Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria “berdea”

  • Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna iparrorratz gisa harturik bideratuak izan balitz. Baina ez doa horrela: oihangintzako lobbyen presioaren pean makurturik, basoen mozketa masiboak bideratzen eta zegoen ekosistema aberats hori monokulturaz ordezkatzen dabiltza. 

Oihanen mozketa masiboak emendatuz doaz Frantziako Estatuan. Ipar Euskal Herrian ere egonen dira gerora, tartean, Biarnon egitekoa duten E-CHO makroproiektua gauzatzen baldin badute. SOS Forêt

Europar Batasunak 3.000 milioi arbola landaturik 2030erako, Nazio Batuen Erakundeak ere 120 milioi hektarea oihan landatu nahi ditu ordurako, AEBek beste 1.000 milioi arbola eta Australiak ere beste hainbeste. Kopuru handiak dira, eta mundua hartzera doan norabidea ikusita, helburu anbiziotsu horiek ongi etorriak zaizkigula pentsatu daiteke. Baina oihana estaltzen duen zuhaitzaren gisara, merezi du hurbilagotik begiratzea instituzio boteretsu horien asmoari. Non landatzen dituzte arbolak? Zer nolako espazioa dute okupatzen? Eta zein arbola dute landatzen? Noren interesei erantzuten dabiltza baso-sartze horiekin?

Gure errealitate hurbilari begira jarrita, beste zifra potolo bat dugu mahai gainean: 1.000 milioi arbola landatzeko engaiamendua hartu zuen 2022an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, ofizialki klima larrialdiaren erronkari aurre egiteko. "Absurdotzat" jo zuen garaian Canopée elkarteko kide Bruno Doucetek. Oihan bizien aldeko lan baliotsua egiten dabilen elkartea da Canopée eta herritarren sostenguan oinarriturik, agintarien eta industriaren  lobbyen parean "kontra-boterea" izan nahi du. Ondokoa dio Doucetek: "Zenbaki potoloa da eta inpresionatzen du. Arreta piztea lortu du. Baina, jakin oihan batean ez dela arbolarik landatu beharrik, gizakiak etorri aitzin hor ziren, eta naturalki arraberritzen dira. Bilioi bat arbola landatu nahi izateak argi uzten du oihanaren funtzionamenduaz ez dakiela ezer".

Basogintzako industriari begiratuta hobeki ulertzen da helburua. France relance izena jarrita, entitate publiko zein pribatuei dirulaguntzak bideratzen dabil Frantziako Trantsizio Ekologikoaren ministerioa. Helburua: 2023rako %50 gutitzea berotegi efektuko gasen isurketak. Milioika kontatzen den diru zama horri begira dago oihangintzako industria ere, eta azken hamarkadan zehar lobby lan emankorra eginik, lortu du basoen kudeaketa industrialera bideratzea zatirik handiena.

Sektoreko eragile nagusietarikoa den Alliance Fôrets Bois kooperatibak 2012an plazaratu manifestua dago norabide berri horren oinarrian: oihanak landatzearen aldeko argumentu-sorta  zabaldu zuen orduan, araberako politika bat galdetuta gobernukideei. Industriaren mesederako urtero hiru milioi tona egur ekoizten dabilen enpresa boteretsua da Alliance Fôrets Bois, eta bere ondoan ditu beste lau –CFBL, Unisylva, Forêts et Bois de l’Est, Nord-Seine Forêt–. Bosten artean kontrolatzen dute kasik Frantziako 

Estatuko oihangintzaren merkatu osoa.

Bost horien interesen alde doan politika marraztu dute Matignoneko bulegoetan: basogintzak energia "berdea" dakar, berotegi efektuko gasen isurketak gutitzeko bidean alternatiba ona da, eta hori bermatu ahal izateko ezinbestekoak diren zuhaitz mozte masiboak ez dira kaltegarriak; eta finean, arbola berrien landaketaz estaliko dituzte husturiko eremuak. Guzia oihana bezain "berde". Laburbide bat badirudi ere, dagoena hori bezain sinplea da. Testuinguru horretan kokatuta bakarrik ulertu dezakegu Macronen arbolak landatzeko bapateko gogoa. Osotasun horretan kokatu behar da ere 2035erako oihan mozketak %70 emendatzeko helburua.

Frantziako Gobernuak diru publikoz lagunduriko landaketen %85 egin da osoki mozturiko eta desagerrarazitako oihan baten eremuan

Hori horrela, diru publikoz sustaturiko landaketei begira jarri gaitezen: diruztaturiko proiektuen %85 oihanaren mozketa masibo baten ondotik egin da. Trantsizio Ekologikoaren ministerioak finkatu irizpideak malguegiak direlako: baso bateko zuhaitzen %20 iharturik edota ahuldurik denean, orduan, guzia errotik kendu daiteke. Hori horrela, osasun onean ziren behar baino oihan gehiago dituzte desagerrarazi. Begibistakoa da azken urteetan Frantziako Estatuan bideraturiko oihan bizien desagerpena.
Ondotik datozen birlandatzeak ez dira baitezpada emankorrak, lurzoru biluzian landaturik, beroari eta egarriari aurre egiteko zailtasunak dituztelako landatu berriek. Pentsa, 2022an Frantziako Estatuan landaturiko oihanen %38 hil ziren. Oihan zaharrek eta naturalek hori dakarte: tamaina eta barietate aniztasunari esker, elkar-babesten dira zuhaitzak eta oro har, ekosistema horretako bizidun guziak. Oreka hori ordezka-ezina da, batez ere barietate bakarrarekin bagabiltza.

Landaturiko %83 monokulturan  

Canopée elkartearen lanari esker dakigu arbola landaketen %83 monokulturan bideratu dutela, eta gehienetan Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) sustraituta gainera. Alta, zuhaitz hau ez da bereziki egokiena klima larrialdiari aurre egiteko. Baina, sektore industrialak ezinbestekoa duen produktibitateari erantzuteko materia ona da: berez AEBetakoa zena, modu intentsiboan kokatua da Atlantikoaren alde honetan ere, finean, laster hazten delako eta gainera, kalitatezko zura dakarrelako. Zeozer dakigu logika horretaz euskaldunok ere, pinuz eta eukaliptoz inguraturikook.

Oihan zaharrak monokulturarekin ordezkatzearen larrialdiaz ohartarazteko iritzi artikulu bat plazaratu zuten 600 ikerlari, hautetsi eta oihangintzako eragilek 2022ko urrian. Bertan ondokoa irakurri zitekeen: "Benetan emankorra eta eraginkorra den estrategia zuhaitz-populazioen laguntzean eta hobetzean datza". Diruz, kostu anitzez gutiagoko estrategia litzateke gainera.

Frantziako presidente Emmanuel Macronek ere hitz emanik du 1.000 milioi zuhaitzen landaketa. Bere politikari segi, diru publikoz sostengaturiko landaketen %83 monokulturara bideratu dute. Landaketen %85 egin da osoki mozturiko eta desagerrarazitako oihan baten eremuan. 

Guzia dute beraien alde industrialek, finean zuhaitz aldaxken merkatuko eragile nagusienetarikoak ere direlako. Sal-erositako aldaxken herenaren ekoizlea da, demagun, Alliance Fôrets Bois. Nola ez, Trantsizio Ekologikoaren ministerioak 2018an sorturiko "Karbono apala" deitu labela jasota dute enpresa handien egitasmo anitzek. Azken honek "oihangintzaren alde" dabiltzan proiektuak ziurtatzeko balio du. Alta, hainbat kritika egin dizkiote ekologistek: oihanen mozketa masiboak dituelako nagusiki babesten, eta bioaniztasuna bermatzearen baldintza bigarren mailan kokatzen duelako.

Jakina da karbono dioxidoa xurgatzeko ezinbesteko ekosistema dela basoa, ozeanoekin batera. Baina arazoa da mozketa masibo horien bitartez lurzorua ere higatzen dutela, bertan metaturiko gasak askatuta atmosferara. Hori horrela, Fôret.nature egiturak dio: Frantziako Estatuko oihanek 2008an xurgaturiko CO2 kantitatearen erdia xurgatu zuten 2020an. Bistan da, hor dira ere eritasunak, suteak ala idorteak, baina, arrazoi nagusien artean ditugu mozketa masiboak ere.

Hori guzia jakinda, are galdekagarriagoa da oihangintzatik datorren energiari –biomasari– lotzen dioten "energia berdearen" izendapena. Geroz eta zientzialari gehiagok dute alarma gorria piztuta: ez dezagun aterabide gisa har oihanen biomasa, kutsakorra delako izugarri, erreportajean aipaturiko arrazoi guziengatik, baita kontsumitzerakoan gas kutsagarriak aireratzen dituelako ere. 

IPAR EUSKAL HERRIKO OIHANAK ERE INDUSTRIAREN JOMUGAN

Aitzina doa ARGIAren 2.873. zenbakian aurkezturiko E-CHO makroproiektua. Hidrogenoa eta bioerregaiak ekoizteko Zuberoatik hurbil den Biarnoko Lacq herrian xede duten egitasmoa da, hein handi batean diru publikoz finantzatua litzatekeena. 14.000 hektarea oihan moztuko lituzkete lehen bost urteetan, eta ondotik, urtero 1.170 hektarea lirateke desagertuko. Lacq herritik 200 kilometro inguruko zuhaitzak dituzte jomugan, hots, Ipar Euskal Herriko basoak ere dituzte begibistan. Iratiko 20.000 hektareak hamabost urtez desagertuko lirateke.

Azken aldian erabat bestelakotu ditu bere datuak oinarrian dagoen Elyse Energy enpresak: "Lausotasun handia zabaldu dute, duela hilabete batzuk genekiena baino gauza gutiago dakigu orain", dio Victor Pachon ekologistak. Hori bai, dakitena da aitzina doala egitasmoa, eta inkesta publikoa abiatu beharko luketela laster. Bizkitartean, ekainaren 14rako Pauen (Biarno) manifestazio bat antolatu dute aurkakoek. Euskal Hirigune Elkargoak ere bere kezka adierazi zion eskualdeko prefetari abenduaren 12an bidalitako gutunaren bidez: oihanen "kudeaketa iraunkorra" lehenesten duela erranik, E-CHOk ondorioztatuko lituzkeen mozketa masiboei begira kritiko agertu da Ipar Euskal Herriko instituzioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaitzak
2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Zergatik moztu ditu Jaurlaritzak hogei zuhaitz baino gehiago Barakaldoko institutuan?

20 zuhaitz osasuntsu baino gehiago moztu zituzten Barakaldoko Gurutzeta institutuan, urtarrila hasieran; Jaurlaritzarena da eskumena, baina ez zuen mozketa burutzeko lizentziarik eskatu, udalak adierazi duenez. Ikerketa abiatu du udalak, eta Legebiltzarrean azalpenak eskatu ditu... [+]


2023-12-12 | Irulegiko Irratia
Baigorri ibarrean arbol landatze bat eginen dute

Mendi sindikataren lurretan, Anauzen Munhoako mazelan, hiru hektareetan 300 bat arbol, mota desberdinetakoak ezarriko dira. Ihizi batasunaren biltzar nagusian aho batez bozkatua izan den proiektua da.


2023-09-01 | Josu Goiko | Sustatu
Hamabi arrazoi hirietan zuhaitz gehiago egon dadin

Ostegunean txio bat sartu da nire TLan. Hauxe: 12 Reasons Why Cities Need More Trees. Azken aldian albiste asko ari da ateratzen hirietako zuhaitz mozketei buruz (Bilbo, Donostia, Iruñea…) eta gai garrantzitsua dela iruditzen zait.


2023-02-16 | Axier Lopez
Zuhaitzak mozten eragozten saiatzeagatik epaitegietan deklaratu du Barakaldoko ekologista batek
Ekologistak Martxan Bizkaia taldeko aktibista batek epaitegietan deklaratu behar izan du, desobedientzia larria eta agenteen aurkako atentatua egotzita. Irailean atxilotu zuten Barakaldoko Serralta auzoko 40 zuhaitz moztearen aurka protestan zela. Eremu horretan etxebizitzak... [+]

2022-08-30 | ARGIA
Hirietako zuhaitzak babesteko araudi bat eskatu dute

Bizi kalitatea eta hiri bizigarriagoak helburu, zuhaitzak ez mozteko eta berauek babestu eta mantentzeko neurriak eskatu ditu Aliantza Berdea alderdiak, tartean zuhaitzaren estatutu juridiko bat sortzea.


2021-05-07 | Sustatu
Landaredia eta toponimia bateratzeko ekimen bat

Landarediak euskal toponimian duen garrantzia ebidentea da. Itsaso eta Itsasondo badaude Gipuzkoako barnealdean, ez da itsasoagatik, itsats edo isats landareari lotutako toponimoak direlako baizik. Zentzu honetan, Eibartik ekimen polita: izen toponimikoa duten herriko... [+]


Zuhaitz bakartuena eta zorigaiztokoena

Sahara basarmortuaren hegoaldean, Ténéréko eskualdean, akazia batek iraun zuen urte luzez, 400 kilometroko inguruan beste zuhaitzik ez zuela. Zein zen sekretua? Akuifero bat eta inguruko nomadentzat tabua izatea, horra erantzuna. Harik eta kamioi batek... [+]


2020-07-02 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ontsa hiltzeko hamaika bide

Krimenen ikerketarako garai aproposa izango ote da uda. Ez dakit, baina hara-hona ibiltzeko joera handitzen den sasoi honetan zuhaitzei begiratzea proposatuko dizut. Eta zuhaitzen munduko krimenez jabetzea. Joan Tartasek 1666an argitaratu zuen Ontsa hiltzeko bidea liburua, gure... [+]


2018-05-25 | Jakoba Errekondo
Mukizapien zuhaitza

Lehen ere idatzi izan dut berari buruz, baina landareek ez dute aspertzen. Aspertu ordez bueltan etortzen dira. Duela gutxi gertatu zait etxeko atarian: sua egiteko egur bila atera eta “hara, zer du zuhaitz horrek?”.

Etxe atzeko penditzean zuhaitz negarti bilduma... [+]


Hiroshimakoa ez da bonbardatutako ‘ginkgo biloba’ bakarra

Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren biharamunetan Hiroshimako alkate Kazumi Katsui eta Iñigo Urkullu lehendakaria ikusi ditugu pala eskuan zuhaitz aldaxka aldatzen Bizkaiko juntetxearen ondoan. Bakearen aldeko eta gerrako sufrimenduaren kontrako mezu sinbolikoa.


Zuhaitzak gerraz gogoratzen dira

1944ko azaroaren 12an Tirpitz ontzi alemaniarra bonbardatu eta hondoratu zuten britainiarrek Norvegiako fiordoetan, argazkian ikusten den moduan.


2016-07-28 | Jakoba Errekondo
Kartzelan

Lisboara joateko asmorik baduzu, Basílica da Estrela bisitatu gabe ez alde egin. Basilikara bertara sartu beharrik gabe, ziztrinkeria bat ordaindu, eta kanpoko aldetik erantsita duen eskailera kiribileko 114 mailak igo. Basilika osoa terraza handi bat da, teilaturik gabe... [+]


2016-07-21 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen adorea

Zuhaitzen balorea etengabe berritu eta gogora ekarri behar izateko odola behar da! Halakoxeak gara. Kopeta galanta eta gibela zabal askoa izango ditugu berriz ere... Azalaren lodiera ez aipatzeagatik.

Azala ere ihartu zaio, ia erabat, zuhaitz erraldoi bati. Amorrazio... [+]


Eguneraketa berriak daude