‘Gabonetako ikuskizuna’: desbergonzadu perroa! (Belengo estalpean euskañolez)

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Belendik Mondragoera joan-etorrian ibiltzeko aireplanoa zeukan Pedro Ignazio Barrutiak eta mendeetan barrena bidaiatzeko Delorean-gurdia ere bai. Ez da gutxi, kontuan izanda Fagor taldeak konpositeetarako lerroak martxan jarri baino askozaz lehenago bizi izan zela, XVIII. mendean alajaina. Hark idatzitako Gabonetako ikuskizunajatorrizko titulua gaztelaniaz: Acto para la Nochebuena– dugu, Patri Urkizuren arabera, “hegoaldean idatzi ziren antzerkietarik ezagutzen dugun lehen euskal testua”. Baina titulu hori kaiola bat iruditzen zait, porke obra inaugural guztiekin gertatzen da rollo bera: oso inportantetzat jotzen dira eta oso aipatuak dira mota guztietako material didaktikoetan, baina gero testuan ez du nidiosek begirik jartzen, aitzindariaren purutasuna ez zikintzeagatik edo batek daki zergatik.

Eta pena da, ze euskal literaturako testu fundazional gutxi izango dira Barrutiarena bezain sasikoak. Obraren aitatasunetik hasita: Gabriel Arestik 1965ean, beste bi antzezlanekin batera Gabonetako ikuskizuna Auspoa bildumako Teatro zaarra liburuan jaso zuenean, dudan jarri zuen egilea Barrutia bera ote zen, zenbait pasarte kallejeroegiak iruditzen zitzaizkiolako Arrasateko jaun eskribauaren lumatik atereak izateko. Martin Beltz izeneko koplari batek lagundu omen zuen liburu berean bildutako Sor Luisaren Gabon-sariak lana osatzen eta, Arestiren ustez, “posible izango litzake” harexek asmatu izana Arrasaten antzezteko istorio hau ere, “baña eskribitzen etzekian ezkero, bertako eskribauak eskribitu zion”, eta fedea emateko sinatu. Eta testua berreskuratu zenean, mende bat baino gehiago pasata, eskribauaren sinadura zena autorearena bilakatu, hipotesi arestiarrean betiere –pertsonalki oso hipotesi abentureroa dela uste dut, dena esan behar bada–.

Gero beste kontu bat dago: testu hau ez dela testu huts bat, izan baita ring bat ere euskal intelligentsia-ko boxeo izarren arteko dinbi-danba frankorentzat. Aresti izan zen, dudarik gabe, obraren defensore inportanteena eta Auspoako berrargitalpenaren hitzaurrean se le nota aurreko ikerlariei –batez ere Azkueri– belarritik tiratzeko gogoa, baita bere garaikoekin –batez ere Lino Akesolorekin– polemizatzekoa ere. Geroago ere sake eta erresto ibili dira gure kritikoak Barrutia dela eta ez dela. Batek –Ibon Sarasolak– Gabonetako ikuskizuna-n ikusten bazituen Pirandellok teatroaren mundura askoz geroago ekarritako nobedade formalen aztarnak, beste batek –Patxi Salaberrik– freskotasuna aitortu arren, seinalatuko zuen “berez ez daukan modernotasun ukitua” ikusi nahi izan zaiola.

Bibliografia totxo asko dago, hortaz, eta profundizatu nahi duenak erraz aurkituko du nondik heldu. Hau ordea, ez da para nada ikerketa totxo horietako bat, sino ke Gabonetako ikuskizuna leitzera animatzeko intentzioz idatzitako zerbait, porke “pena garratz, rabia, tormentu andiak / abrasatzen deust errai guztiak” konturatzen naizenean ze jende gutxik ezagutzen duen; eta, beraz, ze konklusio ekibokatuak ateratzen diren gaur egun, oi, gure hizkuntzaren erabilera kreatiboez, pentsatzen baitugu euskañolez produktu kulturalak produzitzea gauza apurtzaile, berri eta sekula egin gabekoa dela, asuntua eztula baino zaharragoa ez dakit, baina oso-oso-oso aspaldikoa izanda, Barrutiaren obrako muestra honetan ikusten denez:

Txato, mutil lotsagabe,
Desbergonzadu perroa,
Jagi banadi, itxiko deustat
Moltsuarekin aoa

Euskañolaren kontuarekin buelta eta buelta ibili gintezke Barrutiaren Delorean-gurdira igota, Basque to the Future, laudatuz gure literatura zaharrak jada antizipatu zuela berritzat hartua izango zena. Ala alderantzizko operazioa egin, es decir, ikusi nola gure testu berrietan erreproduzitzen den absolutamente tradizionala dugun hautu linguistiko hau. Baina eske kontuak badauka izen zientifiko eta guzti, asike zertarako nekatu: diglosia zen eta da; eta erronka, digo yo, bai soziolinguistikatik eta bai sormenetik, hori gainditzen duen zerbait inbentatzea izango da –eta ez dakit alor horretan ez ote gauden hasiak dagoenarekin konformatzen–.

Utz ditzagun kontu horiek eta zentratu gaitezen Barrutiaren aireplanoan, en el cual –joder, askoz naturalago horrela “zeinean” jarrita baino– despeinatu gabe bidaiatzen duten protagonistek Belendik Arrasatera, joan eta buelta, Jesus, Maria eta Jose included, biaje teatral lisergiko batean, non ez diren falta aingeruak, Luziferren kuadrilla osoa eta pertsonaia pikaro bat, momentuaren arabera Gracioso izan daitekeena edo Matxi Ardantza edo Txarles Tripazabal –eta behin gauza modernoak bilatzen hasita, pertsonaiaren mutagarritasun horrek Leos Caraxen Holy Motors pelikula ekarri dit gogora–.

Eszenariotik paseatzen direnen artean hura da, sindudarik gabe, jokurik handiena ematen duena, badauzkalako, esandakoa, nobela pikareskoko karakteristikak, baita Gargantua eta Pantagruel-en aire bat ere –tripazalea, eskatologikoa, agertzen diren guztien artean korporalena–, ahaztu gabe antzezlaneko momentazoetako batean jokatzen duen papera: deabruak bera jipoitzen hasten direnean emazteari laguntza eske joaten da, baina honek, Mari Gabonek, ataka horretan dagoen senar mozkortia –eta itxura guztien arabera proxeneta, izan ere, ardo truke “saldu jok egun / Emaztearen moldea”– ikusirik, mendekua hartzea erabakitzen du: “Orain jaukat neure aldi. / Galdu nok eta gal adi” esan, eta senarrari erremateko ostiak ematen dizkio Mari Gabonek.

Biktimarena egiten hasiko da orduan Matxi Ardantza: “Adi ezazu, mundua, / Ze modutan emaiten dauen / Emazte onak pagua”. Baina mingain zorrotzekoa dugu Mari Gabon ere: “Munduak aditu begi: / Senar gaizak emazte ona / Esperadu ezpegi!”. Durísimas declaraciones, demostratzen dutenak hizkuntzaren mugak eta fikzioaren espazio-denbora unitateak ez ezik, Gabonetako ikuskizuna-k kolokan jartzen duela maitasun erromantikoa bera ere. Baloratu beharreko lorpena sin lugar a dudas, kontuan hartuta erromantizismoa mende hartako bukaerara arte ez zela hasiko espantuka. Enfin, gauza hauek guztiak kontuan hartuta, fuerza da konklusio honetara iristea: Barrutiak gauza asko aurreratu zituela duela 300 urte inguru. Edo duela 300 ingurutik ez dugula askorik aurreratu. Segun eta ze aldarterekin esnatzen naizen, interpretazio baten edo bestearen alde lerratzen naiz gehiago. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerotik gerora
Natalia Ginzburg
‘Gure atzo guztiak’: ausardiaren posibilitatea

Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean,... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


Pedro Axular
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude