Kosovoko gerratik 25 urte pasatu diren arren, tentsioa nabaria da iparraldean bizi diren bi komunitate nagusien artean: albaniarrak eta serbiarrak. Azken bi urteetan gertatutakoek zauria gehiago irekitzea lortu dute eta egoera gaiztotu da, bereziki Kosovska Mitrovica hirian. Hiria bitan zatitzen duen zubia da horren lekuko. ARGIA han izan da.
1961. urtea zen eta Ivo Andric idazle jugoslaviarrak literaturako Nobel saria irabazi zuen Zubi bat Drinaren gainean maisulanagatik. Visegrad hiriak –egungo Bosnia– Erdi Aroan izandako distira kontatzen du eleberriak, bereziki Drina ibaia zeharkatzen duen zubiarekin lotutako istorioak. "Mundu kristauaren eta islamiarraren arteko zubia” zen hura, Andricen esanetan.
Titoren Jugoslaviaren urrezko garaia zen, etnia guztien arteko anaitasunaren garaia, dozenaka gutxiengo eta hizkuntza babesten zituen herrialdearen garaia. Egun batetik bestera, adiskidetasunak gerra bortitzari eman zion paso eta zubiek zibilizazioak elkartzetik zatitzera pasatu ziren. Mostar da adibiderik garbiena, baina ez bakarra.
Ibar errekaren bazterrean dago Kosovska Mitrovica, Kosovo eskualdean. 25 urte pasatu dira gerra bukatu zenetik. Balkanetako azken gerra da eta zauriak artatzen ari dira oraindik. “Denbora behar da gudaren ondorioak osatzeko”, dio Saleh Holtik, hiriaren hegoaldean bizi den albaniar gazteak. 31 urte ditu eta gerra sei urterekin bizi izan zuen. “Oraindik hunkitzen nau bizi izan nuenak, baina aurrera egin behar da”.
Ibar errekaren hegoaldean gaude, eta hiriaren alde honetan albaniarrak dira gehiengoa. Errekaren bestaldean serbiarrak bizi dira, Ipar Mitrovican, haiek dioten bezala. Zubiak banatzen ditu bi komunitateak.
“Ez dut nahi zubia zabaltzea, ez naiz albaniarrez fio”, esan digu errekaren iparraldean bizi den Vida Vucetic-ek. 24 urtez itxita egon eta gero, duela bi urte zubia autoei zabaldu nahi zietela azaldu digu, baina Kosovoko eskualdean izandako hainbat gertakariren ondorioz ideia baztertu zuten. “Banjskako gertakariak eta gero beldurrez bizi naiz eta zorionez zubia itxita mantentzea erabaki dute”, dio Vucetic-ek.
Urte luzez hirian egoera lasaia izan duten arren, bi komunitateen arteko tentsioak areagotu dira 2023tik hona. Urte horretako maiatzean egindako udal hauteskundeei serbiarrek boikot egitera deitu zuten, eta Kosovoko autoritateek alkate albaniarrak ezarri zituzten gehiengo serbiarreko udalerrietan. Horrek haserrea eta protesta bortitzak piztu zituen eta ondorioz Kosovoko Poliziak Zvečan, Zubin Potok eta Leposavić herrietako udaletxeak indarrez hartu zituen. Dozenaka atxilotu eta zauritu eragin zituzten istiluek. Geroago “Banjskako gertakariak” etorri ziren, 2023ko irailean. Zvecan udalerriko Banjska herrixkan 30 militante serbiar armatuk Kosovoko Poliziaren unitateak zelatatu eta gutxienez agente bat hil zuten. Erasotzaileetako hiruk bizitza galdu zuten eta sei atxilotuak izan ziren, haien artean Milan Radoicic, Aleksandar Vucic presidente serbiarraren konfiantzazko gizona eta Kosovoko Serbiarren Zerrenda alderdiko buruzagietako bat. Berriki egin diren hauteskunde parlamentarioetan alderdi bozkatuena izan da Kosovoko iparraldean bizi diren serbiarren artean.
Kosovoko instituzioekiko “ezkor” izan arren, serbiarren %40ak hauteskundeetan parte hartu zuela azaldu digu Vida Vucetic-ek, berak barne.
“Nazioarteko komunitatea hiria okupatzen ari da”
Zubia oinez zeharkatu eta hiriko hegoaldera itzuli gara. Zaintza lanetan diharduen Italiako Carabinieri talde baten aurretik pasa gara. “Egoera aski lasaia da”, dio agente batek. Albaniar aldera iritsi eta KF Trepca, hemengo futbol taldearen muralak ongietorria ematen digu. 1978an Jugoslaviako Kopako finalera heldu zen eta NK Rijeka talde kroaziarraren aurka galdu bazuen ere, izen handia eta ospea eman zizkion. Gerrak, ordea, egoera guztiz aldarazi zuen: taldea bitan zatitu zen, KF Trepca albaniar aldean eta FK Trepca serbiarrean. Jugoslaviar distira itzalita, hiria ez dela garai bateko hiri oparoa uste du askok, tartean Kosovoko Polizian diharduen gizon batek.
Poliziak debekatuta du prentsarekin hitz egitea eta beraz izen-abizenak ez argitaratzea eskatu digu. “Esango dizut gauza bat, zintzotasunez, nazioarteko komunitatea Mitrovica ari da okupatzen. Ez dute eskualdea utzi nahi eta ondorioz lurraldea okupatzen ari direla esan genezake”, dio haserre. “Dirua baino ez zaie interesatzen eta hemen dauden bitartean dirua irabazten jarraituko dute”.
57 urte ditu poliziak eta bere familiarekin batera hiri kanpoaldean bizi da baserri batean. “Daukadan soldatarekin nahikoa dut bizitzeko nahiz eta egoera ekonomikoa gero eta zailagoa den”. Jugoslaviaren garaiak askoz hobeak zirela dio: “Tito maite genuen, guztiok egiten genuen lan. Orduko Kosovo leku ederra zen benetan”, dio nostalgiaz. Gerra baino lehen hiriaren iparraldean bizi zen, beste hainbat albaniar bezala. “Hiriko lekurik ederrena zen. Han zeuden tabernarik modernoenak, eskaintza kultural oparoena, unibertsitatea, eta beste”. Orain, dio penaz, “ez naiz hainbeste joaten”. Serbiarrekin eta gainerako gutxiengoekin arazorik ez duela dio, “ez orain ezta lehen ere”.
Jugoslavia sozialista desegin eta gauzak aldatzen hasi ziren. Langabeziak gora egin zuen eta kosovoar askok migratzeko hautua hartu zuen, baita berak ere. Horrela, 1990eko hamarkadan, Alemaniara, Essen hirira, joan zen lan egitera. Han bi urte eman zituen Kosovora itzuli baino lehen. “Kosovoko gerra hasi eta Alemaniatik bueltatzea erabaki nuen. Nire jendea defendatu behar nuela erabaki nuen. Betebehar moral hutsa zen”. Horrela, UÇKn –Kosovoko Askapenerako Armada, albanieraz– izena eman eta borrokari ekin zion.
Mitrovicako eskualdean borrokan aritu zela azaldu digu. Ondoren, jakina den bezala, NATOko soldaduak eta KFOR misioa iritsi ziren Kosovora eta Mitrovica eskualdea Frantziako armadari egokitu zitzaion. “Gu laguntzera baino, gure lurra okupatzera etorri ziren”, dio eta “noski, arazoak izan genituen haiekin. Haiek zatitu zuten hiria bitan”.
Gerra amaitu eta kasik hamarkada bat geroago, 2008ko otsailean, aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen Kosovok, herrialde askoren kritiken artean, besteak beste aurretik erreferendumik egin ez izanagatik. Hamazazpi urte pasa dira ordutik eta Mitrovica hegoaldeko biztanleria pozik agertzen da: “Historian pasatu zaigun gauzarik handiena da independentzia, orain libreak gara. Indartsuak gara, badugu Polizia eta armada, eta ez dugu gehiago behar”, dio pizzeria bateko langileak.
Albaniar banderak nonahi, UÇKri eskainitako oroitarriak… Gerrillariak heroiak dira hemen. Ibar errekaren bestaldean ordea, iritzia guztiz kontrakoa da. AEBen eta Europako herrialde batzuen babesa izan zuen UÇK-k, baina Serbiako Gobernuak terroristatzat hartzen du oraindik taldea. Nazio Batuen Erakundeak gerrillak serbiar zibilen aurka egindako gehiegikeriak eta krimenak salatu izan ditu. NBEren datuen arabera, Mitrovican gutxiengo etniko ez-albaniarren aurkako jazarpena izan da. Asko dira hiritik alde egin behar izan duten serbiar, bosniar eta turkiarrak.
“Albanizazio” prozesua martxan
Omer Ibrahimi orain dela hamabost urte iritsi zen Mitrovica iparraldera eta Balkanetan hain famatua den Burek janaria prestatzen du serbiar gehiengoaren eremuan. Gorania da jatorriz Ibrahimi. Bereziki Kosovo hegoaldean bizi den musulman eslaviar etnia osatzen dute goraniek. “Mendiko jendea” da, Gora hitzak mendia esan nahi du eslavieraz, eta torlak hizkuntzan mintzo dira, bulgariar dialekto bat. Guztira 80.000 pertsona dira.
Ibrahimiren familia 1939an heldu zen hona Dragasetik, Sar mendikatetik, eta Mitrovicako hegoaldean instalatu ziren. Jatetxe bat ireki zuten 1970eko hamarkadan eta Kosovoko gerrara arte normaltasun osoz bizi izan zirela kontatu digu. Gerra eta gero arazoak hasi eta bertatik ihes egitea erabaki zuten, albaniarrekin egoera “jasanezina” zelako. Orduan iritsi ziren iparraldera eta serbiarren artean “babesa” sentitzen dutela dio Ibrahimik.
Jatetxetik pixka bat beherago, zubitik ez oso urrun, Kralja Petra kalea Mitrovicako gazteen topagune bilakatu da. Egun eguzkitsua izanik, tabernak gainezka daude. Soilik ‘Mehana’ izeneko taberna dago hutsik, Kosovoko bandera erakusten duen ostatu bakarra. “Orain dela bizpahiru hilabete ireki zuten hegoaldetik etorritako albaniarrek. Probokazio hutsa da”, azaldu digu Vucetic gazteak.
Zonaldean irekitako bigarren lokala da eta “ohiko” bilakatzen ari den praktika dela salatzen duten hemengoek. “Tabernak zabaltzen dituzte hemen gu pixkanaka albanizatzeko asmoarekin”.
Albanizazio prozesua martxan dela uste dute serbiarrek eta Kosovoko presidente Albin Kurtiri leporatzen diote. Vucetic-en esanetan, hiriaren iparraldean lokalak irekitzeagatik ordaintzen diete albaniarrei. EBk eta AEBek ere gogor kritikatu dituzte Kurtiren politikak, “tentsio etnikoak” sortzen dituztelako.
Vetëvendosje (autodeterminazioa albanieraz) alderdi sozialdemokrata eta nazionalistako kide da Kurti eta otsaileko hauteskundeak irabazi zituen bozen %42rekin. Polemikaz betetako hauteskunde kanpaina burutu zuen. Serbiarren artean haserre handia piztu zuen eta etsai amorratu diren bi komunitateen arteko zauria handitu: “Albaniarrei lana dugu eskaintzeko, serbiarrei ordea Polizia, militarrak eta elkarrizketa eskainiko dizkiegu”.
“Bada garaia Kosovoren legitimitatea eta subiranotasuna zuzenbide osoko estatu gisa onartzeko, bere herritarren borondatearen ondorioz sortutako estatu berri bat delako, ez zaio bizkarra eman behar demokraziari, ezta herritarren erabakiari ere”. Hitz hauekin, 2021eko... [+]
Aste honetan 20 urte erortzen hasi ziren lehen lehergailuak orduko Jugoslaviako herritarren gainean. 2.300 misil, 14.000 bonba inguru, tartean uranio ez aberastua zutenak erabili zituzten, egungo hainbat ikerketaren arabera 2.500 lagun hil eta 10.000 inguru zauritu zituzten... [+]
Jatorriz kosovotarra den eta Bartzelonan bizi den Gani Jakupi kazetaria da, eta argazkilaria. Baina ilustratzailea ere bada, eta marrazkilaria eta argazkilaria. Eta esperientzia eta jakituria horiek guztiak biltzen ditu liburu honetan. Komikia esan behar nuen, baina... [+]