Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako Erresumaren menpeko gainerako herrietan ere. Guardia Zibila, Benemérita –saritzeko modukoa esan nahi du–, gainerako erakunde armatuekin batera, Espainiako Erresuman nagusi den sistema politiko eta ekonomikoaren funtsezko habeetako bat da. Piezarik bortitzena. Eta hala izan da sorreratik. Martxoaren 28an 181 urte bete ditu.
"Guardia eta zibila hitzak batera entzutean, bi hitz horien balio semantikoak berezko esanahia du Euskal Herrian. Diktadurarekin eta herritarren aurkako indarkeriarekin lotuta daude, hitzek banaka adierazten dutenetik urrun. Guardia Zibila, azken hamarkadetan, boterea da bere horretan. Botere ez demokratikoa, zeinak aipatze hutsak, Euskal Herriaren kasuan behintzat, tentsioa eta beldurra eragiten dituen". Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohi eta Sare mugimenduko egungo bozeramaile Joseba Azkarragaren hitzak dira Guardia Incivil liburuaren hitzaurrean. Iñaki Errazkinek idatzi eta abenduan Txalapartak argitaratutako lana da. Dozenaka liburu, txosten, artikulu eta erreportaje aletu ditu Errazkinek, Guardia Zibilaren historiaz lagin zabala osatzeko. Bere aitona fusilatu zuten guardia zibil frankistek, eta Errazkinek berak ondo ezagutzen du, bere azalean, Guardia Zibilaren "lana". 1988an Bilboko La Salveko kuartelean atxilotu zuten, baina "okertuta", aske utzi zutenean txapelokerrek adeitsu esan ziotenez, biluzik eta eskuburdinekin aulki batera lotuta bi egun pasa ostean.
LARRUN honetan, liburuan bildutako mugarri esanguratsuenak biltzen saiatu gara, fokua bereziki Euskal Herrian jarrita, eta beste bakan batzuk gehitu ditugu, Errazkinek azpimarratu bezala, "indarkerian, larderian, ustelkerian eta agintekerian" oinarritutako haien jarduna erakusteko. Hain katoliko agertzen den erakunde horrek inoiz ez du barkamenik eskatu eragindako desmasiaz, baina garaiotan “askatasunaren eta demokraziaren” defendatzaile gisa aurkezten digu bere burua ETAren osteko kontakizun ofizialaren barruan. Baina askorentzat erakunde armatu hori eta demokrazia bateraezinak zaizkigunez, Euskal Herrian hain zabaldua izan zen “Alde Hemendik” aldarriak giza eskubideak errespetarazteko eskakizuna izaten jarraitzen duelakoan gaude. Edo, hobeto esanda, guretzat nahi ez duguna, besteei ez diegunez opa: Guardia Zibila desegin dadila eskatzeko arrazoi historiko batzuk aurkituko ditu irakurleak jarraian.
Guardia Zibila erakunde armatua da eta Estatuko Segurtasun Indarrak osatzen ditu, Espainiako Poliziarekin batera. Biak gobernuaren mendekoak dira, batez ere Barne eta Defentsa ministerioenak. Baina Guardia Zibilak, beste funtzio batzuen artean Polizia gisa jarduten badu ere, izaera militarra du. Bere kideak karrerako militartzat hartzen dira, eta izaera militarreko misioak ere egiten dituzte. Eginkizun esklusiboak ditu, hala nola armen eta lehergaien kontrola, lurralde-urak, kontrabandoa eta legez kanpoko beste trafikoak, edo aireportuetako segurtasuna eta mugen zaintza. Agente kopuru handiena duen Polizia da, baita lurraldean hedatuen dagoena ere. Guardia zibilen herena inguru estatu osoan barreiatutako 2.000 kuartel-etxe baino gehiagotan bizi da.
2024ko hastapeneko datuen arabera, orotara 82.115 guardia zibil zeuden –%9 emakumeak, 1988ra arte ez zuten emakumerik onartu–. 3.856 Hego Euskal Herrira bidali dituzte. Horietatik, 1.579 Nafarroa Garaian daude, Europan polizia tasarik altuenetakoa duen zonaldean. Hemen daudenek zenbait pribilegio dute: hilean 682 euro gordineko soldata-osagarria eta atseden-baimen bereziak izateko aukera, besteren artean. Hala da 1984tik gaur egunera arte. Gainera, hemen hiru urte jarraian betetzean, Merezimenduaren Ordenaren Gurutzea ematen zaie. Hau da, Euskal Herrian guardia zibila izatea "meritua" da beraientzat.
80.000 txapeloker horietatik 5.600 baja medikoan daude (%7) eta horietatik %63 arrazoi traumatologiko edo psikiatrikoengatik. Guardia zibilen artean suizidio tasa handia dago: 26 egunetik behin agente batek bere buruaz beste egiten du –2024an 11 izan ziren–. Horrelako kasu gehien duen Europako Polizia da. Ziurrenik, agenteei ezartzen zaien diziplina sutsuak eta egin behar duten "lan" motak zerikusi handia izango dute horretan. Ikuspegi historiko eta kritikotik aletuko dugu "lan" hori, hobeto ulertzeko zergatik, La Salve eta Intxaurrondo milaka euskal herritarrentzat izugarrikeriaren sinonimo bihurtu dituen erakunde armatu horrek egun hainbeste ahalegin bideratzen dituen bere irudia garbitzen saiatzeko.
“Etxekoa” dugu Guardia Zibila
Guardia Zibilaren EAEko burua José Antonio Mingorance Sánchez jeneral andaluziarra da. 2023ko urtarrilean kargua hartzeko ekitaldian gogorarazi zuen Guardia Zibila "nafar batek, bizkaitar batek eta gipuzkoar batek" asmatu, bultzatu eta antolatu zutela. Eta, neurri handi batean, ez zitzaion arrazoirik falta.
1820an, Ahumadako lehen duke Pedro Agustín Girón militar donostiarrak, gerra ministro zela, proposatu zuen egitura militarreko Polizia bat sortzea baina "botere zibilaren zerbitzura" egongo zena. Proiektuak ez zuen aurrera egin, harik eta hamalau urte geroago bere semeak borobildu zuen arte. 1843an Isabel II.a Borboikoaren erregealdia hasi zen, 13 urte zituela. Espainiako Erresumako agintaldirik ustelenetakoa izango zen, eta hori ez da marka makala. Kargua hartu eta lau hilabetera, 1844ko martxoaren 28an, Milizia Nazionala desegin berritan, errege-dekretua sinatu zuen Guardia Zibilaren erakunde militarra sortzeko. Manuel Mazarredo Mazarredo Bilboko militar eta politikari liberalaren eskutik etorri zen proposamena.
Bi aste geroago, Francisco Javier Girón Ezpeleta, Ahumadako bigarren duke, aristokrata eta militar iruindarra izendatu zuten Guardia Zibilaren lehen zuzendari. Erroak espainiar kolonialismoan ondo sartuta zituen, aitaren aldetik Moctezuma II .a enperadore aztekaren ondorengoa zen eta Kubako kolono-buru bizkaitar baten iloba, besteak beste. Guardia Zibilaren antolaketaren ardura Gerra Ministerioak hartu zuen, eta ez alferrik.
Errazkinek dioen bezala, Guardia Zibila "erratz-auto moduko bat” bihurtu zen, han-hemenka sakabanatuta zeuden talde errepresiboetatik elikatu zen. Horien artean zeuden Arabako Miñoiak eta Nafarroako jendarmeen eskuadrak (gehienak txapelgorriz edo peseteroz osatuak, Lehen Karlistaldian aritutako tropa liberalak). 1845erako 7.140 guardia zibil ziren.
Bidelapurrak
Guardia Zibil berri horren helburua hutsune errepresiboa betetzea zen, batez ere landa eremuan. Hau da, Espainiako Estatuko lurren gehiengoan. Bere lehen "etsai" handia bandoleroak (bidelapurrak) izan ziren. Termino anbiguoa zen, edozeinek zuen kabida hor. Independentzia Gerra delakoa amaitu ostean, bandoleroak jarduten hasi ziren landa eremuetan. Jornalariak eta haien familiak baino, kazikeak eta jauntxoak gehiago gogaitzen zituztenez, jo-puntuan izan zituzten. "Haietako asko oso maitatuak, errespetatuak eta babestuak ziren jende pobretuenaren aldetik", dio Errazkinek.
1848ko otsailean Guardia Zibilaren lehen "ekintza" koordinatua izan zen. Europako txoko gehienetan, kutsu liberaleko iraultza olatua gertatu zen, baita borboien erresuman ere. Guardia Zibilaren tertzioak buru-belarri aritu ziren altxamendua odoletan itotzeko. Atxilotu zituzten matxinoetatik dozena bat baino gehiago exekutatu zituzten eta 1.500 inguru kolonialetara deportatu zituzten, hala nola Filipinetara, Guamera eta Kanarietara. Beren "balentrien" hastapena zen, ordutik zerrenda hori gizendu baino ez da egin. Demokratizatzeko irrika izan duten krisi edo aldaketa aukera ororen aurrean, Guardia Zibilak bortizki jardun du monarkiaren eta ordenaren defentsan. Hala egin zuten, adibidez, 1868ko Iraultza deiturikoan, azkenean Isabel II.a boteretik botatzea eragin zuena.
1873ko otsailaren 11n Espainiako Lehen Errepublika aldarrikatu zen. Herritarren mobilizazioek gora egin zuten, eta gobernuak suebaki gisa erabili zuen Benemérita, eskuetatik ihes egiten ari zitzaion egoera iraultzen saiatzeko. Kantoien matxinada deiturikoari aurre egiteko, Guardia Zibila handitu zuten 30.000 kide berrirekin.
Hurrengo gobernuak ere Beneméritari heldu zion hirugarren eta azken Karlistaldian karlistei aurre egiteko. Garai politiko horren amaiera Guardia Zibilaren eskutik ere etorri zen. 1874an Diputatuen Kongresuan sartu ziren hainbat militar eta guardia zibil, gorteak deseginarazi eta lehen esperientzia errepublikarrari amaiera eman zioten, armak eskutan. Handik gutxira, beste borboi bat tronura ekarri zuten: Alfonso XII.a.
Burgesen alboan
Trenbidea Espainiara iristeak Industria Iraultza bultzatu zuen, eta orduko enpresari handiek ziotenez, hori posible izan zen Guardia Zibilak langileen protestak zapaldu eta sabotajeak saihestu zituelako. Izan ere, erakunde armatuak 1886an hartu zuen bere gain trenak babesteko ardura. Baina industrializazioak alde negatiborik ere ekarri zuen kapitalistentzat: langile klase antolatua sortu eta gatazka sozialak areagotzea.
Mende amaierara arteko garai hori bereziki gogorra izan zen jornalarientzat, Guardia Zibilaren hainbat razzia eta konplot sufritu baitzituzten, Andaluzian bereziki. 1900. urtean, langile baten batez besteko lanaldia 10-11 ordukoa zen, eta are okerragoa Andaluziako landetan. Garai hartan, Guardia Zibilak egindako atxiloketa masiboek eta torturek salaketa publikoak eragin zituzten. Hala nola, 1892an Jerez de la Frontera (Cadiz) herria hartu zuten langileek “Gora anarkia!” eta “Hil dadila burgesia” oihu artean, eta ondoren errepresioa sufritu, edota langileen aurkako errepresioa justifikatzeko, historialari askok talde fake gisa jotzen duten Mano Negra ustezko elkarte anarkistaren aurka egindakoa. Bi kasu horiek oihartzuna izan zuten nazioartean.
Kolonialismoaren defentsan
XX. mendearen hasieran, Espainiako borboitarren erresuma krisiak jota zegoen. Kolonien gehiengo zabala galdu zuten, politikoki jauntxoak bakarrik ordezkatzen zituen alderdi-bitasun zirkular batek zikiratuta, eta Marokoko "protektoratu" kolonial berria ustiatzen tematuta zeuden.
Riftarrak, Espainiaren okupazioaz nazkatuta, matxinatu egin ziren 1909an eta 1927ra arte iraungo zuen espiral belikoa abiatu zen. 18.000 erreserbista mobilizatu zituzten amazigh independentisten aurka borrokatzeko. Armadara deitutako gehienak langileak ziren, eskulana baino ez zuten familia mantentzeko, eta ez zeuden hiltzera inora joateko gogoz. Afrikan ez zitzaien ezer galdu, are gehiago familia aberatsek haien semeak errekrutatzea saihesten zutela ikusita. Adibidez, legez, soldadutza saihesteko aukera zuten 1.500 bat pezeta ordainduta, urteko oinarrizko soldataren orduko baliokidea.
Solidaritat Obrera sindikatu katalanak greba orokorra antolatu zuen 1909ko uztailaren 26an. Egun horretan hasi zen Aste Tragikoa deiturikoa: 78 pertsona hil (horietako hiru militarrak), eta 500 zauritu zituzten. Herritarrek 112 eraikin suntsitu zituzten, horietatik 80 Eliza Katolikoarenak. Zer paper jokatu zuen Guardia Zibilak klaseen arteko borroka hartan? Errazkinek liburuan dioenez, "betikoa, beren ereserkiak dio 'Gora Espainia, gora erregea, gora ordena eta legea', baina justizia ez dute aipatu ere egiten".
Grebalariek goitik behera geldiarazi zuten Bartzelona. Erabateko matxinada zen. Kataluniako herri askotara zabaldu zen, batzar iraultzaileak sortu ziren, ondoren Errepublika aldarrikatu zutenak. Gerra Egoera ezarri zuen gobernuak. Matxinatuen eta Guardia Zibilaren artean tiroketak ziren gau eta egun. 10.000 bat soldaduk Bartzelona okupatu zuten, jarduera sindikalak debekatu eta eskolak itxiarazi zituzten. Milaka pertsona atxilotu zituzten, eta horietatik 2.000 inguru auzipetu. 175 erbesteratze-zigor, biziarteko 59 kondena eta bost heriotza-zigor ezarri zituzten. Horietako bat Francesc Ferrer i Guardia zen, eskola laiko eta pedagogo anarkistaren sustatzaile ezaguna. Haren exekuzioak nazioarteko gaitzespena eragin zuen, eta Antonio Mauraren gobernu ultrakontserbadorea erortzen lagundu zuen.
Guardia Zibil errepublikarra?
Espainiako II. Errepublika itxaropen handiz hartu zen gehiengoaren bizitza hobetzeko nahian, baina baita antsietatez ere, langile klaseak hobekuntza nabariak ikusi nahi zituen eta. Ikuspegi horrekin ez zuten bat egiten Errepublikako sektore moderatu eta aberatsenek, lehen urteetan haiek hartu baitzuten zuzendaritza.
Hala, ezagunago ditugun frankismo garaiko langileen aurkako sarraskiak ez ziren salbuespen izan, Bigarren Errepublikan ere horrelakoak gertatu ziren, Guardia Zibila tarteko.
Testuinguru horretan jazo zen Donostiako Ategorrieta auzoko sarraskia. Errepublika aldarrikatu eta 43 egunera baino ez, 1931ko maiatzaren 27an, Euskal Herrian ezagutzen dugun langileen sarraskirik handienetako bat egin zuen Guardia Zibilak, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen egin zena baino handiagoa. Alaba-semeentzat ogia eta atxilotutako sindikalistentzat askatasuna eskatzeko, Pasaiatik Donostiarantz manifestazioa egin zen. Orduan hil zituzten zazpi arrantzale, gehienak 19 eta 34 urte bitarteko migratzaile galiziarrak ziren, eta dozenaka zauritu zituzten, asko balaz.
Gerra egoera ezarri eta armada kalera atera zuten, ondorengo protestei eta grebari aurre egiteko. Gobernuko alderdiek, txapelokerren neurriz kanpo indarkeria kritikatu beharrean, Errepublikaren aurkakotzat jo zuten greba. PSOEk eta UGTk boikota egin zioten. Egun batzuetara, ordea, gobernuak langileen aldarrikapen batzuk onartu zituen, eta grebari amaiera eman zitzaion.
Hemendik kanpo ere asko izan ziren horrelako pasarte mingarriak. Adibidez, 1933an Cadizko Casa Viejas herrixkan hainbat guardia zibil eta eraso-guardak 28 jornalari hil zituzten, nekazari-batzorde anarkistek goseak zegoen biztanleriaren alde hasitako matxinada armatuari aurre egiteko.
Eta ezin aipa gabe laga, 1934ko Urriko Iraultza. Biurteko Beltzean gertatu zen, zentro-eskuineko alderdi errepublikarrek gobernatu zuten garaian. Iraultza estatu osora zabaldu zen, eta Hego Euskal Herrian, meatzaritza eta industria eremuak okupatu ziren hainbat egunez. Bartzelonan, Lluís Companys presidenteak –sei urte geroago faxistek fusilatuko zutena– Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen, eta Asturiasen Asturiasko Errepublika Sozialista aldarrikatu zuten. Talde errepresiboen buru nor eta Francisco Franco Bahamonde jarri zuen gobernuak. “Lan” horretarako Paca la Culona-k –haren bizkarrean hala deitzen zioten diktadorearen inguruko militarrek– erabili zituen gerora bere Guardia Mairua izango zena, Legioa eta, nola ez, Guardia Zibila. Bat bera ere ez zuten zutik utzi. Asturiasen milatik gora hil, hiru milatik gora zauritu, eta 30.000 lagun sartu zituzten kartzelan. 1936ko uztaileko altxamenduaren saio “txiki” baten gisan ikusten dute egun historialari askok.
Estatu kolpekaria
"Guardia Zibila aurrera doa suak ereiten, zeinetan gazte eta biluzik, irudimena erre egiten den. [...] Guardia Zibila isiltasun-tunel batetik ari da urruntzen, sugarrek inguratzen zaituzten bitartean". Federico García Lorcaren Romance de la Guardia Civil española poemaren zatia da, bere Romancero gitano lan ezagunekoa. Ez da harritzekoa Beneméritak poeta ospetsuari herra berezia izatea.
1936ko abuztuaren 16an, altxamendu militarretik hilabete baino gutxiagora, Guardia Zibilaren patruila bat agertu zen bere etxean, Granadako poeta aparta eta intelektual ezkertiarra atxilotzeko. "García Lorcari ipurdian bi tiro ematetik nator, marikoia izateagatik", esan zuen geroago taberna batean hiltzaileetako batek lagunen aurrean. Ordutik inork ez daki non dagoen bere gorpua.
Gauez hil eta desagerrarazitako milaka pertsonetakoa da Lorca, heriotzara eramandakoak trikornio, uztarri eta gezien atzetik. Espainiako Estatuko herrietan barna oinaze eta sufrimendu amaigabeak barreiatu zituzten, eta lau hamarkadaz iraun zuen diktadura nazional katolikoaren forma hartuta, beldurra eta miseria nagusitu ziren klase behartsuenen bizitzetan, gehiengoan.
1936ko uztailean, Guardia Zibila 34.000 gizon inguruk osatzen zuten, hau da, armadan ziren soldaduen herenak. Bere ibilbideagatik, "indar berezitzat" zuten, estatu osoan mila biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan, gutxienez, presentzia fisikoa zutelako. Horregatik, Guardia Zibila giltzarria izan zen altxamendu faxistaren lehen egunetan.
Errazkinek azpimarratu duenez, "altxamenduak arrakasta izan zuen Guardia Zibilaren babesa izan zuten inguruetan, eta porrot egin zuen gobernu errepublikarrari leial eutsi ziotenetan". Guardia zibil batzuk ere exekutatu zituzten, alde batek zein besteak. Adibidez, José Rodríguez-Medel Briones, Guardia Zibilaren Nafarroako burua. Estatu kolpea hasi eta ordu gutxira bere gizonek bizkarrean sei tiro emanda hil zuten, Emilio Mola Nafarroako gobernadore militarraren aginduz. Rodríguez-Medel altxamendua geldiarazten saiatu zen, bere agindupean zeuden guardia zibilak legitimitate errepublikarraren alde egitera bultzatuz. Rodríguez-Medelek Molarekin telefonoz izandako elkarrizketa bat jaso du Errazkinek liburuan: "Beraz, zuretzat ez du batere axola Espainiaren salbazioak? Zer egingo zenuke komunismoa ezarriko balitz?", galdetu zion Mola jeneralak. "Nire eginbeharra bete", erantzun zuen Rodríguez-Medelek, eta Molak gaineratu: "Eta zein izango litzateke zure betebeharra?". "Momentuko boterearen aginduak betetzea". Erantzun horrek heriotza-zigorra ekarri zion. Matxino faxistek errepresaliatutako lehen guardia zibila izan zen. Iruñeko hilerriko panteoi anonimo batean daude bere hezurrak.
Berako irakasle eta historialari Fernando Mikelarenaren hitzetan, "behin Rodríguez-Medel hilda, Lizarra, Tutera eta Tafallako Guardia Zibileko zenbait agintarik, hasiera batean Errepublikari leial zirenak, jarreraz aldatu zuten haren heriotzaren berri izan zutenean. Hurrengo egunetan altxamenduaren aurrean uzkur zeuden guardia zibil gutxi batzuk atxilotu arren, Guardia Zibilak erabateko babesa eman zien kolpistei, eta errepresioan hartu zuen parte buru belarri".
Beneméritaren zati handi bat militar faxisten alde egiten ari zela ikusita, Errepublikako Gobernuak ofizialki desegin zuen Guardia Zibila, eta, 1936ko abuztuaren 29ko dekretu baten bidez, haren ordez Guardia Nazional Errepublikarra (GNR) sortu zuen, nahiz eta, jakina, faxistek okupatu gabeko lurraldeetan bakarrik jarri zen indarrean.
Agerikoa denez, ezinezkoa da faxisten alde matxinatutako Guardia Zibilak egin zituen ankerkeria guztiak kontatzea, milaka izan baitziren. Zorionez, urtez urte gero eta informazio, dokumentazio eta salaketa gehiago dago hamarkada garratz horietan gertatutakoaz; batez ere antolatutako jendeari esker. Askok ez du onartzen memoria eta egia ere areka batean lurperatuta geratzea. Euskal Herriko, eta bereziki Nafarroako, pertsona eta erakunde asko dira horren adibide.
Gerra eta gerraosteko urte horietan Guardia Zibilak egin zuenaren laburpen gisa, Teofilo Goldarazena nafarraren salaketa oso argia da. Frankistek 1936an fusilatu zuten Erriberako bikote baten biloba da, eta 2014an Iruñeko epaitegietan Guardia Zibila salatu zuen gizateriaren aurkako krimenengatik. El Diario de Burgos egunkariak salaketari buruz zabaldu zuenez, Goldarazenak argudiatu zuen institutu armatua "Nafarroako, Burgosko eta Espainiako Estatuko milaka familiarengan izua sortzearen erantzule" dela, "milaka herritar babesgabe jazarri eta erailketa masiboak egin zituzten”. Benemérita erakunde "terrorista" dela adierazi zuen. Kupula frankistaren aginduak betez, makiak eta demokratak erreprimitzen aritu zela, exekuzioak egiten, baita emakumeak bortxatzen ere. Nafarroako 3.000 hilketez gain, Enrique García Lasierra Guardia Zibileko kapitainaren kasua ere salatu zuen. Aranda de Dueroko eta eskualdeko 700 bizilagun baino gehiago hil izana egotzi zion, eta gertakari horiengatik saritu egin zutela salatu: Guardia Zibilak brigadako jeneral izendatu zuen. Handik gutxira, Arandako seme kuttun izendatu zuten, eta titulu hori dauka oraindik.
Goldarazenak Guardia Zibilaren jarduerak ikertzea nahi zuen, eta, horren ondorioz, "eragindako kalte bidegabea aitortzea, biktimei barkamena eskatzea, desarmatzea eta ondoren desegitea". Pentsatuko duzuenez, salaketa ez zen aurrera atera.
Lege eta ordena faxistaren defentsan
Gerraosteko lehen urteetan, exekuzio masiboak ia penintsula osoan gertatu ziren. Soldadu oso gazteak fusilamendu-pelotoietan parte hartzera behartu zituzten. Soldadutza egiten ari ziren, eta denak ez ziren hiltzaile hotzak. Botaka egiten ez zuenak konortea galtzen zuen azken hatsa emateko zain zeuden zibilen aurrean. Baina berehala konpondu zuten arazoa, eta gazte horien partez guardia zibil profesionalak jarri zituzten exekutatzaile gisa. Gainera, fusilamenduetan mosketoiak utzi eta metrailadoreak erabiltzen hasi ziren, beren lagun nazien estiloan.
Inorentzat ez zen sekretua Beneméritak Gestaporekin eta naziekin oro har zuen kidetasuna. 1937an Kondor Legioak hainbat euskal herri bonbardatu eta Gernika ia suntsitu zuenetik, Hitlerren buruzagien bisitak etengabeak izan ziren 1945ean Alemaniak porrot egin zuen arte.
Paradoxikoki, diktadura frankistako buruzagi militarrek hasieran errezeloa agertu zioten Guardia Zibilari. Francok berak ere erakundea desegitea baloratu zuen. Ez zuten ahazten altxamendu militarraren lehen egunetan guardia zibil asko Errepublikari leial izan zitzaiola. 1942ko uztailaren 23ko Araudi Militarrarekin, Guardia Zibila Espainiako Armadan erabat integratu zuten. "Zibila" hitza, beraz, apaingarri hutsa zen. Eta horrela izan zen 1978ko Trantsizio delakoa etorri arte.
Errazkinek azpimarratzen duenez, eta Euskal Herrian ere sobera sufritu dugunez, "Falangea, armada, brigada politiko-soziala, Polizia Armatua eta Guardia Zibila funtsezkoak izan ziren diktadura frankistan, haren euskarri izan ziren, haien disuasio-, errepresio- eta zigor-egitura. Bereziki gogorra izan zen gerraosteko lehen urteetan, maki edo gorri usaina zuen edozein herritarri, gizon zein emakumeri, aurre egin zioten".
Benemérita Francoren sostengua izan zen landa-eremuko Espainian, krimenen eragile ideologikoak izan ohi ziren jauntxo falangistekin batera. Atxilotu zituzten susmagarriak masiboki hil zituzten, nahi zuten oro egiteko baliagarria zitzaien Ihesaren Lege zitalaren aterpean. Horregatik, Barne Ministerioaren datuen arabera, Guardia Zibila izan zen gerrillari antifrankisten helburu militar nagusia: 260 guardia zibil hil zituzten. Haiek, ordea, 2.173 herritar hil eta beste 3.387 atxilotu zituzten, makiak izatea egotzita.
Ez da kasualitatea, 2011ko Biktimen Babes Integralari buruzko Legearen arabera, Espainiako Barne Ministerioak “terrorismoaren lehen biktima" gisa guardia zibil frankista bat izendatu izana: Francisco de Fuentes. 1960ko urtarrilean tiroz hil zuen Kataluniako maki antifrankista talde batek, tartean zen Francesc Sabaté Llopart, Quico anarkista ezaguna. Antifrankistak terroristak dira, eta faxistak biktima.
1960ko hamarkadatik aurrera, estatuaren eta Guardia Zibilaren jo-puntua Euskal Herriko hegoaldean fokuratu zuten. Gure herria hainbat hamarkadatan Europako errepresio laborategirik handienetakoa bihurtzeko hasiera izan zen. 1968an, Guardia Zibilaren kuartel bati lehergailuz egindako lehen erasoa gertatu zen: Sondikan. Urte bereko ekainean, Villabonan, José Pardines Arcay guardia zibilak Seat 850 bati geldialdia eman zion. Komando bat zihoan barruan eta ETAren lehen biktima bihurtu zen Pardines. Ondorengo bost hamarkadetan ETAk hilko zituen 243 guardia zibiletatik lehena izan zen. Garai hartako gainerako talde armatuen helburu militar nagusietako bat ere izan zen Guardia Zibila: GRAPO –bere lehen ekintza hilgarrian bi guardia zibil hil zituzten Madrilen 1975ean–, FRAP, Terra Lluire, Exército Guerrilheiro do Povo Galego Ceive, Guantxeen Indar Armatuak...
Euskal Herriaren orban berdea
Mikel Salegi Urbieta 21 urteko donostiarrak Itsasoko Gizarte Institutuan egiten zuen lan. Ez zen ezein alderdi politikotako kidea. 1974ko abenduaren 18an, Salegi eta bere lankideak, Zubietan afaldu ondoren, Donostiako erdigunerantz abiatu ziren hiru autotan. Gauerdia pasata, Errekalde auzoan, Salegi kopilotu gisa zihoan autoa metrailatu zuten hainbat guardia zibilek. Salegik 17 bala jaso zituen, eta gidaria, 57 urteko Rafael Luque, onik atera zen. Bere testigantzaren arabera, ez zuen inolako kontrolik sumatu. Luque atxilotu egin zuten, eta guardia zibilek handik urruntzeko agindu zieten gainerakoei, Salegi hilzorian zegoela. "Hemen ez da ezer gertatu, jaunak, mugi zaitezte", esan zien guardia zibil batek. Mikel Salegiren familiak salatu zuenez, gobernadore zibilak kontrol seinalerik ez egotea horrela justifikatu zuen: "Kontrolak jartzen dira jendea ezustean harrapatzeko". Ez zen inoiz jakin nork eman zuen tiro egiteko agindua.
Horrelako zenbat pasarte bizi izan dugu gurean azken hamarkadetan?
2008ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen zuzendariak Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak izeneko lan ofiziala argitaratu zuen, diziplinarteko aditu-talde batek egina. Txostenaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1968ko urtarriletik aurrera, Espainiako segurtasun indarrek eta gertuko talde parapolizialek sarritan urratu dituzte osotasun fisiko eta psikikorako eskubideak, botere-abusuak egin, umiliazioak, sexu-erasoak, bortxaketak, adierazpen askatasunaren urraketak (komunikabideak ixtea barne), atxiloketa arbitrarioak, deportazioak eta konfinamenduak arrazoi politikoengatik, lesio larriak, izua bereizi gabe zein selektiboki eragitea, atentatuak, bahiketak, torturak… Txosten horrek icebergaren puntaren zati txiki bat baino ez zuen jaso, oraindik ere bere osotasunean argitara atera ez dena. Zerrenda makabro horretan txapeldun ageri da Guardia Zibila, baita Nafarroan ere.
Legalitatea ez da inoiz muga izan. Sarri ez dute ezta publikoki ezkutatu. José Antonio Sáenz de Santamaría jeneral eta guardia zibil ohiak, 1986 eta 1996 artean PSOEren gobernuan terrorismoaren aurkako aholkulari berezia izan zenak, 2001ean La Razón egunkariari emandako elkarrizketa batean berretsi zuen gerra zikinaren "beharra": "Komandoak ez dira bakarrik entregatzen. Hildakoren bat ere agertu da, hortz bat mailuka aterata [José Luis Geresta Mujika etakidearen 1999ko hilketa ilunaz ari zen]. Hil ondoren ezinezkoa da norbere buruari mailukadarik ematea. Ez dut kritika gisa esaten. Gerra irregularra erabili behar da bizkarretik hiltzera datozen horien aurka. Zuzenbide-estatua ondo dago, baina ezin da azken ondorioetaraino eraman, terroristen esku geratuko ginateke eta ".
Egia borobila da, gehienetan, gehiegikeria horiek oraindik ez dituela justiziak argitu, ez zigortu, ezta kalteak konpondu ere. Sarri, kontrakoa gertatu da, Gladys del Estalen kasuan bezala. Guardia zibil batek hil zuen donostiarra, tiroz, nuklearren aurkako manifestazio batean. Krimena gertatu eta bi urtera, 1981ean, 18 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten José Martínez Salas guardia zibilari. Ez zuen kartzela zapaldu, eta epaia eman eta bi hilabetera, Adolfo Suárez falangista ohiaren gobernuak Guardia Zibilaren Merezimenduaren Gurutzea eman zion, eta, ondoren, 1992an, Felipe Gonzálezek Meritu Militarrarena.
Zenbat kasu izan dira, ondoren frogak manipulatu dituztenak? 1987an Lucia Urigoitia otxandioarraren hilketarekin egin bezala? Zenbat eta zenbat aldiz ezkutatu dute informazioa, 1990ean Irunberrin Guardia Zibilak jazarritako ETAko bi militanteren ustezko suizidioan bezala? Eta zenbat Morlans? 1991ean, Donostiako auzo horretan ETAko hiru kide hil zituen Guardia Zibilak 600 bat tiro eginda, lehenago beste zenbait herritan atxilotutakoei egindako tortura basatiei esker jakin zuten komandoa non zegoen.
Zenbat Galindo –gero hitz egingo dugu berari buruz– eta Muñecas aritu dira nahieran gurean? Jesús Muñecas Aguilar Guardia Zibileko kapitaina Euskal Herrira bidali zuten 1960 eta 1970 hamarkadetan, batez ere Tolosan eta Zarautzen aritu zen. Bere biktima ugarietako bat Amparo Arangoa izan zen, berdez jantzitako gizonek Leitzan atxilotu zutena. Oso kasu ezaguna da, garai hartako torturaren ikono bihurtu zelako. Argazkiak ateratzen utzi eta Zeruko Argian argitaratzeko baimena emateko ausardia izan zuen Arangoak. Horietan, bere gorputza ageri da, Muñecas kapitainak birrindua eta ubeldua, kuartelean zortzi ordu besterik pasa ondoren. Txomin Olaetxea, bere bikotekidea, ere torturatu egin zuten. Muñecasen jardunak abestiak "inspiratu" zituen. Josu Arrizabalaga zarauztarrari egindako torturak Pantxoa eta Peiok Itziarren semea kanta bihurtu zituzten. Tejeroren estatu kolpean parte hartu zuen Muñecasek eta bost urteko kartzela-zigorra ezarri zioten "matxinada militarraren delitua" egotzita. Gizateriaren aurkako delitu bat leporatu dio Argentinako Justiziak, frankismo garaiko krimenengatik. Bizirik dago eta libre jarraitzen du.
Zalantzarik balego, jardun bortitza ez da Euskal Herrian dauden guardia zibilen kontua besterik. Almeria Auzia esaten zaio 1981eko maiatzaren 10ean hiru kantabriar gazte torturatu eta hiltzeagatik Roquetas de Marreko (Andaluzia) zenbait guardia zibil epaitu zituen prozesuari. Hiru gazteak haietako baten anaiaren jaunartzearen ospakizunera joan ziren Almeriara. ETAkoak zirelakoan atxilotu zituzten. Biharamunean, gorpuak kiskalita eta tiroz josita agertu ziren basamortu baten ondoan. Guardia zibilek gezurra esan zuten jendaurrean, eta gaizki-ulertu gisa saltzen saiatu ziren. Bi urte geroago, epaiak frogatu zuen tenienteak eta haren agindupeko guardia zibilek gazteak hil arte torturatu zituztela abandonatutako kuartel zahar batean, eta, krimenen frogak ezabatzeko asmoz, autoa ezponda batetik behera bota, metrailetaz tirokatu eta su eman ziotela.
Terrore-estrategia horrek euskal biztanleriaren sektore askori eragin dio, bereziki une historiko eta garai batzuetan. Helburu nagusia militantzia politikoa kikiltzeko izua eragitea zen, inpotentzia eta inpunitate orokorraren eskutik zaurgarritasuna hedatzea. Kasu askotan, bertsio ofizialek gertakarien frogak ezkutatu eta ikerketak oztopatu dituzte, guardia zibilek egindakoa botereak babestu eta justifikatu bitartean. Kasu batzuetan, asko oso ezagunak direnak, zigortu beharrean, krimen edo torturen egileak kondekoratu edota mailaz igo zituzten. Estrategia oso errentagarria izan da Espainiako Estatuaren interesentzat.
"Egunez uniformatuak, gauez inkontrolatuak"
1970-1980ko hamarkadetan, Euskal Herrian ezagun egin zen leloa da. Heriotzaren eskuadroiei erreferentzia egiten die: Guerrilleros de Cristo Rey, Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista), ATE (Anti-Terrorismo ETA), Batallón Vasco Español, Acción Nacional.... Euskal militanteen aurka inpunitate handiz jarduten zuten talde armatuak ziren. Errazkinek azpimarratu duenez, haien kide asko uniformedunak ziren: Poliziakoak, Guardia Zibilekoak, militarrak, ultraeskuindarrak eta mertzenarioak, horietako asko Argentinatik, Italiatik eta Magrebetik etorritako atzerritarrak. Guztiak estatuko estolden eskutik aritu ziren eta estatuaren diru bereiziek ordainduta.
José Ignacio Fernández Guaza Argentinan bizi den espainiar ultraeskuindarraren testigantzak 1970eko Euskal Herriko gerra zikinari buruzko datuak eman zituen. Guardia Zibila seinalatu zuen, zehazki Gernika, Lekeitio eta Bilboko kuartelak. "Nahi genuena egiteko baimena genuen", zioen. Fokua jarri zuen pertsonaia ilun baten gainean: Manuel Hidalgo Salas Guardia Zibileko kapitaina, Gernikan izandakoa, Lea-Artibai inoiz zapaldu duen torturatzaile krudel eta basatienetakotzat jotzen dena. Urte haietan eskualdean ‘Gure Manzanas’ deitzen zioten, ETAk hil zuen Melitón Manzanas faxista donostiar torturatzaile ospetsuagatik. Hidalgo ohean hil zen, 90 bat urterekin, inork bere delituak epaitu gabe.
Torturarik ez da
Bere trikornioari bezain lotuta dago Guardia Zibila torturari. Ia sorreratik tortura salaketa ugari izan dira haien kontra. Horietako bat da Grimaldos kasua. 1910ean, José María Grimaldos 28 urteko artzaina Cuencako herri txiki batean desagertu zen bere ardiak saldu ondoren. Bi gizon atxilotu eta haren hilketa leporatu zieten. Guardia Zibilaren kuartelean barrabiletatik zintzilik izan zituzten, eta hortzak eta azazkalak kendu zizkieten errementari-kurrikekin, harik eta desagertutako artzainaren lapurreta eta hilketa elkarri leporatu zioten arte. Torturak egiteko, epaitegiko funtzionario baten eta bi auzitegi-medikuren laguntza izan zuten. Bi torturatuei 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zien Emilio Isasa Echenique euskal jatorriko epaileak. Baina 1926an jakin zen ustez hilik zegoen artzaina, Grimaldos, bizirik zegoela. Zigortuak aske geratu ziren hamabi urte baino gehiago preso izan ondoren. Guardia zibil torturatzaileak eta haien laguntzaile guztiak absolbitu zituzten, eta handik urte batzuetara Bigarren Errepublikako Gobernuak horietako batzuei biziarteko pentsioak eman zizkien. Epaileak bere buruaz beste egin zuen. Zigorgabetasuna eta sariak. Klasiko bat da, 100 urteren ondoren oso gaurkoa izaten jarraitzen duena.
Pilar Miróren 1979ko El crimen de Cuenca filmak azaltzen du kasu hori. Garai hartan gobernu frankistako Irrati-Difusio eta Telebistako zuzendari nagusi zen Adolfo Suárezek –ondoren presidentea izan zenak– debekatu egin zuen proiekzioa, eta Guardia Zibilari irain egiteagatik auzipetu zuten Miró. Azkenik, zuzendaria eta filma absolbitu egin zituzten eta 1981eko abuztuan estreinatu ahal izan zen. Lehen egunetan bi milioi eta erdi pertsonak baino gehiagok ikusi zuten filma.
Euskal Herrian ia mende batez ez da belaunaldirik tortura ezagutu ez duenik. 1960tik gaur arte 5.379 lagun torturatu dituztela dio zifra ofizialak, baina askoz gehiago dira, publikoki torturatu gisa agertzeak min egiten duelako oraindik ere. Eta seguruenik, oinarri-oinarrian ez delako ezer aldatu. Polizia guztiek –gurea ei denak barne– epaileek, mediku forentseek, agintean izan diren indar politikoek, eta kazetari eta hedabide askok egin dituzte posible elektrodoak eta bortxaketak.
Gaur egunera arte, Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren, Ertzaintzaren eta Espainiako gobernu guztien jarrera ofiziala izan da torturaren existentzia ukatzea. Poliziak eta guardia zibilak zigortuak izan diren kasu bakanetan, sarritan indultuak jaso dituzte, azkar atera dituzte kartzelatik edo, besterik gabe, ez dute zigorra bete.
Mikel Zabalza ez zen itota hil Bidasoan. Donostiako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan torturatu eta asasinatu zuten, Intxaurrondon, eta, ondoren, ibaira bota eskuburdinak jarrita; Lasa eta Zabala Guardia Zibileko kideek bahitu, torturatu, hil eta kare bizian lurperatu zituzten; eta Kepa Urraren torturetan inplikatutako lau pertsonak koronel bihurtu zituzten. Horietako bat, Arturo Prieto, jeneral izatera iritsi zen. Kasu horietan, egun agintean den PSOE-k berak gobernatzen zuen.
Gogora ekarri behar da Guardia Zibilak torturatutako Egunkaria-ko lau zuzendarien aurka Barne Ministerioak jarri zuen salaketa. "Tortura salaketa faltsuak" egitea leporatu zieten. Kasu horretan ere bertsio ofiziala berbera izan zen: ETAk bere eskuliburu famatu bezain ezezagunean beti torturak salatzera "behartzen" ditu kideak. Martxelo Otamendi zuzendariak "barrabiletan kolpeak, biluzik egotera behartu zuten umiliazioak jaso bitartean, irainak, heriotza-mehatxuak, loa galaraztea, poltsa batekin itotzea eta exekuzioaren simulazioa", salatu zituen. Pello Zubiria ARGIAko gure kide ohiak ospitalean amaitu zuen Guardia ustez Zibil horren eskuetan egon ondoren. Juan del Olmo epaileak uko egin zion salaketak ikertzeari. Horregatik, 2012an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Otamendiri 24.000 euro ordaintzera zigortu zuen Espainiako Estatua, salaketak modu eraginkorrean ez ikertzeagatik. 24.000 euro, hori omen bizi osorako oinazearen prezioa.
Salaketa asko izanik ere, ez dira inoiz sakon ikertu. Horregatik zaila da kalkulatzea zenbat pertsona bizi den egun torturaren ondorio fisiko eta psikikoekin. Gainera, gogoratu behar da azken hamarkadan polizien torturen edo tratu txarren biktima nagusiak egoera zaurgarrian diren migratzaileak direla, kasu askotan eraso arrazistak tarteko.
Berdeetan berdeena
Enrique Rodríguez Galindo Granadan (Andaluzia) jaio zen 1939ko otsailaren 5ean, guardia zibil baten semea zen. Bere borondatez eskatu zuen Ekuatore Gineako espainiar kolonia zaharrera joateko eta urte batzuk han eman ondoren, 1970ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, trafikoan lehenik. 1980an orduan Donostiako Antigua auzoan zegoen 513 Komandantziako hirugarren buruzagiaren postua onartu zuen. Denbora gutxian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren gailurrera iritsi zen.
2017an zendu zen Ion Arretxe idazle, umoregile eta zuzendari artistikoa Donostiako Altza auzoan atxilotu zuten, Idoia Aierbe, Manuel Bizkai eta bere lehengusu Mikel Zabalzarekin batera, 1985eko azaroaren 26ko gauan. Denak torturatu zituzten Intxaurrondoko kuartelean. Basati. El País egunkariari egindako elkarrizketa batean honakoa esan zuen Arretxek: "Ibai batera eraman ninduten, bi zaku plastifikatu jarri zizkidaten buruan, zinta isolatzailearekin itxi eta uretan murgildu ninduten ordu luzez. Konorterik gabe eraman ninduten Intxaurrondoko kuartelera, eta hiru egunez hainbat modutan torturatu ninduten. Biluzik, burua estali zidaten txano batekin, ez zidaten lorik egiten utzi eta jo eta jo ninduten. Halako batean Galindo ere agertu zen, kaputxa kendu eta ea bera ezagutzen ote nuen galdetu zidan, zer nekien esateko agindu zidan, niri barrabilak bihurritu bitartean".
Horixe zen Galindo. Proxenetismoagatik, torturengatik, narkotrafikoagatik, larderiaz egindako lapurretagatik eta ustelkeriagatik kondenatu zituzten Intxaurrondoko bere agente batzuei babesa eman zien epaiketa batean, eta orduan esan zuen bere izaera borobil islatzen duen esaldi ezagun bat: "Hauek bezalako sei gizonekin Hego Amerika osorik konkistatuko zen".
PSOEren GALen aro osoa lehen pertsonan bizi izan zuen komandante gisa. 1988an teniente koronel mailara igo zuten, 1992an koronel, eta 1995ean brigadako jeneral izatera. Maila horri eutsi zion 2002an Beneméritatik desohorez kanporatu eta militar izaera kendu zioten arte.
Hainbat egunkarik argitaratu zuten Rodríguez Galindok narkotrafikoarekin eta prostituzioarekin zuen harremana, besteak beste, Diario 16 eta Egin-ek. Galindok komunikabide horiek salatu zituen difamazioagatik, baina epaiketak galdu zituen. Bere abizenak lotura estua du Intxaurrondoko kuartelaren itzal luzearekin, berak bilakatu baitzuen "Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan izandako tortura-gunerik handiena", Madrilgo Diario 16 egunkariak definitu zuenez.
Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi Joseba Azkarragak kontatzen du Pepe Rei kazetariak Galindoren banku-kontuetako mugimenduak pasatu zizkiola, bere soldatarekin bat ez zetozen diru-kopuruak islatzen zituztenak. Datu horiekin estatuko fiskal nagusi Leopoldo Torresen bulegora joan zen Azkarraga, eta Galindoren aberaste susmagarri hori ikertzeko eskatu zion. Handik egun gutxira, "Fiskaltza Orokorraren idazki ofiziala jaso nuen eta jakinarazi zidaten nire gaineko ikerketa-prozesua ireki zutela, diru mugimendu horiek nire eskuetara nola iritsi ziren jakiteko. Gaizkilea ez zuten jazarri, datuak eman zituena baizik".
Galindori jeneralaren gerrikoa jarri zioten, Lasa eta Zabalarekin egin zutenaz zantzu argiak zeudenean. Handik urte batzuetara lortu zuten akusatuen aulkian eseraraztea. 75 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Lau besterik ez zituen bete, "arritmiak sufritzen zituelako". Bere taldekideei ezarritako gainerako kondenak hamarkada askotako espetxealdiak izan ziren, baina inor ez zen kartzelan urte gutxi batzuk baino gehiago egon, eta bakarren bat hilabete batzuk baino ez. Adibidez, Enrique Dorado Villalobosek, Guardia Zibileko sarjentu lehenak, 71 urteko zigorra jaso zuen Lasa eta Zabalaren hilketaren egile materiala izateagatik, eta biziarteko ezohiko pentsioa eman zioten espetxean zegoen bitartean. Errazkinek dioen bezala, justizia itsua da, batez ere hala izan nahi duenean.
Guardia narkoak
1988an, Galindo komandante izatetik teniente koronel izatera igo zuten urtean, tona bat kokaina konfiskatu zuten Irungo Pello Bixente kaleko lonja batean. Polizia indarrek Europan atzemandako droga kopuru handiena izan zen, eta hiru narkotrafikatzaile atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten. Baina atzemandako mila kiloetatik 270 "desagertu" egin ziren. Kontua da, agenteek Galiziara eraman eta Arousako itsasadarreko mafiaburu bati saldu zizkiotela. Baltasar Garzón epaileak hartu zuen kasuaren ardura, eta Laureano Oubiña narkoa auzipetu zuen Nécora operazioan. Epaiketan, trafikatzaileen eta Euskal Herrian aritzen ziren Estatuko Segurtasun Indarretako kideen arteko harremanak aurkitu ziren. Negu Gorriak taldeak Ustelkeria (1991) abestian jaso zuen gertatutakoa eta horregatik Galindok demanda jarri zien. Auzi hori ere galdu zuen Galindok.
Lakuako Gobernuak 1982an aurkeztu zuen Drogamenpekotasunaren aurkako Planaren arabera, 14 eta 25 urte bitarteko 6.000 eta 10.000 heroinomano artean zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Arlo horretako polizien jarduera ahula izan da" eta "botere publikoek utzikeria egin dute", zioten. Orduko Osasun sailburu Javier Agirrek aurkeztutako planak batez ere Gipuzkoaren egoeran jarri zuen azpimarra, non droga "askatasun osoz" ibiltzen zen. Militantzia politiko handiena zuen herrialdea zen, gazteria oso inplikatuta zuena. Ordurako, Gipuzkoako Auzitegiko fiskalburu Luis Navajasek txosten bat argitaratu zuen, Segurtasun Indarren eta Euskal Herrian heroinak zuen hedaduraren arteko loturei buruzkoa. Navajas txostena 1989an egin zen, eta berehala abortatu zuten Madrilera heldu zenean. Txostenaren adierazgarriena da Gipuzkoako drogaren buruei izena jarri ziela eta bat zetozela ETAren aurkako borrokaren buruzagitzarekin, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilekin, alegia.
Lotura hain zen agerikoa, ezen Gipuzkoako drogaren aurkako buru Máximo Blanco teniente koronela, Galindoren bigarrena GALen berunezko urteetan, atxilotu egin zutela narkotrafikoarekin lotura izateagatik. Honela zioen 1999an El Mundo egunkariko orduko zuzendari Pedro J. Ramirezek: "Blanco erabat libre atera da Zabalza, Oñederra eta Lasa eta Zabala kasuen ikerketetatik, baina Galindo Intxaurrondoko kuartelaren buru izan zen urteetan terrorismoaren aurkako borrokari ezarri zion aztarnaren erakuslea da bere ibilbidea. Legez kanpoko jarduera izan zuen metodo gisa, atxilotuak torturatu eta kare bizian lurperatzea barne, baita gizarteak erabat gaitzesten duen droga-trafikoa negozio pertsonaltzat hartu ere". Halere, PPk zortzi aldiz kondekoratu zuen Blanco.
José Luis Etxebarrria Porru-k 1982. urtean hartu zuen Arrasateko udaltzainburu postua. Drogaren ondorioz gazte asko hiltzen ari zenez, ardura hartu berritan jaso zuen EAJko alkate José Antonio Ardanzaren agindua –ondoren lehendakari izango zena–ikertzeko nola eta nondik iristen zen heroina herrira. Kalez jantzitako udaltzainek jarraipenak egin zizkieten droga banatzen zebiltzaten ibilgailuei, eta ondorioa argia izan zen: Guardia Zibilaren Bilboko La Salve eta Donostiako Intxaurrondo kuarteletatik ateratzen ziren. Epaitegietara jo zuten, baina ez zen nahikoa izan ikerketa abiatzeko, auto gehienen matrikulak faltsuak zirelako, eta, Porru-k zioenez "oso agerikoa zelako ez zegoela borondaterik ikertzeko". 2015ean Berria-n egindako elkarrizketa batean ondokoa adierazi zuen: "Ez da kasualitatea Guardia Zibilak Arrasate moduko herri bat hautatzea droga banatzeko: ETAko buruzagiak, izen handiko politikariak, kooperatibak... Politikoki, sozialki eta ekonomikoki indar handiko herria zen Arrasate. Nahita aukeratu zuten". Justo Arriola elgoibartarrak 2017an argitaratu zuen Txalapartarekin A los pies del caballo, narcotráfico, heroina y contrainsurgencia en Euskal Herria liburua, eta bertan bildu zuen Porru-ren testigantza, besteren artean.
1980 eta 1990eko hamarkadetan heroinazalea izandako Carlos Herrera Rodríguez, El Capi, Kanaria Handiko Las Palmaseko bizilagunaren lekukotasuna ere interesgarria da. Gazteak desmobilizatzeko estatuko arma gisa droga nola erabili zuten azaldu zuen: "Behin atxilotu ninduten eta Guardia Zibileko sarjentu baten eta Polizia Armatuko komisario baten arteko elkarrizketa bat entzun nuen. Guardia zibilak zioenez, ‘hainbeste gorri eta independentismoari amaiera emateko modurik onena droga zen’. ‘Baskongadetan’ probatu zutela eta funtzionatu egin ziela zioen. ‘Ikurrinarekin hain ausart zihoazen asko orain heroina papela puta bategatik arrastaka ibiltzen ziren, txibato gisa". Hori ere egin zuten Las Palmasen, eta nik ziurta diezazuket dena programatuta zegoela. Ez da aitzakia, askok nahi izan zutelako eta gustatzen zitzaielako hartu zuten heroina, baina gazteriaren zati handi bat Espainiako Estatuaren jukutriagatik sartu zen horretan. Haien helburu nagusia gazte borrokalariak desaktibatzea zen".
Guardia Zibilak drogekin dituen inplikazioak askotarikoak dira. Horren erakusgarri da Errazkinek bere liburuan bildu dituela narkotrafikoan parte hartzeagatik guardia zibilen aurkako salaketa eta epaiketa desberdinei buruzko 200 albiste baino gehiago Kuartelean trapitxeatzeagatik atxilotutako guardia zibilen kasuak, edo, 1993an narkotrafikoa egotzita, Espainiako Guardia Zibilaren drogaren aurkako unitateko buru José Ramó Pindado auzipetu zutenekoa, adibidez. Otsoa ardien zaindari.
XXI. mendean, zaharrak berri
"Mendea aldatu zen, hirugarrena Guardia Zibilarekin, baina ez haren ohiturak", Errazkinek adierazi duenez. Esanguratsuenak aipatuko ditugu jarraian.
Irailean 24 urte beteko dira Guardia zibilak egindako astakeria nabarmenetako bat gertatu zenetik, guardia zibil batzuen zaintzapean zegoen pertsona bati egindakoa. 2001ean, Unai Romano gasteiztarraren aurpegi deformatu eta ubeldua Euskal Herriko torturaren irudi bilakatu zen. "Talde armatuari laguntzeagatik" atxilotu zuten. Gezurra zen, Auzitegi Nazionalak absolbitu zuenean egiaztatu moduan, baina, hala ere, Romanok hainbat egun eman zituen inkomunikatuta, kolpe gogorrak eman zizkioten makilekin buruan, "poltsa" egin zioten zortzi bat aldiz, elektrodoak jarri genitaletan eta belarrietan, heriotza mehatxuak egin zizkioten, neska-laguna, anaia eta ama atxilotu eta torturatuko zituztela esan zioten… Guillermo Ruiz Polanco epailearen aurrean salatu zuen sufritutakoa, baina jaun hark, Romanoren hitzetan, "eten egin ninduen eta esan zidan urte asko zeramatzala Guardia Zibilarekin lanean, jende askok salatu izan dituela torturak eta ez ninduela sinesten". Bere kasua inflexio-puntua izan zen gizartearen zati batentzat, baina, atzera ere, guardia zibil torturatzaileak eta haien estaltzaileak zigorrik gabe geratu ziren.
2014ko otsailaren 6an, Ceutako muga-pasabidean, 200 eta 300 pertsona artean itsasarteko ur arriskutsuetara bota ziren, Ceutako Tarajal hondartzara igerian heltzeko. Horietatik 90 inguru kostaldera iritsi ziren, baina 56 guardia zibil zeuden zain. Migratzaile nekatuei, horietako batzuk adingabeak, lehorrera ezin heldurik, gomazko bala-zaparrada batekin eta ke-poteekin egin zieten eraso. Hamalau pertsona ito ziren guardia zibil horien gizatasunik ezaren ondorioz. Haien gorpuak hondartzetan zehar sakabanatzen joan ziren, mareen menpe. Mariano Rajoy presidenteak "positibotzat" jo zuen Guardia Zibilaren lana. Agenterik ez zuten kondenatu.
Ez zen haien azken sarraskia izango mugaldean. "Nadorreko sarraskia" esaten zaio, Melillarekin muga egiten duen hiriaren izenagatik. Saharaz hegoaldeko Afrikatik zetozen 37 eta 40 hildako artean zenbatu zituzten erakunde humanitarioek. 2022ko ekainaren 24an egin zuten hesia igarotzeko saioa, eta gaur arte Magreben eta Europar Batasunaren arteko lurreko mugan hildako gehien eragin dituen polizia-ekintza da. Guardia Zibilaren zaintzapean konorterik gabe, odoletan, arretarik gabe, pilatuta eta hilda zeuden pertsonen bideo eta argazkiek atsekabe handia eragin zuten nazioartean. Pedro Sánchezek operazioa justifikatu zuen, eta adierazi zuen azpimarratzekoa izan zela "Marokoko Gobernuak Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrekin koordinatuta egindako lan aparta”. Nazio Batuen bozeramaile Stephane Dujarricek ikerketa irekitzea eskatu zuen, baina Espainiako Fiskaltzak, beste behin, artxibatu egin zuen.
Martxoan 10 urte bete dira Mozal Legea indarrean sartu zenetik. Mendearen lehen hamarkadako mobilizazio-zikloari ikuspegi zigortzailez erantzuteko legea da. Polizien interesen aldeko araubide berezia da eta horregatik ez da kasualitatea legearen idazketan lagundu izana, neurri handi batean, Poliziaren komisarioek eta Guardia Zibilaren buruzagiek. Hala, adibidez, 37.4 artikuluan arau-hauste arintzat jo zituzten “Segurtasun Indarretako kideekiko errespetu faltak”. Horren ondorioz, hiru urte baino gutxiagoan 47.980 isun jarri zituzten arrazoi horrengatik, 48 isun eguneko.
2016. urtea Nafarroako historia beltzaren parte da. Hiru hilabete pasatxoan, Guardia Zibileko agenteak bi gertakari larriren parte zuzena izan ziren. Lehenengoari Manadaren kasua esaten zaio. 18 urteko neska batek jasan zuen talde-bortxaketa bortitzari egiten dio erreferentzia. WhatsApp talde bat zuten bost gizonek: “La Manada” izenekoa, eta talde horretan partekatzen zituzten beren desmanak. Bost bortxatzaileetatik bat Armadako Larrialdietarako Unitate Militarrekoa zen, eta beste bat jardunean zegoen guardia zibila zen. Bi hilabete lehenago, Kordoban beste gazte bati egindako abusu-delitu batean parte hartu zuten biek. Antonio Manuel Guerrero Escudero guardia zibila da Iruñeko bortxaketa grabatu zuena eta, gainera, neskari telefono mugikorra lapurtu ziona. Epaiketan, hiru epaileetako batek, bere boto partikularrean, adierazi zuen hori ezin zela "sexu-delitutzat jo ", eta akusatuak absolbitzea eskatu zuen.
Hiru hilabete geroago, 2016ko urriaren 15ean, Altsasuko taberna batean liskarra izan zen, herriko gazte batzuen eta guardia zibil pare baten artean. Horrek denborarekin estatu mailako afera izaten amaitu zuen. Auzitegi Nazionalak epaitu zuen, eta zortzi gazteri espetxe-zigorra ezarri zieten: bati 2 urte, hiruri 9, biri 12 eta azken biei 13. Fiskalak "eraso terrorista" izan zela defenditu zuen, "Guardia Zibilari eraso egin zioten, erregeari eta Espainiako herriari leial izateagatik". Kasuak oihartzun mediatiko handia lortu zuen, baita nazioartean ere. Gazteekiko elkartasun kanpaina erraldoia antolatu zen, eta hala, kasua bilakatu zen Espainiako Estatuak Euskal Herrian duen jokamolde ilunaren erakusgarri: Guardia Zibilaren, sistema judizialaren, mendeko komunikabideen eta botere politikoaren ekintza koordinatuaren bidez, kontakizun oso bat asmatu, manipulatu eta errugabe batzuk zigortu zituzten.
"¡A por ellos, oe!". 2017ko urriaren 1ean egin zen Kataluniaren autodeterminazio erreferendum ospetsua, Espainiako Gobernuak legez kanpo utzi zuena. Egun batzuk lehenago, Poliziaren eta Guardia Zibilaren 4.500 bat agente mobilizatu zituzten estatuko hainbat tokitatik, bozketa erreprimitzera bidaltzeko. Kataluniarantz abiatu zirenean, "A por ellos" edo "Espainiak ez du amore ematen" oihu artean agurtu zituzten senide eta lagunek. Agente horietako 800 ia hiru hilabetez egon ziren marrazki bizidunekin serigrafiatutako Bartzelonako ferry turistiko batean bizitzen. Piolinak ziren. Katalanek botoa ez ematea galaraztea zen helburua, baina ez zuten lortu. Ehunka karga egin zituzten Katalunia osoan, eta 1.067 pertsona zauritu zituzten, Generalitateko datuen arabera, horien artean 11 urtetik beherako bi lagun eta 79 urtetik gorako 23. Polizia armatuen irudiek, jende babesgabea masiboki joz, munduari bira eman zioten.
Guardia militarra
Guardia Zibilaren egunerokoa Barne Ministerioak arautzen du, baina Guardia Zibilaren beraren hitzetan: “Izaera militarra erakundearen esentziaren parte da”, eta horrek "barne-egitura, hierarkia, diziplina eta antolaketa zehazten ditu". Kontua da ezin dela aldi berean zibila eta militarra izan. Oximorona da.
Erakundearen izaera militarrari eustearen aldekoek –eskuineko alderdiek– sentimenduak eta nostalgia aldarrikatzen dituzte, Guardia Zibilaren tradizio militarra ez dela desagertu behar argudiatuta. Izan ere, Guardia Zibilari izaera militarra kentzen bazaio, Polizia zibila izango litzateke, eta horretarako dago Polizia Nazionala. Beraz, zer zentzu izango luke bi Polizia izateak? Baina desegiteko aukera planteatze hutsa sedizioaren parekoa da Espainian.
Beneméritaren funtzionamendua demokratizatzen saiatu diren guardia zibilek errepresaliak jasan dituzte. Esaterako, gaur egun erretiratuta dagoen eta sindikalizazioaren aldeko borrokan aitzindari izan zen Manuel León Sánchez guardia zibila 1991n atxilotu zuten, "sedizio militarraren" ustezko delitua egotzita, Hiru urtez kanporatu zuten lantokitik, jarduera sindikalak egiteagatik.
Fidel Gómez Rosa militar ohi eta armadako adituaren arabera, "Trantsizioa erreforma politikoa izan zen, ez haustura, eta, beraz, jarraipena izan zuen erakundeetan". Horregatik, "erregimen faxistaren ideologiarekiko eta balio soziopolitikoekiko doktrina-corpusa eta atxikimendua" gordetzen ditu Guardia Zibilak. Espero zuten "pertsonala berritu ahala konponduko zela, baina ez da hala izan. Etika demokratikoaren trantsizioa ez da kuarteletan sartu. 30 edo 40 urte eman dituzte sinbolo faxista batzuk gurtzen, haiekin formatu dira, nola ez dute, bada, horiek estimatzen jarraituko?", dio.
Kontakizunaren borroka, egia desitxuratzeko
Iazko irailean, Bizkaiko Guardia Zibilak bideo bat argitaratu zuen bere sare sozialetan. Haien txakurrak, autoak eta armak erakutsita, "bereziki haurrak" gonbidatu nahi zituzten Bilboko Itsasmuseum museoaren alboan antolatu zuten ekitaldi batera. “Guardia Zibilak egiten duen lana zuekin partekatzeko irrikan gaude”, zioen guardia zibil gazte batek euskaraz. Bideoa, espero zitekeenez, meme iturri bilakatu zen, baina oso agerian utzi zuen Espainiako Estatuaren indarrak non ari diren indarra jartzen azken urteotan: Guardia Zibilaren irudi zikina garbitu nahi dute.
Irudiaren garrantziaz jabetuta, Guardia Zibilak ekitaldi masiboak erabili ditu "Ertzaintza osatzen duen Poliziaren gaitasunak" erakusteko, hala nola Athleticek Errege Kopa irabazi Bilboko itsasadarrean ospatu zuenean. Guardia Zibilak hamairu itsasontzi eta 100 bat agente eta aireko eta urpeko droneak bideratu zituen ospakizunetan "segurtasuna bermatzeko". Aste batzuk geroago, Guardia Zibilaren 180. urteurrena zela eta, lehen desfilea antolatu zuten Gasteizko kaleetan zehar. Ekitaldi hori Polizia Nazionalaren 200. urteurrena ospatzeko 2024ko urtarrilean Gasteizko Plaza Berrian egindakoaren osagarri izan zen.
Ekainean, Guardia Zibilak Euskal Herrian duen kuarteletako lehen "ate irekiak" antolatu zituzten Gasteizko Sansomendin. Gobernuko ordezkari Soledad Garmendiak esan zuen hemen egotea "ezinbestekoa" dela, "jo eta ke" lan egiten dutelako Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin "lankidetza ezin hobean". "Bada garaia aurreiritziak ezabatzeko. Ate ireki gehiago eta buru irekiagoak behar ditugu, gizarte zibilarekin harremanak sendotzen jarraitzeko", gaineratu zuen. Guardia Zibilaren EAEko buru José Antonio Mingorancek azpimarratu zuen guardia zibilek lortu dutela euskal gizartean "elkarbizitza eta errespetua gailentzea". El País egunkariak egindako kronikan ekitaldiaren helburua oso argi eta grafikoki definitu zuen: "[Guardia Zibilaren] aurpegi berria da, erakutsi nahi dioten irudia da, haien uniformeak ondo ikusiak izan ez diren komunitate bati”.
Argi dago memoria borrokatzeko eremua dela. Eta horretan ari dira, ondo dakitelako ahanzturak inpunitatea bermatzen duela, eta berriz gertatzeko aukerak handitu. Hain zuzen, ez da kasualitatea Altsasuko azken Ospa Egunaren leloa “Poliziaren normalizaziorik ez!” aukeratu izana. Garai berrietan ere batzuek ez dutelako ahazten.
Errealitatea da, gainerako Polizietan gertatzen ari denez, Guardia Zibilean ere bere agente asko erradikalizatzen ari direla, are eskuinerago. Izan ere, haien erakunde esanguratsuena, 30.000 afiliatu baino gehiagorekin, Guardia Zibilen Elkarte Bateratua gero eta hurbilago dago JUCILen jarreretatik. Jusapoleko ultrek Beneméritan duten atala da, edo askok deitzen dioten bezala VOXen sindikatua.
Gainera, egungo agintari nagusiak oso lotuta daude Euskal Herriko historia beltzarekin. Guardia Zibilean lor daitekeen mailarik handiena teniente jenerala da. Bost besterik ez daude eta erakundearen kupula osatzen dute. Bada, egun, horietako guztiek dute iragana Euskal Herrian. Dibisioko jeneralekin eta brigadako jeneralekin batera, 35 goi-agintari daude, eta horietatik 14 gutxienez hemendik igaro dira. Horietako bi, gainera, tortura kasuetan inplikatuta daude.
1980ko hamarkadan Euskal Iraultzarako Alderdiak “¡Que se vayan!” zabaldu zuenetik, aldarrikapen hori ez da inoiz desagertu, nagusiki gazteriak bultzatuta. Alde Hemendik!, Ospa!, Ez zaitugu nahi, ez zaitugu behar, Diztela! Utzi Bakean, Fan hemendik!... Hitz ezberdinez, baina helburu bera: mina eta beldurra masiboki hedatu dituen erakunde armatua begi bistatik kentzea. Europak gerra eta militarizazioa biziki azkartzea hautatu duen garaiotan, desmilitarizazioa sustatzeko ez litzateke hasiera txarra izango Guardia Zibilaren armagabetzea. Haren jardunaren iluna, gurean ezezik, Espainiako Estatuko gainerako herriek ere gehiago paira ez dezaten.
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.
Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Indar armatuek zibersegurtasunari buruzko lehiaketa bat antolatu eta ekimena Nafarroako DBH ikastetxe guztietara heldu da; amaierako fasea Aranjuezeko Guardia Zibilaren akademian ospatuko dute. LAB sindikatuak gogora ekarri ditu duela hainbat urte irakasleen ideologiaren arabera... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]
Gutxienez hamabi poliziak inguratu zuten gaztea. Erail zuen agenteak esan du gainera joan zitzaiola agerraldia izan zuen gaztea, baina bertsio hori gezurtatu du lekuko batek. 2020an izan zen hilketa, eta orain ari dira epaiketa egiten.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]
1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu... [+]
Azken hamarkadetan, bi estatuetako indar armatuen jardun nagusiak errepresioa eta zapalkuntza izan direla salatu dute eta azpimarratu dute haien presentzia ez dela beharrezkoa. Ekainaren 22an izango da Fan Hemendik Eguna Oñatin.