DeepSeek, geopolitikaren lubaki berria

  • Silicon Valleyko enpresa teknologiko handienei zaplazteko ederra eman die DeepSeek-ek. Adimen Artifizialeko chatbot txinatar merke eta berriak zalantzan jarri du AEBen nagusitasuna arlo horretan, eta erakutsi du ez dela milaka milioi diru behar modelo aurreratu eta efizienteak egiteko. Baina horrek ez du esan nahi erronkak eta arriskuak txikiagoak izango direnik, ez geopolitikari dagokionez, ezta ingurumenari dagokionez ere.

DeepSeek, AEBetako monopolioa zapuztu duen Txinako Adimen Artifiziala. Argazkia: Adobe
DeepSeek, AEBetako monopolioa zapuztu duen Txinako Adimen Artifiziala. Argazkia: Adobe

Asteartea, hilaren 21, Etxe Zuria. Donald Trump aldamenetik rapeatzen ari dela dirudi, atrilean den Sam Altmanek ze-ostiatan-ai-zea dioen aurpegiarekin begiratzen dion bitartean. Egunero ez da 500.000 milioi dolar balioko dituen proiektu bat aurkezten eta Trumpek hori egin nahi izan du munduko sheriff kargua estreinatzeko: Stargate izena jarri diote AEBetan Adimen Artifiziala bultzatuko duen lan-elkarte berriari. Karrera espazialaren Apolo proiektuarekin edo arma nuklearra sortzeko Manhattan programarekin parekatu dute askok.

“Garai berri baten hasiera da”, dio OpenAI-ko buru Altmanek. Lau urtetan Adimen Artifizialarentzako (AA) azpiegiturak biderkatzea da asmoa, orain Texasen egiten ari diren eskala handiko datu zentro erraldoia bezalakoak herrialde osora hedatzea. Berarekin daude Oracleko sortzaile Larry Ellison eta Softbankeko kontseilari delegatu Masayoshi Son. Amaieran argazkia atera dute Etxe Zuri kanpoaldean, kuadrillako afari batean bezain irribarretsu daude.

'Stargate' proiektua aurkezteko agerraldiaren amaieran argazkia atera zuten Etxe Zuri kanpoaldean, kuadrillako afari batean bezain irribarretsu daude. Argazkia:  Greg Brockman @gdb

Baina egun berean, etxafuegorik gabe, enpresa txinatar batek beste AA modelo bat merkaturatu du: DeepSeek. Adituak ahoa bete hortz utzi ditu low cost AA berriak, eta hankaz gora jarri ditu Silicon Valleyko multinazionalen planak. Baina zergatik? Moon of Alabama geopolitikan espezializaturiko blogak How Chinese Beat Trump and OpenAI (Txinatarrek nola garaitu dituzten Trump eta OpenAI) izeneko sarrera argitaratuko du biharamunean, sekuentzia osoa zehatz-mehatz azaltzen duen artikulua.  

“Adimen Artifizialaren inguruko burbuila, hori monopolizatzeko AEBen saiakera antzua, eta Txinak berriki egin duen kontraerasoa, lezio ederrak dira erakusten dutenak berrikuntza nola egin behar den, eta AEBak horretarako gaitasuna galtzen ari dira”, diote blogean. Duela urte eta erdi, mundu guztia ChatGPT aplikazioa goraipatzen ari zenean, abisua bota zuten esaten aurrerakuntza ez zela hainbestekoa.

Burbuila digital bat

Lengoaia naturalaren inputak irakurri eta prozesatzea ez da berria. 1960ko hamarkadan Massachusettseko Teknologia Institutuan Joseph Weizenbaum informatikariak Eliza izeneko makina batekin elkarrizketa izan zuen, mainframe edo konputagailu baten bidez. ChatGPT, hasierako AA hura baino abilagoa izan daiteke, bere “solasaldiek” harridura sor dezakete, eta baliteke zenbait arlotan –idatzizko hizkuntzen itzulpenean kasu–, praktikoa izatea... Baina ez du ulertzen sinboloek ze esanahi duten, ezin ditu matematika eta logika ariketak ebatzi, sinpleak izanik ere: “Burbuila hori ez dago justifikaturik”, ondorioztatu zuten Moon of Alabamako artikulu hartan.

"Aditu al duk?", badirudi esaten diola Donald Trump AEBetako presidenteak Sam Altman OpenAI-ko buruari Etxe Zurian, Stargate proiektua milioiduna aurkeztean. Biharamunean, burtsek sekulako danbatekoa jasoko dute DeepSeek Adimen Artifizial berriaren agerpenarekin. Irudia: Etxe Zuria

Eta hala ere, burbuilak puztu eta puztu jarraitu zuen, gimnasioko morroi hormonatuen giharrak hazten diren bezala. OpenAI-k ikusi zuen milaka milioi irabaz zitzakeela, eta bere modeloa kaxa beltz bat bailitzan itxi zuen negozioa egiteko. Nahiz eta erabiltzen dituen algoritmoak ezagunak diren eta entrenamendurako edukiak zuzenean Internetetik hartzen dituen, nahiz eta datu horiek guztiak prozesatzeko diru eta energia xahutze ikaragarria behar izan, AEBetako Gobernuak pentsatu zuen mundua menperatzeko teknologia berria jaio zela, eta monopolio hori mantentzeko Nvidia konpainiaren txip erdieroale modernoenak Txinara esportatzea debekatu zuen.

Orain, itxura guztien arabera, DeepSeekek popatik hartzera bidali ditu asmo horiek eta AEBen negozio eredua. Txinako konpainiaren R1 izeneko modeloaren errendimendua OpenAI, Anthropic, Google edo Metarenak bezain onak dira, baina entrenamendurako askoz datu konputazional gutxiago erabiltzen du, gordetzen duen informazio guztia martxan jarri beharrean, probabilitateen arabera egokiena iruditzen zaion erantzuna ematen baitu, “aditu talde” bati galdetuko balio bezala.

Itxura guztien arabera, DeepSeekek popatik hartzera bidali du AEBen negozio eredua, bere errendimendua OpenAI, Anthropic, Google eta Metarena bezain ona delako

30 dolarreko iPhone bat

Reuters albiste agentziaren arabera, DeepSeekek Nvidiaren 2.000 txip erabili ditu bere AA modelorako eta 5,5 milioi dolar gastatu ditu horretan. Entrenamendua geldotzeko diseinatuak dauden H800 belaunaldiko txipak dira, ChatGPTren o1 izeneko azken bertsioa entrenatzeko erabiltzen diren H100 txip garestiak baino zaharragoak eta askoz mantsoagoak; baina hala ere OpenAI-ren txipen %2 baino ez ditu behar izan konpainia txinatarrak, eta bere tresna %90 merkeagoa da.

”Funtsean, norbaitek iPhonearen mailakoa den beste mugikor bat merkaturatu izan balu bezala da, baina 30 dolar balio dituena, 1.000 dolar beharrean. Dramatikoa da”. Konparazio horrekin azaldu du modelo batetik besterako aldea, Txinako gaietan aditua den Arnaud Bertrand enpresari frantziarrak. Beste askok “Sputnik txinatarra” deitu diote gertatutakoari. 1957ko urriaren 4an Sobietar Batasunak Sputnik izeneko lehen satelitea orbitan jartzea lortu zuen, eta Gerra Hotzaren mamuarekin ikaratuta zeuzkaten milioika estatubatuarrek ikusi ahal izan zuten baloi metaliko bitxi hori beraien buru gainetik pasatzen 98 minuturo; ordura arte sobietarrekiko zuten abantaila teknologikoa galdu zutela sentitu zuten, orain Txinarekiko abantaila galdu duten bezala.

Liang Wenfeng DeepSeek-eko sortzaileetako bat. Txinako Gobernuak konpainien artean sustatzen duen lehiak ere eragin du Adimen Artifizialaren bilakaera herrialde hartan. Argazkia: DeepSeek / X

Gainera, eta hau ez da txikikeria bat, DeepSeek kode irekian zabaldu dute bere sustatzaileek. ARGIAn bertan Gorka Peñagarikano kazetariak Txinari inbidia: gerra komertzialak adimen artifiziala du izena artikuluan azaldu moduan “kode irekiaren praktikak kinkan ipini du merkatuaren eredua. Algoritmoen txipak garestiak direnez, orain arte Silicon Valleyko enpresa handiek soilik zuten gaitasuna inbertsio masiboak egin eta merkatuan eragiteko”. Alegia, orain edozeinek erabili ditzake algoritmoak eta horrek ateak ireki dizkie AA modelo berri eta merkeei.

“Honek erraldoi amerikarrei lagunduko die, ez 10 bider txikiagoa den zerbait egiteko, baizik eta modelo handiagoak eraikitzeko, baina lehengo energia bera edo gehiago erabilita”
(Andrew Lensen, AAn aditua)

Baina DeepSeek ez dator bakarrik. Sorturiko lurrikarak eragin du Alibaba txinatar erraldoiak aspaldi esku artean zeukan Quewn 2.5 AA aplikazioa arrapaladan plazaratu behar izatea. “Txinak Adimen Artifizialaren arloan aurrera egitea eragozteko AEBek Nvidiako erdieroaleen gainean jarritako kontrolek, oharkabean berrikuntza sustatu dute, Hangzhoun egoitza duen DeepSeek eta antzeko enpresak soluzio kreatiboak bilatzera bultzatu baititu”, irakurri dugu Moon of Alabaman.

Eta horrela, urtarrileko astelehen beltz horretan, ilunabarrean Washingtonen 500.000 milioi euroko inbertsioa iragartzen zutenek, egunsentian ikusi dute burtsan bilioi bat dolarreko galerak izan dituztela, Nvidiaren kasuan izan den bezala; Nasdaq estatubatuar indizean %17 galdu zuen egun bakarrean, 600.000 milioi dolar. Beste batzuei ere larrua ederki konpondu die AA modelo berriaren agerpenak: Googlen Alphabet, Microsoft, Meta... denak behera.

The Next Recession webguneko blogean idazten duen Michael Roberts ekonomialari marxista ezagunak –sarritan aipatu izan dugu orriotan– AI going DeepSeek (AA DeepSeeken bila doa) postean nabarmendu du Financial Times egunkariari Ray Dalio inbertitzaile super-aberatsak aitortu diona: burbuila lehertu daitekeen beldur izan dira enpresa horietan kotizatzen dutenak.

Argazki oina

Jevons paradoxa: gehiago eta gehiago

DeepSeekek paradigma aldaketa ugari ekarri ditzake, ez bakarrik AEBen eta Txinaren arteko harreman geopolitikoetan, baita “gerra kulturalari” dagokionez ere. Aplikazio txinatarrari galdetzen badiogu Tiananmengo sarraskiaz, erantzungo dizu ezin duela horri buruz ezer esan; eta ChatGPTri galdetuz gero AEBetako sekretu militarrez, gauza bera esango dizu. Guk beste froga bat egin dugu eta eskatu diegu definitzeko ARGIAren kazetaritza hiru hitzetan: ChatGPTk "egia, gardentasuna, arduratsua" hitzak aukeratu ditu; DeepSeekek, berriz, "libre, kritiko, independente" hitzak. Definizio lausoetatik harago, garbi dagoena da orain arte AAren arloan hegemonikoa zen Mendebaldeko begirada lehiatzera etorri dela DeepSeek.

AEBetan 2028an eskala handiko datu zentroek herrialdeko elektrizitate kontsumoaren %12 irentsiko dute, Japoniaren urteko kontsumoa adina

Baina beste gauza bat ere klarki ikus dezakegu: txipak, energia, ura eta diru gutxiago behar izanagatik, Adimen Artifizialaren hazkundea ez da gutxituko, alderantziz baizik. Microsofteko buru Satya Nadellak “Jevonsen paradoxa” aipatu du DeepSeekek eragindako lurrikaraz galdetzean. 

William Stanley Jevons ekonomialariak 1876an teorizatu zuenez, efizientzia gehiagok ez du esan nahi materiala aurreztuko duzunik, kontsumo-tasa handitu egiten delako. ARGIAn sarritan aipatu dugu fenomeno hori, Antonio Turiel eta Adrian Almazan fisikarien ahotik: “Hori gertatzen da, adibidez, autoen efizientziarekin, gasolina gutxiago kontsumitzen dutenean: merkeagoa denez autoak gehiago erabiliko dira,  eta denbora gehiagoz; horrek globalean kontsumo maila handiagoa izatea  ekar dezake azkenean”, azaldu zigun Almazanek 2.861 zenbakirako egindako elkarrizketan.

AAren garapenarekin halako zerbait aurreikus daiteke. AEBetako Lawrence Berkeley National Laboratory ikertegiaren arabera, 2028an eskala handiko datu zentroek herrialde hartako elektrizitate kontsumoaren %12 irentsiko dute, Japoniaren urteko kontsumoa adina. Horrela uler liteke zentral nuklear zaharrak berriz zabaltzeko Microsoftek, Googlek eta Amazonek erakutsitako irrika. 

DeepSeeken modelo efiziente eta merkeagoak zerbait aldatuko al du? Galdera horri erantzunez, Zeelanda Berriko Victoria Unibertsitateko irakasle eta Adimen Artifizialean aditua den Andrew Lensen hitzak zabaldu ditu AFP agentziak, Quebeceko Le Devoir, France24 eta antzeko hedabideetan: “Honek erraldoi amerikarrei lagunduko die, ez 10 bider txikiagoa den zerbait egiteko, baizik eta modelo handiagoak eraikitzeko, baina lehengo energia bera edo gehiago erabilita”.

Silicon Valleyko enpresak Texasen eraikitzen ari diren eskala handiko datu zentro erraldoia.

Super-inteligentziaren bila

Hortaz, zenbat okupatzen du ChatGPTren edo DeepSeeken erantzun batek? Olaia Inziarte eta Natxo de Feliperen azken kanta parafraseatzen, esan dezakegu ez duela toki bera, ezin duela eduki, Altman bezalako tekno-kapitalista baten eskuetan. OpenAI-ko mandatariaren ustez epe motzean trade-off-ak izatea –gauza batzuk sakrifikatzea bestaldetik gauza gehiago izateko– normala da... AGIra iristeko.

Garbi dagoena da Silicon Valleyko magnateek ez diotela datu zentroak hedatzeari eta txip gero eta aurreratuagoak ekoizteari utziko, soilik DeepSeekek beren egungo modeloak zapuztu dituelako

AGI? Ze arraio da hori? Galdera bera egin du Michael Robertsek bere blogeko artikuluan. Artificial General Intelligence (Adimen Artifizial Orokorra) ingelesezko terminoaren akronimoa da. “Garatzaileen Graal Santua da hori –dio Robertsek–. Esan nahi du AA modeloak super-inteligente bihurtuko direla giza inteligentziaren gainetik. Hori lortzean, Altmanek hitzeman du bere modeloa gai izango dela langile baten lana ez baizik enpresa oso baten lan guztiak egiteko”. Batzuek gizadiaren akabera ikusten dute AGIa bilatzeko karrera horretan, baina hori beste upel bateko sagardoa da, zorionez gizaki soziala uste baino konplexuagoa delako.

Robertsen ustez, garbi dagoena da Silicon Valleyko magnateek ez diotela datu zentroak hedatzeari eta txip gero eta aurreratuagoak ekoizteari utziko, soilik DeepSeekek beren egungo modeloak zapuztu dituelako. Adimen Artifizialarekin karrera bat dago martxan Txina eta AEBen artean, nork jarriko ote du hurrengo Sputnik-a orbitan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adimen artifiziala
Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Teknologia
Bilakaera kontzientea

Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.

Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]


2025-02-11 | Sustatu
Metak Libgen pirateatu badu, zuk zergatik ez?

AEBetako auzi judizialen batengatik jakin denez, Metak (Facebook-eko jabeak) Libgen sareko liburutegia masiboki pirateatu du BitTorrent protokoloak erabiliz. 81.7 terabyte gutxienez lortu zituzten horrela, beren adimen artifizialeko sistemak elikatzeko. Saiakera eta zientzia... [+]


2025-01-29 | Sustatu
Deepseek AA txinatar harrigarria (eta bikaina euskaraz)

Albiste bihurtu da Deepseek adimen artifizialeko sistema txinatarra azken egunetan. Zabaldu denez, eredua askoz merkeagoa da garapenean eta kontsumoan, baina Claude edo ChatGPT iritsi diren mailara jauzi bat egin du. Gainera, lizentzia libre eta doakoaz banatu dute... [+]


DeepSeek
Txinari inbidia: gerra komertzialak adimen artifiziala du izena

ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen... [+]


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


Adimen Artifiziala bultzatzeko historiako inbertsio handiena iragarri du Trumpek

Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2024-11-08 | Leire Ibar
Farmazia enpresen erdiak baino gehiagok adimen artifiziala erabiltzen du

Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.


Teknologia
AA sortzailearen erantzuna

Orain dela urte asko Dr. Abuse chatbota ezagutu nuen, aplikazio horrekin ohartu nintzen ere pertsonok zeinen azkar kateatu gaitezkeen holako makinetara. Animalia sozialak izanda, harremana berezkoa eta beharrezkoa dugu, eta 'harremana' izenak dioen bezala,... [+]


2024-11-01 | Sustatu | Sustatu
Wikipedia AA eduki okerretik (baina ez AA orotatik) askatzeko premia eta proiektua

WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]


Teknologia
Kakofoniak

Eremu ez profesionalari loturiko pertsona talde digitaletan, besteoi argudioak emateko adimen artifiziala baliatu duenik ikustea gertatu zait azken urte honetan. Partekaturikoa propioa bailitzan. Norberarena, baina ez jabetzaren zentzuari loturikoa, baizik eta norbere... [+]


2024-10-29 | Leire Ibar
Hamar urtean zabor elektronikoaren pilaketa mila aldiz biderkatu daiteke

Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.


2024-10-25 | Leire Ibar
28 emakume ezkutuan grabatzea egotzi diote Nafarroako irakasle bati

Nafarroako Foruzaingoak Bigarren Hezkuntzako irakasle baten inguruko ikerketa abiatu du. Institutuko komunetan eta hainbat dendatako aldageletan emakumeak ezkutuan grabatzea leporatu diote auzipetuari.


2024ko Euskarabildua
Teknologia artifiziala baino, pertsonak eta komunitateak lehen lerrora

Artifiziala ez den teknologia izango du goiburutzat Iametza komunikazio enpresak, ARGIA eta Ametzagainarekin elkarlanean, antolatu duen Euskarabildua jardunaldiaren 13. edizioa. Teknologiaren erabilera "etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa" aldarrikatuko dute,... [+]


Eguneraketa berriak daude