Adimen artifizala zineman: legezkoa bai, baina bidezkoa?

  • Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen artifiziala erabili dute aktore printzipalen arteko solasaldietan. Legezkoa bai, bada, ez dagoelako kontrakorik dioen araudirik. Baina bidezkoa al da?

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hollywoodeko akademiak Oscar sariak banatuko ditu Euskal Herrian martxoaren 2tik 3rako gauean. Munduko zinema industriako foku guztiak horra begira ipini ohi dira urtero-urtero, eta, ia beti bezalaxe, bada zeresana ematen ari den gairik. Ez dira inoiz arrazoiak falta eztabaidak sustatzeko; baina inori mesede egiten badie polemikoak izatea Oscarretara doazen hainbat ekoizpen edota aktore, irabazten ateratzen direnak Oscarrak beraiek dira. Funtsean, marketinerako estrategia bat gehiago baino ez dira-eta.

Handizkatuta dator Emilia Pérez filmari buruzko polemika. Aktore protagonistaren bueltan ardaztu da eztabaida. Karla Sofía Gascón aktoreak duela bost-bat urte Twitterren egin zituen hainbat txio arrazista, onartezintzat jotzeko modukoak, eta harrigarriki, filma zabaltzeaz arduratzen den Netflixek berak ere “oso larritzat” jo ditu. Harrigarria dela diogu, ez baita estreinako aldia halako gauzak gertatzen direla, baina ez da normalean neurri zorrotzik hartzen; izango du zerikusirik kasu honetan aktorea emakume transexuala izateak. Azkenerako, Sofía Gascón promoziotik kanporatu dute, eta aktoreak berak ez joatea erabaki du Espainiako Goya eta Erresuma Batuko Bafta sarietara, izendatuta egon arren. Orain, emakumezko aktore onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaia da, baita film onenarena eskuratzeko ere.

Bigarren plano batean igaro dira Emilia Pérez pelikularen inguruko bestelako hainbat kontu. Esaterako, Mexikon kokatzen den filma, Mexikora joan gabe eta lantaldean mexikarrik eduki gabe oso-osorik Europan grabatu dutela, eta hizkuntza bera ondo kontrolatu gabe. Baina Hoolywoodek ez dio horri apenas garrantzirik ematen. Azken Donostiako Zinemaldian Modi. Three Days on the Wing of Madness pelikula aurkeztu zuen Johnny Deppek; duela ehun urteko Parisen kokatzen den istorio osoan, %1 entzuten da frantsesa, eta ia guztia da ingeles estatubatuarra. Halaxe dira kontuak.

Dena dela, kokalekuena-eta baino dezente gehiago –baina aktorearen mezu arrazistak baino gutxiago– aipatu da Emilia Pérez-en post-produkzioan adimen artifiziala erabili dutela. Pelikularen soinu nahasketaz arduratu den pertsonak aitortu duenez, Respeecher programa erabili dute “hainbat elementu musikal eta bokal doitzeko”, hala nola Sofía Gascónen ahotsa kantura hobekiago egokitzeko –pelikula musikala da–, eta horretarako Camille abeslari frantziarraren kantatzeko era hartu dute oinarri. Horrez gain, Selena Gómez eta Zoe Saldaña ere aktore diren pelikulan, bi horien ahoskera hobetu dute adimen artifizialarekin espainolez mintzatzeko. “Kontrolatzen ez duten hizkuntza batean hitz egitea ez da erraza, gidoia ikasita eduki arren, eta naturaltasun gehiago ematea lortu dugu AArekin”, adierazi du soinuaz arduratu den ekoizleak.

The Brutalist ere, antzera
Ia lau ordu irauten ditu Brady Corbet zinegilearen film berriak. AEBetan dago kokatuta, Adrien Brodyk gorpuzten du László Toth protagonista, sortzez hungariarra eta judua den gizona, Atlantikoaz bestaldera emigratu berri duena Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gutxira, familia atzean utzita. Arkitekto ezaguna zen Hungarian, baina migratzaileen iraganari kasu gutxi egiten zaionez, kostako zaio asko burua altxatzea.

Pelikula handia da The Brutalist. Bafta sarietan pelikula onenaren premioa ez ezik, aktore onenaren garaikurra ere jaso du Brodyk, eta testuinguru horretan helduko da Oscar sarietara. Kritikagile ugari pelikularen gaitasun narratiboa ari dira nabarmentzen, eta ez da, zentzu horretan, motiborik falta.

Akaso behar baino zeresan gutxiago ematen ari da adimen artifiziala erabili dutela post-produkzioan. Elkarrizketa batzuetan sartu dute eskua: Làszló Tothek (Adrien Brody) zenbaitetan hungarieraz hitz egiten du familiarekin, eta Brody aktore estatubatuarrak ez daki hungarieraz mintzatzen, ezta bere emaztearena egiten duen Felicity Jones aktore britaniarrak ere.

“Hungarierazko gidoiak goitik beheraino bikain ikasi dituzte”, irakurri diogu filmaren zuzendari Corbeti Hollywoodeko hedabide bati eskainitako elkarrizketan, eta zera esanez justifikatu du: “Teknologia horiek erabili ezean, aktoreak entzungo genituzke hungarieraz, bai, baina azentu ingeles estatubatuar edo britainiarrarekin”. Solasaldi horietan ez ezik, adimen artifiziala erabili dute, besteak beste, irudi batzuk sortzeko, zehaztu gabeko hainbat estruktura eta marrazki sortzeko. Hori guztia, zuzendariaren esanetan, nahi baino aurrekontu apalagoa eduki dutelako egin dute.

Artikuluan bi film seinalatu badira ere, azken urtean Euskal Herriko zine aretoetatik igaro(ko) diren ekoizpen ugarik erabili dute adimen artifiziala. Adibidez, Dune 2 filmeko ekoizleek aitortu dute CopyCat erabili dutela Fremenen begi urdinen erreplikak egiteko; Bob Dylanen ibilbidea fikziotik kontatzen duen A Complete Unknown pelikulak Revize erabili du, plano batzuetan protagonisten bikoizleak hobeto ordezkatzeko; Here pelikulan, berriz, Tom Hanks eta Robin Wright gazteagotzeko erabili dute teknologia; eta Alien: Romulus-en, azkenik, efektu bereziak egiteko.

AA-ren eskua saritzen da?
Bai Adrien Brody (The Brutalist) eta bai Karla Sofía Gascón (Emilia Pérez) gizonezko eta emakumezko aktore onenaren Oscar sarirako hautagaien artean daude. Sariak dioen bezala, haien antzezpena da baloratzen dena, eta hain justu ere AA erabili dute haien antzezpenak –ahotsak, kasu bietan– hobetzeko. Aintzat hartu beharko litzateke? Horixe da eztabaidagaia.

“Pelikula honetan [The Brutalist], orain arte egiten ez genuen ezer ez dugu egin AArekin”, irakurri diogu Redshark hedabidean David Jancsó ekoizleari: “AA gabe, oso erabilia den ProTools audio softwarearekin egingo genukeen egin duguna [hungariar azentua hobetzea], baina prozesua azkartzeko, zeren solasaldi asko daude hungarieraz, teknologia berriak erabili ditugu”.

Eztabaida putzu sakonagoetara eraman du Jancsók: “Ikusle arruntari axola zaio aktoreek hungariar perfektu batean hitz egitea? Detaileak hobetzea baino ez da izan gure asmoa. Azentu ikaragarri txarrak heldu izan dira urteetan Oscarretara”.

Mugatuko da erabilera?
Behin aurtengo Oscarren sari banaketa igarota, litekeena da akademia estatubatuarrak ohar bat kaleratzea edota barne-araudian punturen bat aldatzea, zinema arloko hedabide batean baino gehiagotan irakurri dugunez. Baina ez da askorik espero.

Gaur egun, Hollywoodeko zine-akademiak bere produkzioei proposatzen die formulario bat betetzea, jakinarazteko ea AA erabili duten eta zein sekuentzia edo eszenatan. Baina hautazkoa da betetzea, eta jakina, baita zehaztasunak ematea ere. Gero, gainera, formulario hori publiko egitea ekoizle bakoitzaren eskuetan geratzen da. Sarean irakurri dugunez, baliteke formulario hori, aurrerantzean, derrigorrezkoa izatea.

Lohia guztiaren azpian bi lobby handi leudeke elkar-joka, eta biak estatubatuarrak dira. Alde batetik geneukake hainbeste milaka milioi dolar mugitzen dituen Hollywooden industria, eta bestetik, AEBetako Gobernuaren eta inbertitzaileen gero eta babes handiagoa duen AAren sektorea, Silicon Valleyko munstroa. Pentsaezina litzateke parez pare borrokan ipintzea, interes ugari ere elkarrekin baitauzkate. Hortaz, ez espero ezer Hollywooden partetik (oraingoan ere). 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


Chantal Akerman eta urrezko 80ak

Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


Animaziozko Film Onenaren Oscarra software librearekin sortutako ‘Straume’ pelikulak irabazi du

Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.


Punto de Vista: mundua pantailan ikusteko beste modu bat

Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]


2025-02-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Arkitekto aktorea

Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
Francisco Vaquero
“Euskal Herria makroproiektu berriztagarrien aurka borroka gehien egiten ari den lurraldea da”

Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Eguneraketa berriak daude