“Dantza eszena zuritu edo edukiz hustu dela sentsazio orokorra da”

  • Azaroan estreinatu zuen bere lehenengo lana Nagore Tamayo dantzariak (Tolosa, 2000): Nondik abiatu inora izena du, eta Natalia Belén dantzariarekin batera gorpuztu du. Bere herrian egin dugu hitzordua, Zumardi Handian.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zergatik du dantzak horrenbesteko garrantzia zure bizitzan?
Intuitiboki, betidanik jarraitu dut dantzari lotuta, gustuz. Baina orain galdetuta, uste dut apropos jarraitzen diodala bide honi, gorputzarekin lantzen den harremanagatik edo dantzarekin gorputza tratatzeko den eragatik. Aurrekoan irakurri nion dantzari bati gizartea uste baino NPC-agoa dela –Non Playable Character; bideo-jokoetan usu erabilia den terminoa da, jolasteko erabili ezin daitezkeen pertsonaiak dira–. Bideo-jokoetako pertsonaiak bezala, mugimendu handirik gabeak gara. X edo Y erara mugitzen gara, zeozerengatik, eta horrek konnotazio batzuk dauzka sozialki. “Ohiko” gisa sailkatutako mugimenduak egiten ditugu, ez gaude gorputzari konektatuta. Askotan gizarteak mugatu egiten du nola mugitu behar zaren eta nola ez.

NPCaren ideia horrekin, orokorrean, esan nahi da deshumanizazio garai bat bizi dugula. Horregatik interesatzen zait dantza, gorputza eta mugimendua berrumanizatzeko balio duelako. Azken finean, gorputza eta mugimendua buruarekin, sentsazioekin, memoriarekin eta esperientziarekin lotuta dagoen zerbait da. Gorputz guztia konektatuta dago globalki, eta geroz eta garatuago egon haien arteko harremanak, orduan eta osoagoa edo aberatsagoa izango da esperientzia bakoitza. Lengoaia horren aukerak interesatzen zaizkit.

Zer transmititu daiteke dantzaren bidez?
Nire ustez, dantzak batez ere sentsazioak agitatu ditzake. Transmiti dezake mezu argi bat beste diziplina batzuekin harremanduta, edo dantza kokatuta oso testuinguru espezifiko batean. Baina ez da euskarri narratibo erabatekoa; horretarako balia daitezke antzerkia edo beste diziplina artistiko batzuk.

Oso interesgarria egiten zait gorputzen arteko harremanek esan dezaketena. Ez da berdina bi pertsonen arteko borroka edo besarkada bat ikustea. Edo bai, zeren derrepente transmititu dezakete halako, edo amankomunean zerbait eduki. Azkenean, ekintza fisikoak dira eta guregan eragina daukate. Gure buruak asoziazioak egiten ditu, eta hortik ere asko dago esateko. Hor kokatzen dut, nik behintzat, dantza: hizkuntza bezala.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Gorputzen arteko harreman horretatik, kontaktu inprobisazioarekiko interesa izan duzu. Zergatik?
Dantza ikasketak egiten ari nintzenean ezagutu nuen teknika hau. Arreta eman zidan, zeren nik txikitatik dantzatu dut pixka bat, nik nire gorputzarekin, eta jendea inguruan dantzan, baina beti ni nire erdigunean. Kontakt-en bilatzen dena da pisua partekatzea, elkarrekin dantza egitea eta besteak eragiten uztea. Ardura bat daukazu beste pertsonarekiko, eta besteak zurekiko ere bai. Teknika horrek baditu ideia batzuk oso nire interesekoak direnak, eta gerora, nire lehenengo proiektua Nondik abiatu inora sortzerakoan, ezinbestekoak izan dira.

Harremanaz eta konpromisoaz zer gogoeta eduki dituzue bikotean?
Norbaitekin dantzan ari zaren momentuan inplikazio eta konpromiso bat egon behar da. Natalia Belének eta biok lehenago ez genuen ia kontaktu inprobisaziorik egin, eta esanguratsua izan zen guretzat ikustea nola joan ginen gaitasun horiek garatzen. Proposamenak egiteko beldurrez hasi ginen, bestearengan gehiegizko konfiantza izatearen beldurra, gehiegi inplikatu nahi ez izatea... Baina elkar gehiago ulertuta, ausardia gehiagoz, eraiki ahalko genituela imajinatuko ez genituzkeen gauzak sortu ditugu. Elkarrentzako egotea zeinen garrantzitsua den gogoetatu dugu. Kontaktu inprobisazioan lanean ari zarenean, zure buruaz aparte bestearengan ere pentsatu behar duzu, arretaz jarraitu bere mugimenduak; eta noski, teknika ere hor dago, gorputzarena eta dantzarena, baina zerbait intuitiboa sortzen da: zu baldin bazatoz nire besoetara, eta hartu egin behar bazaitut, nire gorputzak erresolbituko du modu batera edo bestera. Ez baldin badut ere askorik pentsatzen nola nagoen, nola noan, nola jasoko zaitudan, nola egingo dudan... etorriko zara eta egingo dut. Teknikak erreminta izan behar du, eta intuizioak beti egon behar du hor. Askotan hain egoten gara arduratuta gure buruaz, ez garela gai ikusteko kanpoan dagoena edo kanpotik datorrena. Are, arrisku bat baldin badator, ez gara gai aurre egiteko, ez baldin bagaude begiak irekita.

Zer irudikatu duzue emanaldian?
Espoiler asko egin gabe kontatuko dizut: hasieran bi pertsona gara eszenarioan, bakoitza nahikotxo bere kabuz mugitzen, begirada oso zabalik eduki gabe eta noraezean bezala. Hemen gaude, “bizitzan gaude”, bagoaz, baina ez dakigu oso ondo ez nora eta ez zertarako. Eta proposamena da, pieza aurrera doan heinean, elkarrekin zerbait eraikitzea eta batez ere esploratzea zer egin dezakegun elkarrekin, bakarrik sekula egin izan ezingo genukeena.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Ezegonkortasuna ere landu duzue gorputzen bidez.
Bai, nahi genuelako guretik sortu. Eta esaten genuen: “Gu gara bi neska gazte, belaunaldi berri bat, ez dakigunak oso ondo nolakoa izango den gure etorkizuna, eta ezjakintasun horretatik abiatzen gara, zaurgarritasunetik”. Iruditu zitzaigun termino horiek egokiak zirela dantzara eramateko garaian, besteekin harremantzerakoan inportante zirelako. Zu baldin bazaude ezegonkortasunean eta noraezean, zaila da oso bestearekin harreman sendo bat eraikitzea. Orduan, nola abiatu gintezkeen ezegonkortasunetik, elkarrengana gerturatzen hasi, eta, pixkanaka, ezegonkortasun hori elkarrekin desagerrarazi.

Eraikuntza bide horretan zein kezka izan dituzue, eta zein zailtasun?
Maitasun istorio bat ematen zuela esaten ziguten, hori zen askotan jasotzen genuen feedback-a, eta horixe gure kezka. Ez genuen hori irudikatu nahi, ez zen bilatzen genuena, ez genuen hortik sortu. Nahi genuena gehiago zen elkar  lagundu nahi duten bi pertsona irudikatzea, elkarrentzat sostengu izan. Ezin al gara konprometitu pertsona batekin bikote afektibo izan gabe? Gure artean askotan komentatzen genuen: zer gertatuko litzateke bi beharrean hamar bagina, horrek zer aukera emango lizkiguke? Jada, ziurrenik, ez ginateke bi, baizik eta  talde bat ginateke. Baina hori da amets edo desira bat, oso zaila dena betetzeko, zeren orokorrean, dantza munduan, ez dago baldintzarik hain ekoizpen handiak aurrera eramateko.

"Gehiago sakondu beharrean, gauza asko proiektatu nahi izaten dira; hor badago zerbait oso salmentara bideratua dena

Nola ikusten duzu dantza garaikidearen panorama?
Iruditzen zait, eta komentatu izan dugu inguruko dantzari askorekin, gaur egun, beste arlo artistiko askotan bezalaxe, dantzan ere eduki ulerterraz bat eskaintzera bideratzen dela merkatua: azkarra, bisuala, arlo asko ukitu nahi dituena, berritzailea izan. Badaude borondate on eta proposamen interesgarriak aurrera eramaten dituzten artistak, baina orokorrean, dantzan gehiago sakondu beharrean, gauza asko proiektatu nahi izaten dira. Hor badago zerbait oso salmentara bideratua eta gainazalean gelditzen dena.

Gertatu izan zait dantza emanaldi bat ikustera joan eta oso indiferente ateratzea antzokitik. Eta niri horrek amorrua ematen dit. Iruditzen zait derrota bat dela. Dantzak eta oro har arteak bai mugiarazi behar dizula, pentsarazi edo sentiarazi zerbait. Emanaldi bat ez bazait gustatu, ba ez zait gustatu; eta badakit zergatik ez zaidan gustatu, hau edo bestea sentitu dudalako. Baina nola da posible ezertxo ere ez sentitzea?

Dantza garaikidea XX. mendean sortu zen, transgresio puntu batekin, zerbaiti erantzuteko arduraz, zerbait ez zelako ari esaten, proposamen batzuk falta zirelako eta dantza ulertzeko, sortzeko edo publikoarekin harremantzeko era bat falta zelako. Egia da oso garai mugituak izan zirela bai sozialki eta bai politikoki, eta horrek, noski, eragina izan zuela artean, artea egiteko momentuan zeuden ezinegonetan, nahietan eta jarreran.

Orain oso garai despolitizatuak bizi ditugu eta dantzan ere nabari da. Sentsazio orokortu bat da dantzaren eszena zuritu edo epeldu dela nolabait, edukiz hustu-edo, batez ere azken hamarkadetan. Panorama, orokorrean, ez bakarrik dantzan, bideratuta dagoelako salgarria izango den produktu bat sortzera. Eta hor, azkenean, gertatzen da artea entretenimendura mugatzen ari dela. Horrek ez du esan nahi ez daudela bestelako proposamen mota batzuk, eskema horretatik ateratzen direnak, baina ez dute bizitza oparo bat, ez baita ohikoa eduki ez hain komertzialak programatzea. Egin behar duzu produktu bat salmenta izan dezakeena. Eta hala ere, dantza proposamen batek ibilbide luze bat izatea ez da batere erraza.

"Gertatu izan zait dantza emanaldi bat ikustera joan eta oso indiferente irtetea antzokitik. Nola da posible ezertxo ere ez sentitzea?"

Zein dira gaur egungo sisteman dantzari izatearen zailtasunak?
Gure piezan aipatzen dugun bezala, ezegonkortasuna oso nabaria da, eta orokorrean derrigortuta gaude autonomo izatera. Oso dantzari gutxi daude nomina bat jasotzen dutenak hilero. Gehienetan ekoizpenka egiten da lan: produkzio bat egin eta hori saltzen duzu, eta betiere dirulaguntzen menpe. Sormen prozesua aurrera eramateko mugak oso ohikoak dira, besteak beste, lotu behar dituzulako dantzari guztien ordutegiak, tamalez ezin garelako egon proiektu bakar batean lanean. Ohikoa da lan paralelo bat edo gehiago edukitzea, eta horrek antolaketa eta prozesua asko zailtzen du. Edota prozesu batean egoten zara ez dakit zenbat denbora eta gero egiten dituzu agian lau emanaldi. Ez dago aukera handirik bizitza oparo bat emateko sorkuntza bakoitzari.

Tokatzen da boterea daukatenekin, zuzendariekin eta abarrekin harremantzea, eta erakutsi behar izatea jarrera bat gustatuko dena. Adibidez, azkenaldian asko entzuten dudan zerbait da audizio batera joan eta eskatzen zaizula pertsonalitate handia: bilatzen dute pertsona bat “errebeldea”, “ahaldundua”… Badirudi egin behar duzula dena. Iritsi eta inguru guztia jan, nabarmendu eta super segurua izan, atentzioa deitu. Gaur egun erokeria iruditzen zaigu balletean eskatzen ziren kanonak eskatzea, argaltasun muturrekoa eta abar; ordea, dantza garaikidean, beste forma batzuen bitartez bada ere, badaude batzuetan halako kanon moderno batzuk, lehiakortasuna eta zenbait estereotipo mantentzen dituztenak. Inor ez dago industriatik salbu.  

Gai potoloak dira dantzari bezala gorputzarekiko presioa izatea, istripuak edukitzeko beldurra, zahartzea bera…
Dantzariak ez du baja hartzeko aukerarik, oso zaila da. Hortaz, lesionatu eta ezin dantzatu ahal izatea da eten bat, luzeagoa edo motzagoa, ondorio asko ekarri ahal dizkizuna. Eta aipatzen zenuena, hala da: oholtzan ikusten diren gorputzak, orokorrean, gazteak dira. Asko gertatzen da zahartzen zoazen heinean oholtza utzi eta kanpoan jartzen zarela, gehiago koreografo moduan. Horrek aukera bat gehiago izan beharko luke, ez derrigorki egin behar duzun zerbait, zure gorputza jada ez delako erakusgarri edo jendeak goza dezakeen zerbait. Esperientziadun gorputzek, nire ustez, asko daukate esateko.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Nola aldatu beharko lirateke gauzak? Zer beharko litzateke?
Oso zaila egiten zait eszenario ideal bat irudikatzea kapitalismoan bizi garen bitartean. Beti emango dira aipatu ditugun dinamika ugari horiek, eta dantzatik oso gauza konkretu batzuk bilatuko dira, modu batera edo bestera. Hasi gaitezke sektoreko langileok saretzen. Beti daukat sentsazioa bakoitzak asko duela esateko, norbera bere kabuz asko kexatzen dela, baina gero ez dugula komunean jartzen. Eta beste askotan, are gehiago, mehatxu izan daitekeela. Uste dut badagoela aldaketak ezin gauza daitezkeenaren sinesmena, besteekiko beldurrean mantentzen garela eta horrek zailtasunak ekartzen dituela aldaketak eman ahal izateko.

Ezinbestekoa da gure lana egonkortu ahal izateko baldintzak sortu ahal izatea. Oso garrantzitsua da programatzen den dantza ez izatea soilik programatuko zaituen instituzioaren gustuen edo interesen araberakoa. Zure sorkuntza prozesuak ez luke egon behar aurrez determinatua, saldua izateko. Arte adierazpen bakoitzak bere lekua izan beharko luke. Eduki beharko genuke artea gure erara egiteko askatasun minimoa, soilik besteentzako sortu ordez.

Dantza programatu behar da. Oso noizean behin eginez gero, jendea nekez etorriko zaizu; geroz eta gehiago programatu eta eskaintza zabalagoa eskainita, jendea gehiago interesatuko litzateke. Jendea ez duzu magikoki aterako tabernatik edo bere etxeko txokotik antzokira joateko, uste dut aukerak eman behar zaizkiola ikuslegoari gerturatu dadin. Baina dantzak ez luke izan behar museoko artelan bat bezalakoa, antzokian bakarrik gertatzen dena. Dantzari asko frustratzen gara jendea ez datorrelako dantza ikustera, baina nik uste, askotan guk ere egin beharko genukeela ariketa, antzokitik atera eta jendearengana gerturatzeko. Arteak gizartetik gertu egon behar du. Hala ere, ezin da ukatu artearekiko eta konkretuki dantza garaikidearekiko sentsibilitate, interes eta jakintza oso mugatuak daudela gizartean. Kulturalki, beste adierazpen mota batzuekiko interesa badago. Baina horregatik eman behar dugu guk lehen pausoa, nire ustez, interes hori sorrarazteko eta egiten dugun horretan sinesteko, ez baitu beste inork gugatik egingo. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza garaikidea
2024-09-03 | dantzan.eus
Dantza garaikideko konpainien agertoki Gipuzkoako Larraul, Mutiloa eta Altzo herriak

Dantza garaikidea landa-inguruneetara zabaltzeko asmoz iraileko hiru asteburutan lantegi eta emanaldiak izango dira Gipuzkoako Larraul, Mutiloa eta Altzo herrietan. LABO GEO (Gorputza eta Ondarea) ekimenaren baitan antolatu dira saioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan... [+]


2023-03-09 | dantzan.eus
Yauzkari dantza konpainiaren dokumentu-funtsa jaso du Eresbilek

Yauzkari dantza taldearen koreografia, bideo eta programa batzuen argazkiak jaso ditu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak. Yauzkari Jose Lainez eta Concha Martinez donostiarrek 1980an sortutako dantza garaikideko konpainia izan zen, egoitza Iruñean zuena. Dantza... [+]


‘Laminosine’ ikuskizuna eskainiko dute Oztibarreko nerabeek Zarautzen

Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeak Laminosine ikuskizuna sortu du. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz, hamahiru nerabek kontakizun eta pertsonaia mitologikoak taularatzen dituzte, antzerkiari eta ipuinari ere tokia eginez. Lehen hiru saioak Ipar Euskal Herrian... [+]


2022-12-07 | ARGIA
Moor Krad dantza ikuskizuna estreinatuko dute ostiralean Arriaga Antzokian

Ertza dantza konpainiak Aitor Zabaleta dantzari eta koreografoaren Moor Krad lana taularatuko du lehen aldiz ostiralean, Bilboko Arriaga Antzokian. Gure baitan "guztiok gordetzen dugun itzal hori" da obraren ardatza.


Lucia Lacarra. Balleta bizitza egina
“Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari”

Nazioartean diren sari behinenak jasoa da dantzaria. Haatik, profeta ere izan da bere herrian, eta Euskal Herriak ere ohoratu du, Zumaia jaioterriak bezainbat. Munichetik etxera etorrarazi zuen pandemiak, eta bi ikuskizun ditu etxeratzearen ondorio.
Gure kulturaren... [+]


2018-10-17 | dantzan.eus
Indarkeria ardatz hartuta, Bilboko antzerki eta dantza garaikide jaialdia hasiko da asteazken honetan

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdia urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da dantza eta indarkeria lotuz. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza... [+]


2017-01-17 | Arabako Alea
Danzalava jaio da, dantza garaikidea sustatu eta zabaltzeko ekimena

Lantegiak, koreografia erakustaldiak eta euskal koreografo gazteen topaketa egingo dira, ekainera bitartean.


2014-06-05 | Myriam Garzia
NATXO MONTERO
Lugorri utzitakoaren sentipena

Maitzaren 14an Barbecho dantzalan garaikidearen aurrestreinaldia eskaini zigun Natxo Montero bilbotarrak, Arriaga Antzokian. Harekin Laia Cabrera antzezle eta dantzari kataluniarra aritu da sormen prozesua bera ardatz duen obra honetan. Gelatxoak programak lagundu du... [+]


Gernika Lemoizen
Mikel Laboaren esperimentazioa esperimentazio iturri

Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin bat estreinatuko da Gernika Lemoizen. Mikel Laboaren Lekeitioetako bat Lemoizko testuinguruan lekututa interpretatzen duen dantza flamenko garaikidea du ardatz bideo honek, eta zuzeneko emanaldi berezi batez eman nahi zaio hauspoa. 40... [+]


Marina Ruiz
"Gorputza, mugimendua eta espazioa dira nire baliabideak"

Dantzari eta koreografo da Gasteizen. Horrekin batera, hizkuntza politika eredugarria du euskaldunberri zahar honek. Natural-natural nahi du dena.


2014-02-19 | Myriam Garzia
Dantza Garaikidea
Muelle 3n, programazio formula berrien bila

Muelle 3 dantza eskolaren baitan, Horman Poster, Olatz de Andres eta Ruemania konpainiek komunikazio egitura bat osatu dute. Dantza garaikideak publiko zabalera iristeko dituen oztopoak gainditu nahi dituzte elkarrekin. Matxalen de Pedro (Horman Poster), Olatz de Andres eta... [+]


2013-08-27 | ARGIA
Malandain Balletak irekiko du Miarritzeko ‘Maitaldia’

Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren 23. edizioa irailaren 6tik 15era bitartean egingo da. Parte hartuko duten 30 konpainien artean Olivier Dubois, Fêtes Galantes eta egitaraua irekiko duen Malandain Balleta daude.


2013-06-10 | Lander Arretxea
Publikoari Gorroto antzezlanarekin amaituko da Eztena jaialdia

Ekainaren 13an hasiko da Oreretako Eztena antzerki eta dantza jaialdia. Hiru egunez, hamahiru taldek hartuko dute parte Mikelazulo elkarteak antolatu duen ekimenean. Laugarren edizioa da aurtengoa eta hainbat disziplina bilduko ditu: antzerkia, txontxongiloak, bakarrizketak,... [+]


Eguneraketa berriak daude