“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

  • Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.

Dani Blanco / ARGIA CC By-SA
La Furia (Cascante, 1983)

Rap abeslaria da Nerea Lorón Díaz. Bere bosgarren diskoa kaleratu berri du: Ultra. Aipagarriak dira diskoko hiru kolaborazioak —Aiert, Odei eta Rebeca Lane—. Musikariaren arabera, hiru pertsona horietan biltzen dira “intersekzionalitate horiek guztiak, baita neure azalean bizi ez arren babesten ditudanak, eta neure bide errealekin lotuta daudenak”. Datozen asteetan Portugaleten (hilak 28), Bergaran (martxoak 1), Lizarran (apirilak 5) eta Tolosan (apirilak 6) joko du.

Ultra kaleratu berri duzu. Zer da disko hau zuretzat?
Badaezpada, gehiago ez balego ere, neure buruari eman nahi izan diodana da. Oro har, bizitza bihar bukatuko balitz bezala jokatzen ari naiz; maiz adinak ekartzen du jarrera hori, edo gauza potenteren bat gertatu ostean halako txinparta bat sentitzen duzu. Erabaki dut horrela jardun nahi dudala: batzuetan, badirudi bizitza azkengabea balitz bezala bizi garela, maila globalean halako garrantzirik ez duten gauzekin kezkatuta. Kontua da gozatu nahi dudala, eta neure buruari aukera eman gauzak ondo egiteko. Batzuok ondotxo dakigu zer den kaka leporaino dugula egotea, baina ba al dakigu ongizatean moldatzen? Nik erabaki dut baietz, eta, bestela, ikasi egingo dudala. Niretzat, disko hau izan da nire esku dagoen guztia egitea, onenak ematea, gogor lan egitea eta gozatzea, bai prozesuaz bai diskoak dakarrenaz, nire parametroen arabera betiere, zeren musikan batzuetan arrakastaren kontzeptuak ez dauka zerikusirik zurekin edo zuri on egiten dizunarekin.

Zure taldea, esaterako, oso garrantzitsua da zuretzat.
Nire taldekoek urteak daramatzate nirekin. Talde handia gara; zuzenekoetan ez dirudi, baina hor gaudenak baino gehiago gara. Orokorrean, nik bilatu dut jendea, eta ondo atera da ia beti. Zergatik? Adibidez, DJak, Valentina, nire etxe azpiko gimnasioan lan egiten zuen, zumbako eskolak ematen zizkidan, eta egun batean esan nuen: “Pertsona hau, energia honekin, bera den guztiarekin, taldean nahi dut”. Egiaz bera ez da horretan aritzen, beti esaten du ez dela DJa baizik eta La Furiaren DJa, baina nik hori aukeratzen dut. Irudiaren edo modan dagoenaren ke-bonbei kasu egiten badiegu, gurekin zerikusi handiagoa izan dezakeen jende mordoa galtzen dugu bidetik.

"Ingurukoek esaten zidatenean euskarazko kantuak egiteko, beti erantzuten nien: 'Ni neu kantuak euskaraz idazteko gai ez naizen arte, ez dut halakorik egingo'”
 

Diskoan koska bat estutu duzu musikari dagokionez ere.
Berriro ere jarrera-aldaketa horretatik, gogoko dudana egin dut denbora guztian, funtzionatuko zuen edo ez aintzat hartu gabe. Bost axola. Iruditzen zait amore emateak, kanporantz amore emateak behintzat, baduela halako xarma bat. Bulegoen jokoan sartzen zarenean, beti esaten dizute: “Saia gaitezen ekoizle honekin lan egiten, ondo baitabil”, eta azkenean hor, nahiz eta nik izaera sendoa izan dudan beti, badago zirrikitu bat eta hortik gal zaitezke. Bestalde, sekulako ikuslegoa edo kanpoan oihartzun ikaragarria ez izatea har daiteke porrot gisa edo aukera gisa. Eta niretzat askatasuna da. Ez dakit zer egingo nukeen bi BEC beteko banitu, baina nola ez den hala, goza dezagun askatasun horretaz. Oihartzun masiborik ez izateak baditu hamaika abantaila, baina arrakastak hainbeste itsutzen gaituenez, ez gara ohartzen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Jarrera-aldaketa hori zerekin lotuta dago?
Prozesu pertsonal luze batekin zerikusia du: urte asko terapian eta ondo egoteko borrokan. Zeren nire abiapuntua oso gaizki egotea zen. Baina, ez dakit naturalki ala ez, bizitzara naraman bulkada bat dut, oso indartsua. Ez dut zorigaiztokoa izan nahi, eta lan honek hondamendi-une asko dakartza. Uste dut kontu ohikoa dela musikan gabiltzanon artean, eta kanpo-logika guztiz zitalei dagokie; logika horiek heriotzara doaz, ez bizitzara. Eta nola kokatzen naiz ni horren aurrean? Ingurura begiratuta, nire bizitza ederra da: maite dudan jendea ondo dago, urteak daramatzat kantuan, modu batera edo bestera. Zenbat talde daude, apartak, kontzerturik gabe; inork mikrorik aurrean jartzen ez diela? Kontua da, kanpotik, denbora guztian konparatzen gaituztela…

Rosaliarekin.
Ez bazara Rosalia, galtzailea zara. Ez, ba. Eta gero justiziagatik ere bai, egotik ateratzeko, neurri batean egoa ere bada-eta. Beraz, jarrera-aldaketa, lehenik ondo egoteko eta gozatzeko, bizitza hau amaitu egiten baita, eta, bigarrenik, bozgorailu hau baliatu eta uste dudana esateko. Bidezkoa da, bozgorailurik baduzu, ondo erabiltzea.

"Bat-batean ikusten ditut Petronorrek antolatutako kontzertuak; zer arraio? Urte luzetako lanaren izerdiarekin sortutako ehundura bat kaltetzen ari da"

Hain justu kanta bat eskaini diozu musika-industriaren gaiari: Han matado al arte [Artea hil dute].
Buruan bueltaka dabilkit. Beste garai batzuetan beste diskurtso batzuei buruz kantatu dut, eta iruditzen zait gaur egun oso ondo ordezkatuta daudela beste leku batzuetan. Oraintxe bertan feminismoek beste aho batzuetan egon behar dute, ez pertsona zuri eta itxura normatiboko baten ahoan. Nik neureaz hitz egiten dut, eta oraintxe bertan nire bizitzan zer ari da gertatzen gogotik izorratzen nauena eta gainera beste batzuei ere eragiten diena? Bada ikusten ari naizela astazakil dirudunak musika goitik behera gobernatzen arimarik gabe, gusturik gabe eta justizia-izpirik gabe. Eta ez da gauza berria, baina ari naiz ikusten nola ari diren apurtzen gauza mordo bat, aurretik sortutakoak eta sortzeko bidean zirenak, eta Euskal Herriaz ari naiz zehazki. Bat-batean ikusten ditut Petronorrek antolatutako kontzertuak; zer arraio? Urte luzetako lanaren izerdiarekin sortutako ehundura bat kaltetzen ari da.

Diskoak dakarren beste aldaketa bat: euskarazko kantuak.
Euskaraz idatzi nuen lehendabiziko gauza aurreko diskoko [Post Mortem, 2022] Ama kantuaren zati batzuk izan ziren. Amatasunak eman zidan zilegitasun hori, orduan hasi bainintzen euskaraz gehiago bizitzen eta nire bizitza euskaraz planteatzen beste modu batean. Txikitatik dut harremana euskararekin, eta harreman malkartsua da, ze ni Cascantekoa naiz eta badakigu egoera soziopolitikoa zein den. Neure familian inork ez zuen euskaraz egiten; amonak ez zekien neure izena esaten 1980ko hamarkadan. Baina gurasoek esan zidaten: “Zu euskal herritarra zara”, eta orduz geroztik hementxe nabil, baieztapen horri edukia emateko ahaleginetan [barreak].

Nola bizi izan duzu harreman hori?
Batetik, euskara nire bizitzan egon da nire musikan baino askoz lehenago. Niri beldurra ematen dit nola erabiltzen diren borrokak norbere lekua lortzeko, feminismoarekin ikusi baitut nire inguruan. Ez dut epaitzen, baina ihes egiten diot. Ingurukoek esaten zidatenean euskarazko kantak egiteko, beti erantzuten nien: “Ni neu kantak euskaraz idazteko gai ez naizen arte, ez dut halakorik egingo”. Euskara beti egon da nire bizitzan, eta hain modu konplexuan, ezen altxor bat bezala ikusten bainuen, eta ez nekien nola egin.  

Ama abestiaren kasuan, Jare jaio zenean –nire umea– kantaren errepika inprobisatzen nuen eta fardelak aldatzean abesten nion. Halako batean pentsatu nuen ederra litzatekeela abestia grabatzea, berak betirako gorde zezan, eta hor sentitu nuen baietz. Tira, ezer baino lehen pentsatu nuen: ufa, euskaraz egiten dudan lehendabiziko kanta gauza moñoño hau izatea ere. Baina aldi berean nioen: eta zer, egia da barren.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Eta horren ostean, Ziertzoa, Ultra diskoko lehenengo abestia. Euskaraz izateaz aparte, Erriberako euskal identitateaz dihardu.
Azkenaldian bai aritu naiz gogoeta egiten ea zer esan nahi duen Cascanteko euskal herritar izateak, zeren ohartu naiz Erriberan –neuk bizi izan dudan moduan behintzat– euskal herritar sentitzen ginenok egin duguna izan dela Erriberara ekartzea Euskal Herriaren zentroko kultur kontuak, zeren hori baita euskal herritarra izatea, ezta? Eta zergatik ez dira euskal kultura jotak edo Virgencita del Romero, Cascante Euskal Herria bada, azken batean?

Gero, egunerokoan, Arrasaten bizita, batzuetan sentitu dut ez nintzela parte. Eta, parkean, emakume saharar batekin egoten naiz –bion haurrak ikaskideak dira–, eta ikusten dut nola hurbiltzen den jendea eta nola aldatzen duen hizkuntza haur arrazializatuekin. Parkeko haur guztiek euskaraz ikasten dute, zergatik egiten diozu gaztelaniaz arrazializatuari? Sutan jartzen nau horrek, baina, beste behin ere, gorpuzten ez ditudan borrokak edo diskriminazioak ezin ditut bizi, eta, hausnartuz, ohartu nintzen nondik zetorkidan amorru hori: neure mugatik. Cascanten idatzi nuen Ziertzoa. Badirudi literatura eransten diodala, baina erabat erreala da. Tulebraserantz oinez nindoala idatzi nuen, ziertzoak astintzen ninduen bitartean, eta euskaraz idatzi nuen. Amaieran, honela dio abestiak: “Zuek ala gu herriaren alde”. Eta “gu” horretan sartzen dira beste horiek guztiak ere: aurrera goaz. Horixe gara. Kanta bilaketa bat izan da, eta berrespen bat: hona hemen bazter berri bat, eta hau ere biziko dut.

Ekoizpenean eta manager-lanetan ere bazabiltza. Mimosa Bulegoko kidea zara.
Kata Garciak eta biok osatzen dugu Mimosa. Mimosaren aurretik, bada kontu garrantzitsu bat: 2016an bira bat antolatu nion Rebeca Laneri [rap abeslari guatemaldarra] Euskal Herrian. Donostia 2016ren barruan kultura urbanoko proiektu batean lanean aritu nintzen Euskal Herriko kultura urbanoko beste eragile batzuekin. Urtebetez aritu ginen horretan, aurrekontu bat eman ziguten eta jaialdi bat antolatu genuen. Rebeca Lane gonbidatu nuen, itzulera-datarik gabeko bidaia-txartela hartu genion, eta Rebecak hilabete eta erdi pasa zuen nire etxean bizitzen. Berari zegokion guztiaz arduratzen nintzen: kontzertuak antolatu, mertxana saldu, bazkaria prestatu. Horren ostean, kontzertuak antolatu dizkiet lagunei: Elvirus, Eddi Circa…; miragarriak iruditzen zaizkidan horiei guztiei. Saiatzen naiz kontzertuen edo lantegien bidez lortu ditudan espazioak haiei ere zabaltzen. Barrutik sortzen zait.

Eta nolatan elkartu zinen Katarekin?
Unibertsitatean ezagutu genuen elkar, gizarte-hezkuntza ikasi genuen biok, eta behin batean BIMEn topo egin genuen hitzaldi batean. Testuinguru horretan, biok argi ikusi genuen zerbait egin beharra zegoela. Mimosa, proiektu gisa, mugagabeki zaila da eusten, bere burua berrasmatzen du behin eta berriz. Kata eta biok oso sutsuak gara, eta zailtasunak izan ditugu harremanean ere; horri buruz ere hitz egin beharra dago: prekarietatean dena da zailagoa, eta biok gara amak, eta bisexual eroak, eta prekarioak, baina beste alde batetik ederki konpontzen gara. Bestalde, zailtasunak izaten dira gurekin lan egiten duten pertsonekin, hori barra-barra gertatzen da bulegoen eta artisten artean, eta horri buruz ere gutxi hitz egiten da. Harreman konplexuak dira oso: maitemintze erromantiko erabatekoak hasieran eta dibortzio erdiragarriak amaieran.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Amodio erromantikoan bezalaxe.
Erabat. Orduan, Katak eta biok esaten genuen: “Nola egingo dugu beste modu batera? Nola egiten dira harreman hauek?”. Bulego askotan, dirua dakartelako sostengatzen dira proiektuak, artista horiengan benetan sinetsi ala ez. Guk, berriz, barrenak astintzen dizkiguten proiektuekin soilik lan egiten dugu, nahiz eta beharbada ez dakarten diru asko, edo momentuz behintzat ez, edo auskalo, baina marjinari buruz ere hitz egiten dugu, eta horrek desadostasunak sortzen ditu. Beti sortuko dira desadostasunak, baina gure apustua da gauzei buruz hitz egitea, mahai gainean jartzea, berresanahitzea, berrantolatzea. Ikasi dugunaren arabera, manager izateak berekin dakar gauzak kentzea, gauzak jartzea, ikastea; eta ez gara harroputz jartzen, esanez “guk beste modu batean egingo dugu”. Batzuetan ezin da.

Nire kasuan, oso Furia eta oso Mimosa sentitzen naiz, neure ezaugarri funtsezkoenak dira. Mimo gorena eta erabatekoa naiz, neure bizitzan behar dut, bestela hil egiten bainaiz, eta gero banaiz, orobat, jenio txar eutsiezina. Furia kanporantz, eta Mimosa barrurantz, gutarrentzat. Eta horretan gabiltza.

Etorkizunera begira, zein dira zure asmoak?
Hasieran esaten nizun moduan, gauzak noiznahi amaitu daitezkeelako jarrera horri eutsiko diot, daukadan horretan egoteko, ez daukadanari erreparatu beharrean: uste dut zintzoa dela ikus-entzuleekiko ere bai. Jendearekin topo egin nahi dut, eman eta hartu nahi dut. La Furiari dagokionez, datorrenaz gozatu nahi dut, lanean segi, eta musikaren enplegu-ikuspegitik aldendu, ahal den neurrian. Hau da, Santanderreko kolektibo kuir batek deitzen baldin badit —duela gutxi gertatu zait— beren urteurrenean kantatu dezadan taberna batean, baina ez badaukate baliabiderik ni talde osoarekin joan nadin, formula bat bilatu dut dena egin ahal izateko. Zentzua ematen didan guztia egin ahal izateko. Ez dut hegorik moztuko inon, horixe bainaiz; ahal bezain aske izan nahi dut.

"Zentzua ematen didan guztia egin ahal izateko. Ez dut hegorik moztuko inon, horixe bainaiz; ahal bezain aske izan nahi dut"

Ez da erronka makala.
Ez, oso zaila da, baina badakizu zerk ematen didan hauspoa? Neure baitan egoteak; zeure baitatik kanpoan zaudenean, horrek sortzen du larridura. Adibidez, ez dakit zer jaialditan jo nahi baldin badut, horretarako haiek ohartu behar dute neure proiektuak merezi duela. Eta hori ez dago nire esku, beraz askatu egiten dut. Etortzen bada, bikain, baina neure esku dagoena da ezetz esan nahi ez diedan gauzei uko egin behar ez izatea, soilik ez dagoelako dirurik, eta neure patrikatik ordaindu behar izatea. Nahi dut La Furia jasangarria izatea, eta denbora-tarte laburrean lortu dut, birkokatzea baita gakoa. Eta, Mimosarekin, ba gauza bera: mugitzeko beldurrik gabe. Desazkundea behar dugula, ba goazen; buelta bat eman behar diogula, ba eman diezaiogun. Azken batean, lokatzetik gatoz.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Euskal artista ugari izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo dieten omenaldian

Ostegunean prentsaurrekoa egin dute antolatzaileek Maiatzaren 3an Bizkaia Arena-BEC!en egingo den ekitaldiaren xehetasun gehiago aurkezteko. Ikuskizuna euskal herrian ezagunak diren hogei pertsona baino gehiagok parte hartuko dute eta 14.000 ikuslerentzat izango da. 


Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


2025-02-14 | Iker Barandiaran
Nire ama-hizkuntza feminismoa da

Ultra
La Furia
Baga Biga, 2024

---------------------------------------------------------

Cascanteko La Furia-k bosgarren diskoa plazara atera du. Mimoz eta erraietatik, berarentzat funtsezkoak diren osagai horiekin, prestatu du honako pozima, pozoitsua eta aldi berean... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Raimundo El Canastero taldearen aurkako epaiketa atzeratu dute, akusazio larriagoak egotzita

Asteazkenean izan behar zuen epaiketa dataz aldatu dute Lizarrako alkateak azken momentuan jarritako helegite baten ondorioz. Orain taldeari "gorrotoa sustatzea" ere egozten zaio eta lau urterainoko kartzela-zigor arriskua dute kideek. 


Arabako musika kolektiboak
Guk geuk, geure erara

Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua,... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


2025-01-30 | Gorka Intxausti
Zenbat dira 30 urte?

Dena
NOIZ: urtarrilaren 18an.
NON: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------

Galdera bat dabilkit buruan azken aldian: zenbat aldatzen dira gauzak 30 urtetan? Bai, irakurle, asmatu duzu: hiru hamarkada bete berri ditut. Laugarren... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


2025-01-24 | Xalba Ramirez
Olaia Inziarte, edo esateko asko duenak asko esaten du (eta eskerrak)

Zerrautsa
Olaia Inziarte
Panda, 2024

-------------------------------------------

Depresio garaian idatzitako hamalau kanta. Halaxe aurkeztu zuen Olaia Inziartek orain aipatu ezin den euskarazko lehenengo late night-ean. Diskoa irekitzen du Zerrautsa pieza bru-ta-lak... [+]


Eguneraketa berriak daude