"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar Amerika eta Europa ahultzen saiatzeko. Ordena globala birmoldatu nahi dute” (...) “Gerra garaiko mentalitate batera aldatzeko garaia da. Eta defentsako ekoizpena eta gastua bizkortzekoa”. Mark Rutte NATOko idazkari orokor izendatu berriaren hitzak dira, kargua hartuz geroztik egin duen bere lehen mintzaldi publikoan esanak, Bruselan, abenduaren 12an. Arriskuz beteriko orainaldia eta, NATOren errezetak ez jarraitzekotan, etorkizun amesgaiztokoa irudikatu zigun mendebaldarroi oro har eta europarroi zehazkiago.
Zein da errezeta? Azken urteotan etengabe entzun dugun berdina aurreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergen ahotik, edo Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenenetik eta Europako hainbat estatutako agintarienetatik, edo hedabide dependente handien bozgorailuetatik. Horien guztien errezeta berdina, baina, hau ere azken urteotako dinamikari jarraiki, atzo baino koska bat gorago –bihar baino bat beherago–.
Inork ez du eskubiderik Mendebaldeari itzal egiteko, saiatzea bera erasoa da, “gure bizi eredua” defendatzeak gerrarako prestatzea eskatzen du, eta “azkarragoak eta basatiagoak” izatea, Rutteren esanetan. Europako armagintza industria “txikiegia, zatikatuegia eta mantsoegia” da “hamarkadetako inbertsio eznahikoen” ondorioz, eta horri konponbidea jartzea hil ala biziko kontua da.
Nola? Etxeko-lanak banatu zituen NATOko buruak: “Gobernuei: eman gure industriei behar dituzten eskaera handiak eta epe luzeko kontratuak, gaitasun gehiago eta hobeak azkar ekoizteko (...) Defentsa industriari: ahal duzun guztia egin behar duzu gu salbu mantentzeko. Dirua dago mahai gainean, eta handitu baino ez da egingo. Egin txanda gehigarriak eta ekoizpen-lerro berriak! (...) NATOko herrialdeetako herritarrei, batez ere Europan: esaiezue [agintariei] gaur sakrifizioak egitea onartzen duzuela bihar salbu egon gaitezen”.
Zeintzuk dira herritarrek onartu behar dituzten “sakrifizio” horiek? “Europako herrialdeek erraz gastatzen dute beren diru-sarreren laurdena pentsio, osasun eta gizarte-segurantzako sistemetan. Diru horren zati txiki bat behar dugu”.
“Dirua dago mahai gainean, eta handitu baino ez da egingo. Egin txanda gehigarriak eta ekoizpen-lerro berriak!” (Mark Rutte, NATOko idazkari orokor berria)
Eldarnio militarista aspaldi hasi zen
Ruttek biharko eskaera gisa aurkezten duen estrategia, baina, aspaldi ari da inposatzen. 2017tik, bere historian lehen aldiz, EBk gastu militarrerako partida berezitua du. Europako Defentsa Funtsen aurrekontua asko hazi zen Ukrainako gerraren testuinguruan; 2021-2027 urteetarako aurreikusita zeuden 13.000 milioi euroak xahutu dituzte jada; eta EBko Defentsa Komisario Andrius Kubiliusek –kargua sortu berria da– 100.000 milioiko gastua proposatu du 2028-2035 aldirako. Horri guztiari estatu bakoitzak egiten duen gastu propioa gehitu behar zaio. NATOko Europako herrialdeek 2014an onartu zuten –Bakearen Nobel saridun Obamaren mehatxupean– gastu militarra BPGren %2ra igotzeko helburua eta ordutik hazkundea etengabea izan da, bereziki azken urteotan. Osasun, hezkuntza, pentsio edo prestazio publikoetara bideratutako gastuak behera egin du, bien bitartean.
Ez da nahikoa, ordea. Bruselan Ruttek estatuentzako %3ko langa berria iradoki zuen... edo %4koa. Baita estatuetako bankuek eta pentsio funtsek armagintzan inbertitzeko duten debekua bertan behera uztea ere. EB mailan, Europako Inbertsio Bankuarekin berdina lortzeko presioa egiten ari dira aspaldi agintariak eta armagintza lobbya.
Bada beste aldaketa funtsezko bat. Iraganean Europak arma ia guztiak AEBei erosten zizkion. 2024an Europako Defentsa Estrategia Industriala aurkeztu zuen Europako Batzordeak. Estrategia berriak baldintza bezala ezarri du EBko gastu militarraren %50a behintzat bertako herrialdeetako industrian egitea, gutxienik hiru herrialderen parte hartzearekin. Europako armagintza industria garatzea estrategikotzat jo du EBk, eta dirua eta bestelako erraztasunak ez dira faltako.
Euskal Herria, Mendebaldearen isla
Gasteizkoak alde antimilitaristak Europako armagintzaren eta diskurtso gerrazaleen azterketa egin du argitaratu berri duen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuan. Eta horrek Hego Euskal Herrian duen isla jarri digu begien aurrean ikerketa sakon batekin. Ipar Euskal Herriko armagintza ez dute aztertu datuak lortzeko zailtasunak are handiagoak direlako. 2008ko ikerketan armagintzari loturiko 70 enpresa, ikerketa zentro edo erakunde identifikatu bazituen, hamabost urte beranduago 206, eta uste dute egiazki egiazki “nabarmen gehiago” direla. 206 horietatik 187 enpresak dira, 11 zentro teknologikoak edo ikerketakoak, bost unibertsitateak eta hiru finantza erakundeak.
Hainbat faktorek azaltzen dute hamabost urtetan armagintza hirukoiztu izana, Gasteizkoaken arabera, besteak beste honako hauek: aurrekontu militarren eta laguntzen “izugarrizko gorakada”, ikerketa zibilaren “kaptazioa” industria militarraren eskutik, enpresa txiki eta ertainen eta bereziki teknologia berriei loturikoen paper protagonista, hezkuntza zentroen inplikazio gero eta handiagoa, armagintzako euskal enpresa handien zabalkundea nazioartera, edo, denetan kezkagarriena akaso, euskal herritarren artean hedatzen ari den armagintzarekiko “mentalitate berria”.
Hemen armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeen zerrenda:
"Duela urte gutxi arte militarismoarekin eta estamentu militarrarekin lankidetza gisa uler zitekeen guztiak gaitzespena eta arbuioa eragiten bazuen Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabalaren artean, gaur egun ez da horrela", irakurri daiteke liburuan: 2008an enpresek ezkutatu egiten zuten beren produkzio militarra; 2025ean askok aldarrikatu egiten dute. Ez da Gasteizkoak taldeak soilik antzematen duen aldaketa. LARRUN honetan elkarrizketatutako sindikalistetako batek dio nabaritu dutela langileek lehen lotsaz bizi zutela armagintzan aritzea, eta gaur ez. Onarpen berdina sumatu dute enpresariek ere, edo Iñaki Etaio EHUko irakasleak armagintzarekin harremana duten lankide eta ikasleen artean, liburuan irakurri daitekeenez. Ruttek eskatzen duen “gerra mentalitatean” sakontzen jarraitzeko lur ongarritua da.
Urte batzuk direla euskal enpresek ezkutatu egiten zuten beren produkzio militarra; 2025ean askok aldarrikatu egiten dute
Eraldatu ala erail
Europa eta Euskal Herri mailako testuinguru horretan, mugimendu antimilitaristak armagintza industriaren moldaketarako proposamena jarri du mahai gainean. Moldaketa “eraldatzailerako”, zehaztu nahi izan dute: ez du bilatzen soilik produkzio militarra zibilagatik ordezkatzea; baita produzitzen denak eta produzitzeko moduak beste gizarte bat elikatzea ere, honaino ekarri gaituzten kapitalismoarekin eta patriarkatuarekin amaitzea xede.
ARGIAk antimilitaristekin eta lantokietan ezinbesteko papera jokatu beharko luketen sindikatuekin hitz egin du proposamenaren inguruan. Zintzotasuna darie batzuen zein besteen hitzei, horregatik zailtasun asko aurkituko ditu irakurleak haien hitzetan, baina baita saiatzeko prestutasuna ere, eta indarguneren bat. Indargune horietako bat azpimarratzearren: Mendebaldeko zenbat herrialdetako gehiengo sindikala dago prest gaur egun tankerako proposamen bat aintzat hartzeko?
303. LARRUN honetan armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” egitasmoan sakondu dugu. Jakitun ia ameskeria hutsa ematen duela proposamenak; jakitun espeziearenak egingo ez badu hori ere egin beharko dela noizbait, ez soilik armagintzarekin, baita lanarekin eta enpleguarekin oro har ere.
*Artikulu hau 303. LARRUN monografikoaren parte da honako edukiekin batera:
- ELKARRIZKETA Gasteizkoak talde antimilitaristari armagintza industriaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamenaz: “Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”.
- MAHAI-INGURUA ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin: "Moldaketa, zail bezain ezinbesteko".
- ZERRENDA: Armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeak.
- LARRUN 303 osorik eta PDFan eskuratzeko, sakatu hemen.
Trumpen garaipenak, Ukrainako gerraren birkokatze geopolitikoa eragiteaz gain, Europaren apustu belikoa agerian utzi du.
Mikel Jauregi Industria sailburuaren ustez, euskal enpresek “lan ona” egin dezakete Europaren “segurtasun estrategia babesten”. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, berriz, berrarmatze asmoek “aukera berriak” ekar ditzaketela... [+]
Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.
Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko... [+]
Euskal Herriaren industriaren etorkizuna ezin dela "heriotzaren, odolaren eta armen gainean" eraiki aldarrikatu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Euskal erakundeen nahiz alderdi politikoen "isiltasuna" salatu dute.
Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]
Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren... [+]
Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]
Urtarrilaren 15ean Zedarriak enpresa foroak bere seigarren txostena aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Zedarriak taldeko zuzendari Guillermo Dorronsorok azaldu zuen hurrengo urteetan “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela... [+]
Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.
Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]