Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.
Gizarte langilea eta idazlea. Madrilen bizitzera joanda egin du bizia. Hainbat liburu ditu argitaratuak, baina iazko udazkenean argitaratuak eraman gaitu beragana: Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da (Alberdania, 2024), irakurtzea merezi duen liburuetakoa, atzo bezala gaur ere hurkoa nola baztertzen eta estigmatizatzen dugun erakusten digun
lana. “Berdinak gara, ezberdinak gara”, garai bateko esloganera eraman gaituen liburua".
Espainiako hiriburuan bizi zaitugu aspaldixko, baina Iruñera begira zara orain.
Hamabortz urte Madrilgo osasun mentaleko talde komunitario batean lanean aritu naiz, eta, joan den urtearen akabailan, lur jo nuen. Laneko prekarizazioa izan zen, tartean. Enpresa pribatuarendako ari ginen lanean, nahiz diru laguntza publikoak jasotzen zituen. Aski lan ederra iduritzen zait osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak artatzea. Erabiltzaileak eguneko zentrora etortzen ziren, beraien garapenaren araberako zentroetara. Ni, berriz, lantaldeko kideekin batera haien etxeetara joaten nintzen, eta bakoitzaren egoeraren diagnosia egiten nuen, beraien beharrizanak betetze aldera. Hainbat elementu dira hor jokoan: pertsona, familia, isolamendua, trauma, suizidioa...
Suizidioa ere hor da?
Bai, bada! Eta gure helburuetakoa zen, adibidez, pertsona hauen artean den suizidio-tasa jaustea eta, bertzeak bertze, pertsona hauek espazio publikoetara hurbilaraztea, eta psikiatrarenera laguntzea edo bideratzea. Osasun mentalean lan egitea ederra da, baina baditu albo-kalteak ere.
Inondik ere, erran duzunez: “Lur jo nuen”.
Laneko baldintzak ez ziren inoizko onenak. Erran dut, prekarizazioa. Lau lagun ginen lan-taldean, baina ez ginen talde finkoa ere. Batean, bajak. Bertzean, lankide berriei ez zietela kontratu finkorik egiten eta, aunitzetan, unean unekoa eginez aritzen ginen lanean. Lana aitzina atera behar zen. 34 pertsona artatu behar genituen, ratio guzietatik goiti genbiltzan, eta urtero, lan beti berriak sortzen zitzaizkigun: solasak batzuekin eta bertzeekin, institutuetako sentsibilizazio kanpainak, Nazioarteko Osasun Mentalaren eguneko dinamikak. Eta, erran dut, lan-talde finko bat izan beharrean –gauza guziz inportantea baita, artatu behar ditugun pertsonendako ere!–, ahal genuen gisan ari ginen. Eta ez nuen sinesten.
"Osaba batek tiroz hil zuen irakasle bat, nik 16 urte nituelarik. 1996an izan zen. Ez zuten batak bertzea ezagutzen. Osaba eri zen, familiak ez zuen haren berririk, falta zen familia bazkarietan eta bertze"
Zertan ez zenuen sinesten?
Egiten ari ginen horretan. Ondoan nuen lankidea bi-hiru hilabeterik behin aldatzen bazen, nola izanen zuen gu baitan konfiantzarik arazoak zituen diagnosi paranoidea zuen pertsonak? Eta ahulduz joan nintzen, lur jo nuen arte. Laneko baldintzak izan zen arrazoia. Maite nuen lana utzi nuen. Hainbat urtez, Madrilen maila mikrosozialean ere lan egin dut, migratzaileekin eta bertze hainbat kolektiborekin. Eroso aritu naiz osasun mentalaren arloan lanean, zirkulu bat hetsiko banu bezala zen, nik ere familia istorio bat bizi izan bainuen. Literatur lan batean lantzen ari naiz orain.
Zer da familia istorio hori, erran baliteke?
Osaba batek tiroz hil zuen irakasle bat, nik 16 urte nituelarik. 1996an izan zen. Ez zuten batak bertzea ezagutzen. Osaba eri zen, familiak ez zuen haren berririk, falta zen familia bazkarietan eta bertze. Brotea eman zion, eta hil zuen bertze pertsona bat. Episodio hura zaila izan zen familiarendako. Bertzalde, osaba hura artatua izan zen nik Madrilen lan egin nuen entitatean. Bertzenaz, Iruñean jasotzen zuen arta. Bere buruaz bertze egiten ere saiatu zen. Ez zuen lortu, baina matrailezurra puskatu zuen. Ospitalean eduki zuten, kartzelan ere bai, eta preso zela bisitatu izan nuen. Gure etxekoak ginen harekin biltzen ginen bakarrak. Nik, gida-baimena atera, gurasoen autoa hartu, eta bisitan joaten nintzaion.
Eta hurrena?
Azkenean, egun batean, Iruñean psikiatrarekin egotetik zetorrela, bere buruaz bertze egin zuen. Almandozko herria gibelean utzita, autotik irten eta Maringo zubitik bota zuen bere burua. Familian isiltasun handian bizi izan dugu gertatua. Traumatikoa izan zen. Orain baino lehen, familiako kide eta lagunekin harremanetan jartzen saiatu naiz, osaba haren ingurukoak jasotzeko. Horixe dut literatur proiektua, baina ez dut orain horretaz sobera solastu nahi. Erran, bakarrik, batzuekin eta bertzeekin hitz egiten saiatu naizela, eta isiltasun handiaren kontra topo egin dudala. Gai honek badu adar aunitz, eta horietarik batzuk lantzen ari naiz, landa eremuetan buru gaixotasuna pairatzen duten pertsonek dituzten zerbitzuez eta bertze. Tronpatuta egon ninteke, ez bainaiz hemen bizi, baina Baztan-Bidasoa aldean bada psikiatrarik osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak artatzeko?
Oraintxe ezin zure galderari erantzun nik, ez baitakit.
Gisako gogoetak egin nahi ditut. Desitxuratuta egon naiz, heldu naiz nire burua ikustera ez idazle ez gizarte langile gisa, eta barneko prozesu bat abiatu dut, berkonektatze bat, dolua ere eginez. Eta ohartu naiz literatura bitartekaria izan daitekeela berkonexioak egiteko garaian. Errate baterako, lehen ere, literatur tailerrak gidatu izan ditut Madrilen, liburutegi publiko batean, osasun mentaleko arazoak dituen jendearekin. Bada tailer aunitz, baina osasun mentaleko arazoak dituen jendea ez da, bertze gabe, literaturara hurbiltzen. Ni, horretaz oharturik, beraiei zuzendutako saioak proposatzen hasi nintzen, eta jendea etortzen hasi zen. Hasmentan entzule gisakoak zirenak, idazten hasi ziren: traumak eta bertze kontatzen. Eta argitalpena ere egiten genuen. Orduan, lan horretan sinesten hasi nintzen, jakinik ni ere idazketa erabiltzen hasi nintzela ariketa askatzaile gisa.
Literatur tailerretan nahiz irakurle klubetan, irakurle jakin bat hartzen da kontuan.
Tailerretan, errateko, kolektibo hauek ez dira kontuan hartzen. Eta horretan ari naiz ni. Buru osasuneko gaixoak dira, edo adinekoak, edo baztertuak… Erran nahi baita, beharrezkoa iruditzen zait espazio publikoetan kolektibo ezberdinak kontuan hartzea, haiei nolabaiteko arnasa ematea. Zenbait harreman egin ditut hemen [Euskal Herrian], eta nire asmoak harrera arras ona jaso du. Ni 500 kilometrora bizi naiz, Madrilen, eta ohartu naiz hango eta hemengo dinamikak ezberdinak direla. Hemen, erraztasun eta hurbiltasun handiagoak topatu ditut, erraten ari naizena kontuan hartzen dutela iruditu zait. Nire esperientzian, idaztea ihesbidea ere bazen: ezlekuak, distantzia, presentziak eta ausentziak… Emozionatuta nago hemen pertsona batzuengandik jaso dudan harrerarekin, eta horrek nire prozesuan lagundu dit, nire baitako ahotsa eta ilusioa berreskuratzen, garai bateko Hasier hura oraingo egunera ekartzen.
Idazteaz ari, ez duzu liburua argitaratu zaharra: Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da. Hortxe ezagutu dugu Hasier Larretxea Gortari.
Gogoetatik heldu da liburua. Zer dugu gogoan, eta zer ez? Zer da ahanztura? Zer atzentzen dugu? Zertaz atzentzen dugu bizi izandakoa?… Ohartu nintzen Hasier aunitzez eraikia nagoela. Hasier bat zen hemen bizi zena, hatxerik gabeko Asier –beti erraten dut hori, broman–, argitaratzen hasi aitzineko lehenengo Hasier hura, eta ondokoa, Madrilera bizitzera joan zena. Hara joatea ez zegoen nire ikusmiran, baina bizitzaren seinaleek hara eraman ninduten, senarra dudanak han ikasteko plana egina zuen. Erronka handia izan zen Madrilera joatea, haustura ere bai, zerotik edo hutsetik hasi behar izan bainuen, baina arnasa hartzea ere izan zen, gauzari distantziatik begiratzeak on egin zidan… Prozesu aunitz egiteko modua erraztu zidan Madrilera joateak.
"Ni bertzeak bezala aritzen nintzen pilotan eta futbolean-eta. Bertzeren artekoa nintzen haurtzaroan eta gaztaroan, baina banekien zerk erakartzen ninduen, eta, hala ere, ezin nion erakartzen ninduenari zuzenki begiratu"
Hanka bat han, bertzea hemen zaitugu orain.
Madrilen, ordea, iragan bat lausotu zitzaidan. Iruditu zitzaidan kasik uko egin niola iragan bati, behar nuela iragan hura gibelean utzi. Eta, pandemia garaian, braust!, gertakari eta oroitzapen jakin batzuk etorri zitzaizkidan, eta erran nion neure buruari horiek gabe ez nintzatekeela orain naizena izanen: “Izan nintzen hura ere banaiz, ezin diot uko egin!”. Sorterriarekiko konexioaz ari naiz, baita bertze zenbait klabez ere, “ezberdin” den pertsona horrek egin duen –eta egiten ari den–, bidearen kontestuan.
“Ezberdin” erran duzu, baina zertan gara gu ezberdin, Hasier? Zertan ez dugu erraten ezberdina neu naizela, eta ez zu?
Ez luke behar. Hala ere, nik neure izenean bertzerik ez nezake hitz egin. LGTB kolektiboan nahi bertze sentsibilitate dituzu. Nire kasuan, erakartze bat zen. Ni bertzeak bezala aritzen nintzen pilotan eta futbolean-eta. Bertzeren artekoa nintzen haurtzaroan eta gaztaroan, baina banekien zerk erakartzen ninduen, eta, hala ere, ezin nion erakartzen ninduenari zuzenki begiratu. Akolito izan nintzen, eta pozik nintzen, baina nire egoeran erlijioak ez zuen laguntzen. Eta, bertzalde, erramoldeak ere hor ziren beti, marikoia goiti eta marikoia beheiti…
Betiko leloa.
Batzuek eta bertzeek afeminatua den gizona gutxiesten beti, aski gizona ez dena mespretxatzen. Eta, hori, kontuan hartu, ez gaur egun, ez hirian, landa eremuko herri ttikian [Arraioz] baizik, 1980ko hamarkadaren akabailan eta 1990ekoaren hasmentan. Zertan garen ezberdin galdetu didazu, eta ez luke behar, baina arrotz sentitzen zara, ezberdin, eta, bertzeak bertze, ohartzen zara narratiba aunitzetatik kanpo zaudela, presentziarik eta erreferenterik gabe, harik eta, batean eta bertzean, jendea armairutik ateratzen ari dela ikusi genuen arte. Ezberdin sentitzen ginen, ezinbertzean.
Eta ezberdin sentiarazten zintuzten.
Baita hori ere. Bertzerik da nola den gauza gaur egun nire kasuan, erran dudan prozesu horiek denak egin eta gero. Baina errandako hori izan zen nire haurtzaro-nerabezaroetan bizi izan nuena eta, berriz erraten dut, landa eremuan, ttiki-ttikitatik entzundakoak ere hor direla. Ez dizute zuzenki minik egin nahi, baina hor da mina beti.
Liburuan kontatzen duzunez, behin, 15 urte zuk, ama etorri zitzaizun, negarretan, mutilak gustatzen zitzaizkizula oharturik.
Kontatzen dudan bezala izan zen. “Ez zara ezkonduko… Ez duzu seme-alabarik izanen… Zer erranen dute herrian?”, erran zituen. Beldurra, ezberdin izateari. Eta nola kudeatu hori? Ez da erraza 15 urte dituzularik. Kontua da amak dirua ematen zidala, eta etortzen nintzela Iruñera eta, beharrik!, erosten nituen liburuak. Orduan hasi nintzen euskal literatura leitzen! Sarri[onaindia], [Anjel] Lertxundi, [Bernardo] Atxaga… Diskoak ere bai. Aitaren erreferentzia hura-eta! [Patxi Larretxea, herri-kirolari aipu handikoa] Iruñetik bueltan, gurasoei etxean han eta hemen uzten nizkien Kattalingorri espazioan jasotako triptikoak. “Gurasoei nola erran?” zen nire kezka. Ordutik hona lantze handia egin dugu, bi aldeetatik ere. Eta, beharrik!, gauzak garbi nituela, eta ttiki-ttikitatik garbi jakin nuela zer nahi nuen, zerk erakartzen ninduen.
Herri-kirolari familia izen handi batekoa zara eta aizkoran ere saiatu zinen zu.
Ezin nuen bertzerik egin. Gazte-gaztetatik herri-kirolen sugarra sartu nahi izan zidan aitak nire baitan. Ttikitako argazkiak ere baditut, zurezko harriak goititzen, aizkora ttiki bat hartu eta jolasean… Nerabezaroan –aitak ez zidan deus erran–, baina segur aski bazekien homosexuala nintzela. Arestian erran dizkizudanak –amaren pasadizo hori-eta–, lehenagokoak ziren. Nik, jakina, asertibitaterik ez nuen. 17 urte nituelarik, Euskal Herriko Gazteen Aizkolari Txapelketa egin zen Doneztebeko pilotalekuan. Elizondon ilea azulez tindatu zidaten, baina nire asertibitate faltagatik, nik ez bainuen buruan ideia hura. Etxera itzuli, eta pailazo bat nintzela erran zidaten, eta arrazoi zuen [aitak], pailazo bat ematen nuen. Garai hartan, hardcore musika aditzen nuen, musika intentsoa, estetika ere halakoa nuen, beltzez jantzia, kateak… Azkenean, ilea dekoloratuta atera nintzen txapelketan. Rara avis bat. Baina ez nuen bertze aukerarik. Ez nuen anaiak duen izakera, aitari ezetz errateko indarra.
Eskuak odoletan, enbor guztiak txikitzera ez zinen heldu.
Baina kontua da entrenamenduetan lana akitzen nuela! Nafarroako hirugarren mailako txapelketan, errate batera, moztu beharreko enbor guziak moztu nituen. Baina Doneztebeko egun hartan, Larretxearen ondorengoa nintzen. Presioa kristorena zen. Ez nuen mentsik, baina aizkora eta herri-kirola ez ziren nire ametsa. Literaturan nenbilen, eta homosexualitatean, ea ezagutuko nuen maitatuko nuen gizonik, maitatuko ninduena. Eta, aldiz, ni han nintzen, Amaiurko plaza hartan, aizkoran, enbor txikitzen. Ederra da orain modu honetan solastea, baina aitarekin ez nuen honetaz solastu urte luzez. Orain elkarrekin egiten ditugun emanaldi performatiboak egin ahal izateko, kristorengo lanketa psikologikoa eta katartikoa egin behar izan dugu, psikoanalisia ere iraganda.
"Iruñetik bueltan, gurasoei etxean han eta hemen uzten nizkien Kattalingorri espazioan jasotako triptikoak. ‘Gurasoei nola erran?’ zen nire kezka”
Zuen aitarekin solastu naiz Arraiozen zugana baino lehen. Egun hartan garbi ikusi omen zuen herri-kirola ez zela zure bidea. Bakean utzi omen zintuen.
Sekulako lotsa izan nuen nik, lana ez akituta, eta segur naiz aitak ere sekulako lotsa pasatuko zuela, nik bezala. “Larretxea” izen handia da herri-kiroletan –Donato osaba dut!–, eta ni, berriz, eskuak odoleztaturik, ez nuen lana akitu ahal izan. Desastrea! Hori pisua izan dut urte luzez. Bertzalde, badakit desastrez eginak gaudela. Aitak beti erran izan du kirolariek ere egun txarrik izaten dutela. Horrek salbatu ninduen, pixka bat, egun hartako desastretik.
Zer deritzozu oraingo egoerari? Dibertsitateaz ari naiz, alegia.
Orain, zorionez, Euskal Herrian dibertsitatea biziki presente dago, bai hedabideetan, bai kulturan eta bertzeetan. Zaharkitua sentitzen naiz hau erraten, baina 1980ko hamarkadan landa eremuan sortu ginenok ez dugu oraingo errealitaterik izan. Are guttiago, euskal munduan. Liburuan [Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da] hainbat istorio eta gertaera idatzi ditut gai honen inguruan. Gizartea ez zegoen prest, gu ere ez geunden prest, edo gutti-aski bertzerik ez zegoen prest.
Liburuak zenbait inpresio egin didala erran behar dizut, eta mina eragin ere bai.
Aunitz eskertzen dizut. Anjel Errorekin aurkeztu nuen Madrilgo Euskal Etxean, eta solasaldi arras interesgarria izan genuen bakoitzaren bizipen eta inpresioak azalduz. Solastu ginen ere eredu kanonikoetatik landa argitaratzen diren liburu hibrido, dietario edota autobiografiei ematen zaien tarteaz. Aunitzetan, entsegu bildumaren baten barnean ateratzen dira, nahiz ez izan entsegu bete-betean. Eta nola erran?… Batzuetan hasten naiz gauzak era batera erraten, eta sartzen naiz sartu behar ez dudan tokietan. Ez dakit den Madrilen bizi naizelako, edo bertze arrazoi batzuk diren, aunitzek liburuaren gaineko gauza polit aunitz erran dizkidate.
* * *
Enpresa
“Lana uzteko erabakia hartu nuen, langabezia gabe, deus ere gabe, aitzina. Hamabortz urte eta gero, bakantzak ez zizkidaten ordaindu nahi. Enpresa kapitalista, esplotatzailea, badu izena ere, ez dut erran nahi, baina bai arlo sozialean eta psiko-sozialean den prekarizazioa salatu. Eroso ari nintzen lanean, baina utzi behar nuela erran nuenean, egunetik egunera arrazoi gehiago ematen zizkidaten erabakia berresteko. Harrezkero, ondoko hiru hilabeteotan, gogoeta egin dut, pentsatuz nola ibili ahal izan garen ustez egokia den lan batean”
Sindikatua
“Enpresak ez zigun sindikatzea onartzen. Enpresa-batzordea sortu zen duela urte batzuk, baina ez zioten guttieneko baldintzak lortzen uzten. Errate bateko, ezgaituen lan-hitzarmena genuen eta guk, aldiz, gizarte interbentziokoa eskatzen genuen; soldata eta lan-baldintza hobeak, alegia. Arlo sozialaren alde ilunak bizi izan ditugu. Gauza aunitz erraten dituzte, ‘humanismoa, ongizatea, gizarte laguntzak…’, ez dira egia. Gure lanean, aunitzetan, ez dira laneko baldintzak betetzen. Aste osoa lanean ni bakarrik ere ibilia naiz lan honetan, psikiatra, psikologo, erizain, gizarte langile, zentroan, Madrilgo Salamanca auzoan, Iruñeko hiriaren dimentsioa duen tokian!”
AZKEN HITZA
Tituluak
—Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da. Titulua da, gero!
—Aldrebesa naiz tituluak paratzen, eta jakin dut bertze hainbat idazlek ere komeriak izaten dituztela izenburu egokia hautatzeko garaian. Senarrak ere erraten dit, ea noiz jartzen dudan hitz guttiagoko izenburu bat. Hurrengoan beharko du.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.
Ikaslez lepo zegoen Leioako Hezkuntza Fakultatea pasa den asteazkenean, Samantha Hudson zetorrelako. 1999an jaiotako Mallorcako artista, abeslari eta influencer transgeneroa da. Kantatzen Duen Herria topaketetako izarrak ilara amaigabea zuen selfie eta autografoak emateko, eta... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Manifestazio jendetsuak egin dituztean larunbatean Argentinako hainbat hiritan. Javier Milei presidenteak "pedofilo" deitu ditu LGBTIQ+ pertsonak Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.
XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]
Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.
'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]
Joten erritmora harro erakusten du luma Itxi Guerra aktibista antikapazitistak (Madril, 1998). Gorputz desgaituek bizi dituzten biolentziak balioztatzeko eta sistemari aurre egiteko saretzearen garrantziaz mintzatu da. Gorputzaren bizigarritasuna aldarrikatu du:... [+]
Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]
Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]
Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]
Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]
Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]