‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

  • Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako esanguratsuena izan zen Alemaniako sozialdemokraziak bultzatu zuen Ostpolitik edo ekialdeko politika. Errusiako gasarekin, oraintsu arte iritsi zaigu haren oihartzun ñimiño bat.

Willy Brandt (ezkerrean) eta Willi Stoph Ekialdeko Alemaniako buruzagiaren bilkura 1970ean.

Europarrek euren etxeetan bi asterako biziraupen kit-a osatu behar dutela irentsi ondoren, bakarrik falta zaie entzutea, sasoi baten moduan, eraso nuklearraren aurkako babes guneak eraiki behar direla han-hemenka. Lasai baina, arma lasterketa berriaren beharrak eskatu ahala, dena etorriko da. Honek guztiak, ezinbestean dakar Gerra Hotzaren oihartzuna eta, zehazki, haren bukaerarena: 1980ko hamarkadaren amaiera eta, bereziki, 1990eko hamarkadaren hasiera.

1985ean Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi hautatu zuten Mikhail Gorbatxov giltzarri izan zen Gerra Hotzaren amaieran. 1989an Berlingo Harresia erori zen, 1990ean Alemania biak batu ziren eta 1991ren amaieran, guztiz ezustean, Sobietar Batasuna desegin zen. Testuinguru horretan guztian, Europako Ekialdeko eta Mendebaldeko indarrek negoziazio prozesu konplexua ehundu zuten Alemaniaren batasuna eta Europako Ekialdeko estatuen zabalkundea bideratzeko.

Sobietarrak banatuta zeuden gizarte komunistaren irekierari buruz, baina Gorbatxovek gidatzen zuen alderdiko sektoreak bederen argi ikusten zuen garai historiko hartan Sobietar Batasunean hiru oinarri ezinbestean garatu behar zituztela: batetik, barne mailan komunismoak egin behar zion nolabaiteko lekua merkatu ekonomiari; bestetik, Alemania bien batasuna baliatu behar zuen Europako Mendebaldeko estatuekin harreman berria finkatu eta, AEBen babesetik at, “Europako etxe batua”-ren eraikuntza bideratzeko.

Hirugarren oinarria segurtasunari lotuta zegoen: Varsoviako Ituna desegin ondoren, Sobietar Batasunak lortu behar zuen Mendebaldearen bermea NATO ekialdera ez hedatzeko. Bigarren Mundu Gerran Alemaniak Sobietar Batasuna inbaditzeak milioika sobietarren heriotza eragin zuen, eta sobietar agintarien hamarkadetako mamu handienetako bat izan zen horrelako egoera bat saihesteko baldintzen finkatzea. Horregatik, Alemania batuak mamu zaharrak pizten zituen sobietar mandatarien artean; oraingoan, gainera, ez bakarrik Alemaniagatik, bereziki AEBengatik.

“Hazbete bat ere ez ekialderantz”
1990ean eta 1991n negoziazio sakonak izan ziren aipatu hiru oinarri horien bueltan eta egindako dozenaka bilera eta gailurretan, NATOko kideek, eta bereziki AEBek, behin eta berriz, artez eta moldez, adierazi zieten Gorbatxovi eta Eduard Xevardnadze Sobietar Batasuneko Atzerri ministroari erakunde militarra ez zela ekialderantz zabalduko. James Baker AEBetako Estatu idazkariaren esamoldea historiara pasatu da: “Hazbete bakarra ere ez da mugituko ekialderantz”. 1990eko otsailaren 9an bi buruzagi sobietarrekin izandako bileretan esandakoa da.

Egun batzuk lehenago Mendebaldeko Alemaniaren Atzerri ministro Hans-Dietrich Genscherrek asmo bera adierazi zuen Alemaniaren batasunari buruzko hitzaldian, Bavieran: Europako ekialdeko aldaketek eta Alemaniako batasun prozesuak ez zuten gutxietsi behar sobietarren segurtasuna, eta beraz, NATOk baztertu behar zuen ekialdera zabaltzea. Ondorengo hilabeteetan Frantzia eta Erresuma Batuko buruzagiak ildo beretik mintzatu ziren, izan François Mitterrand Frantziako lehendakaria edo Margaret Thatcher, Erresuma Batuko lehen ministroa. 2017an AEBek argitara eman zituzten garai hartako agiriek batzen dituzte bilera, hitzaldi eta gailurretan esandakoak, eta horietan ondo ikus daitezke horiek guztiak.

Hizketaldi horiek guztiak Alemaniaren batasuna bideratzeko Bi gehi lau izeneko itunean finkatu ziren: bi Alemaniak gehi AEBak, Sobietar Batasuna, Erresuma Batua eta Frantzia, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Europaren berrantolaketa politikoa bideratu zuten indar nagusiak. 1990eko abenduan sinatu zen ituna, baina hartan ez zen idatziz ageri NATO ez zela ekialderantz zabalduko. Zergatik? Besteak beste, AEBek ez zutelako gisa horretako sinesmenik. Alemaniak gaiaz argitara emandako garai hartako dokumentuetan ere argi ikusten da nola Genscher Atzerri ministroak behin eta berriro adierazten dien mandatari ugariri NATOk ez lukeela hedatu behar ekialderantz.

Gorbatxov engainatu zuten
Laster hasiko ziren ikusten kontrako norabidean zihoazen adierazpen eta neurriak. Denborak argi utzi du AEBak joko bikoitzean ari zirela. Hasteko, Genscherrek 1990eko amaiera aldera AEBetara egin zuen bisitan argi utzi zioten AEBak ezin zirela konprometitu etorkizunean ekialdera ez zabaltzearekin. 1991ko azaroan NATOk gailurra egin zuen Erroman eta han ere argi zehaztu zen Varsoviako Itunaren desagertzeak ez ziela bere helburuei eragiten, eta egoerak eskaintzen zuela aukera berri bat segurtasuna modu zabalagoan ulertzeko. 1990eko bigarren erdialdean hasiko ziren NATOn sartzen Europako Ekialdeko lehen herrialdeak: Hungaria, Polonia eta Txekiar Errepublika 1999an; 2005ean Lituania, Letonia, Estonia, Bulgaria, Errumania, Eslovakia eta Eslovenia.

Luze eta zabal hitz egin da Alemaniako Batasunaren testuinguruan Sobietar Batasunari NATO ekialderantz ez zabaltzeko emandako bermeei buruz. Askok uste dute ahozko bermeak nahikoak zirela, baina egia da ez zela zehatz mehatz inongo akordiotan idatzi. Vladimir Putin egungo buruzagi errusiarrak sarri gogorarazten du hori Gorbatxovi ziria sartu ziotela azpimarratzeko. Mary E. Sarotte historialari estatubatuarrak Mendebaldeko posizioak agertzen ditu Not One Inch: America, Russia, and the Making of Post-Cold War Stalemate (Hazbete bat ere ez: Amerika, Errusia eta Gerra Hotzaren ondorengoaren geldialdia) 2022an idatzitako liburuan, eta bere ondorio nagusietakoa da, hori bilera batzuetan esan bazen ere, ez zela NATOren garaiko izpirituaren adierazle. Liberal eskuindarrek sarri diote ez dagoela gaia jorratzen duen berea moduko libururik.

Gorvatxov, erdian, Alemaniako Hans-Dietrich Genscher (ezkerrean) eta Helmut Kohl buruzagiekin.

AEBetan ere denek ez zuten ikusten egokia NATOren ekialderanzko zabaltze hori. Horietako ahotsetako bat izan zen George F. Kennan, Gerra Hotzeko amerikar administrazioaren ahots esanguratsuenetako bat. 1998an AEBetako Senatuak zabalkunde horri argi berdea eman behar zion egunetan Kennanek zera adierazi zuen New York Times-eko elkarrizketa batean: “Uste dut hau Gerra Hotz berri baten hasiera dela (...) Uste dut errusiarrek, gradualki, kontrako norabidean erantzungo dutela eta haien politikei eragingo diela. Akats tragikoa da. Ez zegoen horretarako inongo arrazoirik. Inor ez zen ari inor mehatxatzen”. Edozein kasutan, eta interpretazio historikoak albo batera utzita, NATOko mapari begiratzea besterik ez dago azken hiru hamarkadetan erakundea ekialdera nola zabaldu den ikusteko, Finlandiatik hasi eta Turkiaraino.

1987 eta 1991 artean Sobietar Batasunean AEBetako enbaxadore izan zen Jack Matlock-ek ere begirada kritikoa luzatu zion hedapenari: “Arazoaren muina ez zen izan behar NATO zabaldu ala ez, baizik eta aztertzea AEBek nola berma zezaketen Europako Erdialdeko herrialdeen independentzia eta, aldi berean, kontinentearen segurtasunaren ardura europarrengan utziko zuen segurtasun sistema baten sorrera”.

Europa Batuaren ametsa
Esaten da azken mendeetako Errusian beti egon direla bi joera handi: batetik, Europako Mendebaldeko herrialdeekin harreman sistema bat eraikiko lukeena; bestetik, eslavofiloen korrontea, errusiarren berezko bideak eraikitzearen aldekoagoa. Gerra Hotzaren amaierarekin, Mikhail Gorbatxovek eta Europako beste lider askok sinistu zuten blokeetatik haragoko Europa bat eraikitzea posible zela. Sobietar Batasunaren ekonomiaren egoera kaskarrak bultzatuta, Gorbatxov Europako etxe batuaren ideia aurkezten jardun zuen Europan barrena 1985etik 1991ra.

Baina Gorbatxov ez zen garai horretan bestelako Europaz amesten zuen buruzagi bakarra. Vaclav Havel Txekoslovakiako azken lehendakariak ere egin zituen blokerik gabeko Europaren aldeko adierazpenak, Wojciech Jaruzelski Poloniako azken agintari komunistak ere bai, edo Lohtar de Miziere Ekialdeko Alemaniako atzerri ministroak. Mendebaldeko aldean, Charles De Gaulle buruzagi frantziarrak ere hitz egin zuen Uraletarainoko Europaz, eta behin baino gehiagotan erakutsi zuen estatubatuarrekiko distantzia. Geroago, François Mitterrand presidenteak ere hitz egin zuen segurtasun sistema berri baten eraikuntzaz, zeinetan Errusiak ere egon behar zuen: “Europa jadanik ez da izango azken mende erdia ezagutu duguna”. 1975ean sinatutako CSCEko Helsinkyko Akordioak edo 1990eko Parisko Gutunak ageri zuten egosten ari zen giro berri horren kutsurik: “Europaren banaketa eta konfrontazioaren garaia bukatu da”, zioen azken honek bere hitzaurrean.

Ostpolitik: zabaldu ekialdera
Gaur egun, balizko Europa berriaren ikuspegi hori oihartzun fin bat besterik ez da Gerra Hotza bizi izan zutenentzat, eta belaunaldi gazteagoentzat oihartzunik ere ez. Egia esan, AEBrik gabeko Mendebaldeko eta Ekialdeko Europa berriaren errealitaterik txikiena ere ez zen gauzatu, ezpada hainbaten desiotan. Baina amets horrek izan ditu hainbat hari zintzilik, izan Gorbatxoven “Europako etxe batua”, izan askoz lehenago egosi zen Alemaniako Ostpolitik, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) buruzagi Willy Brandtek 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran indarrean jarri zuena.

Funtsean, Ostpolitik-ak –‘ekialdeko politika’ esan nahi du alemanez– Alemaniak Ekialdeko Europako herrialdeei begira egin beharreko zabalkunde handia bultzatu zuen. Aurrera egiteko, ordura arte indarrean egon zen Hallstein Doktrina atzean utzi zuen. Haren arabera, Alemaniako Errepublika Federala zen Alemaniaren ordezkari bakarra, eta zehazten zuen Mendebaldeko Alemaniak ez zuela inongo lotura diplomatikorik izango Ekialdeko Alemaniarekin harremanak zituenarekin, salbu eta Sobietar Batasunarekin.

Willy Brantek finkatu zuen Ostpolitik Alemaniako lehen ministro aritu zenean (1966-1976) eta biziki areagotu zuen 1969tik eta 1974ra Alemaniako kantzilerra izan zenean. Ostpolitik-en ondorioz akordio ugari sinatu ziren Sobietar Batasunarekin eta Ekialdeko Europako gainerako herrialdeekin, eta Alemaniako barne egoerari begira, horrek ekarri zuen bi Alemanien batasuna 1990ean. Brandt komunismoaren aurkako sutsua zen, baina, aldi berean, ezinbestekoa ikusten zuen ekialderanzko zabalkunde hori, eta funtsean, politika horren jarraitzaile izan dira Alemaniako ondorengo ia mandatari guztiak, hasi Helmut Kohl-etik eta Angela Merkeleraino. Azken honen garaian hasi zen desegiten Ostpolitik, hainbat faktoreren ondorioz, eta nagusiki Errusiak 2014an Krimea inbaditu ondoren.

Leonid Brezhnev Sobietar Batasuneko buruzagia eta Willy Brandat mandatari alemana.
 

Gasak lotutako harremana
Alemania bien baturak herrialdearen hazkunde ekonomiko itzela ekarri zuen eta lokomotora germaniarra ziztu bizian sartu zen XXI. mendeko Europar Batasunaren ekonomiaren buruan. Errusiarekin eraikitako harremana klabea izan zen horretan, hamarkadetan Alemaniak hango gas merkea erabili baitzuen ekonomiaren erregai moduan. Bi herrialdeak batu izan dituzten Nord Stream1 eta Nord Stream2 gas hodiak izan dira harreman zabal horren zilborresteak. 2022ko irailaren 23an sabotaje batean bi hodiak lehertu zituzten. Lehena 2011n jarri zen indarrean eta bigarrena eraikita zegoen, baina martxan abiatu barik.

Pulitzer kazetaritza saria duen Seymour Hersh kazetari estatubatuarraren salaketaren arabera, AEBetako armadak egin zuen sabotajea. 2023ko irailean argitara emandako erreportaje luzean azaldu zituen auziaren nondik norakoak. Sabotajea gertatu eta gutxira gaiaz galdetu zioten Antony Bynken AEBetako Estatu idazkariari eta horrela erantzun zuen hark: “Aukera aparta da Errusiarekiko menpekotasun energetikoa amaitzeko, eta beraz, Vladimir Putini bere asmo inperialetan aurrera egiteko energiaren arma kentzeko. Hori oso garrantzitsua da eta aukera estrategiko asko zabaltzen ditu datozen urteetarako”.

AEBek inoiz ez dituzte gogo handiz ikusi ez Europar Batasuna indartzeko Alemaniak eta Frantziak emandako urratsak, ezta Alemaniaren eta Errusiaren arteko harreman ekonomiko sakonak. Errusiako gasak bereziki berotu izan du Alemaniako ekonomia, baina baita mendebaldeko beste estatu batzuetakoa ere. Hershek idatzitako artikulu luze hartan esaten denez, Errusiak hainbat urteetan hornitu izan zuen bere aurrekontuaren ia erdia gasa eta petrolioaren salmentarekin.

Funtsean, horrek indartzen zuen Errusia eta EBko herrialdeen harremana, baina gainera, Putinen gas merkea erosiz gero, EBko herrialdeek ez zuten erosiko AEBetako gas likidoa, Errusiakoa baino arras garestiagoa. Norbaitek, beraz, lehertu zituen Nord Streem hodiak eta kito. AEBetatik saiatu dira gas hodien sabotaje horiek Ukrainari bizkarreratzen, baina oraingoz inork ez du Hersh-ek beste azalpen sinesgarririk eman. Bere lehenengo agintaldian (2017-20121), Donald Trumpek agertu zituen Europarekiko harremanak aldatzeko lehen zantzu batzuk. Bigarren honetan desio haiek gauzatzen hasi bide da apurka, nahiz eta oraindik inork ez dakien Ekialde Urruna jo puntuan duen begirada berria zertan zehaztuko den. Ezin da ahaztu Trump Europan egiten ari den guztia, bertan diru gutxiago jartzeko saioa dela, indarrak egiazko etsaiaren aurrean jartzeko: Txinaren aurrean.

Itsas azpiko gas hodia zartatu ondoren ikusi ahal izan zen burbuila erraldoia.

“Bilatu Errusiaren bazkidetza”
Hori da Jeffrey Sachs ekonomialari estatubatuarrak Europako Legebiltzarrean EBko agintariei otsailean aholkatu berri diena. Sachs Sobietar Batasuna desegin ondoren Errusian egin zen “txoke terapia”-ren arkitektoa izan ei zen eta harrezkero maiz ibili da Errusian eta Ukrainan, sarri aholkulari lanetan. Bere hitzaldi luzea bolo-bolo ibili da hainbat hedabide eta sare-sozialetan, eta hartan adierazten du Errusiak eta EBk ekonomia osagarriak dituztela eta gerra baino era guztietako lankidetza bultzatu beharko luketela, AEBen gerizpetik at bestelako Europa eraikitzeko.

“Ez zaitezte joan Washingtonera eskale gisa –amaitu zuen Sachs-ek–. Horrek ez dizue lagunduko. Areago, seguruenik haren krudelkeria akuilatuko du. (...) Mesedez, izan ezazue zuen atzerri politika. Luzaro bizi behar duzue Errusiaren ondoan, beraz negozia ezazue harekin. Segurtasunari dagokionez, egiazko arazoak dituzue, bai Europak bai Errusiak, baina handikeriak eta Errusia fobiak ez dizuete horiek konpontzen lagunduko, ezta Ukrainaren segurtasunari ere. AEBek ekin zioten abentura horri [Ukrainako gerra], orain zuek zarete gerraren animatzaile sutsuenak, eta gerrak dagoeneko milioi bat biktima ukrainar sortu ditu”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europa
Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Palestinaren alde egiteagatik lau herritar kanporatu nahi ditu Alemaniak

Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.


Errusiarekiko gerra hauspotzen

Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]


2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


Ukrainako gerra bukatzear
“Europarrok, gerrarako prest!”

Orain Errusiak inbaditu behar ei du Europa eta horren aurrean berrarmatze basatia bultzatu behar dute Europar Batasuneko herrialdeek. Lehen Sobietar Batasunak egin behar zion eraso, eta Gerra Hotzak ia mundua irentsi zuen. Gezurra zen ordukoa, eta gezurra da gaur egungoa, baina... [+]


Ukrainako gerraren beste irakurketa bat

Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola,... [+]


Asiako eta Europako burtsek galera historikoak jasan dituzte, Trumpen gerra komertziala tarteko

Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Netanyahuri babesa erakutsi eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izateari utziko dio Hungariak

Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]


Trumpek %10 eta %50 arteko muga-zergak ezarriko dizkie mundu osoko herrialdeei: “Amerika berriz aberats egingo dugu”

Mundu osoarentzat %10eko muga-zerga globala inposatuko du Donald Trumpen administrazioak, eta hainbat herrialderen inportazioak are gehiago zergapetuko ditu, tartean Txinakoak (%34) eta EBkoak (%20). Baina Hegoalde Globaleko herrialdeak izango dira kaltetuenak: Lesoto (%50),... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...

Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.


Eguneraketa berriak daude