Ebroko muga zaharraren lorratzetan

  • Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu dituzte, besteak beste. Eta Iruñeko Erresumak hegoaldeko bere mugak nola kontrolatzen zituen ere jakin dezakegu horiek aztertuta, galdera berriak zabaltzearekin batera.

Ebroren meandroko lautadaren eta igeltsu gorri-grisez osatutako amildegiaren arteko muino txiki batean kokatzen da Resako aztarnategia. Argazkia: Josu Narbarte
Ebroren meandroko lautadaren eta igeltsu gorri-grisez osatutako amildegiaren arteko muino txiki batean kokatzen da Resako aztarnategia. Argazkia: Josu Narbarte

Paisaia ikusgarria da Erriberako bazter honetan. Sartaguda herria bizkarrean utzita, Ebro ibaiak meandro zabalak marrazten ditu gure eskuinean. Kanal-sare trinko batek ureztatutako huerta zabalak–islamiar jatorriko baratze-sail ureztatuak, hain zuzen– hartzen ditu inguruko lautadak: fruta-arbola sailak, negutegiak eta esparrago plantazioak begia galtzen deneraino. Zuhaitz-lerro batek markatzen du ibaia nondik nora doan; beste aldean, hemen esaten duten gisan, Gaztela. Gure ezkerrean, aldiz, igeltsu gorri-grisez osatutako amildegi erraldoi batek zaintzen du bidea, haizeak eta urak eragindako higaduraren pean etengabeko aldaketan.

Amildegiaren eta lautadaren artean, muino txiki batek ematen du arreta. Hegoaldera begira, ikuspegi bikaina du inguru osoaren gainean, eta bizkarrean amildegiak babesten du. Aspaldi handian artzainak eta ehiztariak baino ez dira ibili bertan baina, 2018tik hona, joan-etorriak nabarmen ugaritu dira: herritarrak, unibertsitateko ikasleak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak maiz ikus daitezke bertan lanean, hauts artean horma zaharren arrastoak garbitzen. Resako aztarnategi arkeologikoan gaude.

Resako aztarnategiaren kokapena oso ongi ikusten da argazki honetan, amildegiaren ertzeko muinoan. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

Harriak, hezurrak eta ardoa

Resa izena ez da arrotza Andosillan eta inguruko herrietan. Eskualdean oso ohikoak dira Resa eta Resano abizenak. Gainera, oso presente dago Ebro inguruko toponimian ere: ibaiertzeko erriberei Soto de Resa deitzen diete, eta amildegien gainean kokatutako bazkalekuei, aldiz, Val de Resa. Hala, bizilagunen artean gauza jakina izan da inguru horretan desagertutako herri bat zegoela, bere kokapen zehatza, neurria eta izaera misterio bat izan arren.

Memoria hori berreskuratzeko asmoz, Andosillako Udalak eta Aranzadik 2018an abiatu zituzten miaketa arkeologikoak, Juantxo Agirre Mauleonen zuzendaritzapean. Berandu gabe, uste baino historia konplexuagoa atera zuten argitara: Burdin Aroko arrastoak, erromatar villa aberats baten aurriak, III. mendean gertatutako krisi klimatiko baten zantzuak… baina, zalantzarik gabe, Erdi Arokoak dira Resak orain arte eman dituen aztarnarik adierazgarrienak.

Aztarnategiaren erdigunean neurri handiko eliza baten arrastoak agertu dira. Igeltsuz eginda dago, eta higadurak gogor eragin dio; baina, hala ere, oraindik nabarmena da bere garaian eraikin monumentala izan zela, urrunetik ikusteko pentsatua. Eraikuntza estiloak argi erakusten du Nafarroan erromanikoa zabaldu baino lehenagokoa dela. Laukizuzen-itxurako planta dauka, eta sarrera nagusia hegoaldean. Eroritako horma-zatien azpian, hainbat zutabe eta arku batzuen dobelak agertu dira, barrualdea luzetarako nabeetan banatuta zegoen seinale. Gainera, ekialdeko partean presbiterio baten, absidearen eta aldarearen arrastoak ere agertu dira. Elizan erritu mozarabiarra praktikatzen zela erakusten digu horrek –XI. mendean Aita Santuen autoritatea indartzean zabaldu zen erritu erromatarraren aurrekoa–, eta hori bat dator erradiokarbono bidez lortutako datazioekin: eraikina X.-XI. mendeetan erabili zen nagusiki.


Resako elizaren absidea eta aldarea. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Eliza dagoen tokian hilerria egon ohi da, eta Resa ez da salbuespena: ipar hormaren kontra harrizko bi kutxa agertu dira bata bestearen gainean. Azpikoan bizpahiru urteko haurtxo baten arrastoak zeuden; gainekoan, aldiz, emakume heldu batenak. Momentuz, misterioa da haien artean familia-harremanik egon ote zen.

Baina Resako nekropoliak askoz eremu zabalagoa hartzen zuen eta, orain arte, 40 hilobitik gora identifikatu eta 13 industu dituzte; guztiak erritu kristauaren arabera ehortzi zituzten. Egindako datazioek sorpresa eman dute: modernoenak XII. mendekoak dira –elizaren garai bertsukoak–, baina zaharrenak VI. menderaino doaz, eta garai horretako datu arkeologikoak oso urriak dira Nafarroan. Aurkikuntza garrantzitsua da, beraz, Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ezagutzen hasteko.

Elizatik metro gutxira ardoa egiteko lako baten arrastoak ere agertu dira. Bi kubeta handi ditu mahatsa zapaltzeko, eta bertatik tutu bat abiatzen da, muztioa depositu batera eramateko. Egungo ikuspegitik harrigarria gerta litekeen arren, Erdi Aroan ohikoa zen holakoak elizen inguruan egotea. Eraikina jabe pribatu baten esku egon zitekeen, eta horrek mota desberdinetako ondasunak bereganatzeko eskubidea ematen zion (soroak, mahastiak, errotak…), noski, etekin ekonomikoa ateratzeko ere bai.

Ikerketa arkeologikoaren emaitzek lagunduko digute aztertzen Iruñeko erregeek nola berrantolatu zuten lurraldea X. mendean musulmanei konkistatu ostean

Konkista osteko paisaia bat

Indusketari esker badakigu, duela mila urte Andosillako Resako kokalekua garrantzitsua zela. Mende horiek hedapen garaia izan zirela Iruñeko Erresumarentzat, Ebro inguruan hainbat lurralde konkistatu baitzizkien musulmanei. Resa izena bera garai horretan agertzen da lehen aldiz idatzita, Antso I. erregeak 908an egindako konkisten artean. Ondorengo urteetan, herri hori mugako gotorleku estrategiko bilakatuko zen –tenentzia baten egoitza izan zen, gaztelu eta guzti–, 1045.ean Calahorra eta 1119an Tutera konkistatu arte behintzat. Hortaz, ikerketa arkeologikoaren emaitzak oso baliotsuak dira konkista osteko garaian Iruñeko erregeek lurraldea nola berrantolatu zuten aztertzeko.

Dokumentu zaharrei esker badakigu Iruñeko erregeek interes ekonomikoak izan zituztela Resan, eta interes horiek elizen inguruan artikulatu zituztela. Antso IV. eta Plazentzia errege-erreginak aurkituko ditugu Santa Mariari eskainitako eliza baten jabe, “Ebro ibai ertzean, Resako herri gotorraren irteeran” kokatua; 1071. urtean Donemiliagako monjeei utzi zioten eliza, eta harekin batera hainbat mahasti eta baratze, beste ondasun batzuen artean.


Resako Santa Maria elizaren dohaintza-agiria 1071. urtean. Irudia: Donemiliagako monasterioa.

Ziur aski, dokumentu horretan aipatutako eliza da arkeologoek industu dutena. Baina, nekropolia askoz ere zaharragoa dela ikusita, baliteke eliza hori  hutsetik eraiki ez izana. Izan ere, kokapen horretan lehenagotik ere tenplu bat egon bazen, baliteke 908ko konkistaren ondoren Iruñeko erregeek hura berreraikitzea sustatu izana, botere berriaren sinbolo gisa. Eta ez litzateke harrigarria izango eraikin berria monarkiaren jabetzara pasatzea, konkistatutako lurraldean ondasun ekonomikoak —hots, testuak aipatzen dituen mahastiak eta baratzeak— kontrolpean hartzeko eta haien etekinak kudeatzeko.

Bi erresuma, muga bat

Resaren historia ez da, baina, hor akitzen. Antso IV. erregea dohaintza egin eta urte gutxira hil zuten, Peñalengo amildegian, erresumako nobleziaren azpijoko baten ondorioz. Berehala, Gaztelako eta Aragoiko osteek Iruñeko erresuma inbaditu eta banatu zuten, eta ez zuen autonomia berreskuratu 1134ra arte. Ordutik, Iruñeko eta Gaztelako erresumen arteko mugan gelditu zen Resa, eta behin eta berriro eskualdatu zuten; 1221ean gelditu zen behin betiko Nafarroaren esku, muga Ebron egonkortuta.

1246an, Donemiliagako monjeek Calahorrako katedralaren esku utzi zuten Santa Maria eliza, bere jabetza guztiekin. Ordurako, badirudi Resa gainbeheran sartuta zegoela, antzinako muga-funtzioa galduta. 1350erako, gazteluzaina baino ez zen bizi bertan; eta, handik gutxira, Andosillako eta Cárcarreko herritarrek akordioa sinatu zuten herriko lurrak banatu eta bazkaleku gisa erabiltzeko.


Resako tolarea. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Resako aztarnategiak, beraz, sorpresa gehiago eman ditzake etorkizunean. Arkeologoek lanean jarraitzeko asmoa dute, galdera asko erantzun gabe daudelako oraindik. Non zegoen kokatuta Erdi Aroko herrigunea? Zer ezaugarri zituen? Nola bizi ziren bertako herritarrak? Nolakoa zen gaztelua eta zein zen bere menpeko lurraldea? Ebroren ibilbidea aldatu da denboran zehar? Zer ondorio izan ditu horrek erregistro arkeologikoaren kontserbazioan? Ikerketak baino ez ditu emango galdera horien erantzunak. Eta, ondo bidean, galdera berriak ere sortuko ditu.

Ikerketa, auzolana eta formazioa
Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

Resako ikerketa arkeologikoa auzolanean gauzatu da, Aranzadik ohikoa duen filosofiari jarraiki. Haiekin batera, hasieratik boluntario-talde bat aritu da landa-lanean; gehienak Andosillatik datoz, baina badira Sartagudakoak eta San Adriangoak ere. Manex Arrastoa Mendizabal indusketako koordinatzaileak azaldu duenez, herritarrek lehen eskutik parte har dezakete ikerketa prozesuan, eta ikerlariek tokiko ezagutza, kezkak eta lehentasunak jaso ahal izan dituzte ondareari bere balio osoa emateko.

Maricer Itarte Sadaba da boluntario-taldearen koordinatzaileetako bat. Kultur ondarea berreskuratzeko ez ezik, herritarren arteko harremanak indartzeko tresna gisa ere ikusten du auzolana. Hala, parte-hartzaileen artean dinamika polita sortu dela azaldu du; asko urtero etortzen dira, eta egindako lana herritarren artean zabaltzen laguntzen dute gero.

2022. urteaz geroztik, auzolandegian unibertsitateko Historia eta Arkeologia ikasleak ere aritu izan dira; parte-hartze horrek formazio praktikoa eskaintzen die. Kasu honetan ere bada urtero errepikatu duenik, eta, aztarnategia ezagutu ahala, ardurak hartzen joateko aukera izan dute, edo aztarnategiko materialak beren ikasketa-prozesuan txertatzeko Gradu edota Master Amaierako Lanen bidez.

Arkeologia, beraz, ez da ikerketa-kontu soila. Balio sozial bat ere badu herrigintzari lotuta; gizartearentzako esanahiak jostea baita kultur ondarearen funtzioa, ekintza kolektiboaren bidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Iruña-Veleiako aztarnategia ‘hondeatzaileaz ez suntsitzeko’ manifestaziora deitu dute

Martxoaren 30erako Iruña-Veleia martxan, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren jatorria elkarteek manifestaziora deitu dute, Aski da! Argitu, ez suntsitu lelopean. Azken bi urteetan "hondeatzaileak sistematikoki eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu... [+]


Lucy: izar mediatikoak 50 urte

Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.

Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi... [+]


Duela 200 urteko arkeologoaren mezua

Normandiako erromatar garaiko aztarnategi batean lanean ari zirela, arkeologia ikasle batzuek aurkikuntza bitxia egin dute berriki: buztinezko eltze baten barruan kristalezko flasko txiki bat topatu zuten, XIX. mendean emakumeek lurrina eramateko erabili ohi zuten... [+]


Beste hainbeste geoglifo Nazcan

Yamagata unibertsitateko Masato Sakai arkeologo japoniarra buru duen ikerlari talde batek geoglifo ugari aurkitu berri ditu Nazcako basamortuan (Peru). Guztira 303 geoglifo topatu dituzte, orain arte ezagutzen zen geoglifo kopurua ia bikoiztuta. Horretarako adimen artifiziala... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


Bilbaoko ehiztari-biltzailea

Mexikoko Coahuila basamortuan, Bilbaoko dunak izeneko parajean, giza eskeleto baten arrastoak topatu dituzte. Arkeologoek aztertu ondoren, ondorioztatu dute 950-1250 urte artekoak direla eta Candelariako kulturarekin lotuta daudela.

Aurkikuntza berri pozgarria izan da... [+]


5.000 lagunentzako zirku erromatar baten aztarnak aurkitu dituzte Iruña-Veleian

Arabako aztarnategi arkeologikoaren ondoan 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen egitura ezkutatzen da soroen azpian. Arkikus enpresak drone bidezko kartografia teknika bereziak erabilita egin du aurkikuntza. Euskal Herrian ez da halako besterik eta Tarraco edo Calagurris... [+]


Auxerreko haur txikien hilerria

Aurtengo neguan INRAPeko (Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala)  arkeologoek nekropoli berezia aurkitu dute Auxerreko (Frantziako Estatua) erdigune historikoan: haur jaioberrientzako edo hilda jaiotako haurrentzako erromatar garaiko hilerria. K.o. I. eta... [+]


Euskal Herrian aurkituriko mosaiko erromatar garrantzitsuenetako bat ikusgai jarri dute Ablitasen

El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]


Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben
I. mendeko harrizko pieza bat da, eta Baskoieraren idatzizko beste lekukotasun bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egin dute aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian.

Eguneraketa berriak daude