Gasteizko Eraman kooperatibak banaketa “era jasangarri eta etikoan” eginez bertako komertzioa bultzatzeko helburua du bere sorreratik, Arabako hiriburuan eta hango bizilagunengan pentsatuta. Hainbat ekimenetan parte hartzen du, horien artean ikasturte honetan egiten ari den Bizieskola, umeak bizikletaz trebatzeko. ARGIAk Eramaneko kide diren Paul Iano eta Peter Plarekin hitz egin du.
Banaketa egiteko multinazional askok erabiltzen dituzten moduetatik haratago, tokiko jendearengan pentsatu eta beste bide bat hartzen dutenek beren lekua izaten jarraitzen dute. Horren adibide da zama-bizikleten bitartez garraio-zerbitzu integralak egiten dituen Gasteizko Eraman kooperatiba, “era jasangarri eta etikoan” bertako komertzioa bultzatzea eta banaketa profesionalizatzea helburu duena. Eramanek 2020. urtean sortu zenetik erabakiak era kooperatibistan eta “kolektibo gisa” hartzen ditu, sektoreko enpresa handietatik bereizita.
Banaketa bizikletan egitea gustatzen zaiela azaldu du ARGIAko kolaboratzaile eta Eraman kooperatibako sortzaileetakoa den Paul Ianok: “Bizi nahi dugun moduan lan egiten ari gara, eta gure balioak horiek direnez, lan hori egiten saiatuko gara bizi garen mundu kapitalistaren barruan”. Iano AEBetan jaioa da eta nerabezaroan Seattle-n bizi zenean Microsoft eta Amazon bezalako enpresen “eztanda” bizi izan zuen, eta Glovo banaketa-enpresa ezagutu zuenean, bertan nola lan egiten zen lehen eskutik ezagutu zuen. Enpresan “infiltratu” eta erreportaje sakon batean kontatu zituen haien jukutriak ARGIAn. “Eramanek gutxieneko soldata baino dezente gehiago ordaintzen du, eta sektorean inork erabiltzen ez duen lan-hitzarmena du”, adierazi du Ianok. Kooperatibak besteak beste tokiko saltokietako produktuak, prentsa –horien artean, ARGIAren astekaria– edo paketeak banatzen ditu, baina Eramanek egiten duen lana banaketa egiteaz haratago doa.
Bizikletaren kultura etorkizuneko belaunaldietara hurbildu
Gasteizko jendearekin lotutako ekimenetan interesa agertzen du Eramanek. Parte hartzen ari den azken ekimenetako bat da Bizieskola, Gasteizko Udalarekin elkarlanean. Ianoren arabera ekimenaren helburua da “umeak bizikletaz seguru senti daitezen eta hirian modu independentean ibil daitezen sustatzea”, bizikletan eroso sentitzea eta ondo pasatzea. Aurtengo ikasturtean hasi da Eraman umeei eskolak ematen astero Gasteizko bi ikastetxetan –astelehenetik ostegunera–, eta kooperatibako kideek astero 40-60 umeri ematen dizkiete eskolak.
Bizikletaren kultura sustatu nahi du kooperatibak, kirola egiteko eta lanerako tresna izatetik haratago, eta Ianoren arabera Gasteizen bizikletaz ibiltzeko azpiegitura dagoenez eta gero eta hobea denez, etorkizuneko belaunaldiak hirian eroso ibil daitezen trebatzea interesgarria iruditu zaie. Ianok nabarmendu du ahalik eta ume gehienengana iritsi nahi dutela. Eramaneko kide Peter Plak azpimarratu du ekimena inklusiboa dela eta bertan ezgaitasun fisikoak dituzten umeek ere parte hartzen dutela. Kontatu dute klaseak ematen zizkioten ume batek, beti patinetean ibiltzen zena eta hanketan ezgaitasuna duena, ikaskide guztiak bizikletan ikusi zituenean egun batetik bestera bere kabuz ikasi zuela bizikletan ibiltzen. “Ume horrek bizikletan ibiltzen ikastea baino, inspirazio eta motibazio apur bat behar zuen”, adierazi du Ianok. Bizieskola ekimena kooperatibaren balioekin bat datorrenez, Eramanek ekimenean era kooperatibista batean parte hartzea erabaki du.
Bertakoa sustatzeko, bertako ekimenetan parte hartu
Eramanek bere webgunean nabarmentzen du Gasteizko hiria eta bizilagunak oinarri dituela, eta azken urteetan Bizieskolaz gain hirian izan diren beste zenbait ekimenetan hartu du parte. Kooperatibak banaketak egiteko duen printzipioetako bat emisio murrizketa da, eta “kutsadura saihesten duen banaketa jasangarria” egiten du. Gasteizko Udala eta beste zenbait entitaterekin batera Crops4Life proiektuan parte hartzen du, eta horren helburua “Gasteizko nekazaritza elikagaien sistemaren ingurumen-aztarna murriztea” eta “elikagai freskoen tokiko ekoizpena handitzea” da, Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (IGI) arabera. Ianok adierazi du proiektua interesgarria iruditzen zaiela, produktu ekologikoen salmenta handitzeko lan egiten ari dena, eta azpimarratu du ez dutela nahi proiektu hori “pertsona baten edo akziodun batzuen” esku egotea. Crops4Life proiektuaren barruan Aleko nekazaritzako test gunea dago, “Gasteiz inguruan nekazaritza-proiektua probatu nahi duten pertsonei zuzendutako programa berritzailea”, Gasteizko Udalaren arabera. Aleko martxan jartzearekin batera, zuzeneko salmentarako plataforma bat ere abian jarri dute. Egun proiektua bazkideen esku –horien artean, IGI– dagoela adierazi du Ianok, baina une batean ekoizleak berak izango direla Alekoren jabeak.
"Banaketa askatasun handia ematen duen sektorea da, interesa eta energia dituen jendea erakartzen du"
Paul Iano
Eramanek euskararekiko konpromisoa ere erakutsi du, besteak beste Gasteizko IKA euskaltegiarekin egiten ari den lankidetzaren bitartez. Eramanek eta IKAk tokian tokikoaren aldeko apustua egiten dutela dio kooperatibak, eta Eramanek zerbitzu logistikoak eskaini eta IKA euskaltegiaren irudia bizikletan iragartzen duen bitartean, euskaltegiko kideek Eramaneko kideei euskara eskolak ematen dizkiete. Eramanek munduko bederatzi estatutako langileak ditu, eta euskara sustatzen saiatzen da kooperatiba barruan eta hortik kanpo. Ianok 2021ean ARGIArekin izandako elkarrizketa batean adierazi zuen Gasteizera iritsi zenean auzoan ez zutela “eguneroko lan moduan hartzen” kanpotik etorritakoei “bidea erraztea euskara ikasteko”, eta nabarmendu du Euskal Herriko “klase ertainaren parte” izateko “beharrezkoa” dela euskara ikastea. Ianok dio langileak euskara ikasten ari diren orduak lan ordu gisa ordaintzen dituela Eramanek.
Kooperatiba Gasteizetik eta Euskal Herritik kanpo ezagutzera ere eman dute, besteak beste pasa den urtean Gasteizen Eramanek gidatuta egin zen Bizikleta bidezko Mezularien Txapelketa Iberikoaren bitartez. Ia 70 pertsona inskribatu ziren ekitaldian, bertan jarduerak, lasterketak eta eztabaidak egin zituzten, eta hainbat kooperatibak –esaterako Iruñeko ZikloP, Bartzelonako La Sàrria eta L’Henbici, Madrilgo Cleta edo Zaragozako Rayo– elkar ezagutzeko aukera izan zuten, Ciclosfera aldizkariak informatu zuenez. “Eragina izan zuen, eta bertan hasi ziren elkarrizketa askok kooperatiben arteko benetako proiektu bilakatu dira, ez bakarrik Gasteizen, beste toki batzuetan ere bai”, adierazi du Ianok.
Egunera arte lortutakoa egonkortzeko helburua
Eraman kooperatibak COVID-19aren pandemiaren hasieran sortu zenetik haztea eta martxan jarraitzea lortu du. Ianok aipatu duenez, 2020. urtean horrelako proiektuen “eztanda” izan zen, eta nabarmendu du adibidez Frantziako Estatuan hilero ziklologistika enpresa bat ixten dela. Gaur egun hutsetik kooperatiba berriak sortzea “oso zaila” dela adierazi du Ianok, eta “askoz sinpleagoa eta eraginkorragoa” dela lehendik dauden kooperatibekin elkarlanean aritzea. Espainiako Estatuan Kataluniako, Madrilgo edo Zaragozako kooperatibekin elkarlanean ari direla aipatu du, eta orain kooperatiba horiekin dagoen sarea egonkortzea dela helburua.
Gasteizko kooperatiba hiru bazkidek sortu zuten eta gaur egun 30 langile inguru dira. Hasieran ez zuten banaketarako “sistemarik” eta gaur egun sailak, kontrolak eta plataforma logistikoa dituztela, eta CoopCycle izeneko bizikletazko mezularien kooperatiben federazioaren bitartez app propioa du Eramanek. Eraman kooperatibako kideek adierazi dute proiektuak epe luzean iraun dezan beste gauza batzuk ere bilatu behar dituztela, hala nola jarduera berriak edo diru-laguntzak. Ianok aipatu du banaketa gehienbat aste bukaeretan egiten den lana izanda zailtasuna dela langileek egonkortasun ekonomikoa eta lan-egonkortasuna izatea, eta aste barruan jendeak lan egitea ahalbidetzen duen zerbait bilatzeko beharra aipatu du. Epe luzerako proiektua mantentzeko Bizieskolaren antzeko ekimenetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du. Ianok nabarmendu du banaketa “askatasun” handia ematen duen sektorea dela “interesa eta energia” dituen jendea erakartzen duela. Eraman kooperatibak uste du zama bizikletekin eta kemen apur batekin “den-dena” posible dela.
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]
Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]
Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.
Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide... [+]
Europako Parlamenturako hauteskundeen biharamunean idazten ditut lerro hauek, garai ilunak, Internazional Erreakzionarioaren garaipena europar legebiltzarrerako hauteskundeetan. Lehenagotik ere bazetorren bolada, eta bizi dugun fase kontserbadorearen berrespena da, baina... [+]
Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]
Ordiziako Orkli kooperatibak 50.000 euroko funtsa jarriko du "komunitatetik sortutako ekimenak" laguntzeko. Orklidea izena jarri diote programari eta Euskal Herri osoko proiektuak aurkeztu daitezke.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.