“Bertsolaritzan ‘guayismo’ pila bat dago eta ez bakarrik goi-mailako bertsolarien artean”

  • Pasatzen zait pertsona batzuekin: ia ezagutu gabe zainak ematen dit gauza interesgarriak izanen dituztela esateko. Horietako bat zen Izaro Bilbao. Banekien bertsolaria zela, ilegorria. Bertsoaren bueltako sormen talde batean aritzen zela eta Olatz Salvadorren kantu biri jarri dizkiola berriki hitzak. Plazera izan da Bilbao entzun eta etxerako buelta galdera gehiagorekin egitea.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Izaro Bilbao Arostegi (Mungia 2004)

Basaurin topatu zuen lehenengo sexilioa Izaro Bilbaok (Mungia, 2004) eta Donostian gero. Jaioterrian falta zitzaionarekin egin zuen topo bizkaitarrak hiriotan: ero ez zegoela konfirmatuko zion lagun taldea, frikiak eta queerrak gehienak. Bertsotan eta idazten aritzen da, baita Lokatz Loreak sormen taldean ere, diziplinartekotasunetik sortzen. Psikologia ikasketak ari da egiten egun Donostian eta gizarte-psikologiaren alorrean du interes gehien.

Psikologia ari zara ikasten Donostian. Zergatik?
Oso txikitatik izan nuen argi psikologia ikasi nahi nuela. Sen hori nuela esango nuke, gauza horietan asko sinisten ez dudan arren. Pertsona ulertu nahi nuen mundua ulertzeko edo mundua ulertu pertsona ulertzeko. Artistikoki ere horretara jo dut gero.
Eta Donostia… beste aukera Deustu zen eta pribatua izanik ez nuen han ikasi nahi. Eta, bide batez, Mungiatik ere alde egin nahi nuen, gordinki esanda. Ez dut herriarekiko atxikimendu handirik, ez nau sekula eroso sentiarazi. Herriarekiko izan dudan aingura bakarra bertso-eskola izan da beti. Donostiara etorri nintzenean nahikotxo aldatu nintzen. Hori nahi eta behar nuen.

Ikasten ari zarenak definitzen zaitu?
Ez nuke esango bereziki. Esango nuke frikikeria bat dela. Gehiago definitzen nau unibertsitatean dudan jardun militanteak edo Donostian daukadan bizitzak.

"Esango nuke bertsotan dabilen jendearen ehuneko handi bat dela bere herrian 'pringatua' izan den jendea"

Eta Mungiara itzultzen zarenean, handik alde egin zuen Izaro zara ala beste bat?
Beste bat. Transgresio bat egon zen hona [Donostiara] etorri nintzenean. Uste dut herrietan dagoen arrisku bat dela etiketa bat jartzen dizutela sei urte dituzunean eta betiko zarela etiketa hori. Ni beti izan naiz klasean asko inplikatzen zen pertsona, frikia.
Gero Lokatz Loreak-ekin [sormen taldearekin] Friki Saioak egin genituen. Beti negatiboki esleitu zitzaidana positibo bilakatu genuenean, aldaketa handia izan zen niretzat. Momentu honetan Mungiarekin beste harreman bat eraiki nezake, orain naizen pertsonatik.

Zein muga topatzen zenuen han?
Ez dakit oso ondo ulertu dudan nik ere inoiz, baina faktore asko dago. Banuen, adibidez, euskaraz hitz egiteko gogo bat, ez nire familia bereziki euskalduna delako, baizik eta hartu nahi nituen beste bide batzuekin lotzen nuelako: izan literatura, bertso mundua… Eta nire inguruan ez nuen hori topatu.

Horrelako bizpahiru lagun nituen bertso-eskolan eta “ze guay” pentsatzen nuen. Bertso udalekuetan izena eman nuen eta hor konturatu nintzen bazegoela nire adineko jende bat nire antza zuena.

 “Euskal Herrian bollerismoa planteatzen den erak zalantzak sortzen dizkit eta orain hasi naiz nire buruari baimena ematen esateko “ez duzu denarekin ados egon beharrik”
 

“Ez nago ero”, pentsatuko zenuen.
Hori da. Ez nuen ulertzen zergatik ez ninduen ulertzen beste jende batek. Eta segur aski, nik asko handitu dut irudi hori nire buruan eta ez nintzen hain arraroa izango.

Nire kuadrilla Basaurikoa zen eta da, gaur egun haiekin hainbeste kontaktu ez badut ere. Ez nuen kasualitatez bukatu langile herri batean kuadrilla edukitzen. Frikikeriak tarteko egin nituen lagunak. Gehienak queerrak dira eta esango nuke sexilio moduko bat izan zela niretzat Basaurin lagun hauek edukitzea. Nahiz eta batzuk euskaldunak ez izan, jarrera oso desberdina zen. Bertsotan zer egiten nuen jakin nahi zuten eta saioetara etortzen ziren. “Hau nire jendea da”, pentsatu nuen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Bertso mundua oso mundu konkretua da. Uste duzu horrekiko interesa frikikeriarekin lot daitekeela?
Bai. Izan ere, esango nuke frikiok badugula guay-arekiko arbuio moduko bat. Baina bertso munduan daukadan taldea ere bada mundu horretan ematen den guayismoa-ren hater-a den jendea. Ni beti izan naiz talde horren partaide edonon. Ikastolan nituen lagun gutxiak ergelak deitzen zituzten eta gerora egin ditudan lagunak ere ergelak izan dira. Oso argi dut ez dudala guay-a izan nahi.

Zer da guay izatea bertso munduan?
Uste dut badagoela diskurtso orokortu bat, horizontaltasunarena, paretik kantatzearena… Denok dakigu diskurtsiboki hori garatzen, oso jende argia dagoelako, baina gero asko da “nik nahi dut izan onena” eta “nahi ditut lagun gisa onenak direnak” edo “diskurtso interesgarriena dutenak”. Hori lotzen dut guay izatearekin. Bertsolaritzan dagoen elefante erraldoi bat da, inork ikusten ez duena. Guayismo pila bat dago eta ez bakarrik goi-mailako bertsolarien artean, gure artean ere bai. Ni ere, segur aski, izan naiz noizbait guay hori. Nik eta nire lagunek nahiko presente dugun gauza bat da.

Bertso mundua oso diferentea da kanpotik edo barrutik ikusita? Ez ditut imajinatzen azaroan Ilunben aritu ziren finalistak haien artean harreman txarra izaten.
Zerbaitengatik ikusiko duzu horrela, bai. Horizontaltasunaren diskurtsoa baldin badugu, antolatzen badugu Señora Sariketa eta horrelakoak… zerbaitengatik izango da. Kontzientzia behintzat badago. Esango nuke bertsotan dabilen jendearen ehuneko handi bat dela bere herrian pringatua izan den jendea eta orain bertsolaria dela. Agian giro euskaldunagoetatik edo kapital kultural jakin batekin datozenetatik ez hainbeste, baina bestela bai.

Bertsolaritza gizartea da, ez da mundu isolatu bat. Noski jende batek zalantzan jartzen dituela gauzak, baina kristoren hierarkia dago, antzerki munduan bezala. Nahiz eta lehiaren kontra egon, desira dezakezu kapital soziala. Denok desiratzen dugu kapital soziala, nik ere bai. Horren kontra egin behar da aktiboki, bestela…

Bertsolaritzaren kolektibotasunak egoa apal dezakeela esaten entzun zaitut elkarrizketaren batean. Puztu ere egin dezake agian, ezta?
Bai, guztiz. Bertso-eskoletatik gatoz, espazio kolektibo batetik. Horrek zera esan nahi du: “Zu hemen ez bazaude, nik ezin dut bertso-eskolarik egin”. Hortik lehiara goaz,  eskolartekora, adibidez. Eta hor pentsatzen duzu “zurekin entrenatu dut denbora honetan guztian eta zu gabe ezin dut abestu. Behar zaitut, baina zu baino hobea izateko”.

Pentsatzen dut zurekin bertso-eskolan aritu direnen puntu ahulak ezagutzen dituzula.
Bai, baina esango nuke existitzen dela konplizitate bat bertso-eskola konpartitu dutenen artean. Bada pixka bat “zu nire taldekoa zara, gu gara endotaldea eta exotaldea beste horiek dira, beraz, horien kontra joan behar dugu”. Baina egia da badela ere “zu nire laguna zara eta babestuko zaitut, baina hobeto zure gainetik geratzen banaiz”. Besteen kontra goaz esplizituki.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Mungiatik alde egitean molde edo marko bat utzi zenuen han. Zein eraiki zenuen hemen?
Esango nuke azken urtean zalantzan ari naizela jartzen orain arte hemen eraiki dudan markoa. Niretzat gune hori gatazkatsua da oraintxe bertan. Nire zirkuluko jendea asko maite dut momentu honetan, baina oso marko zehatza dut nire ustez. Jendeak irakurtzen nau era jakin batean eta mugatzen nau ezaugarri batzuetara, zeinetara agian nik ez nukeen hain zuzenki atxikia izan nahi.

Noski, marko hori kanpotik eraikia ere bada.
Bai. Egia da momentu batean nik eraiki nuela hau, baina orain saiatzen ari naiz nire buruari permititzen beste ideia eta jende batzuekin ere ibiltzea. Adibidez, bollera gisa identifikatu naiz unibertsitatera etorri naizenetik. Askapena izan da, nire arazoa kolektibizatzeko oso era indartsua. Hala ere, gaur egun Euskal Herrian bollerismoa planteatzen den erak zalantzak sortzen dizkit eta orain hasi naiz nire buruari baimena ematen esateko “ez duzu denarekin ados egon beharrik”.

"Nik, adibidez, polimaitasuna aldarrikatzen dut eta praktikatzen dut, baina ez dut uste horregatik hobea edo apurtzaileagoa naizenik"
 

Normalizatu eta onartu beharko litzateke askoz ere gehiago zalantza. Nik etsaitasun jarrera horrengatik gauzak zalantzan jartzeko zailtasunak izan ditut eta ez nuke hori nahi, uste dut ez dela osasuntsua.

Noski, edozein mugimendu edo kolektibo sortzeko dena beti zalantzan ez jartzea izango da puntu gakoetako bat, bestela ez litzatekeelako taldea sortuko eta hori delako norbanakotik taldera salto egitearen gauzetako bat, ez izatea hain inportantea zure iritzia, hori beti etorriko da bat indibidualtasunari uko egitearekin. Baina zein puntutaraino? Dotrina arriskutsua da.

Gogoan dut duela hiruzpalau urte Saioa Alkaizak Nafarroako Bertsolari Txapelketan bota zuela ezin zuela guay-a izan zentzu guztietan.
Iruditzen zait oso fenomeno arriskutsua gertatzen dela Euskal Herrian eta, hortaz, bertsolaritzan: hierarkia berriak sortzearena. Oso indibidualak diren borrokak sortzearena. Nik, adibidez, polimaitasuna aldarrikatzen dut eta praktikatzen dut, baina ez dut uste horregatik hobea edo apurtzaileagoa naizenik. Hori da azken aldian sortu zaidan zalantzarik handiena.

Uste dut oso normalizatuta dauzkagula “borroka” deitzen ditugun oso gauza indibidualistak. Check list batzuk izango bagenitu bezala da, “mundua konpontzeko zer egin behar den” biltzen duten zerrendak. Baina inork ezin du check list batekin mundua konpondu. Inork ezin du gizonekin ez oheratzearren mundua konpondu, nahiz eta ulertzen den hori badela zerbait arrakalatzeko era bat.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Lokatz Loreak?
2022ko udan. Bizkaiko eskolartekoa irabazi nuen nik urte hartan eta presioa eta lehia nola bizi izan genituen ikusi ondotik, erabaki genuen beste zerbait egitea, bertsoa desberdin bizitzeko asmoz. Araitz Katarainek, Janire Arrizabalagak eta hirurok jarri genuen martxan proiektua, baina aurretik ez genuen gehiegi ezagutzen elkar.

Gogoratzen dut, eta hau gustatzen zait, ez genuela sentitzen proiektua “gure” ideia zenik, “guk” egin behar genuenik… eta esango nuke hori arte munduan sarri gertatzen dela, ezta? “Guk eduki dugu ideia hau, guk egin nahi dugu eta gurea da. Kolektiboa da, baina nire kolektiboarena”. Kolektiboa izatea ez da talde izatea bere horretan, kolektiboak prest egon behar du handitzeko. Bestela beti goaz taldeka. Heterosexualitatea ere talde bat da, kolektibo bat, beraz, kolektiboa ez da beti onaren sinonimo.

"Uste dut oso ekintza antikapitalista dela nire lagunekin sortzea nire lagunekin ondo pasatzeko”

Zein da zuen ekarpena?
Bueno, nik nire izenean hitz egin dezaket bakarrik, baina esango nuke interesa dugula motibatzen gaituzten gauzak egiteko. Ez dugu egiten arrakasta lortzeko eta badakigu ez garela onenak, baina ez dugu izan nahi ere.

Nik asko apreziatzen dut eta uste dut oso ekintza antikapitalista dela nire lagunekin sortzea nire lagunekin ondo pasatzeko. Askotan, esaten dugunean “gauza politikoak egingo ditugu” horren atzean arrakastaren bilaketa dago. Elkarri beti esan diogu oso argi momenturen batean ikusten badugu proiektuak ez digula ekarpenik egiten, hor bukatuko dela.

Nahiz eta zuen helburua hori ez izan, uste duzu erreferente zaretela edo izan zaitezketela beste gazte batzuendako?
Polita izango litzateke. Friki Saioak egin genituenean, asko hunkitu gintuen gauza bat izan zen Bizkaiko bertso barnetegitik deitu gintuztela han abesteko, gazteek ikus zezaten beste gazte batzuk ari zirela gauza desberdinak egiten.

Zuendako Lokatz Loreak sortzeko erreferente edo motibazio iturri izan dira Señora Sariketa, Ahalduntze bertso-eskola edo bestelako saio alternatiboak?
Bai eta badira oraindik. Behe Banda ere izan daiteke. Esango nuke guk asko miresten dugula sortzeko era kolektiboa. Mejillón Tigreren oso fan ere bagara, adibidez. Saiatzen gara hori bilatzen gure inguruan, noski.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2017an Maialen Lujanbiok pertsona trans baten ahotik kantatzean publikoaren partetik entzun zen txalo zaparrada hori benetakoa da? Edo zuzentasun politikoaren izenean txalotu zen?
Hori lotuta dago gizartean feminismoak hartu duen bilakaerarekin eta arduratzen nauena da betiko zalantza: feminismo burges eta zuzena.  Hori da “ondo sartzen zaigun” feminismoa. Bueno, niri ez, baina ondo sartzen zaiona jendeari, erraza dena txalotzeko.

Ez nuke politikoki zuzena den horretan erori nahi. Ez nuke nahi Señora Sariketara joatea fondoan horrekin ados ez dagoen jendea. Nahi dut hurbilduko den jendea izatea benetan ulertzen duena zer nolako afera den lehia bertsotan eta ulertzen duena beste espazio batzuk behar ditugula. Elon Muskek agur nazia egitea hain larria ez dela dioen jendeak transexualitateari buruz kantuan gaudenean txalotzen bagaitu, igual zerbait txarto egiten gabiltza.

"Uste dut jendeak uste duela badakiela zer esan behar dudan, eta ez dakite"

Zein leku du 2025eko bertso munduan neska gazte batek?
Guk eduki dugu jende asko bidea asko erraztu diguna eta hori aintzat hartu behar dugu, nik oso presente dut. Lehen zen “behar dugu lekua” eta gaur egun gehiago da “zer egin behar dugu leku honekin?” edo “zer nahi dugu esan leku honetan?”. Sentitzen dut asko erraztu digutela bidea, baina askoz ere hobeto jakingo nukeela norantz joan bidea itxia balego, irekitzea litzatekeelako.

Asko pentsatzen dut ere “lekua eman didatenekin ados egon behar dut lekua eman didatelako?”. Zor historiko hori bai sentitzen dudala pixka bat. Nik nahiko nuke Ahalduntze bertso-eskolak gero eta jende gehiago barne biltzea eta espazio hori egungo gatazka eta beharrei egokitzea. Zaila da, baina hala behar du.

Uste duzu jendeak egozten dizkizula diskurtsiboki ardura batzuk mutil bati egozten ez dizkionak?
Uste dut jendeak uste duela badakiela zer esan behar dudan, eta ez dakite. Edo sentsazio hori daukat. Gizonak ez diren nire belaunaldikoei buruz hori pentsatzen dutela uste dut, uste dutela badakitela zer dugun esateko. Arin esleitzen dira ezaugarri batzuk.

Eta nor da jende hori?
Denok. Ni ere bai. Ez dut uste inork nire profila ikusita beste zerbait pentsatuko duenik, ezta nik kanpotik ikusiko banu ere. 


Azkenak
Plentziako Uribe Kosta BHIko ikasle-talde batek mezu “iraingarriak, matxistak eta homofoboak” zabaldu dituela salatu dute

Uribe Kosta BHI institutuko hainbat ikaslek salatu duenez, mezu "iraingarriak, matxistak eta homofoboak" jaso dituzte Batxilergoko beste ikaskide batzuengandik. Horrez gain, gaineratu dute mezuak irakasle bati ere bidali dizkiotela eta beste ikasle batzuen... [+]


Urruñako emakumeak, matxino eta biktima

Urruña, 1750eko martxoaren 1a. Herriko hainbat emakumek kaleak hartu zituzten Frantziako Gobernuak ezarritako tabakoaren gaineko zergaren aurka protesta egiteko. Gobernuak matxinada itzaltzeko armada bidaltzea erabaki zuen, zehazki, Arloneko destakamentu bat. Militarrek... [+]


Irakasleen mezua familiei: “Grebaren arrazoiak ez dira ekonomikoak bakarrik”

Aiaraldeko hainbat irakaslek mezua igorri diete ikasleen guraso eta familiei, dagoen informazio zurrunbiloan, grebarako arrazoiak modu pertsonalean azaltzeak euren borroka eta lanuztea hobeto ulertzeko balioko dielakoan.


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Historia militarraren kontra, eta alde

Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | El Salto-Hordago
Lanaren Ekonomia
Itunpeko eskolen gainkontzertazioaren aurka eta hezkuntza publikoaren aldeko borroka

Euskal hezkuntza sistemaren itunpeko eskolen gainkontzertazioa eta zentro pribatuen umeak hartzeko gaitasuna beherakada demografikoari eta biztanleriaren klase osaketari egokitu behar dira.


Bilboko kultur zerbitzuen pribatizazioaz hausnarketa partekatua sustatu nahi dute liburuzainek

Bilboko Udalak zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraitzen duela salatu du Bilboko Liburuzainen kolektiboak, besteak beste, kulturari loturiko zerbitzuak. Horren harira, mahai-ingurua antolatu dute martxoaren 3an Bidebarrieta liburutegian, Kulturaren pribatizazioa izenburupean.


Iruñeko Geltokiko EKOmerkatuak bost urte beteko ditu larunbatean

Martxoaren 1ean ospatuko du NNPEK-k urteurrena argazki erakusketa eta txalaparta ikuskizun batekin.


2025-02-26 | Roser Espelt Alba
Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]


Musker eta Tranpa

Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]


2025-02-26 | Ane Labaka Mayoz
Hatza ezpainetan

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


2025-02-26 | Mikel Zurbano
DeepSeeken astindua

Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]


Jaurlaritzarekin izandako ika-mikaren biharamunean, hezkuntza publikoko irakasleak greban dira berriz

Grebaren bezperan Hezkuntza Sailak “edukirik gabeko” mahaia deitu zuela eta sindikatu deitzaileak “errespetatu gabe” akordioa “antzezteko” gutxiengoa duten sindikatuak “erabili” nahi izan zituela salatu ostean, beste bi greba... [+]


Eguneraketa berriak daude