Elkarri begira ez, elkarlanean

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oldarraldia ari du EAEko administrazioa euskalduntzeko erabakien aurka, berriz ere, enegarren aldiz. Oraingoan berrikuntza eta guzti, espainiar epaitegiak eta alderdi eta sindikatu antieuskaldunak elkarlanean ari baitira. Ez dira izan akats tekniko-juridikoak zuzentzeko asmoz abiatutako ekinbideak; oinarri politikoa duten erasoak dira, autonomia mainguari emandako aizkorakadak. Horrek are argiago uzten du Espainiarekiko independentzia lortu beharra, horretara jarri behar dugu berandu baino lehen. Edonola, bitartean, abertzaleon esku dauden erakundeetan saiatzea dagokigu, elkarri begira egon gabe, murruekin talka egin arren, erakunde horien erabakiak ere baliatzeko euskaldunok euskaraz bizi ahal izan gaitezen. Zeren, bestela, zertarako parte hartu erakundeetan?

Bi alderdi abertzaleen ekinari esker, Udal Legearen oinarriak prest utzi ziren, tartean administrazioak euskaraz lehentasunez jarduteko neurriak ere

Hain zuzen ere, 2014an, Gipuzkoako Foru Aldundian ginela antolatutako Euskararen Lehentasuna jardunaldian, Iñaki Agirreazkuenaga legelariak gogorarazi zuen epaileek baliogabetu egin ditzaketela arauak, baina ez hala legeak. Horregatik, azpimarratu zuen egitekoak hemen ditugula, Eusko Legebiltzarrak eskumena baitu legeak egiteko. Agintaldi hartan, bi alderdi abertzaleen ekinari esker, Udal Legearen oinarriak prest utzi ziren, tartean administrazioak euskaraz lehentasunez jarduteko eta hirigintzak euskararen erabileran duen eragina malgutzeko neurriak ere. Ez zen lankidetza eredu bete-betea izan, baina erakutsi zuen nahi izatera abertzaleok baginela euskararen aurrerabidearen alde jarduteko gai; gerora, Hezkuntza Legearekin gertatu ez bezala.

Bada lankidetzarako aski gai. Erasopean diren euskara eskakizunen harira, adierazia du Kontseiluak Funtzio Publikoko Legea egokitu beharra dagoela; zer esanik ez Euskararen Legea. Bestalde, hor dugu Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen araua, PSEk zikiratua, baina EAJk bere onera ekarri gabea, oraindik. Era berean, Eragin Linguistikoen Ebaluazioen eredua hiriburuetarako egokitu beharra dago, Donostiako Udalak Añorga Txikiko hirigintza egitasmoan erakutsi baitu araua funtsik gabe uzteko moduko erabilera egin daitekeela. Bide beretik, bada zereginik udalak euskalduntzeko lanean ere, hala nola Euskara Ordenantzak gainerako ordenantza eta arauekin uztartzea, eta horietan jasota dauden hizkuntza irizpideak betearazteko tresnak, baliabideak eta protokoloak ezartzea. Beraz, alderdi abertzaleok, elkarri begira egoteko baino elkarlanean aritzeko garaia dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude