Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako prozesuari esker, panoramari buelta ematea lortzen ari dira: ikasturte honetan matrikulatu diren haur berriak auzokoak dira, kasik erdiak euskara du etxeko hizkuntza eta gainerako umeak jatorri atzerritarreko familiatakoak dira. Sekretua kontatzeko eskatu diegu.
Hirigunetik gertu dagoen auzoa da Judimendi, eta auzoaren erdian kokatzen da eskola. Duela gutxi berritu eta berdetutako patioa erakutsi digute lehenik, eskola aurrean dagoen parke ederra aprobetxatzen dutela ere kontatu digute, ikasleak kanpora ateratzen direla txandaka. 30 bat ikasle dituzte Haur Hezkuntzan, eta 119 Lehen Hezkuntzan. Ikasgelaz ikasgela eraman gaituzte, batzuk eta besteak agurtzera, denek ezagutzen dutelako elkar, eta segituan arnastu dugu bai gurasoek bai irakasleek errepikatu digutena: eskola txikia da, etxekoa eta familiarra, elkarbizitza eta giro atsegina errazten dituena. Aurreiritzi orokortua da hain aniztasun handiko eskolak gatazkatsuak direla, baina uste horretatik oso urrun dago Judimendiko errealitatea, eta gatazkak suertatzen direnean, esku-hartzea arintzen du txiki izateak, guztiek elkar ongi ezagutzeak –baita bakoitzaren egoera eta ekar lezakeen motxila ere– eta ikasle, irakasle eta familien arteko lotura afektiboek. Esanguratsua da: gero eta irakasle gehiagok eskatzen du Judimendin lan egin ahal izatea.
Lehen aldiz, guraso euskaldunak dituzten umeak doaz Judimendi eskolara. Ikasturte honetan, 2 urteko gela D ereduan zabaldu dute eta urtez urte mailaz maila ordezkatuko du D ereduak A eredua, ikastetxe guztia D ereduko bilakatu arte –alegia, ikasturte honetan 2 urteko gelan daudenak Lehen Hezkuntzako azken mailara iristen direnean, eskola guztia izango da D ereduko–. 2 urteko gela horretan 18 ume daude, horietatik zortzi ikaslek euskara dute etxeko hizkuntza, beste hamarrak jatorri atzerritarreko familien seme-alabak dira. Guraso euskalduna da Mario Caminos, eta haren 2 urteko semea Judimendin hasi da aurten. Orain arte A ereduko ikastetxe izandakoan izena emateko beldur eta kezkarik al zuten galdetu diogu: “Semea eskolara pozik ez etortzea, lagunik ez egitea, hori izan da gure kezka. Gainerakoan, logikoa iruditu zaigu umea auzoko eskolara ekartzea, eta auzoko errealitatea islatzen du ikastetxeak, semeak auzoan ikusten duena ikusiko du eskolan ere, ez du zentzurik urrutiko eskola batera bidaltzeak, gero kalean ikusiko duenarekin zerikusirik ez duena. Gainera, polita iruditzen zitzaigun eskolara oinez edo bizikletan etorri ahal izatea, eta eskola-orduen ostean bokadilloa jaten eta jolasten patioan bertan edo inguruan denboratxo bat jarraitu ahal izatea”.
"Eskola batzuetan hizkuntza eredua aldatu dute eta gainerako guztia berdin gelditu da. Guk iparra garbi genuen: auzoko eskola izateko, auzoko familiak erakarri behar genituen, lo zegoen eskola esnarazi"
Orain arte, Judimendiko guraso euskaldunek beste auzo batzuetako ikastetxeetara bidali dituzte seme-alabak, euskarazko murgiltze ereduaren bila, eta alderantziz, beste auzo batzuetako familiak gerturatu izan dira Judimendira, A ereduaren bila. Hori aldatzen ari da, tartean guraso euskaldun talde batek apustu egin duelako ikastetxearen alde. Militantzia? “Bikotekideak eta biok behintzat ez dugu inor konbentzitzeko egin, gure semearentzat onena izango dela sinetsita baizik, eta horregatik nahi dugu, besteak beste, guraso elkartea indarberritu”, kontatu du Caminok. Urratsa eman aurretik, guraso batzuek kezkak azaleratu zituztela aipatu du, adibidez matrikula biziari lotuta –ikasturtean zehar joan eta etortzen diren ikasleak– eta, batez ere, hizkuntzari eta hizkuntzaren kudeaketari lotuta. Eskolako profesionalek hizkuntza proiektu berria argitu zieten –aurrerago azalduko dugu–, eta gainera, gauza bitxia gertatu dela kontatu digu Caminok: 2 urteko ikasgelan, batzuek etxeko hizkuntza euskara dutenez eta beste batzuek ez euskara ez gaztelania (baizik urdua, arabiarra, georgiarra…), haurrek euskara dute topagune, eta elkarren arteko harremanean ez dute gaztelania makulutzat, ez delako ez batzuen ez besteen etxeko hizkuntza.
Euskaldunak ez diren auzoko familien kasuan, zein izan dira beldurrak, D ereduko ikastetxean seme-alabak matrikulatzeko? Kezka errepikatuena izan ohi da seme-alabei ezingo dietela lagundu eskolako lanekin, ez dakitelako euskaraz, “askori hala gertatu zitzaion pandemia garaian hainbat ikastetxetan”, adierazi digu Karina Villalobos Judimendiko guraso elkarteko presidenteak. Dena den, azalduz gero, erraz asko ulertzen dute beren seme-alaben onerako dela, eta aurten 2 urteko gelan haurra matrikulatu duten guraso erdaldunek kontzienteki egin dute, “nire seme-alabak euskara ikasiko du” ulertuta. Arazoa beste bat da, Venezuelatik Gasteizera duela bost urte iritsi zen Karina Villalobosek dioenez: “Atzerritik gatozenean, ez digute azaltzen zein garrantzitsua den euskara, beraz ez dugu hala barneratzen, eta horregatik errazena iruditzen zaigu A ereduan sartzea haurrak; gerora ohartzen gara. Adibidez, alabak Judimendin matrikulatu eta handik urte pare batera guraso elkartean sartu nintzelarik, nahikoa shock izan zen konturatzea alabek zuten euskara maila ez zela espero zitekeena. Urteotan ikusi dut guraso askok egiten duela seme-alaba nagusia A ereduan utzi eta txikiena zuzenean D ereduan matrikulatu”.
2 urteko ikasgelan, batzuek etxeko hizkuntza euskara dutenez eta beste batzuek ez euskara ez gaztelania, haurrek euskara dute topagune, eta elkarren arteko harremanean ez dute gaztelania makulutzat
Gurasoak, elkarren akuilu
Guraso gisa, eraldatzea helburu duen eskolaren aldeko apustua bakarrik edo taldean egitea ez da gauza bera, taldeak babesa, segurtasuna eta indarra ematen dizu. Horregatik, Errotzen programa gakoa izan da prozesu honetan. Iaz martxan jarri zuten Errotzen, eta aurten ere errepikatu dute, arrakasta ikusita: auzoko 0-2 urteko umeentzako eta haien familientzako gimnasioa eskaintzen du arratsaldean Judimendi eskolak. Joan den urtean, bertan elkartzen ziren familiek eman zuten gero pausoa 2 urteko gelan izena emateko, hor saretutako harremanetatik osatu zen gela, eta familiak elkartzeko, harremanak egiteko, zalantzak eta asmoak partekatzeko espazio bilakatu zen. “Jauzia batera emateak animatu gintuen; azken finean, zergatik sakabanatuko gara beste auzo eta ikastetxe batzuetara, eskola bertan izanik?”, kontatu du Caminok. Semea eskolan pozik dagoela ikusten dute, eta asko baloratzen dute “atezainetik hasi eta zuzendariraino, denek nire semearen izena jakitea, baita urteak bete berri dituela ere! Lerro mordoa dituzten ikastetxeetan ezinezkoa da hori”.
Nolakoa izan da prozesua?
Duela hiruzpalau urteko zuzendaritza aldaketak ekarri ditu egungo haize berriak. “Ez genuen soilik hizkia aldatu nahi, A-tik D-ra aldatu eta kito, zeren eskola batzuetan hizkuntza eredua aldatu dute eta gainerako guztia berdin gelditu da, baita ikasleen profila ere, ez da aldaketa erreala izan, eta guk iparra oso garbi genuen: auzoko eskola izateko, auzoko familiak erakarri behar genituen, eta lo zegoen eskola esnarazi behar genuen”. Halaxe kontatu digute gurekin bildu diren Judimendiko profesionalek: Amaia Zudaire zuzendaria, Rakel Pangua ikasketa burua, eta Olarizu Lopez de Briñas eta Aitor Idigoras irakasleak.
Obra handiak egin dira ikastetxean, patioa adibidez berritu eta berdetu egin dute, metodologikoki material asko aldatu dute, diziplinarteko proiektuka ari dira, Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoan, etapa batetik besterako zubiak eraikitzen… eta auzora zabalik, nola bestela, Judimendiko elkarte, batzorde eta ekintzetan hartzen dute parte.
Duela urteak antzeko prozesua eta apustua egin zuen Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo ikastetxe publikora jo zuten, laguntza eta aholku bila. “Animo pila bat transmititu ziguten, eta eurei esker jabetu ginen urrats ugari jada emanak genituela: auzoko elkarteekin harremana bagenuela, eskolako espazioak birmoldatuak genituela, eskola txikia ginela eta hori balio handia dela… Eta garbi utzi ziguten: zaindu asko bertaratzen direnak, eskola irekia izan dadin; zaindu harrera, zaindu elkarbizitza”.
Auzoko 0-2 urteko umeentzako eta haien familientzako gimnasioa eskaintzen du arratsaldean Judimendi eskolak. Iaz, hor saretutako harremanetatik osatu zen gela. "Jauzia batera emateak animatu gintuen"
Lehen aipatu dugun Errotzen programa ere Ramon Bajok duen programaren erreplika da. “Gure auzoan ditugu familia euskaldunak, arabiarrak, andaluziarrak… eta aniztasun horren isla izan nahi du eskolak. Gero elkarbizitza hori auzora zabaltzen da, edo auzotik eskolara, eta elkarrekin egiten dute bidea umeek. Hezkuntzaren eta ikaslearen arrakastaren gako asko saretze eta harreman horietan bilatu behar ditugu. Zein inportantea sare horiek elikatzea”, azpimarratu digute irakasleek.
Nola inplantatu D eredua halako prozesuetan? Nola landu D eredua, euskararekin batere harremanik izan ez duten ikasleekin? Nola kudeatu hizkuntzaren gaia, bi eredu dituen eskolan? Formazioa jaso dute Ramon Bajoko guraso izan zen Amelia Barquínen eskutik eta laguntza izan dute Berritzeguneko Ulibarri programakoen aldetik, besteak beste. Seme-alaba D ereduko 2 urteko gelan matrikulatu duen hainbat gurasok ere jakin nahi zuen, nola kudeatuko zituzten espazioak eta hizkuntzak eskolan, gelaz kanpo. “Garbi utzi genien murgiltze ereduan sartu den talde berria ez dela burbuila batean egongo, eskola baten barruan daude, beste ikasle asko daude, eta ikasi behar dugu elkarbizitza hori bideratzen, denon artean. Adostu dugun hizkuntza proiektuak asko lagundu digu bide horretan”. Esaterako, A ereduko eskola izan arren, euskarak presentzia du Judimendi ikastetxean, bai espazio partekatuetan, bai elkarbanatzen dituzten festa eta ekintzetan… eta pixkanaka kontzienteki areagotzen ari dira presentzia hori A ereduko ikasleekin, batik bat ahozkotasunari eta ulermenari lotuta. Ikasle-irakasleen eguneroko hartu-emanean, adibidez komunera joan nahi duela eskatzeko, korridoreko solasaldietan, patioan… euskara lehenesten dute. Erabaki dute, gainera, A eredukoek ikasgai batzuk euskaraz egitea (Gorputz Heziketa, Plastika, Euskara ikasgaia ere badute…) eta zentroko material eta dokumentazio guztia euskaraz biltzen ari dira, apurka dena aldatzen. “Hasieran denoi egin zaigu bitxia, orain arte elkarren artean gaztelaniaz aritzetik euskarara aldatzea, baina ohitzen ari gara, eta A ereduko ikasleengan eragina nabaria izaten ari da, euskaraz hitz solteak eta espresioak erabiltzen hasiak dira, orain arte pentsaezina zena, besteak beste guri geuri ere euskaraz entzuten digutelako orain, 2 urteko umeekin harremana euskaraz dutelako…”.
Euskararekiko jarrerari lotuta, galdetegia pasa diete berriki ikasleei. “Gustatuko litzaizuke irakasleak zuri euskaraz galdetzea?” itaunari ezezkoa erantzun zion gehiengoak –ez baitakite euskaraz–, baina hara non, “gustatuko litzaizuke euskara gehiago jakitea?” galderari gehiengoak baietz erantzun dion: A ereduko Judimendiko haur eta gazteen %80ak euskara gehiago jakin nahi du. “Erronka izango da proiektuak gorputza hartu ahala eta eskolako gero eta maila gehiago D ereduan izan ahala, elkarbizitza hori hizkuntza ikuspegitik kudeatzea”, aipatu dute irakasleek.
D ereduko gelan zentratuta, lehen esan dugu ikasleen profilak egoera berezia utzi duela: elkartzen dituen hizkuntza euskara da eta euskarara jotzen dute elkarren artean aritzeko, espainola bazter utzita.
Eskola “des-segregatzen”
Eskola segregatu eta estigmatizatuari buelta ematen hasiak dira Judimendin, eta pozik daude. “Eskolaren auzotzea halako des-segregazio bat ekartzen ari da, eta gure ustez, hori da bidea: auzoan auzokoa. Gasteizen ez dago auzo segregaturik; badira auzo aberatsagoak eta pobretuagoak, desoreka hori badago, ageri denez, baina nahiko lukete Gasteizko auzo pobretuago horietako ikastetxeek izan auzoaren isla! Esaterako, Zaramagako eskolak guztiz segregatuta daude, baina Zaramagako errealitatea ez da hain latza; berdin erdialdeko eskoletan”.
Dena den, garbi utzi nahi dute: Eusko Jaurlaritzaren ardura da segregazioari aurre egitea, “eta ez dira egiten ari”. Hain justu, Hezkuntza Sailarekin hartu-emanean harrapatu ditugu, bisita egin diegun egunean, urtarrilean. Ikasturtea behin abiatuta, ikasleen joan-etorri handia izan dute, oraindik A ereduko diren geletan. “Gehieneko muga batzuk daude, baina Hezkuntzak ez ditu errespetatzen eta ikasleak etorri bai, baina baliabide pertsonal eta materialik ez dugu jasotzen, eta iritsi berriek ere sarri beren motxila dakarte, akademikoa, emozionala, hizkuntzari lotua…”. Irakasleek salatu dute ez dutela Hezkuntza Sailaren laguntzarik, ez plazak perfilatzeko, ez Haur Hezkuntzan plaza batzuk finkatzeko, ez ikasturtean zehar iritsitako ikasleei erantzuteko… “Elkartu gara irakasle oso konprometituak, ilusioz eta gogoz ari garenak, eta horri esker atera dugu prozesu hau aurrera, baina halako prozesuek ezin dute geratu edo ez lukete geratu behar eskola bateko profesionalen borondatearen menpe”.
"Eskolaren auzotzea halako des-segregazio bat ekartzen ari da, eta gure ustez, hori da bidea: auzoan auzokoa. Auzo pobretuetan ere, latzagoa da hainbat ikastetxeren egoera, ez dira auzoaren isla"
Auzo bizia
Gasteiz barruan, nortasun handiko auzoa da Judimendi, aktiboa eta borrokalaria, elkarte eta mugimendu asko dituena. Luxua da eskolarentzat halako auzoa izatea. “Bai, eta auzoarentzat ere luxua da gurea bezalako eskola bertan izatea, txikia, hurbila, erdigunean, hain ongi lotua auzoaren espirituari”, erantzun digute solaskideek. Urte askoan auzoa eta eskola elkarri bizkarra emanda egon dira, eta egoera horri buelta ematen ari dira. “Auzoko eragile guztiak oso pozik jarri ziren, prozesua iragarri genuenean. Babes handia sentitzen dugu eta gu ere beti prest gaude eskatzen diguten ekintza eta enbaxadetan parte hartzeko”.
Anekdota bat kontatu digute: eskolaren ate irekiak egin zituztenean, gizon nagusi bat etorri zen, eta azaldu zien ez zela inor matrikulatzeko asmoz joan, baina auzokoa dela eta eskolaren berri izan nahi zuela, orain arte ikusezina izan zelako beretzat. “Interesa badago, auzoko jendea eskolarekin konektatzeko, eta ekintza eta proiektu ugari egin daitezke horren bueltan”.
Mario Caminosek eta Karina Villalobosek argi dute zer eskatzen dioten eskolari: seme-alabak pozik joan daitezela eta txiki eta familiar izatearen abantaila guztiak disfrutatu ditzatela: “Gutxi izango dira lerro bakarreko ikastetxeak hemen Gasteizen, gozatu dezatela!”. Gainera, irakasleek ziurtatu dute txikitasun hori defendatzen segituko dutela, ez dutela lerro gehiago irekitzeko edota makro-zentro bihurtzeko inongo asmorik. Eta azken ohar bat ere egin digu Aitor Idigoras irakasleak, hurbiltasunari eta elkarbizitzari garrantzia ematea oso ongi baitago, “baina aldarrikatu behar dugu akademikoki ere lan ona egiten dugula Judimendin eta ondo prestatzen ditugula ikasleak, zeren A ereduko ikaslerik zaurgarrienen artean ohiko dira espektatiba bajuak, eta barneratu behar dute etorkizunean karrera bat edo dena-delakoa egin dezaketela, hala nahi izanez gero".
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]
Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]
Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]
Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]
Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.
Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]
Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]
"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]
Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.