Bigarren aukera bat gerraren erdian

  • 1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta birgizarteratzea. Ospitaleko egoiliarren artean Federico González zegoen, 20 urteko erandioarra, ofizioz tipografoa, eta beste asko bezala gerrara deitua. Gudari ohi baten, ospitalearen eta han atera zituen argazki batzuen historia harrigarria duzu hau.

La Roseraie, Bidarte eta Biarritz artean zegoen hotel handi bat izan zen ospitale bezala funtzionatzen hasi aurretik. Ilbarritz jauregia zuen ondoan. 
Argazkia: González Familiak utzita
La Roseraie, Bidarte eta Biarritz artean zegoen hotel handi bat izan zen ospitale bezala funtzionatzen hasi aurretik. Ilbarritz jauregia zuen ondoan. González Familiak utzita

Altxatuak Bilboko ateetan zirela, milaka euskal borrokalarik Artxandarantz egin zuten 1937ko ekainean, etsaia behin-behinean geldiarazi eta, hala, hiriburua euren esku geldituko zen unea atzeratzeko. Eusko gudarosteak galera izugarriak izan zituen, eta Federico González ez zen salbuespena izan. UGTn afiliatua eta 48. batailoiko kidea, Artxandako San Roke ermitan tiroz zauritu zuten. Odisea bat bizi behar izan zuen hortik aurrera, egunez egun, errepublikarren eremuko osasun etxeetan artatua izateko. Azkenean La Roseraie ospitalean amaitu zuen, eta zauriak sendatu zitzaizkion arren, beso baten mugikortasuna galdu zuen betirako.

Bigarren Mundu Gerra betean, 1940an, lan mundura itzuli zen Federico, zehazki Bordeleko dinamita lantegira, Alemaniako naziek okupatu zuten arte. Erbesteratuentzat oso une zalantzagarria izan zen hura, eta asko etxera itzultzen saiatu ziren. Federicok ere hala egin zuen eta Hendaian Bidasoa gurutzatu zuen beste behin, baina oraingoan alderantzizko noranzkoan.
Mugan, frankistek atxilotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio zelaian sartu zuten. Handik hamabost egunetara aske geratu zen, zaintzapean ordea; horrek esan nahi zuen sarritan Guardia Zibilaren komandantziara joan behar izango zuela ikuskaritza pasatzera. Bederatzi urte luzez egon zen egoera horretan. Kontatzen ari garenak ez du misterio askorik, galtzaileen bandoan geratu ziren beste askoren patu bera da; baina Federicok sekretu txiki bat zeukan gu guztiontzako.

Zortzi hamarkada geroago, 2022. urte hasieran, Federico Gonzálezen semeak –hau ere izenez Federico– Berangon dagoen Burdinazko Gerrikoaren Memoria Museora bisita egin zuen. Haatik, ez zen esku hutsik joan: aitak denbora horretan guztian ganbaran kontserbatutako dokumentazio bat entregatu zuen dohaintzan. Artxibo horretan, gerra garaian eta gerra ostean egindako ibileren aztarnak gordetzen zituen gudari ohiak.

Ospitale funtzioak egiten zituen La Habana ontziko erizain eta osasun langileak. La Roseraien ere emakumeek funtsezko zeregina izan zuten errefuxiatuak artatzen. Argazkia: González familiak utzita

Museoaren zuzendari Aitor Miñambresek eskutan izan orduko xeheki aztertu zuen donazioaren edukia, tartean dokumentuak eta argazkiak baitzeuden. Hala, ohartzen da irudiak argitaragabeak direla, eta artikulu hau sinatzen duen Mauro Saravia argazkilari eta kazetariari deitzen dio aurkikuntzaren berri eman eta bere iritzia jakiteko. Ahoa bete hortz geratuko dira: Federico Bidarteko La Roseraie ospitalean izan zeneko argazkiak daude tartean; Jose Antonio Agirreren gobernuak zabaldutako osasun zentro horren inguruko informazio baliotsua eskaintzen duten froga grafikoak dira.

Momentu horretatik aurrera erabakiko dute ondare hori herritarrei erakutsi behar zaiela eta argazki erakusketa bat antolatzeko lanean hasiko dira. Argazkiak 2024ko urria eta abendua bitartean izan dira ikusgai Zarauzko Photomuseumean, Odisea 1937 izenburupean, eta 2025ean zehar ere hainbat tokitan paratuko dituzte, besteak beste Erandion erakusteko asmoa dute, Federicoren sorterrian.

Art Decó hotel bat, errepublikarren zerbitzura

La Roseraie hotela 1928ko abuztuaren 14an inauguratu zuten Bidarte eta Biarritz arteko toki pribilegiatu batean. Joseph Hiriart arkitektoak diseinatu zuen, eta arte adituek zioten euskal kostaldeko Art Decó arkitektura multzo ederrena zela. Sei solairu zituen eta 150 espazio, logelak, zerbitzuetarako gelak eta aisialdirako eremuak tarteko. Hala ere, instalazio horiek 1930eko erdialdera arte erabili ziren soilik, hotela ez baitzen errentagarria bere akziodunentzat.

Eraikinak ziurgabetasun egoera horretan jarraitu zuen, harik eta 1937ko ekainaren 28an ospitale bezala ireki zuten arte. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak aurretik 100.000 libera ordaindu zituen.

Gaixoak eta elbarriak egoera ezin hobean artatzen zituzten ospitale berrian, hainbesteraino, ezen garaiko prentsak esan baitzuen “euskaldunen antolaketarako dohain hoberenak” adierazten zituela. Testuingurua ere halakoa zen: 1937. eta 1940. urteen artean, gerrak eta gerraosteak euskal herritarren egoera erabat kaskartu zuelarik, 116.000 errefuxiatuk Eusko Jaurlaritzako zerbitzu sozialen laguntza jaso zuten.

La Roseraie ospitalea Juan Otaola getxotarrak kudeatzen zuen, eta haren zuzendari Gonzalo Aranguren mediku zirujaua izan zen, Bilboko urologo jeltzale ezaguna, lehendik ere esperientzia bazuena Basurtuko ospitalean edo Zornotzako odol-ospitale militarrean. 1940an Román Pereiro doktoreak hartu zuen La Roseraieren zuzendaritza. 70 profesionaleko lantaldea zeukaten, emakume zein gizonezkoak, eta urteko aurrekontua bi milioi liberakoa zen.

Jaurlaritzak bere osasun zerbitzuak eskaintzeko Bidarteko esparru hori aukeratu izana ez zen kasualitatea izan. Espazio zabalak zituen bere baitan eta oso egokiak ziren, ospitale bat muntatzeko ez ezik bestelako jarduerak ere egiteko. 1938ko irailean Agirre lehendakariaren eta Telesforo Monzon zein Eliodoro de la Torre sailburuen bisita jaso zuten: “Hemendik aurrera Euskadiko Gobernuaren hiritar izango zarete zuek guztiok”, esan omen zien lehendakariak han zeudenei.
Amaetxea, tailerrak, abesbatza...

La Roseraieko gaixoak eta erizainak talde argazki batean. Argazkia: González familiak utzita

Ospitaleak hainbat zerbitzu eskaintzen zituen: kirurgia orokorra, ginekologia, amaetxea, medikuntza orokorra, dermatologia, urologia, otorrinolaringologia, odontologia, analisiak eta masajeak. Arreta eta zerbitzu horiek ez ziren soldaduentzat soilik, mugaren hegoaldetik zetozen errefuxiatu zibil guztientzat baizik.

Baina helburua ez zen osasun arreta soila eskaintzea, errefuxiatuak “birgizarteratzen” ere saiatzen ziren haren bidez, bai sozialki eta baita mundu laboralean ere. Hala, eskola-tailerrak antolatu zituzten: espartingintza, zapatagintza, ebanisteria, arotzeria, grabatua, bitxigintza, ortopedia, saskigintza, mekanika eta elektrizitatea... Eta gai akademiko asko ere erakutsi ziren bertan, hasi oinarrizko irakaskuntza, ortografia eta matematikatik, eta mekanografia, kontabilitatea eta marrazketaraino.

Ospitaleak izan zuen garrantziaren erakusle dira artatu zituzten pertsonen kopuruak: 804 soldadu ospitalizatu zituzten, baita beste 862 herritar ere, irekita egon zen bitartean

Instalazioak hain handiak izanda, beste ekintza batzuk egiteko aukera zeukaten ospitaleko egoiliarrek, igeriketa eta euskal pilota ziren horietako batzuk; baina arrakasta gehien Euskadiko Gerra Zauritu eta Elbarrituen Abesbatzak izan zuen: 75 lagun baino gehiagok hartzen zuen parte eta kontzertu ugari eman zituzten inguruko herrietan.

Ospitaleak izan zuen garrantziaren erakusle dira artatu zituen pertsonen kopuruak. 804 soldadu ospitalizatu zituzten La Roseraien irekita egon zen bitartean, eta beste 862 zibil ere bai, bertan sendatuak izateko. Gainera, denbora horretan 143 haur jaio ziren ospitaleko amaetxean.

Emakumeen lanaren isla

Atzo arte ia ikusezinak izan ziren arren, gaur badakigu emakumeen ekarpena funtsezkoa izan zela gerrak iraun zuen denbora guztian, baita horren ondotik ere. Lekukotza grafikoetan horixe ikus dezakegu, berdin errefuxiatuentzako ospitale bezala funtzionatu zuen La Habana ontzian, nola La Roseraien: emakumeak bereziki zaintza lanetan ageri dira, milaka lagun artatu eta sendatzen laguntzeko inurri lana egiten. Ekarpen hori ospitalearen beraren estatistiketan gelditu da egiaztagiri moduan: artatu zituzten ia 1.700 zauritu eta gaixoetatik 56 baino ez ziren hil.

Medikuetako bat bata zuriz, gaixoak eta elbarriak ondoan dituela. Argazkia: González familiak utzita

Baina Ipar Euskal Herrira erbesteratu ziren emakumeen funtzioa harago doa. Faxistei aurre egiteko esfortzu beliko aliatuan ere parte hartu zuten, esaterako armategietan eta fabriketan lan egiten. Federico Gonzálezek utzi dizkigun argazkiek, sarritan ezkutuan geratu den alde ezkutua eskaintzen dute, laneguna amaitu ostean ateratako irudiak baitira.

Tamalez, argazki horietako askok ez dituzte historia pertsonalak islatzen. Zein ziren? Zer pasa zitzaien emakume horiei gerra amaitu ondoren? Nola bizi izan ziren Bigarren Mundu Gerraren erdian? Informazioa falta zaigu, eta hutsune hori ez da soilik sortzen Historia normalean gizonezkoek kontatu izan dutelako –gehienetan irabazleen aldekoek kontatu izan dute gainera–; badago beste faktore funtsezko bat: emakumeen ekintzak ez dira baloratu eta neurtu gizonezkoen epikotasun berarekin.

Biarritzeko hondartzan errekuperaziorako igeriketa saio batean. Argazkiak: González familiak utzita

Amaiera nazien eskuetan

Bigarren Mundu Gerra hastean giroa nahasia da oso. 1940ko maiatzean Alemaniak erasoaldia joko du Frantziaren kontra, eta abagune hori aprobetxatuta Jean Ibarnegaray ministro ultraeskuindarrak Indesirables deituriko errefuxiatu errepublikarrak jomugan jarri eta atxiloketa masiboak aginduko ditu. La Roseraietik pasatako gudari eta borrokalari askok Gurseko kontzentrazio esparruan amaituko dute egun horietan. Alabaina, Frantziak berehalako porrota jasoko du nazien aurrean. 1940ko ekainaren 22an errendiziorako armistizioa sinatu eta, orduan, herrialdea bitan banatuko dute –Ipar Euskal Herria naziek okupatutako zonaldean geratuko da–. Horrek frankisten terroretik ihesi zihoazen milaka lagun egoera larrian jarriko ditu berriz ere, eta askok ez dute beste aukerarik izango: edo muga berriz igaro edo bigarren aldiz oraindik urrunago erbesteratu.

Argazkietako batem aurrealdea eta atzealdea, bertan azaltzen direnen izen abizen eta sorterriarekin. Argazkiak: González familiak utzita.

Askok Britainia Handira edo Hego Amerikara ihes egitea erabakiko dute orduan, eta beste asko etxera itzuliko dira, frankisten errepresioa jasan beharko dutela jakinda ere, Federico Gonzálezi gertatu zitzaion bezala. Baina izan ziren, baita ere, frantziar erresistentziaren zerbitzura jarri zirenak, egunen batean euren aberria berreskuratzeko esperantzarik galdu gabe borrokan jarraitu zutenak.

La Roseraiek osasun-zentro bezala jarduera eten behar izan zuen, eta alemanek 1940ko ekainaren 27an okupatu zuten eraikina, armistiziotik egun gutxitara. Federico González 2006ko maiatzaren 1ean hil zen 89 urterekin, baina ondare moduan utzi zizkigun erresilientzia eta eskuzabaltasuna oroitarazten dituzten argazkiok, belaunaldi berriek ez dezaten ahaztu handik igarotako errefuxiatuei bigarren aukera ilaun bat eskaini zitzaiela.

Odisea baten kronologia
Federico González lagun batek erretrataturik. Gorputza alde baterantz dauka, besoko elbarritasuna ez nabarmentzeko. Argazkia: González familiak utzita.

1937ko ekainaren 5a: Federico García Artxanda mendiaren defentsan larri zauritu eta Basurtun zegoen Bilboko Gerra Ospitalera eramango dute. Hiria frankisten esku erori baino lehen, Santanderra garraituko dute, Sardineroko Rhin hotelean zegoen ospitalera.

1937ko abuztuaren 20a: Santanderretik Asturiasera eramango dituzte zauritu guztiak.

1937ko urriaren 10a: Villaviciosako La Azucarera 39. ospitale militarrean ingresatuko dute, ukondoan fisioterapia tratamendua jasotzeko.

1937ko urriaren 21a: Motordun txalupa batean ihes egingo du beste sei lagunekin Ipar Euskal Herrirantz. Baina Almirante Cervera gurutzeontzi frankista errefuxiatuen ontziak geldiarazten saiatzen ari da eta txalupa galdu egingo da Bizkaiko Golkoan.

1937ko urriaren 25a: Hiru egun noraezean egon ondoren, frantziar arrantzale batzuek aurkitu eta Arcachonera lagunduko dituzte. Bordele ondoko Bassenen porturaturiko La Habana itsasontzi-ospitalera bidaliko dituzte. Bertan, Bernardino Valle medikuak artatuko ditu.

1938ko urtarrilaren 17a: Euzkadiko Gerra Elbarrituen La Roseraie egoitzan ospitaleratuko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Muga-zergek depresioa areagotzen dute

Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.

Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]


Erromatar gorpuak Vienaren zimendu

Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela. 

Gorpuak edozein... [+]


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Eguneraketa berriak daude