“Idaztean, lehentasuna da elkarrizketatua bizirik ateratzea”

  • Karlos Zurutuza (Donostia, 1971), kazetari ezaguna da ARGIAko irakurlearentzat, elkarrizketa eta erreportaje ugari egin baititu aldizkari honetan. Atzerriko gatazka guneetako bizipenak ekarri ohi ditu berarekin: Kurdistan, Balutxistan, Iran... hamaika leku landu ditu, batez ere Ekialde Erdian. Irakaskuntzarekin partekatu ohi du zeregin hori eta, gaur egun, Tolosako Uzturpe Ikastolan ari da irakasle. Iaz Una trinchera en Marte. Historias de Baluchistán (Lubaki bat Marten. Balutxistango historiak. Libros del K.O)  liburua argitaratu zuen. Arras liburu interesgarria da eta horren gainean jardun dugu ondorengo lerroetan.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Balutxistani buruzko zure liburua 2024koa da, baina 2009an ere idazten zenuen balutxeei buruz ARGIAn. Zergatik balutxeak?
Inon ez zeudelako. Agentzia handien eraginez fokua beste toki batzuetan jartzen dugu, eta gatazka eta jende batzuk beti geratzen dira horietatik kanpo. Balutxeak dira horren paradigma argiena, kurduak baino askoz gehiago. Kazetari guztiek egin beharko lukete halako ariketa bat: zer falta da hemen? Balutxeei buruz idaztea luxu hutsa da eta, aldi berean, ardura eta erronka handia.

Oso historia gogorrak kontatzen dituzu liburuan. Pakistangoak dira agian gogorrenak, han ezer gutxi behar da betirako desagertzeko.
Hala da bai, eta sufrimendu hori erabat ezezaguna egiten zaigu. Liburua egiteko oztopo nagusia sarbidea izan da, hara sartzea oso zaila izan da eta. Hemen guztira lau bidaia daude, eta ez daude gehiago Pakistanen betoa dudalako, Iranen ere bai eta Afganistanen talibanak itzuli direlako. Beraz, han egoteaz gain, balutxeak topatu behar izan ditut Europan, elkarrizketak online egin...

Hamabost-hogei milioi pertsonako herria dela diozu.
Bai, baina ez dago zehatz mehatz zenbat diren jakiterik. Ez dago erroldarik, baina hamabost milioi inguru esaten da. Horien erdia edo gehiago Pakistanen daude, eta besteak Iranen eta Afganistanen.

Zerbait aldarrikatzen duen edozein erakundetan nabarmentzen den balutxeak badu desagertzeko edo kartzelara joateko aukera handia. Eta hala ere, beti ateratzen dira lider berriak. Horrela oso zaila da ezer finkatzea. Nola bizi dute hori?
Beraiek badakite zertan ari diren. Sarri baduzu sentsazioa “gorpu” bati ari zarela egiten elkarrizketa. Elkarrizketa bukatzen da, agur esaten diogu elkarri, eta “honek noiz arte iraungo du?”, galdetzen diozu zure buruari. Horietako dezente desagerrarazi dituzte edo hilda agertu dira.

"Zergatik balutxeak? Inon ez zeudelako. Agentzia handien eraginez fokua beste toki batzuetan jartzen dugu, eta gatazka eta jende batzuk beti geratzen dira horietatik kanpo"
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Kazetari gisa hori oso gogorra da.
Iturria babestea beti da lehentasuna. Elkarrizketa prestatzean edo idaztean, segurtasunaren gaia oso kontuan izan behar duzu. Beste izen bat erabili daitekeela esaten zaie... Pakistangoek agian ez dute irakurriko ARGIAn atera genuena, baina Al Jazeera-n, The Diplomat-en edota ingelesezko prentsan ateratakoa bai, eta halakoetan artikulu asko atera ditut. Beraz, idaztean, hori oso kontuan izan behar duzu, zeren eta lehentasuna jende hori bizirik ateratzea da.

Liburuan ikusten da sekulako kontrola dagoela, poliziak, soldaduak, zerbitzu sekretua... zu ere ikusiko zaituzte norekin ari zaren.
Bai, eta hori oso ongi zaindu behar duzu, hein handi batean zerorrek markatu dezakezulako jendea. Elkarrizketak oso modu seguruan egin behar dira. Gaur egun, adibidez, horietako asko Internetez eginak daude, han bertan eginez gero horietako askorentzat oso arriskutsua delako.

"Irango errepresioa itzela da, Pakistangoa baino askoz gogorragoa. Esan liteke balutxeak direla munduko herririk exekutatuena"

Pakistanera joan nintzen lehen aldian zorte handia izan nuen, joan aurretik hango batek dena oso ongi prestatu zidalako eta horrela elkarrizketa seguruak egin ahal izan genituen. Toki publikoetan inoiz ere ez genituen egiten, beti denda baten barruko aldean, biltegi batean, norbaiten etxean...

Harremanetarako segurtasun protokoloa asko zaindu behar da. Esaterako, ezin zara inoren etxean gelditu lotan. Beraz, hotel anonimo batean geratzen zara, eta batetik bestera mugitzea ere ez da txantxetakoa.

Balutxistanen izan al zenuen arazorik Poliziarekin-edo?
Ez, suerte itzela izan nuen. Gero, haien artean badago oso ezagunak diren liderrak, eta horietako batzuk ukitu ezinak dira, zeren eta haien aurka joz gero, badakite oldarraldia itzela izango dela.

Suniak dira eta haien gizarteak oso kontserbadoreak dira, baina liburuan hartzen den inpresioa da balutxe mugimendu antolatua bederen ez dela horren kontserbadorea.
Pakistango Balutxistanen gizarte eraldaketa prozesu oso polita gertatzen ari da, eta emakumezkoak lidergoa hartzen ari dira. Adibidez, iaz ikusi genuen nola atera zen plazara Mahrang Baloch izeneko neska. Hark gidatu zuen martxa bat Balutxistango Islamabaderaino eta sekulako oihartzuna izan zuen. Nik orain ezin dut hara joan, baina argazkietan ikusten ditut hango ohiko janzkera duten gizon zaharrak neska horren erretratua dutela buru gainean. Hori sekulakoa da,  esan nahi du neska horiek lortu dutela egundoko errespetua, eta neurri batean gizartea eraldatzen ari direla. Hura oso gizarte tribala da, baina ikusten da emakume horiek gidatutako mugimendu zibila sortzen ari dela.

Zer diozu Irango balutxeen egoeraz?
Errepresioa itzela da, Pakistangoa baino askoz gogorragoa. Esan liteke balutxeak direla munduko herririk exekutatuena. Iranek herritar asko exekutatzen ditu urtero, zerrenda beltz horretako lehenak kurduak dira eta ondoren balutxeak. Balutxeak Irango populazioaren %5 besterik ez dira, eta exekutatuen arten beti daude hor, goi-goian. Irango segurtasun indarren kontrola oso handia da, eta horrek biziki zailtzen du jendearekin biltzea, elkarrizketak egitea... Lurraldea beti zapaldu behar da, bertan egotea garrantzitsua da, baina han bertan ez nuen elkarrizketa bakarra ere egin, denak atzerrian edo Internetekoak izan ziren. Han blogariak, homosexualak... edonor exekutatzen dute, ohikoan plazaren erdian garabi batetik urkatuta.

Gero Balutxistango gerrilla mugimenduak daude, hainbat eta askotarikoak. Zein neurritan eragiten diote Pakistani?
Ikuspegi ekonomikotik Pakistango aliaturik garrantzitsuena Txina da eta Txina ari da ur sakoneko portu bat eraikitzen Pakistango kostan, Gwadarreko portua. Hortik azpiegitura ugari eraiki dira, trenbideak, gas hoditeriak... eta gerrillek horiei edo portuari berari eraso egiten diete. Balutxeak jabetu dira Pakistango Polizia edo armadaren aurka jota ez doazela inora, baina txinatar interesen aurka egiteak indar handia ematen die. 2018tik aurrera, halaber, eraso suizidei ere ekin diete, ez ikuspegi erlijiosotik, baizik eta haien nazionalismoak eraginda.

Milaka errefuxiatu balutxe daudela diozu, baina NBEko txostenetan ez direla existitzen salatzen duzu. Zer gertatzen da?
NBEk baditu hainbat adar, eta badakite balutxe errefuxiatuen gaia ateratzen badute, akaso Pakistango hainbat egoitza itxiko dizkietela. Afganistango gerra dela eta, hango errefuxiatu gehien Pakistanen pilatu izan dira eta, hortaz, errefuxiatuen negozioa itzela izan da han. Beraz, NBE isildu egiten da.

Abdullah Öcalanek bultzatuta, PKK-k uko egin dio kurduen estatu bateratua sortzeari. Zein da euren batasunari buruzko balutxeen ikuspegia?
Bigarren Mundu Gerra eta gero, 1947an ingelesek handik alde egin zutenean, balutxeek euren estatua aldarrikatu zuten, baina handik zortzi hilabetera Pakistanek bereganatu zuen. Britainiarrak XIX. mendean iritsi aurretik ere, 300 urtez protektoratu bat izan zuten; ez zen nazio-estatu bat, baina bai 300 urtez bere kabuz ibili zen proiektu politikoa. Kurduekin harreman handia dute eta haien eragina ere iristen zaie, horregatik balutxeen artean ere batzuek onartzen dute ezin dituztela egungo mugak aldatu, eta beraz, demokratizazioa eta deszentralizazioa dira haien helburuak. Siriako kurduak ere horretan ari dira. Kurduek eta balutxeek etnikoki eta historikoki harreman handia dute; adibidez, haien hizkuntzen jatorria berdina da.

Gerrilla balutxeekin egindako elkarrizketak ere agertzen dira. Batzuetan haserretu ere egin zara gerrillariekin, adibidez Lashkar-e-Balochistan-ekin (Balutxistango Armada) egindako hartan.
Elkarrizketatutako lehen gerrilla taldea izan zen hura, ondorengoak elkarrizketa sendoagoak izan ziren. Norbaitekin iritsi nintzen haien babestokira, baina haiek ez zuten ez elkarrizketarik egin nahi, ez argazkirik... eta orduan nik esaten nuen, “baina zertarako etorri naiz orduan? Zertarako hartu dut halako arriskua?”, zeren eta hura arriskutsua izan baitzen. Hain zeuden isolatuak, ez zirela jabetzen elkarrizketak izan zezakeen garrantzia propagandaren ikuspegitik. Hain zuzen horregatik, ohikoan talde gerrillariek pozik hartzen zaituzte, baina ez zen haien kasua izan.

"Arazoak batez ere izan dira kurduen eta balutxeen hainbat sektorerekin. Ni kazetaria naiz, eta ikusitako errealitatetik abiatu behar dut, irakurleari erreminta batzuk emanda, hark bere ondorioak atera ditzan"

Sarrera debekatua duzu herrialde pila batean: Iran, Pakistan, Maroko, Aljeria, Siria, Libia, Azerbaijan... Debekuek indarrean diraute?
Ez dakit. Kontua da joanez gero ez nintzatekeela lasai egongo, ez nigatik bakarrik, bereziki hangoengatik. Nahiago dut halako arriskurik ez hartzea.

Euskaraz, gaztelania eta ingelesez idazten duzu gai horiei buruz. Sumatzen duzu desberdintasunik hartzailearengan?
Euskaraz idazten duzunean beste enpatia bat sumatzen duzu, hemen badago bestelako interesa haien nazioa, hizkuntza eta kulturagatik. Guk ere antzerako arazoak dauzkagu, herrialde handietako jendeak urrutiagotik ikusten ditu halakoak.

Izan dituzu arazoak Pakistan, Iran edo halakoekin idatzi dituzunengatik?
Ez, arazoak batez ere izan dira kurduen eta balutxeen hainbat sektorerekin. Ni kazetaria naiz, eta ikusitako errealitatetik abiatu behar dut, irakurleari erreminta batzuk emanda, hark bere ondorioak atera ditzan. Esan izan didate hainbat ikuspegik kalte egin diezaiekeela... baina nire ustez, idatzitakoak hango egoerak ulertzeko osagai klabeak izan dira. Ohikoan e-mailez bidalitako iruzkinak izan dira, eta edukazio handiz egindakoak.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Nimroz, Afganistan. Iritsi eta kokatzea ohi baino zailagoa izango zela uste zenuen, baina agian horrek ere bere alde ona izango zuela: halako tokietan kazetariek sarri antzeko elkarrizketak eta antzeko historiak kontatzen dituzuela diozu, eta ez zenuela horietan erori nahi.
Tokian tokiko inertziak daude, hainbatetan itzultzaile bertsuak denentzat lanean, eta horietan askotan bukatzen dugu antzeko gauzak egiten. Zer zuen Balutxistanek? Onerako eta txarrerako han zu bakarrik zinela, esploratu gabeko lurraldea da, hortik datorkio titulua liburuari: Una trinchera en Marte.

Geopolitika apur bat. Turkiak beti izan du indar handia Ekialde Erdian, baina orain indartzen ari da bere eragina.
Turkiak azken 200 urteetako emaitzarik handiena lortu du bere menpeko aliatuek Damasko hartu dutenean. Orain Ekialde Erdiko aktore garrantzitsuena bihurtu da, Iranen aurretik, eta agian Israel beraren aurretik ere bai. Turkia eskualdeko minbizia da, etengabe hedatzen ari dena. Kurduek ederto asko dakite hori. Estatu Islamikoaren fenomenoa Turkiak hauspotu du eta mamu hori ere oraindik hor dago. Jakina, Turkia NATOko kide oso garrantzitsua da, baina Turkiari egiten uzten zaio. Ikusiko dugu noraino.

"Andoni Lubaki argazkilariarekin eta atzerriko beste kazetari batzuekin Armeniara eta Irakera joaten gara urtero hango kazetariak formatzera"

PKK-k betirako egon beharko du gerran Turkiarekin?
Turkiak orain ere aukera ona zuen bakearen alde egiteko, baina beti gerra aukeratzen du. Esaten da PKKren eta Turkiaren arteko prozesu bat badagoela, baina ikusiko da. PKK-k bakearen aldeko keinu asko egin ditu, baina Turkiak behin ere ez ditu bete izan lortutako akordioak. Orain Turkiak hartu duen indarrarekin... ez nago oso baikor. Siriako kurduak ere egunero bonbardatzen ditu, eta bere kontrakotzat jotzen dituen talde islamistak hauspotu ere bai.

Ba al duzu berriz kazetaritza mota hori egitera ateratzeko gogorik?
Nekez bizi daiteke horretaz, sektorea oso prekarioa baita. Horrez gain, orain sentitzen dut nire ekarpena bestelakoa izan daitekeela. Nire erreportari eskarmentua gatazka eremuetan bizi diren kazetari gazteekin partekatzen dut, hainbat formazio ikastaroren bidez. Andoni Lubaki argazkilariarekin eta atzerriko beste kazetari batzuekin Armeniara eta Irakera joaten gara urtero hango kazetariak formatzera. Orain, uste dut hori dela egin dezakegun emankorrena. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Balutxistan
2024-08-28 | Nicolas Goñi
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago,... [+]


2018-11-27 | ARGIA
Balutxe independentistek Txinako kontsulatuari eraso egin diote Karatxi hirian, lau hildako eraginez

Hiru militantek Txinako Kontsulatuari eraso egin diote ostiralean Pakistanen, Karatxi hirian. Bi polizia agente eta bi zibil hil zituzten, Democracy Now gunean irakur daitekeenez.


Eguneraketa berriak daude