Elkar babestuz borrokatzen duten emakume ekintzaileak

  • Mexikoko bi emakume hauen bizitzak indarkeriak eta desplazamenduak zeharkatzen ditu. Haien familiako edo komunitateko kideak hiltzen ikusi dituzte, eta krimen antolatuak zabaltzen duen terrorea azalean sentitu dute; mehatxuak, jazarpena... ohiko dituzte. Baina horrek guztiak borrokan jarraitzeko arrazoi gehiago besterik ez dizkie eman, ez baitute euren bizia ulertzen lurraren eta herri indigenen eskubideen aldeko aktibismoan segi gabe. Halabeharrez, bidean euren buruak babesten ikasi dute, eta sarean, komunitatean eta elkartasunean indarrez betetzen.

Ezkerrean Isela González ASMACeko zuzendaria eta eskuinean Amada Chavez, Coloradas de la Virgen komunitateko lurren defendatzailea. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria.

ARGIAk Guatemalara egindako bidaian ezagutu ditugu Isela González Díaz eta Amada Chavez Armendáriz. Mugarik Gabe GKEak gonbidatu gaitu hara kazetariok eta bi mexikarrak. Mexikoko borrokak eta ikusmoldeak Guatemalako ekintzaileekin konpartitutakoan, berretsi dute Erdialdeko Amerikako bi herrialde horietako jatorrizko herriek zapaltzaile amankomunak dituztela: kolonizazioa, oligarken eta multinazionalen estraktibismoa, kapitalismoa... Gonzálezek eta Chavezek bizi osoa daramate horren aurrean lurraldea defendatzen, jaio ziren Tarahumara mendilerroan lurrarekin bat bizitzen jarraitzeko erresistentzian.

Tarahumara Chihuahua estatuaren hego-mendebaldean dagoen inguru malkartsua da, eta azaleraz ia Euskal Herria halako lau den arren, 335.100 biztanle inguru ditu, kasik Arabak bezainbeste. Amnesty International eragileak Tarahumara mendilerroari buruz eginiko “Entre balas y olvido” (Balen eta ahanzturaren artean) txostenean jasotzen du indarkeria zenbateraino den muturrekoa. Kontuan izan behar da Chihuahuak muga egiten duela AEBekin, eta ondorioz, interes ugariko eremua dela. Estatu horretako Fiskaltza nagusiak Amnesty Internationali onartu dionez, Tarahumaran indarkeria izugarria eta kontrolik gabea dago, batik bat krimen antolatuko taldeengatik. Talde armatu horiek legez kanpoko droga trafikoari lotuta daude (marihuana eta opio-belarra, nagusiki), eta gehitu behar zaizkio udalerrietako langileen ustelkeria nahiz estatuaren esku hartzerik eza.

“Tarahumara mendilerroan lurraldearen eta ingurumenaren defendatzaile izatea da bizia horri ematea”, ziurtatzen du Isela Gonzálezek. 70 urte ditu, eta ikasketaz erizaina eta antropologoa bada ere, bi hamarkada daramatza Alianza Sierra Madre (ASMAC) elkartean lanean, jatorrizko herrien eskubideen alde. Pentsioduna da, baina ez du lanetik erretiratzeko asmorik, “hankek edo buruak huts egiten ez didaten bitartean”.

Argazkia: ASMAC.

Amada Chavezekin horrela egin zuen topo 2007an, ASMAC elkartean zebilela, eta elkarrekin jarraitzen dute borrokan, elkarrekin dihardute kazikeek eta krimen antolatuko sikarioek eragin dieten sufrimendua erreparatzen. 53 urte dituen Chavez indigena da, Coloradas de la Virgen komunitatekoa –800 bat raramuri indigena bizi dira bertan–, eta euren basoa helburu ekonomikoetarako botatzen ari diren jauntxoei aurre egiteagatik birritan desplazatu behar izan du.

González ez bezala, Chavez ez zen eskolatua izan, eta oraindik gogoan du haurra zela nola entzuten zituen helduak “errepide eta kamioi” batzuei buruz hizketan. Ez zuen halakorik ezagutzen, Coloradas komunitatean basoa, mendia eta lakuak besterik ez baitzituzten, bizitzeko behar zuten bezainbeste. Nekazaritza eta abeltzaintza txikitik bizi dira, eta sendabelarrak biltzen dituzte euren beharrak asetzeko.

Errepideak ez zuen ezer onik ekarri, eta Chavezek oroitzen duenez, 13 urte zituela ikusi zuen nola moztutako zuhaitzak zerratokira eramaten zituzten kamioietan: “Errepidearekin furgonetak eta kamioiak iritsi ziren, baita poliziak eta pertsona armatuak ere. Nik ez nituen ezagutzen, ez nekien ezer ordura arte. Baina haiek iristen hasi zirenean herritarrek beldur handia izan genuen. Errepidea eta zerratokia egin zutenek komunitateko jendea mehatxatzen zuten”. Diruaren bidez herritarrak banatu zituztela dio: ejidatarioen eta komunitatekoen artean.

Coloradas de la Virgeneko bilkura bat. / Argazkia: ASMAC.
Ejidoak: indigenei lurrak kentzeko mekanismoa

Herritarren banaketa horren oinarrietako bat da Coloradas de la Virgen komunitateko lurren jabetza modua. Batetik, raramuriak gehiengoa diren nekazaritza-komunitate forma dago, eta bestetik, herritar mestizoak nagusi dituen ejidoa. 1992an eginiko nekazaritza erreformak ekarri zuen ejido deritzoten lurren eskubideak salerosteko aukera (nekazaritza-komunitateen kasuan ezin da), eta horrek bermatzen du ejidoen gaineko erabakiak hartzea. Tarahumarako kasuan, indigenei lurrak kentzeko baliatu zuten pribatizazio hori, Gonzálezek argitu digunez: “Mestizoek egoera aprobetxatu zuten, eta ejidoen jabetza guztia hartu, iruzurren bidez”. Coloradas de la Virgeneko indigenak lur horien gaineko erabakiguneetatik bota zituzten, eta mestizoen eskuetan geratu zen basoaren esplotaziorako baimenak ematea: “Mestizo eta indigenen arteko harremanak asimetria sakonekoak dira, eta hortik datoz kazikismoak: indarkeria, lurren desjabetzea...”, zehaztu du ASMAC elkarteko zuzendariak.

Mende hasieran Coloradaseko raramuriak saiatu ziren epaiketa bidez lur horien jabetzak berreskuratzen, baina ez zuten emaitzarik izan. 2007an, ejidatarioek lortu zuten Mexikoko Ingurumen Idazkaritzak baimena ematea basoa esplotatzeko. Amada Chavezek gogoan du zuhaitzak mozten hasi zirenekoa: “Egur mordoa ateratzen hasi ziren errepideetatik, eta herrian dirua banatzen. Kazikeek erabakitzen zuten nori eman dirua, eta beti hautatzen zituzten komeni zitzaizkien ejidatarioak, bertan bizi ez zirenak”.

Coloradaseko jatorrizko herritarrek borroka gogortu zuten esplotazioa geldiarazteko, eta aldi berean, kazikeek indarkeria eta errepresioa handitu zituzten. Gonzálezek eta Chavezek harro gogoratzen dute 2015eko lorpena: zuhaitzak ebakitzen jarraitzeko baimenak bertan behera utzi zituen Nekazaritza Auzitegiak. Baina horren kostua oso bortitza izan da; hilketak bata bestearen atzetik, eta mehatxuak etengabe. Bi ekintzaileek diotenez, “legez kanpoko mozketek jarraitzen dute”. “Sikario talde bat dago, eta indigenak desplazatzera behartzen ari dira”. Beldurra barruraino sartu nahi izan diete basoa eta lurrak defendatzen ari direnei.

“Haurrak eskutik eta haurtxoak besoetan genituela joan [desplazatu] ginen. Ilundutakoan atera ginen, zurrumurrua zegoelako matoiak nire senarra hiltzera zetozela. Gau osoa pasa genuen oinez”. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria.
Desplazamendua eta deserria

Amada Chavezek dio aurpegia emateko beldurra zuela lehen, hedabideetan agertzekoa; baina bizitakoak bizi ostean, haien herria sufritzen ari dena kontatzeko ahaldundu da. Lider indigena ugari hil zituztela azaldu digu, eta Isela Gonzálezek albotik zehaztasun bat egin dio: “Kontatu zure gertuko zenbat hil zituzten”. Horixe izan baitzen lehen aldiz desplazatzeko motiboa, heriotzak oso gertu jo zuelako Chavezen familia.

“Coloradas de la Virgen komunitatetik lehen aldiz irten ginen, nire senarraren anaia hil zutelako. Kargu bat zuen komunitatean, eta borrokan sartu zen. Ez zuen egin nahi kazikeek esaten ziotena, ez zegoen ados; horregatik hil zuten”. Handik ihes egin behar izan zuten, baina ez zen bide erraza izan. Familia osoa atera zen, neba-arreba, aiton-amona eta seme-alabak. Chavezek hiru seme-alaba zituen, eta haurdun zegoen. “Haurrak eskutik eta haurtxoak besoetan genituela joan ginen. Ilundutakoan atera ginen, zurrumurrua zegoelako matoiak nire senarra hiltzera zetozela. Gau osoa pasa genuen oinez, ilunpetan ez genuelako ondo ikusten; ez genuen argirik piztu nahi gu ez atzemateko”. Bi egun behar izan zituzten babes hartu zuten herrira heltzeko.

Baina 2018an berriro ere desplazatu behar izan zuten, familiako laguna zen Julian Carrillo lider indigena eta lurren defendatzailea hil eta gero. Komunitateko kide ugarik hirira alde egin behar izan zuten Carrillo tirokatu zutenean, arriskua erabatekoa baitzen. Bi esalditik batean, beste kide bat hil zutela oroitzen du Chavezek; dozenaka dira. “Mina egin digutenek ordaindu dezaten nahi dugu, justizia egitea”, dio Chavezek malko artean. “Juliani ohartarazi genion komunitatetik joateko. ‘Artoa erein ostean’, esan zigun. Lehenago hil zuten”.

Carrilloren kasua esanguratsua izan da, Coloradas de la Virgenen ez ezik nazioartean ere bai. Amnesty Internationalek hari buruz egindako txostenean jasotzen du Mexikoko Estatuak ez zuela gizona babesteko eginbeharra bete. Izan ere, 2014an ASMACen eta Isela Gonzálezen bidez, besteak beste, lortu zuten Julian Carrillori eta beste lider komunitario batzuei babes neurriak ezartzea Mexikoko Estatuak. Alferrik izan zen: Carrilloren familiako hainbat kide hil eta bere etxea erre zuten, harik eta 2018ko urrian bera hil zuten arte.

Amnesty Internationali Carrillok hil aurretik zera jakinarazi zion: heriotza mehatxuek beldurra sentiarazten ziotela, baina lurraldearekin zuen lotura eta harreman estuagatik Coloradas de la Virgenen geratu behar zuela. Nazioarteko eragileak azpimarratzen du Carrilloren kasuak argi uzten duela Mexikoko Estatuaren porrota, herri indigenen eskubideak bermatzeari dagokionez: “Akatsa da giza eskubideen defendatzaileen babesa mekanismo jakin batzuetara mugatzea. Haiei arrisku-testuingurua sortzen dieten egiturazko kausei erantzungo dien politika publiko integralak behar dira”.

Amada Chavez: “Juliani [Carrillo] ohartarazi genion komunitatetik joateko. ‘Artoa erein ostean’, esan zigun. Lehenago hil zuten”. / Argazkia: ASMAC.
Babes mekanismoak eraginkorrak dira?

Isela Gonzálezek ere ondo ezagutzen ditu babes mekanismoak, izan ere, kazikeen mehatxuen eta talde armatuen arriskutik babesteko hainbat neurri jarri zizkioten 2011z geroztik. Are gehiago, ASMAC elkartearen zuzendaria izanik, aurpegi ezaguna da eta jo-puntuan izan dute. “Babes plan oso zorrotza daukat. Etxetik ez naiz ateratzen ia, soilik lanera joateko, eta hori Giza Eskubideen Fiskaltzak jarritako bi poliziak zainduta egiten dut”. Kamerak eta larrialdi botoiak ere jarri dizkiote. Etxetik atera behar duen aldiro poliziekin egin behar izateak askatasuna mugatzen diola iritzi du, baina frogatu ahal izan du nahiago duela horrela bizi, kanpoan desplazatuta egotea baino.

Dena den, babesteko beste modu batzuk ere bilatu ditu: “Nazioarteko brigaden eta beste antolakunde batzuen bidez ikasi dugu Mexikon ere. Batetik, parte hartzen dugun sare eta aliantzak aprobetxatzea, eta horrela defendatzaile gisa ikusgarritasuna lortzea; horrek apur bat aldentzen ditu erasoak. Egia da batzuetan ikusgarritasunak erasoak areagotu ditzakeela, horregatik, metodologia bat daukagu baloratzeko noiz komeni den profila altxatzea eta noiz jaistea”. Bestetik, tokiko sareetan antolatuta egoteari ere garrantzitsua deritzo. Esaterako, egun, González babesten du lurralde indigenen defentsarako sareak. “Horrela zaintzen dut nire burua”.

Komunitateetan bizi diren defendatzaileen kasuan, ordea, Gonzálezek baieztatu digu mekanismo horiek ez direla nahikoa. “Haiek eskatzen dutena da babes mekanismoak ez izatea polizialak eta erreaktiboak. Alegia, ez da nahikoa segurtasun arazo bat dagoen bakoitzean armada edo segurtasun nazionala bidaltzearekin”. Komunitateetako herritarrek Mexikoko Estatuari galdegiten diote inpunitaterik ez egoteko, eta zigortzeko desplazamenduen eta erasoen erantzuleak. Horretarako, gertatutakoa ikertu beharko lukete, baina, momentuz, estatuko ordezkariak ez dira lurraldera gerturatu ere egin.

Isela González: “Feminismoak lagundu dit esaten norbere burua zaintzeko beste modu bat dagoela, perspektiba feminista integraletik. Hau da, emakumeen arteko elkar-zaintza du oinarri, eta sororitatea, laguntza emozionala eta maitasuna lantzen ditugu”. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria
Feminismoa, babesleku

Amada Chavez eta Isela González ekintzaileek azpimarratu digute elkar zaintza ezinbestekoa dela borroka latz honetan aurrera egiteko. Eta lurren defentsan ere ikuspegi feminista izateak lagundu diela ziurtatu digute. Emakumeen arteko ahalduntze tailerretan ezagutu ziren biak, Chavez lehen aldiz desplazatuta zegoela. Gonzálezek baieztatu du bere aktibismo ibilbide osoan –Mexikoko Juventud Comunistan hasi zen, ikasle zela– agenda feminista presente izan duela eta borroka guztietan lagundu diola ikuspegi horrek.

Azken urteetan, gainera, lurren defentsako sare nazionalaren parte denetik, feminismoak zaintza modu ezberdina erakutsi dio: “Feminismoak lagundu dit esaten norbere burua zaintzeko beste modu bat dagoela, perspektiba feminista integraletik. Hau da, emakumeen arteko elkar-zaintza du oinarri, eta sororitatea, laguntza emozionala eta maitasuna lantzen ditugu”. Halaber, nabarmendu dute zaintza edo babesa behar duen pertsonak horretarako espazio fisikoak izatea beharrezkoa dela. Arriskutik atseden hartu eta indartuta itzultzeko espazio horiek eskertzen dituzte. Guatemalako bidaiatik ere hori hartu dute: herri indigenen arteko elkartasuna, eta lurra defendatzen jarraitzeko grina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
Tlatelolcoko sarraskiaren aitortza

Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2a. Hilabete batzuk lehenago, ekainaren 22an abiatutako ikasle mugimenduak mitin bat antolatu zuen Hiru Kulturen Plazan, hiriko Nonoalco-Tlatelolco unitatean. Mexikoko ejertzitoak eta Batallón Olimpia talde paramilitarrak bildutako ikasleei... [+]


2024-10-16 | Iñaki Murua
On Ángel!

Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen,... [+]


Ez deitu deportazio masibo, deitu marketin kanpaina arrazista

Mendebaldeko herrialde aberats gehienetan ultraeskuina etengabe eztenka ari da migratzaileekiko gorrotoa eta arrazismoa akuilatzen. Deportazio planei ekitea izan da gobernu askoren erantzuna, izan afganiarrak talibandarren eskutan uzteko, Alemania pentsatzen ari den moduan, edo... [+]


2024-09-04 | Xalba Ramirez
Chiapas
Altxamendu zapatistatik 30 urtera

1994ko urtarrilaren 1ean, ehunka indigenak aurpegia estali zuten, Mexikori eta munduari esateko: “Nahikoa da!”. Ordutik mundu osoan eredu bihurtu da EZLN, autonomiaren eraikuntza helburu, herri indigenak bizi daitezen, kapitalismotik at. Egungo egoera, ordea, inoiz... [+]


Bilbaoko ehiztari-biltzailea

Mexikoko Coahuila basamortuan, Bilbaoko dunak izeneko parajean, giza eskeleto baten arrastoak topatu dituzte. Arkeologoek aztertu ondoren, ondorioztatu dute 950-1250 urte artekoak direla eta Candelariako kulturarekin lotuta daudela.

Aurkikuntza berri pozgarria izan da... [+]


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Hauteskundeak Mexikon
Claudia Sheinbaum izanen da Mexikoko presidentea

Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko hautagaiak 26,6 eta 28,6 puntu arteko aldea atera dio Xochitl Galvez hautagai kontserbadoreari. Egungo presidente eta alderdikide Andres Manuel Lopez Obrador-en bidetik jarraitzeko asmoa agertu du Sheinbaumek. Mexikoko lehenengo... [+]


Cristina Rivera Garza. Hildakoekin idaztea
“Zerbait gertatzen da munduan kolektiboki esaten dugunean norbait falta zaigula”

Bilbora etorri zen apirilean, idazketa sendatzaileei buruzko hitzaldi bat ematera, EHUko Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan masterrak gonbidatuta. Bazuen zer esanik: soziologia eta historia ikasitakoa, artxiboa baliatzen du idazteko, eta bere ahizparen bizitza eta... [+]


Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Mexikoko lehen magistratu ez bitarraren heriotza gorroto diskurtsoen ondorio dela salatu dute

Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu... [+]


Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Eguneraketa berriak daude