Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean Aroztegia proiektuaren aurka eremu anitzetatik lanean ari diren hiru kide hauekin: Elizegi eta Torres auzipetuta daude, 2021eko kanpaldian parte hartzearen ondorioz. Garai hartan Prat Lekarozko alkatea zen eta Elizegi Baztango alkate izan zen 2011tik 2015era: biek ezagutu dute zer den erakunde publikoetatik Aroztegia proiektuaren irregulartasunen aurka lan egitea, baita goragoko instantziek tokiko erabakien gainetik jartzeko duten larderia ere. Eta Elizegi eta Torres Aroztegia... eta gero zer? plataformako kide izan ziren: badakite zer den herri mugimendutik helegiteak eta bide legalak lantzen aritzea, herritarrak sentsibilizatzeko informazio orriak idatzi eta zabaltzea, herri galdeketa eta mobilizazioak antolatzea, desobedientzia zibila egitea... Egun elkartasun komiteko kide dira.
Goizeko ihintzetan belaiak berde bizi daude. “Nondik ikus ditzakegu Aroztegia jauregia eta lurrak?” galdezka, kazetaria eta argazkilaria beti muturluze... Agian ez dira bakarrak. Itzalen bat somatu ote den zelatan leiho baten ertzean... “Goazen. Herri bideetan joango gara. Agian gaur ere Guardia Zibilen patrola inguratuko zaigu. Niri sarri gertatzen zait, herri bide horietan nabilenean” mintzatu zaigu Elizegi, guri eta leiho zelatariari.
Giro ederra dago eta eguzki izpitara pozik atera gara, mendi buelta egitera. Bidean, epaiketaren auzia zertan den azaldu digute:
Ehunka urteko haritzak botatzen ari zirela ikusita, 2021ean herritar askok bere gorputza jarri zuen Lekarozko lurretan, hondeamakinen aurrean. Palacio de Arozteguía promotorak legez kanpo hasiak zituen obra horiek, aurrerago xehe azalduko dugunez. Herritarren erantzun espontaneo hura kanpaldi bihurtu zen eta handik astebetera, hondeamakinak joan egin ziren Aroztegiaren lursailetik: geroztik ez dituzte eraikitze lanak berrabiarazi. Kanpaldi harengatik, zazpi herritarri delitu hauek leporatzen dizkiete Espainiako Fiskaltzak eta Palacio de Arozteguía promotorak: “Bortxa eta derrigortze delitu larriak” (obrako langileen kontra), eta “talde kriminal antolatu baten parte izatea”. Guztira, 20 urteko espetxe-zigorra eta 56.000 euroko fidantza eskatzen dizkiete. Epaiketa maiatzaren 19tik 23ra bitartean egingo dela iragarri diete.
Baina bada gehiago ere: promotorak Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua auzitara eraman ditu eta 43 milioiko kalte-ordaina eskatu die. Nondik eta nola? Promotoraren arabera, proiektua gauzatu ezin izan duenez, diru galera egon delako eta bi gobernuek ez zutelako proiektua babestu kanpaldiaren aurrean. Garbiñe Elizegik hartu du hitza: “Modu batera edo bestera diru publikoa bereganatu nahi dute. Promotorak badu arazo bat: kontratua sinatua du Hilton luxuzko hotel katearekin, Baztango hotela kate horretakoa izan dadin, eta ez badute proiektua garatzen Hilton kateari indemnizazio handia eman behar diote. Nola ez duten diru hori euren poltsikotik jarri nahi, Espainiako eta Nafarroako Gobernuei eskatu dizkiete 43 milioi kalte ordainetan”. Baina zazpi herritar auzipetuak ez daude mehatxu horretatik salbu, Itziar Torresek azaldu duenez: “'Erreserbako fidantza’ deitzen zaion figura bat eskatu dute, gobernuek ez badute dirutza hori ordaintzen, gu zazpioi eskatzeko”.
Epaiketaren helburua, Elizegiren ustez, “herritarrak izutzea eta hau berriz gertatzea saihestea da, herritarrok gure burua defendatu ez dezagun. Auzi hau herri mugimendua eta lurraren defentsa kriminalizatzeko bide bat da eta aldi berean nazio zapalkuntzan eta hizkuntza zapalkuntzan sakontzeko modu bat”. Guardia Zibilak egin dituen txostenek kriminalizazioa bilatzen dutela salatu du Elizegik: “Guardia Zibilak hasieran egin zuen txostena hamarkadetan bizi izan dugun diskurtsoarekin egina zegoen, ‘ENAMekoak dira, Itoitzen eta AHTren aurka egon ziren berberak...’”; “Ni garai hartan haur bat baino ez nintzen!” ohartarazi du auzipetuta dagoen Torres gazteak. Elizegik jarraitu du: “Txosten hori astakeria zen eta epaileak esan omen zien aldatzeko. Geroztik egin duten txostena alderatzen badugu inkisizioaren sorgin ehizako testu batekin, gauza aunitz antzekoak dira: ‘Hemen badira batzuk buru direnak eta agindu egiten dute nahiz eta tokian presente ez egon, eta lortzen dute haien inguruan horrelako gauzak gertatzea eta talde kriminal bat dira’. Nola jada ez duten ETAren aitzakiarik, ba talde kriminalarena asmatu dute”. Kanpaldian modu batera edo bestera jende askok parte hartu zuen, aurrerago ikusiko dugunez. Beraz, akusazioak nola osatu du auzipetzeko zazpiko zerrenda? Elizegik argi du: “Politikoki definizio bat izan dugunak edo Baztanen aktibo egon garenak aukeratu gaituzte. Ez dauka beste logikarik”. Kanpaldian antolatzeko modua kolektiboa izan zela dio Torresek: “Antolaketa hierarkikoetan sinesten dute eta horregatik hartzen dituzte zazpi herritar; haiek bai, hala funtzionatzen dute baina herri mugimenduak badu antolatzeko beste modu bat, inoiz onartzen ez dutena”.
"Gure lana da herrian gertatzen dena zabaltzea, deus ezkutatu gabe eta egin dena aitortuta: horren izena ez da talde kriminal, horren izena da desobedientzia zibila, erresistentzia eta herri borroka. Horregatik, absoluzioa eskatzen dugu"
Itziar Torres
Torresek gehitu du lurraren defentsa kriminalizatzea “Europan joera orokorra dela, ikusirik horrelako mobilizazioak indar handia hartzen ari direla. Adibidez, Frantziako estatuan Lurraren Altxamenduak mugimendua, edo horren aurretik ZAD... Euskal Herria oso leku interesgarria zaie talde kriminalaren aurrekaria sortzeko, gero herri mugimenduko beste edozein mobilizaziori jurisprudentzia hori aplikatzeko”. Pratek aurrekari horren larria nabarmendu du: “Zigortzen badituzte, esan nahiko luke horrelako proiektuen oposizioa egiten dutenak talde kriminalak direla. Eta hemendik aurrera zer? Beti horrela zigortuko da oposizioa?”.
Torresek honela egin du kriminalizazioaren aurrean defentsa: “Borroka herrikoia da, beraiek irudi bat saldu nahi dute eta gure lana da herrian gertatzen dena zabaltzea, deus ezkutatu gabe eta egin dena aitortuta: horren izena ez da talde kriminal, horren izena da desobedientzia zibila, erresistentzia eta herri borroka. Horregatik, guk epaiketan absoluzioa eskatzen dugu, ze guk onartzen duguna da desobedientzia zibila egin dugula, ez besterik, eta hori ez digutenez leporatzen, absoluzioa eskatzen dugu”. Elizegik jarraitu du: “Gu kartzelara bidalita ere, hemen herri bat egongo da erasoen kontra bere burua defendatzeko prest. Ezin dute kriminalizatu Baztan osoa. Tira, egin izan dute, baina zailagoa da”. Prat bat dator: “Ez du inongo zentzurik zazpi pertsonari leporatzeak, ze herri batek gelditu du obra, eta hori agerian geratuko da, beraiek espetxera sartuko balituzte ere oposizioak aurrera jarraituko duelako. Baina herriak obra gelditu du, eta ez proiektua; bi gauzak desberdindu behar dira”. Torresek azken datu horri heldu dio: “Gezurretan ari dira, zeren haien argudio nagusia da zazpi herritarrek proiektua gelditu dugula, baina proiektua ez dago geldituta, lortu duguna obra momentu batez gelditzea izan da. Proiektuak badu 2039 arteko baimena. Urte asko dituzte obrak hasteko nahi izanez gero, baina parean izango dute jendea hori gelditzeko. Proiektuak asko zailtzea lortzen dute herri mugimenduek. Palacio de Arozteguíak ez balu eduki 20 urtean herri bat erresistentzia egiten manera diferentetan, Aroztegia jada eginda egongo zen. Ez dago eginda eta hori garaipen bat da”.
Elkarrizketa bizian iritsi gara gertakarien eszenara: aurrean dugu Tellari auzoa eta bertan Aroztegia jauregia. Leinu-etxe hau 1513an jada aipatua da Nafarroako Erresumako nobleziaren baitan. Aurrean ditugu lurrak ere: historikoki, jauregiak 43 hektarea lur izan ditu bere jabetzan, baina egun Aroztegia proiektuak 46 hektarea lurreko eremua hartzen du, inguruko beste lur-jabeetatik eta herri lurretatik guztira 3 hektarea lur bereganatuta. Jabetza kontuetara bideratu da gure arteko elkarrizketa.
ABIAPUNTUAN NAGUSIAK ETA MAIZTERRAK
Jauregiaren jabetza aldatzen joan izan da historian zehar. Don Ignacio Odriozola Mendizabal donostiarra agertzen da jabe gisa 1998an. Elizegik azaldu duenez, “guk beti ezagutu ditugu hemen bi familia bizitzen: jauregian familia bat eta alboan duen ‘maizterren etxean’ beste bat. Bi familia horiek maizterrak ziren, nekazariak eta Aroztegiako lurretatik bizi ziren”.
Elizegik kontatu du Aroztegiako oinordekoek 1998an aurreproiektu bat landu zutela, bertan hotel balneario bat eta agro-eskola bat egiteko asmoz: “Aurreikusia zuten lana nork egin behar zuten ere, emakumeek; zehazki monjek, lana debalde egiteko. Hori idatzita dago 1998ko aurreproiektuan”. Horregatik, Aroztegian maizter bizi ziren bi familiak herrian birkokatu zituzten. Ordurako jauregia erortzen ari zen, eta Elizegik kontatu duenez, “ez dakit tartean zer gertatu zen, baina oinordekoek Aroztegia saldu egin zioten Jose Maria Celayeta Alcortari”.
Geroztik, Aroztegian egiteko hainbat proiektu aurkeztu izan dira 2001 eta 2015 artean, jarraian ikusiko dugunez.
Orduantxe konturatu gara goiz-pasa joan garen bisitariok: Lekarozko herriak 25 urte daramatza Aroztegiako aferekin. Beraz, gure begien aurrean momentuz ikusten duguna erortzen ari den jauregi bat eta utzitako lursail handi bat baino ez bada ere, proiektuak dagoeneko inpaktu ikaragarria eragin du Lekarozko elkarbizitzan eta Baztan bailaran. Jauregi zaharra kontenplatu ostean, herri bidetik eutsi diogu plazarako itzulerari. Eta azaldu digute hain justu herri bideekin hasi zela Aroztegiko liskarra...
2001: HASIERA ZABARRA
“Herria bere lurrak eta bideak defendatzearen alde zegoen. Aldiz, Baztango Udalak Aroztegiako eskaera denei baietz esaten zien”
Garbiñe Elizegi
Beraz, José María Celayeta Alcortak erosi zuen Aroztegia. Celayeta Elizondoko enpresaria da eta Baztanen badu antzeko proiekturik: Arizkunen ursuatarren baserria erosi eta "Señorío de Ursua" hotela ezarri zuen 2003an. Aroztegia jauregiarekin asmo bera zuen: Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak baliatuta jauregia berritzea eta hotela egitea. Baina herrian hasieratik sortu zuen aurkakotasuna, Elizegik azaldu duenez: “Herriko jendeak ez zekien Aroztegia berak erosi zuenik. Herritarrei ez zien proiektua aurkeztu eta Baztango Udalak ere ez zuen ezertaz informatu [garai hartan Baztango Udalean EAko Patxi Oiarzabal zegoen alkate]. Eta bat-batean, Celayeta bide publikoak ixten hasi zen, erosi zituen lurren hesiak ondoko herri bideen barruetara eramanda. Horrela hasi zen herrian iskanbila: jendea Baztango Udalera joan zen proiektuaz galdezka, legea begiratzen hasi zen eta Baztango alkateari esaten ezin zituztela bideak itxi. Lekarozko batzarrak eta Baztango Batzar Nagusiak akordio bat lortu zuten Celayetarekin, bide batzuk itxiko zituztela baina beste batzuk zabaltzearen truke”.
Aldi berean, Celayeta saiatu zen Aroztegiaren ondoko herri lurrak bereganatzen, permuta edo lur truke bat proposatuta Nafarroako Gobernuari. Baztango Batzar Nagusiak oniritzia eman zion. Elizegik garai hura honela gogoratzen du: “Herria bere lurrak eta bideak defendatzearen alde zegoen. Aldiz, Baztango Udalak Aroztegiako eskaera denei baietz esaten zien”. Baina Nafarroako Gobernuko Herri Lurren Departamentuak ez zuen permuta edo lur trukea onartu.
Celayetak proiektua egiteko Palacio de Arozteguia SM enpresa sortu zuen, helburu soziala "garapen turistikoa" zuena. Enpresa horrek 2005ean lortu zuen Nafarroako Gobernuaren baimena jauregia konpontzeko eta bertan hotela egiteko, baina ez zuen egin.
Gauzatu ez ziren proiektu horiek kontatu dizkiguten bitartean, iritsi gara bueltan Lekarozko plazara. Elizegiren etxe aurreko terrazan jarri gara goxo-goxo, eguzkitan. Mahai gainean jarri du paper ofizial meta bat: badira planoak, proiektuak, sententziak, helegiteak... Horiek eskutan, bete betean sartu gara egun auzitan den proiektura.
2008: HOTELA, GOLF ZELAIA ETA 252 ETXEBIZITZA
“Garai hartan Nafarroan kristo guztia hasi zen lurrak birkalifikatzen. Espekulazio garai goria zen, negozio aukera ikusi zuten eta lur horiek erosi zituzten pelotazo urbanistikoa egiteko”
Garbiñe Elizegi
José María Celayeta Alcortak Aroztegia jauregia eta lurrak inbertsore talde bati saldu zizkion. Promotora berriak enpresaren izena mantendu zuen (Palacio de Arozteguía S.L izena du egun) baina NIF eta helburu soziala aldatu zizkion: "higiezinen promozioa" du helburu eta sorreran kide hauek osatzen zuten, empresiaren arabera: Abanca Generale Seguros y Reaseguros aseguru etxea, Elizondoko Arotzarena Marín bi anai, hauen Donostiako lehengusu den Urbistondo Arotzarena, Iruñeko abokatua den Zubiri Oteiza, Moreno Fernández exekutiboa (egun Amancio Ortegaren inbertsio hoteleroak aholkatzen dituena) eta De la Colina Bejar.
Promotora honek Aroztegia proiektua handitu zuen, golf zelai bat eta 252 etxebizitza gehituta. Elizegik esan duenez, “garai hartan Nafarroan kristo guztia hasi zen lurrak birkalifikatzen. Espekulazio garai goria zen, negozio aukera ikusi zuten eta lur horiek erosi zituzten pelotazo urbanistikoa egiteko”. Gaur egun proiektu hau da Aroztegian aurrera eraman nahi dutena, eta promotora bera da, bere osaketa aldatu bada ere: Arotzarena Marín bi anaiek jarraitzen dute, baina ez enpresaren sorreran egon zen Urbistondo Arotzarenak; hau 2023an atera zen.
“Elizondoko dirudun familia da Arotzarena Marín [promotoreak], jatorrian fruta enpresa zuena Huelvan, eta bat batean higiezinen promotore lanetan sartu zena. Anaia horietako bat iruzur fiskalagatik kondenatu zuten eta anaia hauek oso lagunak dira Manu Aierdirekin"
Garbiñe Elizegi
Elizegik inbertsore hauen profila azaldu du: “Elizondoko dirudun familia da Arotzarena Marín, jatorrian fruta eta barazki enpresa bat zuena Huelvan, eta bat batean higiezinen promotore lanetan sartu zena. Anaia horietako bat iruzur fiskalagatik kondenatu zuten eta bi milioi euroko isuna ordainduta lortu zuen kartzelara ez joatea. Eta anaia hauek oso lagunak dira Manu Aierdirekin: EAJren Napar Buru Batzarreko lehendakari, Nafarroako lehendakari-orde eta Ekonomia kontseilari izanarekin. Aierdi 2021ean Davalor auzian inputatua zuten prebarikazioagatik, diru publikotik enpresa horri 2,6 milioiko diru-laguntza emateagatik, teknikarien txostenek enpresaren kaudimena zalantzan jarri arren. Baina epaiketa ez zen burutu epaileak epea iraungitzen utzi zuelako (gurean ez da hori gertatuko, ez!)”.
Arotzarena Marín anaietako batzuek Aroztegiaren antzeko proiektu bat egina dute Fuerteventuran (Kanaria Uharteak), Torresek azaldu duenez: “Parke natural batetik 400 metrora hotela, golfa eta 236 bungaloweko proiektua abiatu zuten; kasu honetan enpresak Atalaya Dorada izena zuen. Urbanizazio prozesua hasi zuten baina dena erdizka dago egun: lurrak izorratuta, partzelazioa eginda, argiteria sartuta eta asfaltatuta... baina kiebra deklaratu eta hartzekodunen konkursoa deitu zuten. Gaur egun, proiektu horren kostu guztiak udalaren gain daude”. Elizegik jarraitu du: “Horrelako txikiago bat egin zuten Erratzun ere: Arrollaleku deitzen den urbanizazioa, erdizka geratu dena, azerak eta farolak jarrita”.
2008an promotoreek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten Aroztegia proiektua Udalez Gaineko Eragina duen Plana (UGEP) izendatzea, baina Nafarroako Gobernuak ezezkoa erantzun zien. Aurrerago ikusiko dugu UGEP hori pieza gakoa dela Aroztegia auzian.
2009: ILEGALIZAZIOAREN GARAIAN 40 HEKTAREA LURREN BIRKALIFIKAZIOA
Aroztegia proiektuan 252 etxebizitza horiek egiteko 40 hektarea lur birkalifikatzea eskatu zuen promotorak Baztango Udalean 2009an eta 2010ean behin betiko onarpena eman zitzaion. Ezker Abertzalea ilegalizatuta zegoen garai hartan eta honela zegoen osatuta Baztango Udala: Nafarroa Baiko Virginia Aleman zen alkate eta zazpi zinegotzi zituzten eta UPNk beste sei zinegotzi zituen. Garai hartan, Nafarroa Bai koalizioaren parte ziren Aralar, EA, EAJ eta Batzarre alderdiak.
“Sorreratik plataformak lan handia egin zuen Sustrai Erakuntzarekin eta beste hainbat eragilerekin, proiektua bide legaletik gelditzeko”
Itziar Torres
Laborantza lurrak hirigintza lur birkalifikatzeko eskaera horrek piztu zuen Lekarozen herritarren artean kontzientzia eta garai horretan sortu zen Aroztegia... eta gero zer? plataforma. Elizegik hasiera haiek kontatu ditu: “Ilegalizazio garaia zen eta guk ez geneukan informaziorik. Lekarozko alkateak Aroztegiakoei laguntzen zien, beraz, hark ere ez zigun deus kontatzen. Herritar bat zegoen gaiaren gainean, eta hark alarma piztu zuelako jakin genuen birkalifikazioaren berri”. Plataformak hainbat alegazio aurkeztu zituen eta horietako bat gakoa izango zen etorkizunean. Elizegik azaldu du: “2005ean Aroztegiako zazpi hektareako zuhaiztia erre egin zen. Eta bide ezezagun batetik mendizain baten txostena iritsi zitzaigun, esanez sute bat egon zenez, lur hori ezin zela birkalifikatu hurrengo 30 urteetan. Izan ere, ezaguna da Galizian sute pila egon zirela birkalifikazioak bultzatzeko eta praktika horiek saihesteko atera zuten Espainiako Estatu mailako lege hori. Abokatuengana jo genuen eta ondoren udaletxean idatziak sartu genituen”. Torresek kontatu duenez, “garai hartan plataformak lan handia egin zuen Sustrai Erakuntzarekin eta beste hainbat eragilerekin, proiektua bide legaletik gelditzeko”.
Aroztegiako promotorak eta Baztango Udalak abokatu bera zuten: Blas Otazu, Gabriel Urralbururen garaian Nafarroako Gobernuan egondakoa
Plataformak gaia auzitegira eraman bazuen ere, Baztango Udalak aho batez onartu eta tramitatu zuen lurrak birkalifikatzea eskatzen zuen Aroztegia proiektua. Gainera, bazen Aroztegiako promotoraren eta Baztango Udalaren arteko ageriko lotura bat: abokatu bera zuten enpresak eta udalak, Blas Otazu [ikus PDFan 4. orrian, 82. ilara], Gabriel Urralburu Nafarroako presidente zen garaian Nafarroako hirigintza zuzendari izandakoa (1984-1988) eta 1994an epaitu zutena gobernuko kargu horretan "prebarikazioa eta faltsutzea" egin izana egotzita.
Herritarrek manifestazioak egin zituzten Aroztegia proiektuaren kontra, eta Lekarozko alkateak ez zuenez herri galdeketa egin nahi, herritarrek sinadura bilketa egin zuten presioa egiteko eta 2009an Lekaroz herrian galdeketa antolatu zuen plataformak: parte hartu zutenen %67k kontra bozkatu zuten, %26k alde eta %7k xuri.
Baztanen etxebizitzen %36 dago hutsik: 860, eta horietatik 520 bigarren etxebizitza dira. Oso bailara turistikoa da: 2.800 ohe turistiko daude, hamar biztanleko lau
Plataformak herritarrak informatzen eta sentsibilizatzen lan egin zuen, Torresek azaldu duenez: “Lekaroz ur hornidura arazoak dituen herria dela eta golf zelai batek ez zuela zentzurik esaten genuen. Basozain batzuk aztertzen aritu ziren proiektuak animaliei zer kalte egingo zien...”. 350 biztanleko herrian 252 etxebizitza sortzeko planteamenduak ere alarmak pizten zituen. Pratek gordea du garai hartan plataformak banatu zuen esku-orria eta besteak beste, bertan azaltzen zuten 750 biztanle inguru ekarriko lituzkeela eta desoreka handia sortuko lukeela Lekarozen. Esku-orri horretan “pelotazo” izendatzen zuten proiektua, argudiatuz garai hartan laborantza lurrak batez beste metro koadroko 0,9 euro balio zuela eta hirigintza lurrak, aldiz, 23 euro eta beraz, birkalifikatze hutsarekin promotorak dirutza irabazten zuela. Gaur egun ere Baztango datuek zalantzan jartzen dute etxebizitza berrien premiarik dagoenik: egun, etxebizitzen %36 dago hutsik (860 etxebizitza, horietatik 520 bigarren etxebizitza dira, asko gipuzkoarrenak). Oso bailara turistikoa da, 2.800 ohe turistiko daude, hau da, hamar biztanleko lau ohe turistiko.
"Oraindik Baztan da laborari aktibo gehien dituen Nafarroako mendialdeko eskualdea, beraz, garaiz gaude beste eredu bat indartzeko”
Itziar Torres
Elizegiren ustez, eredu talka da auzia: “Baztanentzat zer eredu nahi dugun da gakoa. Haientzat Aroztegia proiektu estrategikoa da Baztan politikoki española izan dadin, klasismoa eta hierarkia egon daitezen, garapen ekonomiko jakin bat eman dadin…”. Torresek jarraitu du: “Baina hala ere, oraindik Baztan da laborari aktibo gehien dituen Nafarroako mendialdeko eskualdea, beraz, esperantza ez da galdu, garaiz gaude beste eredu bat mantentzeko eta indartzeko”. Izan ere, Baztango populazio aktiboaren %5,8 laborari gisa dago alta emanda: 250 dira profesionalak eta 540 laborantzarekin batera beste aktibitate bat konbinatzen dutenak.
Euskararen aldeko borrokatzat ere badute Aroztegiakoa: “Baztango udaleko euskara teknikariak, Paula Casaresek, Aroztegian zentratutako azterlan bat egin zuen, gero UEMAk baliatu zuena. Bertan aztertu zuen horrelako proiektuek hizkuntzarengan duten eragina”, azaldu du Torresek. Elizegik jarraitu du: “Lapurdiko kostaldea ikusi besterik ez dago hizkuntzaren mapa nola aldatzen den ohartzeko. Eta promotoreek hasieratik esan zuten Lapurdiko kostaldeko eredua zela Baztanera ekarri nahi zutena”.
“Garai horretan Baztanen nekazaritzatik eraikuntzara pasatu ziren gizon asko, eta esaten zuten: ‘Ni nola hasiko naiz horren kontra ni eraikuntzan ari banaiz...’”
Garbiñe Elizegi
Elizegik espekulazioaren sukar hura ekarri du gogora: "Garai hartan txaletak egiten ari ziren toki guztietan eta jendea bere lur guztiak saltzen ari zen. Ez zen Aroztegia bakarrik, Baztanen eraldaketa ikusten ari ginen, nola saltzen ziren bordak dirutza baten truke. Hortik ere kontzientzia sortu zen, gertatzen ari zena astakeria zela eta nola zen posible baimenak ematea lurren kalifikazioa aldatzeko...”. Baina gehitu du giro horretan ez zela erraza izan Aroztegiaren gaiak babes soziala jasotzea: “Garai horretan Baztanen nekazaritzatik eraikuntzara pasatu ziren gizon asko, eta esaten zuten: ‘Ni nola hasiko naiz horren kontra ni eraikuntzan ari banaiz...’”.
Aroztegiaren alde zeudenek lanpostuak argudiatzen zituzten, Elizegik gogoratu duenez: “'Emakumeentzat lanpostuak sortu behar ditugu, hotelean emakumeek lan egingo dute', esaten zuten”. Aroztegiaren baitan zegoen etxebizitzen proiektua gorde egiten zutela azaldu du, “hau proiektu turistikoa da” nabarmentzen zutela, eta herrian askok pentsatzen zutela “beraiena baldin bada zergatik ez dute hor nahi dutena egin behar?”.
Baztango Udalean nagusi zen Nafarroa Baik “garapena” hitza zerabilen Aroztegia justifikatzeko eta babes ofizialeko etxeak ere egingo zirela argudiatzen zuen. Elizegik gogoratu duenez, “hirigintzatik dirua sartzen zen udaletxera eta haiek esaten zuten Baztanek garapenerako diru hori behar zuela eta beraz, birkalifikatu behar zela. Hau da, herrian babes sozialeko etxebizitzak edukitzeko espekulatu egin behar genuela. Orain gauza bera da energiarekin: energia berriztagarriak nahi baditugu, horiekin espekulatu behar omen dugu. Kasualitatez, fruta enpresatik hirigintzara jauzi egin zuen familiak orain energia enpresa bat dauka. Espekulazioa non, haiek han”.
“Baztanen herri batzarretan aukeratzen dira alkateak eta alkateak ez dira alderdietan aurkezten. Beraz, hemengo egitura administratibo bereziari esker lortzen genuen nolabait ilegalizazioa gainditzea"
Ernesto Prat
Ilegalizazioaren garaia zenez, Aroztegiaren aurkako mugimenduak herri batzarrak aktibatu zituen erakunde publikoetan eragin ahal izateko eta horrek herrietako erakundeetan demokrazian sakontzeko balio izan zuen. Pratek azaldu duenez, “Baztango herrietan, herri batzarretan aukeratzen dira alkateak eta alkateak ez dira alderdietan aurkezten. Beraz, hemengo egitura administratibo bereziari esker lortzen genuen nolabait ilegalizazioa gainditzea, ikuspegi ezkertiarreko alkateak hautatuta. Gainera, alkate horiek badute ahotsa eta boza Baztango Batzar Nagusian eta erakunde hori da batez ere lur komunalen kudeaketaz arduratzen dena. Eta Aroztegia proiektuan 170 metro koadroko partzela bat komunala da”.
Torresek azaldu du herrietako batzarretan egon zen bilakaera: “Baztan aski tradizionalista izan da. Batzar Nagusiak eta herrietako batzarrak aski apalduak zeuden, eta ilegalizazio garaian prozesu bat eman zen, herrietako batzarren zein Batzar Nagusiaren eskumenak aktibatzeko. Alkatearen funtzioa da herriko
"Lehen Lekarozko herri batzarretan emakume bakarra egoten zen. Orain gizonek baino gehiago parte hartzen dute"
Garbiñe Elizegi
batzarrean erabakitzen dena transmititzea Batzar Nagusian. Hortaz, aunitzetan, nahiz eta alkateak ez izan oso gure sokakoak, gertatzen ahal da herriak guztiz egotea Aroztegia proiektuaren aurka eta alkateek gehiengoaren erabakia eraman behar dute Batzar Nagusira, ez haien boz pertsonala. Proiektu hauei esker, herrietako alkateen paperak sozialki garrantzia hartu du eta egun segurtatzen da batzarretako funtzionamendua egokia izatea: hau da, Batzar Nagusian zerbait bozkatu baino lehen gai horri buruzko batzarra antolatu behar dela herrian eta abar... beraz, arduragabekeria gainditu da”. Elizegik balioan jarri du herrietan irabazi dena: “Kultura demokratikoan sakondu dugu eta denok ikasi dugu bidean. Ordura arte guk ere ez genuen sinesten Batzar Nagusiak zituen eskumenetan. Herri zapaldua garenez, erabakitzeko eta antolatzeko hemengo moduek zilegitasuna galdua zuten. Baztango sistema hau idatzita dago Nafarroako administrazio legean, baina ordura arte normalizatuta zegoen Batzar Nagusia adornozkoa izatea. Bere eskumenak berreskuratu dira eta jada ez da hain erraz garai hartan bezala gauzak nolanahi egitea”. Demokratizazio prozesuaren baitan emakumeen parte-hartzea nabarmen hazi dela gehitu du Elizegik: “Oroitzen naiz txikitan, gure ostatuan egiten ziren Lekarozko herri batzarrak eta emakume bakarra egoten zen. Orain gizonek baino gehiago emakumeek parte hartzen dute. Herri guztietan ez da lortu aktibazio eta parte-hartze maila hau, baina justu Lekarozen bai eta herri aunitzetan ere bai”.
2011: BAZTANGO UDALEAN AROZTEGIAREKIKO JARRERA ALDATZEA
2011n Baztango Udalaren osaketa aldatu zen: Bilduk alkatetza eta bost zinegotzi izatea lortu zuen, beste bost zinegotzi lortu zituen UPNk, Baztango Ezkerrak bi eta NaBai 2011k bakarra. Kontuan izan behar da EA Bilduren barruan zegoela eta aurreko legegintzaldian Nafarroa Bairekin atera zela; bestalde, Aralar NaBai2011n zegoen. Gerora sortu ziren EhBildu Aralarrekin, eta Geroa Bai Aralar gabe.
"Promotoreei eskaini genien proiektua egitea baina etxebizitzarik gabe. Zergatik planteatu genuen hori? Ez geneukalako gehiengorik! Polemikoa izan zen, noski, nik ez dut golf zelairik nahi!"
Garbiñe Elizegi
Aroztegiarekiko jarreran, Bildukoak aurka zeuden, UPN eta NaBai 2011 alde eta Baztango Ezkerrarekin izan zituzten eztabaidak honela azaldu ditu Elizegik: “Udala hartzeko akordioa haiekin egin genuen. Haiek esaten zuten Aroztegia proiektuko etxebizitzen kontra zeudela baina ez proiektu turistikoaren kontra. Guk esaten genien ez zela proiektu turistiko bat, pelotazo urbanistiko bat zela. Haiek esaten ziguten euren nahia zela Baztanen argi geratzea beraiek ez zeudela progresoaren kontra. Kontuak horrela, gure proposamena hauxe izan zen: promotoreei eskainiko diegu nahi badute egingo dugula proiektua, baina etxebizitzarik gabe”. Irtenbide hori proposatzeak kontraesanak sortu zituela azaldu du Elizegik: “Zergatik planteatu genuen hori? Ez geneukalako gehiengorik! Polemikoa izan zen, noski, nik ez dut golf zelairik nahi! Eta plataformakoek kanpotik esaten zuten ‘guk ezin dugu hau defenditu!’, eta normala! Ezin zuten defenditu eta ez zuten defenditu behar. Baina gure kezka zen: nola ateratzen gara korapilo honetatik? Gainera, bagenekien enpresak ez zuela hori onartuko. Jokaldi politiko bat izan zen: Baztango Udaletik proiektuaren modifikazio bat egin genuen, ikusteko Udalak bazuela akordiora iristeko borondatea, eta atera ginen esanez proiektu hori egiteko prest geundela. Enpresarekin bildu ginen eta ezetz esan zuen”. Torresek plataforma barrutik bizi izan zuen garai hura: “Hor argi geratu zen pelotazo bat zela eta ez proiektu turistiko bat, eta hori plataformak baliatu zuen argudio gisa”.
Bildu Baztango Udalean sartu orduko, bi aldeen abokatua zen Blas Otazurekin harremanak eten zituen udalak. Elizegik kontatu du 2013 arte borroka judiziala eman zela Baztango Udalaren eta Aroztegia promotoraren artean: “Blas Otazuk jarraitu zuen promotoraren abokatu izaten eta 2013 arte zinpi-zanpa aritu ginen: beraiek jarraitu zuten hirigintzako urratsak ematen, hau da, partzelazio proiektuarekin eta horrelako gauza teknikoekin bidean aurrera egiten, eta guk udaletik bide legaletik errekurtsoak jartzen”. 2013an auzitegiak arrazoia eman zion Aroztegia... eta gero zer? plataformari, erretako partzela ezin zela birkalifikatu esan zuen sententziak. Baina sententzia atera baino zertxobait lehenago promotorak Aroztegia proiektua moldatu zuen, erretako eremu horretan eraikinik aurreikusten ez zuena.
Bitartean, Baztango Udalarekin gaia korapilatu zitzaiola ikusita, promotorak 2014an Nafarroako Gobernuan eskaera sartu zuen, Udalez Gaineko Eragina duen Plana (UGEP) izendatu zezan, hau da, proiektuarekiko erabakiak tokiko erakunde publikoetan hartu beharrean, Nafarroako Gobernura pasatu zitezen. 2015ean Nafarroako Gobernuan agintean zen UPNk lehen onespena eman zion UGEP eskaerari, hauteskundeak izan baino bi egun lehenago. “Baina hori gelditzen ahal zen”, ohartarazi du saminez Elizegik: “Zeren eta hauteskundeen ostean, Nafarroan ‘aldaketaren gobernua’ jarri zen eta gobernua osatzeko akordio programatiko bat egin zuten Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak, baina akordio programatiko horretan ez zuten Aroztegia sartu, eta alderdi guztiek onartu zuten hori hala izatea”.
[2024ko abenduan Egonarria saioan aritu zen Garbiñe Elizegi Aroztegia auziaz. Bideoan ikusgai]
UGEP ONARTU ZUEN NAFARROAKO “ALDAKETAREN GOBERNUAK”
“Plataformatik kaña handia eman genuen erranez Iruñean ‘aldaketaren gobernuari’ garrantzia handia ematen zitzaiola, baina nekazal eremua saldu zutela, aldaketaren izenean gainera!"
Itziar Torres
Aroztegiaren auzia “aldaketaren gobernua”ren akordio programatikotik kanpo utzi zutela ikustean, Damoklesen ezpata gainean sentitu zuten Baztanen. Torres mintzo da: “Plataformatik kaña handia eman genuen erranez Iruñean ‘aldaketaren gobernuari’ garrantzia handia ematen zitzaiola, baina nekazal eremua saldu zutela, aldaketaren izenean gainera! Haserre handia genuen ‘aldaketaren gobernua’rekin”. Azkenean, UGEP kolore guztietako alderdiek onartu zuten. Hala kontatu du Pratek: “UGEPari UPNk eman zion hasierako onespena, baina Geroa Baik eman zion azkena”. Elizegik gehitu du: “EH Bilduk jarri zuen kontseilariaren departamentutik gainera. Guretzat oso bortitza izan zen. Gainera, akordio programatikoan sartu ez bazuten ere, posible zen UGEParen kontra egitea, nahikoa zen behin betiko onarpena ez ematea. Are gehiago, akordio programatikoan bai sartu zen puntua izan zen UGEP legea moldatu behar zela, horrelako egoerak saihesteko eta gehiago egin ez zitezen”.
Baina gerora justu alderantziz gertatu da, Elizegik azaldu duenez: “Aroztegiaren
"UGEParen lege hau kopiatu dute Tapia Legea egiteko, beraz, Euskal Herrian aurrekari larria izan da Aroztegiako UGEP"
Garbiñe Elizegi
ondotik etorri dira UGEP tresna erabilita beste proiektu batzuk, Erdizkoa eta Etxabakoitzekoa, adibidez. Ez hori bakarrik, UGEParen lege hau kopiatu dute Tapia Legea egiteko, beraz, ez da gelditu, gainera funtzionatzen die eta besteei bidea erakutsi diete! Euskal Herrian aurrekari larria izan da Aroztegiako UGEP”.
Pratek salatu du demokraziaren ikuspegitik urraketa larria dela UGEP: “Tresna horrek aukera ematen die bertako borondatearen gainetik pasatzeko. Beraiek Iruñetik erabakitzen dute baztandar guztien gainetik Baztanendako zer den ona. Eta eskumena kentzen diete bertako instituzioei”. Elizegik "hirizentrismoa" salatu du: "Munduaren ikuspegia da, ea nola laguntzen ahal dion proiektu honek hiritarrari”. Pratek jarraitu du: “Landa eremua justifikatzen dute hirien zerbitzurako eta aisialdirako, kontuan eduki gabe bertako errealitatea, izan kulturala, linguistikoa, ekologikoa…”.
"Iruñetik erabakitzen dute baztandar guztien gainetik Baztanendako zer den ona"
Ernesto Prat
Baina Aroztegiaren proiektuak ba al ditu “Udalaz Gaindiko” interesekoa dela esateko ezaugarriak? Pratek ohartarazi du udalerri bakarrari eragiten diola proiektu honek, “eta UGEP izendatzen da udal bati baino gehiagori eragiten dionean”. Torresek gehitu du: “Interes orokorra denean egiten da UGEP eta ez da kasua, hau pelotazo urbanistiko bat da”. Bitxia da, 2008an jada promotora honek eskatu zuela UGEP izendapena eta garai hartan Nafarroako Gobernuko Hirigintza zerbitzuko zuzendaria zen José Antonio Marcén-ek ukatu egin zuela, aldiz, pertsona berak 2015ean kontrakoa sinatu zuen, UGEP izendapena emanez. Gaur egun Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia da Marcén.
UGEP izendapena gutxi ez eta 2016an Nafarroako Gobernuak Foru Intereseko izendatu zuen proiektua, eta horri esker, promotorak 20 urterako jaso zuen egiteko baimena. Elizegik erantsi du: “Gainera 2019an Geroa Baiko Manu Aierdik berritu egin zuen 20 urteko epe hori”, beraz, promotorak 2039ra arteko epea badu proiektua gauzatzeko.
Terrazan eserita UGEPaz eta bere albo-kalteez hizketan dabiltzala, kafea kontrako eztarrira joan zaio kazetariari, entzun duena irentsi ezinda. Argi ibili zu ere, irakurle maite, jarraian irakurriko duzunarekin eztarria trabatu gabe.
PROIEKTUAREN KONTRA DAUDEN LURJABEAK PROMOTORE BIHURTUTA
Lurjabeak diren herritar batzuk proiektuaren aurka daude baina haien borondatearen aurka promotore bihurtu dituzte eta dirua ere jarri behar dute
UGEP izendatzeak baditu bere ondorioak proiektuaren kudeaketan: hasteko, Palacio de Arozteguía promotorari lurrak desjabetzeko eskumena ematen dio. Elizegik salatu duenez, “ikaragarria da, enpresa pribatu bati eman zaio berez erakunde publikoena den eskumen bat”. Bestetik, promotorak proiektuko lurren %80 baino gehiagoren jabetza duenez, “konpentsazio batzordea” osatzen du eta honek eramaten du proiektuaren ardura. Eta konpentsazio batzordearen parte dira Aroztegia proiektuaren barruan dauden lurren jabe guztiak, kasu honetan Palacio de Arozteguía (43 hektarearen jabea), Baztango Udala (170 metro koadroko herri lurren jabea), Telefónica, Nafarroako Gobernua eta hamaika lurjabe. Hamaika lurjabe horietako batzuek ez dizkiete haien lurrak proiektuari saldu nahi, are, proiektuaren aurka daude. Baina, hala ere, “konpentsatzio batzordearen” parte dira, eta batzorde horretatik exekutatzen da proiektua. Hau da, haien borondatearen aurka, proiektuaren promotore bihurtu dituzte. Baina praktikan, bozak lur kopuruarekiko proportzionalak direnez, erabaki guztiak Palacio de Arozteguía enpresak hartzen ditu.
Pratek ohartarazi du “oso deserosoa” dela une honetan lurrak promotorari saldu nahi ez dizkieten herritarren egoera, izan ere, erabakietan parte izateaz gain, proiektuan dirua jarri behar denean ere proportzioan jarri behar dute: “Eta ez badute diru hori aportatzen, haien ondasunetatik enbargatzen ahal dizkiete, hau da, etxea edo dena delako ondasuna galtzen ahal dute!”.
Gaur egun, Aroztegia proiektuaren lurrak utzita daude: ez dira obrak egiten ari baina jabeentzat ez daude erabilgarri, promotorak itxiturak kendu zituenez, berriz erabiltzen hasteak lan handia eskatzen dielako itxiturak egiten. Urteak pasatzen doaz eta sasiak hartzen ari dira lurrak. Torresek zehaztu duenez, “lur hauek erabiltzen dituen bakarrenetakoa auzian gure aurkako lekuko gisa hitz egingo duen herriko gizon bat omen da, enpresari hauen familiako kidea dena”. Lurrak xantaiarako erabili izan direla salatu du Elizegik: “Herriko hainbat nekazarik erabili izan zituzten lur horiek obrak hasi ziren arte. Baina norbaitek proiektuaren kontrako jarrera erakusten bazuen, ukatu egiten zioten belai horiek erabiltzeko aukera. Horrelako presio moduak erabili dituzte, edo herriko gizon batzuk Espainia aldeko ehiz-barruti batera gonbidatzea ehizatzera...”.
2016: HERRI GALDEKETA ETA HERRITARREN AURKAKO AUZIAK
2016ko ekainaren 5ean, proiektuari buruzko herri galdeketa egin zen Baztanen, Baztango Batzar Nagusiak antolatuta [garai hartan EH Bilduko Joseba Otondo zen Baztango Udaleko alkate]. Aroztegia... eta gero zer? plataformak aktiboki parte hartu zuen galdeketaren aldeko sinadurak bilduz. Gure hizlariek azaldu dutenez, “Baztanen Geroa Baik kanpaina itzela egin zuen herri galdeketari zilegitasuna kentzeko, eta ez bozkatzeko eskatu zuen”. Geroa Bairen argudioa izan zen galdeketak ez zuela baliorik, ez zelako loteslea. Bozkatu zutenen %80k Aroztegiaren aurka eman zuten. Baztango hamar alkatek emaitza onartzea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Baina 2017ko abenduaren 27an, Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu zuen Aroztegia proiektua.
Urte horietan ez zen auzitegietako gatazka baretu. Pratek kontatu duenez, “presio judiziala beti oso aktibo izan dute promotoreek, oposizioaren kontra”. Elizegik berak Baztango alkate zela bi salaketari egin behar izan zien aurre: “pelotazo urbanistiko” hitza erabiltzeagatik 36.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuen promotorak baina Elizegik auzia irabazi zuen. Eta “prebarikazioa” egotzi zion promotorak, plataformaren aurkako prozeduretatik erretiratu zelako udala: auzi hau etenda dago, faltsua dela frogatu ondoren. Joseba Otondo Baztango alkate zela “prebarikazioa” egitearen salaketa jarri zion promotorak, proiektuaren aurkako protesta bat baimendu zuelako: auzia bertan behera geratu zen. “Prebarikazioa” egotzi zion berriro ere Otondori promotorak, hotelaren eraikuntza-lizentzia bertan behera uzteagatik: auzi hau etenda dago, faltsua dela frogatu ondoren.
Aroztegia... eta gero zer? plataformako zazpi pertsonari salaketa penalak jarri zizkioten 2016an, prentsaurreko batean “pelotazo urbanistikoa” hitza erabiltzeagatik: espetxeratzea eta 50.000 euroko kalte ordainak eskatu zituzten haien kontra, baina auzia bertan behera geratu zen.
2021: OBRAK HASTEA ETA AROZTEGIKO KANPALDIA
Nafarroako Auzitegiak LAB-i arrazoia eman zion eta esleipena legez kontrakoa izan zela adierazi zuen, baina hala ere promotorak obrak hasi zituen
“Bide legalean ibilbidea beteta, plataformak bere bidea itxita ikusi zuen”, azaldu du Elizegik: “Izan ere, plataforma helegiteak sartzeko eratu zen ofizialki eta jada legalki ez zegoen ezer egiterik”. Horrela zeuden gauzak 2021ean. LAB sindikatuak helegitea jarri zuen promotoraren aurka, esanaz obren esleipen prozesua ez zuela UGEPak eskatzen duen moduan egin. Nafarroako Auzitegiak LAB-i arrazoia eman zion eta esleipena legez kontrakoa izan zela adierazi zuen, baina hala ere promotorak obrak hasi zituen apirilaren 8an, Tex enpresaren hondeamakinak eremuan sartuta. Promotorak argudio gisa erabili zuen sententzia horri helegitea jarria ziola eta beraz, sententzia ez zela behin betikoa.
Lehen egunetan herritarrak hondeamakinen aurrean jarri ziren, obrak geldiarazteko, eta langileak etxera joaten zirenean herritarrak ere etxera itzultzen ziren. Baina egunak aurrera joan ahala, erabaki zuten lotan bertan gelditzea eta halaxe, apirilaren 16an, lursailetan erresistentzia-akanpada abiatu zuten. Astebeteren ondoren, Tex enpresak bere makinak lekutik atera zituen eta herritarrek kanpaldia altxatu zuten, aldi berean, maiatzaren 15ean Elizondon manifestatzeko deia eginda.
Beraz, kanpaldiak lortu zuen obra gelditzea, baina izan zen galerarik: zientoka haritz eraitsi zituen Tex enpresak, horien artean batzuk ehunka urtekoak. Bide zaharrak xehetu zituzten makinek. Baztango paisaiaren ezaugarri diren harlauza handiak, zelaiak hesitzeko erabiltzen direnak, bota zituzten. “Gelditu genituelako, bestela Sukiletxeko erreka izorratu behar zuten!”, gogoratu du Elizegik.
Txikizioen irudiak zabaldu egiten ziren mugikor bidez herritarren artean, eta kanpaldia horrela handitu zela kontatu du Torresek: “Irudi horiek Baztanen zegoen min bat piztu zuten. Bailara mailan mobilizazio masiboa hasi zen”. Pratek jarraitu du: “Denek lagundu nahi zuten: batzuk ez ziren ausartzen makinen aurrean jartzen, baina laguntzeko beren modua bilatzen zuten, adibidez, tortillak eginda kanpaldikoek afaltzeko, edo zaintza txandak egiten zituzten, edo herri mailako mobilizazioetan parte hartu...”. Torresek hasi orduko kanpotik jaso zuten babesa ekarri du gogora: “Pandemian kontentzio fase potente batetik heldu ginen eta enpatia handia eragin zuen kanpaldiak Euskal Herri mailan: kolektibo pila bat etorri ziren eta aldeko adierazpen mordoa jaso genituen”.
Kanpaldiko esperientziaz zera baloratu du Elizegik: “Oso garrantzitsua izan zen Baztan mailan belaunaldien artean sortu ziren harremanak eta elkarlana. Zaintzak garrantzia handia hartu zuen, COVIDaren testak ekarri genituen eta inork sintomak bazituen joan egiten zen... Batzarretan modu kolektiboan hartu ziren erabakiak eta auzolanean egin ziren gauzak”. Torresek gehitu du: “Emozionalki arrunt potentea izan zen. Lur eremua ere aunitz zaintzen zen, zikindu gabe”.
"Bat batean alde guztietatik jendea iritsi zen, belaietatik, sasietatik... ehun pertsona baino gehiago. Eta irudikatu behar da hau dena polizialki hartuta zegoela! Jendea arriskatzeko prest egon zen”
Itziar Torres
Kanpaldian uneoro 10-40 lagun artean egon ziren, baina behar zen momentu puntualetan askoz jende gehiago elkartzen zen, Pratek azaldu duenez: “Sare sozialetan norbaitek jartzen bazuen ‘makinak mugitzen ari dira eta agertu jendea faborez leku zehatz honetan’, kanpaldian zegoen jendeaz gain ordubeteko epean 60 pertsona plantatzen ziren makinen aitzinean, herrian guardia zibilen 24 orduko kontrola zegoen arren. Ikaragarria izan zen”. Torresek momentu bat du gogoan: “Akanpadan 30 lagun inguru geunden eta abisua zabaldu zen Iruñetik Espainiako polizien furgona pila bat zetozela. Bat batean alde guztietatik jendea iritsi zen, belaietatik, sasietatik... ehun pertsona baino gehiago. Eta irudikatu behar da hau dena polizialki hartuta zegoela! Jendea arriskatzeko prest egon zen”. Pratek aitortu du: “Nik ez nuen espero jendearen erantzun hori”.
Garai hartan Prat Lekarozko alkatea zen, eta herrian bizi izan zuten “militarizazioa” salatu du: “Herriko sarreran guardia zibilen kontrola etengabe jarria zegoen baina ez zen hori bakarrik, guardia zibilaren presentzia proiektuaren inguruko bide guztietan etengabea zen, gau eta egun herritarrak identifikatzen zituzten, leihoetan zeuden herritarrak ere xaxatzen zituzten... egun horietan identifikazio pila bat egon ziren: pandemia garaia zen, ezin zen jendea elkartu, maskarillekin egon behar zen... isunak jartzeko eta oposizioaren kontra egiteko pandemiako argudioak erabili zituzten”.
"Promotorak ez du inongo zigorrik izan baimenik gabeko sarraskia egiteagatik! Bitartean, dozenaka herritarrek, legea betearazi dutenek, milaka euroko isunak jaso dituzte”
Ernesto Prat
Lortu zuten; obrak gelditzea lortu zuten herritarrek, ekintza zuzen horren bidez. Elizegik aitortu du: “Ez genuen espero obra geldituko genuenik. Tira, ez genuen espero ezta bi gau emango genituenik ere! Hortik aterako gintuztela espero genuen”. Torresek argudiatu du: “Guardia zibilek eta foruzainek ez zuten argi UGEP izendapenak non uzten duen lur horien okupazioaren gaia. Aski nahasiak zeuden administraziotik eta indar polizialen aldetik”. Elizegik argi du: “Gu ez bagintuzten atera izan zen politikoki ez zitzaielako interesatzen. Gainera, eremua ez zen husteko erraza: 46 hektarea ziren eta kotxearekin ezin ziren sartu... gu hortik ateratzekotan moduak bortitza izan behar zuen, eta ez zuten irudi hori eman nahi, zer eta obraren baimena zalantzan zegoenean... PSN zegoen Nafarroako Gobernuan eta PSNk ez du izan interesik handiena proiektuan, interesik handiena UPN, PP eta EAJk izan dute”.
Pratek paradoxa azaldu du: “Guk defendatzen genuen enpresak ez zuela baimenik obrak hasteko. Denborak arrazoi eman zigun, akanpada bukatu eta hilabete gutxira atera zen behin betiko sententzia. Baina ordurako txikizioa egin zuten eta herritarrei esker saihestu zen txikizioa are handiagoa izatea; bitartean, administrazio publikoak ez zuen deus egin ilegalki hasi zen obraren aurrean. Eta nik dakidala promotorak ez du inongo ondorio ekonomikorik eta zigorrik izan baimenik gabeko sarraskia egiteagatik! Bitartean, dozenaka herritarrek, legea betearazi dutenek, milaka euroko isunak jaso dituzte”.
“Herri mugimenduak gauzak gelditzeko gai garela erakutsi zuen kanpaldiak. Geroztik etorri ziren Arbonako okupazioa, Kanboko Marieniakoa... indar olde bat ekarri zuen”
Itziar Torres
Torresek garaipenaren aldea nabarmendu du: “Herri mugimenduak gauzak gelditzeko gai garela erakutsi zuen kanpaldiak. Geroztik etorri ziren Arbonako okupazioa, Kanboko Marieniakoa... indar olde bat ekarri zuen”. Elizegik eskarmentutik gogoeta egin du borroka esparruez: “Hori da bidea; desobedientzia eta ekintza zuzena, ez dago beste aukerarik. Lehen esaten ziguten: ‘Borroka armaturik ez bada legalak izango zarete, aurkeztu hauteskundetara!’. Aurkezten zara hauteskundetara eta ez bazara beraien nahietara jartzen, kartzela mehatxua gainean izango duzu. Hala ere, Baztango Udalaren gehiengoa lortzen duzu? Bada egingo dute UGEP eta gainetik pasatuko dira; eta Nafarroako Gobernuan gehiengoa lortzen bada, etorriko dira Madrildik, eta bestela egingo dute Europatik. Orain denok begira egon behar, ea zein izango den ordaindu beharko dugun prezioa. Eta prezio altua izan behar da, ze ondorioa ezin da izan posible dela herritarrek gauzak gelditzea!”. Demokraziaz ere ematen dio zer pentsa honek guztiak: “Argi ikusten da ez dela sistema demokratiko bat. Iruzurra da. Irudikatzen dute aukeratzen dugula, baina ez dugu aukeratzen. Bakar batzuen esku gaude, inpunitate osoz funtzionatzen dute eta inpunitate horretatik guztionak diren baliabideak eta dirua bereganatzen dituzte. Estrategia horretan herritar batzuk besteen kontra jartzen gaituzte eta bertako aliatuak bilatzen dituzte komunitatearen haustura sortzeko, eta horrela beraien helburuak lortzeko. Mendez mende behin eta berriz bizi dugu zapalkuntza bera, lurraren desjabetzaren bitartez, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazteko prozesuan azelerazio bat emanez, natura xehetuz eta noizbait burujabe izateko aukerak galduz”.
“Argi ikusten da ez dela sistema demokratiko bat. Iruzurra da. Irudikatzen dute aukeratzen dugula, baina ez dugu aukeratzen. Bakar batzuen esku gaude"
Garbiñe Elizegi
Hausnarketa gordinaren erdian mahaira inguratu da neskatila bat, eta bihurri galdetu du mahai gainean dauden paper mordo ofizial horiek zer diren. “Nahi dituzu irakurri? Eseri eta hasi!” xirikatu du Elizegik. Handik gutxira, ondoko herrietatik bi emakume hurbildu dira, bazkaltzeko itxarongo digutela esanez, eta (H)ilbeltza nobela beltzaren astearen azken prestaketak biribiltzeari ekin diete... Bada mugimendurik herrian. Baina, zer ekarri du Aroztegia proiektuak herriko elkarbizitzan?
JARREREN BILAKAERA
Pratek azaldu du hasierako proiektuak 2001ean “batasuna” sortu zuela, “herri guztia baitzegoen proiektuaren kontra”. Elizegik horren zergatiak arakatu ditu: “Promotoreak ez zuen herriarekin loturarik eta Baztango jauntxo bat zen”.
Baina 2009ko proiektuarekin aldatu egin zen herriko giroa, Pratek esan duenez: “Proiektu horretan jada herriko familia bat zegoen tartean eta haustura sortu zen. Proiektu hau hasierakoa baino aise makurragoa zen, baina lehen kontra zeuden batzuek jarrera aldatu zuten interes familiar eta pertsonalengatik. Herri txikietako harreman biziatuek tabu moduko bat ekarri zuten, eta erabateko haustura”. Elizegik berretsi du: “Oso gogorra eta bortitza izan da”.
“Herri txikietan elkarbizitzari eutsi nahi izaten zaionez, kosta egiten da jendeak aurpegia ematea, konfrontazioa saihesten da. Baina 2021ean obra hasi zuten makinen irudiak zabaldu zirenean, jendeak pausoa eman zuen"
Ernesto Prat
Baina urtez urte eta poliki poliki jendearen jarrera aldatzen joan dela esan du Pratek: “Herri txikietan elkarbizitzari eutsi nahi izaten zaionez, kosta egiten da jendeak aurpegia ematea, eta konfrontazioa saihesten da. Baina 2021ean obra hasi zuten makinen irudiak zabaldu zirenean, sobera aurpegia ematen ez zuen jendeak pausoa eman zuen eta agertu egin zen plazan egin ziren mobilizazioetara, manifestazio handi hartara... haustura gainditzen joan da eta gaur egun herriko batzarretan ahobatez onartzen dira Aroztegiaren inguruko aferak”. Elizegik kontrapuntua jarri du: “Baina badago herriko sektore bat jada ez dena batzarretara etortzen. Haustura hor dago”. Pratek erantzun dio: “Baina tabua gainditzen joan da”. Torresek bi ikuspegiak lotu ditu: “Gaur egunean Lekaroz da orokorki proiektuaren aurka dagoen herri bat, nahiz eta badagoen aldeko jendea”.
Alderdi politikoen baitan ere izan da jarreretan aldaketarik 20 urteko bide honetan. Elizegik kontatu duenez, “Ezker abertzalearen ilegalizazio garaian, Baztango Udalean Nafarroa Bairen barruan zeuden EA, Aralar, Baztango Ezkerra... Hasiera batean haien jarrera aldekoa zen, eta horietako batzuk sinetsita zeuden bailararentzako gauza ona zela. Gero, alderdi horiek aldatu dute proiektu honi buruzko beraien ikuspegia. Batetik, egin den lanketagatik eta bestetik, krisiaren ostean ikusi dutelako ‘hau ez zen bidea’”. Koalizioetan izan ziren bilakaerek ere bere eragina izan zutela iradoki du Pratek.
EGUN PROIEKTUA ZERTAN DA?
“Oraingoz, bi auzigatik daude obrak geldituta, baina promotorearentzat ez dira gainditu ezinezko oztopoak”
Garbiñe Elizegi
Elizegik azaldu duenez, “oraingoz, bi auzigatik daude obrak geldituta, baina promotorearentzat ez dira gainditu ezinezko oztopoak”. Lehen auzia azaldua dugu jada erreportaje honetan, hau da, eraikuntza lanen esleipena ez zen legea beteta egin eta beraz, obra hasi ahal izateko esleipena berriz egin beharko luke promotorak.
Bada bigarren auzi bat, Lekarozko ermitarena: Aroztegia jauregiaren ondoan ermita bat dago eta promotoreak proiektuaren barruan sartu zuen, ermita berea zela esanda. Baina Lekarozko herriak berea dela dio, udalak honen defentsan epaitegietara jo zuen eta epaiak berretsi zuen ermita ez dela enpresarena. Aldiz, ez dago garbi jabetza herriarena edo udalarena den. Ondorioz, promotoreak lehenik argitu egin beharko luke ermitaren jabetza norena den eta ondoren, UGEPak ematen dion eskumenaren bidez, ermita desjabetuta gauzatu ahalko luke proiektua.
Elizegik berretsi duenez, “beraz, obrak gelditu badira ere, proiektua garatzeko ez dute gaindiezina den oztoporik”. Eta 2039 arteko epea badute.
Aroztegiaren aferak jarraituko du...
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]
“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.
Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]
Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.
“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.