murriztu dela. Gainera, jantokiaren asmoa ez da inoiz izan pertsona horien egoera   betikotzea; kontrara, behar dituzten baliabideak eskuratu, eta aurrera egiten jarraitzea nahi dute.

“Emakume eta haur asko etortzen dira elkartasun biltegira. Familia gurasobakar kasu dezente”

Juana Urra

Espainiako Atzerritar Legearen trabak

Paris 365 proiektua 2008ko krisi ekonomikoaren eztandarekin batera sortu zen. Herritar talde batek ikusi zuelako krisiaren ondorioz, jende asko egoera ekonomiko larrian zegoela lanpostua galdu izanagatik. Horregatik, Gizakia Herritar fundazioa sortzea erabaki zuten. Fundazioko kideek ikusi zuten Iruñean ez zegoela jantoki sozialik. Hori dela eta, 2009ko ekainean Paris 365 jantokia martxan jartzea erabaki zuten. 2012an, udal jantoki bat sortu zuen Iruñeko Udalak. “Hasieran, Iruñean sortutako jendea etortzen zen bereziki jantokira, baina azken urteetan etorkinen kopurua handitu egin da”, azaldu du Argainek. Hala ere, oro har bazterkeria egoera larrian dagoen jendea joaten da jantokira.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Etorkinen gorakadari dagokionez, arrazakeria instituzionalak orokorrean areagotu egiten du arazoa. Nafarroako SOS Arrazakeriaren Arreta eta Salaketa bulegoak ateratako txostenaren arabera, 2023tik 2024ra %37,75 hazi dira bazterkeriari lotutako kasuak. 208 kasu artatu dituzte guztira, eta horien %76ak zerikusia zeukan administrazio publikoarekin. Martxoan iragarri zituzten datuak, arrazakeriari buruzko urteroko txostenaren aurkezpenean. SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Cuevasek nabarmendu zuen “salaketak izozmendiaren tontorra” direla, eta salatu gabeko kasu “asko” daudela. Horri lotuta, Hurtadoren arabera, Espainiako Atzerritar Legeak eragin handia dauka gorakadan: “Ez du deusetarako balio ogibide bat izateak, legeak oztopatzen gaituelako. Ezinezkoa zaigu lana aurkitzea. Eta zuek esaten duzuen moduan, beltzean lan egiteak esan nahi du esplotatu eta erabiliko gaituztela. Gogo-aldartean eta sozialki asko eragiten du horrek”.

“Ez du deusetarako balio ogibide bat izateak, legeak oztopatzen gaituelako. Ezinezkoa zaigu lana aurkitzea”

Wilfredo Hurtado

Jantokia ez da fundazioak daukan baliabide bakarra; elkartasun biltegia, bigarren eskuko dendak eta txokoa dituzte. Elkartasun biltegiari dagokionez, gutxieneko nutrizioa bermatzea du helburu. Horretarako, astero hirurogei familientzako janari saskiak prestatzen dituzte. Astelehen, asteazken eta ostiraletan egiten dituzte banaketak, eta familia bakoitzak egun bat aukeratu behar du jakiak jasotzeko. Iruñeko Arrotxapeko auzoko Anelier pasealekuko 11. zenbakian daukate biltegia. “Emakume eta haur asko etortzen dira elkartasun biltegira. Familia gurasobakar dezente”, esan du Urrak. Jantokira, aldiz, askoz gizon gehiago joaten dira.
Bigarren eskuko denden kasuan, bi dituzte, Iruñeko Alde Zaharreko San Anton kalean eta Kale Nagusian. Bertan eskaintzen duten arropa norbanakoek eta enpresek egindako dohaintzak dira. Denden xedea da elikadura baliabideak eta langabezian eta gizarte kalteberatasunean dauden pertsonentzako enplegua sortzeko diru iturria izatea. Horrekin batera, jangelako erabiltzaileek tiketak eskuratu ditzakete arropa erosteko.

 Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
 Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Txoko bat elkar laguntzarako
Elikadura eta arropa bermatzea garrantzitsua bada ere, denek azpimarratu dute aisialdirako, sozializatzeko eta saretzeko espazioak sortzea ere garrantzitsua dela. Horixe da txokoaren helburua. Jantokira sartu bezain pronto dago txokoa. Bertan, ordenagailuak daude erabiltzaileek erabili ahal izateko. Pelikulak ikusi, tribialean jolastu, gaztelania klaseak jaso eta beste gauza asko egiten dituzte bertan. Argainek kontatu duenez, lehen gauza gehiago egiten zituzten: “Pixka bat geldirik dago. Praktiketako jendearekin gehiago aprobetxatzen dugu”.

Hurtadok azpimarratu duenez, horrelako espazioak sortzeak maila ekonomiko zein sozialean eragina dauka: “Elkartzea nahiko lagungarria da galduta dauden pertsona askorentzat”. Hurtado perutarra da, eta 2017an heldu zen Iruñera. Hortik urtebetera jantokira sartu zen. Ordutik sentitzen du elkartea familia bat dela. Hala ere, iruditzen zaio urteekin sozializatzeko aukera gutxiago sortzen direla. Nabarmendu du COVID-19tik aurrera asko aldatu dela harremanak izateko modua: “Lehen askoz gauza gehiago egiten ziren, bazkarien ostean mintzatzeko eta jolasteko geratzen ginen. Alarma egoera ezarri zutenean dena tristea zen eta isiltasuna zegoen. Paris aurrera atera zen eta gu ere, baina dagoeneko ez da lehen zena”.

“Lana ez dugunontzat edo zaharrak garenontzat arreta ona da. Gainera, pertsona ederrak dira eta familia baten antzekoa gara”

Toribio Colchado

Bakardadeari aurre egiteko espazio bat ere badela sentitzen dute Colchadok eta Hurtadok. Colchado perutarra da ere, eta 2000tik Iruñean bizi da. Duela urtebete sartu zen jangelan lagun perutar batek gomendatuta: “Esan zidan bakarrik nengoenez zainduko nindutela eta ongi artatzen zutela. Lanik ez dugunontzat edo zaharrak garenontzat arreta ona da. Gainera, pertsona ederrak dira eta familia baten antzekoa gara”. Jangelaz solastatu bitartean, Urtadok behin eta berriz luzatzen dio eskua Colchadori. Lagunak dira jantokian elkar ezagutu dutenetik. Hurtadok nabarmendu du Paris 365 emozionalki lagungarria izan dela Colchadorentzat, bakarrik eta baztertuta zegoelako.

Momentu batzuetan bakarrik sentitu da Hurtado ere, baina dioenez, beti egon dira pare bat pertsona laguntzen eta gidatzen. Elkarrengatik kezkatzearen garrantzia azpimarratu du: “Batzuetan ez dakigu pertsona batzuei zer gertatzen zaien, baina aurpegian ikusten zaie gaizki daudela. Hurbiltzean ikusten duzu haserre, suminduta eta frustratuta daudela. Zergatik? Bakarrik daudelako”. Horregatik uste du elkar laguntzea eta hauspotzea beharrezkoa dela: “Jangela zure helburuak lortzeko tranpolin bat izan behar da”. Poza hartzen du jangelatik pasa diren gazteek idazten diotenean kontatzeko nondik dabiltzan eta zer moduz dauden. Jangelaren inguruan mintzatzen hasi aurretik, erabiltzaile ohi batek bidalitako mezua erakutsi die besteei ilusionaturik eta irribarretsu.

 Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SAArgazki oina
 Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Wilfredo Hurtado eta Toribio Colchado erabiltzaileak jantokitik ateratzen. ( Argazkia: Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)

Azken xehetasunak azaltzen ari direlarik. Jangela hutsik da, baina bazkalordua heldu dela sumatzen da eta zarata entzuten hasi da jangelaren atarian. Solasaldia amaitu berean, boluntario talde bat sartu eta mahaiak prestatzen hasi dira. 13:00etarako prest izan behar dute dena. 300 boluntarioren artean banatzen dituzte aste osoko txandak, batzuk astero joaten dira, eta beste batzuk maiztasun gutxiagorekin. Horietako bi arduratzen dira txanden antolakuntzaz. Jantokira sartu diren boluntarioak aulkiak jaisten hasi dira, platerak, sardexkak eta beste jartzen eta ziztu bizian prestatu dute dena. Erabiltzaileak iristean janaria banatu eta dena bildu beharko dute.

Ate batek bereizten ditu jateko zonaldea eta txokoa. Ilara batean pilatzen hasi dira erabiltzaileak, nabari da 13:00ak iristear direla. Banan-banan sartu dira jangelara. Bitartean, atarian dagoen barran boluntario talde bat tuperrak jasotzen eta prestatzen ari da. “Zer moduz zaude? Zer nahi duzu? Nola zoaz?”, galdezka hasi dira tuperra eskutan. “Ongi zaude? Nekatuta ikusten zaitut”, galdetu diote beste bati. “Tuper bakarra ekarri duzu; zer nahiago duzu?", esan du beste batek. Tuperrak bete, poltsa batean sartu eta joan egin dira. Bitartean, San Lorenzo karrikako 31. zenbakiko ate gorria ireki eta itxi dabil.

 

 Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Gasteizen, eskaleak soberan daude

Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]


2025-02-26 | Roser Espelt Alba
Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]


Bi futbol taldek planto egin dute irain arrazisten aurrean Bizkaian eta partiduak bertan behera geratu dira

Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


Mikel Urabaien (Paris 365): “Erakundeek erantzukizuna aldamenekoari pasatzen diote”

Paris 365 jantokiak ez ditu martxora arte aurrez aurreko afariak emango eta erakundeei inplikazioa eskatu die konponbidea lortzeko.

 


ANALISIA
Lanbide eta kriminalizazioaren jatorria

Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]


Errenta baxua, suizidiorako arrisku faktore
Ikerketen arabera, errenta baxua dutenen pertsonen suizidio-tasa errenta ertaina edo altua dutenen bikoitza da. Nafarroako Osasun Sareak nabarmendu du baldintza sozioekonomikoetan arreta jarri behar dela. 

Haritu: “Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean”

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean “hesi lotsagarriak” jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
“Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi”

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Magdalena Piñeyro. Lodi matxinoa
“Ardura indibidualetik atera behar dugu, eta lodifobia arlo kolektiboan kokatu”

2013an, Magdalena Piñeyrok Stop Gordofobia (Stop Lodifobia) ataria sortu zuen beste kide batekin batera: garai hartan, jende gutxik zekien zapalkuntza horri buruzko ezer. Plataformak lan handia egin zuen terminoa Espainiako Estatuan zabaltzeko, eta, hamar urte geroago,... [+]


Andrea Momoitio. Memoria historiko feminista
“Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan”

1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude