“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

  • Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan daitekeela; hala nola feminismoa, ekologismoa eta errespetua.

Hiru ahizpa-nebetan erdikoa da Leire Zabalza Santesteban. Bereziki gustuko du kantatzea, baita dantzatzea, antzeztea, futbolean jokatzea eta lagunekin ibiltzea ere. Motxila 21 taldeko kideak rock-and-rolla eta popa gustuko ditu. El Drogas, Marea, Aitana, David Bisbal eta Melendi artistak atsegin ditu, besteak beste. Motxila 21 taldean, tinbala jotzen du eta kantatzen ere aritzen da: “Badakit ongi eginen dugula, baina kontzertuen aurretik oso urduri jartzen naiz, eta poliki-poliki askatzen noa”.

2005ean sortu zen Motxila 21, eta Zabalza bi urte geroago sartu zen. Egun, hogeita bi kideek osatzen dute banda. Horietako asko Nafarroako Down Sindromearen elkarteko erabiltzaileak dira eta besteak boluntarioak. “Hasieran ez genuen kontzertutik emateko asmorik; elkarteko lagunen arteko musika talde bat zen”, azaldu du Zabalzak. Ordutik bi disko kaleratu dituzte: No Somos Distintos eta Ama Lurra. Gainera, euren arteko harremana “gehiago” indartu dute.

Disko horien bidez, kezka eta aldarrikapen asko taularatu dituzte; hala nola feminismoa, sexualitatea, aniztasuna eta ekologismoa landu dituzte. Zabalzak uste du musika borrokarako tresna izan daitekeela. Horregatik, Somos La Banda Motxila 21 izeneko kantuan argi uzten dute nor diren eta zertara datozen: "Motxila 21 banda gara eta zarata egitera gatoz", diote kantuan.

“Nire kantak kantatzen ditudanean transformatu egiten naiz”

Horrez gain, Ama Lurra diskoak errespetua sustatzea du helburu. Bertan ageri den Sueños de futuro rap feminista gogora ekarri du Zabalzak: “Emakumeekin matxistak direnekin matxista izateari uzteko rap bat da”. Kantak mezu argia dauka: "Errespetuz jokatzea gustuko dut. Baita errespeta nazaten ere. Zu ez bazara gai, merezi duzuna emango dizut". Bakarka kantatzen du, eta horrelakoetan itxura “serioagoa” edo “arduratsuagoa” erakusten duela dio, baina poliki-poliki lasaitu egiten da: “Nire kantak kantatzen ditudanean transformatu egiten naiz”.

Animalien eskubideekin ere inplikatuta dago Zabalza, eta begetarianoa da: “Guk jateko animaliak hiltzea ez dut gustuko. Adibidez, txakurrei beldurra diet, baina aldi berean errespetatzen ditut eta ez dut inork tratu txarrik edo minik ematerik nahi ”.
Bandaren helburuetako bat ere bada Down sindromea ikusaraztea eta horren inguruko aurreiritziak deseraikitzea. Zabalzak uste du urteekin jendearen begirada aldatuz joan dela, eta geroz eta inklusiboagoak direla espazioak; tartean, bestarako lekuak: “Gustuko dut parrandan lagunekin egotea. Orokorrean geroz eta gehiago errespetatzen dute eta gaituzte”. Besten inguruan mintzatzen ari delarik, 2018an Ibai Ganuzarekin batera Motxila 21 bandaren izenean Iruñeko sanferminetako txupinazoa bota zuen unearekin oroitu da: “Oso polita izan zen goitik plaza ikustea”.

Errespetatua sentitzen den arren, erreferente desgaituak falta direla uste du. Izan ere, ez du txikitan izandako erreferente desgaiturik gogoratzen. Horregatik, uste du beharrezkoa dela taula hartzea: “Gauza asko egin ditzakegu. Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”. Gaineratu du Motxila 21 taldeko kideak erreferente bihurtu direla, eta jendearen nahia eta gogoa piztu dituela taldeak. Horrekin batera, jendea animatu nahi du, Down Sindromearen Nazioarteko egunean, martxoaren 21ean, Iruñean eginen duten kontzertura.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

“Eskuak. Horien bidez gauza asko ukitu ditzakedalako; hala nola katilua [kafe bat eskutan], jendea, nire senarra...”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude