Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzera bidean urratsa eman du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartuta. “Lorpen historikoa da”, zioen Euskadikoak pasa den abenduaren 28an, baina zuhurtziaz mintzo zen, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) baiezkoa falta delako oraindik, eta susmoa zuelako federazioren batek erabakiaren kontrako alegazioak aurkeztuko zituela. Ez zebilen oker. Gutxira iragarri zuen Espainiako Federazioak helegitea jarriko duela. Euskadikoak ez du uste CSD-k ezezkoa emango duenik, baina alegazioek zer ekarriko duten jakin arte ez dago ezer ziurtatzerik. Partidarik konplikatuenak, askotan, ez dira pilotalekuan jokatzen, bateko zein besteko kirol erakunde, alderdi politiko edota abokatuen bulegoetan baizik.
Zalantzarik bazegoen kirolak, selekzioen aferak argiki, politikarekin duen loturaren inguruan, egunotan ikusitakoek hamaikagarrenez demostratu digute elkar hartuta doazela sarri. Erakutsi diguten bezala isil antzean lan egitea komeni dela batzuetan, erbia altxatu bezain pronto hasiko direlako batzuk amorrazioz zaunka, erbia bailitzan zazpi buruko munstro arriskutsua.
Abenduaren 28an Iruñean egindako biltzarrean, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu zuen nazioartekoak, eta nahastu dira batzuen poztasuna eta besteen haserrea. Txaloka batzuk, erabakiak esan nahi duelako euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia eman dela, litekeena baita, bere historian lehenbizikoz, 2026ko Munduko Pilota Txapelketan parte hartzea, eta orduan ezin bada, 2030ekoan, zeina Bilbon eta Gernika-Lumon jokatuko den. Biraoka besteak, Espainiako presidente Pedro Sánchez “nazionalisten nahietara” makurtu delako, ateak zabalduta euskal selekzio “independente” bati.
2023ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Kirolaren 39/2022 Legea. Dokumentu horretan dago –48. artikuluaren 2. puntua– pilota selekzioaren ofizialtasuna ekar dezakeen pasartea. Hitzez hitz dio: “Kirol federazio autonomikoek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioartean, baldin eta nazioarteko federazioak haren parte hartzea aurreikusiko balu”. Legeak jasotzen dituen bi baldintzetako bat behintzat bete beharko dute horretarako: “Autonomia erkidegoan historikoki eta sozialki errotuta dauden kirol-modalitate edo espezialitateak izatea; edo Espainiako federazioa eratu baino lehen, erkidegoko federazioa jada nazioarteko federazioko kide bazen”. Hain justu, erroetara jota egin du bide pilotak, eta federazioaren sortze-urtea oinarri hartuta egin dezake gauza bera surfak, arreta ia osoa bereganatu duten bi kirolak nabarmentzearren.
Azken hitza, baina, erakunde espainiarrek dute: “Autonomia erkidegoetako federazioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartu ahal izateko, Kirol Kontseilu Gorenarekin (CSD) akordioa lortu behar dute”, zeina, gogora dezagun, Espainiako Gobernuaren menpeko erakundea den.
Litekeena da, bere historian lehenbizikoz, euskal selekzioak 2026ko Munduko Txapelketan parte hartzea, eta orduan ezin bada, 2030ekoan, zeina Bilbon eta Gernika-Lumon jokatuko den
Agian horregatik mintzo da zuhurtziaz baina baikor samar Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente Gotzon Enbil, CSD-ren erabakiaz galdetuta: “Ez dut uste ezer egin ahalko duenik, Nazioarteko Federazioan eskaria egin genuenean, Kirol Lege berriak onartzen gaituela esan genuen, eta, beraz, eskaera egiteko pausoa emango genuela”, esan dio Naiz-eko kazetari Oinatz Aizpururi. Eta gehitu: “Kirol Kontseilu Gorenak ez zigun esan hori egiterik ez genuela, gure prozesua jarraituko zutela baizik. Legeak baimentzen digu, Nazioarteko Federazioak onartu gaitu; Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak bazkideak garela besterik ezin du esan”.
Dena den, Euskadiko Federazioak ohartarazi zuen: “Litekeena da federazioren batek helegitea jartzea”. Izenik ez zuen eman, baina begirada guztiak Espainiakoari zuzendu zitzaizkion. Are gehiago ikusita nazioartekoak abenduaren 28an Iruñean egindako batzarrean zer gertatu zen. Julián García Angulori, Espainiako Federazioko presidenteari, ez zioten parte hartzen utzi, Nazioarteko Federazioak haren aurkako espedientea duelako zabalik, Arabiako Euskal Pilota Konfederazioak jarritako salaketa bat medio, ordezkari espainiarrak arabiar herriaren kontra egindako adierazpen iraingarriengatik. Berez, berari kendu zion Nazioarteko Federazioak selekzioen aferaren inguruan bozkatzeko eskubidea, ez ordea Espainiako Federazioari, zeinak bazuen aukera Kudeaketa Batzordeko beste hiru kideetako bat ordezkari izendatu eta hark botoa emateko. Baina, Jorge López bidali zuten Iruñera, García Anguloren iloba, eta hark ez zeukan delegatu-izaera ofiziala. Horregatik ez zioten batzarrera sartzen utzi.
Nazioarteko Federazioak nabarmendu duen moduan, bozketan onartutako erabakiak gehiengo zabalez hartu zituzten. Aldeko botoa eman zuten Argentinak, Venezuelak, Mexikok, Frantziak –bai, Frantziak ere bai– eta Peruk. Txilek bakarrik bozkatu zuen proposamenaren kontra, eta Costa Rica abstenitu egin zen. Espainiak boz ponderatu kopuru handia du, litekeena da bozketan parte hartu izan balu ezezkoak irabaztea, eta horrek are gehiago sumindu ditu. “Hau diktadura bat da”, zioen Lópezek, aretora sartzen utzi ez ziotenean.
Espainiako Federazioaren haserreari erantzunez, Nazioarteko Federazioko presidenteak, Miarritzen jaio eta mexikar naziotasuna duen Xavier Cazabounek, konponbidea bilatzera deitu ditu alde guztiak: "Konplotaren eta protagonismoaren termostatoa jaitsi behar da, eta gauzak diren bezala ikusi. Hautsa alfonbraren azpian ezkutatuta ere, ez da desagertuko. Arazoa desagertu egin al da? Ez. Egin beharko luketen lehenbiziko gauza da interes partidistak alboratu eta mahaiaren bueltan biltzea, 30 urte iraun duen gatazkari aterabidea emateko. Gure kirolak behar duena batasuna da". Adierazi du federazio baten jarrerak ezin duela nazioartekoaren ibilbidea baldintzatu, eta gehitu: "gure kirolak 'euskal pilota' du izena".
Espero zen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Espainiako Pilota Federazioak, esaterako, iragarri du helegitea jarriko duela "bidegabekeria nazionalista" horren kontra.
"Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko", adierazi du Julian García Angulok, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren prozedura "irregularra eta iluna" izan dela iritzita. Espainiako Federazioak plazaratutako oharrean irakur daitekeenez, Auzitegietan eta Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) errekurrituko dute erabakia. Bide horretan, Espainiako Batzorde Olinpikoaren eta Espainiako Kirol Elkartearen (ADESP) babesa izango du.
Espainiako Kirol Kontseilu Gorena ere ohartarazi du Espainiako Federazioak: "Zuhurtasun-irizpidea erabiliko duela espero dugu, eta ez duela Nazioarteko Federazioaren batzarrak hartutako erabakirik berretsiko, legezko instantzia guztiek haien hitza plazaratu arte".
Kirolaren Legeak arau-hauste oso larritzat jotzen du “Estatuko selekzioen deialdietara ez joatea, eta horietan parte hartzeko hautatu diren kirolariak selekzio nazionalaren eskura ez jartzea”
Erabakia ezagutu bezain pronto hasi zuen gurutzada Espainiako Federazioak. "Pedro Sánchezek ez zeukan inolako eskubiderik pilota EAJri eskaini eta kirola politizatzeko", idatzi zuen Angulok sare sozialetan, erreferentzia eginez “historikoki eta sozialki errotutako kirolak” aipatzen dituen zuzenketari –Kirolaren Legean jasota dagoena–, zeina PSOEk eta EAJk adostu zuten.
Laburrean azaldu aldera, Espainiako Diputatuen Kongresuak 2022ko azaroan onartu zuen lege hura –aurrekoa 1990ekoa zen–, aldeko 166 eta kontrako 157 boto, eta 18 abstentziorekin. Alde bozkatu zuten, besteak beste, PSOE-k eta EAJk; kontra PPk eta Voxek; eta abstenitu egin ziren ERC, EH Bildu eta BNG. Hiru alderdiok, baina, aipatu zuzenketaren alde bozkatu zuten.
EAJk “oso pozik” hartu du Euskadiko Pilota Selekzioak ofizialtasuna lortzeko Iruñean eman duen “behin betiko urrats historikoa”. Alderdi jeltzalearen hitzetan, “erabaki horrek, kongresuko eta senatuko Euskal Taldeak 2022ko urrian Kirolaren Legean egindako aldaketarekin batera, ahalbidetzen du euskal pilotariek Euskadiko kamiseta janztea eta nazioarteko lehiaketa ofizialetan ikurrinarekin desfilatzea”. Eta gehitu: “EAJ-k konpromisoa hartzen du ahalik eta kirol-diziplina gehienei ofizialtasunerako bidea egiten laguntzeko”. Imanol Pradales EAEko lehendakariak, halaber, adierazi du “berri bikaina” dela “pilotarentzat, euskal kirolarentzat baita euskararentzat ere". Nazioarteko Federazioaren txapelketetan euskara hizkuntza ofiziala izango baita, gaztelaniarekin, ingelesarekin eta frantsesarekin batera.
EH Baik eta EH Bilduk “baikortasunez” jaso dute Nazioarteko Federazioaren erabakia, gaineratu arren “lanean jarraitu beharra” dagoela, Euskal Herri osoa aintzat hartuko duten selekzioak lortzeko. Bestalde, Kirolaren Legea aldatzea eskatu du EH Bilduk, Mertxe Aizpurua diputatuak duela bi urte pasatxo esandakoa berretsita: “Ez dugu Espainiako selekzioarekin jokatzera behartzen duen Kirolaren Lege hau babestuko; jokatzeari uko egitea arau-hauste larritzat hartzeko mehatxu esplizitua egiten du, zeinak isunak ekar ditzakeen, lizentzia galtzea kasu”.
Juan Luis Soto PSOEko diputatuak esan du Kirolaren Lege berriak ez duela “Espainia apurtzen”, batzuek sinetsarazi nahi duten moduan. “Alderantziz, kirola gizarte kohesioko tresna bihurtzen da". Aldiz, gogor mintzatu dira PP eta UPNko ordezkariak. Nafarrentzat gertatu dena “bidegabea” da, eta Esther Martínez EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du EAJ eta Pedro Sánchezen “azken azpijokoak” euskal pilotari kalte egiten diola, ondoren gehitzeko: "politikakeria ez da kirola", gustukoak ez diren ekintzak gutxiesteko erabili ohi den esaldia.
"Bide baten emaitza da", adierazi dute euskal selekzioaren alde diharduen Gu ere bai! egitasmoko kideek Euskadi Irratian. "Ikusi da kirolariak, gizarte zibila eta arduradun tekniko eta politikoak norabide berean doazenean posible dela. Honek kirolari egiten dio mesede, herriari". Dena den, nazioartean lehiatzeko aukera gauzatzekotan, "euskal lurralde guztietako pilotarien parte-hartzea" bermatu beharko litzatekeela nabarmendu du ekimen herritarrak.
“Bide baten emaitza da. Ikusi da kirolariak, gizarte zibila eta arduradun politikoak norabide berean doazenean posible dela”
- Gu ere bai! plataforma -
Bide baten emaitza. Urteak daramatza Euskadiko Federazioak ofizialtasuna lortzeko borrokan; urteak eman zituen borrokan ESAIT plataformak –2015ean bere bidea amaitutzat eman zuen arte–; gazteagoak dira Gu ere bai! ekimena eta Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko mugimendua (EHEPSAM).
2020ko martxoan aurkeztu zuten Gu ere bai! egitasmoa Bilboko San Mames estadioan –haren sorrera-manifestua 750 kirolarik sinatu zuten–; 2022ko urriaren 14an, Miarritzen jokatu zen Munduko Txapelketaren atarian, “euskal pilota selekzioaren aldeko” agiria aurkeztu zuten Durangon hainbat kirolari eta eragilek –euskal federazio guztietako ordezkariek tartean–; 2024ko ekainean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldian, 50 pilotarik iragarri zuten Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin ziotela –EHEPSAMeko kideak bertan ziren–; eta urtarrilaren 11n Euskal Selekzioa Orain elkarteak I. Biltzarra egin du Lapurdiko Makean. Amaia Larralde eta Eñaut Etxeberria bozeramaileek azaldu dute “euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzea” duela helburu Ipar Euskal Herriko plataforma berriak.
Euskal selekzioaren aldeko olatuak indarra galdua zuen azken urteetan, eta ezkortasun puntua ere sumatzen zen esparru batzuetan, baina hainbat kirolari, erakunde eta kolektiboren inurri lanari esker, urtetako aldarrikapenak bizirik dirau, eta oso tartean behin izanik ere, batzuetan lortzen dira tantoak.
Gaur gaurkoz, Euskadiko Federazioaren izenean ari diren selekzio bakarrak joko zuzeneko pilota kiroletakoak dira, baina aurrerantzean modalitate denetan eta munduko txapelketa guztietan parte hartu ahal izango luke selekzioak, Euskadiko Federazioko zuzendari tekniko Aitor Erauskinek ARGIAri azaldu dionez. Nazioarteko Federazioak barnebiltzen dituen espezialitateak dira: esku-pilota, zesta punta, pala motza, xarea, frontball-a, frontenisa, eta paleta, larruzkoa zein gomazkoa.
Hasiera batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek soilik osatuko lukete euskal selekzioa. Galdetu diogu Erauskini, ea Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek aukerarik izango luketen lizentzia Euskadiko Federazioan eskatu eta euskal selekzioarekin jokatzeko. “Pilotariek, berez, nahi duten Federazioarekin atera dezakete lizentzia”, azaldu digu. “Jaengo [Andaluzia] pilotari batek ere jo dezake Euskadikora, baina hortik aurrerakoak ez daude araututa. Nazioarteko Federazioarekin hitz egin beharreko zerbait da, gerta daitekeelako nazioarteko txapelketetan Espainiako Estatuko bi federazio lehiatzea, eta hori ez dago erregulatuta”. Helegiteek zer ekarriko duten ikusi ostean arautu beharko da zeintzuk diren Euskadirekin jokatuko duten pilotariak. Halaber, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako federazioen jarrerak ere baldintzatuko du etorkizuna.
Hain justu, Nafarroako Federazioak presidente berria du urtarrilaren 8az geroztik, Andrea Lusarreta labioarra. “Pilota asko politizatu da, kirola tresna politikoa ere badelako”, esan dio Luis Guinea Diario de Navarra-ko kazetariari, euskal selekzioaren aferaz galdetuta: “Iritsi berriak gara, non gauden ezagutu nahi dugu, baina oso kontziente gara zein momentutan sartu garen Federaziora, baita gure eskumenak kirol arloari dagozkiola ere”, esan du Lusarretak, aferaren bueltan posizio argirik erakutsi gabe.
Zigorrak
Orain arte sekula ez da gertatu pilotari batek zein selekziorekin jokatuko duen aukeratu behar izatea. “Suposizioak besterik ez dira guztiak”, zioen 2022ko urriaren 26an La Sexta telebista kateko esatariak, Kirolaren Lege berria hizpide hartuta. “Ulertzen da atletak liratekeela aukeratuko luketenak, baina, horretarako, Kirolaren Legea aldatu beharko litzateke, gaur egun, federazio batek deitzean joaten ez bazara, zigortu egin zaitzaketelako”.
Are, 1990ko legeak kirolarientzako zigorrak jasotzen bazituen, lege berriak klubentzako isunak ere aurreikusten ditu. 104. artikuluak, adibidez, arau-hauste oso larritzat jotzen du “justifikaziorik gabe Estatuko kirol-selekzioen deialdietara ez joatea, eta horietan parte hartzeko hautatu diren kirolariak selekzio nazionalen eskura ez jartzea".
Euskal pilotan euskal selekzioa ofiziala izan dadin zenbat itzulinguru eman behar den ikusita, nekez imajina daiteke futbolean selekzio propioa izatea, besteak beste Europako (UEFA) eta Nazioarteko (FIFA) organo gorenen estatutuek ez dutelako horretarako bide ematen. UEFAk dio eskaera luza dezakeela soilik NBEk independente gisa onartzen duen herrialde bateko federazioak. FIFAk independentzia eskuratu ez duen lurralde bateko federazioa ere onar dezake, baina horretarako lurralde hura parte den herrialdeko federazioaren baimena behar du. Eta, Espainiako Federazioak, sekula ez du horretarako borondaterik agertu.
Gai honen bueltan, maiz aipatzen dira Irlanda Iparraldeko, Eskoziako, Galeseko eta Ingalaterrako selekzioak, Erresuma Batuko herrialdeak diren heinean. Lurralde horietako federazioak FIFA eta UEFA baino lehen sortu zirelako dauzkate selekzio propioak.
Surfa kirol olinpikoa da. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak arau propioak ditu, eta horien arabera euskal selekzioak ezingo luke Joko Olinpikoetan parte hartu, Nazioarteko Surf Federazioaren eta Kirolaren Kontseilu Gorenaren oniritzia lortuta ere, Batzorde Olinpikoak NBEk aitortutako nazioak soilik onartzen dituelako.
Hawaiko surf federazioaren kasua berezia da. 2020a arte talde independente gisa lehiatzen zuen nazioartean, AEBetako estatua izanik ere, surfa bertan jaio izana aitortzen zaiolako. Duela bost urte, ordea, surfa kirol olinpiko bihurtu zen, eta, ondorioz, Joko Olinpikoetan ez ezik, Munduko txapelketetan ere ezin du lehiatu, hauetan lortutako puntuazioek Jokoetara sailkatzeko balio dutelako eta, hortaz, AEBek ordezkaritza bikoitza izango luketelako.
Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]
Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]
Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]
Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]
Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina... [+]
Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.
Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]