Laborarien borroka Palestinan

  • Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak, Zisjordanian ematen ari den okupazioaren eta apartheidaren ondorioen adibide bakan batzuk baizik, joan den abenduan Via Campesina mugimenduaren izenean joandako Europako laborari delegazio batek geure begiz ikusi genituenak. Martxan den genozidioa ez da Gazako Zerrendara mugatzen, itzalean gordetzen diren beste aurpegi batzuk ditu lurralde okupatuetan. Nabarmenenetako bat Palestinako laborantza sektorearen aurkako eraso zuzena da, Israelen okupazioaren eta garbiketa etnikoaren kontrako erresistentziaren lehen lerro dena. Lur horretantxe baitatza haien elikadura burujabetzarako giltzarria: euren kultura, tradizioa eta antzinako erroak zein haien potentzial ekonomikoetako bat. Lurraldearen defentsa dute, finean, bizirauteko berme eta herri duintasunerako baliabide-iturri.


2025eko urtarrilaren 29an

Okupazioaren ondorioak Zisjordanian ankerrak ari dira izaten duela hamarkada askotatik, baina duela hamalau hilabetetik hona erabat okertu dira: 5.000 hektarea laborantza lur baino gehiago konfiskatu dituzte. 900 kontrol-hesi berrik pasabidea murrizten dute errepide eta bideetan, eta hiriak, herriak eta etxaldeak isolatzen dituzte. Ehunka asentamendu berri ezarri dira eta lehendik zeuden beste asko handitu dituzte. Milaka kasuk agerian jartzen dituzte landa eremuko komunitate laborari palestinarren biziraupenerako medioak suntsitzen dituzten politika sistematikoak: etxebizitzak eta laborantza azpiegiturak eraistea, lurrak konfiskatzea eta hesitzea eta ur hornidurari ezarritako traba eta murrizketak. Bertako jatorrizko populazioa ezabatzeko berariazko esfortzu hori kolonoek berek hauspotzen dute eta praktikan jartzen inpunitate osoz, Israelgo armadaren laguntzarekin eta babesarekin betiere, egiten dituzten etengabeko erasoetan: labore eta uzten lapurretak eta suntsiketak, azpiegituretan kalteak eta sabotajeak, eta abar. Laborari asko nahieran atxilotzen ari dira, zaurituak eta hildakoak daude egunero. Gu han ginela, asko ospitalean zeuden zauri larriekin.

Abenduan Zisjordanian izan den Via Campesinako taldea bertako laborariekin. Argazkia: UAWC.

Sarraskira bideratutako ingeniaritza sozial hori guztia Mendebaldeko gobernu “demokratikoen” konplizitatearekin egiten da, eta ez soilik Israeli armak saltzen zaizkiolako. Baita ere giza eskubideen etengabeko urraketen aurrean ezer ez eginda, modu lotsagabean; itun komertzialen bidez Israel legitimatuta eta diru-inbertsio handiak eginda edo laborari palestinarren lurren espolioari esker ateratzen den nekazaritza produkzioa erosita.

Ez gara ari okupazio politikaren baitako ezohiko gehiegikeriez, azken 80 urtetan palestinar ororen bizitza markatu izan duten mugarri historikoetan azkenaz baizik: 1948ko Nakba, 1967ko okupazioa, 1987 eta 2005eko Intifadak… eta orain, genozidioa.

Abdullah, Jamal, Samir, Omar, Mahmud, Ibrahim, Mohamed, Fouad eta beste hainbatekin pasatako denboran haien erresistentzia eredugarriaren eta elikadura burujabetzaren aldeko konpromisoaren lekuko izan gara. Hori, beraientzat, hilketaren aurrean biziraupen estrategia izateaz gain, inspirazio iturri da gure elkartasuna areagotu dezagun laborarien askapenerako borrokarekin, zeina, Palestinan, herri osoaren borroka baita.

Israelgo kokaleku berri baten inguruan moztutako olibondoak, Nablus eskualdean. Argazkia: UAWC.

Arbasoen lurrak galtzen

Abdullahk eta haren bizilagunek kafea eskaini digute Qusra udalerriko areto zaharrean, Nabluseko eskualdean. Hormetako kartelek erakusten dituzte beren lurrak defendatzen ari zirela israeldar armadak inpunitatez erail zituen bizilagunen irudiak. Haietako zenbaiten seme-alabak gurekin daude.

Aurkezpenak egin ondoren, paseoan garamatzate euren lurretarako sarbidea eragozteko kolonoek paratu duten lur-pila handia erakustera. Hilabeteak dira ez daukatela sartzerik belaunaldiz belaunaldi landu izan dituzten lursailetara: olibadi bat da, orain israeldar banderatzar bat ikur nagusitzat daukana. Iragan urteko sasoia penagarria izan zen, baina aurten gauza izan dira oliba uztaren zati bat jasotzeko nazioarteko boluntarioen presentziari esker, horrela zenbaitetan lortzen baitute ondoko asentamenduan bizi diren kolonoen eraso bortitzak geldiaraztea.

Nekazari palestinarren seme-alabak herria banatzen duen kontrol-hesiaren aurrean. Argazkia: UAWC.

Udalerria eskualdearekin komunikatzea eragozten duen eta hainbat etxe isolatuta uzten dituen kontrol-hesi berrira gerturatu garenean, herriko zenbait ume etorri dira gurekin, irribarretsu eta ezohiko egoerari adi-adi. Minutu gutxi batzuk baino ez dira pasatu hortzetaraino armaturiko israeldar soldaduak agertu eta eremua husteko agindu diguten arte. Men egin dugu, umeak beren jolasetan utzita, kolonoek aurreko eraso batean erditik ebaki zituzten ehunka urteko olibondo ilara batzuen aurrean.

Jammal bere artaldearen aurrean. Argazkia: UAWC.

Milaka urteko kulturaren suntsipena

Faresyeh herrixka beduinoko bere bizilagunak elkartu ditu Jammalek, guri ongietorria egiteko alfonbradun estalpe xume batean. Badira hamarkada batzuk beduinoek beren etxolak egonkortu zituztela, israeldar okupazioak ezarritako oztopoek ezinezko egin dietelako euren berezko kultura nomadari eustea. Bidean gentozela, antzeko beste herrixka batzuk ikusi ditugu, armadak berriki eraitsitakoak. Bart gauean erasoa jasan behar izan dute, 2023ko urriaren 7az geroztik herrixkatik metro gutxira eraiki zuten asentamenduko kolono taldearengandik. Erraz nabarmentzen dira eraikuntza modernoak eta soldadu armatu batek zaintzen duen bijilantzia-dorrea.

Ardiek ukuiluetan daramatzate hainbat hilabete, bizilagun berri ilegal eta oldarkorren erasoek kanpora ateratzea eragozten dietelako. Artaldea larreratu ezinak, segurtasun ezak, lehen behar ez zituzten pentsuek eragindako gehiegizko gastuek, ur murrizketek eta inposatutako check point berrien ondorioz esnea merkaturatzeko zailtasunek, arriskuan jartzen dute arbasoetatik datorkien jardueraren iraupena.

Beduinoen kultura hilzorian dago okupazioaren erruz.

Buruan kufiya daraman andre zahar batek ez dirudi oso gustura gure bisitarekin, litekeena baita lekuko atzerritarrak gonbidatzearen atrebentzia zigortua izatea iluntzean, behin guk alde egin eta gero, izan beste eraso batekin ala dauzkaten azpiegitura prekarioren bat, edo are euren etxebizitzak suntsituta. Hori gertatzen bada ezingo diete inori laguntzarik eskatu: errepideak armada israeldarrak moztuta edo zorrotz kontrolatuta daude, eta Palestinako Aginte Nazionalaren Poliziak beste alde batera begiratzen du aspalditik halako gertaeren aurrean.

Kolonoen erasoak

Zisjordania hegoaldean, Ibrahimek Letweneko nekazari komunitateko eskolako jolastoki zaratatsuan hartu gaitu. Adin orotako umeak datoz kanpotarrak agurtzera, harro. Haietariko asko harrikadaka hartu izan dituzte etxetik eskolarako bidean, euren familiak lursailetara lanera joatean hartu izan dituzten bezalatsu.

Gerra hegazkinen ziztua sumatzen da mendebalderantz. Ez dirudi guk izan ezik inork entzuten dituenik. Azken hilabeteetako asentamendu berrien okupaziotik salbu geratu den tontorren batetik itsasoa ikus daiteke egun argitsuetan. Herriko inor gutxik ikusi du, ordea, itsasertz hori bertatik bertara… Halako egunetan, Gaza ere ikusi ahalko litzateke, 30 kilometro eskasera.

Negutegiak Idaako errefuxiatu-esparruko teilatuetan. Argazkia: UAWC.

Hormaren azpian ekoiztea

Egunotan ezagutu ditugun beste hainbatek bezala, Samirrek bizitza erdia eman du giltzapean. Betleemgo Idaa errefuxiatuen kanpalekuko eraikin komunitario bateko teilatura eraman gaitu. Eskertu egiten da neguko egun hotzean berotzen gaituen eguzki epela, baita bertatik ikuspegia zabaltzeko aukera izatea ere, beheko kalexkek eta horiek inguratzen dituen hamaika metroko apartheidaren hormatzarrak uzten dutena baino haratago.

Idaako errefuxiatuen-esparrua. Argazkia: UAWC.

Ustekabean hartu gaitu teilatuan bertan dagoen negutegiak. Gehiago ere badira auzoan. Barruan brokoliak, zerbak eta urazak hazten dira, non eta munduan populazio dentsitaterik handienetakoa duen eremu batean. Ez da soilik bertakoei barazki freskoa eskaintzen dien oasi txikia, ezpada leiho bat hormigoi itsaso horretatik landa bizitzara zabaltzen dena. Erresistentzia ariketa hau miresten ari garela, soldadu batek zorigaitzeko bijilantzia-dorreetako batetik bere armarekin apuntatzen gaitu, duela ez asko kalean jolasean zebilen haur bat erail zuten toki beretik.

11 metroko horma Betleemen. Argazkia: UAWC.

Agroekologia erresistentzian

Omar eta Mahmud zortzi laguneko kooperatiba bateko kide dira Safahn. Ez daude hain aparte Europako edozein hiriburutan proiektu agroekologiko eta autogestionario bat abiatzear legokeen kolektibo baten itxuratik. Beren diskurtsoa argia eta gogotsua da: laborantza tradizionala berreskuratu nahi dute, utzita dauden lurrak baliatu, merkatuko prezioei iskin egin eta prekarietatetik modu duin eta kolektiboan ateratzeko ekimen bat martxan jarri.

Ekoizpen agroekologikoko kooperatiba Safah-n. Argazkia: UAWC.

Baina euren errealitatea erabat baldintzatzen du bizi dutenak: edozein momentutan eraso egin diezaiekete harresitik gertu euren lurrak lantzen ari diren bitartean; beren lur horien azpian dagoen ura Israelen esku dago eta murrizketak eta prezio altuak inposatzen ditu; azoketara joateko zailtasunak dituzte mugikortasun trabak direla-eta; horrez gain, gauero armadaren sartu-irtenak pairatzen dituzte herrian.

Omar eta Mahmud, beren kafea partekatzen delegazioarekin. Argazkia: UAWC.

Arratsaldeaz eta solasaldiaz gozatzen ari garela Palestinan ohitura legea den betiko kafeak lagunduta, zorua astintzen duten leherketa bortitzek asaldatu gaituzte, iparraldera. Nondik ote zetorren asmatu nahian aritu dira arabieraz, mugikorrak atera dituzte beren susmoak baiezta ote ditzaketen... Ondoren, solasaldiak bere hartan jarraitu du, ezer gertatu ez balitz bezala.

Datilondo tradizionalak, eta hesiaz bestalde konfiskatu berri dizkieten lurrak. Argazkia: UAWC.

Erle intsumituak

Fouadek bere etxeko terraza atseginean hartu gaitu Jiflekeko laborarien kooperatibako kideekin bazkaltzeko, Jordan ibaiaren bailaran. Parajea idilikoa da: datilondo eta baratze oparoz jositako oasi bat mendixka idorren artean, eguzkipean. Baina iragan urritik bere erle intsumituek soilik gurutzatzen dute gauden tokitik metro gutxitara altxatzen den hesi elektrikoa, kolonoek oraintsu konfiskatutako lurretara sarbidea eragozten duena.

Hesiaz eskuinaldera, kolonoek kendutako lurretan egindako landaketa. Argazkia: UAWC.

Beste aldean, mendixka horietako baten gainean hazi eta hazi ari den asentamenduaren zaintzapean, esportaziora bideratutako mango landare gazte ilara ordenatuak ikusten dira, antzinatik bere familiaren lur emankorrak izan zirenetan.

Anexioak nekazaritzaren sehaskan

Ibrahim eta Mohamed anaiak abeltzainak dira Bardalan. Jordan ibaiaren bailarara ikuspegi paregabea duen gain batean esertzera gonbidatu gaituzte, olibondo baten itzalpean. Lurralde hau naturaren oparia da, agian horregatik daude hemen munduko hiri zaharrenetako batzuk, eta izan zen nekazaritzaren sorleku duela 12.000 urte baino gehiago. Palestinako labore, barazki eta fruitu ekoizpen zonalde nagusia da, herrialde osoa elikatzeko gauza izan zitekeena okupazioaren ondorioengatik ez balitz.

Bardala-n, Jordan bailararen gainean. Argazkia: UAWC.

Israel aberastasun horren jakitun da eta azken urtebetean okupazioaren baldintzak gogortu ditu erabateko espolioaren bidean. Dagoeneko bailarako laborantza lurren %80 okupatu ditu, kolonoei laguntza ekonomikoen bidez asentamenduak egitea erraztuta, nekazaritza azpiegitura berriak eraikita eta laguntza militarra emanda.

Hemendik ateratzen da estatu ilegal hori laborantza potentzia bilakatu duen produkzioaren zati handi bat. Askok topatuko zituen aurtengo Gabonetan horko datilak edo bestelako fruituak etxeko mahaian. Bi anaiek seinalatu digute duela hilabete batzuk hondeamakina israeldarrak eraikitzen hasi ziren errepidea, aurrez ezer jakinarazi gabe eta euren semeen presentzia isilaren aurrean. Beraien ukuilutik metro gutxitara igaroko den errepide berri horrek herria inguratzen duten asentamendu berrietako bi lotuko ditu, eta isolatu egingo ditu abereak bazkatzeko erabiltzen zituzten lurretatik eta haiei edaten emateko betidanik erabiltzen zituzten ur-putzuak dauden eremutik. Barru-barrutik atera zaigu galdera: zer etorkizun opa diezaiekete beren seme-alabei? Erantzuna gordina bezain zuzena da: erresistentzia.

UAWC Laborantza Langileen Komiteen Batasunaren hazi bankua. Argazkia: UAWC.

Hurrengo erasoaren zain

Gure bidaia antolatu duen Laborantza Langileen Komiteen Batasuna (UAWC) erakunde terroristatzat jotzen du estatu okupatzaileak, gaur egun Palestinako ia gainontzeko erakunde edo elkarte zibil guztiak bezalaxe. Beraien delitua: laborariak kolektiboki antolatzea, nekazaritza azpiegiturak bultzatzea, sektorearen aholkularitzan eta formazioan jardutea, beren germoplasma bankuetatik ateratako tokiko barietate tradizionalak eskura jartzea eta euren herriaren elikadura burujabetzaren alde lan egitea. Elkartearen Ramallahko bulegoa da gure bilera eta solasaldietarako tokia. Garbi eta moderno luzitzen du, armadaren erasoaldi batean lokala eta barruan zegoen guztia txikitu ostean egin behar izan zituzten eraberritze lanen ondoren. Ez dute beste espaziorik alokatuko ez fatxadako izenik ezabatuko; hurrengo erasoaren zain egongo dira, besterik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2025-01-08 | Garazi Zabaleta
Aina Socies Fiol
“Balear Uharteetako irla bakoitzean besteetan ez dagoen landare barietate asko dago”

Oporlekuekin soilik lotuko dituzte askok Balear Uharteak, baina agroekologiaren eta kontsumoaren bueltan mugimendu bizia dute Mallorca irlan: Associació de Varietats Locals de Mallorca (tokiko hazi barietateen elkartea) da horren adibide. Abenduaren hasieran, elkarte... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-09 | Garazi Zabaleta
Errastiko ogia
Aurrekoen jakintza eta makrobiotika uztartuta sortutako ogia

Arrasateko Beroña auzoan dago kokatuta Xabi Abasolo Etxabek eta Naiara Uriarte Remediosek bultzatutako Errastiko Ogia proiektua. Bakoitza bere bidetik iritsi ziren okintzaren mundura, baina eredu ekologikoan eta ama orearekin ekoizteko oso ongi uztartu dituzte bi gazteen... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Zentral fotovoltaiko eta eolikoen olatua
Araba, sakrifikatu nahi duten alaba?

Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]


2024-10-28 | Garazi Zabaleta
Artotxiki
Artobeltza, artatxikia, kinoa eta produktu beganoak Lizarraldean

Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]


Suaren kolorea duen azaroa, hazien aroa

Zer da zuretzat sukaldea? Niretzat, suaren tokia, sua dagoen aldea. Etxearen bihotza da, lapikokoa mimoz eta maitasunez  prestatzeko lekua. Gero, mahai inguruan  jateko, dastatzeko, partekatzeko eta disfrutatzeko tokia. Sasoikoa jateko sukaldera sartuko gara.


2024-10-21 | Garazi Zabaleta
"Haziak" liburua
“Liburuarekin jendea animatu nahi dugu haziak ekoizten hastera”

Hazien munduan buru-belarri ari dira urte askotatik Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal, Haziak liburuaren egileak. Hazien ugalketari buruzko azalpen praktikoez gain, elementu historiko, ekonomiko, politiko eta kulturalak jaso dituzte; beraz, baratzerik ez dutenentzat ere... [+]


Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


Eguneraketa berriak daude