Esku odoltsu bat sinbolo gisa erabilita, iazko azaro bukaeratik ustelkeriaren aurkako mobilizazio erraldoiak egiten ari dira Serbian, “blokada” izenpean, azken garaietan Europa zaharrean ikusitako handienak. Asanblearioak, masiboak, ideologiarik gabekoak... Bertatik, ARGIAk mugimendu espontaneo honen inguruko nondik norakoak ezagutu ditu.
Belgradeko Despota Stefana hiribidean barrena, autobusak ustekabeko geldialdia egin du. Ohiko bilakatu den erritualari jarraituta, ikasleek hiribidea moztu dute. Bidaiariak autobusetik jaitsi eta blokeatutako eremua gainditzen saiatu dira, beste autobus bat hartzeko asmoz eta bidea jarraitu ahal izateko. Kexa gutxi entzuten zaie ordea, eta elkartasun handia erakutsi diete manifestariei: “Ikasleek arrazoi dute, herrialde ustel batean bizi gara eta borrokatu egin behar da hau aldatzeko”, dio haserre andre batek.
Bidegurutzea gainditu eta hurrengo autobusa hartu dute bidaiariek, protesta egitetik datozenekin bat eginda. Tartean unibertsitatean irakasle diharduten emakume talde bat aurkitu dugu. Hain zuzen, hori da protesten ezaugarri nagusietako bat: edozein adin eta generoko ikasle zein irakasle biltzen dituela, elkarlanak eta elkartasunak mugituta. “Denok helburu beraren alde borrokatzen ari gara, justua denaren alde”, esan digu irakasle taldean doan Jovanak.
Protestak Serbia iparraldeko Novi Sad hirian izandako istripuak eragin dituela azaldu digu Jovanak. Serbia osora hedatzen ari dira jadanik masiboak diren protestak. Azaroaren 1ean, Vojvodina eskualdeko hiriburu horretako tren geltokian markesina bat jauzi zen eta hamabost pertsona hil zituen. 2021ean Serbiako Gobernuak geltokia berritzeko eta handitzeko plana onartu eta gero –herrialdeko tren-azpiegitura berritzeko eta modernizatzeko planen barruan–, berehala lanei ekin zion Txinako enpresa-partzuergo batek. 2024 erdialdean, lanak amaitu eta egitura berria inauguratu zuten, baina hilabete gutxira ezbeharra gertatu zen. Inork ez du oraindik istripuaren erantzukizunik hartu eta nagusiki horrek ekarri du protesta uholdea herrialdera.
Markesinaren aldaketa adostutako lanen barruan zegoen ala ez, ez dago argi norena den istripuaren erantzukizun zuzena. Serbiar gehienek baina, gobernuari leporatzen diote gertatutakoa. Horregatik, protestak zilegitzat jotzen dituzte gehienek.
Testuinguru horretan, Serbiako presidente Aleksandar Vucicek erantzukizun politiko eta penala eskatu du istripuagatik, baina protestei dagokienez, haien atzean “atzerriko agenteak” daudela dio. 2000. urtean Slobodan Milošević presidente ohiaren aurkako protestek aurrekari arriskutsua ezarri zuten herrialdean eta nabari da zama hori presente dagoela oraindik.
Otpor mugimendua (erresistentzia serbokroazieraz) Serbiako gazte mugimendu politikoa izan zen, Milošević boteretik kanporatzeko kanpaina bizia garatu zuen. Unibertsitatearen aurkako lege errepresiboei erantzuteko aitzakiapean sortu zen mugimendua. AEBekin harremana zuen, eta lotura zuen AEBek diruz lagundutako zenbait GKE eta erakunderekin. Gene Sharpek diseinatutako “erresistentzia baketsua” estrategiaren aitzindaritzat jotzen da erakundea.
“Ez dago paralelismorik Otpor mugimenduaren eta gure mugimenduaren artean. Ez dugu loturarik Serbiako edo atzerriko beste alderdi politiko edo talde aktibistekin, eta inoiz ez dugu harremanik izango”, adierazi diote ARGIAri Filosofiako fakultateko bozeramaileek. Gainera, azpimarratu dute, ”ez gara ari protestan presidentearen aurka, Otporrek egin bezala. Ustelkeriaren kontra eta zuzenbide estatuaren alde gaude, gizarte justuago eta hobea nahi dugu”. Egungo politikariak “ideologiatik haratago soilik interesengatik” mugitzen direla diote. “Mafiosoak dira, alderdietan sartzen dira negozioak egiteko. Serbiako politikak funtzionatzen du Italiako Ndrangheta bezala –Siziliako mafia edo Napoliko Camorraren nolabaiteko parekidea Calabria eskualdean–, leku guztietan daude sartuta”.
Ondoan dauden Filologiako ikasleek ere antzerako iritzia dute Otporrekiko, eta orduko mobilizazioak eta gaur egungoak parekatzen dituztenak “fede txarrarekin” jokatzen ari direla uste dute. “Egungo protestak bestelako testuinguru batean garatzen ari direlako eta garaiak guztiz ezberdinak direlako”, dio ikasleen arduradunetarikoa den Dunja Tasevskik.
Borroka pauso bat haratago
Belgradeko zentro-zentroan daude Filosofia zein Filologiako fakultateak eta azaro bukaeratik blokeatuta eta itxita daude biak, herrialdeko gainontzeko unibertsitateak bezala, Blokada izeneko ekimenaren barruan. Bigarren hezkuntzako ikastetxeak ere, gehienak blokeatuta daude eta bide mozketak eta beste ekimen batzuk egiten ari dira zentroetan. Lehen hezkuntza derrigorrezkoa da eta lanuzte partzialak egiten ari dira, nahiz eta haietariko asko erabat itxita dauden, Belgradekoak kasu. Gero eta gehiago dira mobilizazioekin bat egiten ari direnak. Haur-eskolak momentuz ez dute protestekin bat egin, baina aurreikusita dago datozen asteetan mugimenduak egotea. Askoren iritziz, haur-eskolen erabakian egon daiteke protesten arrakastaren gakoa, grebak kolapso handiagoa ekar lezakeelako.
Aldarrikapenei dagokienez, ondoko lauak dira ikasleen proposamenak: Fiskaltzari exijitzen diote markesinaren eraikuntzarekin lotutako informazioa argitara dezala, ikasleen eta herritarren aurkako oinarririk gabeko akusazio guztiak erretira ditzake, protestetan manifestariei eraso egin dietenen aurkako akusazioak aurkez ditzala, eta azkenik, Ogasun Ministerioari eskatzen diote fakultateetarako aurrekontuak %20 igo ditzala. Eskakizunak bete arte borrokan jarraituko dutela diote ikasleek, eta gobernuaren dimisioa nahi dute. Halere, arazoa “sistema dela” ohartarazten dute, politikarietatik haratago.
“Eta gero zer?” da serbiar gehienek haien buruari egiten dioten galdera. Protesten ondoren pasatuko denak kezka piztu baitu Serbian. Eskoletatik haratago, jendarteak babestuta, protestek indar handia hartu dute Serbiako hiri handienetan eta Serbiako historia modernoan izan diren handienak dira dagoeneko. Maila nazionaleko deialdiei ere ekin diete. Horrelako lehen mobilizazioa Belgraden burutu zuten abenduaren 22an, milaka eta milaka pertsonek bat egin zuten ikasleen aldarrikapenekin. Urtarrilaren 27an, Belgraden ere bai, autopista blokeatu zuten 24 orduz eta egoera kaotikoa eragin zuten hiriburuan. Azken asteetan, mobilizazio nazionalak egin dituzte herrialdeko beste hiru hiri nagusienetan: Novi Sad-en, non otsailaren 1ean hiru zubiak blokeatu zituzten; Kragujevac-en, Serbiako hiriburu ohian; eta azkena Nis-en, martxoaren 1ean. Greba orokorra ere egin dute ikasleek, beste sektore batzuen babesarekin.
“Ideologiarik gabeko” mugimendua
Azken mobilizazioaren harira, Kragujevacen egon da ARGIA eta hango Zuzenbide fakultateko ikasleekin egoteko aukera izan du. “Ideologiarik ez dugu” diote, “ezta liderrik ere”. “Kolektiboaren indarrean sinisten dugu –adibidez ikasleen izenean hitz egiten dugu eta ez norbanako gisa -. Horrek borroka indartzen duela uste dugu”. Lidergoen kontra agertzen dira, mesfidantzak mugituta; zenbait alderdik eta sindikatuk mobilizazioak berenganatu nahi dituztela diote. Antolakuntza mailari dagokionez, erabaki asanblearioak hartzen dituztela azaldu digute, eta hori da hain justu mobilizazioen ezaugarri nagusia: asanblearismoa. Ekimen nazionalak Whatsapp zein Telegram taldeen bidez antolatzen dituzte, bereziki maila nazionaleko koordinazioa egiteko. Beste ezaugarrien artean, adierazgarria da manifestaldietan agertzen ari den sinbologia: Europar Batasuneko banderarik ez, bai ordea Serbiako banderak. Identitate nazionalaren errebindikazioari garrantzi handia ematen diote, abertzaletasuna goraipatuta. Europak Serbiako jendarteari erakutsitako mespretxu eta presioak errefusatzen dituztela nabari da.
Badira mobilizazioen aurrean konfiantza txikia erakusten dutenak ere, bereziki ezkerreko mugimendu batzuen artean. “Ideologiarik gabeko ikasle liberalak dira”, dio Nikolak, ezkerreko mugimendu abertzale bateko militanteak. “Ikasleek diote ez dela borroka politikoa. Zer da orduan?”, dio ironiaz. Ikasle zein mugimendu politikoen artean eztabaida handia pizten ari da, ohi legez, borrokaren zilegitasunaren inguruan. Arrazoi geopolitikoak edota kanpoko esku-hartzea tartean egon daitezkeela uste dutenak badira, injerentziaren mamua beti dagoelako presente Serbian.
Azkeneko asteetan Montenegron mobilizazio erraldoiak izaten ari dira Parlamentuak onartu duen Erlijio Askatasunaren Legearen kontra. Alde batetik, legeak hainbat eliza-erlijioari derrigortzen dio 1918an baino lehenago eraikitako tenpluen jabetza frogak aurkeztera eraikinak... [+]
Aste honetan 20 urte erortzen hasi ziren lehen lehergailuak orduko Jugoslaviako herritarren gainean. 2.300 misil, 14.000 bonba inguru, tartean uranio ez aberastua zutenak erabili zituzten, egungo hainbat ikerketaren arabera 2.500 lagun hil eta 10.000 inguru zauritu zituzten... [+]
Ne Davimo Beograd mugimenduak aurkeztutako helegiteei arrazoi emanda, Serbiako gobernuak baliogabetu egin du Ingurumen ministerioak emandako ingurumen baimena Belgrado (1.700.000 biztanle) hiriburuko Vinca auzoan eraiki nahi zuten erraustegi berriarentzat. Prozedura osoa... [+]
Katalunian serbofobia modan dago unionisten eta independentisten artean. Astakerien txanda Joaquim Arrufatek ireki zuen eta oraingoz Joan Tardak itxi du. Halere, bi hauen adierazpen serbofoboak moderatuak bezala kontsideratu daitezke CUPeko zerrendetan joandako Manuel Delgadok... [+]
Milaka kilometro eta hainbat muga pasa dituzte gerrarik gabeko herrialde batean duin bizitzeko itxaropenez. Belgradeko tren geltokiaren atzealdean, belztutako adreiluz altxatzen diren hiru barrakoi handi ikusten dira. Hiri erdian abandonatuta bazeuden ere, orain dela hilabete... [+]
Martxoan urtea beteko da errefuxiatuei Balkanetako bidea itxi zietela. Iheslarien fluxua ez da gelditu, ordea. Orain trafikante sareetara jotzen dute beste toki batzuetatik sartu ahal izateko eta bidaia arriskutsuagoak eta garestiagoak egiten dituzte, Save the Childrenek salatu... [+]
Serbiako futbol ligan gertatu da. Partizan taldeko Everton Luiz brasildarrak baloia ukitzen zuen bakoitzean, tximuaren keinua eta irainak prest zituzten Rad Belgradoko zale ultraeskuindarrek. Pankarta ere atera zuten, brasildarraren aurka. Negarrez bukatu zuen Evertonek:... [+]
Belgradeko geltoki nagusiko trenbidearen ingurunetan ari da Afganistango gazte bat bere gorputza garbitzen. Bera bezalako mila errefuxiatu baino gehiago, gehienak Afganistan eta Pakistanetik etorritakoak, nekez bizi dira Serbiako hiriburuko erdigunean abandonatutako eraikinetan,... [+]
Danubio ibaia lagun, serbiarren eta hungariarren itzalean bizi izan dira ruteniarrak aspalditik. Serbia iparraldeko Vojvodina eskualde autonomoa da haien etxea eta harrotasunez eusten diete beren ohiturei eta mintzairari.
Ez dago nahi gabe idazten duenik, nahiz eta harrabotsik gabe heldu zaigun irakurleoi Jon Sarasuaren Bost truke (Pamiela, 2015). Hizkuntza kooperazioa helburu, hara eta hona egindako bidaiak eta, are, han-hemen ezagututako hizkuntza-jendeak gogoeta iturri zaizkio. Munduaz... [+]
Srebrenicako sarrakiaren 20. urteurrena betetzen den honetan, gertakariaren erabilpen politikoak ez du etenik.
1995ko uztailaren 13an, Srprska Errepublikako indar militarrek -Ratko Mladic jeneral serbiarraren agindupean- Srebrenica herrian sartu eta 8300 hildako eragin zituzten, datu ofizialen arabera.
Yugoslavia zaharreko gerra krimenak aztertzen dituen Nazioarteko Auzitegiko presidenteak goi-kargu militarrak absolbitzeko presionatu zuela salatu du epaileetako batek, BT hedabideak argitaratu duenez.