Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio dezatela sari hauek proiektu eta lan hauei ikusgarritasuna emateko, egin duten eta egiten duten lana ez baita makala. Balio dezatela sari hauek proiektu eta lan hauei merezi duten aitortza egiteko.
Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, banatu dira Argia Sariak. Antton Mendizabal eskultore donostiarrak 35 urtez garaikurrak ondu eta gero, aurten egin ditu azkenak.
Arrazoiak asko, 2025eko Argia Sariak merezi izateko: kultura komertzialetik harago eta gurera ekarrita, euskal kulturari ertzak atera eta hausnarketara eramateagatik; kultur arloan Euskal Herrian dugun dibertsitatea eta emankortasuna telebista publikora ekartzeagatik; 1936ko gerran eta gerra ostean errepresaliatutakoei eta beren ahaideei duintasuna eta egia ekartzeagatik; eskuin muturraren gorakadaren aurrean ezkerreko kazetaritza eginez informatzeagatik; euskara haur nafar guztien etxeetara sartzeagatik; eta gure haur eta nerabeei burua altxatzen laguntzeagatik.
Ikus-entzunezkoa: EITB kultura
Euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik eta Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik jaso du aurtengo Argia Saria ia hogei urteko ibilbidea duen EITB Kultura programak. Hasiera batean, zortzi langile autonomok sortutako saioak ziren, EITBk kontratatuta; telebista bera aritu zen hiruzpalau urtez produkzio lanetan gero, eta bederatzigarren denboraldiari ekin dio orain Berde produkzioak ekoiztetxeak. “1.000tik gora sortzaileri egin diogu elkarrizketa azkeneko hamarkada honetan”, adierazi du Leire Ikaran saioaren erredaktoreetako batek. Urte hauetan euskal sortzaileen panorama aldatu ote den galdetuta, zera erantzun du: “Euskal kultur sortzaileen artean badira mitikoak, asko jarraitzen ditugunak, baina aldi berean, irudipena dugu azken urteetan proiektu, areto eta konpainia txiki eta usu autogestionatuak ugaritu direla, edo gu behintzat, gehiago heltzen garela beraiengana”.
“Euskaraz artea eta kultura sortzen duen unibertso txiki bat badago, nahiz eta lehen bezala orain ere prekarioa izan eta zailtasunak eduki beren jarduna aurrera ateratzeko”, azaldu du. Narratiboki eta irudi aldetik “zerbait kreatiboa eta zaindua” egiten ahalegintzen dira eta kultur munduan dabilenak edo maite duenak gustuz jasotzen du emaitza. “Foko handietatik kanpo geratzen direnei eman nahi izaten diegu lekua, euskara eta lurraldetasuna zainduz”, azpimarratu du.
Prentsa: Irutxuloko Hitza
Eskuin muturraren gorakada ez da, dagoeneko, anekdotikoa, eta hango eta hemengo hedabide kontserbadoreen eskutik diskurtso horiek gure gizartean normalizatzen ari dira, tantaka-tantaka segurtasun ezarekin edo delinkuentzia txikiarekin lotuta egunero jasotzen ditugun albisteen laguntzarekin. Baina nola egin aurre jarrera horiei, arrazakeriari, kazetaritzatik?
“Giza eskubideen aurkako jarrerak ez dira zilegi eta egia kontatzea da gure lana. Gure ardura da sarri hedabide handi batzuetan kontatu gabe geratzen den beste Donostia horren berri ematea, Donostia feminista, antirrazista... hori”, azaldu digu Beñat Parra Irutxuloko Hitza-ko zuzendariak.
“Kaleko Afari Solidarioak eta kale egoeran dauden gazte migratzaileak besterik gabe delinkuentziarekin lotzea ez dut uste zuzena denik eta horrek ondorioak ditu. Kazetaritzak erantzukizun handia du gizartean eta gu ahalegintzen gara arazoari ikuspegi globalagoa ematen, beti ere tokikotik; eta konponbide integralak planteatzen dituztenei, auzo elkarteei, eta abar, ahotsa ematen”, gehitu du.
Hogei urte betetzen ditu aurten Irutxuloko Hitza-k eta saria “ilusio handiarekin” jaso dutela aitortu digu Parrak. “Ez dugu lan egiten sari bat jasotzeko, noski, baina izugarrizko aitortza da”.
Entzunezkoa: BaDA!bil Podcasta
Abiadura bizian doan gizarte honetan makinak gelditzeko proposamena luzatu digu Hiru Damatxok ekoitzitako podcast honek. Gerediaga elkartearen eta EITBren hitzarmena du oinarrian bigarren denboraldia ondu duen saioak, Durangoko Azokaren babesean. Euskal kultura ez dago salbuetsita merkatuaren logika eta abiaduratik eta BaDA!bil saio bakoitzak balazta zapaldu eta hausnarketara, hizketara, entzutera garamatza. Euskal kulturgintzako eragile eta sortzaileak bildu ditu mahaiaren bueltan Amets Arangurenek, eta bidaiatu dugu kultur transmisioaren, adimen artifizialak dakartzan egoeren, prekaritatearen eta abarren inguruko eztabaidetan barrena.
“Azokak bere baitan biltzen ditu salmenta eta mainstream-a, baina kultura hortik harago doan zerbait bezala ulertzen dugu eta Amets Arangurenek trebezia eta inplikazio handiz bideratu ditu gaiak promozio logiketatik aterata”, azaldu digu Lander Arretxea Hiru Damatxoko kideak.
2023ko Durangoko Azokaren atarian egin zituzten lehen mahai-inguruak eta orduko hartan sortzaile gazteei eman nahi izan zitzaien hitza. “Bigarren denboraldi honetan belaunaldi bat baino gehiago bildu eta nahastu nahi izan ditugu elkarrekin euskal kulturaren panoramaz azalean geratu gabe eta patxadaz hitz egin ahal izateko”, azaldu du Arretxeak.
Kulturzaleon gozamenerako pilulok dastatzeko sartu lotura honetan.
Internet: Oroibidea
Frankismoak 36ko gerrako galtzaileak zigortu, desagerrarazi edo, besterik gabe, ahaztu egin nahi izan zituen. Baina ez zuen lortu. Nafarroan aitzindari izan dira oroimen historikoa berreskuratzeko lanetan: fusilatutakoak lurpetik ateratzen lehenak izan ziren senideak, herriz herri bildu ziren kolektiboki biktimen datuak... Orain pauso garrantzitsua eman dute Oroibidea webgunea osatuta. Dokumentuak, izenak, mapak, ahozko testigantzak, argazkiak eta beste hainbat material aurki daiteke klik bakarrean. Informazioa herritar ororen eskura modu errazean jartzea lortu dute.
“Modu sinplea topatu behar genuen, denentzat funtzionala izan zedin; errepresaliatuen inguruko informazioa bilatzea ez baita askotan erraza. Baina lortu dugu eta 23.000 pertsona ingururen datu-basea sortu dugu, gelditu gabe handitzen eta osatzen ari dena”, azaldu digu Cesar Layana Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio saileko buruak. Nafarroako ikastetxe batzuetan oroimen historikoaren inguruko eskola-proiektuetan hasiak dira www.oroibidea.es tresna modura erabiltzen eta tokiko proiektuetarako ere “baliagarria” izan litekeela iritzi dio Layanak.
“Gure helburua da memoriaren ondarea babestu eta zabaltzea, baita erreparazioa ere. Bide horretan, frankismoaren biktima asko justiziarik eta egiarik gabe geratu dira eta guk, behintzat, ordain publiko bat izan dezaten lan egiten dugu”, gehitu du.
Kanpaina: Altxa burua
Ikusi dut nire begiekin laguna mugikorrarekin hizketan, Google-ri galdezka, zenbat urte dituen aktore batek; alboko lagun-taldea sumatu dut Adimen Artifizialarekin jolasean, gaur falta den kideari abesti bat sortzen; haur eta nerabeak eskolako musikako lanak ordenagailuetan egiten, ia musikarik ere entzun gabe; nik ere proba egin dut ChatGPTk nola sortzen duen artikulu bat. Eta teknologiaren zurrunbiloan, ahots kritikoak hasi dira altxatzen, kasu honetan bereziki haur eta nerabeengan dituen ondorio kaltegarriengatik.
“Seme-alabei mugikorra emateko adina atzeratzeko guraso batzuen arteko ahozko hitzarmenetan du jatorria Altxa Burua mugimenduak, Zarautz, Usurbil, Zumaia, Tolosa... izan ziren aitzindariak. 2019az ari naiz, eta gaur egun 80 talde inguru izango gara Gipuzkoan”, hasi da Patxi Montero, Altxa Burua mugimenduko kidea. “2023ko azaroan saretu egin ginen eta ordutik trebatzen, formatzen eta sentsibilizatzen ari gara hainbat kanpaina eta proiekturen bitartez”, jarraitu du.
Zaila da egoera, bitartean ikastetxeak eta etxeak pantailez betetzen jarraitzen baitugu. Zer egin? “Hasteko, helduok izan behar dugu eredu eta pantailen geure erabilera haur eta nerabeei eskatzen diegun neurrietara ekarri behar dugu; eta bigarrenik, gai honekin kezkatuta dabilenari esango nioke konpartitzeko kezka, hortik hasi baikara besteok ere, behetik gora, kezka kolektibizatuz ohartuko baita ez dela berea bakarrik kezka hori eta badela jendea eskoletako digitalizazioa birpentsatu nahi duena, deskonexio digitalaren garrantziaz jabetzen dena, sare sozialek eta beste aplikazio ugarik sortzen duten menpekotasunarekin arduratuta dagoena...”.
Merezimenduzkoa: Ene kantak
Duela hamabost urte modu xumean hasi zena fenomeno bilakatu da eta Nafarroako haurren etxeetara euskara heltzeko egindako lan honek dagoeneko, lurralde mugak aspaldi gaindituta, 100 milioitik gora ikustaldi ditu Youtube plataforman. “Orain dela hamabost urte haurrentzat euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza urria zen eta Nafarroan, konkretuki, bazegoen euskara mehatxu modura jasotzeko jarrera nahiko orokortua ere. Hori irauli nahian hasi ginen”, kontatu digu Nerea Urbizu taldekideak. “Gaur egun, nahiz eta egoera ez izan amestutakoa, errealitatea pixka bat aldatu da eta hor dago gure aletxoa ere”, esan du.
Kirolariak edo musikaz besteko arloetan ezagunak direnak jarri dituzte kantuan, baita euskaldunak ez diren abeslariak ere; eta hortik hasita, Txantreako erraldoietaraino. “Sari honek hemendik aurrera sortuko diren proiektuetarako indarra ematen digu eta ilusioz jaso dugu. Sareek indar handia hartu dute azken urte gutxitan eta arriskua handia da euskara bezalako hizkuntza txikientzat, hizkuntza handietan sortzen den eduki mordoa gure haurrek klik batera baitaukate eta lan handia egin beharko baitugu euskarari garrantzia emango dion komunitate bat eratzeko”.
Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]
Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]
EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]
Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]
Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]
Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]
Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]
Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik, Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.
Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]
Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:
"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]
Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]
Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]