Nolako esperientzia eta ondorioak izan dituzte iraganean bateratu ziren ikastetxeek? Zein berme eskatzen dituzte orain fusio fasean murgilduta daudenek? Bi ikastetxek bat egiteko prozesuan, aintzat hartu beharreko gakoak zein diren aletu ditugu, etorkizunean fusioen politikak jarraituko duela aurreikusita. “Benetan da ikasleengan pentsatuz eginiko inbertsioa, ala tramite administratibo hutsa? Hor dago gakoa”.
Zein da fusio baterako abiapuntua? Itunpeko ikastetxeen kasuan, zentroek eurek erabakitzen dute elkartzea. Ezagutu ditugun kasuei erreparatuta, Kristau Eskola sareko ikastetxeen azken bateratzeetan, adibidez, matrikulek behera egin dutela ikusi dutenean hartu dute erabakia, hainbatetan polemikak zipriztinduta, aurrerago azalduko dugunez. Eskola publikoez ari garelarik, Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena da eskumena Hego Euskal Herrian, eta sarri leporatu zaie erabakia aldebakarrez hartu eta fusionatzeko neurria inposatu izana. “Goitik datozen erabakiak izan dira, inorekin adostu gabe, ez ikastetxeekin, ez langileen ordezkari garen sindikatuokin”, kritikatu du STEILAS sindikatuko bozeramaile Haizea Arbidek. Horren adibide, berriki Jaurlaritzak iragarri dituen bateratzeak: Gasteizen datorren ikasturtean elkartuko dituzten Umandi eta Padre Orbisoko gurasoek desinformazioa eta ezezagutza salatu dute; eta hemendik bi ikasturtera batuko dituzten Adurtza eta San Ignaciokoek ere berdin: “Ikasturte honetan zurrumurruak entzun genituen, bateratzea egongo zela, baina 2024ko abenduko eskola kontseilura arte ez dugu berririk izan, eta hor ere, ez zen ezer zehaztu, 2026ko irailetik aurrera bi ikastetxeek bat eginik ekingo diogula besterik ez, gainerakoa egiten joango dela esan ziguten –kontatu digute Adurtza ikastetxeko Ikasberri guraso elkartetik–. Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez jokatu du eta abiapuntua ez da egokia izan”.
Iragarritako azken hiru fusioen atzean bi arrazoi nagusi nabarmendu ditu Jaurlaritzak: segregazioari aurre egiteko eta hezkuntza proiektu hobea lortzeko bidea izango omen dira. Duela hamabost bat urteko fusioak justifikatzeko ere, hezkuntza proiektu hobea bideratzeko modua zela argudiatzen zuen Jaurlaritzak, orduko prentsan irakurri dugunez. Sindikatuak, baina, oso kritiko agertu dira bat-egite iragarpenekin eta iritzi diote ikuspegi ekonomizista hutsari erantzuten diola erabakiak, helburua dela jaiotze-tasa txikitzen ari denez ikastetxe kopurua (eta irakasle eta langile kopurua) murriztea. “Datorren ikasturtean, Gasteizen zaurgarritasun maila oso handia duten bi ikastetxe lotuko dira, hori ez da segregazioari aurre egiteko neurri bat –dio Arbidek–. Hezkuntza proiektu hobea ekarriko duela? Bakoitzak bere metodologia propioa aukeratu, landu eta horretarako formatu diren bi ikastetxe bakar bihurtzeak ekarriko du hori? Dakarrena da bi errealitate ezberdin bakarrera ekartzea”. Irmo mintzatu da Arbide: “Argudio horien guztien atzean benetan dagoena da ikastetxe publiko bat itxiko dela eta ondorioz eskola publikoa ahuldu eta ikastetxe pribatuak indartu egingo direla; mozorroturiko murrizketa da”.
Patxi Ibarzabal, gurasoa: "Jaurlaritzak zuzendaritzen gain jarri ditu prozesuaren ardura eta pisua, baina ezinbestekoa izango da komunitate guztia aintzat hartzea"
Eskola makro gutxi batzuk vs. txiki ugari
Ikastetxeak elkartzeko politikaren aldean, beste alternatiba bat litzateke bultzatzea ratio txikiagoko eskolak, eskola txikiak, askotarikoak, anitzak, lekuan lekukoak… baina Hezkuntza Sailak hartu duen bidea kontrakoa dela dio STEILASeko bozeramaileak, badirudiela herrietako eskolak sendotu beharrean Ikastetxe Publiko Integratuak sustatu nahi dituela, alegia 2 urteko haurrak direnetik DBH bukatu arte ikasleak eskola berean mantentzen dituzten zentroak –Lehen Hezkuntza amaitutakoan beste zentro batera, institutu batera, salto egin ordez–: “Hori da pribatuak saltzen duen eta balio dion argudio bat, baina horrek kalte egiten die eskola txikiei eta herri eskolei”. Makro-ikastetxeek izan ohi duten albo-kalte bat ere aipatu du Arbidek: ikasle garraiatuak sortzea, normalean ikasle asko biltzen dituzten halako zentroak urrunago egon ohi direlako, ez auzoan bertan.
Azken finean, norbere etxetik gertu eskola publiko bat bermatzea sindikatuen aspaldiko aldarrikapena da, administrazioak amarrua egiten duela iritzi baitiote: Eusko Jaurlaritzaren eskola mapan, eragin-eremu guztietan dago gutxienez eskola publiko bat, baina hori eragin-eremua zabalduta lortzen duela diote. Adibidea jarri digu elkarrizketatuak: “Tolosaldeko eragin-eremuan, hiru herritan eskaintza pribatua baino ez dute, Ibarra, Anoeta eta Iruritan, baina nola Tolosak ikastetxe publikoa daukan eta eragin-eremu berean sartu dituzten herri horiek ere, lurralde horrek eskola publikoa bermatua duela dio Hezkuntza Sailak. Ez da hala, hiru herri horiek ez dute aukera publikorik euren herrian, eta eskola publikoan ikasi nahi duten familiek herritik kanpora bidali behar dituzte seme-alabak. Berriz ere, ikasle garraiatuak sortzen dituzte”.
Prozesuan aintzat hartu beharrekoak
Fusio prozesu bat ahalik eta ongien burutzeko, zein dira gakoak? Galdera luzatuta, pista ugari eman dizkigute solaskideek.
Hasteko, Jaurlaritzatik aldarrikaturiko helburuak bete daitezen, horri guztiari benetan erantzungo dion plana eskatzen dute: “Oraindik ikusteko dago ea Jaurlaritzak proiektu bat garatzearen aldeko apustua egingo duen, horretarako baliabideak eta moduak jarriko dituen, ala edukirik gabeko fusio hutsa den helburua; benetan da ikasleengan pentsatuz eginiko inbertsioa, ala tramite administratibo hutsa?”, dio Patxi Ibarzabal Adurtza ikastetxeko gurasoak, kezkatuta. Azken finean, planifikaziorik ez dagoela eta Hezkuntza Saila zer egiteko prest dagoen ez dakitela dio: “Gu oso prest gaude ekarpenak egiteko eta proiektu on bat gauzatzearen alde lan egiteko, baina uneotan ez dakigu zer den erreala eta zer ez, prozesuan adosten goazen erabakiak babestuko dituen ala ez; inbertituko al du euskara erdigunean izango duen hizkuntza planean, kulturartekotasuna sustatzen, espazioen berrantolaketak behar dituen obretan? Sei hilabete pasa dira, eta aurrerapenak ikustea beharrezko dugu”.
Fusioaren beste zatiak, San Ignacio ikastetxeak, antzera bizi du auzia. Bertako Olaitu guraso elkarteko Edyth Meneses eta Bintu Camarak adierazi digute sinistu nahi dutela baietz, hezkuntza proiektu on bat lortzeko modua izango dela, baina exijituko dute "helburuak benetan bete daitezen". Esaterako, Adurtzak D eredua duela eta San Ignaciok B eredua ere baduela kontuan hartuta, Meneses eta Camarak badute kezka: euskarazko murgiltze eredura igaroko badira “laguntza eta errefortzua izango al dute gure seme-alabek, baliabideak bideratuko al dira horretarako?”.
Ildo berean, segregazioari aurre egiteko neurria izango ei dela-eta, Isasi Mogeleko gurasoen hitzekin akordatu gara. Eibarko ikastetxea duela kasik hamar urte fusionatu zen, eta hala mintzo ziren gurasoak, orduko prentsan, proiekturik gabeko bateratze hutsa zela salatuta: “Aniztasunari modu inklusiboan erantzutea ez da soilik eskola desberdinetako ikasleak ikastetxe berean batzea. Zein baliabide gehigarri jarriko da aniztasun horri erantzuteko?”.
Ziurgabetasun eta zalantza horien guztien aldean, hezkuntza komunitateko eragileekin aurrez adostutako bide-orria eskertuko lukete solaskideek, prozesu planifikatua eta ongi komunikatua izatea.
Haizea Arbide, STEILAS: "Hezkuntza Sailak esan du irakasleak mantenduko direla, baina badakigu epe laburrerako promesa izango dela, gero ziur egongo dela lanpostu galera"
Beste gako garrantzitsu bat: hezkuntza komunitate osoak parte hartuko duen prozesu partekatua izatea. Adurtzako gurasoak kontatu digu hasiak direla familiak elkartzen eta bi ikastetxeetako gurasoen arteko harremana sendotzeko hartu-emana indartzen eta ekintza bateratuak prestatzen: “Batetik, ekarpen ahalik eta gehien egiteko prozesuari, denok dugulako zer esana, eta bestetik, auzokide garen heinean harreman kohesionatuagoa lortzeko, oraingoz bi eskolak banantzen dituen hesi hori apurtzen joateko”. Hain justu, San Ignacioko gurasoek ere uste dute lan egin behar dela “eskolan sortuko den komunitate berriak isla izan dezan auzoan, integrazio hori auzora zabaldu dadin”. Hitz gutxitan, prozesu parte-hartzailea eta gardena eskatzen dute Adurtza eta San Ignacioko familiek, baina Patxi Ibarzabalek kritikatu du Hezkuntza Sailak ez duela haiekin harremanik: “Eskutitza bidali genion eta ez zigun erantzun, eta orain gure ekarpen eta mezuak ikastetxeko zuzendaritzak helarazten dizkio, Jaurlaritzak zuzendaritzen gain jarri dituelako prozesuaren ardura eta pisua, baina ezinbestekoa izango da komunitate guztia aintzat hartzea”.
Kuriosoa da, Ibarzabalek azaldu duenez, 2021-2023 urteen artean Jaurlaritzatik hainbat pauta eman zitzaizkien bi ikastetxeei, pixkanaka gerturatzen joateko eta hainbat arlo aztertzen joateko; “harreman eta informazio sare bat zegoen, komunikazio bide bat, baina eten egin zen eta orain bat-batean guztiz bestelako dinamika ezarri da, ez dugu ulertzen zergatik egin den hau horrela, aurrez esperientzia hura izanda”.
Gakoez ari garela, sindikatutik oharra egin du Arbidek: plantillak mantentzea. “Hezkuntza Sailak esan du irakasleak mantenduko direla, baina badakigu epe laburrerako promesa izango dela, pare bat urterako kontua, eta gero ziur egongo dela lanpostu galera, edonork ikus dezake hori”.
Kontuak kontu, aztertu beharreko arloak asko dira kasuan kasu, eta adibide bat jarri du Arbidek: lerro asko dituzten ikastetxeetan, batzuetan eraikin bat baino gehiago behar dute ikasle guztiei erantzuteko: “Zuzendaritza bakarra izan arren kilometrotako distantzia baldin badaukazu zentro batetik bestera, zer nolako koordinazioa eta elkarbizitza bultzatzen dira horietan?”.
"Oso hezkuntza proiektu desberdinak ditugu eta ez dago adostasun nahikorik", zioen Langile eskolak. Bere beldurra egia bihurtu zen: Langilek erabiltzen zuen metodologia pixkanaka desagertzen joan zen, fusioaren ondorioz
Iraganeko esperientziak
Ez da erraza bi hezkuntza komunitate –bakoitzak bere filosofia, ikusmolde, proiektu eta pedagogia propioa tarteko– eredu bakar bilakatzea, eta horren seinale dira aurretik izandako esperientziak: prozesu gatazkatsu eta mingarriak izan dira maiz, adosteko zailak, gainera sarri administrazioak goitik agindutako erabaki bati erantzun behar izan diotelako fusioek, eta ez ikastetxeek eurek ikusitako behar bati.
Azken adibidea Kristau Eskolak utzi digu. Jaiotze tasaren beherakada –eta ondorioz, matrikulazio jaitsiera– argudiatuta, Bilboko Jesus Maria eta Jesuitinak batuko dira datorren ikasturtetik aurrera, eta ez da giro: proiektuarekin haserre, Jesus Maria ikastetxeko ehundik gora familiak beste zentro batean matrikulatu dituzte seme-alabak datorren ikasturterako, eta irakasleak ere ezkor dira, greba mugagabe bat tarteko.
Atzerago bagoaz, pare bat adibide jartzearren, arestian aipatu dugun kasuak, Eibarko Itzio zentroa Mogel Isasi ikastetxean integratu zenekoak, kritikak jaso zituen. 2017ko irailerako iragarritako fusioak, apenas hilabete batzuk lehenago, 2016ko abenduan, “zalantzaz, galderaz eta kezkaz beteta” zuen Mogel Isasiko guraso elkartea. Makina bat galdera zerrendatuta, honelaxe salatu zuten: “Hezkuntza proiekturik gabe ari dira fusioa gauzatzen, ikastetxe berri bat martxan jartzeko nahitaezkoa eta parte-hartze zabalaren bidez osatu beharrekoa izan arren”. Gaur egun, kasik hamarkada bat geroago, halaxe mintzatu da ondorioez Enrike Sosola orduko gurasoa, sare sozialetan: “Makro-ikastetxe publiko bakarrean pilatuta ditugu DBH eta Batxilergoko ikasle guztiak. Eskola-komunitatearen zatiketa probestu zen erabakia inposatzeko, eskola bat ixteko. Erabaki ekonomiko huts-hutsa izan zen. Eta gurasoon artean, haserrea, etsipena eta ezina”.
Hernaniko bat-egitea aipagarria da, beste hainbat kasutan salatu izan den presazko prozesu inprobisatuaren aldean, lanketarako tartea izan baitzuten ikastetxeek, Batzorde Pedagogikoa eta Batzorde Teknikoa osatu zuten eta bilerak egin zituzten, baina horrek ez zuen guztien adostasuna lortu. 2005ean, herriko ikastetxe publiko guztiei DBHko ikasleak institutu bakarrean bateratzea proposatu zien Hezkuntza Sailak, alegia Urumea, Elizatxo eta Langile eskolei. Langile zen ikasle gehien zituena, baita kritikoena ere, eta hala azaldu zuen 2010ean, Hernaniko Kronika egunkarian: “Gogor egin zen lan, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektua aztertuz, gutxieneko adostasun batzuetara iristeko helburuarekin. Hezkuntza Delegazioak hitz eman zuen prozesua hasi aurretik lan horren emaitza errespetatuko zuela. Baina herriko ikastetxe publikoek oso hezkuntza proiektu desberdinak ditugu, era oso desberdinean ikusten dugu irakaskuntza, eta bi urteko lan horren guztiaren ondorioa izan zen ez zegoela adostasun nahikorik aurrera egiteko”.
Kuriosoa da, uneotan Adurtza eta San Ignaciorekin gertatu den gisan –pare bat urteko prozesua egin, gero eten, eta orain bat-batean neurria aldebakarrez hartu–, orduan ere berdin gertatu zela salatu baitzuen Langilek, artikulu horretan bertan: “Bi urtez fusioaren berririk eduki gabe egon ondoren, 2009an erabateko inposizioa eta erasokorra den agindua eman du Hezkuntza Delegazioak, 12-18 urte bitarteko fusioa gauzatuko dela, nahiz eta inolako proiekturik gabeko eskola jarri nahi duten martxan, eta elkarrekin egon nahi ez dugun komunitateak elkarrekin egotera behartzen gaituzten”. Beste bi eskolek ez zuten gaizki ikusi bateratzea, baina ondorioa garbia izan zen: Langileren beldurra egia bihurtu zen eta ordura arte erabiltzen zuen Freinet metodologia, lan-tratuen bidez ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzea xede zuena, pixkanaka desagertzen joan zen, fusionatutako hezkuntza etapan, DBHn.
Joxeba Larrañaga, irakasle ohia: "'Zuek eta gu' gatazka gainditzeko balio izan zuen fusioak, eta guztia elkarrekin josi genuen. Bateratu ginenean, akabo talka hori"
Adibide positiborik aurkitu dugu, halere. Edo bederen, hala gogoratzen du Zestoa herriko eskola publikoaren eta ikastolaren arteko fusioa Joxeba Larrañagak. Bai, publikoa eta itunpekoa, halako kasuren bat edo beste aurki dezakegulako han-hemenka, Antzuolako eskola publikoa eta ikastola elkartu zirenean bezala, 1981ean. Zestoan, 1980ko hamarkada erdialdean batu ziren bi zentroak, eta garai hartan eskola publikoko irakaslea zen Larrañaga. Jakina bizi izan zituztela kezkak, mesfidantzak eta desadostasunak; "halere, orokorrean esango nuke bai irakasleek bai gurasoek apustu egin genuela herrirako eskola bakarraren alde, eta behin elkartu eta gero guraso askorekin izan ditugun hartu-emanek berretsi digute emaitzarekin pozik geratu dela gehiengoa".
Hainbat gako eman dizkigu Larrañagak. Abiapuntuan, adibidez, erabakia ez zen soilik administrazioarena izan, ikastetxeek ere partekatu zuten fusionatzeko helburua: “’Herri bat, eskola bat’ ideia nagusitu zen, nolabait”. Beste faktore inportante bat: "Eskola publikoan sartu ginen lanean belaunaldi gazte bat, ideia berriekin, argi zuena euskarak oinarria izan behar zuela eta eskola euskaldundu behar genuela; euskara ardatz nagusietakoa izan zen bateratze prozesuan. Azken finean, momentu jakin batean zein dagoen erabakigarria da, eta guri egokitu zitzaigun guraso eta irakasle asko herrikoak ginela, inplikatuak, herriari hezkuntza proiektu ahalik eta onena eskaintzeko gogoz”. Prozesuak urte batzuk iraun zituen eta administrazioak, irakasleek eta guraso elkarteek hartu zuten parte solasaldi eta bileretan. Irakasle guztiek lanpostua mantendu zutela ere nabarmendu du Larrañagak.
“Ordura arte, soziologikoki bananduta geunden: ikastola euskalduna zegoen batetik, eta gure eskola publikoa bestetik, ‘nazionala’ deitzen ziotena; Zamorako irakasleekin-eta partekatzen genuen klaustroa, eta ikasleen artean baserritarren seme-alabak genituen. Pentsa, egunerokoan euskaraz bizi ziren umeak eskolan euskaraz ezin ikasi. ‘Euskaldun/maketo’, ‘nazional/ikastola’, ‘zuek eta gu’ gatazka gainditzeko balio izan zuen fusioak, eta guztia elkarrekin josi genuen. Bateratu ginenean, akabo talka hori”.
Dena den, garbi mintzatu zaigu zestoarra: “Egoera hau momentu zehatz batean gertatu zen, toki eta jende zehatz batekin. Ez da ezeren formula”. Aurrerantzean ere, hezkuntza komunitate bakoitzak bilatu beharko du bere formula, jaiotze tasaren jaitsierari emango zaion aterabideetako bat ikasleak gero eta eskola gutxiagotan kontzentratzea izango bada.
Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]
Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua... [+]
Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]
Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Hitzarmena berritzea, baina, ez dute lortu, eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa astearte honetan izango da.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk ekimen bat adostu dute Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Sailari eskatzeko Iradi software libreko hezkuntza plataforma hedatzen jarraitzeko. Zenbait ikastetxetan ezarri da Iradi orain arte. Baliabide partekatuak, komunikazio zerbitzuak (e-posta eta... [+]
Oier Sanjurjo Maté hautatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari. Atzo egindako asanbladan erabaki zuten izendapena. "Mugarri garrantzitsua da euskarazko hezkuntzaren etorkizunerako foru erkidegoan", adierazi du Ikastolen Federazioak ohar batean.
Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]
Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]
Institutuko giza baliabideak hobetzeko eskatu dute irakasleek, ikasleei kalitatezko arreta eman ahal izateko. Kartelekin eta pankartekin itxaron diete irakasleek lehendakariari. Jaurlaritzako ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari esan diote ez zutela "horrelakorik... [+]
Azken asteetan zenbait unibertsitatetako ate irekien jardunaldietara joateko aukera izan dut. Semea aztertzen ari da zer ikasiko duen datozen urteotan eta, erabakia hartu aurretik, komeni da aukera guztiak begiratzea. Unibertsitate bakoitzak badu bere misioa, bere izaera, bere... [+]
Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duenik euskara eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa... [+]