Gauzak ulertu nahian segitzen dut, baina ez dakit konpainiarik onena aukeratu dudan: Jean-Paul Sartreren Zer da literatura? leitzen pasa ditut azken egunak eta, tira, lehenik eta behin esan behar da, izenburuak iragartzen duena gorabehera, liburua amaitu ondoren hasi zenuenean bezala geratzen zarela, hitz idatzien artea zertzeari dagokionez behintzat. Eta hala ere –geroxeago esplikatuko ditudan arrazoiengatik–, aurkitu diot bere puntua.
Espektatiba handirik gabe ekin nion gainera, ze aber, nik eduki nuen nire bolada sartrearra, gutxi gorabehera hasi zena Goragalea irakurri nuenean (Alberdania-Elkar, 2003; Monika Etxebarriaren itzulpena) eta ttur-ttur jarraitu zuena –arraioa, orain sinestezina egiten zait– Izatea eta ezereza jateraino, zipitzik ulertu gabe, hori bai. Gero etorri zen Joxemari Iturraldek Gara-ren Mugalari gehigarrian idatzitako artikulu bat, kontatzen existentzialismo frantziarraren aitapontekoak alemanen okupazio garaian izandako jokabide ez oso eredugarri batzuk –artikulugintzaren zera honekin gourmet samarrak direnentzat, Kaleidoskopioa antologian (Pamiela, 2012; Aritz Galarragaren edizioa) daude jasota horietako asko, hau ez ordea–; eta, tira, esan liteke hor pintxatu zitzaidala globoa.
Baina hara, Sartre berriz esku artera erori eta, hitzaurretik, 1948an publikatutako liburuak gaur goizean eskribitutakoa dirudiela konturatu. Sare sozialak eta prentsa digitala baino puska bat lehenago, ez dabil ba tipoa kexaka, testuok Les temps modernes hilabetekarian argitaratu zituenean jasotako erantzunengatik: “Zenbat ergelkeria! Azkar irakurtzen da, gaizki, eta ulertu baino lehen epaitzen da” –joder Jean-Paul, eskerrak ez zeneukala blog bat–.
Interesgarriena, dena den, bere belaunaldiaren juxtu aurrekoaz –Jean Prévost, Pierre Bost, André Chamson, André Beucler– dioena iruditu zait: nola euren obrak, jende xumeen istorioak, problema sozialak erakutsi arren heroirik edo biktimarik ez zutenak; eta oinarri gisa zituztenak “humanismo diskretu” bat, esfortzuaren kultura eta erreformismo politikoa; nola autore eta liburu horiek mapatik ezabatu zituen II. Mundu Gerrako katastrofeak. “Horrelako garaietan”, dio Sartrek, “gizakia Epikurori edo estoizismoari begira jartzen da (…) edo laguntza eskatzen die indar irrazionalei, eta beraiek aukeratu zuten beren arrazoimenaren muina baino urrunago ez ikustea”.
Milei eta Musk motozerrarekin ikusi dituenak –azkenaldiko adibide ugarien artean bat ekartzeagatik–, erraz ulertuko du “indar irrazional” horien aipamenak gogora ekarri didan errima historikoa. Baina liburu-dendetan osteratxo bat egiteko ohitura daukanari ez zitzaion eskapatuko epikureismoa eta estoizismoa ere moda-modan daudela. Desastre berrientzako sendagaiak, desastre zaharrentzakoen antzeko parekoak.
“Historikotasuna gugana itzuli zen”, dio aurreraxeago. “ukitzen genuen guztian, arnasten genuen airean, irakurtzen genuen orrialdean, idazten genuen hartan, maitasunean berean, historiaren gustu moduko bat aurkitzen genuen, alegia, absolutuaren eta iragankorraren arteko nahasketa garratz eta anbiguo bat”. Hum. Ezagun samarra hori ere.
Aktualetan aktualena, dena den, beste aipu hau iruditu zait: “Dena dago galduta aukeratu nahi badugu gerra prestatzen ari diren potentzien artean (…) Benetan egiten al da Historia emandako multzoen artean aukeratuz, eman dizkigutelako bakarrik, eta haien artean indartsuenaren alde lerratuz?”. Ia 80 urteren ondoren, galdera hori –erretorikoa, bistan denez–, berreskuratu beharrean gaude, amildegira eramango ez gaituen iritzi publikoa nahi badugu behintzat.