1936ko Gerran milaka haurrek Euskal Herria utzi behar izan zuten faxisten bonbetatik ihes egiteko. Frantzia, Katalunia, Belgika, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Amerikako herrialdeetara joandako horien historia jasotzeko zeregin erraldoiari ekin dio Intxorta 1937 elkarteak. Gipuzkoan 10.500 haur erbesteratu kontatu dituzte, uste zutenaren bikoitza, eta orain, ikerketa Euskal Herri osora zabaltzea erabaki dute: 35.000 izan daitezke. “Traumak zauriak uzten ditu, eta gai honetan ez ziren itxi”, azaldu digute.
Gerra hasi zenean 6 urte nituen eta gurasoek, segurtasunagatik, Iparraldera bidali ninduten. Oraindik gogoan dut anaiarengandik banatzean sortu zitzaidan angustia eta izua”. Horrela hasten du bere kontakizuna Kontxi Urkijo errenteriarrak, Intxorta 1937 elkarteak jasotako testigantzan. Irunen zeudela, baina, Nazioarteko zubira iritsi baino lehen alarma antiaereoak jo zuen eta soto batean babestu ziren, goiko etxea bonbardatzen zuten bitartean: “Urte askoan amesgaizto batekin bizi izan nintzen: gainera erortzen zitzaizkidan hondakinen eta pareta zatien artean ikusten nuen nire burua”.
Kontxi, sorterritik aldendu zuten haurren artean bat gehiago izan zen, milaka askoren artean beste bat. Baina bere hitzek itsasoko olatu errepikakorren antzera egiten dute eztanda egungo mundu nahasian. 1936ko abuztuaren 30ean arrapaladan Kontxirekin batera Irungo muga gurutzatu zuten zientoka emakume eta haurrek –1.500 izan zirela uste da–, ordura arte ikusi gabeko fenomenoa estreinatzeko zoritxarra izan zuten: Euskal Herriko haurren erbestealdi masiboarena, Espainiako Estatuko garrantzitsuenetakoa.
Kontxi sorterritik aldendu zuten milaka haurren artean bat gehiago izan zen. Baina bere hitzek itsasoko olatu errepikakorren antzera egiten dute eztanda egungo mundu nahasian
Intxorta 1937 elkartea haur horien historia jasotzen ari da. Testigantzak bildu ditu, artxiboak arakatu, eta Gipuzkoako kasua zehatz-mehatz ikertu du. Emaitza, Orratz begia. 1936 – Gipuzkoako gerra haurrak izeneko katalogo-liburua da, Erresuma Batuko Basque Children elkartearekin eta Memory as Transgenerational Care (Memoria Belaunaldiarteko Zaintzarako) egitasmoarekin elkarlanean argitaratua, Arrasateko Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Hainbat sortzailek ere kolaboratu dute proiektuan, hala nola Ines Osinaga musikariak, Joseba Sarrionandia idazleak eta Judith Martínez artistak. Gainera, material horrekin guztiarekin erakusketa paratu dute Arrasaten eta Zumaian, eta herri gehiagotan antolatzea aurreikusi dute, esaterako Irunen, Gernikako Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan.
Aurrera begirakoen artean, ordea, badute erronka handiago bat: “Orain arte egon izan garen gerrako haurrek oso pozik hartu dute eurekin gogoratu eta aitortza egitea. Horregatik erabaki dugu ikerketa Araba, Bizkaia eta Nafarroara zabaltzea”, diote Juan Ramon Garai eta Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko kideek, astekari honen galderei erantzunez. Sumatzen dute, 1936ko haurren erbesteratzea, kuantitatiboki eta kualitatiboki uste zena baino askoz handiagoa eta sakonagoa izan zela Euskal Herri osoan.
Gerra totala, denak biktima
Zerk ezberdintzen du 1936ko erbestealdia? Zergatik erabaki zuten milaka haur sorterritik urrun bidaltzea? Europan lehen aldiz, biztanleria osoari eragin zion gerra totala izan zen hura, frontean zeuden soldaduak ez ezik, herritarrak ere eraso zituzten, berdin agureak nola haurrak. Ekialde Hurbiletik gaur egun datozkigun irudiak ikusita, ez zaigu kostako horrek zer eragin izan zuen imajinatzea.
“Irunen jende guztiak egiten du ihes bestaldera, baina ez soilik muga ondoan dutelako, baita ere ikusten dutelako edozein izan zitekeela biktima”, argitu digu Josu Chueca historialariak. Intxorta 1937ko kidea da bera ere, eta gerrako haurrei buruz egiten ari diren ikerketan buru-belarri ibili da hasieratik Garai eta Mongerekin batera, artxiboetan nola sustapen lanetan. Bere esanetan, hegazkinek markatu zuten aurreko gatazkekiko aldea, eta hori lehen momentutik ikusi zen, 1936ko abuztuan Bidasoaldeko borrokaldietan armada frankistak Irun bonbardatu zuenean.
Orduz geroztik hegazkin faxistek etengabe eraso zuten airez atzeguardia. Baina 1937ko martxoan, Emilio Mola jeneral kolpistak “Iparraldeko Kanpaina” hastea agindu zuenean, bonbardaketa indiskriminatu horiek sarraski bihurtuko dira, Durango izango da lehena, 300 hildakorekin. Horrek azkartu egingo ditu haurrak gerrako testuingurutik ateratzeko ahaleginak.
Agurtzerakoan, ez egin enbarazu
Haurren ebakuazioak hainbat fase izan zituen. 1936ko udan Irundik Hendaiara igaro zirenek, Gurutze Gorria eta frantziar soldaduak zituzten zain. Miliziano gehienak Kataluniara joan ziren Perpinyàn barrena, frontean borrokatzera. Aldiz, haur eta emakume asko Ipar Euskal Herriko hainbat herritan lekutu zituzten, baita urrunago ere, Bordelen eta Anguleman kasu. Gero, Bidasoako muga frankisten esku geratu zenean, herritar gehienek Bizkairantz jo zuten, oinez, gurdian edo ahal zuten moduan: “Oraindik ez dira erbesteratuak, baina jadanik errefuxiatuak dira”, diosku Chuecak.
Bi edo hiru hilabeterako aisialdiko txango bat bezala planteatu zituzten bidaiak. Baina gerrak 1939 arte iraun zuen, eta gerraoste luzeak gehiago. Asko ez ziren inoiz itzuliko
1937ko martxotik aurrera, ordea, milaka haur Euskal Herritik ateratzen hasiko dira, itsasontziz oso ondo antolatua zeuden espediziotan. Sortu berria zen Eusko Jaurlaritzako bi sail arduratuko dira horretaz: Gizarte Laguntzen saila, Juan Gracia sozialistak zuzendua, eta Kultura saila, Jesús María Leizaola jeltzalearen eskuetan.
1937an, Hondarribian, Nuestra Señora del Pilar aterpetxea jarri zuen martxan erregimen frankistak, eta 1945. urtera arte egon zen zabalik. Atzerrira ebakuaturiko haurrak sorterrira itzultzen zirenean, normalean toki hura izaten zen haien lehen geldialdia Irundik muga zeharkatzean. Testigantzek zein garaiko dokumentuek adierazten dutenez, milaka haur pasa ziren handik, eta baldintza penagarriak izaten zituzten.
Aterpetxea Falangeko Auxilio Social eta Sección Femeninaren esku zegoen, eta haurrak jazartzeko eta nazional-katolizismoan doktrinatzeko erabiltzen zuten, senitartekoren bat euren kargu egin arte edo beste norabait bidali arte. “Irainak sarri-sarri izaten ziren”, gogoratzen du 14 urterekin handik igaro zen Amelia Fuentesek: “'Rojas! (Gorri horiek), zertarako joan zineten?'. Besoa goran kantatu behar izaten genuen jan ahal izateko, eta hiruk ohe berean egiten genuen lo, manta bakar batekin, hotzak akabatzen”.
Bitxia da, espedizioak ezkutuan egin beharrean modu irekian publizitatu zituzten, zeukaten izaera humanitarioaren seinale. Prentsan horren berri ematen zen, gurasoek nora joan behar zuten jakiteko; Euzkadi egunkarian, adibidez, ebakuatu behar zituzten zientoka haurtxoren izenak argitaratzen zituzten.
Lehen espedizioa Bermeotik irten zen, 1937ko martxoaren 20an: “Arren, eskatzen diegu haurren amei ez dezatela enbarazurik egin agurtzeko garaian”, ohartarazi zuten agintariek Euzkadi-n. Egun bi eta erdiko zeharkaldiaren ostean Frantziako Atlantikoko kostaldean dagoen Oléron uharteko udalekuetara iritsi ziren espedizio hartako 450 haurrak.
Bi edo hiru hilabeterako aisialdiko txango bat bezala planteatu zituzten bidaiak, konbentzituta zeudelako azkenean Errepublika gailendu eta egoera hark ez zuela asko iraungo. Baina gerrak 1939 arte iraun zuen, eta gerraoste luzeak gehiago. Asko ez ziren sekula itzuliko.
The Basque Children
Haurren ebakuazio masiboaren ikurra Habana ontzia izan zen. Maiatzaren 6an abiatu zen estreinakoz Santurtziko portutik Arroxelara, 2.273 haur eta hainbat irakasle eta sanitario barruan zeramatzala. Halako sei bidaia egin zituen hurrengo asteetan, haurrak Frantziara, Erresuma Batura, Belgikara edo Sobietar Batasunera eramateko. Helmugara iristean, haurrak banatu eta beste herrietako udaleku edo aterpeetan birkokatzen zituzten, gero eta gehiago, orduan eta urrunago.
Seguruenik, Southamptonera egindakoa da memoria kolektiboan iltzatuen gelditu den bidaietako bat. Maiatzaren 21ean, Habana-k 4.261 haur garraiatu zituen Ingalaterrako hiri hartara, The Basque Children deiturikoak. Egun hartan, Agustina Linazasoro donostiarra itsasontziko kubiertan zegoen, Marcelo eta Juan Mari nebatxoekin batera. Beste neba batek eta aitak lagundu zieten portura: “Biak hasi ziren negarrez. Eta ni, barkuan, ere bai. Mutikoei hau esan nien, animatu beharrean: ‘Igual ez ditugu berriz ikusiko!’. Eta negarrez hasi nintzen”, oroitzen du. Kantauri haserre, Habana zanbuluka, haurrak negarrez Southamptonerako bidean. Eszena traumatiko hori arkatzez eta kolorez marrazturik ikus liteke Begoña Garridok eta Oskar Gorroñok egindako Erbestearen memoriak. 37ko euskal haurrak (Autoedizioa, 2024) komiki liburuan.
Behin Ingalaterrara iritsita, North Stonehamen denbora gutxian jasotako kanpaleku handi batera eraman zituzten, scouts-ak bezala bizitzeko atondua. Sindikatuak, erakunde ezkertiarrak eta erlijiosoak, edo besterik gabe, hunkituriko herritarrak murgildu ziren zeregin horretan. Erresuma Batuko gobernu kontserbadoreak, aldiz, ez zuen hatz bat bera ere mugitu “Espainiako gerrako” haurrak laguntzeko.
1937ko apirilaren 28an The Times egunkariak titular hauxe jaso zuen: The tragedy of Guernica. Eta honela hasten du George Steer korrespontsalak bere kronika famatua: “Gernika, euskaldunen hiririk antzinakoena eta bere kultur ohituren bilgunea, erabat suntsituta geratu zen atzo arratsaldean matxinatuen aire erasoaldi batean”. Britainiarren iritzi publikoan eragin handia izan zuen horrek, eta gobernuak ebakuazioa baimendu behar izan zuen –besteak beste Leath Manning diputatu laboristaren lan setatiari esker–. Baina Ingalaterrara egindako lehenengo eta azken bidaia izan zen hura.
Erresuma Batuko Basque Children elkartearekin urte luzez egindako harremanaren ondorioz, Birminghamgo unibertsitateko irakasle eta Memory as Transgenerational Care (Memoria Belaunaldiarteko Zaintzarako) taldeko partaide Monika Jatok, informazio harrigarria helarazi zien Intxorta 1937 elkarteko kideei. Cervantes institutuak Manchesterren antolatutako erakusketa batean ikusgai jarritako dokumentu bat zen: Swansean (Gales) Sketty Parkeko udalekuetan 1937an egondako 80 euskal haurren argazkiak, eta haiekin batera, izen-abizen guztiak dakartzan zerrenda luze bat.
Arazoa zera da, argazkiak eta izenak ez daudela lotuta, ez dagoela nor den nor jakiteko modurik. Orain, irudiak publiko egin eta herritarrei laguntza eskatu diete: “Oraingoz ez dugu lortu inor identifikatzea. Baina ekimen horri esker 20 pertsonaren kontaktuak eskuratu ditugu, gehienak gerrako haurren ondorengoak dira”.
Herritarren elkartasuna oinarri
Erresuma Batukoek bezala, beste herrialdeetako agintari gehienek ere begi txarrez ikusten zituzten errefuxiatuak. Frantziako Gobernua, esaterako, iheslariak jazartzera iritsi zen. Jarrera lotsagarri horren aurrean, gizarteko talde eta elkartasun sareek hartu zuten iniziatiba. “Frantzia osoan, erakunde eta ekimen solidarioen sare zabal batek lagundu zuen”, nabarmendu du Garaik mugimendu horiez galdetzean. Belgikan, berriz, hango alderdi sozialistaren lana eta Elizako kardinalekin EAJk egindako gestioak funtsezko izan ziren haurrak hartzeko.
Baina gobernu guztiak ez ziren berdinak. Mexikokoak eta Sobietar Batasunekoak, adibidez, beso zabalik jaso zituzten euskal haurrak. 1937ko ekainaren 22an Leningradora iritsi ziren haurtxoei txaloka egin zieten ongi etorria, “haurren etxe” ofizialetan eman zieten ostatu, eta hezkuntza publiko eleanitza jaso zuten. “Jendeak badaki haurrak Britainia Handira edo Errusiara eraman zituztela –dio Josu Chuecak–. Baina askok ideia orokor bat besterik ez dute, eta ñabardura horiek inportanteak dira”.
Erbestearen gazi-gozoak
Gerra amaitu zenean, aparatu frankistak propagandarako makinaria guztia jarri zuen martxan, ihesean joandako haurrak sorterriratzeko, “bahituta” zeudela esanda. Hasieran, haietako batzuk itzuli ziren soilik, baina Bigarren Mundu Gerra lehertzerakoan beste askok ere erabaki bera hartu zuten, ikusita jadanik ez zeudela toki seguruan. Errusiara joandako haur gehienak, aldiz, han geratu ziren, eta haietako zenbait nazien kontra borrokatzen hil ziren.
Nolanahi ere, atzerrian zein etxera itzulita, denek bizi izan zuten erbestealdi hura garai mingots baten moduan, Mongek kontatu digunez: “Batzuek gurasoen heriotza eta espetxeratzea ezagutu zuten; beste batzuk haur lapurtuak izan ziren; eta berriz ere beste gerra bat bizi izan zutenak ere bazeuden. Erbestetik bueltan, aldiz, askok topo egin zuten ezer ez zutela, iseka artean bizitzera kondenatu zituzten, euskara lapurtu eta euren benetako izenak edo ‘gorri-usaina’ zuen oro aldarazi zieten. Lehen ez zen horretaz hitz egiten, baina orain badakigu halako gai batek traumak eta zauriak uzten dituela, eta ez direla itxi, isiltasun handia izan delako eta bakoitzak ahal duena egin duelako”.
“Gerrako haurrak, noizko?”
2021eko irailaren 26an, Arrasaten 1936ko Gerran hildakoei eta desagertuei egindako omenaldi baten ostean, Errusian bizi izandako pertsona bat hurbildu zen Intxorta 1937ko kideengana: “Gerrako haurrak, noizko?”, galdetu zien. Elkartea 1986tik ari da elkarrizketak egiten oroimen historikoaren inguruan eta gai hori zeharka beti agertu izan den arren, oraindik ez zuten serioski aztertu: “Konturatu ginen arrazoia zeukala”, dio Garaik.
Atzerriko gobernu gehienen jarrera lotsagarriaren aurrean, gizarteko talde
eta elkartasun sareek
hartu zuten haurrak laguntzeko iniziatiba
Ikerketa abiatu zuten, lehenik Debagoienan eta gero Gipuzkoan. Eta hasiera batean 5.000 haurren izenak berreskuratzea espero bazuten ere, azkenerako kopuru hori bikoiztu egin dute, 10.500 atera zaizkie, eta oraindik gehiago izango dira seguruenik: “Zumaian erakusketa inauguratzen izan ginenean, gizon bat azaldu zitzaigun. Kontatu zigun Santoñan jaio zela eta gero Frantziara joan zela amarekin; aita ez zuen 12 urte geroago arte ezagutu. Hori ez zegoen gure fitxetan”, azaldu du Chuecak.
Intxorta 1937ko kideen aburuz, beste lurraldeetakoak gehituta, 35.000 inguru izango dira Euskal Herriko gerrako haurren zerrenda osatuko dutenak. Baina horretarako baliabideak beharrezkoak dira, Gipuzkoako Aldundiak emandako laguntza bezalakoak. Lekukotzak biltzea, dokumentuei hautsa kentzea eta artxiboak ikertzea askotan ez baita erraza izaten, are gehiago datuak atzerrian sakabanatuta edo izenak oker idatzita daudenean. Horregatik, inportantea deritze Erresuma Batuko Basque Children eta antzeko elkarteekin, herrietako taldeekin eta norbanako adituekin elkarlanean aritzea.
“Berandu gabiltza –aitortu du Garaik–. Franco hil ostean, administrazioak, alderdiek edo unibertsitateek gerra galdu zutenen historia berreskuratu beharko lukete, baina ez zuten egin. Memoria taldeen esku geratu zen esparru hori, ikerketa asko egin ziren, baina gerrako haurren gaia ahaztua izan da orain arte”. Intxorta 1937koek dioten moduan, “memoria zaindu eta partekatzea praktika etiko eta politiko” gisa ulertzen badugu, inoiz ez da beranduegi ordea, ezta joan-etorriko bidaia haren zauriak ixten saiatzeko ere.
Orratz Begia proiektuaren baitan, hainbat tailer antolatu zituzten 2023ko irailean gerrako haurren testigantzak bildu eta partekatzeko. Horien artean María Luisa Ruiz Aranarena dago, 1936ko Gerran erbesteraturiko haurra. Amarekin eta Adolfo anaia txikiarekin Azkoitira itzultzekotan zirela, ama hil zitzaien.
Tren geltokian, andre batzuek anai-arrebak banandu eta ez zuen Adolfo sekula gehiago ikusi: “Jun omen ziren, billeteak hartu, ni eskutikan helduta, anaia beste andra horrekin eta bueltan, ez ume, ez andra... Holan desagertu zan umea”.
Joseba Sarrionandiak hitzak eta Ines Osinagak musika jarrita, Haur desagertuari kantua osatu dute historia hori oinarri, hemen pasarte bat:
Aita kartzelan, ama hilerrian,
zuk 2 eta nik 4 urte.
Iheslarien estazioa
izan genuen atarte,
andre dotore batek hartu ta
eraman zintuen arte.
Baina non zaude zu?
Nor zaren badakizu?
79. urtean, Vesubio sumendiaren erupzioak errautsez eta arrokaz estali zituen Ponpeia eta Herkulano hiriak eta hango biztanleak. Aurkikuntza arkeologiko ugari egin dira hondakinetan; tartean, 2018an, gorpuzki batzuk aztertu zituzten berriro, eta ikusi zuten gizon baten garuna... [+]
Luxorren, Erregeen Haranetik gertu, hilobi garrantzitsu baten sarrera eta pasabide nagusia aurkitu zituzten 2022an. Orain, alabastrozko objektu batean Tutmosis II.aren kartutxoa topatu dute (irudian). Horrek esan nahi du hilobi hori XVIII. dinastiako faraoiarena... [+]
AEB, 1900eko azaroaren 6a. William McKinley (1843-1901) bigarrenez aukeratu zuten AEBetako presidente. Berriki, Donald Trump ere bigarrenez presidente aukeratu ondoren, McKinleyrekiko miresmen garbia agertu du.
Horregatik, AEBetako mendirik altuenari ofizialki berriro... [+]
Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]
49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute... [+]
Martxoaren 30erako Iruña-Veleia martxan, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren jatorria elkarteek manifestaziora deitu dute, Aski da! Argitu, ez suntsitu lelopean. Azken bi urteetan "hondeatzaileak sistematikoki eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu... [+]
1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]
Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.
Urruña, 1750eko martxoaren 1a. Herriko hainbat emakumek kaleak hartu zituzten Frantziako Gobernuak ezarritako tabakoaren gaineko zergaren aurka protesta egiteko. Gobernuak matxinada itzaltzeko armada bidaltzea erabaki zuen, zehazki, Arloneko destakamentu bat. Militarrek... [+]
Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]
Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.
Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte.
Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]