“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

  • Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin elkartzeko eta komediaz aritu gara, batik bat. Euskal Herrian espazioa hartzen ari den diziplina horren inguruan ibiltzen da, besteak beste, Beñat.

Argazkia: Lander Gonzalez / Argia CC BY-SA
Beñat Iturbe (Iruñea, 1993)

Iruñeko Iturrama auzoan jaiotakoa da. Zinema ikasketak egin zituen Katalunian eta han hasi zen komediaren munduan aktiboki sartzen. Bartzelonako La Llama liburu-dendan izan zen bere bigarren emanaldia komiko gisa, lehenengo esperientzia negatiboak zortzi urtez oholtzatik kanpo eduki ondotik. Komediak ez dio, oraingoz, jaten ematen, baina argi du jaten ematen dionak ahalbidetu behar diola komediarako tartea. Madrilen du une honetan egunerokoa.

 

Hemen hasi omen zen dena. Non gaude?
Iruñeko Iturrama institutu ondoko Eroski parean dagoen bankuan. Hemen pasatzen genituen asteburu gehienak nerabezaroan. Agian ez da hainbeste hemen hasi zela dena, baizik eta hemen ibiltzen ginen garaian hasi nintzela ni Interneten komediari denbora eta arreta eskaintzen, obsesio puntu hori garatzen.

Banku hau zen gauza batzuk probatzen hasteko tokia. Jendeari esan gabe “hau probatzen ari naiz” edo nik ere ongi jakin gabe, baina txisteak egiten hasteko lekua izan zen. DBHko bigarren mailan-edo egongo ginen.

Nor zinen klasean?
Klasearen arabera, baina graziosoa ez. Agian egin nuen saiakeraren bat, baina ez. Frikia nintzen agian. Telesailen eta komikien frikia, komediarena beranduago heldu zen. Klasean marrazten aritzen nintzen: koadernoetan, agendan…

Eta lagunartean?
Ere bai. Lagun guztietatik frikiena. Graziosoena hemen ere ez… Egunerokoan ez naiz graziosoa izaten saiatzen. Jendeak hori bilatzeak nekatzen nau. Edo komikoak elkartzen direnean eta joera hasten denean izaten ea nor den barregarriena… gaizki pasatzen dut. Gainera, hori egiten du, batez ere, horren graziosoa ez den jendeak. Onak direnek badute beste lasaitasun bat. Beti miretsi izan ditudanak izan dira modu naturalean graziosoak ematen zutenak. Gero konturatzen zara askoren kasuan horren atzean dagoen lanaz.

Nik orain sentitzen dut ari naizela jasotzen banku honetan hartutako erabakien fruituak. Orain ikusten dut hori dela benetan egin nahi nuena.

Segitzen duzu jendearendako frikia izaten?
Bai. Komediaren munduan bi pertsona mota dago: alde batetik, beste erreferente batzuengandik asko edan dugunok eta, bestetik, betidanik oso graziosoa zela esan dioten jende hori.

Komiko asko topatu ditut ez dituztenak beste komiko batzuk ezagutzen, ez dutenak bereziki horiek entzuteko interesik eta ez dut ulertzen. Musikari bati ez diozu friki esaten beste musikari batzuk entzuteagatik, zergatik komediari lotuta bai?

Argazkia: Lander Gonzalez

Eta amorrua ematen dizute erreferentzia horiez paso egiten dutenek?
Ez. Ikusten dudana da oraindik Euskal Herrian gutxi garenez, ez dagoela argazki orokor bat argi ikusteko stand up-ak zenbat aukera ematen dituen benetan, oso ideia zehatza dagoela oraindik komikoaren inguruan.

Ematen du bi aukera besterik ez dagoela: edo aktore gisa umorea egitea edo Louis CK estatubatuarraren ereduari segitzea. Lehenengo eredua gehiago litzateke ahotsak jartzen dituena, pertsonaia desberdinak antzezten dituena edo pailazoarena egin dezakeena; eta bigarrenarena zutik hitz egiten dizuna, testuari berari garrantzia handiagoa ematen diona eta bestelako antzezpen gehigarri handirik ez duena

Eta beste modu asko dago. Horregatik aipatzen nizun erreferenteak izateak ere hori ematen dizula, haiei esker ikusten duzulako zenbat gauza egin daitezkeen eta zenbat bide desberdin dagoen ez gaitezen denak berdinak izan.

Komediaren olatu hau moda besterik ez da ala geratzeko heldu da?
Zalantza daukat. Jende asko moda gisa ikusten ari dela badakit, jaso izan ditudan proposamen batzuetan argi ikusi dut: “Bueno, orain gorakada edukitzen ari zaretenez, hasi nahi dugu antolatzen. Etorriko zara?”

Horrela saltzen didatenean orokorrean ezetz esaten diet. Baina badakidalako ez dela ongi antolatuta egongo, ez dakitela zer egiten dudan eta ez duela funtzionatuko. Haiek haserretuko dira, publikoa ere bai eta ni ere bai. Eta horrek ez du ezertarako balio.

Zein leku izan du orain arte stand up-ak hemen?
Lehen bazen stand up-a, baina bazen dagoeneko ezaguna zen jendeak egina, antzokietan-eta. Stand up kultura Estatu Batuetatik dator eta gehiago izan da tabernatan, toki txikitan, 20-30 pertsonaren aurrean txiste berbera askotan egitea. Gehiago probaleku gisa ulertzea, zortzi minutuko parte-hartzeak eginez hasita, adibidez. Hemen jendea hasi da zuzenean ordubeteko emanaldiak egiten.

Antzeztuagoa zen orain arte zegoena. 2023an hasi ziren Hiru Damatxo ekoiztetxekoak probalekuak antolatzen, hori  izan zen eszena sortzeko lehen saiakera. Uste nuen jende gehiago animatuko zela, baina denbora behar da oraindik.

"Ni beti hasten naiz hortik, argi utziz ergela ni naizela. Zu irakurri ahal izateko tresnak eman behar dizkiozu publikoari”

Jende gehiago animatuko zela oholtzara.
Bai. Iruñeko jenderik ez da agertu oraindik, baina agian hori nire eginkizuna izan daiteke, datorren publikoari argi uztea hau edonork egin dezakeela.

Katalunian hasi zinen komediaren munduan aktiboki, ezta?
Bai, zinema ikasi nuen Terrassan [Bartzelona]. Han izan nuen lehenengo esperientzia ikasleek antolatutako festa batean aurkezle gisa eta, faktore asko tarteko, ez zen batere ongi atera. Oholtzatik jaitsi nintzelarik, urtebete lehenago aurkezle aritu zenak esan zidan: “Egin ezazu beste zerbait zure bizitzarekin”.

2011 zen hori eta 2019ra arte ez nintzen berriz oholtzara igo. Eta hobe. Hor hasi izan banintz ez nengoke orain hemen. Oso ziur egon behar duzu gauza batzuez. Lehen hamar emanaldietatik lau gaizki aterako dira. Eta ikasi behar da gaizki ateratzen denean ere etxera lasai joaten eta ongi lo egiten. Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak.

2019an igo nintzen berriz oholtzara, Bartzelonako La Llama liburu-dendan antolatu zuten open batean, probaleku batean. Ez zitzaidan ongi atera, baina oso ongi tratatu ninduten eta horregatik nago, hein batean, hemen.

Argazkia: Lander Gonzalez

Barre egin izan diozu orain barrerik eginen ez zeniokeen zerbaiti?
Esango nuke ezetz. Orain hasi naiz gai batzuetan gehiago sartzen, badakidalako atera naitekeela hortik. Eta argi dut komiko probokatzailea baldin bazara probokatzen ari zarela, erantzun bat probokatzen. Etiketa hori nahi baduzu, prest egon behar duzu jendea kexaka hurbiltzen bazaizu. Baina zer diozu, ea lotsa ematen didaten egindako gauza batzuek?

Edo ea pentsatu duzun pribilegiotik ari zinela trufaka.
Komedia egiten daramadan denboran uste dut jendartea –eta hortaz ni– ez dela hainbeste aldatu susto hori hartzeko moduan. Horregatik ere pozten naiz 2011n hasi ez izanaz. X sareko txioak bai, batzuk bai ezabatu nahi ditudala.

Autozentsurarik bada egiten duzunean?
Bai, baina uste dudalako hobe dela horrela. Barrerik eragiten ez duen txistea kentzen dudan bezala kentzen dut egokia iruditzen ez zaidana, beti dago zer kendu. Hartzen dudan gaia hartzen dudala, saiatzen naiz nire burua blindatzen. Publikoak gaizki hartuko duen txiste bat badut esku artean, jakin nahi dut txistea defendatzeko gai naizela. Amorrua ematen dit ikusteak jende askok gerora kritikatuko zaizkion txiste batzuk egiten dituela eta haien erantzuna dela: “Ba!, txiste bat da”. Probokatzailea bazara prest egon behar duzu horrelakoei erantzuteko.

Bada zerbait zure ustez ezin zaiona barrerik egin?
Publiko gisa bai. Nik ez diet gauza batzuei barrerik egingo, baina komikoaren esku egon behar du horrek, zer esan eta zer ez.

Emanaldiak moldatzen dituzu publikoaren arabera?
Bai, beti neurtzen da pixka bat. Lehen ez nuen egiten, baina orain bai. Ez dut iritziz aldatzen, baina gauzak modu eta ordena diferenteetan esateak dena aldatzen du. Jendea topera dagoenean ni lasai ateratzen naiz eta jendea apalago badago, agian ez naiz 20 segundoko isilunea duen txiste batekin hasiko. Publikoaren irakurketa da gakoa, zailena da, baina garrantzitsuena.

"Hasieran ikusten nuen ez neukala ohituratik  saioa euskaraz egiteko eta gaizki pasatzen nuen”

Zein da zure publiko ideala?
Guztiari barre egiten diona ez, konfiantza galarazten didalako horrek. Nik egiten dudanarekin zera da onena: hasiera batean publikoa erdi-deseroso egotea, gero gutxika batzuk solte barrezka hastea eta gero barrea zabaltzen hastea.

Gehien kostatu zitzaidana izan zen ulertzea nola aurkeztu nire burua jendeak eros zezan egin behar nuena. Hasieran gehiago nintzen animatzaile kulturala, isilunearen beldur nintzen eta ez genuen gozatzen. Naturaltasuna erakustea da zailena, egoera ez delako berez naturala. Nik bizpahiru urte behar izan ditut hori lortzeko.

Zein publiko zara zu?
Zorrotza, baina ona. Analisia ez dut momentuan egiten, baina publiko presentea izaten saiatzen naiz. Hemen ez hainbeste, baina Madrilen, adibidez, open-etan komiko batzuek ez dute gainontzekoena entzuten eta hori ez zait gustatzen. Edo aurkezleak ere batzuetan aurkezlearena egin eta komikoak aritu artean erretzera joaten dira edo ez dute kasurik egiten.

Amore eman duzu inoiz emanaldia bukatu aurretik?
Saioak irauten duena baino lehen ez dut inoiz bukatu horregatik. Amore eman izan dut, baina amore emanda segitu dut oholtza gainekoarekin. Denboraren kontrolean beti izan naiz ona. Izan ere, inoiz ilusio gehien egin didan piropoa horri lotutakoa izan da.

Zein punturaino da egia besteaz barre egiteko jakin behar dela norbere buruaz barre egiten?
Ehuneko ehunean. Salbu eta hasiera-hasieratik argi uzten baduzu ergela zarela eta hori dela eraiki duzun pertsonaia. Jendeak baldin badaki hortik abiatuko zarela, egin daiteke. Ni beti hasten naiz hortik, argi utziz ergela ni naizela. Zu irakurri ahal izateko tresnak eman behar dizkiozu publikoari, jakin dezaten nahita ari zarela.

Zergatik sufritzen du publikoak hainbeste stand up emanaldi bat ongi ez doala sumatzean?
Ez dagoelako laugarren paretarik. Musika emanaldi batean, adibidez, oholtza gainekoa eta hortik kanpokoa independenteagoak izan daitezke, stand up-ean beti dago harremana.

Aktoreek egiten duten stand up-a ez zait hainbeste gustatzen agian pareta hori ikusten dudalako. Eszenatokia ari dira betetzen, baina askotan ez dira haien eta publikoaren artean dagoen harreman hori sostengatzen ari. Uste dut zuzeneko komediak eman dezakeena dela gau bakoitza desberdina izatea, eta hori ere publikoarekin dagoen harremanak ematen du. Horrekin ez dut esan nahi publikoarekin hitz egin behar denik edo publikoak ematen duenarekin komedia egin behar denik, baina harreman hori oso garrantzitsua da.

Zure emanaldi baten zenbat da hitzik gabeko komunikazioa?
Asko. Hor ere ikusten dut lanketa bat egin behar izan dudala. Uste dut jende bati mamia gustatu ez arren, komunikatzeko moduak bakarrik salba dezakeela emanaldia. %40 edo %50 izan daiteke hitzetatik haragoko komunikazioa.

Orain ari naiz Darwinen liburu bat irakurtzen, animalia zein gizakien aurpegi adierazpenaren inguruan. Ez dut gehiegi pentsatu, baina askotan, komedian, errematea eman aurretik egiten duzun keinu horretan hasten da barrea. Eta horretaz bai jakin nahiko nukeela gehiago. Agian hasi behar dut ispiluaren aurrean gauza batzuk probatzen.

"Aktoreek egiten duten stand up-a ez zait hainbeste gustatzen agian pareta hori ikusten dudalako. Eszenatokia ari dira betetzen, baina askotan ez dira haien eta publikoaren artean dagoen harreman hori sostengatzen ari"

Uste duzu oholtzaratzeko momentuan baduzula gorputzaren kontzientzia?
Bai. Eta janzkera ere kontutan hartzen dut. Normalean horrela janzten naiz [bere jertsea seinalatzen du], baina ikusten dut jendeak hobe erosten didala pertsonaia hasieratik jertsetxo batekin eta alkandora batekin joaten banaiz bestela baino. Ergela izatearen honek badu bere zera [barreak].

Euskaraz eta gaztelaniaz aritzen zara batez ere. Zein alde sumatzen duzu?
Mamiari dagokionez batere ez. Badira bloke batzuk euskaraz egiten ditudanak,  gaztelaniaz zentzurik ez dutenak erreferentziengatik, baina gaztelaniaz egiten dudan guztia euskaraz egin dezaket. Afera da itzuli ordez berriz hutsetik idatzi ditudala gauzak beti, gramatikari dagokionez desberdin funtzionatzen dutelako hizkuntza biek.

Gero erraztasun handiagoa daukat gaztelaniaz, denbora gehiago daramadalako gaztelaniaz egiten eta kanpoan bizitzen. Hasieran ikusten nuen ez neukala ohituratik saioa euskaraz egiteko eta gaizki pasatzen nuen.

Eta agian lagunarteko hizkera ez duzulako hain barneratua euskaraz?
Beno, hizkuntza jasoak ere aukera asko ematen ditu eta nire pertsonaiari ongi datorkio hori. Konturatu naiz ez dela zertan hizkera arrunta izan behar berregarria izateko. Laguntzen du, baina kontrakoak ere funtziona dezake. Anttonek [Telleria] ere oso zuzen hitz egiten du eta horrek balio dio.

Komediak beti eskatzen du esperimentazio puntu bat eta apustu bat, eta benetan zerbait egin nahi bada, horretarako prest egon behar da.


ASTEKARIA
2025eko apirilaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorezko bakarrizketak
Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kaitin Allende Zaldunbide. Umoregilea
“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre... [+]


2023-03-23 | Iñigo Satrustegi
Interpelatutak

Pentsatzen dut nahiko "nekatutak" helduko zela Iruñera Antton Telleria birako azken aurreko emanaldira. Indar pixka bat bazuen gordea, ordea, hurrengo egunerako zuen zita bikoitzaren aurretik, IruñEko Antzerki Eskolara bertaratutakoak eta beste... [+]


2022-06-17 | Aitor Aspuru Saez
Ane Lindane
“Epaitegiak eta komisaldegiak dira nik umore gehien egiten dudan tokiak”

Ane Lindanek umore ikuskizun berezia egingo du Bilborocken ekainaren 16an, Despotorre. Raquel Torresekin batera arituko da eta euren asmoa  Euskal Herriko umore feminista maila bat gorago eramatea da, lokala jendez beteta. Aukera baliatu dugu umorearen tenperatura... [+]


Eguneraketa berriak daude