“Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa”

  • Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak bere gauzak egin artean, eguneratu dizkiogu guk bizitzak elkarri. Goxo hartu naute etxean gero, kafea eta bizkotxoa lagun.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Olaia Inziarte Gortari (Oronoz-Mugairi, 1999)

Kazetaritza ikasketak hasi eta utzita, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintza eskolan ikasi zuen goi-mailako gradua eta mundu horretarantz eginen luke, inoiz musikarena utziko balu. Besteak beste Iker Lauroba, Joseba Tapia eta Chica Sobresalto taldeetako kide izan ondotik, 2022an abiatu zuen bere proiektu pertsonala, Lehengo lepotikan burua diskoarekin. Duela bi hilabete eskas atera da bere bigarren lan luzea: Zerrautsa. Animalia artean bizi da eta hala imajinatzen du bere bizitza etorkizunean ere.

Zer galdera ez zenuke egiterik nahi?

Kokoteraino nago “zer moduz bizi duzu hau emakume musikari gisa?” galderaz. Kokoteraino nago galdera horretaz eta jendeak jakintzat emateaz zu emakumea sentitzen zarela eta horregatik deitzeaz: “Deitzen dizugu nahi dugulako jakin zure esperientzia emakume musikari gisa eta ez dakit zer”. Horretaz nago... ezin dut gehiago!

Eta zein galderari nahiko zenioke erantzun?

Ez dut inoiz pentsatu… Ez dut sentitzen hain inportantea naizenik pentsatzeko “jo, hau galdetu izan balidate…”, ulertzen?

Bai, baina ez duzu faltan sumatzen zure ustez lekua izan beharko lukeen deus?

Ba ez da zerbait konkretua, baina mahai gainean jarriko nuke musikaren mundua oso kapazitista dela. Erran nahi dut, gaur egun badira borroka batzuk identitate desberdinen taularatze horren alde, baina identitate desberdin horiek ez dira identitate desberdin bakarrak. Bada jende bat musika egiten duena eta gurpildun aulkian dagoena edo falta duena beso bat edo hanka bat edo espektro autista bat duena.

Nik presente dut egunerokoan horrekin elkarbizitza bat dudalako nire ahizpagatik.

Baduzu amatxi bisitatzeko denborarik?

Bai. Kanpoan lanik ez badut, egunero bazkaltzen dut amatxirekin. Batzuetan ez da kalitatezko denbora, baina bai.

Zer da ezagutzen duzun musikaren mundutik gutxien jasaten duzuna?

Eszena desberdin batzuen parte naizela sentitzen dut nik, batzuetan halabeharrez eta bertze batzuetan hautatu dudalako. Gutxien jasaten dudana da jendeak pentsatzea ezagutzen zaituela aditzen duelako zure musika edo ikusi dituelako zure elkarrizketak edo segitzen zaituelako Instagramen. Eta niri ere pasatzen zait, baina uste duguna ez da egia.

“Garaikidea da egiten duzuna, baina ez du iraunen”, diozu azken diskoko Ibili hadi argi kantan. Egiten ari zarenak iraunen du?

Ez dakit, ez dut sobera pentsatzen horretan. “Nahi nuke ez dakit nola oroitu nazatela” dioen diskurtso hori ez dut konpartitzen. Gezurra da beti norbait oroitzen den manera. Bizirik ez dugu sekula jendea ongi ezagutzen, hortaz, behin hilda ere ez. Pila bat mitifikatzen dugu dena.

Nire ustez gauzek halabeharrez egiten dute bidaia bat, baina zerbaitek bidaia luzea egiten ahal du ez delarik bakarrik gelditzen nebulosan, ez delarik bakarrik gelditzen Interneten edo makrokontzertuetan. Kantek behar dute txertatu pixka bat jendearen egunerokoan.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bizitza errealean leku bat izan?

Bai. Ez dakit zein den horretarako gakoa edo bidea, baina “garaikidea da egiten duzuna, baina ez du iraunen” horrek gaur egun egiten den musika arinari egiten dio erreferentzia. Bada jende bat nahi dituena zenbakiak egin eta horretarako formulak ikasi eta horiek zure musikan aplikatzea oso erraza da.

Gustagarria izateko behar duzu diskurtso zuri bat eduki, askoz posibleagoa da horrela jende gehiagorengana heltzea, ez baituzu eztabaidarik ezta ezinegonik sortzen inorengan. Ez da inor egonen desados zurekin solasten baduzu zure irriaz, zure begiez eta ilargiaz.

Nire kantak ez dut uste zuriak direnik. Badira oso gauza sotil batzuk, maitasun kanta bat amatxiri edo despedida kanta bat… Horrekin mundu guztiak konekta dezake, baina agian despedida kanta horrek tratatzen du suizidioa.

Lehenengo diskoa bai sentitzen dudala arinagoa letrei dagokienez, baina bigarren honetan oso gauza esplizituak daude. Haserre hauek kantan nik aipatzen ditudan gauzetako aunitz dira bailara honetan [Baztanen] edota herrian pasatzen direnak eta hor bada arrisku puntu bat.

Iraunen duen edo ez… Zerk irauten du? Zertaz irauten du?

Zein harreman duzu heriotzarekin?

Nahiko estua. Ez zait heriotza gehiegirik tokatu bizitzan. Orain arte erran dut “zortez” eta ez dakit zortez edo ez, horrela izan da eta listo. Bai, erranen nuke oso presente dudala, baina ez beldurretik. Bi aitatxi-amatxi hil zaizkit, “esperotako” heriotzen artean.

Aitatxi Juanito oso presente dut eta niretzat hemen dago, gu denok zaintzen. Sinisten dut gauza horietan, niretzat ez da bukatu da eta puntu. Egiatan garenetik oso aldenduta gaude: lurretik, naturatik eta gero gara inteligenteak ordenagailuarekin. Sentitzetik oso aldenduak gaude.

"Gezurra da beti norbait oroitzen den manera. Bizirik ez dugu sekula jendea ongi ezagutzen, hortaz, behin hilda ere ez"

Asko jo duzu beste batzuen musika. Izan herri-musika, Tapia eta Leturia, Chica Sobresalto, Iker Lauroba… Zein gauza on eman dizu horrek?

Horrek duen alde ona da irensten duzula aunitz, zeharka bada ere. Izan daitezke musika egiteko manera batzuk, baina baita taldeen barne funtzionamendu desberdinak ere. Ez duzu aurpegia ematearen ardura eta, beraz, zuk behar duzu zure lana egin eta listo. Hori niretako la ostia da.

Eta alde txarra da aunitzetan hor egonda pentsatzen duzula “joe, gustatuko litzaidake hau edo beste hau egitea”, eta ezin duzu. Hala ere, ni asko ondu nau bigarren, hirugarren edota laugarren lerroetan egoteak. Eta ikaskuntza horiek behar izan ditut orain hemen egoteko. Bestela ez nintzateke ausartuko.

Kanta intimoak egitean erraza izaten da “malko errazaren” bila joatea eta iruditzen zait lortzen duzula gehienetan hortik aldentzea.

Ni ahaldundu nauena, eta ahaldundu hitzari mania ere hartu diot, izan da pentsatzea denok garela zirku hutsa eta kontrakoa erakusten saiatzea beste zirku bat da, baina zirku txarra. Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa. Guri tokatu zaigu izatea Disney Channel eta Camp Rock ikusi dutenak, zorionez eta zoritxarrez. Gure testuinguruaren ondorio gara eta hori disimulatzea absurdua iruditzen zait. Nire ustez, onuragarria da jendeari helaraztea zu ere zirko hutsa zarela. Asko kostatzen zait konektatzea hori disimulatzen duen jendearekin eta, aldi berean, oso logikoa iruditzen zait jendeak bere tripak erakutsi nahi ez izatea. Nik sentitzen dut bizi guztia eman dudala hori disimulatzen eta mundu emozional hori niretako gordetzen, beraz, agian justu hau da horren ordaina.

Kantak norbera eta gainontzekoak ongi entzuten dakien norbaitek idatziak direla ematen du.

Bai, baina azkenaldian egin dudalako lan hori. Oraina sendatzeko lana izan dut, baina iraganetik hasita. Nik iraganean sentitu dut ez dudala eduki zailtasunak kudeatzeko laguntza edo konpainiarik eta ez dut jakin horiek kudeatzen.

Helduaroan sartu naizenean terapian bukatu dut eta hori dena lantzen joan naiz. Nire inbertsio handienetako bat izan da nire osasun emozionala lantzea, osasun mentala kontzeptuak atzeraka ematen dit. Pribilegioa izan da, baina putada ere bai, halabeharrez izan delako, pilulak hartzea ekiditeko. Bukatu dut pilulak hartzen, baina behin hortik pasatuta, ez dutelako bertze biderik ikusi.

Horri esker akitu dut gero edukitzen perspektiba batzuk lehenago ez nituenak eta uste dut perspektiba horiek eman didatela gero autoezagutza.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Osasun mentalaz baino osasun emozionalaz hitz egin behar da, beraz.

Osasun mentalak izenean bertan erraten du osasuna buruan dagoela eta, ez dakit, gure mundu arrazional honekin lotzen dut hori. Beti egiten da bereizketa: lepotik goiti eta lepotik beheiti. Merkatuak hartu du osasun mentala kontzeptua beretako eta hor badira joera batzuk… Psikologia positibista eta hori dena iruditzen zait zirko bat: “Jarri ispiluaren aitzinean eta erran balio duzula”. Ba ez. Kaka bat naiz, baina ongi dago.

Zorte eta pribilegioa da emozioekin konektatzeko astia, indarra, tokia eta gaitasuna edukitzea. Den bezala pribilegioa militatzea edo musika talde bat edukitzea.

Asko agertzen da Olaia haurra diskoan eta uste dut zure bizitzan ere baduela presentzia. Zein harreman duzu harekin momentu honetan?

Nahiko estua. Orain nagoen tokitik ulertzen ari naiz zertaz naizen naizen bezalakoa. Eta horretarako egin behar izan dut bidaia bat Olaia haurrarengana. Haurrak garelarik badugu ausardia, adibidez, ibiltzen hasteko, baina atzera begira aritzen gara, ea baden eutsiko gaituen inor. Eta memoria emozional hori guztia gorputz guztiko zeluletan dago.

Horri garrantzi handia ematen diot eta zentzu horretan pena handia dut Olaia haurrarekiko, salbatu nahi dudalako. Aldi berean uste dut zoriontsu izan zela lehenbiziko urteetan. Bideoak-eta ikusten ditudan aldiro samurtasun handia ematen dit. Gero uste dut nire bizitza aunitz aldatu zela ahizpa sortu zelarik, eskolan hasi nintzelarik…

Diskoan, Olaiaz aparte, behin baino gehiagotan aipatzen dituzu haurrak, orokorki, baita helduak ere. Era dikotomikoan ulertzen dituzu bi taldeok?

Bai dikotomikoki, baina ez batzuk besteen kontra. Hau da, helduek galdua dute haurrek oraindik mantentzen duten esentzia. Buztina fresko dagoelarik bezala dira haurrak niretako eta helduek dagoeneko egin dute loreontzi aspergarri eta itsusia, margotu gabea…

Momentu honetan zein zalantza duzu?

Orokorrean?

Bai.

Ba nire zalantzak, ez direnak pertsonalak eta ez zaizkidanak inporta jende ezezagunak periodikoan leitzerik… [barreak]. Ez dakit ongi aterako zaidan musika nire neurrira egin eta hortik bizi ahal izateko jokaldi hau. Ez bazait ateratzen suposatuko du musika uztea, formatu honetan behintzat.

Zer duzu argi?

Segitzeko gai baldin banaiz ere, halabeharrez iritsiko dela momentu bat zeinetan ezinen dudan musikarik egin parametro horietan, hortik bizitzeko. Zaintzara dedikatu beharko naiz eta horrek mugatuko du nire eguneroko bizitza. Hemen [Oronozen] bizi beharko naiz eta ezinen naiz ibili harat-honat sobera edo ordu txikitan. Ez dakit noiz izanen den hori, baina ailegatuko dela presente eta argi dut.

Eta zerk beldurtzen zaitu?

Horrek nola baldintzatuko didan bizitza. Joan den egunean eman zuten justu Ur Handitan programan zaintzaren inguruko kapitulu bat eta neska batek aipatzen zuen gurasoen zaintzara dedikatu behar zela alaba bakarra zelako. Ni ez naiz alaba bakarra, baina nire ahizpak ere behar du zaindua izan. Ni izan beharko naiz gurasoen eta ahizparen zaintzaile eta horrek kristoren bertigoa ematen dit, ez dakit nola moldatuko naizen.

Zer uste du jendeak zutaz ez dena egia?

Zuzena naizela eta ez naizela batere kabroia. Asko erraten dute “ai, ze majika”. Joe, ba bai, saiatzen naiz, nola ez, baina batzuetan gustatuko litzaidake askoz ere zakarragoa izatea eta lasai geratzea. Zentzu horretan aunitzetan nire pentsamenduak eta egiteko manerak ez doaz eskutik, kasik inoiz ez.

Gero hemen, herrian, pentsatzen dute bikain bizi naizela [barreak]. Ikusten naute asteazken batez zurekin etxean gelditzen, dendara joaten 10:00etan ogia, esnea eta kafea erostera eta esaten didate “joe, ze gustora e”, erranez bezala “ze ongi bizi zaren”. Nik normalean baietz erraten dut eta listo.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zer da zuretzat etxea?

Galdera zaila. Oso ongi geratzen da erratea ez dela toki fisiko bat, baina bada toki fisiko bat. Bada toki fisiko bat atsegina izatea nahi dudana, baina ez dut erabat lortu. Batzuetan bada, baina beste batzuetan trauma tour da. Zure istorio guztiak bere barnean biltzen dituen tokia da etxea, leku goxoa da, baina ezinegonek ere izan behar dute tokia. Erdi-museo bat da. Gero zuk begiratzen ahal duzu museo horren pareta bat edo ez, edo gela bat ireki edo ez, eta hor moldatu behar duzu. Etxea da leku bat zeinean konpartitu dezakezun.

Zuretzat, Oronozen dago hori guztia biltzen duen etxea?

Bai. Herriarekin bakeak egiteko prozesuan nago. Nahiko guay. Gustatzen zait ogia erostera joan eta herriko señorak ikustea. Gauza sinple horiek zoriontsu egiten naute;  edo bildotsei denbora luzez begira gelditzeak. Lehen ez nintzen geldituko ez nuelako autoestimu nahikoa, norbait ondotik pasako balitz sentituko nukeelako ari zela pentsatzen ea zertan ari nintzen. Koño, ari naiz bildotsei begira!

Orain ez dut lotsarik horretarako edo katua paseoan ateratzeko. Nire barridea ehiztaria da eta harendako zirko bat da gu katuei jaten ematen aritzea. Hori ikusten zuenean erraten zigun: “Zer, azienda bazkatzera?”. Bai, Miguel Mari, bai. Zirko bat naiz? Ba zirko bat naiz.

Gaitasun handia duzu kantak collage gisan egiteko, parte desberdin askok elkarrekin funtziona dezaten. Niri kanta egin aurretik esanen bazenit hori dela zure asmoa, ez litzaidake ideia ona irudituko.

Hori da taldekideek esaten didatena. Hasieratik egia da nahiko ideia finkoa izaten dudala eta horretan burugogorra izatera hel naitekeela. Batzuetan erraten dut, “zein harroputza, uste duzu lehenengoan izan duzun ideia dela zoragarriena”; eta gero erraten dut, “hau bada seguru dudan bakarra, ez da gaizki”. Eta nire ustez lehenbiziko ideia horrek, zerbaitengatik eduki du tokia lehenbiziko ideia gisa.

Musika berria atera bezain pronto entzuten egon behar dugula ematen du askotan, antsietate puntu batekin.

Nire ustez bai zuk eta bai lan horrek merezi dute lasai aditzea. Eta, aldi berean, ez zuk duzun beharra, ez lan hori, ez dira hain inportanteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


2025-03-27 | Iker Barandiaran
Faxismoari kontra beti eta bortizki

Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena

---------------------------------------------------------

Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]


2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Olor
Deserosotasunaren apologia

Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.

---------------------------------------------------------

Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.

Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]


Su ta Gar, Kaotiko, Gatibu, Maruxak eta Leihotikan ere Hatortxu Rockeko azken jaialdian

22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]


2025-03-07 | Iker Barandiaran
Bizirik eta bidean gaudela ospatu

Bidea da helmuga
Kokein
Balaunka, 2024

--------------------------------------------------

Eibarko rock talde beterano hau familia oso desberdinetako lagunek osatu zuten aspaldi eta ia fisurarik gabe hamarkadatan eutsi dio. Izan ditu atsedenak, gorputzak hala eskatu... [+]


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


Ravel jaio zela 150 urte
Eta zuk, egin duzu inoiz Boleroarekin?

Duela 150 urte, 1875eko martxoaren 7an jaio zen Maurice Ravel musikagile eta konpositorea, Ziburun. Mundu mailan ospetsu dira haren lanak, bereziki Boleroa. Sarri aipatzen da Parisen bizi izan zela, kontserbatorioan ikasi zuela aro berri bateko irakasleekin, munduko txoko... [+]


2025-02-27 | Xalba Ramirez
Zuloa zen irteera

Zuloa
Merina gris
Sonido Muchacho, 2025

-------------------------------------------------------

Euskal Herrian ez da orain arte horrelako musika elektronikorik egin. Esango nuke Merina Grisek historian euskaraz egin den elektronika eta hyperpop diskorik landuena egin... [+]


Eguneraketa berriak daude