Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko lanean ari da. Biharamunen Lantegiko bitartekari Loretxu Bergouignan-ekin eta Livio Riboli-Sasco-rekin hitz egin du ARGIAk.
Zientziaren, ikerketaren eta herritarren artean dagoen distantzia handia izaten da, baina bada tarte hori murrizteko lan egiten duenik. Horren adibidea da Biharamunen Lantegia –frantsesez, L’Atelier des Jours à Venir– ikerketarako eta irakaskuntzarako kooperatiba, gizartearen eta ikertzaile-komunitatearen artean bitartekaritza zientifikoa egiten duena. Ikerketaren praktika “herritar ororekin” partekatzeko konpromisoa hartzen du kooperatibak, bereziki testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko zailei aurre egin behar dieten pertsonekin, eta ikerketa gaiak zehazteko orduan zaurgarrienak diren biztanleengana jotzen du. 2011. urtean sortutako kooperatibak duela urte eta erdi ezarri zuen bere egoitza Bidarten (Lapurdi), eta gehienbat Frantziako Estatuan jardun duen arren, jarduna Euskal Herrian saretzeko asmoa du.
Biharamunen Lantegiak herritarrak modu parte-hartzailean inplikatzen ditu egiten dituen ikerketetan eta ikerketa-praktika “gogoetatsu eta arduratsuak ezartzeko” lan egiten du. Loretxu Bergouignan ikerketaren adarretik dator eta neurozientzietan espezializatuta dago. Biharamunen Lantegiko bitartekarietako bat da. Berak azaldu du kooperatibak egiten duena “ikerketa kokatua bideratzea” dela, eta ikerketa-gaiarekiko bizipenak dituen jendea dela ikerketa akademikoa bideratzen duena: “Fase guztietan kontrola jendeak hartzen du, eta elkar sorkuntza bat egiten da talde horren eta ikerlari taldearen artean”. Ikerketa egiteko taldea osatzean –normalean, bost eta hamabost kide arteko taldeak–, urtebete edo biko harreman edo dinamizazio prozesua hasten da, saioak egiten dira erregularki eta taldeko kideen arteko ezagutza trukea ematen da. Kooperatibako bitartekariak bertan egoten dira taldeak egiten dituen gogoeten inguruan feedback-a emateko, eta ikerketa alorreko ezagutza akademikoak helarazteko. Ikerketa parte-hartzailearen fase guztiak zehatz-mehatz azalduta daude lantegiaren webgunean, baita ikerketa horren emaitzak nola zabaldu eta erabiliko diren ere.
Loretxu Bergouignan, Biharamunen Lantegiko langilea: “Guk egiten dugun lanak zerbitzu publikoa izan beharko luke. Nahiz eta konstituzioetan idatzita dagoen ezagutzaren garapenean denek parte hartzen dutela, gezur handi bat da”
Ikerketa egiteko proposamena hiru iturritatik etor daiteke: gaiak eragiten dion jendeak berak eskatuta, kooperatibako ikertzaileek edo kooperatiba ezagutzen duten kanpoko ikerlariek proposatuta, edo instituzioek eskatzen dutenean. Livio Riboli-Sasco Biologian eta Ekologian graduatua da eta jarduera zientifikoetan parte hartu du Biharamunen Lantegiko bitartekari moduan. Berak azpimarratu du instituzioekin lan egiterakoan “oso garrantzitsua” dela “mugarik gabe” aritzea. Bergouignanek gehitu du jendeak “askatasun osoarekin” erabaki behar duela ikerketa-galdera, eta “instituzioak edo boteredunak presente” badira, “jendea bideratzen” dutela. Ikertzaileek ere jendea bideratzea ez du ontzat hartzen kooperatibak.
Askotariko ikerketa-lerroak, eta aurreikusezinak
Kooperatibak ikerketa parte-hartzaile bat abiatzerakoan, ikertuko duen gaia zehazki zein izango den jakin gabe lan egiten du. Bergouignanek azaldu du gai orokor batekin has daitekeela ikerketa, baina horrek ez duela esan nahi ikerketa gai horri buruzkoa izango denik, eta azkenean lantzen duten arloa oso zehatza izaten dela.
Bergouignanek Lisboatik gertu dagoen Almada (Portugal) hirian 2014tik 2022ra gauzatutako ikerketa parte-hartzailearen adibidea eman du. Almada ingurukoa zen eta kooperatiba ezagutzen zuen ikerlari batek eskatuta, hiriko Bigarren Torrao aldiriko txaboletan bizi ziren pertsona talde batekin ikerketa egin zuen kooperatibak. Aldiria olatuek urpetzen zuten urtero neguan, eta udalak gertaera hori erabiltzen zuen bertan bizi diren bizilagunak kanporatzeko, Bergouignanek azaldu duenez. Hasiera batean bertakoek uste zuten ikerketa pobreziaren inguruan egingo zela, baina azkenean matematika eta fisikaren artekoa izan zen: “Inori ez zitzaion burutik pasa olatuei buruzko proiektu bat sor genezakeenik”, dio Riboli-Sascok.
Herritarrei begira, ikerketa parte-hartzailearen bitartez, olatu horiek desbideratzeko modu bat aurkitu zuten, eta bestalde, Bergouignanek nabarmendu du ikerlariei begira, “sekulako aurkikuntza” izan zela, olatu mota hori ez zelako “lehenago inon deskribatu".
Livio Riboli-Sasco, Biharamunen Lantegiko langilea: “Gure helburua da ikerketa publiko gehiago sortzea Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian badira unibertsitateak, ikerketa zentroak... baina Ipar Euskal Herrian gutxi dago”
Biharamunen Lantegia gaur egun garatzen ari den proiektu bat hilekoaren ingurukoa da, eta Bergouignanek adierazi du ez dakitela azkenean ikerketa biologiaren ingurukoa izango den, edo, adibidez, soziologiaren esparrukoa. Askotarikoak dira kooperatibak landu dituen ikerketa-lerroak. Horietako batzuk filosofia, soziologia, historia, edo neurozientzien ingurukoak izan dira. Azken arlo horri dagokionez, Riboli-Sascok Molins de Rei-n (Katalunia) 2013tik 2019ra egindako ikerketa aipatu du, non koloreek pertsonen ikaste gaitasunean zuten eragina ikertu zuten.
Kooperatibak gaur egun abian dituen edo aurreikusita dituen ikerketa batzuk dira, esaterako, lehen aipaturiko hilekoaren ingurukoa, endometriosiari, oihangintzari, gizarte-zentroei, kulturgintza politikoari eta errepresioari buruzkoak, laborariekin eta arrantzaleekin dituzten zenbait proiektu eta aldirietako populazioetatik dituzten eskaera batzuk –esaterako, Madrilgo San Cristóbal de los Ángeles auzoan gauzatzen ari diren ikerketa bat–. Dozena bat proiektu dituzte esku artean. Ikerketa horietako baten berri astekari honetan eman genuen, urtarrilean. Hainbat arrantza ereduren ondorio sozial, ekonomiko eta ekologikoak azaldu genituen Handiak txikia jaten du erreportajean.
Ikerketa zentro aitzindaria sortu nahi dute
Bidarten egoitza ezarrita, Euskal Herrian geroz eta lan gehiago egin nahi du kooperatibak, eta proiektuak bertan gehiago zentratu.
Proiektuetako bat ikerketa-praktiketan esperimentatuko duen Iker Herria ikerketa-zentro “aitzindari eta sortzailea” da eta “lankidetza estua” izango du Institut Curie-rekin –minbiziari buruzko Frantziako Estatuko ikerketa zentro nagusia–. Riboli-Sascok adierazi du kooperatibak hamar urtez lan egin duela Iker Herria ikerketa-zentroa sortzeko, baina prozesu luzea eta zaila dela. Iker Herria urtebete barru irekitzeko asmoa dute. “Gure helburua da ikerketa publiko gehiago sortzea Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian badira unibertsitateak, ikerketa zentroak… baina Ipar Euskal Herrian gutxi dago”. Bergouignanen arabera, gaur egun Ipar Euskal Herrian “ez dago oinarrizko zientziarik” eta “ezin da funtsezko ikerketarik egin”, gai jakin batzuekin “oso lotuta ez badago” –esaterako, euskara–. Riboli-Sascok azpimarratu du Ipar Euskal Herriak eskubidea duela edozein ikerketa egiteko aukera izateko.
Zerbitzu publikoa behar zuena
Bidarteko egoitzan lau langile ari dira beharrean, eta lantaldea handitzea baino indartzea da haien asmoa. Proiektu, ikertzaile, unibertsitate eta mugimendu gehiago ezagutzeko prestutasuna agertu dute. Bergouignanek aipatu du beraiek egiten duten lana zerbitzu publikoa izan beharko litzatekeela, eta azaldu du nahiz eta konstituzioetan idatzita dagoen ezagutzaren garapenean “denek” parte hartzen dutela, “gezur handi” bat dela. Biharamunen Lantegiak “beste ikerketa bat posible” dela defendatzen du.
25 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baratzea eta zerbitzu komunak izango dituzte. Eraikina Etxekide kooperatibak eraikiko du, Nafarroako Gobernuaren babesa du, eta Iruñeko Udalak lursail bat utziko du proiektua eraikitzeko. 2026rako amaitzea aurreikusi dute eta... [+]
TaPuntu kooperatibak bi urtez behin proiektu bat saritzen du eta sustatzaileek urtebetez haien egitasmoan aurrera egiteko baliabideak jasotzen dituzte. 2021-2022 aldiko irabazlea Biziberritu da. Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran sustatzaileen helburu nagusia enpresetako... [+]
Irabazleak TaPuntu Kooperatibaren zerbitzuak jasoko ditu urtebetez eta enpresak sarean duen presentzia hobetzen lagunduko dio, komunikazio-estrategia pertsonalizatu bat garatuz.
Energia berriztagarriak, auto-hornitze eta autokontsumo energetikoa eta tokiko kooperatiba eredua oinarri, sei eguzki-parke fotovoltaiko eraikiko dituzte Araban, 3.000 etxebizitzari zerbitzua emango diotenak.
Arrigorriagara iritsi diren migratzaileek bizikletak konpontzeko, alokatzeko eta bizikletan ibiltzen irakasteko proiektua abiatu berri dute. Gutxienez hiru urtez paperik gabeko herritar ilegal izatera kondenatuta daudelarik, autoenpleguaren bidez egoera administratiboa... [+]
Koop57 irabazi asmorik gabeko kooperatibak eta Udalbiltzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, hiru ardatzetan oinarrituta: Euskal Herriko lurralde desorekak arintzea, ekonomia soziala eta tokiko garapena sustatzea eta Euskal Herriaren kohesioan laguntzea.
Otsokop elkarteak saltegi berria ireki du apirilaren 3an Baionan. Bere Super Merkatua sortu nahi zuen, bi hitzetan.
Hondarribiko Agroaldean Udalak utzitako lursailetako bat ustiatzen du 2015az geroztik, baina orain arte barazki ekologikoak kontsumitzeko hautu pertsonala zena, jantoki kolektiboetara eramateko proiektu berritzailea aurrera eramango dute, izan eskola, zahar etxe eta bestelakoei,... [+]
19 urterekin alde egin zuen etxetik. Gurasoak ez omen ziren sobera aztoratu, zazpi anai-arreben artean gazteena izaki. Orduz geroztik, ahateen modura igeri, oinez eta hegan omen dabil. Bateko gaztandegia, besteko Ernaizu kooperatiba, escape room jokoak… 850 biztanle... [+]