Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako, propagandaren salaketarako, edo deitu nahi den bezala.
Herritarrek beren irizpidea osatzeko iturri nagusia da informazio aske eta independentea. Oinarrizko eskubidea da hori. Ezinbestekoa da informazioaren ustelkeriaren aurka jardutea eta haren kontrako legeak egitea. Handiki multzo batek komunikabide gehienak kontrolatzea eta sare sozialek, monopolioaren moduko baldintzetan, beren ideologia herritar guztiei helaraztea zaharkitua dago, iraganean emakumeei edo ugazaba ez zirenei boto eskubidea ukatzea bezalaxe, edo gizartearen goi klaseek zergak ez ordaintzeko pribilegioa izatearen pare. Ageriko irregulartasun horri muga jartzea gizartea aldatu nahi duen edozein proiekturen programaren parte izan beharko lirateke: horretarako legeak eginda, interes pribatuen eta informazio independentea izateko eskubidearen arteko bateraezintasunak araututa, eta herritarren kontrolpean dauden komunikabideak eta sare sozialak garatuta.
Testuinguru horretan, gerra propagandan gertatu den ageriko zirkuitulaburra kontuan izan behar da, bai Ukrainako gerran, baita Palestinako sarraskiari dagokionez ere.
Amerikako Estatu Batuetako presidente berriak, NATOren eta Errusiaren artean Ukrainan dagoen gerraren aginte-kateko burua denak, adierazi du Errusiak bere erasoa justifikatzeko emandako argudioak "ulertzen" dituela. Hau da, aitortu du gatazka horretan erantzukizunak partekatu behar direla. Trumpek esan du Biden izan zela gerra horren erantzulea, eta bera agintean izan balitz hori ez zela inoiz gertatuko. Errusiari nolabaiteko aitortza egin dio, NATOk gehiago ez zabaltzearen aurka Errusiak duen jarrera ulertzen duela esanda. Trumpek behin eta berriz esan du ez duela gerra gehiago hasi nahi. Mendebaldeko zigorrek Moskuren aurka porrot egin dute eta boomerang efektua izan baitute: Alemaniaren atzeraldia. Errusiak, oraingoz eta ez esfortzu handirik gabe, gerra ari da irabazten; eta jakina da irabazleak haizea alde duela bere argudioak ezartzeko. Inguruabar horiek guztiek Mendebaldeko propagandaren ardatzak hautsi dituzte Mendebaldean bertan, flotazio politiko eta mediatikoaren ildoan torpedo bat jaurtita.
Trumpen anbiguotasunek NATOren egonkortasunean duten eraginak gogora ekartzen dizkigu perestroikak, Mikhail Gorbatxoven erreformak, erein zituen nahasmena eta desorientazioa Varsoviako Itunean, Gerra Hotzeko bloke militar sobietarrean. Errusia hegoaldeko muzhik apal baten seme handi haren bulkada etiko humanistaren, eta AEBetako egungo presidentearen nartzisismo aldrebes eta nekaezinaren arteko (New Yorkeko higiezinen negozio mafiosoetan aberastutako milioidun erreakzionario bat) desberdintasunak desberdintasun, beharrezko obedientziaren printzipioaren krisia da.Horrek desitxuratu egiten du basailuen nagusiaganako mendekotasun-logika, larriduraz eta nahasmenduz betetzen ditu, eta nahasmendua sortzen du.
Zer gertatuko zaio NATOri bere nagusi handiak bizkarra ematen badio? Nola geratuko da errusiarren inbasio zitalaren bertsio kanonikoa, inbasioa "probokaziorik gabeko" gaiztakeria izan zela dioena, nazioarteko zuzenbidea urratzen duela eta inperio bat berreraikitzeko irrikan dagoen lider gaizto batek sustatu duela? Gatazka testuinguru serio batean kokatzeko egin den ahalegin oro, hau da, eliteen interes geopolitiko kontrajarrien arabera, "propaganda errusiar" gisa baztertua izan da urteetan. Nola egin atzera orain, gerraren sorreran eragile bakoitzak izandako erantzukizunak aitortu gabe eta lotsagorritu gabe?
Ukraina galtzeak porrot estrategiko handia dakar AEBentzat eta Europako potentzia zentralentzat. Arazoa larriegia da onartua izateko. Negoziazio errealista batek Mendebaldearen porrota onartzea eta Europako segurtasun integratuaren ideiara itzultzea dakartza. Hau da, 1990eko azaroan Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen Parisko konferentzian hitzartu zena. Errusiak horixe eskatu izan du azken 30 urteetan. Amore ematea pentsaezina dela ohartarazten diote neokontserbadorismo amerikarraren estrategek presidente berriari, eta, beraz, nahitaezkoa dela gerran sakontzea .
Biden presidente ohiak oso argi adierazi zuen ekainean Time aldizkarian egindako elkarrizketan: "Ukraina erortzen uzten badugu, Errusiako mugaren ondoko nazio horiek, Balkanetatik Poloniaraino eta Bielorrusiaraino, euren trikimainak egiten hasiko dira". Eslovakia, Hungaria, Bulgaria eta Georgiarekin ari da hori gertatzen. Europak autonomia bereganatzeko eta Txinako motorra duen esparru euroasiar batean integratzeko aukera dago, eta hori da, hain zuzen, lehian dagoena. Porrot horri atea irekitzea AEBen"segurtasun nazionalaren" hil ala biziko interesen aurkako atentatua da, eta horrek arriskuak dakarzkio saiatzen denari. Ohartarazpen hori irakurri behar da bai AEBetako historiaren testuinguru orokorrean (presidente eta buruzagi politiko okerren eliminazioa barne), bai 2024ko presidentetzarako kanpainaren giro zehatzean, Trumpek bi hilketa saiakera jasan baitzituen.
Jakina, muturreko baliabide horiek erabili aurretik, establishment nazionalaren presio izugarriak zuhurtzia ezartzen dio edozein presidente okerri. Horregatik guztiagatik, oso sinesgaitza da presidente berriak adierazi duen asmoa betetzea: gerra berriak saihestu nahi dituela adierazi du. Asmo hori erabat kontraesankorra da tarifak, merkataritza-oztopoak eta guztien aurkako zigorrak iragartzearekin, izan arerio ala aliatu; beraz, erreformismo zentzugabe horretatik haratago, litekeena da AEBak barne-desoreka handi baten aurrean egotea. Nolanahi ere, Trumpek adierazi duen "Putinenganako hurbilketa" noraino iritsiko den argitzeko zain dago Europar Batasuna, kezkatuta eta nahasita. Zain bai, baina berrarmatzen ari da, eta ahalik eta gehien saiatzen ari da zailtzen (ikus zer gertatzen ari den Baltikoan) edozein negoziazio-zantzu, sarraskia gelditzeko asmoa duena bederen.
Palestinan dena are zakarragoa eta dramatikoagoa da. Ukrainaren inbasioaren aurrean Mendebaldeak adierazitako haserrea, ezarritako zigorrak eta gerra aktiboki sustatzeko aurrekaririk ez duten laguntzak, batetik, eta bestetik, Israelekin duen lankidetza: bistan geratu dira Mendebaldearen biluztasun morala eta "giza eskubideei" buruzko bere ikuspegiaren falazia. "Terrorismotzat" jo zuten erresistentzia palestinarrak 2023ko urriaren 7an egindako erasoa. Israelgo segurtasunaren arduradunen definizioaren arabera, "munduko aire zabaleko kontzentrazio-esparru handienetik" palestinarrek duten ihes egiteko nahia ez zuten kontuan hartu. Alde batera utzi zuten erasoaldiaren izaera desesperatu eta suizida, mugimendu antikolonialen historian klasiko bat dena, eta erasoaren ankerkeria areagotu egin zuten, haurtxoen buru moztuei eta erraiak aterarazitako emakumeei buruzko kontakizun lazgarriak faltsutuz. Bidenabar, "Anibal doktrina" deiturikoaren ageriko aplikazioa ezkutatu egin zuten. Lege horrek Israelgo armadari ahalbidetzen dio bere herritarrak hiltzea, preso har ez ditzaten. Horrek sarraskiaren zenbakiak handitu egin zituen.
Israelgo kartzeletan 10.000 palestinar egonik ere, 250 israeldarren patuak besterik ez zuen inporta. Hamarkada luzeetako indarkeria koloniala, lurraldearen legez kanpoko lapurreta eta indigenen kanporatzea desagertu egin ziren kontakizunetik. Hortik aurrera, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea" aldarrikatu zuen eta haren izenean dozenaka mila zibil errugabe sarraskitu zituzten. Hildako palestinarren kopurua 200.000 izan liteke, The Lancet aldizkarian aditu batzuek otsailean aztertu duten zuzeneko eta zeharkako heriotzen proiekzioaren arabera. Horien artean haurrak eta emakumeak dira gehiengoa. Hiriak, ospitaleak, gurtzarako lekuak, oinarrizko azpiegiturak suntsitu dituzte, eta nahita hil dituzte Nazio Batuen agentzietako funtzionario eta kazetari gehiago, munduan urte askoan hil dituzten guztiak batuta baino. Hori guztia gertatu da sarraskiaren buru direnek inoiz erakutsi gabeko elokuentzia eta gardentasunez, beren asmo suntsitzailea argi eta garbi azpimarratu dute kamera eta mikrofono globalen aurrean. Horretarako ideologia supremazista erabili dute, Bibliaren hasierako orrietako eszena batzuekin apainduta.
Hedabide eta sare sozial publiko eta independenteak sortzea eta sustatzea ezinbestekoa da egungo egoeran
"Nazioarteko justiziaren" erakunde gorenak, Mendebaldeko potentzien nagusitasunaren aparretan sortu zen auzitegiak, Israelen krimenak ia inoiz zalantzan jarri ez dituenak, "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" ageriko "genozidiotzat" jo zuenean, fronte horretan ere guztia hondoratu zen. Ezerk ezin izan du konpondu: ez Mendebaldeko komunikabide handien manipulazio konplizeak, haien profesionalena barne –ez zuten inolako enpatiarik adierazi Israelgo armadak aurrez pentsatutako eta selektiboki erail zituen lankideekiko–; ez Israelek egindako "antisemitismo" salaketek NBEren, bere idazkari nagusiaren eta protesta egin duen ororen aurka –AEBetako ikasle judu gazteak barne, absurdoaren gailurra izan dena– ; ezta Alemanian, Frantzian eta Ingalaterran Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzeak ere. Agerian geratu da gizakien arteko berdintasuna ukatzen duela Mendebaldeak, baita horren erro kolonial eta arrazista ere.
Nazioarteko Justizia Gorteak epaia eman ondoren, giza eskubideen aldeko Mendebaldeko erakunde nagusiek, Human Rights Watch, Mugarik Gabeko Medikuak eta Amnistia Internazionala, bat egin dute ondokoan: Israelek Palestinan duen politika diseinatuta dago herri oso bat ezabatzeko, palestinarrei gizatasuna bera ere ukatzen die. Hori guztia txosten mediatikotik baztertu izanak agerian utzi du Mendebaldeak eta haren komunikabideek mundu osoan izan duten porrot morala.
Kapitalismo globala eta inperialismo oligarkikoa gizateria bere buruaz beste egitera eramaten ari dira, klima-kaosaren eta gerraren bidez. Arriskuaren ebidentziaren aurrean, jardun mediatikoa jendea ez dezan erreakzionatu saiatzen ari da. Gerra propaganda horrek gaur egun hainbeste kontraesani aurre egin beharrak aukera ikaragarriak ematen dizkie hori zalantzan jarri nahi dutenei. Garai nahasi hauetan gerra propagandak bizi dituen zurrunbiloek, aprobetxatu beharreko aukerak eskaintzen dituzte. Egoera honetan, hedabide eta sare sozial publiko eta independenteak sortzea eta sustatzea ezinbestekoa da.
Donostiako San Telmo museoko aretoa jendez bete da Irutxuloko Hitzaren hogeigarren urteurreneko ekitaldian.
"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]
France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]
Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.
Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]