Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako zuzendari independente honek. Herriz herri eta bera bertan dela ematen ari da filma eta Euskal Herrian irailetik martxora 30 emanaldi egingo ditu. Orain artean inor ez da sartu bezala atera aretotik dokumental hau ikusi ostean...
Oinarrizko hautu batzuk egin dituzue dokumentala planteatzerakoan. Independentzia izan da lehena. Zer da hori praktikan?
Hamabi urte daramatzagu Metáfora Visual ekoiztetxean eta lehen sei urteetan beste enpresentzako publizitatea soilik egin genuen. 2019an gure dokumentalak egitea erabaki genuen eta argi genuen %100 independente egin nahi genituela, inolako laguntza publikorik eta ekoizle pribatuen elkarlanik gabe. Zergatik? Horrek baimentzen digulako produktuaren jaun eta jabe izatea, libre pentsatzea zer kontatu nahi dugun, nola, noiz hasi nahi dugun lanean...
Ekoiztetxeak publizitatea eginez irabazten duen dirutik zati bat aurreztu egiten dugu gure dokumentalak egiteko. Baina noski, modu independentean egiteak arrisku askoz handiagoa du, norberak bere gain hartzen du gastu osoa, eta beraz, ondoren arduratu behar dugu filma asko proiektatzeaz, errendimendua lortzeko. Horrek mugitzera behartzen gaitu eta publiko bat sortzen laguntzen digu: dokumentala ematearekin batera aurkeztu egiten dugunez, jendearekin aurrez aurreko harremanak sortzen dira, eguna partekatzen dugu... Zinema egiteko modu hori oso aberasgarria da. Eta etorkizunera begira, badakigu publiko bat badugula, egingo duguna agian interesatuko zaiona.
Beste hautu bat izan da makroproiektu eoliko eta fotovoltaikoen aurka mobilizatzen ari diren herritarrei hitza ematea eta, aldiz, enpresak eta gobernua ez elkarrizketatzea. Zergatik?
"Erabaki genuen dokumental hau leiho bat izango zela ahotsik ez duten pertsonentzat"
Gaia ikertzen hasi ginenean, planteatzen genuen aukeretako bat bazen enpresak eta erakundeak elkarrizketatzea. Baina filmatzen joan ahala, eta pertsonak ezagutu heinean, ikusi genuen urte pila zeramatzatela borrokan, entzunak izan zitezen erreguka, kontuan hartuak izan zitezen eskatzen, debatea egon zedila aldarrikatzen, haien bizitzetan zer eragin jasaten ari ziren ikusteko eskatzen... eta ez zitzaien kasurik egiten. Horregatik, erabaki genuen ez geniela minutu bakar bat emango ez enpresei eta ez administrazioei, horiek urte asko baitaramatzate masa hedabide guztiak haien bozgorailu izaten, eta nahi duten guztia kontatzen. Erabaki genuen dokumental hau leiho bat izango zela ahotsik ez duten pertsonentzat.
Dokumental partziala dela esan izan dizuete.
Ez dut uste partziala denik, ze gehiengook dugun irudipena da –eta nik ere gauza bera uste nuen honi buruz ikertzen hasi nintzen arte– ez dagoela beste aukerarik, eta kosta ahala kosta egin behar direla... pentsamendu hori orokortuta dago eta industriak eta erakundeek eman diguten matrakaren ondorioz sortu da. Aurre-ideia hori oinarri gisa dugunez, erabaki genuen horrela egitea, beste alderdi osoa ezagutu dadin eta horrela karta guztiak agerian izan ditzagun. ezagutu dezagun nola eragiten dieten pertsonei eta ondoren bakoitzak erabaki dezala proiektu horiek onak edo txarrak diren.
[Dokumentalaren trailerra ikusgai. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira.]
OTSAILAK 25: Donostian, 19:15ean Trueba zineman.
OTSAILAK 26: Igorren, 18:00etan Lasarte aretoan.
OTSAILAK 27: Balmasedan, 18:30ean Klaret antzokian.
OTSAILAK 28: Karrantzan, 19:30ean kultur etxean.
OTSAILAK 28: Gaubean, 19:00etan (aurkezpenik gabe).
MARTXOAK 1: Urizaharran, 12:00etan.
MARTXOAK 13: Zarautzen, 19:00etan Modelo zineman.
MARTXOAK 14: Araian, 18:30ean (aurkezpenik gabe).
MARTXOAK 14: Alegian.
MARTXOAK 15: Aranon.
Beste hautu bat izan zen Espainiako estatuko 11 lurraldetako 70 pertsona elkarrizketatzea. 50 ordu zenituzten grabatuta, eta ondoren ordu eta erdira laburtu zenuten: 47 pertsona dira pantailan agertzen direnak.
"Jendeak uste du arazoa berea dela. Arazoa orokorra da"
Horrela egitea erabaki genuen, zeren bi kasutan soilik zentratu izan bagina, arriskua legoke ikus-entzuleek pentsa zezaten horiek kasu puntualak direla. Hori da jendeak pentsatzen duena: “Gure bailararekin tematu egin dira, proiektuz josi gaituzte”... eta esaten diet, "ez, ez, guztiarekin tematu dira, Pirinioetatik behera ez dago 50 kilometroko erradioko lurralderik tematu ez direnik, beraz, lasai". Baina nola eskualdeko komunikabideetan soilik ematen zaien herritar horiei ahotsa, jendeak uste du arazoa berea dela. Arazoa orokorra da. Horregatik erabaki genuen eremua zabaltzea, ikus-entzuleak sentitu dezan iparretik hegora egoerak berak direla. Uste dut lortu dugula.
Kontaktuan jartzea lortu dugun lurralde guztietan filmatu dugu. EAEko proiekturik ez da agertzen, 2023an aritu ginelako filmatzen eta orduan ia ez zegoelako proiekturik. 2024an agertu ziren, gu grabazioa bukatzen ari ginenean, eta hainbeste ordu genituen grabatuta eta hain aurreratuta genuen kontakizuna... Katalunian berdin gertatu zaigu, eta Balear Uharteetan eta Madrilen ere bai.
Nafarroaren falta nabaritu dut...
Jende askok esan digu, "urte asko daramatzate eolikoekin"... aragoiarrek esan ziguten Nafarroara jotzeko baina ez genuen lortu hitz egingo zuen inor.
Gauza bera gertatu zaigu Extremadurarekin, eta bertakoak gara! Bertako proiektu bakarra agertzen da, mintzo den bakarra abokatua da, eta bera Huescakoa da. Extremadura proiektuz josita dago baina inork ez zuen atera nahi.
Zergatik ez zuten agertu nahi?
Herri txikietakoak direlako. Agian urte asko daramatzate posizionatuta eta gainera bozgorailu batean agertzen badira, gerta dakieke gatazka handiagoa izatea, seinalatzea... herrietan arrakala handia sortzen da.
Bada dokumentala egiterakoan hartu duzuen beste hauturik?
"Elkarrizketatuekin elkarbizitza egiten dugu, haiekin ematen ditugu lauzpabost egun edo astebete"
Ez dugu gidoi itxirik egiten. Lehenik dokumentatu egiten gara prentsa eta artikulu zientifikoak irakurrita. Ondoren, telefonoz hitz egiten dugu pertsonekin eta kontatzen digutenaren arabera bakoitza gai batzuetan kokatzen dugu eta gidoia garatzen goaz, baina gehiegi itxi gabe. Azkenik, elkarrizketatuekin elkarbizitza egiten dugu, haiengana goaz, haiekin ematen ditugu lauzpabost egun edo astebete, egunean zehar tarteka grabatu egiten dugu... Esperientziak erakutsi digu elkarrizketatuekin konfiantza irabazten dugunean askoz gauza interesgarriagoak kontatzen dituztela, horregatik, jendea ezagutu heinean gidoia aldatu egiten dugu, modu oso librean lan egiten dugu.
Hainbeste elkarrizketa ordu grabatuta izanda, dokumentalean zein gai sartu eta zein kanpo utzi erabakitzeko argi genuen garrantzitsuena zela nola kontatua zegoen, horrek sortzen dituelako emozioa eta enpatia ikus-entzulearengan. Eta hori da aldaketa bat eragin dezakeen gauza bakarra.
Bestalde, ez dugu narratzailerik edo off ahotsik erabili: haria josten da protagonistaz protagonista lotzen doazen elkarrizketen bidez. Oso ongi hautatu behar dira sekuentziak bata bestearekin lotu daitezen, hariak ikus-entzulea harrapatu dezan. Pasarte oso on batzuk kanpo utzi ditugu, haria galtzen zelako.
Iruditu zait paisaia dela dokumentaleko protagonista nagusia: aberastasuna eta sarraskia, biak agertzen dira. Paisaia zer da zuretzat, landaguneko herri txiki batean hazi eta dokumental hau egin duzun horrentzat?
“Noski makroproiektu hauek denoi eragiten digutela, bolumen handiko azpiegiturak direlako, hamarkada luzez ingurunea baldintzatuko dutenak”
José Simón geologoak dokumentalean esaten duen moduan, paisaia ingurunea biltzen duen guztia da: ondare naturala, ondare kulturala, pertsonak, animaliak, landareak... guztiok gara paisaiaren parte. Proiektu hauek paisaian eragiten duten aldaketa gogorrak guztioi eragiten digu. Eragiten die animalia basatiei: alde egitea erabakitzen dute, ez dira eolikoen inguruan geratzen, alde egiteko askatasuna badute. Eragiten die etxeko abereei, horiek kudeatzeko modua aldatzen delako. Eta nahiz eta askok ezetz esan, pertsonei ere eragiten die: psikologikoki eragiten du, zure ingurunearekin duzun harremanean. Esaterako, dokumentalean Burgosko bi anaia artzain agertzen dira eta haien aitak, 90 urtetik gora dituenak, duela 25 urtetik, eolikoak egin zirenetik, mendi haietara begiratzeari utzi dio. Noski denoi eragiten digula, bolumen handiko azpiegiturak direlako, hamarkada luzez ingurunea baldintzatuko dutenak.
Filmak mahai gainean jartzen du normalean ezkutatu egiten den gai bat: proiektu hauek herrietan sortzen dituzten gatazkak, dirua dela medio. Adibide positibo moduan agertzen da Teruelgo Matarranya bailara: bertan herritarrek aurre hartu zieten enpresei...
Matarranyako herritarrek ikusi zuten euren inguruko Tarragonako Terra Altako biztanleek nola zeramatzaten 20 urtetik gora eolikoekin bizitzen; eta ikusi zuten herriak husten joan zirela. Ikusi zuten baita ere Teruelgo beste zonalde batzuei gauza bera gertatu zitzaiela. Eta Matarranyako herritarrek bazekiten lehenago edo beranduago enpresak haiengana ere iritsiko zirela. Horregatik, aurre hartu zieten eta jendea informatzen hasi ziren. Beraz, proiektuak iritsi zirenerako herria kontzientziatuta zegoen. Bailarako udal batzuk hasieran proiektu horien alde zeuden baina herritarrek presio egin zieten udalei herri galdeketak egin zitzaten, eta lortu zuten udalak ere euren alde jartzea. Horrela saihestu zuten herriko gatazka.
Zerk sortzen du herrietan gatazka?
“Enpresen eta administrazioen aldetik egoten den gardentasunik ezak sortzen ditu herrietako gatazkak”
Gardentasunik ezak. Opakutasun handia egoten da bai enpresen eta bai administrazioen aldetik. Enpresak lurjabez lurjabe joaten dira, denak batera bildu beharrean. Guztiekin bilera egiten duten kasu bakanetan, enpresak nahi duena kontatzen du: hektareako hainbeste ordainduko duela, irabazi handiak ekarriko dituela, lanpostu asko sortuko dituela, herriari diru asko ekarriko diola... Bakoitzak bere buruan pelikula bat egiten du eta lurjabe batzuek baietz esaten dute, beste batzuek ezetz, besteak dudan geratzen dira... Demagun, 20 hektarea dituen lurjabe bati hektareako 1.500 euro agindu badizkiote, 30.000 euro dira urtean, eta hark berehala sinatu du eta desiatzen dago; eta ondoren jakiten du bere bizilagunak ezetz esan duela eta beregatik atzeratzen ari dela proiektua. Hor hasten dira gatazkak.
Udaletatik gardentasun ariketa egingo balitz eta mahai gainean jarriko balitz informazio osoa, ez litzateke egoera horietara iritsiko. Errespetuz eztabaidatuko litzateke eta patxadaz, ez proiektua gainean daukanaren presarekin. Hainbat alditan, mendi publikoen kasuan herritarrek proiektuaren berri jakin dute Udaletxeek jada dena eginda zutenean. Halakoetan gatazka handia sortzen da, udalaren alde daudenek defendatu egingo dute erabakia, gobernatzen ari diren politikariekin ados ez daudenek kontra egingo dute... gatazka giro larria sortzen da, eta behin elkarbizitza hausten denean oso zaila da berriz osatzea.
Informatu egin behar da eta ez inposatu, bakoitzak hartu dezala bere erabakia, baina gauzak diren moduan esanda: lurjabeari 1.000 eurotik gora ordainduko diote baina horri zergak kendu behar zaizkio; bestalde, lurjabeak diru sarrera bat gehiago izango du eta errenta aitorpena egiterakoan hori ere kontuan hartzen da; landa erabileratik industria erabilerara pasako da lur hori eta horrek bestelako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga bat du; kontratu askotan jartzen duten klausula izaten da argindarraren prezioa jaisten bada lurraren errenta ere jaitsi egiten dela...
"Kasuen ia %100ean, abokatuek aholkatzen dute kontratua ez sinatzea"
Katalunian GEPEC talde ekologistak lurjabeei hauxe esaten die: “Nik ez dizut esango sinatu behar duzun edo ez. Gomendatzen dizudana da abokatu batengana jotzea eta ez ezer sinatzea lehenik abokatuak kontratua irakurri aurretik”. Kasuen ia %100ean, abokatuek aholkatzen dute kontratua ez sinatzea, ez delako argi geratzen nork desmuntatuko dituen azpiegiturak behin erabiltzeari uzten zaionean, nor den hondakin horien arduraduna...
Hori guztia ez dute kontatzen enpresek eta alde dauden administrazioek.
Dokumentalean agertzen den beste kasu bat da lurjabeak ez badu errenta kobratzen, ez dakiela nori erreklamatu ere...
Arazoa da enpresa horiek normalean instrumentalak direla, gutxieneko kapital sozialarekin sortuak, baimenak eta tramitazioa lortzeko bakarrik, eta behin poligono eoliko edo fotovoltaikoak sortzen direnean saldu edo eskualdatu egiten dituzte, bai industriei edo bai inbertsio funtsei. Finean gauza bera dira, ze elektrika industria handien jabeak eta inbertsio funtsenak berberak dira.
Dokumentala egiterakoan ezagutu ditugu errenta jasotzeari utzi dioten lurjabeak. Udalak ere ezagutu ditugu, mendi publikoen errenta jasotzeari utzi diotenak. Eta ez dakite diru hori nori erreklamatu. Administrazioari azaldu diote arazoa eta jaso duten erantzuna izan da “hori zuek sinatu zenuten kontratu bat da eta erantzuleak zuek zarete”. Eta askotan, kobratzen ez duen jendeak konbratu duela esaten du, ziria sartu diotela ez aitortzeagatik, edo hasieratik proiektua sutsuki defendatu duelako.
Ez du beti horrela izan beharrik, beste leku batzuetan errenta kobratzen ari dira eta pozik daude, nahiz eta hasieran 1.000 euro zirenak errealitatean 700 izan. Enpresek asko jokatzen dute faktore honekin: egun lurra herentzian jaso duten askok ez dakitela lur horiek non dauden ere. Jende horri laborariak 100-200 euro ordaintzen bazizkien eta orain 1.000 eskaintzen badizkiete, zuzenean onartu egiten dute eta gero kobratzen dutena 500 euro badira, merezi die, ez dute lur horrekin inolako loturarik, ez dute inoiz lur hori landu...
Dokumentalean agertzen da ate birakarien gaia. Demokraziari maskara erortzen zaio gai hauetan...
Erabat. Hori da hipokritena. Sarritan enpresak hartzen dira jopuntuan eta ongi dago, haiek ere izan behar dute kode etiko bat, baina tira, enpresak enpresa dira beti. Aldiz, gobernua izan behar du zentzugabekeria hauek ez gertatzea zaindu behar duena eta inpunitate hori izatea galarazi behar duena, eta ez da horrela. Min ematen didatenak administrazio publikoak, politikariak eta funtzionarioak dira, izan ere, guri zor zaizkigu, guk ordainduta daude lanpostu horietan. Demokrazia bat hain ustelduta dagoenean, deitu diezaiotela demokrazia, baina niretzat jada ez da hala, ez direlako pertsonak artatzen.
Proiektu hauek aurrera eraman ahal izateko “interes orokorreko” izendatzen dira...
%100 interes pribatua dute. Etxean eguzki-plakak jarri nahi badituzu makina bat traba jarriko dizkizute; berdin etxeari leiho bat egin nahi badiozu edo lau teila aldatu... eta enpresa horiek paisaia eraldatuko dute, bertako guztien bizitza eraldatuko dute eta bidea libre dute edozer egiteko. Badira mugikorraren neurriko droneak, eta zonalde batzuetan ezin dira erabili hegaztiei kalterik ez egiteko; oso ongi, baina hor bertan 50 aerosorgailu jarri ditzakete, 100 metroko besoekin, txori-birrintzaileak izanik!
[Dokumentalaren beste trailer bat ikusgai]
Zer eragiten du dokumentalak ikusten duten pertsonengan?
Badira bi publiko mota. Batetik daude denbora daramatenak borrokan, informatu egin direnak, badakitenak zer ekarri dezaketen proiektu horiek... baina hala ere, inpaktua eragiten die dokumentalak, tamainaz konturatzen direlako. Fotovoltaikoaren borrokan ari denari inpaktua sorrarazten dio eolikoak eta alderantziz, eolikoaren borrokan ari denak uste du fotovoltaikoa onberagoa dela, baina ikusten duenean ispiluzko itsaso zabal hori, pentsatzen du: “Ez dakit zer den okerrago!”. Pertsona horiengan dokumentalak borrokan jarraitzeko gogoa ere sortzen du, ikusten dutelako ez daudela bakarrik, jende asko ari dela borroka berean.
Beste publiko motak, hau da, borrokan ari ez direnek, dokumentala ikustean sentitzen duten inpaktua are itzelagoa da. Jende asko atera da zinematik negarrez. Batek baino gehiagok esan digu bizkarreko mina egin zaiola tentsioagatik... gehiengoak ez du proiektuen alde hau ezagutzen, dena zoragarria delakoan dago, eta ikusten duenean sarraskiaren neurria eta hirian zein landan bizi garen guztioi eragingo digula, oso erasanda ateratzen dira. Asko inpotentziaz ateratzen dira, eta beste batzuk laguntza emateko prestutasuna agertzen dute, esaterako, dokumentala ikusi ostean biologo eta ingeniariak etorri izan zaizkigu kontaktu eske, haien denbora eta jakintza plataformen zerbitzura jartzeko prest.
Dokumentalean agertzen diren lau proiektu geroztik gelditu egin dira.
Bai, eta dokumentalean agertu ez diren beste proiektu asko ere bai. Lehenik, jendea borrokatzen ari delako. Bigarrenik, olatu handi horretan, eurek ere badakite hamabost proiektu aurkeztu arren egingo direnak hiru direla. Proiektuak gelditu egiten dira, borrokatzen bada. Baina gelditu dezakegu proiektu bat bailara batean, eta hamabost egunean beste bi proiektu berri gainean izan. Lan eta neke handia dakar borrokak eta horregatik, zenbat eta jende gehiago, hobeto.
Euskal Herrian askotan izan zara dokumentala ematen. Nola ikusten duzu?
“Ez administrazioari eta ez enpresei ez zaie zarata interesatzen, mezua erori egiten zaielako; nahiago dute beste leku batera joan”
Daraman denbora laburrerako borroka gehien egiten ari den lurraldea da: plataforma gehien dagoena –ia herri bakoitzean bada talde bat–, borroka handiagoa eta antolatuagoa dagoena... Dokumentala gehien proiektatzen ari den lurraldeetako bat da. Mugimendua dago eta jendea egiten ari den hotsarekin proiektu asko eta asko gelditu egingo direla uste dut. Zeren eta ikusi dugun gauza bat da, zarata egiten den lekuan gelditu egiten dela, ez administrazioari eta ez enpresei ez zaielako zarata interesatzen, mezua erori egiten zaielako; nahiago dute beste leku batera joan. Borroka gogorra izango da, baina borrokan esperientzia duen lurraldea da.
BA AL ZENEKIEN...
Eolikoek sarri uraren ibilbideak aldatzen dituzte, mendiko iturriak galdu daitezke...
Eolikoak jartzen diren lekuak erreken sorburuak izaten dira, iturburuak, urpeko uren kokaleku... Azpiegitura handiak direnez, lur pila mugitu behar da horiek jartzeko eta zimendu izugarriak izaten dituzte. Gai larria da, askok iturri horietatik edaten dutelako.
Eolikoen inguruan pasabidea galarazteko afixak jartzen dituzte, objektuak erori daitezkeelako, eta olioa ere erortzen da...
Mantenimendu eskasa dutelako gertatzen da hori. Azpiegitura hauek enpresek ordaindu beharko balituzte, diru-laguntzek %70-%80 ordaindu gabe, ez lukete bakar bat ere egingo. Oso garestiak dira: garestia da materialak ateratzea, garestia da eraikitzea, garestia da garraiatzea eta garestia da mantenimendua. Eta errendimendua, energia sortzeko duten efizientzia ez denez hain handia (fotovoltaikoaren kasuan gutxienekoa da, %20-%30), egiten duten mantenimendua ia ezereza da: lehen urteetan bai egiten dute baina dozena bat urtetik aurrera ez.
Urte gehien daramatzaten eolikoek goialdea belztuta izaten dute: olio asko izaten dute ardatza lubrifikatzeko, eta mantenimendu faltagatik olioa galtzen dute. Denborarekin olio hori iragazi egiten da lurrean, eta hamarkadetan ikusiko ditugun ondorioak dira akuiferoak eta iturburuak kutsatuko dituztela.
Eguzki plakak hautsiz gero oso toxikoak dira...
Ukitzea onuragarria ez den substantzia askoz eginda daude eta kalte hori handitu egiten da plakak degradatzen direnean. Efizienteenak diren plakek kadmioa daramate eta substantzia hori kantzerigenoa da. Horregatik, plakak puskatzen direnean arazoak sortzen dira. Dokumentalean agertzen diren puskatutako plakak, Almerian oraindik sarera konektatu gabe zegoen planta batekoak ziren, estreinatu gabeak, alegia; denborale batek hautsi zituen.
Material horiek ezin dira edozein modutan kudeatu. Uralitarekin bezala gertatuko da. Kostu horiek nork asumituko ditu? Azpiegiturak desmuntatu aurretik enpresa desagertzen bada nori kontu hartuko zaio? Eolikoen kasuan, zutabea birziklatu daiteke altzairuzkoa delako baina besoak birziklatzeko modurik ez dago egun: zuzenean lurperatu egiten dira lekuan bertan. Etorkizuneko arrasto arkeologikoak horiek izango dira.
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Josu Jon Imazen konpainiak helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Endesari “iruzurra” egitea egotzita. Adarra eta Mandoegi mendien artean 15 aerosorgailu, 28 kilometroko bidea eta 21 kilometroko linea-elektrikoa eraiki nahi ditu Repsolek, Euskal Herriko... [+]
2.000 milioi euroko kostua izango dute AHT Madrilekin eta AVE trenarekin lotzeko aurreneko lanek. Asteburuan egin dute manifestazio bat Iruñean, AHTa eraikitzeko obretako esklabotza-baldintzak salatzeko.
Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
2022an galeperra galzorian izendatzea proposatu zuen Espainiako Zientzialarien Batzordeak, bere ehiza debekatzea ekarriko lukeena. Espainiako Gobernuak orain erabaki du ez ematea babes hori espezieari, eta ehiztarien lobbyak eskainitako informazioa erabili du horretarako.
Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"
Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]
Parke bakoitzak hirurogei hektarea izango ditu, eta 32 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Ingurumen eta baimen teknikoak berretsita, egitasmoari hirigintza baimena baino ez zaio falta eraikitzeari ekiteko.
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.
Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]