“Umeak ez dira ongi etorriak Debako udal liburutegian”

  • 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak. Gorago jo dutenean ere, ez diete atea zabaldu: Arartekoak eta Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak esan diete ez dutela esku hartuko. “Oso larria da kudeaketa eredu posible gisa planteatzea umeen aurkako diskriminazio garbia dena”.

Itsaso Aramendi Urbieta (ezkerrean) eta Nahia Eguskizaga Bilbao, Debako Ostolaza udal liburutegiaren aurrean. ARGAZKILARIA: Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA

ARGIAk elkarrizketa eskatu die baita ere Debako udal gobernuari eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Liburutegi Zerbitzuaren buruari, baina bataren eta bestearen ezezkoak jaso ditu bueltan. Herriko hainbat gurasok osatzen duten Liburutegia Denontzat taldeko Itsaso Aramendi Urbietak eta Nahia Eguskizaga Bilbaok kontatu dizkigute Debako Ostolaza udal liburutegian hain ezohikoa den egoeraren nondik norakoak.

Kokatu gaitzazue: nolakoa da eta nola dago antolatuta Debako liburutegia?

Itsaso Aramendi: Espazio berezituak ditu: atea itxita duen espazio bat dago, ikasteko gela edo isilik egotekoa; beste eremu zabal bat, helduen liburutegia, hainbat mahairekin; eta hirugarren espazio bat, haur eta gazte liburutegia, hormak eta ate propioa dituena. Gainera, liburutegi orokorreko liburuzainaz gain, soilik haur liburutegiaz arduratzen den beste liburuzain bat dago lanean, jardun osoan, goiz eta arratsalde.

2 urtetik beherako umeek ezin dute Debako liburutegian egon. Liburutegia zabalik dagoen zazpi orduetatik, 2-6 urtekoak soilik ordu jakin batean egon daitezke haur liburutegian, 16:30etik 17:30era (hortaz, adibidez, anaia-arreba helduxeagoekin batera ezin dute egon beste orduetan). 15 urtera arte bestelako ordu murrizketak ere badituzte. Non dago arau hori idatzita?

Aramendi: Ordutegia liburutegiko atean eta webgunean dago, baina udalari araudia eskatu genionean, bidali zizkiguten bi dokumentu, haur eta gazte liburutegiko arauei lotuta, eta bertan ez da zehazten adinkako ordutegi murrizketarik. Beraz, praktikan aplikatzen dituzten ordu debekuak ez daude araudian jasota.

"Araua jarri beharrean, ‘isilik egon behar da, baxu hitz egin behar da’, eta horren araberako ondorioak ezarri, aurretik jarri dute debekua, zarata egin aurretik dute zigorra umeek"

Eta zergatik du Debako liburutegiak halako praktika ezohikoa?

Nahia Eguskizaga: Halakorik ez dugu beste inon ezagutzen. Udal gobernutik eman diguten arrazoietako bat da hogei urte daramatzatela horrela funtzionatzen (batzuetan apaindu egiten dute esaldia, "hogei urteko esperientziaren ondorio" dela diote), hori bere horretan arrazoi bat bailitzan. Argudiatzen dute umeek zarata ateratzen dutela eta liburutegiak eskatzen duen giro lasaia oztopatzen dutela, beste erabiltzaile batzuei molestatzen dietela. Halaxe adierazi digute bileretan.

Publikoki, haurrentzako ordutegi murrizketa argudiatzeko atera zuen oharrean ez zuen zarata aipatu udal gobernuak, baina neurria aldatzeak, alegia haurrei nahi dutenean egoten uzteak, “bizikidetza zaildu” dezakeela dio, “beste erabiltzaile talde batzuengan” eragin dezakeela.

Eguskizaga: Mahai gainean jarri ditugun aterabideen artean, eskatu diegu proba pilotu bat egiteko, ikusteko ea bizikidetza hondatzen den, zeren hogei urtean ez da egon benetako bizikidetzarik, herritar talde bati sarrera mugatzen zaion heinean. Helduen arteko bizikidetzara ohitu gaituzte, eta guk ulertzen dugu bizikidetza dela ezberdinen arteko elkar-ukipen bat; jakina, bizikidetza bermatzeko arau batzuk egon behar direla, baina araua jarri beharrean, “isilik egon behar da, baxu hitz egin behar da”, eta horren araberako ondorioak ezarri, aurretik jarri dute debekua, ez dago ondorioak izateko aukerarik ere eta zarata egin aurretik jaso dute zigorra. Gainera, helduek zarata batzuk atera ditzakete (zeren ateratzen ditugu), baina umeek eginez gero ez da onargarria.

"Esaten dute hogei urte daramatzatela horrela funtzionatzen, baina praktikan aplikatzen dituzten ordu debekuak ez daude araudian jasota"

Kasua inguruan aipatu dudanean, jabetu naiz baten batek irudikatua duela haurrak liburutegira doazela jolastera, haur-txoko gisa erabiltzera, euria egiten duenean babesteko aitzakia gisa… eta aldiz helduak liburuak irakurtzera baino ez. Zer esango zeniokete hala pentsatzen duenari?

Aramendi: Guk ideia hori jaso dugu udalarengandik. Liburutegian ilustrazio tailer bat antolatzeko baimen bila joan eta erantzun ziguten ez dela ludoteka bat, eta esana dute baita ere umeen liburutegia ez dela arratsalde-pasarako lekua. Zeinek erabakitzen du zertara goazen? Helduongan ez dugu begirada hori erabiltzen, helduak doaz irakurtzera, idaztera, baita denbora-pasa ere… eta inork ez die ezer esango. Zerbitzu publiko bat da eta denok erabiltzeko eskubidea izan beharko genuke.

Beste herrietan ere, umeak ume dira, liburutegiei antzerako erabilera ematen zaie... Zer pasatzen da Deban? Debako haurrek zarata gehiago ateratzen dute, ala?

Eguskizaga: Agian liburuzainak desberdinak dira eta hor dago gakoa.

Aramendi: Liburutegiak ulertzeko modu ezberdinak egon daitezke, eta ongi etorriko da lanketa egitea, liburutegiak zer izan beharko lukeen.

Haur txikiak dituzten herriko ama batzuek sortu zuten Liburutegia Denontzat taldea. ARGAZKIA: Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA

Zer ukatzen zaio 0-6 urteko haurrari, liburutegian denbora gehiago igarotzea galarazten zaionean?

Aramendi: Haurren garapenerako ezinbesteko tresnak dira ipuinak, eta gainera ipuina irakurtzen ari zaionarekin sortzen den momentu hori behar-beharrezkoa da; liburutegiak ematen dizkizu momentu horiek, baina aukera oztopatzen ari zaizkigu eta umeengan liburutegiekiko harreman negatiboa bultzatzen da. Haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko ez da oso estrategia ona.

Eguskizaga: Azken finean, haurrek liburutegia tentsio gune batekin lotzea dakar egoerak.

Arestian aipatu dudan oharrean, udal gobernuak argudiatzen du ez dagoela espaziorik.

Aramendi: Azterketa bat egitea eskatu zuen oposizioak, eta udal gobernuak bideratuta analisia egin zuen liburuzainak, bost hilabetez, otsailetik ekainera, ea zenbat jendek erabiltzen duen liburutegia. Analisia kanpoko norbaitek egin behar zuela eskatu genuen, ez aldaketarik nahi ez duen liburuzainak, baina ez ziguten kasurik egin. Liburua entregatzera baino joaten ez zena eta liburutegian egotera joaten zena, denak zaku berean sartu zituzten, horrekin ere ez ginen ados.

Baina hala eta guztiz ere, argi geratu da espazio faltarik ez dagoela: helduen liburutegian batez beste bost erabiltzaile daude orduko (44 eserleku egonik), eta umeen liburutegian egun osoan batez beste zortzi erabiltzaile (23 eserleku egonik). Argudioak ez du oinarririk. Eta horri gehitu behar zaio hirugarren gela dagoela, ikasteko gela, aparte eta itxita, beste hemezortzi eserlekurekin. Espazio faltarengatik hartzen omen diren neurriek zergatik eragiten diete soilik umeei? Edota espazioa bada kezka, 2-6 urteko guztiak ordubetean, ordu berean, pilatzeak badu zentzurik?

Eguskizaga: Ordubete horretan ere ez da pilaketarik egoten, espazioa ez delako traba, eta eragiten diguten deserosotasun handi horrek ekarri duelako jende askok ez erabiltzea potentzialitate handia duen espazio bat. Gainera, espazio faltaren argudioak ez die beste debeku batzuei erantzuten: zergatik ezin dute 2 urtez azpiko umeek egon haur liburutegian? Zergatik ezin dute liburutegiko erabiltzaile txartela atera? 0-2 urtekoentzako liburuak badituztela esan digute, alegia haur horientzako ipuinak mailegatu eta etxera eraman ditzakegula, baina ezin dute liburutegian egon. Plazan, supermerkatuan, tabernan… egon daitezke, baina liburutegian ez.

Aramendi: Edo adibidez, umeen liburutegiko materialik ezin da beste liburutegi batetik mailegatu, eta helduen liburutegian aldiz bai; erabaki horrek zer ikusi du espazioarekin?

"Umeengan liburutegiekiko harreman negatiboa bultzatzen da. Haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko ez da oso estrategia ona"

Debeku guztiak adin txikikoentzat dira?

Eguskizaga: Helduentzako dauden arauak logikoak dira: ezin da jan, ezin da erre, hartzen dituzun liburuak berdin bueltatu, mugikorrak isildu… Nahiko genituzke halako arauak gure haurrentzat ere!

Aramendi: Margotu ere ezin dute egin liburutegian, liburuak hondatu ditzaketela argudiatuta. Edo oraintsu ume bati panpinarekin ezin zuela sartu esan dio liburuzainak, baina ni erosketa poltsarekin eta edozerekin sartu izan naiz eta inork ez dit ezer esan.

Eguskizaga: Umeak ez dira ongi etorriak liburutegian.

Udal gobernuarekin hirutan bildu zarete eta udal batzordean ere eztabaidatu da gaia. Ez al da hurbilketarik egon?

Eguskizaga: Egin dugun ibilbidea ikusita, sentsazioa dugu hasiera-hasieratik ez zutela asmorik ezer aldatzeko. Gure proposamen txikienari ere ezezkoa eman diote: haur liburutegiaren atea ixtea (zarata baldin bada arazoa); espazioa berrantolatzea (hemeroteka, DVDak-eta dauden lekua…), proba pilotu bat egitea bizikidetzari eragiten al dion ikusteko…

EAJ dago agintean, sei zinegotzirekin. EH Bilduk beste sei ditu eta Orain Deba herri-plataformak bat. Zer dio oposizioak?

Aramendi: Oposizioarekin bildu gara eta babesa adierazi digute, baina ez dugu afera politizatu nahi.

Eguskizaga: Oraintxe bertan, ikusita zein blokeo egoeran gauden, berriz ere joko dugu alderdi politiko guztiengana, denekin hitz egin eta gaia bideratu asmoz. Orain Deba plataforma, adibidez, ez da orain arteko bileretara agertu ere egin. Egungo alkatea aurretik liburuzaina izan da urtetan, eta pentsatzen dugu horrek pisu handia duela honetan guztian.

Debako liburutegia Euskadiko Liburutegi Sarean dagoen heinean, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura ere jo duzue, esku har dezan.

Aramendi: Ez dugu erantzun ofizialik jaso, baina zerbitzuburuak emailez esan zigun ez dutela esku hartuko. Argudiatu zuen eskumenak udalarenak direla. Espainiako Konstituzioaren artikuluak aipatu zizkigun, Konstituzioak herrien autonomia bermatzen duela dioena eta kultura jarduerak kudeatzea eta antolatzea udalaren eskumena dela dioena. Liburutegien Legea ere aipatu zigun, orokorra dela eta zehazki gai horren inguruan ez duela ezer esaten, hutsunea dagoela hor.

"Argi geratu da espazio faltarik ez dagoela. Eta hala balitz, espazio faltarengatik hartzen omen diren neurriek zergatik eragiten diete soilik umeei?"

Ez al luke esku hartzeko betebeharra, umeenganako diskriminazioa baldin badago?

Aramendi: Egia esan, asko harritu gaitu erantzunak, Debako liburutegia Liburutegi Sarearen barruan dagoelako eta Liburutegi Zerbitzuari dagokiolako sarearen barruan dauden liburutegien kudeaketa. Ardura horretatik ihes egitea larria iruditzen zaigu, eta gainera esku-hartzea modu askotara egin daiteke, praktika onen dekalogo batetik hasi eta Sarean dauden liburutegientzako funtzionamenduaren inguruko gomendio liburuxka bateraino, gutxieneko batzuk eskatuta. Pentsa, beste herri bateko umea, 0-2 urte artekoa, etorri daiteke liburutegira eta liburu bat mailegatu, baduelako txartela bere liburutegian aterata, baina Debako umeak ezin du. Denak sare berekoak izanik, hori guztia koordinatzeko eta zentzuz jokatzeko esku hartu beharko luke Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak. Udal gobernuaren eta gure artean bitartekari lana egiteko ere eskatu diogu.

Eguskizaga: Gure sentsazioa da ez dutela sartu nahi izan, baina nahi izanez gero badituztela erramintak, baita legalak ere, gaiari heltzeko. Hain justu, zerbitzuburak aipatu digun Liburutegien Legeak ere agintzen die liburutegien titularrei “berma diezaietela erabiltzaileei, liburutegietara berdintasunean eta inolako tratu diskriminatzailerik gabe irispidea izateko eskubidea”. Eta 14. artikuluan honakoa zehazten du: “Irakurketa publikoko sareko liburutegiak (…) herritar guztientzako irekita egongo dira, horien adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea edo gizarte maila dena dela”. Adina propio aipatzen du.

Arartekora ere jo duzue.

Aramendi: Bai, iazko maiatzean jo genuen, ikusita eskubide kontua dela. Baina hara non, erantzuna izan da ez duela esku hartuko, eta argudioen artean darabil Domingok [Miguel Ángel Domingo da Euskadiko Liburutegi Zerbitzuko burua] aipaturiko legea, udalerrien eskumenen ingurukoa. Gaineratzen du ez duela ikusten zuzenbidearen aurkakoa denik edo irregulartasun legalik duenik, eta “kudeaketa eredu bat edo beste aukeratzerakoan, [Arartekoari] ez dagokio iritzia ematea”. Gure ustez oso larria da kudeaketa eredu posible gisa planteatzea umeen aurkako diskriminazio garbia dena. Arartekoari erantzun egin genion, hala nola Liburutegien Legea eta Haur eta Nerabeen Babeserako Legea aipatuta, baina ez genuen bueltan ezer jaso. Berriz ere Arartekora joko dugu, halere, herritarren testigantzak gehituta.

Eguskizaga: Arartekoaren erantzuna kolpe bat izan da guretzat, babesgabe sentitu gara.

"Deban oinarri-oinarrizkoa eskatzen ari garen honetan, ikusten ari gara beste liburutegietan makina bat ekimen egiten dituztela jendea liburutegira erakartzeko"

Herrikideen partetik babesik sumatzen al duzue?

Aramendi: Herrian 500 sinadura bildu genituen, liburutegiko neurri horiek aldatzeko eskatzen, eta gauza handia izan zen. Debako eragile askoren babesa ere izan dugu (guraso elkartea, aisialdiari loturiko eragileak…) eta pozik gaude, alde horretatik. Kale liburutegiak ere antolatu ditugu, denentzako espazio irekiak, eta horietara hainbeste jende etorri izana guretzat bada Deban dagoen behar baten seinale. Herritarren eskaera bat dago eta udal gobernuak arduraz erantzun beharko luke, txanda-pasa egin ordez.

Zer nolako lekua eta rola dute haurrek beste herrietako liburutegietan?

Eguskizaga: Deban oinarri-oinarrizkoa eskatzen ari garen honetan, ikusten ari gara beste liburutegietan makina bat ekimen egiten dituztela jendea liburutegira erakartzeko: antzerki tailerrak, ilustrazio tailerrak, scape room-ak, ipuin-kontaketak, komunitate ezberdinetako hizkuntzak partekatzeko espazioak…

Aramendi: Esanguratsua da: Debako liburutegiaren atarian, helduen atalean “Irakurketa suspertzeko ekintzak” arloa dago, eta umeen atalean berriz, ez dago halakorik, ez dagoelako programarik haurrei zuzenduta. Yolanda Arrieta idazleak egiten duen tailer bat baino ez dago; hots, Lehen Hezkuntzako seigarren mailara iritsi arte, ez dago ezer umeei zuzenduta.

Dena den, Liburuaren Egunaren harira, aspaldiko partez ipuin kontaketa egingo da liburutegian. Debako ipuin kontalariek egindako eskaera onartu du udal gobernuak, eta egoera aintzat hartuta, guretzat bada urrats txiki bat, pozgarria.

Eta beste herrietako liburuzainei, gurasoei… Deban gertatzen dena kontatzen diezuenean, zer esaten dizuete?

Eguskizaga: Egoerak eragiten duen harridura izugarria da, askori sinesgaitza zaio, eta gainera sentsazioa da ebazten erraza den gaia dela: liburutegi barruan espazio bat dago berezitua haurrentzat, liburuzain propioa du… Orduan, zein da arazoa?

Aramendi: Guri gertatu zaigu. Aspalditik datorren praktika da, baina agian ez dira aurrez elkartu neurriak aldatzea eskatzeko; guk taldetxoa sortu eta pentsatu genuen, “segituan soluzionatuko da”, eta berdin-berdin jarraitzen dugu…

Eguskizaga: Kontua da, herritik kanpoko jendeak esaten digula gure borroka harrigarria zaiola, hain da eskaera oinarrizkoa, baina herrian jende bat dago egoera honetara ohitu dena, udal gobernuaren argudioak normalak iruditzeraino; ohitu egin dira espazio hori horrela erabiltzera eta helduen artekoa baino ez den bizikidetzara.

“Liburutegia zer izan da, zer da eta zer izan daiteke” mahai-inguruarekin abiatu dute gogoeta prozesua. Liburutegia Denontzat taldeak utzitako argazkian, mahai-ingurura gerturatu diren herritarretako batzuk.

Hain justu, “normaltasun” horretatik atera eta “liburutegia zer izan da, zer da eta zer izan daiteke” gogoeta prozesuari ekin diozue, mahai-inguru batekin hasita, denen artean bestelako liburutegi bat eraiki nahian.

Aramendi: Liburuzainak eta udal gobernuko kideak izan dira mahai-ingurura gonbidatu ditugun lehenengoak, hausnarketa bultzatzea helburu duen ekimen honetan egon behar dutela pentsatzen dugulako [elkarrizketa hau egin ondoren izan da mahai-ingurua eta bai udal gobernuko ordezkariak bai liburuzainak bertaratu dira]. Adituak diren liburuzainak etorriko dira herrira, haien esperientzia kontatzera, eta gogoetarako baliagarria izatea espero dugu.

Eguskizaga: Hitz egiten jarraitzeko bide eman dezala nahi dugu, mahai gainean konponbideak jartzeko eta hogei urtean erabili den eta denentzat baliagarria ez den formula gainditzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskriminazioa
Instituzioek preso atzerritarren birgizarteratzea oztopatzen dutela salatu du Salhaketa Nafarroak

Elkarteko Andoni Burguetek nabarmendu du espetxean dauden presoek egindako delitu gehienek behar sozioekonomikoekin lotura dutela.


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute... [+]


2025-03-25 | Euskal Irratiak
Giza-kate bat Baionan, arrazismoaren eta faxismoaren goititzearen kontra

Hirurehun bat pertsona hurbildu ziren jende katea osatzeko Marengo eta Pannecau zubien artean.


Trintxerpetik hasita, “auzo seguruen alde”

Trintxerpen hasi eta Donostian bukatu da hainbat kolektibok deitutako XXVIII. Arrazakeriaren Kontrako Martxa.


2025-03-19 | June Fernández
Meloi saltzailea
Black lives matter

Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:

Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.

Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.

Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.

Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte... [+]


‘Seguru? Auzo seguruen alde’ leloa izango du aurtengo arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako martxak Donostian

1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Poliziak 69 lagun hil zituen apartheidaren kontrako manifestazio baketsu batean. Ordutik, egun hori Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Nazioarteko eguna ospatzen da, aldarrikapenez beteta. SOS Arrazakeriak urtero gai ezberdin bat lantzeko... [+]


2025-03-18 | Gedar
Eraso arrazista bat izan da Lekeition

 Lau turistak eraso zieten jatorri pakistandarreko hainbat langileri, Lekeitioko Gazte Asanbladak salatu duenez.


Gorputz hotsak
“Kostarik kosta loditasuna desagerrarazi nahi duen mugimendu sozial bat dago”

Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]


2025-03-05 | Axier Lopez
85

Gezurra badirudi ere, irudia ez dago Tolosako inauterietan eginda. Munduko herrialderik jendetsuenen artean, laugarrenean da, pasa den astean. Kameraz inguratuta, bi gizoni 80 eta 85 zigorrada eman dizkiote bizkarrean. Haien bekatua: gorputzaz elkarrekin gozatzea. Aceh... [+]


Danimarkak ez dizkie gurasotasun froga psikologiko gehiago egingo groenlandiar jatorriko gurasoei

Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez... [+]


Eguneraketa berriak daude