Banku atrakatzailea, presoa, Trantsizio garaian espetxetan borroka historikoa piztu zuen COPEL taldeko sortzailea, euskal talde armatuetako kideen laguna, ostalaria, militantea, libertarioa, ortuzaina. Gauza asko izan da eta da oraindik ere Daniel Pont. Abenduan Girona utzi eta Euskal Herrian itzulia egin zuen bere bizitza jasotzen duen liburua aurkezteko, Entre el azar y la necesidad. Historia de una vida (Zoriaren eta beharraren artean. Bizitza baten historia, Virus, 2024).
Gerraosteko frankismo betean jaio zen Daniel Pont, Madrilen, 1949an. “Jaiotzatik bazterrean”, dio, gerrako galtzaileen bandoan, ama ezkongabe eta aita ezezagun baten semea. “Garai hartan ama ezkongabea izatea estigma izugarria zen”, gogoratu du.
“Maitasunik gabeko haur triste bat”, gordin oroitzen ditu Pontek bere bizitzako lehen urteak. Eta hori amak barnetegi eskola batean sartzeko zortea izan zuela: “Diziplina oso zorrotza, zigorrak, biolentzia mojen eta hezitzaileen aldetik, gosea. Platano azalak lurretik hartu eta jan izana gogoan dut”.
Etxean ere biolentzia nagusi, aitaordearena, amaren aurka. “Gerraosteko gizon galtzailearen eredua, otzana, alkoholikoa, bortitza...”. Horregatik egin zuen ihes Pontek etxetik 14 urterekin, lehenik, eta 16rekin, ondoren. Andaluziako kostaldera jo zuen orduan, gazte talde batekin elkartu eta parrandak eta lapurreta txikiak uztartu zituzten Guardia Zibilak atxilotu eta epaileak Algecirasko espetxean sartu zituen arte, oraindik 16 zituela.
Espetxea, lehen aldiz
Bost urte emango zituen espetxean, horietako hiru lan behartuak egiten. “Pobrezia izugarria, analfabeto asko, biolentzia ikaragarria” aurkitu zituen lau hormen artean.
Espetxealdi haren tarte handiena Teruelgo Espetxeko Gazteen Erreformatorioan bete zuen, Aragoin, 21 urtez azpiko ehunka gazteren artean. Han egin zuen estreinakoz harremana euskaldun batzuekin: “Iruñeko nabarrikoen lagun egin nintzen, aldi berean EGIko preso politikoen lagunak zirenak, ETAren sorburu izan zena, eta berehala konektatu nuen politikoen komunarekin. Horrek balio izan zidan, batetik, babesa izateko, eta, bestetik, nire elikadura eskasia gainditzeko, baliabide gehiago zutelako eta partekatzen zituztelako ".
1972ko urtarrilean irten zen Arabako Langraitzeko espetxetik, 21 urterekin, “zainak gorrotoz beteta” eta hutsik poltsikoak, Madril jaioterrira bidaiatzeko ere dirurik gabe.
1975ean Carabancheleko ETApm-ko kideek haiekin ihes egitera gonbidatu zuten Pont, baina kartzelariek tunela aurkitu zuten
Atrakatzaile amateur
Madrilen, Teruelgo espetxean egindako lagun batek kontatu zion banku bat atrakatu berri zuela, eta “oso erraza” izan zela. “Animatu nintzen”. Armak behar zituzten, eta horiek eskuratzeko soldaduska egitea pentsatu zuten. Pentsatu eta egin: kuarteletik pixkana ateratako pistola eta fusilekin “bizpahiru” atraku egin zituzten Madrilgo banketxeetan.
Munta handiagoko lapurreta bat proposatu zioten Ponti orduan. FELIPE Herri Askatasunerako Frontea izeneko talde armatu guevaristako kide batek, Teruelgo espetxean ezagututakoa, tratua proposatu zion: kuarteleko arma biltegiko arma saldo baten trukean, dokumentazio faltsua. “Hori egina dago”, erantzun zion. Baina egin aurretik atxilotu zituzten bera eta taldekideak. “Bitxi-denda batean egin genuen atraku batengatik, egin nahi ez nuena gainera, beti izan naiz bitxi-denden aurkakoa”, azaldu du. Madrilgo Gran Vían tiroketa izan zuen Pontek lau poliziarekin. Tiroketan bi poliziaz gain herritar zibil bat zauritu zuen, larri, baina azkenik onik irten zen eta Pont zigor luzeago batetik libratu zen.
Zuloan berriz ere
1972 urtea amaitzear zen Pont Madrilgo Carabancheleko ateak berriz ere zeharkatu zituenean, kaleratu zenetik 11 hilabetera.
Ihesean “etengabe” pentsatzen zuen Pontek, “baina ez nintzen oso trebea izan, ez nuen inoiz lortu”, dio, irribarretsu. 1975ean aukera bat sortu zen. ETA politiko-militarreko kide Patxi Arana eta Iñaki Aramaiorekin harremana egin zuen, “kontatu zidaten tunel bat egiten ari zirela”. Denbora batera, laguntza bila joan zitzaizkion ETAko presoak: “Tunela oso aurreratua zuten, baina ez zekiten kaleraino helduak ziren edo ez”. Iheslari batekin jarri zituen kontaktuan, “buru-argia tipoa, irudimen izugarria zuen”. Periskopio bat eraiki zuen tutu eta ispilu batzuekin, eta hari esker jakin ahal izan zuten zenbat falta zuten kalera heltzeko.
Ihesa prest, ETApm-ko kideek Pont eta bere taldea gonbidatu zituzten haiekin joatera. Ordurako komunan bizi zen, dena partekatuz, beste hamar bat presorekin batera, “denak atrakatzaileak”. Taldekide batek traizionatu zituen, ordea, eta kartzelariek tunela topatu zuten.
COPELek “preso sozial
eta politikoentzako amnistia osoa” aldarrikatu zuen Trantsizioan
COPEL, amnistia “osoa”
Andaluziako Puerto de Santa María tristeki famatura eraman zuten Pont. “Diziplina gizagabea” zen hangoa, eta isolamendu ziegetan lagun egin zituen “kontzientzia independentista” zuten hiru preso bretoi. Bretoiek Libération egunkaria jasotzen zuten, eta hura irakurrita jakin zuen Pontek Frantzian, Italian eta Europako beste herri batzuetako espetxeetan borroka entzutetsuak burutzen ari zirela preso sozialak. Horregatik, 1976an berriz ere Carabanchelera eraman zutenean, heldu bezain laster eta “konfiantzazko” beste bost presorekin batera, Coordinadora de Presos en Lucha COPEL sortu zuten (Borrokan ari diren Presoen Koordinadora). “Presatu beharra zegoela ikusi genuen, hamaika arrazoirengatik”.
Hamaika arrazoi, baina bat zen nagusia: Franco hil berri eta Trantsizio betean, amnistia agenda politikoaren erdian zegoen, sumatzen zen helduko zela... eta preso politikoei bakarrik eragingo ziela. Preso guztien amnistia aldarrikatu zuen COPELek testuinguru hartan. Argudiatu zuten haiek ere zergati politikoengatik zeudela preso: diktaduraren errepresioaren, pobrezia sortzen zuen sistema ekonomiko baten eta pobretuak zigortzen zituen zigor sistema baten ondorioz. “Diktaduratik demokraziara benetan aldatu nahi bazen, ondorioak desagertu behar ziren”, azaldu du Pontek.
COPELek “preso sozial eta politikoentzako amnistia osoa” aldarrikatu zuen, baina baita epaile, polizia eta kartzelari frankisten “garbiketa” edo zigor kodearen “erreforma sakona” ere. Ordura arte presoak “arruntak” edo “politikoak” ziren, haiek izendatu zuten beren burua preso “sozial”.
Mutinak, grebak, autolesioak
“Propaganda eta agitaziotik hasi ginen”, oroitu du Pontek, klandestinoki egin eta patiora botatako ehunka eskuorriak gogoan. Edonola, preso sozialen mobilizazioek eta haien “kontundentziak” oso azkar egin zuten gora: lehenbizi asanblada irekiak eta manifestazioak, tailer greba ondoren, gose grebak laster, mutinak, teilatura igoerak... eta autolesioak. Presoek ebakiak egiten zituzten beren sabel edo besoetan zorua odolez blaituz, edo koilarak eta bestelako objektuak irensten zituzten ospitaleratzea behartzeko. Helburu nagusia COPELen borrokari oihartzuna ematea zen inpaktu eta ikusgarritasun handiko irudiekin, baina baita ospitalera irtetea ihes egiteko aukeren bila ere. “COPELen leloa argia baitzen: amnistia ala ihesa”.
Lehenbizi asanblada irekiak eta manifestazioak patioan, tailer greba ondoren, gose grebak laster, mutinak, teilatura igoerak... eta autolesioak
Lehen mozketa epaiketa batean antolatu zuen COPELek, 1977ko maiatzean, eta Pont eta haren kide atrakatzaileak izan ziren protagonistak. “Niri tokatu zitzaidan epaiketa apurtzea”, gogoratu du. Senide eta aldeko militantez beteriko aretoan baimenik gabe hasi zen COPELen komunikatua irakurtzen, eta epaileak aretoa husteko agindua eman zuenean, presoek besoak moztu zituzten ahoan ezkutatuta zituzten bizar-xaflekin. “Zorua odoleztatu genuen lehen aldia izan zen, odol dezenterekin”. Epaiketa gehiago saboteatu zituzten horrela COPELeko kideek, eta espetxetako patioetan mozketa eta irenste kolektiboak egin zituzten. Mozketen borroka moldea “Aljeriako erresistentziaren esperientzia” jasotzen zuen Miguel Castells euskal abokatuaren liburu batetik atera zuen Pontek berak.
Kanpoan babesa, barnean elkartasuna
Kanpoan babes sare zabala izan zuten preso sozialek urte haietan, Pontek esker onez gogoratzen duenez: abokatu taldea, senideen kolektiboak eta militanteenak, nagusiki jatorri anarkistakoak baina ez soilik, “eta garaiko hedabideek, oro har, ahotsa eman zieten gure borrokei”.
Carabanchel izan zen COPELen “zentro neuralgikoa”, baina azkar hedatu zen: “Berehala jarri ginen harremanetan Bartzelonako Modelo espetxearekin, Euskal Herrian Basauri eta Martutenerekin, Sevillarekin, Valentziarekin, Valladolidekin... harreman oso arina eraiki genuen, kartzela bakoitzean borrokak sortzeko aukera ematen zuena”.
“Espetxeko bizitza berrantolatzen saiatu ginen, kanpoko gizartea ez birproduzitzeko: errespetua, abusurik ez, asanbladak, partekatzea, komunak”
Amnistia aldarrikatu edo espetxearen aurka borrokatzeaz gain, presoen arteko harremana ere eraldatzeko borrokatu zen koordinadora. “Espetxeko bizitza berrantolatzen saiatu ginen, kanpoko gizartea ez birproduzitzeko: errespetua, abusurik ez, asanbladak, partekatzea, komunak...”. Asanblada irekiak ziren mugimenduaren oinarria “segurtasunagatik talde murriztuetan hartu behar ziren erabaki batzuk salbu, ekintzak-eta”.
1977ko urrian preso politikoentzako Amnistia Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak. Borroka behin betiko galtzeko arriskuaren aurrean, preso sozialek “etsi-etsian” erantzun zuten, COPEL una historia de Rebeldia y Dignidad (COPEL errebeldia eta duintasun historia bat) dokumentalak jasotzen duenez –Pont bera da egileetako bat–. Gose grebek, mutinek, autolesioek gora egin zuten, berdin biolentzia giroak oro har. “Estatuak erreakzionatu egin zuen, gure dinamika gelditu beharra zuela ikusi zuen, une politiko klabea zelako dominazio modu berria finkatzeko: Transakzioa”.
Azenarioa eta makila
Espetxetako gatazka zurrunbilo betean sartu zen. 1978ko martxoaren 13an kartzelariek iheserako tunel bat aurkitu zuten Carabanchelen eta arduradun egin zituzten zazpi presoak torturatu zituzten, tartean martxoaren 14an hil zen Agustin Rueda Sierra, “kide anarkista eta COPELeko militante konprometitua”. Zortzi egun beranduago GRAPO talde armatuak Jesús Haddad hil zuen, orduko Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusia. “COPELen borrokaren aurrean estatuak azenarioa eta makila tartekatu zituen”, dio Pontek, eta une hartan, ezustean, azenarioa lehenetsi zuen gobernuak. Carlos García Valdés izendatu zuen zuzendari Haddaden ordez, aurrerakoia eta preso sozial eta politikoen abokatu izana. García Valdések Pontekin bildu nahi izan zuen bakarka, “baina ez nuen onartu, esan nion kolektibo bat ginela, eta azkenean onartu zuen guk hautatutako hamar pertsonako ordezkaritzarekin biltzea, ni tartean”. Zuzendariak aldaketak agindu zizkien, eta espetxe barruko bizitzan “kogestio” eredu bat sustatu zuen. Giroa lasaitu zen denbora batez, denbora tarte oso laburra: 1978ko ekainean 45 presok ihes egin zuten Bartzelonako Modelotik (gogoratu leloa, “amnistia ala ihesa”), eta García Valdések behin betiko makila aukeratu zuen.
COPELeko kideak jipoitu, sakabanatu eta isolatu zituzten, kogestioa baztertu eta diziplina zorrotza berrezarri zuten espetxeetan. Ordurako heroina presoen artean libre zebilen kartzelarien bistan, drogaren menpe zeuden presoz bete ziren patioak, eta presoen arteko elkartasuna hausten hasi zen. COPEL eta bere borroka ahultzen joan ziren, 1979an erabat desagertu arte.
Datuetan laburbiltzen du COPELen dokumentalak mugimenduaren borroka: 1976an bi gose greba kolektibo eta hamarnaka mutin; 1977an 29 mutin, 11 gose greba, hamasei autolesionatze kolektibo, hamarnaka ihesaldi saiakera, ehunka elkartasun ekintza kalean; 1978an 11 mutin, bi preso hilik Zaragoza eta Basauriko suteetan, 400 autolesionatu, eta 62 preso ihes eginak.
“Euskal Herria idealizatuta nuen, bertan iraultza egin zitekeela sinetsita nengoen”
“Hau soilik Euskal Herrian gertatzen da”
Taberna bazterreko mahaian ari gara kalakan, mutinak eta autolesioak gora, jipoiak eta heroina behera. Lotsati hurbildu zaigun gizon adindu batek eten digu haria. “Barkatu, ondoko mahaian nengoen kasualitatez, zurrumurruan bezala heldu zaizkit espetxea, ihesa... entzuten jarri naiz... pentsatzen dut elkarrizketa bat egiten ari zaretela, eta etorri naiz esatera: mila esker”, bota digu. “Zer edo zer ulertu dizut”, erantzun dio Pontek, eta han hasi dira, “Espetxean egon nintzen 1969-70-71 urteetan, ETAko militante izateagatik”; “Ezagutuko zenuen orduan Urlia...”; “Sendiak Basauritik egin zuen ihes...”. Izena zein duen galdetu diot. “Berdin dio, gernikar bat. Nola joan zaizu bizitza?” zuzendu zaio berriz ere Ponti; “Ia zoriontsu naiz orain”, erantzun dio. Bidean pilatutako hildakoak eta sufrimenduak azeleratu dira orduan, batak bestearen borrokari aitortza egin dio, eta heldu bezala joan da, ia oharkabean.
“Ze ona, hau Euskal Herrian soilik gertatzen da”, esan du Pontek irribarretsu, berriz ere bion arteko kalakari heltzeko.
Sozial eta politikoak
COPELeko kideek adiskidetasuna garatu zuten ETA militarreko eta politiko-militarreko zein Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin, eta babesa eman zieten elkarri hainbat unetan. “Babes argia eta irmoa. Esker on handiz gogoratzen ditut garaiko ETApm-ko hainbat kide, Wilson, Ezkerra, Meltxor, Danel... Konpromiso handiko babesa zenbait kasutan, kontatu ezin dudana”. COPELek Euskal Herriko borrokak eta oro har estatuko nazioenak babestu zituen, halaber. 1977an presoak mutinatu eta Carabencheleko teilatua hartu zutenean, igo aurretik argazkia egin zuten bost ikurrekin: COPELena, anarkista eta Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko bandera bana. “Uste dut nik neuk atera nuela argazkia”, saiatu da oroitzen.
Abenduaren 12an ari gara elkarrizketa egiten. Abenduaren 13an, hurrengo egunean, 47 urte bete(ko) dira Fran Aldarondo Ondarru espetxetik irten zela. 1977ko amnistiarekin espetxetik atera zen azken euskal preso politikoa izan zen ondarruarra. “Ez du axola azken preso politikoa izatea. Oraindik preso sozialak falta dira, marjinatuak”, adierazi zuen egun hartan, ETAren eta COPELen pegatina bana paparrean zituela, Wikipedian irakurri daitekeenez. Aldarondo ETAko kide zen orduan, 1978an Komando Autonomoetan sartu zen, eta 1979an Guardia Zibilak hil zuen. Urdailean COPELen protesta batean irentsitako koilaratxoak zituela hobiratu zuten. Cárceles en llamas liburuaren hitzaurrean, hain zuzen ere, Aldarondorentzako esker hitzak ditu Pontek. “Oilo ipurdia jartzen zait oraindik ere oroitzean”, dio, hunkituta.
‘Mafia polizialak’ torturatua
“Euskal Herria idealizatuta nuen, bertan iraultza egin zitekeela sinetsita nengoen”, dio Pontek. Akaso horregatik, sei urteren ostean 1979ko martxoan espetxetik irten zenean, Donostian bizitzen jarri zen. COPELeko kide, atrakatzaile eta lagun Pulpok, azpeitiarra, gurasoen etxera eraman zuen, eta haiek eman zioten “aterpea eta jana”. Denbora gutxira, Pulpo eta biek banku bat atrakatu zuten Boulevardean, eta eskuratutako diruarekin etxe bat hartu zuten alokairuan. “Egonkortasun eta independentzia ekonomikoa lortzeko lehen urratsa izan zen”.
Beste atraku txikiren bat ere burutu zuen Pontek. “Ez zen horren zaila, eta babes soziala zegoen, jendeak ondo ikusten zuen bankuei lapurtzea”. Baina, berriz ere, apenas izango zuen tarterik kalera egokitzeko espetxeratua izan aurretik.
1980ko urtarrilean, kalean zortzi hilabete soilik zeramatzala, ‘mafia polizialak’ atxilotu zituen Pont eta bere taldea. “Delitugile sozialei Lege Antiterrorista aplikatu zitzaien lehen aldia izan zen”, gogoratu du: “Komando Autonomoetako bi kiderekin Hendaian izan nuen bilera bat detektatu zidan Poliziak, eta epaileari eskatu zion Lege Antiterrorista aplikatzeko”. Baina Poliziaren helburua atrakatzaile taldea bera zen.
Hamar egunez izan zituzten inkomunikatuta, lehenbiziko seietan torturatu zuten Pont: “Tortura oso gogorrak, nahi zuten sinatzea antzeman zizkiguten hiru errebolber nik ekarri nituela Parisetik”. Onartu zuen azkenik, seigarrenean, eta torturek Trombocid pomada kiloei utzi zioten lekua kalabozoetan, epaile aurretik pasatzerako ahalik eta itxurosoen egon zedin. “Trombocidaren aipamenak sastada eragin dit urdailean, hogei urte beranduago torturatu zuten lagun batek gauza bera kontatu zidan, Trombocidez estali zutela behin autoinkulpazioa sinatuta”, aitortu dio kazetari honek. “Gauza batzuk ez dira aldatzen”, dio.
"Jendeak ondo ikusten zuen bankuei lapurtzea, babes sozial handia zegoen"
“Gure atxiloketa ‘mafia polizialak’ antolatu zuen, eta babesa eman zien Barrionuevok [José Barrionuevo, orduko PSOEren Gobernuko Barne ministroa]. Nahi zutena egiteko baimena zuten, delinkuentzia komuneko atrakatzaile talde asko zeudela argudiatuta. Garbiketa egiteko agindua zuten”. Taldearen existentzia ez da Ponten egia soilik, egia judiziala baizik. Urtetara hainbat polizia epaitu zituzten, gehienak absolbitu bazituzten ere. Orduan bataiatu zituzten hedabideek ‘mafia polizial’ izenarekin. “Polizien talde bat zen, egingo ziren atrakuen informazioa jasotzen zuen, eta informazioa ematen zien atrakatzaileei atrakuak egin zitzaten. Egiten uzten zuten, eta ondoren atrakatzaileak hiltzen zituzten. Lapurtutakoarekin edo horren zati batekin geratzen ziren”. El Nani famatuaren desagerpena haiei leporatu zaie, besteak beste. Taldearen bizkarrezurra Madrilen zegoela dio Pontek, baina Bilbo eta Donostiako komisarietan ere bazirela kideak.
Andaluzian euskara ikasten
Puerto de Santa Maríara eraman zuten berriz ere Pont. “Ordurako ez zegoen COPELen eta presoen arteko elkartasunaren arrastorik”. Besteak beste euskara ikasten eman zuen denbora, Itziar izeneko lagunak sartutako liburuekin. “Itziar, Zeruko Argia izeneko aldizkari batean idazten zuen kazetaria (elizaren aldizkaria zen, marxista antzekoa)”, dio liburu autobiografikoan. Izan ere, 1979ko ekainean azala eskaini zion COPELen borrokari Zeruko Argiak, Pont eta Alejandro Etxaniz COPELeko kide ohiak elkarrizketatuta. Elkarrizketa osteko afaritik bestelako harremana sortu zen. “Atxilotu ninduten arte mantendu genuen, gero irtetean zenbaitetan elkartu ginen. Kariño handiz oroitzen dut, Txorua deitzen ninduen”.
Hilabete gutxi eman zituen preso, edonola ere. Berak eta bera salatu zuten bi kideek helegitea aurkeztu zuten, esanez torturapean sinatu zituztela deklarazioak, eta garbi irten zen espetxetik.
Atrakatzaile profesional eta ostalari
Berriz ere Euskal Herrian, berriz ere atrakuak ogibide. Baina beste modu batera.
Pont eta lagunen taldea handitu eta “profesionalizatu” egin zen: “Garbiketak egitetik (kutxan une horretan zegoena hartu) pasa ginen irekierak egitera (bankuan ordu bete inguru itxaron behar zenuen kutxa blindatu nagusia ireki arte, hori konplexuagoa da)”. Bi atraku egin zituzten Gipuzkoan, hirugarren bat Iruñean, bere bizitzako azkena Gasteizen. “Iruñekoa izan zen potenteena, ekonomikoki aukera eman zidan etena egiteko”.
Ponten taldeak bi atraku egin zituen Gipuzkoan, hirugarren bat Iruñean, bere bizitzako azkena Gasteizen
Eten hori baliatu zuen, hain zuzen ere, 1982an bere bizitza goitik behera aldatuko zuen erabakia hartzeko. Erabakia bat egin zuten hiru faktoreren ondorioa izan zen. Batetik, “kideak kokainaren eta zaldiaren gero eta menpekoago ikusten nituen”, lagun harremana baldintzatzeaz gain lanbiderako arriskutsua zena. Bigarrenik, Komando Autonomoen inguruko ezagunek eskaerak egiten hasi zitzaizkion: lehenik Askatasuna aldizkari libertariorako idatzi bat, gero ihesaldi baten krokisa, aurrerago Puerto de Santa Mariako lagun bretoi independentistekin “beren gauzetarako” harremanetan jarri... “Ikusten nuen gero eta konpromiso gehiago hartzen ari nintzela, ez dakit militatzen amaituko nuen, baina konprometitua bai”.
Hirugarrenik, eta testuinguru hartan, maitemindu egin zen Pont, bere abokatu izandako Begoñarekin. “Bere etxean agertu nintzen, diruz betetako poltsa batekin, zer zegoen azaldu nion, eta bizitza berria egin nahi nuela, berarekin”. Eta horrela egin zuten: atrakuen diruaren parte batekin pub bat ireki zuten Almeriako kostaldean. “Nire bizitzako urterik zoriontsuenak izan ziren”.
Bizitza arrunta, edo ia
Erabakia bizitza arruntago baten hasiera izan zen, baina mugimendu handikoa halere. Urte luzeotan eta Almeriako esperientzia amaituta, bizi izan da Asturiasen, Madrilen, Valentziako kostaldean edo Bartzelonan. Hainbat taberna ireki zituen atrakuen diruak baliatuta –horietako bat Madrilgo erdigunean, zeinera goi klasea joaten zen, tartean Cristina Borboikoa infanta–. Presoen alde edo turistifikazioaren aurka militatu du. Asturiasen aita izan zen Paquín orduko bikotearekin, eta Yoar izena jarri zioten beren alabari (ez zieten utzi Ioar jartzen): “Espetxe garaian, oso baztertua izan zen idazle nafar baten inguruko artikulua irakurri nuen Pamiela aldizkarian, eta garai baten kronikak idazten zituela berak asmatutako Ioar Errepublikatik, non ez zegoen apaizik, ez poliziarik, ez autoritaterik. Hortik izena”.
Bizitza arruntagoa, esan dugu, baina ez azken susto arriskutsu bezain nobeleskorik gabea. 1985ean, lagun atrakatzaile batzuek azken kolpe handi bat proposatu zioten, handietan handia: Madrilgo Banestoko sukurtsal batetik ehunka milioi pezeta eramatea. “Ni ordurako erretiroa hartuta nengoen”. Baina atrakurako informazioa poliziaren salatari batek emana zela jakitean, kideei esan zien ez zuela ezer jakin nahi, baita gomendatu ere bertan behera uzteko dena. Susmo bat zuen Pontek: ‘mafia poliziala’ zegoen atzean, eta atrakua baliatu nahi zuen bera zepoan harrapatzeko berriz ere. Hori ekiditeko eta atrakua hurrengo egunean egingo zutela jakinik, goiz hartan ezagunen bi abokatu bulegotatik pasatu zen Pont, ustez lagunei bisitan. Atrakatzaileek 1.200 milioi pezeta eraman zituzten dirutan eta bitxietan, poliziaren arabera. Arratsalde hartan bertan eskaini zioten zati bat lagunek, parte hartu ez bazuen ere, baina ez zuen hartu nahi izan. Hurrengo egunean, Pont atxilotu zuten, jarraian espetxeratzeko. Baina, besteak beste bisita haiei esker, bere errugabetasuna frogatu ahal izan zuen, eta, tartean gose greba eginda, bi asteren buruan libre utzi zuten laugarren eta azken aldiz.
“Pertsonak zigorraren bidez hezi daitezkeela pentsatzean dago akatsa”
Aromaterapia eta abolizionismoa
Gironan bizi da Pont gaur egun, Herrialde Katalanetan, atrakuetatik aspaldi egin bezala bezala soldatapeko lanetik ere erretiroa hartuta. Lasai, eta bere ortuko landareekin lantzen duen aromaterapiari emana. Baita egitasmo militanteei ere. Erretiroa “erabat” hartzeko, izan ere, azken proiektu bat burutu beharra duela baitio: espetxeen abolizioaren aldeko eta punitibismoaren aurkako dokumental bat.
Agortu zaigu solasaldirako denbora, aurreikusitakoa baino askoz gehiago luzatu gara, eta, liburu aurkezpen batetik bestera, Donostiara eraman behar duen txoferra zain dugu aspaldi. Meltxor ari zaio txofer lanak egiten egunotan. Meltxor, Segoviako ihesaldiko txoferra eta COPELen garaian egindako lagun mina. Baina ez du alde egingo bere azken proiektua azaldu gabe.
“Kartzelak pertsona deuseztatzeko besterik ez du balio, han ez da inor onbideratzen”, adierazi zion Pontek Zeruko Argiari 1979ko ekainean. Antzera pentsatzen jarraitzen du 2025ean: “Klase gizarteak dirauen bitartean pobreentzako zigorra eta espetxea egoten jarraituko dute. Zigorraren kulturak milaka bizitza prekario zeharkatzen ditu kontinente guztietan: migratzaileak, arrazializatuak, pobretuak...”.
Bi urte dela hasi ziren dokumentalean lanean, eta aurten amaitzea dute helburu. Iraganean eta munduan ikertu dute “gatazken konponbide asanblearioko” ereduen bila, eta egungo pentsalari eta ekintzaileak ere elkarrizketatu dituzte, tartean Bartzelonatik pasa zen Angela Davis. Hausnarketa sustatu nahi du Pontek, eta hausnarketarako esaldia utzi du Donostiara abiatu aurretik: “Pertsonak zigorraren bidez hezi daitezkeela pentsatzean dago akatsa”.
Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.
Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]
Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.
Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]
Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra gogorra badirudi ere, akusazio partikularrak ahalegina egin du Lezamako polizia nazional ohia espetxera joan ez dadin. “Ez da garaia kartzelak betetzeko”, adierazi du bere abokatuak.
Zigor sistemak gizartean eragiten dituen ondorioez mintzatu da Naiara Perea, larunbat honetan Gasteizen izanen diren espetxeen aurkako jardunaldi transfeministen asanbladako kidea.
Gure kuadrillan, gazteagotan, askotan komentatzen genuen galtzera ohituta geundela. Hamaika gatazka txiki zein handitan murgilduta ibili ginen, ia beti arrazoiz jantzita eta irudimen handiz, baina gehienetan galdu. Pentsa! Guggenheimen aurkako plataforman aritu ginen Guk geuk... [+]
Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]
Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu duenez, datorren urtean hustuko dute Martuteneko espetxea, eta Txomiñeneako proiektuaren bigarren fasea martxan jarriko du udalak. Honela aurreratu du Goiak, Tokiko Gobernu Batzordearen ostean egindako prentsaurrekoan, datorren... [+]
Abuztuaren 1ean 74.237 preso ziren 60.000 lekurentzat, 179 presondegitan banaturik. Baionako kartzelak, demagun, 75 leku ditu eta 135 preso daude gaur egun bertan. Gainpopulazio horren ondorioak zerrendatzen ditu bere oharrean CGLPL Frantziako Kartzelen Ikuskari Orokorrak:... [+]
Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]
“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]
Hala Bedik jakin duenez, 22 urteko gaztea zigortu egin zuten hil aurretik: moduluz aldatzera behartu zuten ustez telefono mugikor bat izateagatik. 13. moduluan zegoen, Zaballan bizi-baldintza kaskarrenak dituenetako batean.
Hildakoa 57 urteko gizonezkoa da, eta erizaintzan zegoen. 24 orduan Euskal Herriko espetxeetan hil den bigarren presoa da.