“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

  • Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
    Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako presidentea da, zeina besteak beste, Onde Furlane irratiaz eta Festival Suns Europe jaialdiaren antolaketaz arduratzen den.

Argazkia: Luca Chiandoni.
Argazkia: Luca Chiandoni.

Europako kultura gutxituen egoera zuzenean ezagutzeko aukera eman dio bere jarduera profesional eta militanteak, eta gai horiei buruz gurean ere kontuan hartu beharreko ikuspuntua du. Bere herriko, Italiako eta Europako kultura gutxituei buruzko hausnarketa patxadatsu eta ondo neurtua eskaini digu.

Lehenengo eta behin, proposatu nahi dizut Friuli herria kokatzen lagun diezaguzun.
Bada, begira, geografikoki, Mediterraneoaren iparraldean eta Alpeen hegoaldean gaude, eta Europa ekialdeko alderdirik mendebaldekoena gara, edo, bestela esanda, mendebaldeko ekialdekoena... Mugako herrialde sentitu izan gara beti. Politikoki, herrialdearen mendebaldeko zatia 1866tik da Italiarena, eta ekialdeko zatia, berriz, Lehen Mundu Gerraz gero, 1918tik, alegia.

Esango nuke ideia orokorra dela Italiako estatuaren formazioa nahiko prozesu boluntarioa izan zela.
Beno, gure kasuan, 1866an, Italiarekiko anexiorako erreferendum bat egin zuten, bai... baina esango nuke kontsulta ez zela oso demokratikoa izan: botoa plazan ematen zen, ordena-indarrek zaindutako hautetsontzietan. Bi hautetsontzi zeuden, bata baietzarentzat eta bestea ezetzarentzat. Laburbilduz, Italiaren bateratze-prozesua, esaten dutenetik pixka bat desberdina izan zen gurea.

Gure muga-herri egoerak baldintzatu egin gaitu. 1970eko hamarkadara arte, Friuli lurraldearen zati handi bat jurisdikzio militarraren pean zegoen. Kuartelak zeuden herri bakoitzean. Hemen ere eskuin muturreko talde paramilitarrak sortu ziren. Komunismoaren aurkako sarea, baina eskualdeko 'separatistak' kontrolatzeko lana ere bazuten. Anti-komunista zen, eta anti-esloveniarra, batik bat –eskualdean Esloveniako minoria bat ere bizi da–.

"Itxaropen handiko pare bat une izan dira nazionalitate gutxituentzat: Eskoziaren eta Kataluniaren independentziari buruzko galdeketak"

Zu kontestu hartan jaio zinen, orduan. Kontatu pixka bat zein den zure biografia, baita hizkuntzari dagokionez ere.
Udinen jaio nintzen 1973ko uztailaren 12an. Han jaio nintzen gertuen dagoen ospitalea dagoelako, baina erditu ondorengo egun gutxi horiez gain, beti bizi izan nintzen Borc dai Pupsen. Borc delakoa Friuliko ohiko etxebizitza multzoa da; etxe-multzo trinko batek osatzen du, muino eta mendietan kokaturikoak; nolabait ere, baserri baten eta herri baten tarteko zerbait. Bada, ni, Sarsêt herrian, Martignà udalerrian, jaio nintzen, eta bertan, nire familiaren borc berean bizi gara, gutxienez XV. mendearen amaieratik. Friuleraz hitz egiten zen inguru batean hazi nintzen, bai familian, bai herrialdean.

Hala ere, joan den mendeko 70eko hamarkadan Friulin jaio ziren askori gertatu zitzaien bezala, niri ere antzera gertatu zitzaidan: eskolan italieraz soilik aritzeaz gain, friulieraz aritzen ziren familiak beren seme-alabekin italieraz hitz egiten hasi ziren, hizkuntza-ohitura "txarrak" har ez zitzaten. Horregatik, urte batzuetan, txikitan, familian italieraz hitz egin zuten nirekin, italieraz ongi hitz egiten nuela ikusi zuten arte. Ondoren, friuleraz hitz egiten hasi zitzaizkidan berriro. Hazi nintzenean, egoera horri buruz arrazoitzen hasi nintzenean, friuleraren aldeko aktibista bihurtzea erabaki nuen; eta gaur egun ere, hala eta guztiz ere, ama eta arrebekin askotan hitz egiten dut italieraz.

Ulertzen dut zure kasuan gai horri buruzko kontzientzia hartzea eta ikastea egon dela. Zein izan da zure biografia zentzu horretan?
Batez ere eskola ertainetik aurrera hasi nintzen pentsatzen (nahiz eta nire egoera beste askorena bezalakoa izan), ez zela normala, ezta bidezkoa ere. Friuliren historiari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen eta gauza batzuk ulertzen lagundu zidaten. Baina ez zen prozesu lineala izan, urteak behar izan ditut puntuak lotzeko. Bide bihurri horretan sartu ziren, adibidez, Ipar Irlandatik eta Euskal Herritik zetozen prentsako albisteak. 8 urte besterik ez nituen hil zenean, baina Bobby Sandsen istorioak zirrara handia eragin zidan, nahiz eta une hartan ez nuen guztiz ulertzen. Ez da kasualitatea argitaratu nuen lehen liburua gose-greban idatzi zuen egunkaria izatea, friulerara itzulia.

"Eskuina eta ezkerra, Italiaren ideia arriskuan jartzen duen zerbait dagoenean, nazionalista italiar garbiak dira"

Esango zenuke bizitza eta lana zure herriaren alde eman dituzula?
Bai, esan daiteke nire bizitza horretan eman dudala, herriaren alde. Unibertsitatean hizkuntza eta identitate friuliarra sustatzen zuen ikasle-talde batekin bat egin nuen. Gero, 1990eko hamarkadaren erdialdean, nagusiki friuleraz transmititzen duen Radio Onde Furlane komunitariora hurbildu nintzen. Irratiaz arduratzen den kooperatibako kideok antolatzen dugu, besteak beste, Suns Europe jaialdia.

Suns Europe jaialdia Europako estaturik gabeko nazioentzako gertakari kultural garrantzitsuenetako bat izango da ziur asko.
Hasiera batean musika-lehiaketa gisa egin zen, baina 2015etik aurrera beste kultur adierazpen batzuk sartu dira. Gure helburua Europako kultura gutxituetan egiten dena ezagutaraztea da, baina ez hori bakarrik, gune hau topagune ere izatea nahi dugu, Europako herri minorizatuen sare bat sortu nahi dugu. Aniztasun kultural eta politiko hori partekatu. Saiatzen gara, bestalde, folklore emanaldien jaialdia izan ez dadin, horri uko egin gabe, baina argi utzi nahi dugu gure herriak besteak bezalako herriak direla, eta ez dugula museo batean egon nahi. Identitatea plurala da, eta ez monolitikoa.

Argazkia: Luca Chiandoni.

Europako estaturik gabeko nazioen kokapenari buruz duzun iritzia kontatzea gustatuko litzaidake. Nola ikusten duzu nazio gutxituen egoera Europako Batasunean?  
Zoritxarrez, Europako Batasunak estatuko gobernuen adierazpen (eta menpeko) izaten jarraitzen du. Hasieran imajinatu zuten herri libreen federazioaren ideiatik oso urrun dago, eta uste dut oso zaila dela –agian ezinezkoa– aldatzea. Esango nuke mendearen lehen laurden honetan, itxaropen handiko pare bat une izan direla gutxienez nazionalitate gutxituentzat: Eskoziaren eta Kataluniaren independentziari buruzko galdeketez ari naiz. Herri bakar baten arrakasta funtsezkoa da besteentzat: bide bat adierazten du, konfiantza ematen du, posible dela erakusten du.

Zer izan zen zuentzat Kataluniako prozesu independentista?
Procés-a arretaz jarraitzen saiatu naiz 2012tik, gaur arte. Adibidez, 2017ko urriaren 1ean Bartzelonan izan nintzen, hauteskunde-zentro gisa erabilitako eskola batean. Egun haietan, Katalunian beste komunitate minorizatu batzuetatik joandako militante asko zeuden.

Denok geunden han gure ekarpena egiteko –gutxienekoa izan arren–, eta ez bakarrik elkartasun espirituagatik, baizik eta uste genuelako Kataluniak benetan independentziaren bideari ekitea lortzen bazuen aurrekari bat egongo zela, estatuen eta Europako Batasunaren immobilismo politiko eta instituzionala hausteko ekintza bat. Tabua hautsiko zen. Baina, tira, badakigu nola joan ziren gauzak.

"Uste dut mundua hobea dela nire kultura [friuldarren kultura] hor badago"

Bai, badakigu. Orduan, neurri batean, esan dezakegu Katalunia erreferente bat izan dela estatu gabeko komunitateentzat. Eta Euskal Herria?
Bai horixe. Baina une desberdinetan eta arrazoi ezberdinengatik.

Uste dut euskal herri-mugimendua, batez ere joan den mendearen bigarren erdian, erreferentzia-puntua izan zela Europako estaturik gabeko nazio guztientzat. Bereziki 1970eko hamarkadan, nazioarteko ezker iraultzailearentzat ere erreferentzia garrantzitsua izan zela uste dut, baita herri minorizatuei lotuta ez zegoenarentzat ere. Geroago, euskaldunak, adibidez, beren hizkuntza berreskuratzeko arrakasta-eredu baten ordezkari izan dira. Sistema guztiek dituzte akatsak, baina hiztunen kopuruak, batez ere gazteenen artean, gora egin du. Hiztunen galera alderantzikatzea lortu den kasu bakanetakoa da Europan. Ez da gutxi!

Kataluniaren egoera desberdina da, eta, zenbait alderditan, anomalia bat da. Gainerako Herrialde Katalanak alde batera utzita ere, hainbat estatuk baino ekonomia eta populazio handiagoa –baita hizkuntzari dagokionez ere– duen lurraldeaz ari gara. Askok aspalditik dute erreferentziatzat, baina, egia esan, zaila da maiz milioi-milioi eta erdi biztanlera ere iristen ez diren komunitateekin konparazioak egitea.

Beste aldetik, nire ustez, Kataluniako kasuak sistemaren muga guztiak erakusten ditu. Espainiako Gobernuak eta gainerako erakunde zentralek autonomia-estatutuaren erreforma-prozesuari ekiteko izan duten harrokeriak erakutsi zuen beste aldean zentralistak, txobinistak, faxistak baldin badaude, alferrik direla sen ona eta arrazoia. Ez dute ezertarako balio. Kasu horretan, negoziazioak ez du aurrerapenik bermatzen, baina atzerapausoak ekar ditzake.

"Ez gara konturatzen gu garela barbaroak, gu garela ‘besteak’"

Eta hizkuntzei dagokionez? Badirudi Irlandan hizkuntza berpizteko saiakerak daudela. Orokortua dela uste duzu jarrera hori?
Ez. Egoera nahiko ezberdinak daudela uste dut. Komunitate batzuetan gauza asko mugitzen ari dira, eta beste batzuetan egoera estatikoa dela esango genuke, edo, are gehiago, nolabaiteko atzerakada dago. Bretainian, adibidez. Hiztun eta kultur ekoizpen asko galtzen ari dira. Bretoierazko liburu eta kultur produktuetarako kooperatiba nagusiak itxi egin behar izan du, edo, gutxienez, bere jarduerak asko mugatu ditu.

Eta Italian? Nolakoa da kultura gutxituen egoera? Existitzen da, adibidez, nazio ezberdin bat izateko kontzientzia?
Beste estatu batean gehiengo bat duten edo estatu baten erreferentziazko komunitatea osatzen duten populazio txikiak alde batera utzita, Italiako Estatuaren barruan hiru dira –nire ustez, baina ez naiz horrela pentsatzen duen bakarra– estaturik gabeko naziotzat hartzeko ezaugarriak dituztenak: Sardinia, Ladinia eta Friuli.

Ezaugarri espezifikoak eta desberdinak dituzten arren, gaur egun hizkuntza-kontzientzia nahiko sendoa duten komunitateak dira, baina gutxi batzuen ondarea baino ez da nazio-kontzientzia. Erakundeek, komunikabideek eta hezkuntza sistemak mende eta erdi baino gehiagoz landutako 'garunaren garbiketa' eta gero naturala da... 'Beste' bat izatearen ideiak hor jarraitzen du, baina ezkutuko zerbait da, eta zaila da horrela identifikatzea.

Friuldarrok, adibidez, sentsazio hori barneratuta dugu. Muga gara, barbaroen aurka aritu gara. Barbaroak alemanak izan ziren, eta gero eslaviar herriak. Friuldarrak Italia 'desberdin' gisa ulertu izan dira, mugako italiarrak, menditarrak, germaniar edo eslaviar basatien aurkako mugako gotorlekua. Basakeriaren aurkako gotorlekua. Eta azkenean, guk sinetsi egin dugu, eta ez gara konturatzen gu garela barbaroak, gu garela 'besteak'.

Nola azaltzen duzu eskuin muturra Italiako boterera iristea?
Beno, asko laburbilduz, Italian, ezkerreko eremu politikoak oso gutxi du ezkerretik.

Orduan, zure ustez, ezkerrak ez du lana ondo egin. Zein izan da bere egitekoa, adibidez, Italiako kultura gutxituekin?
Uste dut esan dezakegula Italiako ezkerrean sentsibilitate handiagoa dutela hizkuntzei dagokionez eta gai horien inguruan, baina ez dute gai horietan sakontzen. Azken finean, Italiako ezkerra nazionalista italiarra da. Ezkertiarrek "Italiako Errepublika” eta “Italiako herritarrak” esango dute; eskuindarrek, aldiz, “nazio italiarra”. Nazionalismoaren adierazpen diferenteak dira, bata autoritarioagoa eta ideologikoagoa, eta bestea, berriz, nazionalismo hutsalagoa. Baina, eskuina eta ezkerra, Italiaren ideia arriskuan jartzen duen zerbait dagoenean, nazionalista italiar garbiak dira.

Zergatik da garrantzitsua kultura eta nazio gutxituen alde lan egitea?
Friuli nire erreferentzia da, nire familiaren historia da. Ez dakit horrek munduari lagunduko dion, uste dut mundua hobea dela nire kultura hor badago, baina nolanahi den ere, ni friuldarra naiz, horixe naiz. Nire identitatea erresistentziaren historia bat ere bada, ni baino lehen hemen bizi izan diren belaunaldi guztiena. Erresistentzia horri esker nago hemen. Horiek zaintzen laguntzea, borroka hau, nolabait, beraiekin dudan zorra ordaintzea ere bada. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Friuli
Eguneraketa berriak daude