Urtea baino gehiago da Olatz Simonek –EITBko berriemailea Parisen, garaian–, orrialde hauetan bertan ohartarazi zigunetik Bruselak kazetariari lanbideaz erakusten dionaz. Eta halaxe joan gatzaizkio galdezka Amaia Portugali. Bruselan gure irrati publikoak duen kazetari argia.
Kazetaritza ikasketak Leioan (EHU) egina, EITB irratietako berriemaile da Bruselan 2020ko pandemiaz gero. Ororen buru, Euskadi Irratiko albistegietan aditzen dugu haren ahotsa, albiste trinkoak labur, zehatz eta argi ematen, arreta emateraino. Ikasiak ikasiagatik ere, egunero ari da gehiago ikasten, eta, horrez den bezainbatean, pribilegiatutzat jo du bere burua. Pribilegiatuagoak gu, Amaia Portugalek transmititzen dizkigun albisteen entzuleok.
Olatz Simoni elkarrizketa (ARGIA, 2810 zk.) egin, eta Bruselari begira jarri gintuen. Han trebatzen da, nonbait, kazetaria. Ez alferrik daude han Europako erakunde nagusiak...
Eta instituzio horien lanak hartzen du gure denbora-tarte ia osoa. Ez dugu beste ezertarako abagunerik. Astelehenean asteko aurreikuspena egiten hasi, eta agenda betea dugu beti. Asteazkenero, bilera du [Europar] Batzordeak, eta handik beti dator zerbait: izango da erabakia, komunikazio-proposamena, zuzentaraua edo dena delakoa. Kontua da albistea sortuko dela. Hilean behin, berriz, osoko bilkura izaten du Europar Parlamentuak –batzuetan, hilean bitan ere bai–, eta bateko bozketa, besteko debate, beti da zer edo zer. Batzordea, Parlamentua eta, jakina, Kontseilua ditugu, hiru instituzio, bakoitza bere agendarekin. Eta, bestalde, hortxe Luxenburgoko epaitegia ere [Europar Batasuneko Justizia Auzitegia] ere, sententziaren baten inguruko albistea emanez edo auskalo zer… Etengabe datoz albisteak!
Duela bost urte hasi zinen Bruselako lanean...
2020ko irailean, pandemia garaian. Bigarren olatuak harrapatu ninduen… Hori ez zen hain instituzionala izan. Euskadi Irratiko Faktoria saioan ari nintzen, gaueko txandan, eta ordu arte Bruselako berriemaile zenak, [Mikel] Rotaetxek, handik alde egiteko erabakia hartu zuen. Orduan, ohi denez, irratian deialdia egin zuten, eta neure burua aurkeztu nuen.
Zerk bultzatu zintuen pausoa ematera?
Bada arrazoi bat. Kazetari karrera bukatu berritan, Europar Parlamentuaren Robert Shumann beka-deialdira jo nuen. Parlamentuak bulegoak ditu Bruselan, Estrasburgon, eta 27 estatukideetako hiriburu guztietan. Beka horretarako izena eman, eta ez nuen lortu. Hurrengoan, berriz eskatu, eta Edinburgora joateko beka jaso nuen. Jakina, hango bulegoa itxi egin zuten Brexit-a eta gero… Europar Parlamentuaz askorik ez banekien ere, interesgarria izan zitekeela iruditzen zitzaidan. Han lan egin eta, hurrena, Bruselara joateko aukerarik izango ote nuen pentsatzen hasi nintzen, Jaurlaritzaren bulegora. Baina ez nuen lortu, eta Euskal Herrira itzuli, eta bestelako bide bat egin nuen.
Zure bidean, Irutxuloko Hitza, Edinburgoko garaia, Elhuyar, Berria, Gaindegia, Radio Vitoria eta Euskadi Irratia ageri dira...
Bai, eta lehen aldi hartatik hamar urtera, Faktoria-n ari nintzela, “eta zergatik ez?”, pentsatu nuen. Eta etorri nintzen Bruselara. Ez gustatuz gero, banekien irratiko lanera itzul nintekeela, lan-poltsara besterik ez bazen ere.
Bost urte egin dituzu hemen, kazetariak albisteak labur eta trinko ematen ikasten duen tokian, Olatz Simonek aditzera eman zigunez. Europar erakundeen diktatura, beharbada.
Tarte handirik ez du ematen besterik egiteko. Batzuk, bai, moldatzen dira, asteburuan ere lan eginez! Kar-kar… Bestela, gure kasuan, bateko Euskadi Irratian, besteko Radio Euskadin, buletinetan albistea eman beharra dugu, eta europar instituzioek hartzen digute denbora osoa. Bestelako gairik noiz landu? Albistegietan aukerarik ez da eta, hortaz, izatekotan, beste saioren batean beharko genuke, Faktoria-ko tertuliaren tartean edo Baipasa-n, adibidez. Ezin diegu goizeko nahiz arratsaldeko albistegiei ihes egin. Haiei segitu beharra daukagu. Beste gairik landu nahiko banu, ordu gehiago eman beharko nituzke lanean, eta asteburuetan ere lan egin.
Euskaraz lan egitetik, gaztelaniaz ere jardutera igaro zara, nagusiki ingelesez eta frantsesez ari diren europar erakundeetan. Etengabe euskarara itzultzen ibili behar, ala?
Bai, bada! Baina kazetari euskalduna beti da itzultzailea. Behin, Macroni bat-batean bururatu zitzaion halako zera bat eratu behar zutela, European Political Community. Ingelesez esan zuela uste dut. Beharbada, frantsesez esan zuen… Momentuan sortu zitzaidan galdera: “Eta hau euskaraz nola esan behar dut?”. Galdetu irratiko lankideei hemen, eta hortxe ibili ginen, elkargo, erkidego… hitz egokia erabaki ezinik. Halako egoeran, nola lan egin? Macronek –edo dena delakoak–, zera bat esan, eta albistea berehala kontatu behar izaten dugu. Momentuan momentukoa, ahal den itzulpen txukunena egin, eta albistea eman! Gero etorriko da, denbora denean, Euskara Zerbitzuan galdetzea.
Europar Batasunaren erakundeetan ingelesak frantsesari gaina hartu omen dio, erabat.
Hizkuntza saltsa handia dago Bruselan. Bai europar erakundeetan, eta bai hirian bertan ere. Esaterako, Ursula Von der Leyenek berak ez du frantsesez ondo egiten. Ulertzen du, baina ez zaio gustatzen jendaurrean frantsesez hitz egitea. Iruditzen zait ez duela bere burua seguru ikusten. Eta Bruselan jaioa da! Aita europar erakundeen inguruan ibili zen lanean. Eta instituzioetan lan egiten duten askok –Batzordeko bozeramaile askok, adibidez–, askoz ere hobeto egiten dute ingelesez frantsesez baino. Brusela ez da hiri ohikoa, zentzu askotan. Ingelesa oso zabalduta dago hirian –“europar burbuila” esaten diote europar erakundeak dauden Bruselako auzoari–, eta, bestalde, flamenkoen eta waloien arteko gatazkaren erdian harrapatuta dago. Are, flamenkoak eta waloiak ere, askotan, bata besteari ingelesez hasten zaizkio.
“Europar burbuila” esan duzu...
EU Buble (Europar Batasunaren Burbuila) esaten diote. Bruseldarrek ere halaxe esaten diote, nahiko errekurrentea da entzutea: “Horiek ‘hor’ bizi dira”. Toki berezia da. Ni, eskerrak, ez naiz delako europar auzo horretan bizi. Aurreko berriemaileak esan zidan: “Ez bizi europar auzoan, bestela ez duzu-eta deskonektatuko. Gainera, asteburuan ez dago ezer, auzoa hilda dago”. Kasu egin nion, eta ez naiz damutzen. Hiriaren erdialdetik gertuago bizi naiz, eta horrek bestelako mundu bat ikusteko eta bizitzeko aukera eskaini dit. Nik esango nuke europar auzoko lanean ari dena, oro har, Bruselari bizkar emanda bizi dela. Gainerakoan, Europako beste edozein hiriren antza du Bruselak; Parisen antza, esate baterako, neurri handi batean, behintzat: terrazak han eta hemen. Terrazen mundua da Brusela.
Oraintxe ari zara guri erakundeez kanpoko kontuak esaten!
Kar-kar! Aldian behin, irratian ere tarteren bat egiten dugu, eta Belgikako Gobernuaz hitz egiten dugu, adibidez. Sekulako buruhausteak dituzte herrialdeko gobernua osatzeko. Belgikak Guinnes errekorra dauka, gobernua osatu gabeko egunetan. Ohituta daudela ere esango nuke. Gabonetan jardunean zegoen gobernuak zazpi alderdi zituen. Horixe da Belgika. Batetik, hizkuntza saltsa horren auzia dago, eta, bestetik, ideologiak. Baina, jakina, gure entzuleari zenbateraino interesatzen zaio hori? Are okerrago: albistegia bete-betea doanean, Belgikaren egoera horrek ez du kabidarik. Kontuok bestelako saioren batean kontatzekoak dira. Faktoria-ko tertulian batik bat.
Jo dezagun kontatzeko horietara, europar erakundeak bazter utzirik. Belgikan hil zuten Hodei Egiluz 2013an, eta aurkitu zuten gorpua handik hiru urtera…
Anberesen. Euskal Herrian nengoen ni garai hartan. Hemengo segurtasunaz ere zer edo zer kontatu izan dugu inoiz. Esate baterako, Belgikako Gobernuko ministroren batek esana du –ez dira nik asmatutako hitzak–, Belgika eta Herbehereak narko-estatuen antza hartzen ari direla, eta, batez ere, Rotterdam eta Anberesko portuen erruz. Ez nuke esango, hiri segurtasunari dagokionez, arriskua ikaragarria denik, baina bi portu horietan askotan gorabeherak izaten dira. Eta, batik bat, droga tartean denean. Drogarekin trafikatzen duten banden arteko liskarrak, eta abar. Elkarri tiroka eraso egiten diotenean da arriskurik handiena, eta hobe duzu horiek dabiltzan auzoetan ez ibili. Egia da joan den bi urte honetan tiroen kontu hori ia-ia normalizatu egin dela. Astean behin, horixe izaten da albistea, halako auzoan tiroak izan direla. Ez dira izaten hiriaren erdialdean ez europar auzoan, baina Bruselan. Azken bizpahiru asteotan, berriz, tiroketa mordoa izan da Anderlecht auzoko metro geltoki baten inguruan, eta hildakorik ere izan da.
Auzo jakinak dira beti…
Bai, bada! Hor bistakoa da elitismoa. Tiroak gertatzen diren tokiak periferiakoak dira. Hala ere, ez dakit bertako bizilagunak seguru sentitzen diren, lasai bizi diren, edo nola bizi duten segurtasun zera hori.
40 urteak beteak, oraintxe ari zara zu, lanbideari dagokionean, heldutasunera heltzen, Bruselan, Olatz Simonek...
...Kontraesana da, baina uste dut Bruselak lan egiteko patxada eman didala. Irratian lan egiteak beti korrika eta presaka ibili beharra dakar, eta, batzuetan, oso momentu txarrak pasatzea ere bai, bi irratietako lana koordinatzea ez delako batere erraza. Hasieran, etorri berritan, estu eta larri ibiltzen nintzen beti: “Ez naiz iritsiko, ez naiz iritsiko!”. Dena delako berria albistegietan garaiz ematera ez nintzela iritsiko pentsatzen nuen beti. Europar Parlamentuak, edo dena delako erakundeak 11:00etan –baina askoz ere maizago 12:00etan, zoritxarrez!–, erabakiren bat hartu, eta 13:00etan bi irratietan eman beharra neukan albistea! Eta esaten zidaten hemengo erredakziotik: “Lasai, Amaia. Ez kezkatu, eta albistea eman”. Eta nik: “Baina nola emango dut, bada, albistea, prozesatzeko astirik ere ez dut izan eta!”.
Eta?
Bada, horixe! Ez naizela iritsiko pentsatuta ere, beti iritsi naizela albistea zabaltzera. Nolabait, baina iritsi naiz. Horixe ikasi dut Bruselan, arnasa hartzen eta berria ematen. Hala ere, pentsatu nahiko nuke –oso urduri nagoen momentuetan ere, berria ematen ari naizenean ere–, entzuleak ez duela nabaritzen nire ahotsak salatzen duen urduritasuna. Ni albistea egoera horretan ematen sufritzen egotea da gauza bat, eta beste bat, aldiz, entzulea horretaz ohartzea. Eta ni albistea ematen arrapaladan hasten banaiz, entzulea segituan konturatuko da. Patxadan-edo lan egiten ikasi dut Bruselan. Beti nabil purrustaka neure buruarekin: “Hau desastrea!”, “Hau ere hala moduz aterako da!”, “Beti korrika eta presaka ibili beharra ere!”… Eta, horiek horrela izanda ere, lana betetzera iristen naizela ikasi dut. Ez dakit nola, baina iristen naiz.
Zure barruko estutasun eta larritasun horien berririk ez dugu Euskadi Irratian eguerdiko albistegietan-eta ahotsa aditzen dizugunean...
Pozten naiz! Kar-kar!… Ikasi dut neure buruarekin konfiantza izaten, neure buruari esaten: “Lasai, Amaia, eutsi nerbioei, albistea ematera iritsiko zara, ez dakit nola, baina iritsiko zara, orain arte ere beti iritsi zarelako!”. Baliteke albisteren bat lehen aldian hala moduz ematea. “Kristoren akatsa egin dut, halakoren izena oker esan dut!”. Lehen, neure burua zigortzera egiten nuen. Orain, bestela esaten diot neure buruari: “Ahal duzuna egin duzu. Akatsak egin dituzu, bai, baina albistea bigarren aldiz kontatzean zuzenduko duzu”. Alde horretatik eman dit lasaitasuna Bruselako lanak. Hemengo erredakziokoek ezetz esango dizute, builaka nabilela beti, ez didatelako nahikoa denbora ematen eta protestan… Baina esan dizut, ez nengoen ohituta bi irratietan aldi berean lan egitera. Horri martxa hartzea ez da erraza.
Nonbait ere, nabarmena da EITB barruan euskarazko medioa, gaztelaniazkoaren lehengusu-lehengusina txikia dela, era guztietara ere. Zer deritzozu?
Ez dakit zenbateraino hitz egin dezakedan horretaz. Kar-kar! Uste dut irratiak baduela alde on bat, eta da ez duela telebistak bezainbeste baliabide tekniko behar. Hori esanda, esango nuke Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren arteko aldea ez dela hainbestekoa, nahiz eta aldea badagoen. Barruan ari garenok ere ikusten dugu hori. Hala ere –eta audientzia datuak dira froga–, Euskadi Irratiak oso datu onak ditu, ez dira Radio Euskadirenak baino askoz apalagoak, eta entzule kopuru potentziala kontuan hartuta, azpimarratzekoa da hori. Uste dut, beraz, zorionez –“zorionez”, niretzat–, ez dagoela hainbesteko alderik. Telebistaren kasuan, aldiz, bistakoa da zer gertatzen den. Denok ikusten dugu aldea.
Zer diote munduan lau ertzetatik Bruselara joanda lanean ari diren kazetariek gure hizkuntzari buruz?
Espainiarrei, esate baterako, bitxia egiten zaie nola jarduten dugun –zein erraz, zein arin—, oraintxe euskaraz, oraintxe gaztelaniaz. Gainerakoan, nahi beste hizkuntza nahasten dira Bruselan lan egiten dugunon artean. Batzuk Europar Batasuneko herrialdeetako kazetariak dira; beste batzuk, Balkanetakoak; AEBkoak ere badira… Eta, uste nuen, zuk bezala, baten bat jakin-minez galdezka etorriko zitzaidala: “Aizu, zein hizkuntzatan ari zara?”. Baina ez zait inoiz gertatu. Uste dut hemen ari diren kazetari eta langileak oso ohituta daudela diren eta ez diren hizkuntza guztiak entzuten, eta ez diote euskarari arretarik ematen. Anekdota bat kontatuko dizut…
Bai, bada!
Irlandako gaelikoarena, adibidez. Hizkuntza ofiziala da Europar Batasunean, eta kazetariak aukera du Irlandako komisarioari gaelikoz galdetzeko. Gogoan dut kasu bat, 2022koa. Kazetari irlandarrak, gaeliko hiztunak, ingelesez zuzendu zion galdera Irlandako komisarioari, esanez ingeles hedabide batentzat ari zela. Komisarioak, haatik, gaelikoz hasi zuen erantzuna, hizkuntzaren erabileraren aldarri eginez, nahiz eta gero ingelesez segitu zuen.
* * *
Ingelesez
“Bruselan urte asko daramaten kazetariek hobeto egiten dute frantsesez, ingelesez baino. Beraiek iritsi zirenean hizkuntza horixe eskatzen zitzaien, baina hori zeharo aldatu da, ingelesaren aldera, alegia. Ni neu ere ingelesarekin sartu nintzen europar erakundeetako berri ematen Bruselan. Frantsesa ikasia dut, ez zait arrotza, baina lanean ezer galdetzekotan, ingelesez ekiten diot”.
Brusela, Madril
“Nire aurretik Bruselako berriemaile izan zenak esan zidan hango lanak antz handiagoa duela Madrilekoarekin, Paris, Berlin edo dena delako tokikoarekin baino. Eta uste dut arrazoi zuela, gure lana –Madrilen zein Bruselan–, erabat instituzionalizatuta dagoelako. Hala ere, askoz arreta handiagoa jarrita dago Madrilen, eta hango berriemaileek Bruselakoek baino lan gehiago egiten dute. Horixe da nire sentsazioa. Baina, jakina, Bruselan ere nahi beste lan egin daiteke”.
AZKEN HITZA
Lan-orduak
“9:00ak ezkero hasten gara lanean –ezohikorik ez bada, behintzat—, eta geuk antolatzen dugu geure burua. Benetako martxa ez da 11:00ak arte hasten. Ez prentsaurrekorik, ez bestelakorik. Bestalde, irratiaren bentaja da etxetik ere lan egin daitekeela eta, azken orduko berriren batek bulegotik kanpo harrapatuz gero, albistea etxetik ere eman genezakeela.
—Eta noiz ixten da ‘denda’?
—Hori zailago da esaten. Helburua izaten dugu arratsaldeko 19:00etako bi albistegietara iristea.
—Eguna luze!
—Bai, baina tarteak badira, erosketak egin eta etxean bazkaltzeko, adibidez, eguneroko kontua ez bada ere”.
Langileek salatu dute zuzendaritzak ez diela lan baldintzen gaiari heldu nahi izan eta enpresak nahiago izan duela Gaztea Sariak ekitaldia bertan behera utzi, “horrek sortutako albo-kalte ekonomiko eta sozial guztiekin”, arazoari irtenbidea eman baino.
Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.
Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du.
Egitarau mardula prestatu dute Bergarako irrati libreko kideek: musika, literatura eta tailerrak. Besteren artean, martxoaren 29an Txapa Eguna egingo dute.
Karlos Zurutuza (Donostia, 1971), kazetari ezaguna da ARGIAko irakurlearentzat, elkarrizketa eta erreportaje ugari egin baititu aldizkari honetan. Atzerriko gatazka guneetako bizipenak ekarri ohi ditu berarekin: Kurdistan, Balutxistan, Iran... hamaika leku landu ditu, batez ere... [+]
Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]
Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako,... [+]
Donostiako San Telmo museoko aretoa jendez bete da Irutxuloko Hitzaren hogeigarren urteurreneko ekitaldian.
"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Euskal Herrian jaiotako kazetari salvadortar gisa aurkezten du bere burua Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976). Salvadortarra da, bizitza erdia daramalako han eta hango ajeak eta hizkera hartuta dituelako: gaztelerazko elkarrizketan El Salvadorko hitzak sartzen ditu barra-barra... [+]
Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Vietnam, 1965eko otsailaren 7a. AEBetako aire-armadak lehenengoz napalma erabili zuen biztanleria zibilaren kontra. Ez zen gasolina gelatinatsua erabiltzen zen lehen aldia. Bigarren Mundu Gerran hasi ziren bonbekin batera jaurtitzen eta, Vietnamen bertan, Indotxinako... [+]
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]