Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak, hirigintzak, klasismoak eta borroka kolektiboek. Hamaika urteren ondoren, irakaspen bat: oroitzeak etorkizuna iragartzeko balio lezake, baita zure auzoan ere.
Gauza guztiak arrazoiren batengatik gertatzen dira. Begi bistakoa dirudien esaldi ezagun hori irakurri dugu Gamonal. En el eco de una mismo recuerdo komiki liburuan (Gamonal. Oroitzapen beraren oihartzunean.La Oveja Roja, 2021), eta badu bere mamia, Gamonalen ere zerbaitengatik lehertu baitziren istiluak 2014ko urtarrilaren 10 hartan, PPren esku zegoen Burgosko Udala bulebar garesti bat egiten tematu zenean.
Krisi ekonomikoak gogor jotzen zuen oraindik, eta askorentzat milioika euroko proiektu hori diru-xahutze hutsa zen, zerbitzu publikoak eskas ziren tokian. Hainbat egunez, auzotarrak hondeamakinen aurrean jarri ziren, banketxeak eraso zituzten, edukiontziei su eman, eta poliziek 46 lagun atxilotu zituzten. Azkenean, bulebarra ez zuten egin. Askok orduan ikasi genuen komuneroen Gaztela urruneko auzo haren izena, eta garaipen hark inspiratuta zabaldu ziren beste borroka batzuk, Gamonal efektua deiturikoagatik.
2025: aparkalekuak kezka iturri
Gaur Gamonalera hurbiltzen denak ez du sumatuko duela hamaika urteko iraultza txiki haren ageriko ondoriorik. Protesten epizentro izan zen Vitoria kale luzean autobus publikoak harantz-honantz dabiltza Gabonetako led argien azpian, auzoko asanbladak egiten ziren kultur etxean umore errazeko monologoak entzungo dituzu, eta Burgosko liburu dendetan galdetzen baduzu, “ah bai, Gamonaleko hori...”, erantzungo dizu liburuzainak, aipatzea tabua balitz bezala.
Baina sakoneko arazoak hor jarraitzen du, eta adibidez, altueran egin nahi duten aparkaleku handi bat da orain auzotarren kezka iturri nagusienetakoa. Zientoka auto kabituko liratekeen hainbat solairutako eraikin zatar bat egitea ez zaie ideia ona iruditzen, ez trafikoarentzat, ez diru-kutxa publikoarentzat, ezta osasunarentzat ere. Beste borroka bat ernetzen ari da Gamonalen, bat gehiago bere historian zehar.
Izan ere, auzoaren historiatik asko ikasi daiteke. Gamonal komikia Maria de la Fuente marrazkilariak eta Sergio Izquierdo historialariak egin dute, eta 2014ko protestez harago, gamonaldarren nortasuna nola ondu den erakusten du, egiazko testigantzetan oinarrituta. Hala, ikusiko dugu Euskal Herrian antzeko ezaugarriak dituzten beste hainbat eta hainbat auzo obreroren bilakaera ez dela oso desberdina izan.
Goldetik desertatu, fabrikan sartzeko
Gamonal izena gamon edo anbulo landaretik dator, garai batean erruz hazten baitzen Río Pico errekak ureztatutako zelai horietan, ganaduaren bazkarako. Erdi Aroan, Gamonal ostatu ugari zituen herri garrantzitsua zen, Santiago bidearen erdian baitzegoen. Auzoan oraindik mantentzen dira hori gogoratzen duten ohiturak, titos deituriko lekaleak banatzen diren festa, esaterako. Baina XIX. mendetik aurrera Burgosek beretzako hartu nahi izan zituen lur baliotsu horiek, hiriaren zabalkunderako “erreserba” bezala. Anexioa ofizialki 1955ean egin zuten agintari frankistek eta hortik gutxira Polo Industrial bat eraikitzeko aukeratu zuten, enpresak pizgarriekin dopatuta. Orduan, probintziako herrietako nekazarien exodoa hasi zen.
“Segituan konturatu ginen irentsi gintuzten fabrika zerri hauetaz aparte, hemen dena gure herrian bezala zela –azaltzen du Gamonalera migratu zuen pertsona horietako batek komikian–. Goldetik desertatu genuen zementuzko blokeetan sartu eta bizitza nazkagarri osoan lanean jarraitzeko”. Gaur egun ere toki askotan gertatzen den prozesu bera da: milaka migratzailek sorterria uzten dute etorkizun hobe baten bila, baina berehala ulertzen dute paradisu hori ez dela esan ziotena bezalakoa.
Zeukaten guztia galdu eta atzean utzi beharrak erabat markatu zuen bizilagun berrien izaera. Gamonal, egun batetik bestera Espainiako Estatuko dentsitate handienetako auzunea izatera pasa zen –orain, 60.000 biztanlerekin, Burgos hiriburuko populazioaren herena hartzen du–. Eraikuntza enpresei poltsikoa berotzeko, adreiluzko eta porlanezko etxebizitza-bloke erraldoi ugari jaso ziren, zentzurik gabe ordenatuta eta ekipamendu edo zerbitzurik apenas zeukatela. Hori izan zen geroko borroken ernamuinetako bat, hirigintzak ere gauza asko esplikatu baititzake.
Gamonaldik Gernikara bonbaz kargatuta
Gamonali buruz galdetu diogun liburuzainak ez digu askorik kontatu, baina erreferentzia bat eman digu sikiera: auzoko gaietan aditua den Vicente Vivancosek idatzi berri duen La militarización de Gamonal (Gamonalen militarizazioa. Incobi, 2023) liburuarena. Burgos apaiz eta militarren hiria dela uste duenak, irakurri beharko luke, gari alea lastotik bereizteko.
Zeukaten guztia galdu eta atzean utzi beharrak erabat markatu zuen bizilagun berrien izaera. Gamonal, egun batetik bestera Espainiako Estatuko dentsitate handienetako auzunea izatera pasa zen
XIX. mende amaieratik militarrek begiz jota zuten Gamonal, eta hango lur batzuk bereganatu zituzten, ur edangarriaren truke tiro-zelaia jarri asmoz. Geroago aerodromo bat eraiki zuten, Espainiako bakanetakoa zena. Gerra garaian Francisco Franco, Emilio Mola eta beste buruzagi faxista askoren joan-etorrien eszenatoki bihurtu zen toki hura, herritarrak lekuko isil zituztela. Handik atera ziren 1937ko apirilaren 26an Gernika erraustu zuten Kondor Legioko hegazkinak, bonbaz kargatuta. Baina Gamonaleko herritarrek ere jasan zuten eskarmentua frankisten eskutik, herriko maisu bakarra fusilatu egin baitzuten.
Gerra amaitzean, Juan Yagüe jeneralaren aginduz militarrek lur gehiago okupatu zituzten: “Edo lagapenean eman edo desjabetu, ez zieten beste aukerarik utzi, zer egingo zuten? Militarrek musu-truk lortu zituzten lur horiek”, azaltzen du Vivancosek. Horrela, pixkanaka, kuartelez inguratutako eta militarizaturiko herriak, gaur egungo auzoa dena izaten amaitu zuen. Inbutu urbano itogarri horretan, Gamonalen irteera bakarra Vitoria kalea da, antigoaleko N-1 errepidea, eta muga fisikoak muga sozial itzela ere sortzen du.
Klasismoa eta klase borroka
José Medina eta Marcos Erro auzotarrek Gamonal. La historia desde abajo (Gamonal. Historia behealdetik. Traficantes de Sueños, 2017) liburua idatzi dute, eta sarean ikusgai dagoen aurkezpenean oso ondo azaltzen dute batzuen lotsa eta gutxiespen sentsazioa norainokoa den: “Elkarrizketatu batek esaten zigun Eguberritako argiak ere itsusiagoak direla Gamonalen”. Txandalaren eta txiste gaiztoen barrioa da oraindik kapitaleko askorentzat... Izan ere, zaborra biltzeko kamioiari “Gamonaleko autobusa” deitzea zer da, klasismoa ez bada?
Langile klasea bizi den auzoetan, aldiz, elkar ulertzen dira: bizitza errealeko eguneroko arazoak sufritzen dituztenen lengoaia hitz egiten dute. Hala irakurri dugu Gamonal komikiaren hitzaurrean. Gamonalen zaila baita oso aurrera egitea, eta hori ondo ikasi dute auzotarrek. Komikian erlojugile anarkista baten ahotik entzungo dugun bezala, “hemen ez dago ez dotaziorik, ez espazio berderik, ezta institutu bakar bat ere, peleatzen lortu ez denik”. 1980an autobusetako tiketen prezioak, 2005ean lurrazpiko aparkaleku bat... Beti egon da kalera ateratzeko motiboren bat. Eta 2014ko bulebarraren kontrako protestetan M15 mugimenduak paper garrantzitsua jokatu zuen arren, aurrekari horiek gabe ezin da ulertu txanparta hark piztu zuen sua.
Blokeen arteko harrotasuna
Abenduan hotz da Burgosen, eta Arlazón-Gamonal 01 autobus lineak zuzen-zuzen eraman gaitu auzoraino, baina geltoki batean ez da gelditu, eta horrek emakume baten haserrea piztu du. 2014tik egindako memoria ariketak nolabaiteko ahalduntze bat ere ekarri du bizilagunen artean, etxebizitza-blokeen artean bizitzearen harrotasuna. Horrelako zenbat ote Euskal Herriko hiri eta herrietako aldirietan?
Garai bateko Ateneo Popularraren lekukoa Zentro Sozial Berreskuratuak (CSR) hartu du orain Gamonalen. Mural ikusgarriekin apaindutako eraikin okupatutik bota nahi ditu Caja de Burgos banku-fundazioak, baina ez dute lortu oraingoz. Kartel bat zintzilik dago deialdi honekin: urtarrilaren 16an elkarretaratzea Plaza Nagusian, altuerako aparkalekuaren aurka. Hau irakurtzen duzunerako igarota egongo da, baina orain asma dezakezu zein izango den auzo borrokalari honen historia irudikatuko duen hurrengo kapitulua.
Beste detektibe triste baten telesail bat ikusi berri dut. Eskoziako irla urrun batean gertatzen dira trama guztiak. Badakizue nola funtzionatzen duten fikzio horiek: hildako asko, jende arrunta baina ez hainbeste, eta paisaia berde iluna. Oraingo honetan duela urte pila bat... [+]
Japonia, VIII. mendea. Nara Aro betean furoshiki terminoa erabiltzen hasi ziren, baina Edo Arora arte (XVII-XIX. mendeak) ez zen hedatu. Furoshiki objektuak ohialetan biltzeko artea da, baina bere etimologiak garbi uzten du bere jatorria: furo hitzak bainua esan nahi du eta... [+]
Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]
Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]
Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.
Duela 3.300 urteko egiptoar momia batean Yersinia pestis-en arrastoak topatu berri dituzte, hau da, VI. mendean Justinianoren izurria eta XIV. mendean Izurri Beltza eragin zuen bakterioarenak.
Adituek orain arte uste zuten garai hartan izurria soilik Eurasian hedatu zela,... [+]
Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak... [+]
Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]
Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]
Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta... [+]
Eraispenaren aldeko elkarteek manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Irrintzi Plazan manifestazioaren deitzailea den Koldo Amatriarekin hitz egin dugu.