Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal Herrian. Askapen nazionala eta soziala eraikitzeko antolakunde bat hizpide izan duen hitzaldiaren ondoren elkarrizketatu du ARGIAk.
Hitzaldian aipatu duzu, Javier Mileiri buruz hitz egiterakoan, 1976an ezarritako diktadura militarra hartu behar dela abiapuntutzat. Zergatik?
Mileiren garaipenak 1976an diktadura militarrarekin abiatu zen prozesu baten amaiera esan nahi du. 1970eko hamarkadan Argentinan inoiz egon den masa gorakadarik handiena gauzatzea lortu zuten hainbat antolakunde iraultzailek eta sindikatuk, eta horiek ezabatu zituen diktadura militarrak.
Berrantolaketa Prozesu Nazionala deiturikoa sistema ekonomiko neoliberal bat ezartzeko jarri zen agintean, eta batek garai horretatik gaur egungora arteko hari historiko bat egin dezake. Diktaduraren ondoren, herriaren beharrei ordez kapitalaren interesei erantzun dien demokrazia egon da agintean, eta Mileik egitura hori finkatu du.
Nola ezarri ziren baldintzak 2023ko hauteskundeetan Mileiren garaipena eragiteko?
Kapitalaren interesei erantzuten zien demokrazia horri ez erantzuteak eskuineko agintariak indartzea eragin zuen. Hain zuzen, herrien erresistentzia arintzen denean hazten da eskuina, inoiz ikusi ez diren ezberdintasunak egonkortzen dituen kapitalismo basatiarekin. Diktadura militarra amaitu ondoren, demokrazia neoliberalean egonkortzen joan zen aginte politiko horrek azkenean sinesgarritasuna galdu zuen, eta hori baliatu zuen Mileik ospea lortzeko, eskuin faxistak krisi garaietan egiten duen bezala.
Gainera, ospe hori benetan gertatzen diren gauzak baliatuta lortzen dute: “kasta politikoa” aipatzen dute behin eta berriz, eta egon badago, baina eurak ere horren parte dira. Etorkizun faltsu batekin ilusioak egiten dituzte, eta horren ondorioak langile klaseak pairatzen ditu. Kapitalak behar zuen estatuaren berregituraketa bortitza 1990eko hamarkadan abiatu zen, eta Mileiren agintaldian amaituko da.
"Herri maputxea terrorista dela planteatu du Argentinako Gobernuak, eta azken urteetan maputxeek berreskuratu dituzten lur guztietatik desalojatu egin dituzte"
Zein da gaur egun Argentinako Gobernuaren egoera, babes sozialari dagokionez?
Indartsu jarraitzen du, gehienbat aginte politikoak babesten duelako. Kongresuan ez du gehiengorik, baina aginte politikoak egungo ordena zilegi egiten duelako lortzen du gehiengoa. Alderdi politikorik gabe iritsi zen Milei gobernura, eta behin boterera helduta ari da osatzen alderdia.
Egia da erresistentzia dagoela atzematen ari dela azken aldian, are gehiago Libra kriptodiruaren iruzurrarekin. Ez iruzurrarengatik, baizik eta Mileik galdu duen sinesgarritasunarengatik. Halere, indartsu jarraitzen du oraindik, eta asko dago borrokatzeko. Horretan berebiziko garrantzia izan dute martxoaren 12ko jubilatuen protestek.
Hain zuzen, nola eragin diote Mileik duen babesari Libra kriptodiruaren iruzurrak eta jubilatuen istiluek?
Jubilatuen protestek inflexio puntu bat suposatu dute Mileiren gobernuarentzat, horren aurkako erresistentzia indartsuena erakusten ari den sektorea baita egun Argentinan. Posizio zail batean jarri du presidentea, eta ikusteko dago ea hurrengo egunetan istiluak areagotuko diren.
Babesari dagokionez, inkestek denetarik diote, baina gehienak ados daude gauza batean: jaitsi egin dela. Ez da jaitsi, ordea, jaitsi beharko litzatekeen neurrian. Mileiren sinesgarritasuna kaltetu du kriptodiruaren kasuak, eta orain tentuz jarraitu beharko dituzte AEBetan haren aurka irekiko dituzten ikerketak eta auziak. Horrekin batera, Mileiren arrebak, Karina Mileik, influentzia-trafikoagatik jaso duen salaketak ere zeresana eman du.
Hitzaldian adierazi duzu Argentina “hainbat identitateren batura” dela. Identitate horietako bat da maputxe herria. Haien aurkako errepresioa areagotu da?
Mileik, mundu osoko eskuin muturreko agintariek bezala, bere aurkariak ezartzen ditu agintera heldu bezain laster. Argentinaren kasuan, aurreko gobernuaren plan sozialak jasotzen zituzten pertsonak ziren lehenbizi, eta, ondoren, herri maputxea heldu zen. Segurtasun ministro Patricia Bullrichen bitartez, herri maputxea terrorista dela planteatu du Argentinako Gobernuak, eta azken urteetan maputxeek berreskuratu dituzten lur guztietatik desalojatu egin dituzte botere judizialaren konplizitatearekin.
Lur horietan 30 urte baino gehiago daramatzaten familiak kanporatzen ari da gobernua, eta azken urteetan emandako sei desalojorik handienak gauzatu ditu berriki. Faktore garrantzitsu bat dago maputxe herriaren gatazkarekin: oztopo bat dira meatzaritza arloko eta arlo turistikoko multinazionalen proiektuentzako. Maputxeen aurkako diskurtsoa ere indarra hartzen joan da azken urteetan, Mileik berak zabaldutako gezurren harira.
Duela gutxi, Argentinako Abokatuen Gremiotik gaitzetsi zenuten Maputxeen Antzinako Erresistentzia taldea herrialdeko antolakunde terroristen zerrendan sartu izana.
Argentinako Gobernuak Lege Antiterroristarekin zera egiten du: etsai bat ezarri eta hura etsai izate hutsagatik epaitu, eta ez etsai horrek egin dituen ekintzengatik. Hori ari da gertatzen maputxeekin ez soilik Argentinan, baita Latinoamerikako beste hainbat herrialdeetan ere. Aurretik zegoen legedia burgesa jada ez da aplikatzen zenbait kontutan, maputxeen aurkako errepresio judizialean, esate baterako.
"Kapitalak behar zuen estatuaren berregituraketa bortitza 1990eko hamarkadan abiatu zen, eta Mileiren agintaldian amaituko da"
Aipatu duzu Argentinan desmobilizazioa areagotu dela azken urteetan. Uste duzu jubilatuen protesten harira oposizioak Mileiren aurkako mobilizazio ziklo bat abiatuko duela?
Herrialdeko sektoreren batek kale mailako protestak pizten dituenero, beldurra izaten dugu oposizioak ez ditzan mobilizazioak kanalizatu eta instituzionalizatu. Itxaropena dugu orain kaleak hartzen hasi den jubilatuen sektoreak sua pizten jarraituko duela. Argentinako langileen bi zentral handienek ere –Argentinako Langileen Zentral Autonomoa (CTA-A) eta Langileen Argentinako Zentrala (CTA-T)– iragarri dute mobilizazioak antolatuko dituztela aurrerantzean, eta espero dugu ez dituztela protestak instituzionalizatuko.
Azken egunetako istiluen irudiak eta bideoak ikusita, ordea, nabaria da gobernuaren aurkako protestak kualitatiboki hazi egin direla: unibertsitateko ikasleek egindakoak edota Mileik Davoseko Foroan (Suitza) egin zituen adierazpenengatik egondako mobilizazioak masiboak izan baziren ere, antzeman da errebeldia hazi egin dela herrialdean, hau da, herri oso bat bultzaka ari dela.
Esan duzu hiru hamarkaden ondoren Argentinan sozialismoaz hitz egin daitekeela gaur egun. Zergatik? Zein rol jokatzen du internazionalismoak?
Gaur egungo kapitalismo mota hau bere mugara iritsi da, beraz, berebiziko garrantzia duen garai batean gaude. Kapitalismo hau esaten dut, beste garai batzuetan ikusi dugun bezala, kapitalak bere burua birmolda baitezake. Baina gaur egun bizi dugun egoerak, sistemarekin apurtzea ezinbestekoa dela pentsatzera behartzen zaitu; azken batean, duela urte batzuk pentsa zenezakeen ongizate estatu baten inguruan, kapitalismoak ekar zitzakeen onuren inguruan… Baina gaur egun, ez.
Ez naiz gogoratzen zein egilek, baina esaldi ospetsu batek honako hau esaten du: “Ezin duzu eraiki ospitale bat kartzela baten eraikinean. Kartzela suntsitu behar duzu ospitalea eraikitzeko”. Orain dugu aukera sistema honekin apurtzeko, horretara bideratu behar dugu gure lan militantea. Lan horretan internazionalismoak berebiziko garrantzia du, hain globalizatua eta monopolistikoa den kapitalismo batean indar internazionala eraiki behar baita, nazionalki antolatzea ez baita nahikoa, Venezuelan edota Kuban ikusi den bezala.
Nola egingo die aurre Mileik Argentinan urrian egitekoak diren agintaldi erdiko hauteskundeei?
Uste dut orain arte eduki duen babesa mantenduko duela. Ez da berdina izango, noski, azken asteetan eduki dituen gatazkengatik. Baina, zoritxarrez, Argentinan oraindik ez da eraiki egungo sistema neoliberalari aurre egingo dion alternatibarik.
Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez... [+]
Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.
Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]
$LIBRA izeneko kripto-txanponean inbertitzeko deia egin zuen Argentinako presidenteak sare sozialetan. Une batean 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen arren, ordu gutxiren ostean behea jo zuen kripto-txanponak eta galera asko eragin zizkien bezeroei. 100 salaketa baino... [+]
Manifestazio jendetsuak egin dituztean larunbatean Argentinako hainbat hiritan. Javier Milei presidenteak "pedofilo" deitu ditu LGBTIQ+ pertsonak Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.
Genero eskubideen urraketaren inguruan mintzatu gara Silvina Molina kazetariarekin. Télameko (Argentinako albiste agentzia publikoa) Generoen eta Aniztasunen ataleko editorea zen Molina, Javier Mileiren gobernuak martxoan agentzia itxi zuen arte. Kazetaritza, inklusioa... [+]
Maiatzaren 25ean Aberriaren Eguna izan zen. Argentinan. Bere aberria izugarri maite duen presidentea dute orain han, eta munduan barrena dabil hango berri emanez. Pasa zen Espainiatik ere, “Europa Viva 2024” enkontru satanikora joateko. Barregura ematen zuten haiek,... [+]
Azken hiru hilabeteetan %8 igo da tasa: 3,5 milioi pertsona gehiago daude pobreziaren mugaren azpitik. Mileiren neurriak txalotu ditu Nazioarteko Diru Funtsak, langileen pobretzea handitzen den bitartean.
Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]
Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.
Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.