“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

  • Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu Hwei-Ru eta Len Tsou senar-emazteak: brigadista haietako bakoitzaren memoria berreskuratzeko lanean ari dira.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Hwei-Ru Tsou (Txina)

Txinan jaioa, oraintsu 70 urte. Txinatik Taiwanera lekualdatu zen Hwei-Ru Tsou eta, hurrena, unibertsitate ikasketak egitera, AEBetara jo zuen; bide bertsua egin zuen senarrak. Kimikaria Hwei-Ru, ingeniaria Len Tsou, doktoratu, eta bertan gelditu ziren lanean, New York estatuan. Hantxe bizi izan ziren erretiroa hartu, eta San Frantziskora (Kalifornia) lekualdatu ziren arte. Hantxe egin zuten topo beren ikergaiarekin eta idatzi zuten, txineraz, 2001ean, Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuten brigadista txinatarrei buruzko lana. Gaztelaniazko itzulpena du: Los brigadistas chinos en la guerra civil. La llamada de España (1936 – 1939) [Txinako brigadistak gerra zibilean. Espainiaren deia (1936-1939) - Los libros de la catarata, 2013].

Euskal Herrian izan zaituztegu...
Begoren [Ariznabarreta Orbea] aita Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zen eta, inondik ere, hainbat gauza idatzi zituen. Begok kontatuta dakigu, pandemia urtean hainbat dokumentu aurkitu zituztela etxeko ganbaran. Aita hilik zen ordurako, eta, ezustean, koadernoak eta beste agertu zitzaizkien. Haietan, Begoren aitak gerrako gorabeherak kontatzen zituen, hainbat izen ere idatzirik ematen zituen, eta, tartean, harrigarriro, txinatar batena: Aking Chan brigadistarena.

Xangai, alegia.
Baina Aking Chan zuen izena, izen horrexek ez bestek balio du guretzat. Informazioaren garrantziaz oharturik, Begok aitaren ibiliari buruzko artikulu sendoa idaztea hartu zuen asmotzat eta, horretan ari zela, guk idatzitako liburuaren berri izan zuen. Gure lana gaztelaniara itzuli zuen itzultzailearen bidez, gurekin harremanetan jartzen asmatu zuen, Aking Chan eta bere aitaren historia gurekin partekatzeko. Estimatzekoa. Horrexek ekarri gaitu Euskal Herrira.

Begok berak kontatu zigun egindako bidea... Zuenaren berririk ez dugu. Eta, hala ere, Begok esanda dakigunez, zu zeu kimikaria zaitugu, eta Len zure senarra, berriz, ingeniaria. Alegia, ez historialari, ez antropologo, ez gisakorik. Eta, are, txinatarrak zaituztegu, baina estatubatuarrak aspaldi.
Zuzen ari zara. Zientzialariak gara, zorroztasuna behar da zientzian, eta saiatuko gara zure galderari atalka erantzuten. Egia da, esate baterako, askok bizi duela harridura hori, alegia. Oroz lehen, jakin nahi izaten dute zer dela-eta sartu ginen gu saltsa honetan. Gure lagunek ere, Len eta biok gai honi buruzko ikerketan murgildu ginela jakin zutenean, ezin sinetsi zuten. “Baina, zer dela-eta ari zarete horretan? Brigadista txinatarrak Espainiako Gerra Zibilean?”.

Horixe nire galdera...
Zure galdera, gure lagunena, eta Espainiako gerra hartan parte hartutako brigadista europarren edota estatubatuarrena. “Baina, arao eta birao! Zer dela-eta?! Nondik datorkizue interesa?”. Ez zuten ulertzen bi zientzialarik gaiari buruzko interesik izatea.  Baina brigadista txinatarrek Espainiako Gerra Zibilean egin zuten historia liluragarria da. Esan behar da gerra hura ezohikoa izan zela. Jakina, zernahi gerratan ohi denez, era guztietako desmasiak egin zituzten batzuek eta besteek, baina garaia historikoa zen, hura nazioarteko faxismoaren kontrako borroka ere bazen –hortxe Alemaniako eta Italiako totalitarismoak–, eta munduko lau ertzetako 40.000 boluntariok Espainiara bidea hartu zuten.

Faxismoaren kontrako borroka zen zio, beraz.
Ez dudarik izan! Boluntario haien artean, hainbat txinatar borrokatu ziren. 50en bat izango ziren, guk zorroztasunik handienaz bildutako datuek erakusten digutenez. Urteak daramatzagu lanean, halako batean 1986an –Espainiako Gerraren 50. urteurrenaren karietara–, AEBetako [Abraham] Lincoln Brigadak argitaratutako publikazio bat esku artean hartu genuen. Brigada hartako kideek –estatubatuarrak, gutiz gehienak–, osatutako argazki-albuma zen eta, tartean, eta ezustean, hiruzpalau izen, txinatar itxurakoak. Segituan, bata bestearen ondotik etorri zitzaizkigun galderak.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC-SA

Zer galdera, alegia?
Nor eta nor ziren txinatar haiek? Zer dela-eta joan ziren Espainiako gerran borrokatzera? Nondik joan ziren? Txinatar gehiago ere izan ote ziren gerra hartan? Zenbat izan ote ziren denera?… Galderak bai, erantzunik ez, ordea, eta, jakin-min handiz, ikertzeari lotu gintzaizkion senarra eta biok. Baina, laster ohartu ginenez, ez zen gauza erraza. Nahi beste liburu eta publikazio idatzi dira nazioarteko brigadei buruz, baina besterik da txinatar soldaduez okupatu den argitalpenez. Bateko eta besteko artxibategiak arakatu, eta orduan ez genuen ezer aurkitu. Eta, ezinbestean, ahozko lekukotasunak biltzea erabaki genuen.

Nondik hasi zineten lekukotasunak biltzen, ordea?
Zoria zer den! New York Estatuan egin genuen biziko lana, eta gero Kaliforniara erretiratu ginen, San Frantziskora. Iragan mendeko 1980ko hamarkadako kontuak dira. AEBek Latinoamerikako herrialdeetako politikan interbenitzea ez da bart arratseko afera, estatu-kolpeak eta errepresioa sustatzea, gobernuak ezegonkortzea eta beste. Gogoan dut interbentzionismo horren kontrako kaleko manifestazioetan parte hartu ohi genuela senarrak eta biok, eta beti hantxe ikusten genituela gerrako beterano batzuk, Lincoln Brigadaren banderak airean. Adineko jendea zen, ordurako, baina hantxe ziren beti, manifestazioetan, duintasun handiz desfilatzen. Hurrena, brigada haren publikazioa ikusi genuenean, arretaz aztertu genuen.

"Bigarren Mundu Gerrarik ez zatekeen izango Mendebaldeko potentziek, urte batzuk lehenago, italiar-germano faxismoari aurre egitea erabaki izan balute”

Zer zen publikazio hori?
Espainiako gerraren 50. urteurreneko argazki-albuma. Brigadako kide izandako guztien zerrenda zekarren eta, tartean, hiru izen txinatar itxurakoak irakurri genituen. Harrigarria iruditu zitzaigun, Espainiako gerraren sasoian Txina bera gerran baitzegoen, 1931z gero, Japoniaren kontra. Alegia, Txina Japoniaren erasoari eutsi nahi eta ezinean gorriak ikusten ari zen garaian, dena beharrean zenean, zenbait txinatar Espainiako gerran ari ziren borrokan! Hortaz, hor bazen zerbait, ez zen erraz ulertzen. Deigarria zen. Eta galdezka hasi ginen.

Nori, ordea?
Lincoln Brigadako kideei, manifestazioetan ikusten genituenei! Haien bidez, brigadako bi beteranorekin hitz egitera heldu ginen, eta gerran bi brigadista txinatar ezagutu zituztela esan ziguten. Hori ez ezik,  txinatar haien argazki bat eta sinadura bat zeuzkaten gordeta. Alegia, horrek tolesik gabe erakutsi zigun brigadista txinatarrik izan zela Espainiako Gerra Zibilean. Bitartean, dena den, hamaika gutun idatzi genituen batera eta bestera, galdezka. Eta, halako batean, San Frantziskoko [Kalifornia] Chinatowneko historialari baten erantzuna jaso genuen, esanez gerra garaian zenbait egunkari txinatarrek –baina AEBetakoak, New Yorken publikatuak–, brigadista txinatarren albisteak eman izan zituztela eta, are, zortziren izenak ere ipini zituztela kazetan!

Bidea egin zenuten, horratik!
Lincoln Brigadakoek beren liburua argitaratu zuten urte berean [1986], bibliotekak-eta aztertzen hasi ginen, Espainiako Gerra Zibilari buruzko liburu zaharren bila. Asteburuetan, berriz, New York Hiriko Strand liburu denda handira. Berdin: Espainiako gerrari buruzko liburu guztiak hartu, eta banan-banan aztertzen ematen genituen orduak. Hurrena, 1988an, Len, Bartzelonara joan zen Lincoln Brigadako zenbait kiderekin. Nazioarteko biltzarra-edo zen, eta Lenek, Lincoln Brigadakoen bitartez, biltzarreko buru Steve Nelsonekin hitz egin zuen, zertan ari ginen adierazi zion, eta hark, biltzarkideei jakinarazi zien brigadista txinatarren gaineko informazioa biltzen ari ginela, eta dei egin zien, inork ezer jakitekotan, gurekin harremanetan jartzeko. Saio hura bukatu orduko, bi pertsona etorri zitzaizkion Leni, bi brigadista txinatar ezagutu zituztela esanez. Inmunizazio-agiria eta argazki bana zeuzkaten gordeta. Hurrena, bideo bat ere bazela jakin genuen, eta ikusi ahal izan genuen, jakina. Hasi ginenetik ez diogu utzi gaia ikertzeari.

"Begoren aitak lau urte egin
zituen Miranda Ebroko esparruan eta, Aking Chanek, berriz, sei”

Hariari tiraka eta tiraka ari zarete joan den 40 urtean!
Bai. Batean, boluntario txinatarren senideak lokalizatu ditugu. Bestean, AEBez kanpoko  zenbait beterano, brigadista txinatarrak ezagututakoak. Zenbait kasutan, ez zituzten bertatik bertara ezagutu, baina haien gaineko materiala zuten, argazki, agiri edo dena delako. Batzuek, brigadista txinatar gehiago lokalizatzen lagundu digute –haien gaineko informazioa emango zigun jendea, esan nahi dut–, edo bestelako informazioa biltzen. Munduan barrena ibili behar izan dugu, jendearekin hitz egiten edota artxibategiak aztertzen. AEBak, Herbehereak, Paris, Londres eta Espainiako [Salamanca, Avila, Madrid] hainbat artxibategi arakatu genituen. Eta, egoera samurtu zenean, baita Moskukoak ere! Diren eta ez diren dokumentu guztien bila ibili gara, eta gabiltza, brigadista txinatarren atzetik.

Argazkia: Bego Ariznabarreta

Noizbait, brigadistek alde egin behar izan zuten Espainiatik...
Nazioarteko brigadari dagokionez, 1938aren amaiera aldera alde egin zuten. Ondoko urteko urtarrilean, matxinatuek Bartzelona hartu zuten. Otsailean, Ingalaterrak eta Frantziak Francoren erregimena errekonozitu zuten, eta martxoan, berriz, errepublikarrek Madril utzi behar izan zuten. Apirilaren lehenengoan kito zen gerra Espainian, eta hasi zen Europan. Handik bost hilabetera Hitlerrek Polonia inbaditu zuen, eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. 50 milioi pertsona hil zirela esaten da, eta, inondik ere, Bigarren Mundu Gerrarik ez zatekeen izango Mendebaldeko potentziek, urte batzuk lehenago, italiar-germano faxismoari aurre egitea erabaki izan balute.

Hitz beste eginez, Hwei-Ru, arestian esan diguzu munduan barrena ibili zaretela. Ibilera horren barruan da Euskal Herrira etorri izana?
Bai. Bego [Ariznabarreta Orbea] gurekin harremanetan jarri zenean, Aking Chani buruzko informazioa zuela esan zigun, aitak Aking Chan ezagutu zuela, koadernoetan hau eta hura kontatzen zuela. Eta horrela etorri gara Euskal Herrira, Bego ezagutzera, Gernika ikustera eta, jakina, Begoren aitak [Luis Ariznabarreta Zubiaurre gudaria] idatzitakoa bertatik bertara ikustera. Pandemiaren urtean, dena e-postaz bidali zigun, baina geure begiez ikustea besterik izan da.

"Chan 1943an askatu zuten, baina Francok agindua emana zuen preso liberatu guztiek herrialdetik alde egin behar zutela 24 orduko epean. Nonbait, Aking Chanek Frantziara egin zuen"

Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruan izan ziren bi lagunak, Ariznabarreta eta Aking Chan...
Begok esanda jakin genuen. Biak preso hartu zituzten [1937ko urriaren 20an, Trubian, Asturiasen], eta Begoren aitak lau urte egin zituen Miranda Ebroko esparruan eta, Aking Chanek, berriz, sei. Biek lan bortxatuak egin behar izan zituzten. Chan 1943an askatu zuten, baina Francok agindua emana zuen preso liberatu guztiek herrialdetik alde egin behar zutela 24 orduko epean. Nonbait, Aking Chanek Frantziara egin zuen. Baina askoz gehiagorik ez dakigu, oraingoz. Baliteke inoiz gauza gehiago jakitea. Ezin aterik itxi.

Zertzuk ikusi dituzue Euskal Herrian izan zareten bitartean?
Hainbat gauza! Bego ikaragarri saiatu da, programa betea osatu digu. Martxoaren 3ko memoriala [Gasteiz], Gernika, Miranda Ebroko esparrua, desobiratzeak [Aranzadi Elkartea, Saibigain, Urkiola], Antso Jakituna fundazioa... Begok bazekien zer nahi genuen, gogo turistikoa gabe, interes historikoa genuela. Jakina, Aking Chan zen gure lehentasuna, eta, hortaz, Miranda Ebroko esparrua bisitatu nahi genuen, Aking Chan preso eduki zuten tokia. Momentu berezia izan zen. Monumentu bat jarria dute, eta baso bat ere osatu dute: zuhaitzetako bat Aking Chanen memoriakoa da! Hala ere, nik esatera, Miranda Ebroko esparrua bisitatzea bezain hunkigarria izan zaigu Gernikan ibiltzea.

Esan zidan Begok, bisita hori ere berezia gertatu zitzaizuela...
Gernika bihotzean daramagulako. Eta nola ez! Gazaren aldeko manifestazioetan parte hartzen dugunean ere, presente dugu Gernika. Gure banderatxoak ez dio gezurrik: “Gernika 1937 – Gaza 2023 - 2025”. Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika, batera daramatzagu biak gure gogo-bihotzetan.
 

Hwei eta Len Tsou senar-emazteak Gernikan. (Argazkia: Bego Ariznabarreta)
Lehen planoan Bego Ariznabarreta eta Hwei- Ru eta Len Tsou, Martxoak 3ko memorialean, Gasteizen, memorialeko kideekin.

Francok aukerarik ez

“Francok estatu-kolpea jo, eta ia lau egunean indar errebeldeek lurraldearen herena okupatu zuten. Hala ere, kontra altxatu zen herria. Francok eliteko tropak zituen Marokon, baina Gibraltarreko itsasartea igarotzeko modurik ez zuten. Alemaniaren Madrileko enbaxadatik ere halako mezua bidali zuten Berlinera: ‘Apartekorik gertatzen ez bada, Francok ez dauka irabazteko aukerarik”

Alemania, Italia

“Hitlerrek airekoak bidali zizkion Francori, Afrikako tropak penintsulara eramateko. Berdin jokatu zuen Italiak, eta bi herrialdeek soldaduak, tankeak, airekoak eta kanoiak bidali zizkioten Francori. Horrek erabat irauli zuen egoera. Irabazteko aukerarik ez izatetik, gerra garaitzera egin zuen jeneral errebeldeak”.

Ingalaterra

“Frantziak armak saldu nahi zizkion Errepublikari, baina Ingalaterrak ezetz esan zion, eta Europako herrialde gehienek Esku ez hartzeko ituna sinatu zuten, Alemania, Italia eta Sobiet Batasuna barne zirela. AEBek, ‘neutraltasunari’ eutsi zioten. Paper errea izan zen, dakigunez. Alemaniak eta Italiak ez zuten bete, eta Ingalaterrak Gibraltarreko komunikazio-sarea erabiltzen utzi zion Francoren armadari. Errepublikaren gobernua, aldiz, eskuak loturik zegoen, Esku ez hartzeko ituna medio”.

AZKEN HITZA

AEBen neutraltasuna

“Texacok nahi beste petrolio saldu zion, kreditu bigunetan, Francori. General Motors eta Fordek, milaka kamioi. DuPont [de Neumors] enpresak, hainbeste obus. AEBen neutraltasuna? Zer neutraltasun?”.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude