Eraikitzen ari garenaren definizio bat

  • Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten lekuko izan gara, Atxondoko Arrazolako Amillenan, Bizkaian. Kronika-erreportaje bat da ondorengoa.

Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada: Elena Olave, Lizar Begoña eta Eva Pérez-Pons poetak, eta Andrea Plaza eta Amaia Villanueva musikariak. (Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia)
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada: Elena Olave, Lizar Begoña eta Eva Pérez-Pons poetak, eta Andrea Plaza eta Amaia Villanueva musikariak. (Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia)

Ilunak guztiz jan du zeru urdina, eta eliza ondoko eraikin zaharberrituko leihoek igortzen duten horitasun epela da argi bakarra Arrazolako plazan. Harrizko etxeak atzean duen landa-zatian apenas bereiz daitezkeen negutegien metalezko arkuak, baina sukaldetik jatetxe osora zabaltzen den usain mamitsuak uzta emankorra irudikarazten du nahitaez, baita neguan ere. Elikadura burujabetzaren eta kultura eraldatzailearen —kulturaren ulerkera zabalenean— alde egiten duen proiektu autogestionatua da Amillena. Hemen, jakiak metro batzuk haragoko lurretik platerera doaz zuzenean, barra ondoko sukaldetxotik igarota. Edo inguruko ekoizleen ortuetatik hormako apalategietan apailatutako kontserba-poteetara. Piperrak, eztia eta gaztak. Artisau-garagardoak eta zukuak. Gaurko menuan: oilasko- edo barazki-enpanadak, perretxiko, tipula eta kalabazazkoak. Etxeko orean batuak. Eta, noski: poesia.

Aurtengo Plazerkekeriak zikloan lehenengo emanaldia dugu hau, Lizar Begoña, Elena Olave eta Eva Pérez-Pons poetek, eta Andrea Plaza eta Amaia Villanueva musikariek osatutako Pomada Bandaren eskutik. Emakumeak zein sexu-genero disidenteak diren artistentzako plaza da Plazerkekeriak. Sarrerarik ez da kobratzen: finantzaketarako metalezko potea pasatzen da eskuz esku, eta zikloaren izena daramaten aterkiak ere badaude salgai. “Ez oso onak, baina maitasunez eginak”, kooperatibakide baten berbetan. Hemen gauzak horrela egiten dira: zintzotasunez eta apaltasunez, ekintza txikiak elkarren ondoan jarrita euri-jasen aurreko babes izan daitezkeela jakitun. Eta, halakorik lortzen ez denean ere, maitasunez.

Hala hartu du elkar gaur ikusi, entzun eta dastatzera hurbildutako jendeak ere: asko ezagunak dira eta sartzean barruan zeudenak besarkatu dituzte, edo urtea zelan hasi duten galdetzen diote elkarri, eskua bestearen besoan paratuta. 30, 40, 50 urte bueltako lagunak; baita 60tik hurbil egongo den baten bat ere. Urkilak irregularki moztutako ile laburrean, txirikordek eta pintzek lotutako adats luzeak, txalekoak, jaka garden deigarriak eta aitari ostutako polo bat. Joan gara azkenean zume eta egurrezko eserlekuetan jartzen. Hari zenbaitek lotu dezaketen osotasun heterogeneoa gara, platerak magalean eta begirada oholtzatxoan, soseguz bezain adi.

Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia

Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa du izena Pomadak sortutako lehenengo emanaldi honek ere, hain zuzen. Erandion estreinatu eta Donostiako Feministaldian egin ostean, hirugarren pasea dute gaurkoa. Bandaren Instagrameko argazkitik abiatuta irudika daiteke lehenengoa: gitarrak eta sintetizagailu-mahaiek lagundutako musikariak alde batean, poeta eseri bi bestean, eta hirugarren bat oindun mikrora hurbiltzen. Gaur, ordea, beste era batean hartu dute oholtza gorputzek: alde banatan daude musikariak, poeta bi eszenario ertzean jarrita, eta hirugarrena haren erdian, zutik eta mikrofonoa eskuan.

“Erandion ez genuen arretarik jarri oholtzan egoteko moduan”, azaldu digute emanaldiaren aurretik izan dugun elkarrizketan. “Oso estatiko geunden, eta beldurra geneukan jendea aspertzeko, baita geu ere”. Ainhoa Artetxe aktoreari eskatu zioten laguntza mugimendua landu ahal izateko, nahiz eta antzerkira gehiegi hurbiltzeko asmorik ez izan.

"Gaztea zarenean instituzioetatik datorren eskaintzak ez die zure beharrei erantzuten"

Mugikorra du eskuan zutik dagoen gorputzak, eta hitzak pantailatik ahotsera eta ahotsetik bozgorailuetara doaz. Irekiera: maitaleen irlara ongietorria. Irlaren kontzeptutik abiatuta: kontinentearen nagusitasunetik ihesi, bestelako munduak irudikatu eta eraikitzen hasteko tokiak. Maitaleez ariko baitira, bai, baina IRLAK berba izango dute abiapuntu; pluralean, asko baitira, molde inposatuaren zurruntasunetik ihesi, egiteko eta egoteko moduak eta tokiak. Hala esan dute mikrofonotik: “Mundu extraofizialak daude mundu ofizialaren baitan, bestelako ordena politikoak. (...) Guk, gure irla, maitaleen irla, desglosatu dugu. I-R-L-A-K. Letra bakoitzaren atzean dauden hitzetako batzuk berrasmatzera gatoz”.

Monique Wittigen eta Sande Zeigen izen bereko liburua izan zen emanaldia sortzeko lehenengo hazia, Iñigo Astizek jaurtitako amuari so; Astizek proposatu zien jendaurreko pieza bat egiteko Erandion. XX. mendeko filosofo transfeminista izan zen Monique Wittig, eta Euskal Herriko egungo pentsamenduan ere badu eraginik, batik bat, Lisipe bildumaren baitan euskaratutako haren Pentsamendu heterozuzena saiakera dela-eta. Lesbianismoa emakume kategoriatik ihesbidetzat jo, eta generoaren aboliziorako gakoak proposatzen ditu lanak.

Wittigek haren maitalea zen Sande Zeig zinema-zuzendariarekin elkarlanean idatzi zuen Brouillon pour un dictionnaire des amantes oparitu zion Pomadako kide batek beste bati abuztuan, eta hortik abiatuta hasi ziren irlak itsaspetik altxatzen, letren arteko hitz guztiekin batera. Hona, orainera ekarri gura izan dituzte joan den mendeko lau esku haiek orain 50 urte idatzitakoak, ordea: “Gure egungo komunitateari, euskal komunitate kuirrari lotutako iruditegia jasotzea ere izan da helburua. Nonbait idatzita gera dadin; nahiz eta ahozkotasunean galdu, toki bat eduki dezan”. Nahiz eta guztiak jasotzera nekez hel daitekeen, emanaldian iradoki gisara: “Hiztegi honetan ez daude hizki ezta hitz guztiak ere, oraindik ez ditugulako ezagutzen, ez ditugulako aurkitu. Maitaleen hizkuntza ikasten eta eraikitzen ari gara”.

Oholtza gaineko ahotsak hiztegia atontzera erretiratu dira eta bakarrik utzi gaituzte ikus-entzuleok, esnatzen ari den mundu baten soinu-bandak inguratuta. Sintetizagailuak presentzia hartzen doaz goizez argia zabaltzen joaten den bezala. Esploratzear gauden lurrarekiko jakin-mina hosto tropikalen neurrira has dadin elikatzen dute.

Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia

I
Azkenean apaldu dira oihaneko doinuak, eta hiztegia zabaltzeko bidea eman digute: I letrarekin, intimo, irain, ilusio. Poetak zutik, elkarri lepoa emanda, triangelu baten aldeak markatzen. Eta hitzak ere hiru ertz, hiru lengoaia desberdinek marraztuak: hots ebakiak eta errima, batetik, arma zorrotz bilakatutako laidoak, bestetik, eta errealitateak eraiki eta deseraikitzeko adina indar duten berbak, azkenik. Hurbilenekoen aurrean ere mundu zaharraren pisua askatzea lortzen ez duten maitaleak, arauan arrakalak egin ez ezik, liburutegiak, eskolak, tabernak, komunak —“uf, komunak!”— okertu nahi dituztenak, ispiluetako islen materialtasuna haztatu nahi luketenak. Ilusioak markatzen du idealerako bidea, baina zer noranzkotan proiektatzen dituzte argiak gure inguruko ispiluek?

Poesiak hitzen askotariko esanahiak berreskuratu edo berrezartzeko aukera ematen duela esan ohi da. Kasu honetan, lehenengo definizioetatik da agerikoa poeten begirada: egitura sozialek ahalbidetzen dituzten hierarkiak argitara ateratzeko tresnatzat dute hizkuntza. Wittig eta Zeigen izenburutik hasita, Pomadako kide batek azaldu digunez: “Nik neuk egin nuen irakurketa zen, maitaleez hitz egitean, liburua ez zela sexu-harremanak partekatzen dituztenez bakarrik ari, baizik eta, komunitatearen baitan, denak direla maitaleak. Zure alboko bollera maitalea da, baita zure maitalea ere. Horrela ulertzen dut maitasuna, kasu honetan: kolektiboaren maitasuna. Eta oso urruti dago bikotetasunari eta heterosexualitateari lotutako ulerkeratik. Mundu bati maitasuna da: eraiki nahi dugunari eta gauden tokiari maitasuna”.

Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia

R
R letrari ekiteko, lurrera jaitsi da gorputzetako bat. Lepoz lepo eserita utzi ditu beste biak, oholtzaren erdian. R-z hasita, Rummikub, Romeo eta Rocío. Maitale zenbaiten mahai-joko kuttuna, maitale arketipikoa, eta izen berezi, partikularra. Jolasa, idatzitakoa eta adiera berria, letra berean. Pomadak iragarri zuen lehenengo ekimenak ere hiru horiek lotzen zituela esan liteke: instituzio eta elkarteek LGTB+ poesia plazaratzeko antolatutako ekimenetan elkar ezagutu ostean, Ez gara inor topaketa-eguna antolatzea erabaki zuten, literatura haien neurrira bizi eta beste gorputz eta asmo batzuei tokia egiteko bideen bila. Mejillón Tigre poesia taldekoekin elkarlanean aritu ziren, gainera.

Orduko helburua “lagunartean eta modu zikinago edo informalagoan” aritu ahal izatea zela dio Pomadako kide batek; “eta jendea ezagutzea”, besteak. “Poesia egiten duen jendea, eta argitaratu ez duena, batez ere”. Bilboko 7katu gaztetxean egin zen, joan den apirilean, eta izan zuen erantzunik: goizeko tailerrak jendea bildu eta arratsaldeko jendaurrekoan parte hartzera bultzatu zituen. “Jendeari lekua eskaintzea bera esanguratsua izan zen: oholtzara igotzeko aukera izatea idazle izan gabe, inor izan gabe —hortik zetorren izena—. Jendeak eskertu zuen”. Idazle etiketa mugarri jakinak igaro eta eskakizun zenbaiti erantzutearekin lotzen baita nahitaez. Modu desberdinean, baina poesiari esleitutako funtzio berbera betetzea bilatu zuten orduan ere: “Literatur sistemako kodeak gure egin eta berresanahitzea”. “Izan ere, zer da poesia ona? Ez genuen logika horretan funtzionatu nahi”.

Ez litzateke izugarrikeria Pomadaren asmo hori korronte zabalago baten baitan kokatzea. Azken urte pasatxoan, agertu dira Euskal Herrian Behe Banda, Izanen gazte aldizkaria, eta Azpimarra moduko irakurle klub autogestionatuak. Guztiak ere gazteek sortuak, eta ildo partekatua oinarri: literatura merkatu-logikatik at bizi eta arauzko kalitate-parametroak zalantzan jartzeko asmoa. Andre edadetuz beteta irudikatzen ditugun liburutegietako irakurle klubekin kontrastea egiten dute. “Uste dut gaztea zarenean instituzioetatik datorren eskaintzak ez diela zure beharrei erantzuten”, azaldu du Pomadako kide batek, “eskaintza oso ortodoxoa delako, jakin barik egina, eta salbatzaile-konplexu batetik, gainera”. Ez da harritzekoa proiektu hauetako gehienek begirada kritiko eta politizatua ere partekatzea, hortaz.

Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia

L
Amillenako goxora itzulita, hiru poetak ditugu aurrez aurre, oholtzan zutik. L letraz, lotsa, loria eta luma definitu dituzte. Maitaleen irlan ez ei dago lotsarik: antzinako zerbait da, desikasitakoa, hari aurre egiteko erabili ohi zituzten dantzak, jolasak eta jakiak oroitzen diren arren oraindik. Lotsa gainditzean baino ez da agertzen, agian, plazer fisikoak dakarren loria hori, maitaleek bizitzaren ertzetan aurkitu eta aldarrikatzen hain ondo dakitena.

Horrekin batera, lumaren hainbat definizio jaso dituzte. Baita Euskaltzaindiak ezagutzen ez duen azken bat ere. “Gure maitaleei lumak hazten zaizkie munduratu eta inguratzen diena gustuko ez dutenean”. Hizkuntzaren ertzetan bilatuta aurkitzen baitituzte maitaleek beren berbak.

A
Beste bi gorputzek ezkutatuta emango dizkiguten A letraz hasitako hitzak ere aurreko horretara datoz: ahaztu ohi dugun atzea, hegoaldeko kantei ostu diegun amante, eta txakurtzen ausartzen garenean askatzen dugun animalia.

Oholtzatik kanpo ere, Pomadak honetan sakondu baino ez du egiten. Izan ere, gustuko dute Interneteko hizkera, eta haien Instagrameko kontuan, batik bat, KPMZ, uwu eta sssuport poetak, polissia gorrotatu moduko lemak topa daitezke. “Bada baita ere beste giro batzuetan oso modu serioetan egin behar duzulako berba. Berria-n, Berria-ko estilo liburuari jarraika. Unibertsitatean... Eta, ba, hau gure proiektua bada, goazen berba egitera egiten dugun moduan”. Guztioi inposatu arren, batzuena baino ez den hizkuntza zikintzeko beldur barik, alegia. “50 urteko gizon hetero poetak ez digu ulertuko. 21 urteko marikak bai. Eta bigarren horrengana heltzea da gure helburua”. “Eta gustatuko litzaidake entzutea 50ekoak dioela poesia perbertsatzen ari garela”, egin dute barre. “Esan dezaten ez dakigula euskaraz. Hori nahi dut nik”. Barneratua dute irainaz birjabetzeko dinamika. Sindudabarik.

Argazkia: Itziar Bastarrika Madinabeitia

K
Azken letra. Klonopina, farmazietan erosten den bake-pilula, kakaren eta haren jariatokiaren aldeko aldarria, eta maitaleen bihotzeko animalia: katua. Bizkaiko kantu zahar eguneratu eta guzti. Hirurak oholtza erdian eserita, bata erdian, aurreraxeago, eta beste biak alboetatik adi, begira. Gorputzak, poetak, maitaleak. Begirada konplizeak eta irribarre gurutzatuak. Musikak hartu du gela berriz eta hor geratu dira, hirukoa osatzen, azken 45 minutuetan elkarren mesedetan, elkarreraginez, elkarrekin mugitu ostean, honezkero gorputz bakar, hiru banako bezainbeste.

"50 urteko gizon hetero poetak ez digu ulertuko. 21 urteko marikak bai. Bigarren horrengana heltzea da gure helburua"

Musika isildu eta segundo batzuk iraun ditu sorginkeriak. Azkenean, zutitu dira gorputzak eta egin dute bidea txaloek. Oholtzan, barreak eta elkarren bizkarretan paratutako besoak. Baina publikoa ez da bat-batean altxatu. Patxada eskatzen du berba eta ñabardura berriei hiztegian tokia egiteak. Lur honetan nekez biltzen dugun, baina maitaleen irlan zuhaitz eta hondar artean hazten den patxada, txera eta epeltasunarekin batera. Gaur Amillenara arrastotxoa bidali digute gutun-azal batean. Ahots ezagunaren xuxurla heldu zait atzetik: “Hemen nengoela ere ahaztu zait”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pomada Banda
Eguneraketa berriak daude