Bost hilabete pasatxo beteko ditu Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiak, eta martxorako bukatuta nahi zuten eztabaida prozesuaren helmuga bileraz bilera urruntzen doa. Ezarritako metodologiak, mahaira deitutako erakundeen zerrendak, kanpoan utzitakoenak, jorratutako edukiek eta jorratu gabekoek kritika ugari piztu dituzte osasun publikoa defendatzen duten hainbat eragileren artean.
Iraila hasieran jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Osasun Itunaren Mahaia, “osasun-sistema publikoaren bilakaeraren inguruan herritarrek, profesionalek eta hainbat kolektibok dituzten kezkak aztertzeko”, Imanol Pradales lehendakariaren hitzetan. Hiru etapatan banatutako eta Alberto Martínez Osasun sailburuak gidatutako prozesua martxorako bukatzea aurreikusten zuen lehendakariak, baina gero eta gehiago dira mahaiarekin kritiko agertu diren eragileak eta egiturazko aldaketarik ekarriko ez duela dioten ahotsak.
ELAk hasieratik errefusatu zuen mahaian parte hartzea, ESK sindikatuak lehenengo fasean utzi zuen, eta bigarren ataleko testua ez dute oraindik babestu ez LABek ez Sumarrek. Horrez gain, hasieratik mahaitik kanpo utzi zituzten osasun publikoaren defentsan lan egiten duten hainbat herritar eta langile elkarte. Hankamotz jaio zen mahaia herrenka iritsi da azkeneko fasera, hots, estrategiak zehazteko aldira, eta ikusteke dago benetan osasun sistema onbideratuko duten neurri zehatzak hartzeko gaitasunik izango duen.
Euskadiko Osasun Itunaren Mahaia deritzonaren lehen bilera 2024ko irailaren 5ean egin zuten, Imanol Pradales lehendakaria eta Alberto Martínez Osasun sailburua buru zirela. Lehendakariak elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen “sistema eraldatzeko eta lehen mailako osasun-laguntza bermatzeko”, eta azaldu zuen “itxaron-zerrendak murriztetik harago, sistemak osasunean hezteko, osasuna sustatzeko eta prebentzioa lantzeko” balio behar duela. Halaber, “plantilla sendotzen, baliabideak eta horien efizientzia hobetzen eta beharrezko inbertsioak egiten” jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen, lehen bilera hura amaitu osteko adierazpenetan.
Metodologiak zehazten du fase batean adostutako txostenarekin bat egin ezean, eragileak ezin direla hurrengo fasera igaro. Gainera, "pribatutasunaren aitzakiapean" eragileek ezin dituzte gainerako parte-hartzaileen ekarpenak ikusi
Herrenka dabilen mahaia
Hiru fasetan banatu zuten prozesua: lehen urratsa, osasun-sistemaren diagnostikoa adostea; ondoren, ikuspegia, balioak eta printzipioak zehaztea; eta azkenik, estrategiak finkatzea. Osasun sailburuak Javier Meana Martínez farmakologia katedraduna izendatu zuen mahaia dinamizatzeko idazkari nagusi, eta lehen bilerara osasun-arloko hainbat eragile deitu zituen: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, optikoen, optometristen, gizarte-langileen, fisioterapeuten, biologoen eta albaitarien elkargo ofizialetako ordezkariak; Medikuen Sindikatua, SATSE, SAE, alderdi politikoak, sindikatuak, EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateak eta Confebask.
Gonbidatuak bezainbeste dira bazter utzitakoak, ordea. ESK sindikatua eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataforma (OPAH) ez zituzten lehen bilerara deitu, nahiz eta propio eskatu zuten mahaian parte hartu ahal izatea. Sindikatuko ordezkariei bigarren bilerara joaten utzi zieten, lehenengoan aforoa beteta omen zegoela esan baitzieten. OPAHkoei, aldiz, ezezkoa eman zieten, eta mahaian lantzen ari ziren kontuen berri emateko biltzeko aukera eman zien idazkariak.
OPAHko bozeramaile Jose Ignacio Martínez Ortegak salatu du mahaitik kanpo utzi dituztela herritar plataformak, osasun publikoaren aldeko elkarteak (Osalde, Osatzen eta Lehen Arreta Arnasberritzen) eta gaian zer esan handia izan dezaketen kolektiboak, emakumeen taldeak eta pentsiodunak, kasurako.
ELAk, bere aldetik, hasieratik adierazi zuen ez zuela eztabaida prozesuan parte hartuko, “antzezlan” hustzat hartzen baitzuten eta susmoa baitzuten bertan ez zela “sakoneko aldaketarik” mahaigaineratuko. Hala, lehen faseko diagnostikoa aztertu eta gero ezezkoa berretsi zuten, ikusita egindako diagnostikoaren arabera “balizko itunak ez duela funtsezko aldaketarik ekarriko osasun zerbitzuan”.
Nolanahi ere, eztabaida prozesuaren beraren metodologia kontuan hartuta eta bertan landutako eta landu gabe utzitako edukiei erreparatuta, gero eta gehiago dira mahaia Jaurlaritzaren aurpegia zuritu eta benetako eraldaketarik egitea asmo ez duen dinamika baino ez dela dioten ahotsak. ESK-k mahaia utzi zuen lehen faseko diagnostikoarekin ados ez zegoelako. Izan ere, metodologiak zehazten du fase batean adostutako txostenarekin bat egin ezean, eragileak ezin direla hurrengo fasera igaro. Bigarren fasea ixteko unean, LABek eta Sumarrek adierazi zuten ez zutela printzipioen testua babesten, baina hirugarren fasean jarraitzeko prest agertu ziren. Testua ez zen azken bileran itxi, eta eragileek idatziz adierazi beharko dute ados dauden ala ez.
Otsailaren 26an egingo dute hurrengo bilera. Ordurako, parte-hartzaileek Osasun Sailak proposatutako hamazazpi estrategietako lantaldeetako ordezkariak zehaztu eta ekarpenak egin beharko dituzte. Nolanahi ere, aste hauetan bigarren faseko testuari baiezkoa ematen dioten jakinarazi beharko dute, eta ikusteke dago ea horrek kanpoan utziko dituen kritiko agertu diren taldeak, aurreko faseetan gertatu bezala.
OPAHren arabera, Jaurlaritzaren ardura estaltzeko ke-laino bat besterik ez da mahaia, murrizketak eta pribatizazio neurriak ezarri bitartean “bake soziala” irudikatzeko
Gardentasun falta
OPAHko ordezkari Martínezek argi du Osasun Sailak indarrez ezarritako metodologia “antidemokratikoa eta ez aski gardena” dela, eta Jaurlaritzak “xantaia” egiten duela bere diagnostikoarekin bat egiten ez duten taldeak kanpoan utzita. “Pribatutasunaren aitzakiapean” eragileek ezin dituzte gainerako parte-hartzaileen ekarpenak ikusi, eta horrela ezin da eztabaida “ireki, anitz eta gardena” eman, ordezkariaren ustez.
Gurutzetako Ospitalean ESK-ko delegatua den Imanol Rodríguez Adamek bat egiten du Martínezen kritikekin, uste baitu prozesu “iluna eta amarrutsua” izaten ari dela eta zehaztutako metodologiarekin Jaurlaritzak “bide demokratikoa alboratu” eta “lobby sistemara” jauzi egiten duela. Bai Rodríguezek eta bai Martínezek Osasun Sailak mahaia koordinatzeko izendatutako Meanaren papera kritikatu dute. “Prozesuaren epailea da eta berak erabakitzen du alde bakarrez zein ekarpen txertatu eta zein ez”, dio Martínezek.
Rodríguezek, aldiz, susmoa du Meanak atzean talde bat duela, eta salatu du horren konposizioa ez dela ezaguna. Horrez gain, kexu da inork ez dakielako gainerako agenteek eta, bereziki, Confebaskek mahaian zer ordezkaritza duten, eta, hala ere, “gure osasungintzaren etorkizuna” zehaztuko dutela.
Ez hori bakarrik, osasun mahaiarekin egiten ari direna, “aurretik hezkuntzakoarekin egin zutenaren eta laster etxebizitzakoarekin egingo dutenaren bide beretik”, mahai demokratikoak “apurtzea” eta “lobby sistema ezartzea” dela uste du Rodríguezek: “Horrela, erabaki politikoak ez dituzte politikariek hartzen, baizik eta interesak dituzten agenteek. Beti egon dira enpresa indartsuak politikarien atzean bidea zehazten, baina orain mahaian daude eserita eta haien proposamenak aurrera aterako dira, eta hori ezin da onartu”.
Osasun mahaian hezkuntzakoan gertatu zen gauza berdina errepikatzearen beldur dira ESKn: “Paktu bat muntatu zuten, agente guztiek ilusioz eman zioten babesa, eta azkenean atera zuten legea hezkuntza publikoaren aurka doa”. Behin ituna sinatuta, horri buelta ematea “ezinezkoa” dela uste du delegatuak: “Legea eginda dago, parte hartu duten agenteek babestu dute eta erantzukizuna ere badute”. Hala, eta ikusita itunarekin adostuko dena ez dela “herritarren interesen aldekoa” izango, babesik ez ematea erabaki zuten sindikatuan.
EH Bilduko ordezkari Rebeka Ubera Aranzetak zehaztu du koalizioaren ustetan horrelako lan espazio batean konfiantza sortzeko beste era bateko metodologia erabili beharko litzatekeela. Prozesuarekin kritiko diren arren, herritarren ordezkari diren heinean mahaian parte hartzea garrantzitsutzat jotzen dute, eta uste dute bestela eztabaida batzuk ez liratekeela emango, publiko-pribatuaren afera, esaterako.
Diagnostikoarekin kritiko
Metodologia gorabehera, “benetako arazoa” mahaiak adostutako diagnostikoa dela uste dute Rodríguezek eta Martínezek, eta zenbait eztabaidari ihes egin nahi zaiela iritzi dio Uberak. ESK-k eta OPAHk uste dute prozesuak ez diola ezer onik ekarriko osasun publikoari, baina EH Bilduk esperantza du estrategien fasean nahi dituzten arlo batzuk jorratzeko aukera izango dutela. “Diagnostikoan orain arte gobernuak onartzen ez zituen elementuak sartu ziren, Jaurlaritzak inoiz aitortu eta jaso ez dituenak, esaterako, pertsonal politikan aldaketa erradikal bat emateko beharra edo pribatizazioa areagotu egin dela”, zehaztu du Uberak.
EH Bilduko ordezkaria jakitun da osasun sistemak duen egoera iraultzeko neurriak adostea “zaila” izango dela eta hainbeste eragile biltzen duen mahaia izanik “minimoen akordioa” bilatu beharko dela, baina adierazi du koalizioa estrategietan zehaztasunak bilatzera joango dela “herritarren osasun eskubidea behar bezala bermatzeko benetako transformazio bat emateko”.
ESK eta OPAH kritikoagoak dira mahaian lantzen ari diren edukiekin. Haien iritziz, lehen fasean adostutako diagnostikoan ez zaie Osakidetzaren arazo nagusiei heltzen eta ez da erakundea sortu zenetik kudeatu duen alderdiaren (EAJren) autokritikarik antzematen. Martínezek uste du diagnosikoak ez duela balio egun Osakidetzak dituen arazoak konpontzeko, ez baitu osasun sistemaren azterketa integralik egiten eta orain arte Osasun Sail berriak ez duelako aurreko taldearen murrizketa-politikarekin apurtu eta “pribatizazioaren bidean” jarraitu duelako.
Aipatzen du EAJk ez duela osasun sistema ulertzen beharrezko baliabide guztiak dituen egitura publiko moduan, sistema publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazio gisa baizik, eta diagnostikoan ez dela eredu horren inguruko aipamenik egiten ez eta ondorioen inguruko analisirik zehazten ere.
Bestalde, Rodríguezek ohartarazi du diagnostikoak ez duela zalantzan jartzen Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) eredua eta horren ondorio den “ospitalzentrismoa”. Hiru eragileetako ordezkariak bat datoz: egun, Osakidetza gaixotasunak kudeatzera bideratuta dago eta indarrak prebentzioan eta osasunaren promozioan jarri beharko lituzke. Horretarako, Lehen Arreta indartu behar dela gogoratu dute, “osasun sistemaren ekitatea bermatzen duelako, emaitza hobeak eskaintzen dituelako eta gastu sanitarioa murrizten duelako”, Martínezen hitzetan.
Pribatizazioarena da diagnostikoaren beste hutsune nabarmenetako bat. ESK-ko delegatuaren iritziz, gaiari ez zaio modu argian heldu: “Anbulantzien sistemaren inguruan esaten duten bakarra da etorkizunean aztertu beharko dela nola kudeatu, baina horrek ez du argitzen gehiago pribatizatzearen alde egingo duten ala ez”. Martínezek ere uste du mahaiak “azal-azaletik” landu duela pribatizazioaren arazoa, zeinak berekin dakarren osasuna negozio bilakatzea herritarren eta langileen eskubideen eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan.
Gainera, sindikatuak eta plataformak salatu dute diagnostikoak ez dituela pertsonal faltaren arrazoiak aipatzen –lan baldintza prekarioak eta behin-behinekotasun handia kasu–, eta arazoaren erroa Osasun Sailetik kanpo kokatzen duela, erantzukizun guztiak kanpoan jarrita. Areago, Lehen Arretako medikuen falta baino ez da aipatzen diagnostikoan eta, Rodríguezen hitzetan “kategoria profesional guztietan” dago hutsunea: “Osakidetzan beti gaude minimoetan edo minimoen azpitik”.
Eztabaidatik kanpo geratu dira baita ere euskalduntzea eta genero ikuspegia. ESKren arabera, analisian ez da ezer aipatu zerbitzua euskalduntzearen inguruan, nahiz eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko orduan funtsezkoa izan. Genero ikuspegitik ere hutsuneak daudela salatu du OPAHk: “Lehen Arretan genero ikuspegia lantzea beharrezkoa da, baina horretarako baliabideak behar dira, eta gaur egun ez ditugu”.
Jose Ignacio Martínezek argi du osasun publikoaren narriadura eragin duen funtsezko arrazoietako bat “azpi-finantzaketa iraunkorra” dela, eta egun Osakidetzak duen aurrekontuarekin ezinezkoa dela “behar ditugun egiturazko aldaketei ekitea”. Salatu du iaztik aurrekontua % 0,35 baino ez dela igo eta Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta EAEko osasun gastua oso txikia dela, BPG kontuan hartuta. Hala, OPAHren bozeramaileak uste du diagnostikoak ez dituela “egiturazko arazoak identifikatzen” eta ez duela aurrekonturik horiei aurre egiteko.
Bidea korrika eta presaka egin nahi den sentsazioa du Rebeka Uberak, baina orain arte "titular asko eta egiturazko neurri gutxi" ikusi ditu Jaurlaritzaren aldetik
Nola helduko da mahaia helmugara?
ESK-k lehen fasean utzi zuen mahaia argi zuelako bertatik aterako dena ez dela “osasun publikoarentzako ona izango”. Imanol Rodríguezen arabera, bertan jarraitzen dutenek badute erantzukizunik, “Osasun Sailaren irudi-zuritzea” babesten ari direlako. OPAHren arabera, Jaurlaritzaren ardura estaltzeko ke-laino bat besterik ez da mahaia, murrizketak eta pribatizazio neurriak ezarri bitartean “bake soziala” irudikatzeko.
Rebeka Uberak aipatu du EH Bilduk Legebiltzarrean egiten duen oposizio lana neutralizatzeko ahalegin zantzua hartu ziotela hasieratik eztabaida prozesuari. Bidea korrika eta presaka egin nahi den sentsazioa ere badu ordezkariak, baina orain arte “titular asko eta egiturazko neurri gutxi” ikusi ditu Jaurlaritzaren aldetik. Prozesua ondo burutzeko behar den denbora hartzearen alde agertu da, eta bitartean Gobernuari bere ardurei heltzeko dei egin dio.
ESK gogorrago agertu da, eta balizko itunaren ondorioei nola aurre egin irudikatzen hasia da. “Pentsatzen hasi behar gara paktu honetatik aterako denari guztiok batera aurre egin beharko diogula eta kaleak bete beharko ditugula”, azaldu du delegatuak.
Osasun Publikoaren Aldeko Herritar Plataformako kideak ere “eszeptikoak” dira balizko itunarekin eta ez dute ikusten Eusko Jaurlaritzak benetako borondaterik duenik aurreko gobernuaren politika neoliberalak baztertu eta sakoneko aldaketak ezartzeko. Iragan otsailaren 1ean EAEko hiru hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin zituzten osasun sistema publikoaren defentsan, eta egoera onbideratzen ez den bitartean kaleko lana egiten jarraituko dutela berretsi dute. Aldaketaren gakoa herritarren presioa dela uste du Jose Ignacio Martínezek.
Lehenengo bileran, Pradales lehendakariak “sistema eraldatzeko” beharra nabarmendu bazuen ere, oraindik ikusteke dago Osasun Itunaren Mahaiak zer-nolako aldaketak ekarriko dituen, ikusirik nola helduko den azken fasera, estrategiak zehazteko fasera. Erakunde guztiak printzipioen txostenarekin bat datozen jakin aurretik hasi dira estrategiak lantzen, eta azken etapa horretan argituko da osasun sistema onbideratzeko proposamenetan zer adostasun eta zehaztasun maila lortzeko gai diren prozesuan aurrera jarraitzen dutenak. Agindutako eraldaketa sakonak ekarriko dituen ala, kontrara, itxaropena piztu eta ezer gutxi aldatuko duen ekimena izango den, gobernua zuritzeko diseinatua, prozesuak berak baino soka luzeagoa izango duen eztabaida da.
Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.
Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]
Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.
Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.
Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.
Aste honetan zehar egongo da AEBko auditoria Gurutzetako ospitalean; bere estandarrak betetzen dituzten osasun-zentroei akreditazioa ematen die. Osakidetzak 106.843 euro gastatu ditu bere aurrean itxurak egiteko.
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]
Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta... [+]
Sinadura bilketa abiatuko dute Aiaraldea osoan osasun sistema “publiko eta duina” aldarrikatzeko. Hala jakinarazi dute gaur goizean Urduñako Kontsultategiaren aurrean eginiko agerraldian. Aiaraldeko hainbat herritako bizilagunak bildu dira bertan, Osakidetzan... [+]
Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.