Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo gelditzen zaigun alkandora bezala sentiaraz gaitzakeena. Entzuna diot Ion Celestinori ereserkietan ohikoa dela nostalgia, komunitate batek galdu duenari kantatzeak ematen diela kanta horiei sarritan behar duten indarra. Ereserkiei buruzko ereserkia izan daiteke: “Zuekin batera aurkitu nahi nuke gure hitzen zentzu galdua”.
Hitzek nola galtzen dute, ba, zentzua? Zer egin orduan: berreskuratu ala berritu? Zer da zinez zerbait galtzea?
Galdu, galdu zaitezke esaterako Parisko hilerri handi batean. Lurpean baldin bazaude, kostako zaizu galtzen, baina demagun abuztuko arratsalde euritsu batean Parisko Père-Lachaise hilerrira aurrenekoz sartzen den gaztea zarela, zertara eta hilobi baten bila. Hilotz ustelduen hirian bezala, kalean gora eta behera hasten zara, baina alferrik. Erraz topatzen dituzu Oscar Wilderena, Edith Piafena, PCFko militanteenak, baina nahi zenuenaren bila, ohartzerako, galdu zara. Lorazain xaharrari ahoskatzen diozu, ahal bezala, izena. Muturra okertzen du, “Eugene, zer?”, ezaguna egiten zaiola, baina ez dakiela. Ohitu zara aurretik, bigarren eskuko lauzpabost liburudendatan ere gauza bera gertatu zaizu-eta: “Pottier”, ahalegintzen zara erantzuten dendarien galderari, eta haiek ezetz egitean zalantza egiten duzu ez ote duten zure ahoskera traketsa ulertu ala benetan posible den halako idazle baten libururik inon ere ez egotea. Bosgarren ezezkorako seguru zaude erabat: idazle galdu baten bila ari zara.
Eta Sarrionandia berriz: “Nork daki okerreko eskaileratik igo ez garen honaino?”. Eta Brecht, gero: “Zergatik / behar du nire izenak aipatua izan?”.
Lorazain xaharrak harantz seinalatzen dizu eta zuk hara jo. Maldan gora egin eta berriro behera itzulita topatzen duzu, azkenean, hilobia: haritz-adar batzuk dauzka zizelkatuak eta berdez margotuak eta harrizko liburu gorri bat, irekita. Irekitako liburu horixe da Eugène Pottierrek 1887an argitaratutako Kanta iraultzaileak. Horixe duzu Paris osoan topatu duzun ale bakarra.
Parisen jaio eta hil zen Pottier, eta bere bizialdian aritu izan zen enbalatze-lanetan, jornalari, pastelgile eta bulegari. Ikasketaz, baina, ehun-diseinatzaile industriala zen eta garai batean harro esaten omen zuen Parisko estudiorik onena berea zuela. Militante sozialista izan zen, lantegian bertan antolatu zen, langileak izan zituenetan sekzio sindikala sortzera bultzatu zituen, 1848an monarkiaren kontrako erreboltan parte hartu zuen artisau eta langileekin. 1867an Lehenengo Internazionaleko kide egin zen eta 1871n Komuna ezarri berriko Kontseilurako ordezkari hautatu zuten. Barrikadetan armak hartuta borrokatu zen eta erbestera alde egin behar izan zuen fusilamendutik ihesi. Idatzi zuen: “Kalean tiro eta balak, / Herria horrantza dabil; / Jaso, jaso barrikadak! / Zer nahi duzu? Aspermen oro hil!”. 1887an, Parisa itzulita hil zenean, hamar mila lagun bildu omen ziren haren hilkutxaren atzean.
Langile eta poeta izan zen, langile-poeta, Rancièrek gerora hala izendatuko zituen horietakoa, zeintzuek egunean zeharreko lanak utzitako tarteetan edo, gehientsuenetan, gauez idazten baitzuten. Pottier gaztetatik juntatu zen chansoniers edo kantagileekin, langile-klubetan eta abesbatzetan aritu ohi ziren poeta horiekin. Kanta berriak idazten zituzten langileen egunerokotasunaz eta borrokaz, haien suspergarri eta entretenigarri, askotan jendeak ezagun zituen doinuen neurrian, eta hala posible zen, irakurtzen eta idazten jakin gabe ere, segituan kantuan hastea, entzulea bera ere segituan kantari bihurtzea.
Egunean zehar zapatak eta pastelak, etxeak eta ferrokarrilak egiten zituzten, eta, laneko tarteetan, kantak. Edo, are: zapatak eta pastelak eta ferrokarrilak bezala egiten zituzten kantak. Ez ziren langile, alde batetik, eta kantagile, bestetik: kantaren eskulangileak ziren. “Goratu bainuen erabilgarri dena / Nire garaian baldartzat jo zen hura”, dio Brechtek. “Musika egitea ez da gauza itzela”, Sarrionandiak, “Obra inperfektoa gehienik, / Eman dezagun limonada prestatzea bezain / Ekintza humano eta duina dela”.
Kantaren forman topatu izan dute langileek beren neurriko forma poetikoetako bat. Erraza da: neurriak eta errimak kadentzia berezia emateaz gain buruz ikastea errazten dute, irudi poetiko sinple eta kotidianoek maiz poesia handiustean aurki ezin daitekeen esanindarra daukate, bertso-lerro batean emandako aldarri politiko ezagunek neurrira eginak dirudite, Poliziaren aurrean korrika egiteko balio duten zapata erosoek bezala ia. Poesia baldarra deitu izan zaio kantari, baina langileari horrek bost: balio dio lanean ari delarik ahopean erabiltzeko, deskantsua kideekin ospatzeko, azken gertakarien berri izateko, borroka egun batean ozen abesteko. Kantaren teknika poetikoa izan da langileon kontrolpeko ekoizpen-bitartekoetako bat.
Horren adibide dira Pottierren Kanta iraultzaileak eta haren gainontzeko obra, orain baztertua eta ahaztua, behinola panfletoetan eta karteletan argitaratua izan zena, eta langileen ahoetan hedatua: “Zailetan zail izan dadin / Zu burgesari saltzea. / Aitzin, langile-klasea! / Langile-klasea, aitzin!”. Bertso garbiz eta indartsuz beteta dago liburua, eguneroko hizkuntzatik abiatu bai, baina bihurrituta berritzea lortzen dutenak, “Porrota errebantxaren zain dago” bezalako irudi poetikoak sortzeko. Langile-jendearen egoeraz hitz egin bai, baina haren grinak harago bultzatzen dituztenak: “Aineza goza Afrikaz! / Arabiar, lehoi… aske! / Nahiz ez jakin politikaz, / Barnea dut ekintza eske!”.
Pottierrez gain, ez da gehiegi pentsatu behar jardun beraren adibide gehiago topatzeko. Aipatzen ari garen Brechtek berak goratu eta erabili zuen kanta forma gisa, tradizio popularretatik hartu eta garai berrietara moldatua. Hor daude Pete Seeger eta Almanakeko Kantariak, Parratarrak eta Victor Jara, kantaren eskulangileak guztiak.
Gurean ere, luze-oparoa da antzeko kanten tradizioa, herri anonimoak sortutakoetatik hasi, zenbait bertso-paperetatik pasa eta Aita Onaindiak “oleskari” deitu zien bertsolarietaraino, “herriaren gogoan kax-kax joz” kantatzen zutenak. Hor daude Koldo Izagirrek urtetan sortutako kantak, haien errepika eta joko, asko Joseba Tapiaren soinuak ezagutaraziak eta Teilatuko lizarra liburu ederrean jasoak. Hor daude Arestik egin zituen kantak eta ereserkiak, asko jada bere izenik ere ez daramatenak. Hark ere bere Harri eta herri ez zuen poema-liburu soiltzat hartu, abisatu zigun “kopla, bertso, ditxo eta poemak” zirela bereak.
Langile-jendearen eguneroko tresna izan da kanta, haren baliagarritasuna eta edertasuna bat izan dira. Agian guztietan handiena dena ere, Internazionala, Pottierrek idatzi zuen Komunaren ostean eta Kanta iraultzaileak liburuan dago jasoa. Lehenengo ereserki unibertsala, kanta bat gogorarazten diguna, edonon gaudela ere, edozein dela ere gure hizkuntza, gure klaseko jendea daukagula alboan borrokan.
Hori guztia izan da kanta eta, hala ere, sentitzen dugu Sarrionandiak arrazoi duela kantaren “gauza galdua” aipatzen duenean. Internazionala bera ere tristea da oso egun sindikatu burokratikoen manifestazio-ondorenetako aho gogaituetatik edo Ferrazeko kriminalen bozgorailuetatik entzunez gero. Zer da, ba, kantari galdu zaiona? Kantek al dute bada errua ala “agian geurea da, eta urrutirago joan gabe / geure buruaren aurka ekin beharko diogu?”. Kantaren erabilgarritasuna, auzi artistikoa bainoago, ez al da auzi politikoa?
Kantak ez dira galdu, hor daude oraindik, itxuraldatuta: une oro sonatzen dute autobusean doan gaztearen aurikularretan, lanera doanaren autoan, dantzalekuetan, gaztetxeetan. Hor dago oraindik kantaren teknika poetikoa, Pottierren garaian bezain indartsu eta erabilgarri, “errebantxaren zain”, gaur egungo langile antolatuek beren borrokarako erabiliko dituzten forma berriak noiz aurkituko.
Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII... [+]
Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean,... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]