Gurera ekarri dugu Achille Mbenbe politologo kamerundarraren "nekropolitika" terminoa. Heriotzaren prismatik begiratzen die herritartasunari eta botereari, eta argi uzten digu pertsona multzo batzuen biziak gutxietsiak, balio gabekoak eta beraz, lasai asko desagertu daitezkeenak direla. Botereak –eta agintariek– bizitzetan nola eragiten duten ari da aztertzen. Hortik begiratu diogu Chido zikloiaren biharamunari. Ofizialki, "berrogei bat" hildako izanik ere, errealitatean "milaka edo dozenaka milaka" izan direlako. Nekropolitikak dakarren irakurketa-giltzei esker bakarrik ulertu daiteke alde hori: frantses herritartasuna dutenak kontatu dituzte, atzerritarrak ez. Dena den, aitzinetik ere ez zituzten kontsideratzen txaboletan bizirauten zebiltzan papergabeak. Hori da nekropolitika, Frantziako Estatuak daramana.
Bi hilabete pasa dira Chido zikloiak Mayotte irla zeharkatu zuenetik. 220 km/orduko haize-boladekin, azken 90 urteetan ikusi gabeko zikloirik bortitzena izan dute, guneka guzia eramanik bere zurrunbiloan. Ofizialki, "berrogei batek" dute bizia galdu, baina egiazki, "milaka edo dozenaka mila" dira. Nolaz egon daiteke horrelako aldea? Nekropolitikaren adibiderik ezin hobea dugu hor. Achille Mbenbe ikerlari eta politologo kamerundarrak 2003an zabalduriko terminoa da nekropolitikarena: heriotzaren prismatik begiratzen die herritartasunari eta botereari, azaltzeko pertsona multzo batzuen biziak –bere artikuluan, pertsona arrazializatuenak– gutxietsiak eta balio gabekoak direla, hots, hilda ere faltan botako ez genituzkeenak.
Chido-ren desmasian hildako papergabeak ez dituzte zenbatu ahal izan, frantses herritartasunaren pean erroldaturikoak bakarrik kontuan hartu dituzte. Mayotten bizi direnen herena da papergabea, 100.000 eta 200.000 artean. Mayotte irla Indiako Ozeanoan kokatua da, Madagaskar eta Mozanbike artean, eta Frantziako Metropolitik 8.000 kilometroetara izanikan ere Frantziako Estatuaren parte da. Iragan kolonialak eta neokolonialismoak ondorioztaturiko pobrezia dela eta, bizi baldintza hobeen esperoan, ez da harrigarria hurbil-hurbil duten "Frantzia" horretara joan nahia. Mayotteko Barne Produktu Gordina (BPG) Komoreak osatzen duten inguruko hiru irletakoa baino 13 aldiz handiagoa da, eta Madagaskarrekoa baino 25 aldiz handiagoa.
Hori bai, 1841ean kolonizaturiko lur puska hori Pariseko begiradatik bigarren mailakoa gelditzen da –nekropolitikaz hitz egin dezakegu hor ere–: BPG Frantziako Metropolian baino 3,5 aldiz apalagoa da eta %77 dira pobreziaren langaren pean bizi. Baina auzo-irlan daukatena baino hobea izanik, nahiago bertaratu. "Mayotteko komoretarrei dagokienez, niretzat zaila da 'migratzaile atzerritarrez' hitz egitea. Herri bakarra dago. Herritar horiek, Mayotten, Anjuanen edo Komore Handian sortuak izanikan ere, hizkuntza bera partekatzen dute, erlijio bera, ahaidetasunaren ikuskera bera dute, elkarren artean ezkontzen segitzen dute. Ezerk ez ditu bereizten, ez bada lurralde horretako batzuk frantses herritartasunaren pean batzen direla eta besteak ez", dio Sophie Blanchy etnologoak. Gaur egungo egoera ezin daiteke ulertu Frantziaren iragan kolonizatzailea kontuan hartzen ez bada. 1841ean Mayotte kolonizatu zuen, eta 1886an inguruko hiru irlak –Anjuan, Komore Handiak eta Moheli–. Lauak elkartu zituzten "Mayotte eta dependentziak "izena jarrita koloniari. Ordura arte, alta, irla bakoitza independente zen, bakoitzak zuen bere sultan propioa, eta modu baketsuan zein elkarri gerra eginda aitzina zihoazen. Mayotte hartuko zuten hiriburutzat, eta kolonoekin harremanean, lekuko burgesia bat garatuko zen bertan. 1960ko hamarkadan abiatuko zen Afrikako kolonien deskolonizazioa. Komoreetan, haatik, ez.
1974an antolatu zuen Parisek independentziari buruzko erreferenduma. Argiki hitz egin zuten emaitzek: komoretarren %95ak independentziaren alde egin zuen. Baina Mayotteko %63ak Frantziaren barne egotearen alde eginik, NBEren legediaren gainetik pasa eta Mayotte bere menpe atxiki zuen Parisek, beste hiruei independentzia itzulirik. NBEk dio kolonia ohien mugak errespetatu behar direla independentzia itzultzerakoan. Mayotte bereizteagatik, hogei bat aldiz kondenatua izan da Frantziako Gobernua. Bisa bati baldintzatu zituzten Mayotteko egonaldiak 1995ean: Geografikoki eta kulturalki hurbil diren komoretarren artean muga bat jarri eta gainera, Mayotteko senideei ala lagunei bisita egitera etorritakoa "klandestino" bihurtu zuten egun batetik bestera.
Chido zikloiaren biharamun honetan, berreraikuntzaz ez, immigrazioaren kudeaketaz du axola Parisek. Eskuin muturraren erretorika bereganaturik, "immigrazioak gaina harturik" duela berretsi egin du François Bayrou Lehen ministroak. Agiri bat zabaldu dute Barne ministro Bruno Retailleauk, Itsasoz haraindiko ministro Manuel Vallsek eta Armadaren ministro Sébastien Lecornuk: “Migrazioari buruzko fermutasunik gabe, harearen gainean berreraikiko genuke Mayotte”. Hildakoekiko eta doluan direnenekiko errespetu eta begirune eza jasangaitza deke komoretarrentzat.
Frantziako Estatuan sortzeak frantses herritartasuna dakar 18 urterekin. Sorlekuaren araberako herritartasuna bermatzen duelako Frantziako Konstituzioak. Bada, 2018ko irailaren 10eko legeak eskubidea mugatu zien Mayotten sorturikoei: herritartasuna dute, baldin eta bi gurasoetariko bat behintzat egoera erregularrean bada aitzineko hiru hilabeteetan. Are gogorrago bihurtu nahi dute lorpena orain: erditzearen aitzineko hamabi hilabeteetan bi gurasoak erregulartasunean izatea nahi dute.
Nekropolitikaren barne da legediaren aitzineko mailakatze hori ere. 2014az geroztik, bakarrik Mayottentzat balio dute egonaldi-baimenek –beste departamenduetarako sarrera debekatua zaie–. Nicolas Roinsard soziologoak argiki dio: "Barne-muga bat jartzen du estatuak –bizi daitezkeen– herritarren eta –hil beharreko– ez-herritarren artean".
Giroa okaztagarria da irlan: bakar batzuek, baina estatuaren konplizitatearekin, berenganaturik dutelako nekropolitika. Badabiltza Atzerritarren Bulegoaren sarrera okupatzen, erregularizazio eskaerak blokeatzeko gisan. Pentsa, iaz bizpahiru hilabetez irekita atxiki ahal izan zituzten bulegoak. Etorkinak laguntzen dabilen Cimade elkartearen egunerokoa ere dute zapuzten.
Erregularizazio prozesua etenik, zenbat mila dira "klandestino" bihurtu? Eta horietarik zenbat eraman zituen Chido-k? Biharamunean jakin da, zikloiaren abisuaren berri ukanda ere, txaboletan gelditu zirela, kanporaketaz beldur, babesguneetarako deia zepo bat zela pentsaturik. Nekropolitikak gobernatzen du Mayotte.
Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]
"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.